41. ALDIZKARIA - 2006ko apirilaren 5a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

38/2006 FORU AGINDUA, otsailaren 23koa, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak emana, Nafarroako Foruzaingoaren zerbitzuen gutuna onesten duena.

Maiatzaren 9ko 72/2005 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Gobernuak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Zerbitzuen Gutunak arautu zituen. Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak urriaren 11n emaniko 119/2005 Foru Aginduaren bidez ezarri ziren aipatutako zerbitzuen gutun horien diseinua eta egitura.

Arauzko agindu horiek betetze aldera, Barne Zuzendaritza Nagusiak Foruzaingoaren zerbitzuen gutunaren proiektua sustatu du, herritarrentzako zerbitzu integral eta erreferentziazkoa eratzeko xedearekin, herritarrek polizien eginkizunen arloan dituzten beharrei eta espero dutenari erantzunen diena. Zerbitzuen gutunaren proiektua taxutzeko Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren aholkua ere izan dugu.

Zerbitzuen gutuna Foruzaingoak herritarrekin duen konpromisoa da, eta ez du izaera juridiko loteslerik; mota honetako agiri bati dagozkion xedeak eta edukiak ditu abiapuntu, autonomia erkidegoko polizia kidegoaren unitate organikoen hobekuntza eta modernizaziorako tresna gisa pentsatua.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Zerbitzuen Gutunak arautzen dituen maiatzaren 9ko 72/2005 Foru Dekretuaren 5,1 artikuluaren bidez esleituak ditudan eskurantzez baliatuz,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako Foruzaingoaren zerbitzuen gutuna onestea. Foru agindu honen eranskinean dago.

2. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2006ko otsailaren 23an._Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Javier Caballero Martínez.

E R A N S K I N A

Nafarroako Foruzaingoaren zerbitzuen gutuna

1._Identifikazioa.

Nafarroako Foruzaingoa Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren menpe dago eta hango Barne Zuzendaritza Nagusiari atxikirik.

Foruzaingoak bere gain dituen eginkizunek honakoetan dute oinarri juridikoa: Espainiako 1978ko Konstituzioa, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoa, Segurtasun Indarrei eta Kidegoei buruzko martxoaren 13ko 2/1986 Lege Organikoa eta Nafarroako Polizia Kidegoei buruzko Foru Legearen Testu Bategina onetsi zuen urriaren 14ko 213/2002 Legegintzako Foru Dekretua. Foruzaingoaren zeregin nagusia da herritarren segurtasuna, eskubide eta askatasun publikoez modu baketsuan baliatzea eta pertsonen eta ondasunen babesa bermatzeko erantzukizuna.

Nafarroako Gobernuak Nafarroako Foru Komunitateko segurtasunaren administrazioa taxutu du forma aldetik, zehaztu egin ditu herritarren babes eta segurtasunaren arloko agintari gorenen eginkizunak eta ezarri antolaketa eredua Foruzaingorako, foru erkidegoko lurraldean herritarren premiei modu integralean erantzuteko aukera emateko moduan, Nafarroako erreferentziazko polizia izan dadin.

2._Helburua, eskumenak eta baloreak.

2.1. Foruzaingoaren helburua da eskubide eta askatasunez libreki baliatzea babestea eta herritarren segurtasuna bermatzea.

2.2. Nafarroako Foruzaingoaren eskumenak dira Nafarroako Polizia Kidegoei buruzko Foru Legearen Testu Bategina onetsi zuen urriaren 14ko 213/2002 Legegintzako Foru Dekretuaren 9. artikuluan aurreikusiak, hauexek alegia:

_Herritarren segurtasuna, eskubide eta askatasun publikoen erabilera baketsua eta pertsonen eta ondasunen babesa bermatzea.

_Foru Komunitatean auto-zirkulazioa antolatzea, eskumenak banatzeko Estatuarekin izenpetzen diren eta unean-unean indarra duten hitzarmenekin bat.

_Garraioen arloan jardun eta hura ikuskatzea, indarra duten legeetan xedaturikoarekin bat.

_Foru Komunitateko erakunde ofizialen menpeko pertsona, eraikin eta instalazioak zaindu eta babestea.

_Foru Komunitateko erakunde ofizialen arau, xedapen eta egintzak betetzen direla begiratzea, ikuskatuz, salatuz eta nahitaez eginaraziz.

