38. ALDIZKARIA - 2006ko martxoaren 29a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.4. Ebazpenak

110/2006 EBAZPENA, otsailaren 9koa, Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiak emana. Lehen Hezkuntzan, Hezkuntza Berezian, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Erdi nahiz Goi mailako Heziketa Zikloetan hezkuntza itunak aldatu eta luzatzeko arauak, ondotik adierazten direnak, ematen dituena.

2003ko uztailaren 2an eman eta urte horretako 108. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, abuztuaren 25ean, argitaraturiko 349/2003 Foru Aginduaren bidez lau urterako hezkuntza itunak onetsi ziren Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Hezkuntza Bereziko eta Lanbide Heziketako mailetan, 2003ko martxoaren 3an eman eta urte bereko 39. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, martxoaren 31n, argitaraturiko 111/2003 Foru Aginduaren bidez emaniko arauei jarraituz. Foru agindu hura 2003ko irailaren 30ean eman eta 134. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, urriaren 20an, argitaraturiko 430/2003 Foru Aginduaren bidez aldatu zen. Gero, uztailaren 15eko 175/2004 Foru Aginduak (106. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, irailaren 3koa) eta azaroaren 28ko 297/2004 Foru Aginduak (149. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, abenduaren 13koa) aldatu zituzten, eta ikasturte honetarako aldaketak abuztuaren 26ko 772/2005 Ebazpenak (120. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, urriaren 7koa) eta urriaren 7ko 897/2005 Ebazpenak (133. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, azaroaren 7koa) eman zituzten.

Abenduaren 14ko 416/1992 Foru Dekretuaren 46. artikuluak, zeinak onesten baitu Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamendua, aipatzen du zilegi izanen dela Hezkuntza Departamentuarekin kasuko hezkuntza ituna sinatu duten ikastetxeetan unitate kopurua aldatzea, hezkuntza eskubideari bermabide egokia eman ahal izateko.

Erregelamendu ber horretako lehenbiziko xedapen gehigarriak, halaber, aipatzen du zilegi izanen dela bere unitateren batentzat aldi bateko baimena duen ikastetxeekin sinatu den urtebeteko ituna luzatzea, xedapen horretan bertan aipatzen diren inguruabarrak gertatzen direnean.

Hori guztia gogoan, bada, oraingo itunak aldatu edo luzatzeko irizpideak finkatu eta prozedurak definitu behar dira.

Horregatik guztiagatik eta Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 42. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluaren bidez emandako ahalmenez baliatuz,

EBATZI DUT:

1. Lehen Hezkuntzan, Hezkuntza Berezian, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Erdi nahiz Goi mailako Heziketa Zikloetan hezkuntza itunak aldatu eta luzatzeko arauak onestea. Hauexek dira

A R A U A K

1. Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen Lege Organikoarekin, Hezkuntzaren Kalitateari buruzko Lege Organikoarekin eta Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduarekin bat, ikastetxe pribatuek eskaera egin ahalko diote Hezkuntza Departamentuari Lehen Hezkuntzan, Hezkuntza Berezian, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Erdi nahiz Goi mailako Heziketa Zikloetan izenpeturik dituzten hezkuntza itunak aldatu eta/edo luzatzeko, edo hezkuntza itun berriak izenpetzeko; horretarako, 15 egun naturaleko epea izanen dute, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleak onartzeko eskabideak aurkezteko epe arrunta amaitzen denetik edo, epe hori ondoren bada, ebazpen hau argitaratzen denetik.

Eskaera Ikastetxeen Erregistroan agertzen den ikastetxeko titularrak aurkeztu beharko du. Titularra pertsona juridiko bat baldin bada, haren ordezkaritza duenak sinatu beharko du eskaera. Ordezkaritza agirien bidez egiaztatu beharko da.

Hezkuntza itunaren aldaketa eta izenpetze berriak

2. Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 46. artikuluak xedatzen duenaren arabera, zilegi izanen da ikastetxeko titularrak eskatuta nahiz Hezkuntza Administrazioak berak ofizioz eskatuta hezkuntza ituna aldatzea itundutako unitate kopurua handitu edo gutxitzeko.

3. Ikastetxeak berak eskatu badu itundutako unitate kopurua aldatzea, Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuari zuzenduko dio eskaera Ebazpen honetako lehenbiziko atalean esan den epean eta gutxienean honako datuak izanen ditu:

a) 2006/2007 ikasturterako osotara eskatzen den unitate kopurua.

b) Eskatu den aldaketa justifikatzen duten arrazoiak eta, hala tokatzen bada, eskatzen diren unitateak hezkuntza mailako kurtsoen artean banatzeko proposamena.

