38. ALDIZKARIA - 2006ko martxoaren 29a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

19/2006 EBAZPENA, otsailaren 14koa, Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Unibertsitateen Unibertsitate Hedapenerako 2006ko jarduerak finantzatzeko laguntzetarako deia egiten duena.

Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuko zuzendariak txosten bat aurkeztu du eta bertan proposatu Nafarroako unibertsitateen Unibertsitate Hedapenerako 2006ko jarduerak finantzatzeko laguntzen deialdia onetsi eta argitara dadin.

Kontuan harturik Nafarroako Foru Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorrari buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean aurreikusitakoa.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako unibertsitateen Unibertsitate Hedapenerako 2006ko jarduerak finantzatzeko laguntzen deialdia, ebazpen honen eranskin bakarrean dagoena, onestea.

2. Laguntza hauen finantzazioa, 75.000 euro gehienez, Hezkuntza Departamentuko gastuen aurrekontu indarduneko ondoko kontusailaren kargura eginen da: "Nafarroako unibertsitateen Unibertsitate Hedapenerako programak" izeneko 430000-43000-4812-322300 kontusaila.

3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara daitezela agintzea.

4. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasleen eta Unibertsitate Hedapenaren errektoreordeari, Nafarroako Unibertsitateko Unibertsitate Hedapenaren errektoreordeari, Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalak Iruñean eta Tuteran dituen zentro elkartuetako zuzendariei, Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusira, Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzura, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntza Departamentuan duen kontu-hartzaile delegatuari, Aurrekontu eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera, Unibertsitateko Hedapen Atalera, Administrazio Orokorreko Bulegora eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2006ko otsailaren 14an._Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusia, Pedro Pegenaute Garde.

E R A N S K I N A

Nafarroako Unibertsitateen Unibertsitate Hedapenerako 2006ko jarduerak finantzatzeko laguntzetarako deialdia

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak, Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, Nafarroako unibertsitateen unibertsitate hedapenerako jarduerak garatzen laguntzeko asmoz, deialdi hau egin du, guztira gehienez ere 75.000 euroko aurrekontua duena. Honako hauek dira

A R A U A K

1._Xedea.

1.1. Deialdi honen helburua da Nafarroako unibertsitateek unibertsitate komunitatearen beraren eta nafar gizartearen onerako sustatzen dituzten unibertsitate hedapenerako jarduerak garatzen laguntzea.

1.2. Ondorio hauetarako unibertsitate hedapenerako jardueratzat ondoko hauek hartuko dira:

a) Unibertsitate jarduera akademikoa, bai irakaskuntzakoa, bai ikerkuntzakoa, osatu nahi duten jarduerak.

b) Irakasleen eta ikasleen hobekuntza zientifikora, ikasleen jarduetara eta herritarren heziketa jarraira zuzendutako jarduerak.

c) Ikasleen Elkarteek, unibertsitateko Fundazioek eta Katedrek, unibertsitateko ikasle egoitzek eta ikastetxe nagusiek, fakultateek eta departamentuek edo institutuek eta ikastetxeek antolatzen dituztenak. Jarduerak izan daitezke kultur eta gizarte jarduerak, nazio edo nazioarteko testuinguruei edo harremanei dagozkienak, enplegua sustatzekoak edo horren inguruko berriak ematekoak, kirolei, liburutegiei edo hizkuntzei buruzkoak, heziketa jarraiko foro eta jarduerak, gaurkotze eta hobekuntza ikastaroak, topaketa zientifikoak, kultur eta ikerketa topaketak, mintegiak, hitzaldiak, kongresuak, eta abar.

2._Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Deialdi honen onuradunak ondoko hauek izan daitezke: Nafarroako unibertsitateak, hots, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Nafarroako Unibertsitatea eta Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalak Iruñean eta Tuteran dituen zentro elkartuak.

3._Eskabideen aurkezpena.

3.1. Eskatzaileek Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dituzte eskabideak edo Hezkuntza Departamentuaren Erregistroan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan (eta lege hori aldatzen duen urtarrilaren 13ko 4/1999 Legean) ezarritakoa galarazi gabe.

3.2. 2006. urtean zehar egin diren edo egin behar diren unibertsitate hedapenerako jarduerak kofinantzatzeko eskabideak aurkeztu ahalko dira.

