30. ALDIZKARIA - 2006ko martxoaren 10a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Eskaintza Publikoa, oposizioak eta lehiaketak

BURLATA

Deialdia, Burlatako Udaleko sistema informatikoetako teknikari-ofizial lanpostu bat oposizio-lehiaketaren bidez betetzeko

A R A U A K

1._Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da sistema informatikoetako teknikari- ofizial lanpostu bat, lanaldi osoan eta lan-kontratu finkoarekin betetzea, Burlatako Udalean lan egiteko; lanpostua oposizio-lehiaketaren bidez beteko da, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren II. tituluko I. kapituluko 5.etik 8. artikulu bitartean aurreikusitakoari jarraikiz.

1.2. Hautapen probak gainditurik, deialdiko lanpostua betetzeko izendatua gertatzen dena C mailan egokituko da, eta maila horren lansariak eta plantilla organikoan ezarrita dauden osagarriak hartuko ditu.

1.3. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute.

1.4. Oinarri hauetan aurreikusita ez dauden gaietan Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan eta 113/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Erregelamenduan xedatutakoa aplikatuko da.

2._Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Oposizio-lehiaketa honetara onartuak izateko, izangaiek, eskaerak aurkeztean, baldintza hauek beharko dituzte bete:

_Espainiako herritarra izatea, edo Europako Batasuneko bertze estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europako Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio; orobat, espainiarren eta Europako Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek hartu ahal dute parte, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

_Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

_Batxilergoko titulua edo Lanbide Heziketako 2. mailako titulua edo horien baliokidea izatea, gutxienez, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko maneran egotea.

_Eginkizun publikoetan aritzeko desgaituak edo gabetuak ez egotea eta inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik baztertuak ez izatea.

_Nafarroako Enplegu Zerbitzuan inskribaturik egotea.

Eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunerako bete beharko dira aipatutako baldintzak, eta hautaketa bide osoan beharko dira bete, izendatzeko unera arte.

3._Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Burlatako Udaleko erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira (San Juan kalea, 1, 31600 p.k.) 8:30etatik 14:00etara, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkidearari buruzko azaroaren 20ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako bideetako bat erabiliz. Horretarako, hogeita hamar egun naturaleko epea izanen da, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak deialdi honetako ereduari lotuko zaizkio (I. eranskina).

3.2. Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztuko dira:

a) N.A.N.aren edo baliokidea den nortasun agiriaren fotokopia konpultsatua.

b) Titulazioaren fotokopia konpultsatua edo hura lortzeko eskubideak ordaindu izanaren frogagiria.

c) Langileen lanpostuetarako deialdiak tramitatzeko tasa (4,05 euro) diruzaintzan ordaindu izanaren frogagiria edo hura ordaintzeaz salbuetsia egotearena (ez dute tasa hori ordaindu beharko langabezian diren izangaiek, betiere Nafarroako Enplegu Zerbitzuak luzatutako enplegu eskatzailearen txartela, eguneratua, aurkezten badute).

d) Izangaiak lehiaketaldian baliarazi nahi dituen merezimenduak argi eta garbi frogatzen dituzten agiriak, jatorrizkoak. Administraziotik kanpoko lanak edo denbora epe ez osoko kontratuak (asteburuetako lanak, ordezkapenak eta abar) egiaztatzeko, izangaiaren lan bizitza adierazten duen agiri ofiziala, Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalak luzatua, aurkeztu beharko da.

Ikastaroei dagokienez, berriz, asistentzia edo matrikulazio frogagiriak, haien iraupena, ordutan, agertzen duten agiriekin batean.

Merezimenduak ezin badira egiaztatu jatorrizko agiri baten bidez, izangaiak balorarazi nahi dituen merezimenduen frogagirien fotokopia kautotuak edo fotokopiak (jatorrizkoarekin batean, konpultsatu ahal izateko) aurkeztuko dira.

3.3. Izangaiek oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkezten dutenean egiaztatu eta frogatu beharko dituzte, agiri bidez, baldintzak eta merezimenduak, edo, betiere, eskabideak aurkezteko epea akitzen den egunean. Dokumentazio hori aurkezten ez bada eskabideetarako ezartzen diren epean eta moduan, merezimenduak ez dira baloratuko. Nolanahi ere, lehiaketaldiko merezimenduak kontuan hartzeko, epearen mugatzat hartuko da deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den eguna.

3.4. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4._Izangaien onarpena.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek, onartu eta baztertuen zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoko hamar egun baliodunen barrenean, erreklamazioak egiten ahalko dituzte edo, aurkeztutako dokumentazioan akatsik egonez gero, haiek zuzendu.

