21. ALDIZKARIA - 2006ko otsailaren 17a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

IRUÑA

Diru-laguntzei buruzko ordenantza orokorra behin betiko onestea

Iruñeko Udalbatzak, 2005eko azaroaren 3ko Osoko Bilkuran, Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorra hasiera batez onestea erabaki zuen. Behin espedientea jendaurrean paraturik, aldez aurretik iragarkia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALaren 138. zenbakian eta Udaletxe honen Iragarki-taulan argitaratu zelarik, eta arauzko epea erreklamaziorik aurkeztu gabe igaro eta gero, behin betiko onetsi da. Hona testu osoa, jarraian argitaratua, jende orok jakin dezan eta behar diren ondorioetarako, uztailaren 2ko Nafarroako Toki Administrazioko 6/1990 Foru Legearekin bat.

Iruñean, 2006ko otsailaren 7an._Alkate Udalburua, Yolanda Barcina Angulo.

IRUÑEKO UDALAREN DIRU-LAGUNTZEI BURUZKO ORDENANTZA OROKORRA

Zioen azalpena

Iruñeko Udalaren eta haren erakunde autonomoen jarduna, diru-laguntzen esparruan, garrantzi handikoa da, betiere pertsona fisiko eta juridikoen zein entitate publikoen nahiz pribatuen eskaera sozialak eta ekonomikoak asetzea dutela xede.

Izan ere, diru-laguntzak sustapen-teknika bilakatu dira, bai eta Administrazio honek partikularrekin elkarlanean aritzeko tresna ere, interes orokorrekotzat jotzen diren jarduerak kudeatze aldera, besteak beste, ondoko esparruetan: gizarte ekintza, gizakion eta herrien arteko lankidetza eta elkartasuna, etxebizitza, kultura, hezkuntza, gazteria, kirola, ingurumena, merkataritza, interes publikotzat jotako hainbat jarduera pribaturen sustapena, aisia eta denbora librea edo, baita ere, hiritarren parte-hartzea, hori Zuzenbidezko Estatu sozial eta demokratikoaren eskakizuna den aldetik.

Diru-laguntzei buruzko Ordenantza orokor honek hainbat printzipio orokor ditu oinarri, eta diru-laguntzen inguruko jardunak printzipio horiei jarraitu behar die beti; hauek dira printzipioak: berdintasuna, publikotasuna, gardentasuna, objektibotasuna, eraginkortasuna eta eragimena. Diru-laguntzen inguruko jardunean, bestalde, saiatu behar da diru-laguntzak emateak eragiten ahal dituen merkatu-bihurdurak ahalik eta txikienak izan daitezen, bai eta diru-laguntzak ematea justifikatzen duten bitartekoen eta helburuen artean kongruentziari eusten ere.

Printzipio horiekin batera, planifikazioa gauzatu beharra dago: diru-laguntzei buruzko plan estrategiko bat eratu behar da, hala helburuak eta sortu nahi diren eraginak nola aurreikusten diren kostuak eta finantza-bideak zedarritzeko. Plan horrek posible eginen du diru-laguntzak emateko proposamena egiten duten organoek planaren aplikazioaren ondorioz lortzen diren emaitzak kontrolatu eta ebaluatzea.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak _zeina, 3.1.b. eta 3.2. artikuluetan ezarritakoa betez, aplikatzekoa baita hala Iruñeko Udalean nola haren erakunde autonomoetan_ 9.2 artikuluan ezarri du diru-laguntzak eman baino lehen horien emakida arautzen duten oinarri erregulatzaileak onetsi beharko direla, betiere aipatu legeak ezarritakoari jarraituz, eta oinarri horiek dagokion Aldizkari Ofizialean eman behar direla argitara. Legearen 17.2 artikuluaren arabera, bestalde, tokiko korporazioen diru-laguntzak arautzen dituzten oinarri erregulatzaileak aurrekontua betetzeko oinarrien baitan onetsi behar dira, Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokor baten bitartez, edo, bestela, berariazko ordenantza bat eginez, diru-laguntzen modalitate bakoitzerako.

Aurreko lerroaldean azaldutakoa betetzeko, esparru juridiko egoki bat onetsi beharra dago, Iruñeko Udalak zein horren erakunde autonomoek eman beharreko diru-laguntzen oinarriak erregulatze aldera. Esparru juridiko hori, betiere, azaroaren 17ko Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Legeari egokitu behar zaio. Hori da, hain zuzen, Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokor honen bitartez gauzatuko dena; izan ere, Ordenantza honek erregulatuko du haien gaia dela medio indarreko ordenantza berariazkorik ez duten diru-laguntzen erregimen juridiko orokorra. Diru-laguntzei buruz berariazko ordenantza duten gaietan, aitzitik, _behin hori azaroaren 17 38/2003 Legeari egokituta_ eta etorkizunean berariazko ordenantza propioa izan dezaketen gaietan, berariazko ordenantza propio horiei eginen zaie men, baina, nolanahi ere, Ordenantza hau aplikatzen ahal zaie, haien ordez.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea eta aplikazio-eremu orokorra.

