30. ALDIZKARIA - 2006ko martxoaren 10a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

OTEITZA

Behin betikoz onetsirik Agiriak luzatu eta izapidatzeko tasak arautzen dituen udal ordenantza

Oteitzako Udalak, 2005eko abenduaren 19an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Agiriak luzatu eta izapidatzeko tasak arautzen dituen ordenantza.

Hasiera batez onesteko erabakia 2006ko 11. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, urtarrilaren 5ean, eta jendaurreko epea iragan da inork alegaziorik aurkeztu gabe; hortaz, ordenantza hori behin betikoz onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

ORDENANTZA FISKALA, AGIRIAK LUZATU ETA IZAPIDATZEKO TASAK ARAUTZEN DITUENA

Xedapen orokorra

1. artikulua. Honako arau hauetan xedatutakoaren babesean ezarri da ordenantza hau: Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. artikulua eta hurrengoak, martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legea _martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aldatzen baitu_ eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, tasei, prezio publikoei eta enbargaezintasunari buruzko gaietan.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Alderdi batek eskaturik, udal administrazioak edo udal agintariek beren eskumeneko agiriak luzatu edo dagozkien izapideak egiteagatik sortzen den udal jardunak eratzen du zergapeko egintza. Agiri horien zerrenda 5. artikuluan dago.

Ordaindu beharra

3. artikulua. Ordaindu beharra sortzen da norberaren intereserako, udal administrazioak edo udal agintariek euren eskumenekoak diren edo izan behar duten edozein agiri luzatzeko edo izapidatzeko eskatze hutsarekin.

Subjektu pasiboa

4. artikulua. Udal administrazioak edo udal agintariek luzatzen dituzten edo beren eskumenekoak dituzten agiriak eskatu, sorrarazi edo haien onura jasotzen duten pertsona natural nahiz juridikoak dira subjektu pasiboak.

Tarifak

5. artikulua. Ordenantza honek tarifa hauek izanen ditu:

1._Ziurtagiriak: 1,00 euro bakoitza.

2._Bandoak argitaratzea: 1,00 euro bakoitza.

3._Faxak: 1,00 euro bakoitza.

4._Lurzatien gaineko zedulak, Internetez: 1,00 euro bakoitza.

5._Fotokopiak:

DIN A-4 neurrikoak: 0,10 euro bakoitza.

DIN A-3 neurrikoak: 0,20 euro bakoitza.

6._Agiriak konpultsatzea.

1-5 orri, 1,00 euro.

6-20 orri, 2,80 euro.

21-40 orri, 4,00 euro.

40 orritik goiti, 6,40 euro.

7._Zenbait izapide.

Jarduera sailkatuetarako eta irekitzeko lizentziak: txostenen eta iragarkien kostua.

Partikularrek sustatutako hirigintza jarduketak (plan partzialak, birzatiketak, xehetasun azterlanak, urbanizazio proiektuak, hiri unitateen zatiketa, etab.): iragarkien kostua.

Kudeaketa eta dirubilketa arauak

6. artikulua. Dirubilketarako arau bereziak ezartzen dira, hain juxtu ere hauek:

a) Ziurtagiriak, fotokopiak, faxak eta lurzatietako zedulak luzatu, bandoak argitaratu eta agiriak konpultsatzeko tasak ordaindu beharko dira luzatzen diren unean berean, udal bulegoan, eta bulego hori bera arduratuko da kontuak emateaz.

b) Zenbait izapide egiteko tasa, iragarki ofizialen kostuaren balio berekoa, Udalaren gordailuzaintzan ordainduko da, interesatuari dagokion likidazioa egiten zaion momentuan.

Arau-hausteak eta zehapenak

7. artikulua. Arau-hausteei eta zehapenei dagokien orotan, Ordenantza fiskal orokorrean xedatutakoari jarraituko zaio.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa._Ordezko gisa, honako hauek aplikatuko dira: Ordenantza fiskal orokorra, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea, martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legea _martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aldatzen baitu_ eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, tasei, prezio publikoei eta enbargaezintasunari buruzko gaietan.

Bigarrena._Ordenantza honetan sartutako aldaketek indar hartuko dute eta ondorio juridiko osoak sortuko, testua osorik Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denean.

Oteitzan, 2006ko otsailaren 17an._Alkatea, Víctor Luis Echeverría Sáenz.

Iragarkiaren kodea: L0602969