Pertsonak eta ondasunak babestu eta haiei laguntzea, bereziki larrialdietan, herritarren babeserako berariazko planetako xedapenen arabera.

Nafarroako toki entitateetako agintariekin elkarlanean aritzea, baldin eta haiek eskatzen badute, aplikatzekoak diren xedapenetan ezartzen den moduan.

_Polizia judiziala, legeek adierazten dituzten kasu eta moduetan.

_Kaleak zaintzea, agerraldiak eta, oro har, elkarteratze handiak babestu eta antolatzea.

_Legeak eta orotariko gainerako xedapenak betetzen direla begiratu eta oinarrizko zerbitzu publikoen funtzionamendua bermatzea, agintari eta erakunde eskudunekin elkarlanean.

_Legeek esleitzen dioten bertze edozein.

2.3. Nafarroako Foruzaingoak bere eginkizunak betetzean oinarri dituen baloreei dagokienez, aipatu beharra dago abenduaren 29ko 718/2003 Foru Dekretua, Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamendua onesten duena, zehazki 36. artikuluan aurreikusitakoa:

_Konstituzioak, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoak eta antolamendu juridikoak agintzen dutenari zintzoki errespetatuz jokatzea.

_Erabateko neutraltasun politikoz eta inpartzialtasunez jokatzea eta, horrenbestez, arraza, erlijioa, iritzia, sexua, hizkuntza, jaioterria, bizitokia edo beste edozein gizarte-egoera edo inguruabar pertsonal dela-kausa inolako bazterketarik egin gabe.

_Betiere osotasunez eta duintasunez jokatzea, Kidegoarekiko edo Administrazioarekiko konfiantza galarazi edo organo horiek gutxiesteko bide eman dezaketen jokabideak saihestuz. Bereziki, ustelkeriatik itzuri eta tinko aurre egin beharko diote.

_Hierarkia eta menpekotasun printzipioei men egitea eguneroko lan jardunean. Dena dela, beharrezko obedientzia hori ezin izanen da baliatu delitua dakarren edo nabarmen Konstituzioaren edo legeen kontra doan zerbait egiteko aginduren bat babesteko.

_Justizi administrazioarekin kolaboratzea eta laguntzea, legeak ezarrita dagoen bezala.

_Lan jardunean abusua, arbitrariotasuna edo bazterkeria dakarten jokabideak galaraztea, horretarako indarkeria fisiko edo morala erabili baldin bada.

_Herritarrekiko tratuan egoki eta adeitasunez jokatzea beti eta beharrezkoa denean edo herritarrek eskatzen dutenetan haiek laguntzen eta babesten ahalegintzea. Esku hartu beharra duten guztietan, ahalik eta informaziorik zabalena eta osatuena ematea esku-hartzearen zergati eta helburuen gainean.

_Lan jardueran kementsu eta azkar jokatzea, jokabide hori kalte larri, berehalako edo konponezin bat saihesteko beharrezkoa denean. Horrelakoetan, koherentzia, egokitasun eta proportzionaltasun printzipioen arabera erabiliko ditu eskura dituen baliabideak.

_Armak bere edo beste pertsona batzuen bizia edo osotasun fisikoa benetan arrisku larrian dagoenean baino ez erabiltzea, edo herritarren segurtasunerako arrisku larria dagoen egoeretan, betiere aurreko atalean ezarritako printzipioei jarraikiz.

_Atxiloketa bat egiten duenean, bere burua agintaritzako agente gisa identifikatzea.

_Atxilotzen dituen edo zaintzapean dituen pertsonen bizia eta osotasun fisikoa begiratzea eta haien ohorea eta duintasuna errespetatzea.

_Pertsona bat atxilotzen den kasuetarako, antolamendu juridikoak ezartzen dituen izapide, epe eta betebeharrak behar bezala bete eta begiratuko ditu.

_Lan dedikazioari dagokionez, dedikazio osoz arituko dira eta beti legeen eta herritarren segurtasunaren defentsan jardun behar dute, noiznahi eta nonahi, zerbitzualdian izan ala ez.

_Laneko jarduna dela-bide eskuratzen duten informazioa isilpean gordetzea zorrozki, informazio-iturrien berri eman beharrik gabe, salbu eta laneko jardunaren gorabeherek edo lege-xedapenek bestela jokatzera behartzen baldin badituzte.

3._Zerbitzuak, konpromisoak eta betetze-adierazleak.