1. Iruñeko Udalak edo haren erakunde autonomoek eman eta, gaia dela medio, berariazko ordenantzarik ez duten diru-laguntzen araubide juridiko orokorra erregulatzea du xede Ordenantza honek.

Hartara, diru-laguntzei buruz berariazko ordenantza duten gaietan ematen diren diru-laguntzek, behin ordenantza hori azaroaren 17 38/2003 Legeari egokituta, berariazko ordenantza propio horren xedapenei eginen diete men, berariazko ordenantza horietan Ordenantza honetara igorrita izan daitezkeen aipuak gorabehera. Izan ere, Ordenantza hau osagarri gisara aplikatuko da.

Halaber, beren Ordenantza propioen xedapenek arautuko dituzte geroan Iruñeko Udalak diru-laguntzei buruzko berariazko ordenantza propioaz hornitutako gaiak, berariazko ordenantza horien artikuluetan Ordenantza honetara igorrita izan daitezkeen aipuak gorabehera; izan ere, kasu horietan ere osagarri gisara aplikatuko da Ordenantza hau.

2. Azaroaren 17ko Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 17.3 a) artikuluak ezarritakoaz bezainbatean, ondoko objektu, gai, helburu, proiektu, jarduera edo portaerak izaten ahalko dira diru-laguntzen xede, kontuan hartuta, betiere, horiek dagozkien deialdietan berariaz garatu ahalko direla, edo zehazkiago zedarritu:

2.1._Gizarte gaietan:

a) Mugitzeko ezgaitasunak dituzten pertsonei egokitutako garraioa ematea.

b) 65 urtetik gorako pertsonak kirol eta aisia ikuskizunetara joan daitezen erraztea.

c) Iruñeko familia ugarien seme-alabei eta gizarteko esku-sartze prozesu batean engaiaturik dauden familien seme-alabei diru-laguntzak ematea, eskolako jantokietan bazkal dezaten.

d) Adingabeak haien kargura dituzten familiei laguntzak ematea.

e) Egoera txarreko etxebizitzetan, etxebizitza desegokietan eta beste hainbat egoeratan bizi diren familiei alokairuak ordaintzeko diru-laguntzak ematea.

f) Aisia eta denbora librearen esparruko prebentzio eta sustapenerako proiektuak garatzea.

g) Gizarte ekintza bultzatzen dituzten proiektuak, hala nola, gutxiengo etnikoak, inmigranteak, txiroak eta abar artatzeko programak.

h) Familiei diru-laguntzak ematea, baldin eta familia horiek drogazale bat edo gehiago komunitate terapeutiko batean izaki diru nahikorik ez badute egonaldiak eragindako gastuari aurre egiteko.

i) Droga-menpekotasunaren aurkako tratamenduan dauden pertsonei ebakuntza odontologikoak egiteko prestazio ekonomikoak eta toxikomanoak artatzeko programak.

j) Garapen bidean dauden herriekin lankidetza proiektuak gauzatzea.

k) Garapenaren aldeko sentsibilizazio eta hezkuntza proiektuak gauzatzea.

l) Giza larrialdietarako jarduerak.

m) Obrak eta erreformak egin, oztopo arkitektonikoak kendu eta lokalak zein altzariak erosi eta teknologia berriak ezartzeko inbertsioak, gizarte arloan jarduerak egiten dituzten irabazi-asmorik gabeko entitate eta elkarteendako.

n) Gizarte-larrialdian dauden familiendako diru-laguntzak, bizirauteko eragozpen larriei aurre egiteko.

o) Gizartera eta Lanera bideratzeko Programan parte hartu dutenen prestakuntzarako diru-laguntzak.

p) Eta oro har, beste edozein jarduera, ondoko xedeak baditu: familia, haur, nerabe, zahar, emakume, ezgaitu, inmigrante, etnia eta gizartean baztertua izateko arriskurik duen jende ororen ongizatearen aldeko prebentzioa eta laguntza, zein pertsona horien parte-hartze, errehabilitazio, gizarteratze edo sustapena, bai eta elkarteen zein gizarte-boluntarioen mugimendua sustatu zein oinarrizko gabezia larriei edo gizarte larrialdiei aurre egitea.

2.2._Hiritarren Partaidetzaren inguruko gaietan:

a) Hiritarren partaidetzaren esparruan gizarte dinamizazioa eta partaidetza bultzatzen dituzten proiektuak.

b) Kontsulta kontseiluen eta partaidetza foroen sustapena, oro har.

c) Obrak eta erreformak egin, oztopo arkitektonikoak kendu eta lokalak zein altzariak erosi eta teknologia berriak ezartzeko inbertsioak, hiritarren partaidetzaren arloan jarduerak egiten dituzten irabazi-asmorik gabeko elkarte, entitate edo hiritar taldeendako.

