38. ALDIZKARIA - 2006ko martxoaren 29a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

856/200 EBAZPENA, martxoaren 15ekoa, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, Enpleguaren eta Prestakuntzaren alorretan jardunaldiak, kongresuak, bilkura zientifikoak eta sentsibilizazio, onarpen eta zabalpen ekintzak antolatzeko laguntzetarako 2006ko deialdia onesten duena.

Nafarroako Enplegurako 3. Planak (2005-2007) xedea du Nafarroan enplegua bultzatzea enplegu osoa, gizonezkoetan zein emakumezkoetan, kontsolidatu arte, baina haren kalitatea ahantzi gabe, ikerkuntzari, berrikuntzari eta garapen teknologikoari laguntzearen bitartez. Hori dela-eta, Nafarroako Gobernuak enplegua eta haren arazoak hobeki ezagutzeko balio duten ideiak, ikerketak eta ekarpenak bultzatu nahi ditu, bai eta soluzioak bilatu ere egindako jarduketak kontsolidatzeko eta egiteko daudenek ahal den ikuspegi onena izan dezaten. Horretarako, komenigarria da jarduketa koordinatu bat abiaraztea jardunaldiak, kongresuak eta bilkurak antolatu eta zabaltzeko, eta xede horietarako dotazio ekonomika izatea.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak dirulaguntzak emateko prozedura arrunta ezartzen du. Haren arabera, besteak beste, deialdia eta haren arauak ezarri behar dira.

Horrenbestez, azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Batzorde Iraunkorraren aldeko txostena izanik, apirilaren 29ko 148/1998 Foru Dekretuak onetsitako Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Estatutuen 10. artikuluak ematen dizkidan eskurantzez baliaturik,

EBATZI DUT:

1. Enpleguaren eta Prestakuntzaren alorretan jardunaldiak, kongresuak, bilkura zientifikoak eta sentsibilizazio, onarpen eta zabalpen ekintzak antolatzeko dirulaguntzetarako 2006ko deialdia onestea.

2. Deialdiko arauak onestea. Arau horiek ebazpen honen eranskinean ageri dira.

3. 211.960 euroko gastua baimentzea 2006ko gastuen aurrekontuko "Sentsibilizazio eta sustapen ekintzak" izeneko 880000-84000-4819-241305 kontusailaren kargura.

4. Ebazpen hau eta bere eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Iruñean, 2006ko martxoaren 15ean._Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, María Isabel García Malo.

ERANSKINA

Deialdiaren arauak

1._Xedea.

Deialdi honek xedea du Enpleguaren eta Prestakuntzaren alorretan jardunaldiak, kongresuak, bilkura zientifikoak eta sentsibilizazio, onarpen eta zabalpen ekintzak antolatzeko 2006rako laguntzetarako arauak ematea.

Dirulaguntza eskatzeak deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea dakar berarekin.

2._Proiektuak edo jarduerak egiteko esparrua.

Laguntza har dezaketen jarduerak Enpleguaren eta Prestakuntzaren alorretako jardunaldiak, kongresuak, bilkura zientifikoak eta sentsibilizazio, onarpen eta zabalpen ekintzak izanen dira, bai eta pertsonaren edo entitateren baten jardunbidearen edo merezimenduen onarpena ere, betiere Foru Komunitatean Nafarroako Enplegurako 3. Planaren esparruan eginak 2006. urtean.

3._Onuradunak.

Dirulaguntzak nortasun juridikoa duten entitate eta erakundeek eskatzen ahalko dituzte, baldin eta legez eraturik badaude eta egoitza, ordezkaritza edo batzorde antolatzailea Nafarroan badute.

Jarduera 2006. urteko urtarriletik abendura bitartean egin beharko da.

Entitateek jardueraren arduradun bat izendatuko dute Administrazioarekin harremanak izateko.

4._Dirulaguntzak emateko prozedura.

Deialdi honetako dirulaguntzak lehia bidez izapidatuko dira, 7. arauan ezarritako balorazio irizpideei jarraikiz.

5._Aurkeztu beharreko eskaerak eta dokumentazioa.