HERRITARREI ARRETA EMATEA

1. Herritarrentzako arreta eta laguntza berehalakoa eta etengabea eguneko 24 orduetan.

_Baliabideak abian jartzeko batez besteko denbora, Aginte eta Koordinazio Zentroan larrialdiko dei bat jasotzen den unetik, 90 segundutik beherakoa.

_Beharrezkoak diren baliabide operatiboak, horretarako ezarritako aplikazio informatikoan erregistratutakoak, kudeatzeko denbora.

2. Foruzaingoari egindako eskaeretan herritarrei banakako arreta ematea.

_Herritarrei eta, bereziki, delituen biktimei arreta integrala eta pertsonala ematea, eguneko 24 orduetan, herritarrentzako arreta bulego guztietan.

_Herritarrek arlo honetan aurkeztutako erreklamazio kopurua.

3. Herritarrek aurkeztutako salaketa administratiboak jaso eta izapidatzea.

_Salaketa administratiboa aurkezten denetik gehienez ere 72 orduko epean jartzea harremanetan salaketa egin duen herritarrarekin, eta unean uneko informazioa ematea tramitazioaren egoeraz.

_Unitate instrukzio egileak erregistro poliziala egitea artxibo fisiko nahiz informatikoetan.

4. Interesatuari esparru administratiboko eginbide polizialak ematea, honek araudi indardunari jarraikiz eskatuz gero.

_Eginbide polizialak ematea, antolamendu juridiko indardunari jarraikiz, eskabidea jaso eta hamabost eguneko epean.

_Unitate instrukzio egileak erregistro poliziala egitea artxibo fisiko nahiz informatikoetan.

5. Datu pertsonalen tratamendua.

_Foruzaingoak bere jarduketen ondorioz ezagutzen dituen datu pertsonalen konfidentzialtasuna eta pribazitatea bermatzen dira.

_Herritarrek arlo honetan aurkeztutako erreklamazio kopurua eta egindako barne auditoriak.

6. Erreklamazioak, iradokizunak eta eskerrak jasotzeko zerbitzua.

_Afera jaso eta 72 orduko epean herritarrarekin harremanetan jarri eta 45 egunean erantzutea.

_Unitate instrukzio egileak erregistro poliziala egitea artxibo fisiko nahiz informatikoetan.

HERRITARREN SEGURTASUNA ETA IKERKETA

7. _Herritarren segurtasuna, eskubide eta askatasun publikoen erabilera baketsua eta pertsonen eta ondasunen babesa bermatzea.

_Urtean 270.000 ordu efektibo egitea prebentzioko patruila lanetan eta zaintzan, lehentasuna emanez herritarrengan interes edo arrisku gehiago sor tzen duten delituei.

_Urtean patruila lanetan egindako ordu efektiboen kopurua, artxibo fisiko edo informatikoetan erregistraturikoak.

8. Herritarren segurtasunaren arloan egindako prebentzioko kontrolak.

_Urtean prebentziozko 4000 kontrol egitea herritarren segurtasunaren arloan garrantzia duten arazoei arreta emanez.

_Artxibo fisiko nahiz informatikoetan erregistratzea.

9. Herritar baten salaketaren ondorioz hasitako prozedura salaketa egilea biktima denean.

_Herritarrak hala eskatuta, gauzatutako jarduera polizialen berri emanen zaio 72 orduko gehieneko epean, isilpeko sumarioa dela dekretatu ez bada.

_Herritarrak eskatutako informazioa emateko epeak artxibo fisiko nahiz informatikoetan erregistratzea.

10. Desagertutako pertsonak bilatzeko zerbitzua.

_Pertsona baten desagertzearen berri Foruzaingoan jaso eta 30 minutuko epean, gehienez ere, bilatzeko dispositiboa planifikatu eta beharrezkoak diren baliabideak abian jartzean.

_Unitate instrukzio egileak erregistro poliziala egitea artxibo fisiko nahiz informatikoetan.

POLIZIA ADMINISTRATIBOA

11. Prebentziozko kontrolak trafikoan eta garraioetan.

_Urtean prebentziozko 307.000 kontrol egitea.

_Artxibo fisiko nahiz informatikoetan erregistratzea.

12. Alkoholemia kontrolak zirkulazio istripuetan.

_Alkoholemia frogak egitea zirkulazio istripu guztietan.

_Artxibo fisiko nahiz informatikoetan erregistratzea.