4. Hezkuntza Itunetarako Arauen Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 14ko 416/1992 Foru Dekretuaren bosgarren tituluan aurreikusitako inguruabarrak gertatuta ere, itundutako unitate kopurua aldatzea eskatzen ez duten ikastetxeetan, Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuak ofizioz hasiko du horretarako prozedura, ebazpen honen lehenbiziko atalean ezarritako epeak bukatu ondoren. Eraginpeko ikastetxeen titularrei prozesua hasi dela jakinaraziko zaie, aukera izan dezaten hurrengo ikasturtean egin gogo diren aldaketen berri jakin dezaten eta bidezko iruditzen zaizkien alegazioak aurkez ditzaten, 10 egun naturaletan.

5. Itundutako unitate kopurua aldatzeko kontuan hartuko diren irizpideak Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 46. artikuluan ageri direnak izanen dira. 2003ko otsailaren 20an eman eta urte bereko martxoaren 17ko 33. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaraturiko 49/2003 Ebazpenaren bidez finkaturiko ratioa bete beharko da. Ebazpen horretan itunduriko unitateko ikasleen gutxieneko bataz besteko erlazioa zehazten da, Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduko 16. artikuluan xedatu bezala.

6. Gela eta maila bakoitzeko gehieneko ikasle kopuruari dagokionez, oro har, Unibertsitateaz besteko eta araubide orokorreko irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeen gutxieneko baldintzak finkatzen dituen abenduaren 5eko 1537/2003 Errege Dekretuak ezarritako gehieneko kopuruak errespetatuko dira.

Hezkuntza itunen luzapena

7. Ikastetxe batek unitate itunduren bat salbuespenezko eta aldi bateko baimenaren pean baldin badu, zilegi izanen du gaur sinaturik daukan ituna luzatzeko eskatzea.

Ituna luzatu eginen da 2006/2007 ikasturterako ikastetxeak berehalako eta bestela ase ezineko eskolatze premiei aurre egiten dienean.

8. Ituna luzatzeko eskaerak, zazpigarren atalak aipatzen dituenak, Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuari zuzenduko zaizkio ebazpen honetako lehenbiziko atalean aipatzen diren epeetan.

Itunak aldatu eta luzatzeko eta berriak izenpetzeko prozedura

9.1. Itunak aldatu edo luzatzeko edo berriak izenpetzeko eskaerak jaso ondoren, Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuak ebaluatu eginen ditu eskaerak ebazpen honetan eta aplikatzekoa den legerian finkatu diren irizpideen arabera.

9.2. Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuak zilegi izanen du txostenak eta balorazioak eskatzea Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari, Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzuari, Lanbide Heziketaren Zerbitzuari eta Eskolatze Batzordeari, eskatzaileak aurkeztu dituen eskaera eta alegazioen gainean.

9.3. Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuak, hala tokatzen bada, erakutsi eginen die espedientea eskatzaileei eta epe bat finkatuko beren eskubideen alde bidezko iruditzen zaiena alegatzeko.

9.4. Eskaeren gaineko ebaluazioa ikusirik eta eskatzaileak aurkeztu dituen alegazioak aztertu ondoren, Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuak proposamen bat eginen du itunak aldatu edo luzatzeko eskaeren gainean.

9.5. Horrekin batera, Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuak, ikastetxeetako titularrek aurkeztu alegazioak eta Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak, Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzuak, Lanbide Heziketaren Zerbitzuak eta Eskolatze Batzordeak txostenak eta balorazioak egiten badituzte haiek ere kontuan harturik, proposamen bat eginen du Hezkuntza Administrazioak ofizioz abiatu dituen hezkuntza itunen aldaketen gainean, eta kasua bada, interesatuei espedientea erakusteko eta beren eskubidea babesteko bidezko iruditzen zaizkien alegazioak aurkezteko epea finkatuko du.

10. Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuak egiten duen proposamena Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiari igorriko zaio, kontuan harturik ikastetxe itunduen finantzaketarako aurrekontuan dauden baliabideak.

11. Ebazpen honen babesean egiten diren hezkuntza itunen aldaketak eta luzapenak eta itun berriak eginbide baten bitartez formalizatuko dira eta eginbide hori hezkuntza ituna formalizatzeko agiriari erantsiko zaio. Eginbide hori, batetik, Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiak eginen du, hezkuntza administrazioaren izenean, eta bestetik, ikastetxeko titularrak edo legezko ordezkariak, zeinak dagokion ordezkaritza agiri bidez egiaztatu beharko baitu.

12. Prozedura ebatziko duen ebazpena (eskaera ukatzen badu hartarako arrazoiak aipatu beharko ditu) interesatuei jakinaraziko zaie eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

2. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila agintzea.

3. Ebazpen hau igortzea Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiari, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari, Giza Baliabideen Zerbitzuari, Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzuari, Lanbide Heziketaren Zerbitzuari, Dibertsitate, Kultura-aniztasun eta Immigraziorako Zerbitzuari, Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuari, Euskara Zerbitzuari; Eskolatze Batzordeko buruari, Ikastetxeen eta haien Finantzaketaren Atalari, Ikastetxeak Baimendu eta Erregistratzeko Bulegoari eta Hezkuntza Itunen Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2006ko otsailaren 9an._Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusia, Fermín Villanueva Ferreras.

Iragarkiaren kodea: F0602803