4.3. Erreklamazio epea iraganik eta horiek ebatzitakoan, alkate jaunak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko, probak hasteko egunarekin batera.

5._Epaimahaia.

5.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

Mahaiburua: Burlatako Udaleko alkatea.

Ordezkoa: Burlatako Udaleko lehen alkateordea.

1. mahaikidea: Nafarroako Gobernuko informatika zerbitzuetako teknikari bat.

Ordezkoa: Nafarroako Gobernuko informatika zerbitzuetako teknikari bat.

2. mahaikidea: Nafarroako Udalen bateko informatika zerbitzuetako teknikari bat.

Ordezkoa: Nafarroako Udalen bateko informatika zerbitzuetako teknikari bat.

3. mahaikidea: Burlatako Udaleko langileen ordezkari bat.

Ordezkoa: Burlatako Udaleko langileen ordezkari bat.

Mahaikide-idazkaria: Udalbatzakoa, eta haren ordezkoa.

5.2. Lehiaketako merezimenduen balorazioa egin aitzin deitu eta eratu beharko da epaimahaia, eta kideen erabateko gehiengoa, bederen, beharko da haren eraketak eta jarduketek balioa izan dezaten.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarrien interpretazio eta aplikazioaren inguruko arazoak.

5.4. Epaimahaiak erabakiko du bere zein kidek parte hartu behar duten oposizio-lehiaketako une bakoitzean.

5.5. Epaimahaiak proba guztietan nahiz batzuetan aholkulari adituak ekar ditzake. Aipatu aholkulariak beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko.

6._Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.

6.2. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratzean adieraziko da non, noiz eta zein egunetan hasiko den oposizio-lehiaketa.

Ondotik, epaimahaiak arauzko moduan emanen ditu argitara gainerako proben egunak, Burlatako Udaleko iragarki oholean.

6.3. Lehiaketaldia:

6.3.1. Alegatutako merezimenduengatik ondoko baremoaren arabera emanen dira puntuak:

_Esperientzia:

a) Espezialitate berean eta maila berean edo goragokoan urtebete osorik aritu izanagatik administrazio publikoan edo haren menpeko erakunde autonomoetan, lanaldi osoan: 2 puntu urteko.

b) Urtebete osorik aritu izanagatik administrazio publikoan edo haren menpeko erakunde autonomoetan, lanaldi osoan: puntu bat urteko.

c) Espezialitate berean urtebete osorik aritu izanagatik enpresa pribatuan, lanaldi osoan: puntu bat urteko.

Atal hauetako bakoitzaren puntuazioa proportzionalki kalkulatuko da urtebetetik beherako kasuetan.

Ohiz kanpoko lanaldiak aitzineko atalen ariora baloratuko dira, behar den proportzionaltasuna ezarriz.

Bateraezinak dira aurreko atalengatik emandako puntuazioak, denboraldi berekoak direnean; halakoetan, handiena bakarrik emanen da.

Aurreko ataletako batura ez da 10 puntu baino handiagoa izanen.

_Prestakuntza osagarria:

a) Lanpostuarekin ikusteko zuzena duen ikastaro luze nahiz labur bakoitzagatik, erakunde, zentro publiko eta unibertsitateek antolaturik: 10 ordurengatik: 0,10 puntu, gehienez ere 10 puntu. Iraupena agertzen ez bada, gutxieneko puntuazioa emanen zaio.

b) Euskaraz jakiteagatik, gehienez ere bortz puntu. Hizkuntza eskola ofizial batek luzaturiko gaitasun agiriarekin edo ofizialki haren baliokidetzat jotzen den titulazioarekin frogatzen ahalko da, edo bertzenaz, epaimahaiak zehaztuko duen proba bat gaindituz.

c) Ingelesez jakiteagatik, gehienez ere bortz puntu. Hizkuntza eskola ofizial batek luzaturiko gaitasun agiriarekin edo ofizialki haren baliokidetzat jotzen den titulazioarekin frogatzen ahalko da, edo bertzenaz, epaimahaiak zehaztuko duen proba bat gaindituz.

Euskararen edo ingelesaren proba egin nahi duten izangaiek hala adierazi beharko dute eskabide orokorrean. Proba horiek oposizioaldirako aurreikusiak dauden probak bukatuta eginen da.

