33. ALDIZKARIA - 2006ko martxoaren 17a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

27/2006 FORU AGINDUA, otsailaren 7koa, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariak emana. Honako honen bidez sailkatu egiten da laneko eta familiako eginkizunak bateratu ahal izateko baliabide hau: "hiru urtetik beherako haurrak zaintzaileen etxean zaintzeko zerbitzua".

Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 44. artikuluaren arabera Nafarroak eskumen osoa du, oro har, Gizarte Laguntzaren arloan, eta berariaz haurren, gazteen eta hirugarren adinekoen aldeko politikan, ongintza eta laguntza elkarteen inguruan eta adingabeen babes eta tutoretzarako eta gizarteratzeko erakunde eta establezimendu publikoen arloan. Gizarteratzearen arloan, Estatuko legeria orokorrari jarraitzen zaio.

Nafarroako Gizarte Zerbitzuei buruzko martxoaren 30eko 14/1983 Foru Legearen bidez Gizarte Zerbitzuen sistema arautu zen. Haren arabera, Nafarroako Gobernuaren eskumenak dira herritarren gizarte ongizatea ahalik eta gehien sustatzeko xedea duten zerbitzu eta jarduketak.

Nafarroako Gobernuari dagozkio, gainera, zerbitzuen plangintza, antolamendua, koordinazioa eta garapenaren zaintza, eta gizarte zerbitzuen arloko araudia betetzen den begiratzea.

Gizarte zerbitzuen arloko baimen, arau-hauste eta zehapenen araubideari buruzko azaroaren 13ko 9/1990 Foru Legeak prestazioen kalitate eta maila hobeak erdiestera bideratutako zenbait jarduketa administratibo arautzen ditu, eta, bete ezean, zehatzeko sistema ezartzen du.

Legea garatzeko maiatzaren 23ko 209/1991 Foru Dekretua eman zen eta hark, gizarte zerbitzuen gaietako zerbitzuak eta zentroak sailkatzeaz gainera, ezarri ere egiten ditu horietako bakoitzak bete behar dituen azpiegituraren, ekipamenduaren, langileen eta funtzionamenduaren gaineko baldintzak.

Zerbitzu berri baten moduan hartu behar da laneko eta familiako eginkizunak bateratu ahal izateko baliabide hau: "hiru urtetik beherako haurrak zaintzaileen etxean zaintzeko zerbitzua", maiatzaren 23ko 209/1991 Foru Dekretuaren eranskinean ezarri zirenekin parekatu ezinagatik. Hori horrela, haren bakarkako sailkapena egin behar da, 4. artikuluan aurreikusitako moduan, horrek ezartzen baitu aipatu foru dekretuaren eranskinean ageri ez diren zentro edo zerbitzuak, haietako bakar batekin ere parekatu ezin direnean, bakarka sailkatuko direla, Gizarte Ongizate kontseilariak foru agindu bidez zehazturik.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 24ko 46/2005 Foru Dekretuak emandako eskurantzak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Gizarte zerbitzuen arloko baimen, arau-hauste eta zehapenen araubideari buruzko maiatzaren 23ko 209/1991 Foru Dekretua garatzea, zerbitzuen eta zentroen sailkapenean laneko eta familiako eginkizunak bateratu ahal izateko baliabide hau sartuz: "hiru urtetik beherako haurrak zaintzaileen etxean zaintzeko zerbitzua". Foru agindu honen eranskinean zehatz azaltzen da zerbitzu berri hori.

2. Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

3. Foru agindu hau Familiaren Zuzendaritza Nagusira igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2006ko otsailaren 7an._Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilaria, José Ignacio Palacios Zuasti.

ERANSKINA

Gizarte zerbitzuen arloko baimen, arau-hauste eta zehapenen araubideari buruzko maiatzaren 23ko 209/1991 Foru Dekretuaren eranskinaren "II. kapitulua._Zerbitzu eta zentroen sailkapena" garatu egiten da, ondoko puntu hau gehituta:

5.5. Hiru urtetik beherako haurrak zaintzaileen etxean zaintzeko zerbitzua.

Definizioa:

Laneko eta familiako eginkizunak bateratzeko baliabide bat da, eta hiru urtetik beherako haurrak talde txikietan eta zaintzailearen etxean zaintzeko aukera ematen du.