Eskatzaileek Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Erregistroan, Iruñeko Arcadio María Larraona kaleko 1ean, eta ekainaren 24ko 137/2002 Foru Dekretuan aipatzen diren Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorreko bulegoetan aurkeztuko dituzte eskaerak, ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean. Foru dekretu horren bidez Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorraren antolamendua eta funtzionamendua arautu zen. Horrez gain, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38. artikuluko 4. idatz-zatian aipatzen diren beste tokietan ere aurkezten ahalko dira. Eskaerei ondoren aipatzen diren agiriak atxikiko zaizkie:

a) Eskaera orria, entitate eskatzailearen lege ordezkariak sinatua.

b) IFZ eta entitatearen eskriturak.

c) Egindako edo egin beharreko jardueraren gaineko memoria zehaztua, dirusarreren eta gastuen sailkako aurrekontua barne.

Ebazpen hau argitaratu aurretik aurkeztutako laguntza eskaerak edo egindako jarduerak ere deialdi honen onuradun izan daitezke, baina horretarako baldintza hauek guztiak bete beharko dituzte.

Eskaerak ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, organo eskudunak interesatuari eskatuko dio akatsa zuzentzeko, horretarako ezarriko dion epean, gehienez 30 egunekoa izanen dena. Epe horretan zuzendu ezean, uko egin diola ulertuko da eta espedientea artxibatuko.

6._Baloraziorako batzorde teknikoa.

Hautapen Batzordeak eskabideak aztertu, eta eman beharreko dirulaguntzak proposatuko ditu. Batzordea honakook osatuko dute:

_Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enplegua Sustatzeko Zerbitzuko zuzendaria.

_Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Prestakuntza Zerbitzuko zuzendaria.

_Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Lana Aurkitzeko Zerbitzuko zuzendaria.

Batzorde horren proposamenak lotzaileak izanen dira.

7._Balorazio irizpideak.

Deialdian eskatzen diren baldintza guztiak betetzeak ez du esan nahi nahitaez laguntza emanen denik.

Laguntzak emateko proposamenek, gehienez ere, 100 puntu bilduko dituzte, ondoko ebaluazio irizpide hauei jarraikiz:

_Egin behar den jardueraren kalitate/prezio erlazioa: gehienez 30 puntu.

_Jarduketen zabalpen eta eragina: gehienez 25 puntu.

_Programatutako jarduera edo ikerketaren interesa eta berezitasunak: gehienez 20 puntu.

_Entitate batzuek baterako proposamena aurkeztea edo entitate batzuen artean jarduketa koordinatuak egitea: gehienez 15 puntu.

_Jarduera burutu behar duten pertsona edo entitateen berme profesionala, ibilbidea eta esperientzia: gehienez 10 puntu.

60 puntura iristen ez diren eskaerak baztertu eginen dira.

Deialdi honi jarraikiz emandako dirulaguntzak bateragarriak izanen dira beste edozein dirulaguntza publiko edo pribaturekin. Dena den, jasotako dirulaguntzek, guztira, ez dute inola ere gaindituko diruz lagundutako jardueraren aurrekontua.

8._Ebazpena.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak onartuko ditu laguntzak, ebazpen baten bidez, 6. arauan aipatzen den Batzorde Teknikoak proposatu ondoren.

Eskaerak aurkezteko epea amaitu eta biharamunetik hiru hilabeteko epean horretarako ebazpenik jakinarazten ez bada, ukatu direla ulertuko da.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuak dirulaguntzak argitara emanen ditu Nafarroako Enpleguaren atarian (www.empleo.navarra.es), Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan ezarritako baldintzekin bat.

9._Laguntzen zenbatekoa eta ordaintzeko modua.

Aurkeztutako aurrekontua aztertu ondoren, Balorazio Batzordeak aurrekontu onargarriak hautatu eta zehaztatuko ditu, egin nahi den jarduerak merkatuan duen benetako prezioaren arabera.

Laguntza jaso dezaketen gastuak diruz lagundutako jarduera gauzatzeko edo xedea lortzeko beharrezkoak diren guztiak izanen dira, hala nola, prestaketa gastuak, egintza antolatzekoak, sarietan edo antzekoetan izandakoak, parte-hartzaileen gastuak eta dietak, edizioak, argitalpenak, ikus-entzunezkoak, eta abarretakoak.

Dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko kontuan hartuko dira erabiltzen ahal den aurrekontua eta deialdiko 7. arauan ezarritako irizpideen arabera lortutako puntuazioa. Zenbateko horiek aurrekontukoa baino handiagoak izanez gero, dirua hainbanatuko da.

Ordainketa jarduera bukatutakoan eginen da, emaitzen memoria eta dirusarreren eta gastuen egiaztagiriak aurkeztu ondotik (denak 2006. urtekoak izanen dira). Entitateak eskaeran hala adierazten baldin badu, laguntza onartzeko agiria sinatzen den momentuan diru zenbatekoaren 100eko 50 aurreratzen ahal da eta, gainerakoa, lehenago aipatu den bezala. Nolanahi dela ere, lagundutako jardueraren dirusarrerak izan diren gastuak baino altuagoak baldin badira, laguntza dagokion neurrian gutxituko da.

10._Onuradunen betebehar orokorrak.

a) Onuradunek onesten den proiektuan egin nahi duten edozein aldaketa idatziz jakinarazi beharko dute. Aldaketa horrek Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren baimena izan beharko du.

b) Diruz lagundutako ekintzaren informazioa hedatzean, berariaz eta nabarmenki azalduko da Nafarroako Gobernuaren laguntza eta behar diren logotipoak paratuko dira.

c) Diruz lagundutako proiekturako beste dirusarreraren edo laguntzaren bat erdietsiz gero, Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, eta honek emandako dirulaguntza aldatu edo deuseztatzen ahalko du dirusarrera guztien batura lagundu den jardueraren kostua baino altuagoa baldin bada.

d) Dirulaguntza emateko arrazoitzat jo den jarduera egitea.

e) Laguntza emateko oinarri izan den jarduera egin dela justifikatzea, eta, orobat, laguntza hartzeko edo baliatzeko eskatu diren baldintza eta beharkizunak betetzen dituela. Diruz lagundutako jarduera bukatu eta hurrengo hilabetean, laguntza jaso duen entitate onuradunak jardueraren azken memoria aurkeztuko du Nafarroako Enplegu Zerbitzuan. Txostenarekin batera diruak nola aplikatu diren egiaztatzeko fakturak edo balio bereko agiriak aurkeztuko dira, fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onesten duen maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuan xedatzen den moduan beteak. Halaber, aurkeztu diren fakturen ordainagiriak ere aurkeztuko dira.

Jardueraren gaineko dokumentazioa aurkeztu ezean, laguntza emateko ebazpena bertan behera uzten ahalko da.

f) Eskumena duten organoek, eman edo jaso diren dirulaguntzen inguruan, egin ditzaketen egiaztapen lan guztiak onartzea.

g) Dirulaguntzak ematen dituen ebazpenaren proposamena egin baino lehen, Gizarte Segurantzarekiko obligazioak eta zergen gainekoak eguneratuak dituztela dagozkien agirien bidez frogatzea.

h) Kontabilitate liburuak, erregistro diligentziatuak eta behar bezala auditaturiko bestelako agiriak eduki beharko dira, onuradunei aplikatzen ahal zaizkien merkataritzari eta sektoreari buruzko legeetan xedatu bezala.

i) Jasotako diruaren erabilpenari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

11._Laguntzaren jarraipena.

Dirulaguntzaren alderdi guztien jarraipena eta kontrola Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eginen du, eta honek egoki jotzen dituen txosten teknikoak nahiz aholkuak eskatzen ahalko ditu. Jarraipen horren ondotik desadostasun txostena ematen bada, emandako diru-kopuru osoa edo zatiak eskatzen ahalko ditu, sor litezkeen gainerako erantzukizunengatik kontu eman beharra batere ukatu gabe.

12._Araudia.

Arau hauetan aurreikusirik ez dauden gaietan dirulaguntzei buruzko ekainaren 9ko 11/2005 Foru Legean oro har xedatutakoa aplikatuko da.

13._Errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere arauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F0604697