3.3. Eskabideak eta dokumentazioa aurkezteko epea 2006ko ekainaren 30ean bukatuko da.

3.4. Eskabidearekin batera ondoko agiriak aurkeztuko dira:

a) Entitate eskatzailearen izena, helbidea, telefonoa eta identifikazio fiskaleko zenbakia, adierazirik halaber harremanetarako pertsonaren datuak, alegia eskaeraren xede den unibertsitate hedapeneko jarduera antolatu, koordinatu edo zuzentzen duen arduradunarenak.

b) Memoria, ondoko hau bilduko duena: egin diren edo egiteko dauden jarduerak, jarduera garatzeko programa, hizlariak eta parte hartzaileak, eta, hala badagokio, interesa duten bestelako eranskinak ere. Memoria jardueraren arduradunak sinatuko du eta kasuan kasuko Unibertsitate Hedapenaren errektoreordearen edo UHUNeko zentro elkartuko zuzendariaren oniritzia izanen du edo, halakorik ezean, unibertsitateko entitate edo sail eskatzaileko zuzendariarena.

c) Jarduerak duen kostuaren aurrekontu ekonomiko zehatza, finantzatu nahi den defizita argi eta garbi azalduta, d) eta e) ataletan adierazitakoa ere kontuan harturik.

d) Nafarroako Gobernuari zein jardueratarako eskatzen den laguntza, hura finantzatzeko entitateak dituen laguntza edo diru laguntzen berri ematen duen aitorpena, edo horrelakorik ezean, inongo laguntzarik jasotzen ez duela adierazten duen aitorpena.

e) Matrikula dela-eta lortu asmo diren dirusarrerei buruzko aitorpena, bai eta diruz lagundutako jarduerak sortzen ahal dituen beste edozein diru etekinari buruzkoa ere.

3.5. Dirulaguntzaren eskaera oso-osorik beteta ez badago, eskatzaileari akats edo hutsunea zuzentzeko eskatzen ahalko zaio. Horretarako, gehienez ere 10 eguneko epea emanen zaio horren berri jakinarazi eta ondoko egunetik hasita.

3.6. Eskabidea Hezkuntza Departamentuko Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusira igorri behar da. Bertan "Unibertsitate Hedapenerako 2006ko jarduerak finantzatzeko laguntzen deialdia" adieraziko da.

4._Laguntzak.

4.1. Unibertsitate hedapenerako jarduerak finantzatzeko laguntza hauek urte baterako dira eta 2006ko ekitaldi ekonomikoaren barruan egiten diren jardueretarako ematen dira.

4.2. Diru laguntzak 6.000 eurora artekoak izan daitezke jarduera bakoitzeko, aurkeztutako aurrekontua, haren interesaren balorazioa eta aurkeztutako eskabide kopurua kontuan hartuta.

4.3. Laguntza hauek eman litezkeen beste batzuekin bateragarriak izanen dira, betiere laguntza guztien baturak ez badu gainditzen jardueraren benetako kostua, diru laguntzak eman eta kontrolatzeko araubide orokorrari buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatzen duenari jarraikiz.

5._Balorazioa.

5.1. Batzorde batek aztertuko ditu aurkeztutako eskabideak eta horiek ebatzi behar dituen organoari igorriko dio bere proposamena 2006ko irailaren 30 baino lehen. Hauexek izanen dira batzorde horretako kideak: batzordeburua, Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuko zuzendaria, eta kideak Goi Mailako Irakaskuntzaren atalburua, eta Unibertsitate Hedapenerako atalburua, idazkari arituko dena.

Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiak eskaturik, kanpoko adituengana jotzen ahalko da, aurkeztutako eskabideak hobeki baloratzearren.

5.2. Batzordeak ondoko irizpide hauek hartuko ditu kontuan proiektuak baloratzean:

a) Aurkeztutako jardueren proiektuen kalitate zientifikoa eta pedagogikoa, 50 puntu bitarte.

b) Unibertsitateko komunitatearendako gure komunitatean, nazio zein nazioarteko mailan izan dezakeen oihartzuna eta "ezagupenaren gizarteari" eginiko ekarpena, 20 puntu bitarte.

c) Jarduera berriak edo aurreko deialdian laguntzarik jaso ez zutenak, 30 puntu bitarte.

