30. ALDIZKARIA - 2006ko martxoaren 10a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ZIZUR NAGUSIA

Zizur Nagusiko Zirkulazioaren udal ordenantzako aldaketa behin betikoz onetsirik

Zizur Nagusiko Udalak, 2005ko urriaren 27an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Zizur Nagusiko Zirkulazioaren udal ordenantzako aldaketa.

Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legeko 325. artikuluan xedatua betetzeko, jendaurrean egon zen; jendaurreko aldia igaro eta aurkeztutako alegazioak ebatzi ondoren, Zizur Nagusiko Udalak, 2006ko urtarrilaren 31n egin osoko bilkuran, behin betikoz onetsi zuen ordenantza horretako aldaketa; hona, argitaraturik, horren testu osoa:

ZIZUR NAGUSIKO ZIRKULAZIOAREN UDAL ORDENANTZAKO ALDAKETA

2001eko abuztuaren 23an behin betikoz onetsia, eta 102. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratua, eta 2003ko irailaren 22an aldatua, eta 121. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratua, baita 2004ko 121. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean aldatu ere, azaroaren 1ean.

Honako aldaketa honek ukitu egin du Zizur Nagusiko Zirkulazioaren udal ordenantzaren VI. kapitulua, eta xedea du 5.000 kilotik goitiko ibigailuen eta 21 bidaiari baino gehiagorendako autobusen aparkatzea arautzea, hain zuzen ere hartarako ezarritako lekuetan, bide publikoa izan gabe. Horrek 24 eta 25. artikuluei eragiten die, idazketa berria ematen baitzaie, gauza batzuk erantsiz eta bertze batzuk kenduz.

Artikulu bakarra._24 eta 25. artikuluetan gauza hauek erantsi eta kentzen dira:

24. artikulua. Honako hau sartu da.

24. artikulua. Udalak berariazko tokiak ezarri ahalko ditu, inolaz ere udal mugapeko bideetan, bakar-bakarrik 5.000 kilotik goitiko pisu baimendua duten ibilgailuendako edo 21 bidaiari baino gehiagorako autobusendako, ez bertzetarako.

25. artikulua. Idazketa berria eman zaio.

25. artikulua. Aparkatzeko eremuetan baimendua izanen da aparkatzea horretarako txartela edukita, eta txartel hori lortzeko honako baldintza hauek bete beharko dira, nahitaez:

1. Pertsona fisikoa izatea eta 5.000 kilotik goitiko ibiligailu baten edota 21 bidaiari baino gehiagorako autobus baten titularra izatea, eta bera eta bere famili unitatea erroldatua izatea Zizur Nagusian, bertan helbidea eta ohiko bizitokia izanik, hori guztia urte bateko antzinatasunarekin, gutxienez. Halaber, ibilgailuak helbide berekoa behar du izan eta ohiko gidariak ere titularrak bete beharreko baldintza berberak betetzea.

2. Zizur Nagusiko Udalarekiko exekuzio aldian dauden zorrik ez izatea, bereziki txartela zein ibilgailutarako eskatzen den hari lotutako zirkulazioaren zergaren gainekoak badira.

3. Zizur Nagusiko Udalari txartela lortzeko eskaera egina izatea; eskaerarekin batera, inprimaki ofizialean egin beharko baita, ondoko agiri baliozko hauek aurkeztu beharko dira:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua.

b) Ohiko gidariaren gidabaimenaren kopia.

c) Ibilgailuaren zirkulatzeko baimenaren kopia.

d) Autoaren aseguruaren polizaren kopia konpultsatua, indarra duen harena, eta ibilgailuen ikuskapen teknikoaren adostasun txostenarena, aginduzkoa bada.

4. Bizilagun-txartela eskuratuz geroztik egoera aldatu ez eta, beraz, hura lortzeko galdatzen diren baldintzetarik bakar bat ere betetzetik gelditu ez izana.

Apakatzeko eremuetan, goizeko 13:00etatik 15:00ak arte aparkatzeko txartela lortu ahal izateko, aurrean bildu diren baldintza berberak bete beharko dira, salbu eta 1 zenbakikoa, horren ordez honako hau bete beharko baita:

5.000 kilotik goitiko ibiligailu baten edota 21 bidaiari baino gehiagorako autobus baten ohiko gidaria izatea, eta bera eta bere famili unitatea erroldatua izatea Zizur Nagusian, bertan helbidea eta ohiko bizitokia izanik, hori guztia urte bateko antzinatasunarekin, gutxienez.

Txartela ibilgailuen aitzineko haizetakoen barne aldean paratuko da, kanpotik garbi ikusteko maneran. Urtebeterako balioko du eta eskatzailearena izanen da ez beste inorena, eta eskatzen den ibilgailu harena.

Txartela eskuratzen duten eskatzaileak haren erantzule izanen dira, eta etxez edo ibilgailuz aldatzen direnean, edo hartarako eskubidea ematen duen edozein baldintza aldatzen denean, horren berri eman beharko diote Udalari, gehienez ere astebetean, betiere ordenantza honetan ezarritakoari jarraikiz. Hartara, txartel berria eskuratuko dute, horretarako eskubidea izanez gero, edo anarteraino indarra izan duen txartela indargabetuko zaie, hartarako eskubidea izan ezean.

Txartela eskuratuz geroztik egoera aldatu edota hura lortzeko galdatzen ziren baldintzetako bat betetzen ez bada, besterik gabe txartelaren deuseztatzea ekarriko du eta une hartatik bertatik aparkatzeko eskubidea galduko da.

Txartel berria eskuratzeko, nahitaezkoa izanen da zaharra itzultzea interesatuari berria ematen zaion unean berean.

Halaber, txartela itzul beharko da helbidez aldatu edota baldintzaren bat ez betetzeagatik txartel berria lortzeko eskubidea galtzen bada, eta hori Udalari horren berri ematen zaion unean berean, edo hartarako eskubidea izanik ere hura berritu nahi ez denean.

Txartela ebatsi edo galduz gero, berehalakoan eman beharko zaio horren berri Udalari.

Udalak, noiznahi, ofizioz frogatu ahal du txartelak emateko ezarritako baldintzak betetzen ote diren, eta betetzen ez badira indargabetuko ditu, bidezko izan daitezkeen bestelako neurri edo zehapenak deusetan ukatu gabe.

Inolaz ere ezin izanen da eremu horietan atoirik aparkatu, ibilgailu motordunari atxikia ez bada.

Orobat, baimendutako ibilgailu bat 7 egun gehienez egon ahalko da toki berean mugitu gabe. Denbora hori iraganik, baimenak galdu eginen du bere indarra eta hura eman zuen aginteak erabaki dezake haren deuseztatzea.

Arau-hausteak eta zehapenak:

Mugatutako eremuetara baimenik gabe sartzea nahiz bertan denbora soberaz gelditzea, biak izanen dira zehatzeko arrazoi.

Ezarritako lekuetara sartzeko arauak behin eta berriz ez betetzea gertatzen bada, Udalak erabaki dezake txartela baliogabetzea.

XEDAPEN BAKARRA

Ordenantzako aldaketa honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Zizur Nagusian, 2006ko otsailaren 6an._Alkatea, Luis María Iriarte Larumbe.

Iragarkiaren kodea: L0602325