13. Prebentziozko kontrolak egitea ingurumenaren babesaren arloan.

_Urtean prebentziozko 7.000 kontrol egitea.

_Artxibo fisiko nahiz informatikoetan erregistratzea.

14. Prebentziozko kontrolak jokoan eta ikuskizun publikoetan.

_Urtean prebentziozko 6.000 kontrol egitea.

_Artxibo fisiko nahiz informatikoetan erregistratzea.

4._Zerbitzuen gutunaren kudeaketa.

Zerbitzu gutun honen kudeaketa Foruzaingoak beteko du, eta Foruzaingoaren burua izanen da horren erantzulea.

Arloburuek izanen dute 3. artikuluan hartutako konpromisoak gauzatzeko behar diren neurriak hartzeko ardura, nork bere jardun esparruan, bai eta kasuan kasuko adierazleen bilakaerararen jarraipena eta aldizkako kontrola egitekoa ere.

Barne Araubideko Dibisioak urtero eginen du auditoria bat, konpromisoak eta adierazleen jarraipena noraino bete diren osotara edo hein batean egiaztatzeko; unitate hori izanen da, Zerbitzuen Gutunari dagokionez, erreferentziazko eta koordinaziorako unitatea.

Auditorietan arlo burutzetarako gomendioak jasotzen ahal dira, eta burutzek behar den guztia beteko dute hobekuntzak sustatzeko eta, ahal dela, hurrengo aldian horiek gauzatzeko.

Auditoria txostena Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari eta Barne zuzendari nagusiari igorriko zaie.

5._Arauen zerrenda.

Nafarroako Foruzaingoak ematen dituen zerbitzuak babesten dituzten xedapen orokorrak, espezialitateetarako dauden arau xedapenak alde batera utzi gabe, hauexek dira:

_Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoa.

_213/2002 Legegintzako Foru Dekretua, urriaren 14koa, Nafarroako Polizia Kidegoei buruzko Foru Legearen Testu Bategina onesten duena, apirilaren 4ko 30/2003 Foru Legearen bidez aldatua.

_Nafarroako Foruzaingoko lanpostuak betetzeko Erregelamendua onesten duen martxoaren 25eko 57/2002 Foru Dekretua.

_718/2003 Foru Dekretua, abenduaren 29koa, Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamendua onesten duena.

_265/2004 Foru Dekretua, uztailaren 26koa, Nafarroako Foruzaingoaren antolamendu eta funtzionamenduaren Erregelamendua onesten duena, eta hura garatzen duten foru aginduak.

_1/2005 Foru Dekretua, urtarrilaren 10ekoa, Nafarroako Foruzaingoko kideen lanaldien, ordutegien eta ordainsarien Erregelamendua onesten duena.

6._Zerbitzuen erabiltzaileen eskubideak.

Herritarrek, Nafarroako Foruzaingoarekin dituzten harremanetan, honakoetarako eskubidea dute:

_Foruzaingoaren jarduera orok aintzat har ditzan, oinarri eta muga gisa, eskubide eta askatasunen erabilera librearen babesa, pertsonaren eta haren ondasunen defentsa eta segurtasun juridikoa.

_Laguntza iraunkorra, premia izanez gero, 112 larrialdietako telefonoaren bitartez edo zuzenean Nafarroako Foru Komunitatean Foruzaingoak dituen edozein polizia-etxetara joz.

_Uneoro antolamendu juridiko indardunari lotzen zaion polizia-zerbitzua.

_Zerbitzu publikoan ari diren profesionalak direla eta haien bokazioa kide diren erkidegoari zerbitzua ematea dela uneoro gogoan izanen duen jardun poliziala.

_Herritarrei ematen zaien tratua zuzena, banan banakoa, egokia, zaindua, arretatsua eta konprometitua izatea.

_Foruzaingoaren inpartzialtasuna jarduketa guztietan, intimitate pertsonala errespetatzea eta Foruzaingoak bere zerbitzuaren ondorioz jakiten dituen aferen konfidetzialtasuna.

_Bereziki, foruzainek saihestuko dute herritarrei kaltea eragiten ahal dien edozein ekintza arbitrario, bai eta lehentasunezko edo pribilegiozko tratua edozein arrazoi dela eta.

_Eskatutako aferak arretaz tramita daitezen eta interesdunaren izaera duen prozedurak zer tramitazio egoeratan dauden jakiteko.