6._Esleipena.

6.1. Laguntzak Hezkuntza Departamentuko Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusiaren ebazpen bitartez esleituko dira eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da esleipen hori, behar diren ondorioak izan ditzan.

6.2. Jarduera bakoitzaren laguntzaren zenbatekoa ez da inolaz ere 6.000 eurotik gorakoa izanen.

6.3. Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiak, Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuko zuzendariak adostasun txostena emandakoan, gastuei dagozkien jatorrizko frogagiriak aurkeztu ondoren ordainduko du laguntzen zenbatekoa. Jatorrizko frogagiriak (edo ezin denean unibertsitate eskatzailean horretarako eskumena duen bulegoak konpultsaturiko fotokopia) 2006. urtekoak izanen dira, eta behar bezala beteak egon behar dute, fakturak egiteko era arautzen duen martxoaren 8ko 85/1993 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera.

6.4. Halaber, emandako dirulaguntzaren parera iritsi beharko dute ordaindutakoaren justifikazioek, gutxienez.

6.5. Eman eta justifikatutako laguntzak banan-banan eta jarduera bakoitzeko ordainduko zaizkio kasuan kasuko unibertsitateari.

6.6. Egiaztagiriak aurkezteko azken eguna 2006ko urriaren 30a izanen da, deialdiaren ebazpenaren egunean bukaturik dauden jardueretarako, eta abenduaren 20a, egun horren ondoren egindakoetarako.

Epe horiek bete ezean, galdu eginen da emandako dirulaguntza.

7._Betebeharrak.

Hona hemen laguntza hauen onuradunen eginbeharrak:

7.1. Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiak laguntza eskatu duen entitatearen datuak eta hari dagokion jarduera edozein momentutan egiaztatzeko lanak onartzea.

7.2. Administrazioaren esku jartzea jardueren behin betiko programa, suertatu diren gorabeherekin edo aldaketekin eta Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiko kreditatutako teknikariei jardueran parte hartzea erraztea.

7.3. Akten, Memoriaren edo diru laguntzaren xede den jarduerarekin zer ikusia duen edozein agiriren argitalpenean edo publizitatean Nafarroako Gobernuaren ekarpena adieraziko da.

7.4. Hala behar izanez gero, unibertsitateko entitatea eta Uniber- tsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusia ados jarrita, Nafarroako Gobernuak jardueran izanen duen parte-hartze instituzionalari dagokion formatua zehaztuko da.

7.5. Entitate onuradunak Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko dio jarduera berbera finantzatzeko beste organismo publiko nahiz pribatuen diru laguntzak edo laguntzak jaso izana. Era berean, jakinarazi beharko dio laguntza eskabidea egin ondoren gertatuz gero.

8._Gorabeherak eta eginbeharrak ez betetzea.

8.1. Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako unibertsitate hedapenerako jardueraren planifikazioan, programan edo aurrekontuan edozein aldaketa egiteko Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiaren adostasuna behar da.

Dena den, proposatzen den aldaketak ezin izanen du onetsitako proiektu edo jarduera aldatu, baldin eta, Ebaluazio Batzordearen arabera, haren funtsa galtzen bada. Horretarako, Ebaluazio Batzordeak txostena aurkeztu ondoren, baimendutako aldaketen ondorioz dirulaguntzaren zenbatekoa ere aldatzen ahalko da.

8.2. Oinarri hauetan aurreikusitako baldintzaren bat betetzen ez bada edo ekarritako datuak faltsuak badira, Administrazioak ahalmena izanen du laguntza kentzeko onuradurari eta jaso duen dirua itzul dezala agintzeko.

8.3. Beste entitate batzuetatik ere dirulaguntza edo laguntzarik eskuratzen baldin bada, onartutako laguntza aldatzen ahalko da, laguntza guztien zenbatekoak dirulaguntzaren xede den jardueraren kostua gainditzen badu.

9._Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman eta kontrolatzeko araubide orokorra erregulatzen duen azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 42. eta 43. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz jokatuko da.

Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean ezarritakoa izanen da.

10._Errekurtsoak.

Deialdi honen, bere oinarrien edo aplikazio-ekintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariari zuzendua, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman edo jakinarazten denetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F0603393