30. ALDIZKARIA - 2006ko martxoaren 10a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.1. Lurraldearen antolamendua eta hirigintza

ERABAKIA, 2006ko otsailaren 20koa, Nafarroako Gobernuak hartua, Carrefour Navarra, S.L.ri Tuteran saltoki handi bat jartzeko merkataritzako lizentzia berariazkoa emateko espedienteari jarraipena eman eta proiektu hori udalez gaindikoa dela deklaratzen duena.

Nafarroan merkataritza arautzen duen uztailaren 12ko 17/2001 Foru Legeak, 23. artikuluko 5. idatz-zatian, saltoki handiak kokatzeko espedienteen tramitazioari buruz ari dela, adierazten du, behin lurraldearen antolamenduaren eta merkataritzaren arloetan eskudun diren Nafarroako Gobernuko departamentuek batera aurkeztu beharreko hasiera bateko proposamenari buruz Nafarroako Txikizkako Merkataritzako Kontseilu Aholku-emaileak eta Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak txostena eman ondoren, Nafarroako Gobernuak erabaki dezakeela merkataritzako baimen berariazkoa emateko espedienteari jarraipena ematea eta proiektua udalez gaindikoa dela deklaratzea.

Foru legeak, bestalde, erabaki hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu behar dela agintzen du. Udalez gaindiko proiektu sektorialaren eta merkataritzako baimen berariazkoaren proposamenak jendaurrean jarri behar dira eta, aldi berean, eraiki asmo den saltokiak ukitzen dituen udalei entzun behar zaie, gutxienez ere hilabeteko epean.

Tuteran saltoki handi bat kokatzeko Carrefour Navarra, S.L.k sustatu duen proiektuari buruz Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak batera aurkezturiko proposamena 2005eko urriaren 11ko bileran aztertu zuen Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak eta adostasun txostena eman zion. Era berean, Nafarroako Txikizkako Merkataritzako Kontseilu Aholku-emaileak, 2005eko abenduaren 30ean, adostasun txostena eman zion departamentu horiek aurkeztutako hasiera bateko proposamenari.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariak eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Tuteran saltoki handi bat kokatzeko merkataritzako baimen berariazkoa Carrefour, S.L. enpresari emateko espedienteari jarraipena eman eta proiektua udalez gaindikoa dela deklaratzea.

2. Proiektua jendaurrean jartzea eta saltoki handia kokatuko den lurretako udalari entzunaldia ematea. Bi tramite horiek batera eginen dira eta hilabete iraungo dute.

Horretarako, espedientea Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuan (Tomás Caballero parkea, 1, Iruña) eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan (Armada etorbidea, 2, 2. oina, Iruña) aztertzen ahalko da, nahi duenak, idatziz, egoki iruditzen zaizkion alegazioak aurkeztu ahal izateko.

3. Erabaki hau Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentura (Merkataritza Zerbitzua) eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentura (Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzua) igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Erabaki hau Carrefour, S.L.ri (Pio XII.aren etorbidea, 30, Iruña) eta Tuterako Udalari (Plaza Vieja, 1, Tutera) jakinaraztea.

5. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2006ko otsailaren 20an._Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0603251