Erabiltzaileak:

Hiru urtetik beherako haurrak dituzten familiak, ordutegiaren aldetik malgutasuna behar dutenak, bai eta banakako arreta ere, eta zaintzailea urte osoan izatea.

Eman beharreko zerbitzuak:

a) Hezkuntza goiztiarreko jarduerak:

_Haurraren beharren araberako tailer eta jolasak, hezkuntza proiektuaren barnekoak.

_Jolas librean laguntzea.

_Haurraren prozesuak eta aurrerapenak ebaluatzea.

_Haurraren agenda betetzea.

_Familiei ebaluazioa biltzen duen txostena ematea.

b) Elikadura eta higienea.

_Norberaren garbitasuna eta haurraren elikadura.

_Langelen garbitasuna eta antolaketa.

Langileak:

a) Zerbitzuaren koordinazioaz arduratuko dena, Maisu-maistra ikasketen titulazioa haur hezkuntzaren arloan, edo Psikologia, Pedagogia, Gizarte Lana edo Soziologia.

b) Hezitzaileak/zaintzaileak: hiru urtetik beherako haurren zaintzan prestakuntza akademikoa duten pertsonak edo haurrak zaintzen esperientzia dutenak eta adingabeak zaintzeko berariazko prestakuntza, betiere prestakuntza horrenemaileak adingabeak zaintzeko enpresen sorrera eta aholkularitzan esperientzia frogatua duten entitate publiko edo pribatuak badira.

Zerbitzu hori, familiekin hitzartzen diren oporraldiak izan ezik, urte osoan emanen denez, ordezko langileak behar dira bertako langileen opor egunetarako, eri daudenerako edo larrialdiren bat gertatzen denerako.

Berariazko baldintzak:

a) Haurren ratioa: hezitzaile bakoitzeko gehienez ere 4 haur izanen da ratioa, eta egoera berezi eta justifikatuetan 5 haur hezitzaileko.

b) Bulegoa: elkarrizketak eta administrazio lanak egiteko eremu bat, zeregin horietarako beharrezkoak diren materialez hornitua (ordenagailua, telefonoa, faxa, etab.).

c) Etxeak:

Etxeek bete beharreko baldintzak:

_Bizigarritasun zedula.

_Suteen kontrako babesa.

_Erantzukizun zibileko, hirugarren batzuei egiten ahal zaizkien kalteetarako eta istripuetarako asegurua.

_Berokuntza, argiak eta aireztatzea.

_Haur bakoitzeko 3 metro koadro beharko dira gutxienez.

_Etxean haurren atsedenerako, higienerako eta jolaserako eremu bereiziak izan beharko dira.

_Gainera, janariak prestatzeko eremu egoki bat eta janariak gordetzeko egokiak diren tokiak.

_Garbiketako produktuak haurrek ez hartzeko moduko toki batean bilduko dira.

_Pareta eta zoruetako materialak goxoak, leunak, ez-porotsuak, erraz garbitzeko modukoak eta desinfektatzaileak erabiltzeko egokiak izanen dira.

Beharrezkoak diren ekipamenduak eta altzariak:

_Pixoihalak aldatzekoa.

_Sehaskak, maindireak, mantak, lastairak.

_Pixoihalen, erabili eta botatzeko paper-zapien eta pixontzien edukiontzia.

_Haur-aulki altuak.

_Etzaulkiak.

_Birendako haur-kotxea.

_Botika kutxa.

_Egokigailuak: entxufeak, ateak irekita edukitzeko gailuak, armairuetako ateen blokeatzailea, etab.

_Segurtasun hesi ateduna.

_3 litroko su-itzalgailua.

_Material didaktikoa.

Iragarkiaren kodea: F0602311