6.3.2. Epaimahaiak lehiakideek alegatu merezimenduen gaineko azalpen eta datuak eskatu ahalko ditu noiznahi.

Izangai bakoitzari dagozkion merezimenduak arrazoiz baloratuko ditu epaimahaiak, baremoaren atal bakoitzaren arabera; edonola ere, ezin izanen da alegatu gabeko merezimendurik, edo agiri bidez egiaztatu gabekorik, aintzat hartu, ez eta atal bakoitzari dagokion gehieneko puntuazioa gainditu.

6.3.3. Lehiaketaldia amaitzen denean, Burlatako Udalaren iragarki oholean jarriko da izangaietako bakoitzak lortutako puntuazioa, eta erreklamazioak egiteko epea emanen da, betiere oposizioaldian aurreikusten den lehen proba baino 24 ordu lehenago bukatuko dena.

Lehiaketaldian 30 puntu eskuratuko dira, gehienez ere.

6.4. Oposizioko probak.

6.4.1. Lehen ariketa: deialdiaren II. eranskinari buruzko orotariko galde-sorta bat erantzun beharko da. Proba hasi aurretik epaimahaiak haren iraupena ezarriko du. Gehienez ere 2 ordukoa izanen da. 0 puntutik 30era bitartekoa izanen da puntuazioa eta bazterturik geldituko dira gutxienez ere 15 puntu erdiesten ez dituztenak.

6.4.2. Bigarren ariketa: praktikoa, epaimahaiak proposatuko dituen kasu eta galderak garatu eta konpondu beharko dira, deialdiko II. eranskineko gaiei buruz. Proba hasi aurretik epaimahaiak haren iraupena ezarriko du. Gehienez ere 2 ordukoa izanen da. 0 puntutik 25era bitartekoa izanen da puntuazioa eta bazterturik geldituko dira gutxienez ere 12,5 puntu erdiesten ez dituztenak.

6.4.3. Hirugarren ariketa: hartan, nortasun ezaugarriak eta lanpostuarekiko gaitasunak baloratuko du NAPIk, aldez aurretik Udalak onetsitako soslai baten ariora. 0 puntutik 10era bitartekoa izanen da puntuazioa eta bazterturik geldituko dira guttienez ere 5 puntu erdiesten ez dituztenak.

Bortz puntu emanen dira probetan hizkera ez baztertzailea erabiltzeagatik.

Oposizioaldian gehienez ere 70 puntu lortu ahalko dira.

6.4.4. Lehen eta bigarren ariketak pliken sistemaren bidez eginen dira.

6.4.5. Plikak jendaurrean irekiko dira, eta aldez aurretik iragarriko dira horretarako eguna eta ordua.

6.4.6. Proben deialdiak.

Udaleko iragarki oholean emanen da argitara probak zein egun, ordu eta tokitan eginen diren, gutxienez ere berrogeita zortzi ordu lehenago, edo hogeita lau ordu lehenago hasitako proba baten jarraipena baldin bada.

6.4.7. Identifikazioa eta bertze.

Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta hartara izangaiek N.A.N. aldean daramatela joan beharko dute. Agertzen ez diren izangaiak oposiziotik bazterturik geldituko dira.

Oharrak, apunteak eta abar transkribatzea eta bertzelako iruzurrak egitea berehala baztertzeko arrazoia izanen da, deusetan ukatu gabe bidezko izan litezkeen jarduketa penalak.

6.4.8. Epaimahaikide bakoitzak bere kalifikazioa emanen du, eta kalifikazio guztien banaz-bertzeko aritmetikoa izanen da ariketa zati horren puntuazioa.

7._Probak gainditu dituztenen zerrenda eta epaimahaiaren proposamena.

7.1. Izangaien azkeneko kalifikazioa lortzeko oposizio-lehiaketako puntuazio guztiak batuko dira.

7.2. Azken ariketa amaiturik, epaimahaiak aditzera emanen du Udaleko iragarki oholean gainditu dutenen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta, eta puntu gehien lortu duen izangaia izendatzeko proposamena eginen dio Burlatako Udalari.

7.3. Proposatutako izangairen batek espresuki uko egiten badio bere izendapenari, ulertuko da izendapen proposamenean sartzen dela gainditu dutenen zerrendako hurrengoa edo hurrengoak.

8._Izendapena.

8.1. Hautapen prozesua amaitu ondoan, Alkatetzak, ebazpen baten bidez, proposatutako izangaia izendatu eta izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko agindua emanen du.

