30. ALDIZKARIA - 2006ko martxoaren 10a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

26/2006 FORU AGINDUA, otsailaren 17koa, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak emana, Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuak betetzearren hizkuntzen jakintza-maila neurtzeko berariazko probak arautzen dituen martxoaren 8ko 18/2004 Foru Agindua aldatzen duena.

Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak martxoaren 8an emandako 18/2004 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuak betetzearren hizkuntzen jakintza-maila neurtzeko berariazko probak arautu ziren.

Foru agindu horren 6. artikuluan adierazten da lehendabiziko balorazioan gainditzea lortzen ez dutenek eskubidea dutela, egindako proba berrikusi beharrean, proba hura egin zutenetik hilabeteko epean beste azterketa bat egin diezaietela eskatzeko. Horrek ekarri du proba batetik bestera doan tartean eskatzaileak gehiago ikasi ahal izatea eta puntuazio altuagoa ateratzea. Horrelakoetan, bistan da, proba lehenbizikoan gainditu zuten izangaien aldean desberdintasun egoera bat sortzen da.

Hori horrela, foru agindu horren 6. artikulua aldatu beharra dago, interesatuak, emandako balorazioarekin eta azterketaren berrikuspenarekin ados ez badago, proba Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak izendaturiko epaimahai batek berriro zuzendu dezala eskatu ahal izateko. Epaimahai horretan lehenbiziko balorazioa egin zuten ebaluatzaileak ez beste batzuk arituko dira.

Horrenbestez, eta Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskurantzak erabiliz,

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra._Xedea.

Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuak betetzearren hizkuntzen jakintza-maila neurtzeko berariazko probak arautzen dituen martxoaren 8ko 18/2004 Foru Aginduaren 6. artikulua aldatzea. Hemendik aurrera, honelaxe izanen da:

"6. artikulua. Eskatzailea eman zaion balorazioarekin ados ez badago, froga berrikusteko eskatzen ahalko du, eta horren ondotik ere ados ez badago, proba hori Institutuak izendatu eta hasierako balorazioa eman zuten ebaluatzaileek ez beste batzuek osaturiko epaimahai batek ebaluatzea."

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Indargabetzeak

Indarrik gabe geldituko dira foru agindu honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Indarra hartzea

Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2006ko otsailaren 17an._Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0603067