_Iradokizunak egin eta erreklamazioak eta/edo esker-emateak aurkeztea Nafarroako Foruzaingoaren dituen harremanen inguruan.

7._Foruzaingoaren zerbitzuak hobetzen laguntzea eta parte hartzea.

Nafarroako Foruzaingoaren iritziz garrantzi handikoa da jakitea herritarrek Foruzaingoaren zerbitzuaz duten iritzia eta balorazioa. Horretarako, komunikazio sistema bat ezartzen da, segurtasun politikak eta polizia zerbitzuak hobetu, perfekzionatu edo herritarren premietara egokitzeko aukera eman dezaketen inguruabarren berri izateko.

Era berean, eta barne funtzionamenduari begira, foruzainek, polizia zerbitzuen hobekuntzan lagundu nahi izanez gero euren proposamenekin, nagusiei jakinaraziko dizkiete arauzko bideak erabiliz, egokitzat hartzen diren ondorioak izan ditzaten.

Halaber, urtero eginen dira iritzia ezagutzeko inkestak Foruzaingoaren zerbitzuaren erabiltzaileen artean, zerbitzuak ematean hobetu beharreko arloak zein diren jakiteko.

8._Iradokizunak eta erreklamazioak aurkezteko sistema.

Foruzaingoak barne prozedurak ditu erreklamazioak, iradokizunak eta esker-emateak aztertu, baloratu, ezarri eta horiei erantzuteko, herritarrek zerbitzu ematearen inguruan izandako ekimenak hobekuntzarako aukerak direlakoan, beti aztertu beharrekoak.

Horretarako, herritarrak berak jo beharko du Foruzaingoaren edozein bulegotako Herritarrendako Laguntza Bulegora.

Polizia bulego horietan, kasu horietarako dagoen orria bete beharko du, eta hura jasoko duen funtzionarioak emanen dio herritarrari eskatutako guztiaren berri, eta jakinaraziko une horretatik aurrera informazioak izanen duen tramitazioa.

Erreklamazioetan, herritarrek izen-deiturak eta helbidea adierazi beharko dituzte, bai eta erreklamazio, iradokizuna eta/edo esker-ematearen xehetasunak ere. Orri hori Foruzaingoaren buruari, kasuan kasuko arloko buruari eta Barne Araubideko Dibisioko buruari; azken honek sustatuko ditu gertaerak argitzeko arakatzeak eta hobekuntzaren balizko ezarpena.

Erantzuna gehienez ere eskaera aurkeztu eta bi hilabateko epean jakinaraziko zaio interesatuari.

9._Jendea hartzeko helbideak eta ordutegiak.

9.1. Polizia-etxeak.

Iruñeko Polizia-etxea.

Helbidea: Fuente de la Teja, zk.g.

P.K.: 31006.

Tel.: 948 22 18 02.

Faxa: 948 42 68 62.

P.e. policiaforal@cfnavarra.es.

Tuterako polizia-etxea

Helbidea: Tarazonako errepidea, 3. k.p.

P.K.: 31500.

Tel.: 948 43 45 00.

Faxa: 848 43 45 27.

P.e. pftudela@cfnavarra.es.

Zangozako polizia-etxea

Helbidea: Padre Raimundo Lumbier kalea, 15.

P.K.: 31400.

Tel.: 948 87 16 14.

Faxa: 948 87 16 12.

P.e. pfsanguesa@cfnavarra.es.

9.2. Argibideak.

1._Larrialdiak: 112 (S.O.S. Navarra).

2._Aginte eta Koordinazio Zentroa: 948-221802.

3._Hiritarrendako Laguntza Zerbitzua: 848-426853.

4._Jendearendako orduak: 24 orduetan.

5._Posta elektronikoa. policiaforal@cfnavarra.es.

10._Zerbitzuen gutunaren ardura duen unitatea.

Barne Araubideko Dibisioa da Foruzaingoan zerbitzuen gutun honen inguruan beharrezkotzat jotzen diren ekintzak sustatzeko eta koordinatzeko ardura duen unitatea, eta gutunaren erreferente izanen da.

Barne Araubideko Dibisioa.

Nafarroako Foruzaingoa

Helbidea: Fuente de la Teja, zk.g.

P.K.: 31006.

Herria: Iruña (Nafarroa).

Tel.: 948-221802.

Faxa: 848-426862.

P.e. pfreginterno@cfnavarra.es.

Iragarkiaren kodea: F0603679