8.2. Izendatutako izangaiak hilabeteko epean hartu beharko du lanpostuaren jabetza, izendapena jakinarazten denetik aitzina. Hala egiten ez badu, epe berean ezinbertzekoren bat frogatu ezean, izendapenaren eskubide guztiak galduko ditu 7.3 atalean aipatu bezala eta halabereko ondorioekin. Lanpostuaren jabetza hartzen ez duen bitartean, ez du diru ordainik batere hartzen ahalko.

9._Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean errekurritutako erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean erabaki hau edo errekurritzen den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu edo errekurritu nahi den aplikazio egintza jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: ...................., adinez nagusia, N.A.N. zenbakia: ..............., jaioteguna: .............., jaioterria: .................. (...........); bizilekua, jakinarazpenak egiteko: .................; (........), karrika: ..........., zenbakia: ......., posta kodea: ............, telefonoa: .............. Zure aitzinera agertu eta honela diot:

Eskatzen dut onartua izateko Burlatako Udaleko sistema informatikoetako teknikari-ofizial lanpostu bat oposizio-lehiaketaren bidez betetzeko deialdian (zenbaki honetako ..... Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratua, data honetan: ............).

Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasun edo akats fisiko edo psikikorik.

Ez dudala indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik.

Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan eta ez naizela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

Badudala deialdiko 2. oinarrian adierazten den titulazioa.

Deialdian ezarritako azterketa eskubideak ordaindu ditudala, eta horren egiaztagiria erantsi dudala.

Baldintza guzti-guztiak betetzen ditudala eskabideak aurkezteko epearen azken eguna baino lehen.

Hizkuntza honetako probak egitea eskatzen dudala (.........) Adierazi zein.

Euskararen gaitasunaren agiria edo ofizialki baliokidea den bertze titulu bat aurkezten dudala (.......).

Horrenbertzez:

Eskatzen dut eskabide hau onartzeko eta, beraz, onartua izateko Burlatako Udaleko sistema informatikoetako teknikari-ofizial lanpostu bat oposizio-lehiaketaren bidez betetzeko deialdian.

Burlatan, 2004ko .............aren ..............(e)an

(Eskatzailearen sinadura)

...................... jaun/andreak, .............. NANa dudanak, eskabidea aurkeztu dut Burlatako Udaleko sistema informatikoetako teknikari-ofizial lanpostu bat oposizio-lehiaketaren bidez betetzeko deialdirako.

II. ERANSKINA

1._Informatikari buruzko oinarrizko kontzeptu orokorrak: Hardwareari eta Softwareari buruzko kontzeptu oinarrizkoak.

2. gaia._Windows: oinarriak, mahaigaina, kontrol-panela eta inprimaketa-kudeatzailea.

3. gaia._Word testu-tratamendua: funtsezko kontzeptuak.

4. gaia._Proiektuen kudeaketa.

a) Proiektu baten faseak: definizioa, zenbatespena, plangintza, segimendua eta kontrola.

b) Proiektuak kudeatzeko tresna eta teknikak.

5. gaia._Datuen eredua: eredu kontzeptuala. Entitate/harreman diagrama.

6. gaia._Mezularitza eta posta elektronikoa. Eginkizun nagusiak.

a) Mezuak sortu eta bidaltzea. Mezuak irakurri eta antolatzea. Helbideen libretak.

b) Postako bezeroak.

c) Denbora antolatu eta kudeatzeko tresnak: agenda, harremanak, egitekoen plangintza. Baimenak.

7. gaia._Internet sarea: jatorria, bilakaera eta ezaugarriak. Euskarriko sareak. Zerbitzuen hornitzaileak. Internet, Intranet eta Extranet: antzekotasunak eta ezberdintasunak.

8. gaia._Interneten oinarritutako zerbitzuak: posta, artxiboen transferentzia, hipertestu formatuko argitalpenak, eztabaida eta albisteetarako taldeak, informazio antolatua bilatu eta eskuratzea.

9. gaia._Windows XP.

10. gaia._Testu-prozesadorea.

a) Word 2003.

11. gaia._Kalkulu orria.

a) Excel 2003.

12. gaia._Datu basea.

a) Access 2003.

13. gaia._Aurkezteko programak.

a) Power Point 2003.

14. gaia._Posta elektronikoko tresna eta denboraren antolaketa eta kudeaketa.

a) Outlook 2003.

15. gaia._Sistemen kudeaketa.

a) Windows 2003 Server.

16. gaia._Posta elektronikoa. Exchange Server 2003.

17. gaia._MS Internet Explorer 6.0.

18. gaia._MS Internet Information Server 6.0 (Intranet).

19. gaia._Datu baseko kudeatzaile erlazionala. SQL Server 2000.

Iragarkiaren kodea: L0602966