2.3._Hezkuntza, Kirol eta Gazteriaren inguruko gaietan:

a) Federazio-liga ofizialetan parte hartu duten kirol taldeendako diru-laguntzak.

b) Kirol afizionatuarendako laguntzak (kirol taldeak, klubak eta abar).

c) Kirol emanaldi eta ikuskizunak edo bestelako kirol jarduerak antolatzen dituzten irabazi-asmorik gabeko hiritar-elkarteendako diru-laguntzak.

d) Arauzko kirol instalazioak eraikitzeko obrak egin dituzten hezkuntza edo kirol entitateendako diru-laguntzak.

e) Enpresa-sortzaile gazteek enpresak eratzeko laguntzak.

f) Irabazi-asmorik gabeko elkarteek antolatutako gazte-jarduerak.

g) Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako gurasoen elkarteek antolatzen dituzten jardueretarako laguntzak.

h) Ikastetxeek haur eta lehen hezkuntzan egiten dituzten eskolaz kanpoko jarduera osagarriak.

i) Haur eta Lehen hezkuntzako ikastetxeetako eskola liburutegietarako laguntzak.

j) Lehen Hezkuntzako ikastetxeetarako laguntzak, irakaskuntza-material suntsigarria erosteko.

k) Gabon kanten eskola lehiaketa.

l) Eguberriko eskola jaiotzen lehiaketa.

m) Zuhaitzaren egunaren marrazki eta pinturako eskola lehiaketa.

n) Literaturako eskola lehiaketa.

o) Joaquín Maya interpretatzaile gazteen lehiaketa.

p) Korretsponsal berriemaileen lehiaketa, ikastetxeetan eta ikastetxe nagusietan.

q) Komikien, Web Orrien eta Argazki Digitalen lehiaketa, gazteendako.

r) Gizarte eta kultur animazioko jarduerak, gazteendako programak, lehiaketak, erakusketak, gazte kultur eta sormenarekin zerikusirik duten bestelako jarduerak, argibideak eta aholkuak emateko programak, aisia eta denbora libreko programak, prestakuntza eta hezkuntzako jarduerak, aldizkariak eta argitalpenak, eta gazteen parte-hartzea zein asoziazionismoa bultzatzen dituzten jarduerak oro.

s) Kirol ekitaldiak eta jarduerak edo kirola sustatzekoak antolatu eta kirol entitateekin elkarlanean aritzea.

t) Ikasleen prestakuntza eta hezkuntza arloko gainerako jarduerak.

2.4._Merkataritza eta Turismoko gaietan:

a) Eguberriko argiak instalatzea.

b) Iruñeko turismoa sustatzeko jarduerak, bai eta Iruña ezagutzera ematekoak ere, hala foro nazionaletan nola nazioartekoetan.

c) Hiri-espazioa sustatzea, merkataritzako helburuak edo helburu turistikoak betetze aldera.

d) Iruñeko merkataritzarekin eta merkatarien elkarteekin zerikusia duten prestakuntzako jarduerak eta programak.

2.5._Kultur gaietan:

a) Kultur elkarteek programatu eta egiten dituzten kultur jarduerak.

b) Hainbat sari, eta horien artean, San Fermin kartelen zein Su artifizialen lehiaketei dagozkienak.

c) Euskarazko Literatur lehiaketak.

d) Artista gazteen lehiaketa.

e) Musika-emanaldiak.

f) Iruñeko kultur lehiakortasunaren sustapena.

g) Kultur adierazpenak oro sustatu eta hedatzea.

h) Talde profesionalen kultur jarduna bultzatzea.

i) Euskarazko kultur jarduerak sustatzea.

j) Sormena, arte plastikoak, eszenikoak eta musikalak sustatzea.

k) Artista gazteen sustapen profesionala bultzatzea, oro har, lehiaketen bitartez.

l) Eta, oro har, arte, zientzia eta letrekin zerikusirik duen edozein kultur jarduera zein Iruñeak berezko dituen gizarte eta kultur jarduerak _Sanferminak kasu_ sustatzea.

2.6._Ingurumenari eta osasunari buruzko gaietan:

a) Osasun arloko prebentzioa, babesa eta sustapena bultzatzeko jarduerak, biztanleei orori eta, bereziki, gazte, zahar, emakume, haur eta abarrei zuzenduak. Biztanleria osatzen duten multzo ezberdinen osasuna gordetzeko hezkuntza eta prebentzio helburuak xede dituzten proiektuak zein programak, argibideak emateko eta prestakuntzako jarduerak, jardunaldiak, mintegiak eta abar.

b) Hiriko eta natur ingurumena babesteko jarduerak eta babes hori lortzeko egiten diren jarduerak oro sustatzea, besteak beste, prestakuntzakoak, argibide ematekoak, hiritarren parte-hartzekoak eta ingurumenari buruzko sentsibilizazioaren gainekoak.

c) Energiaren aurrezkia bultzatzea.

2.7._Hirigintza gaietan:

a) Etxebizitzak eta fatxadak zaharberritzea, kasuan kasuko Ordenantzak ezarritakoarekin bat.

b) Berrostatzeak, Iruñean, kasuan kasuko Ordenantzak ezarritakoarekin bat.

c) Iruñean erabilera publikoko diren espazio pribatuak berrurbanizatzea.

2.8._Beste hainbat:

Udalaren jardunaren osagarri izan eta artikulu honetan deskribatu ez den beste edozein jarduera, betiere diruz laguntzeko modukoa bada.

3._Artikulu honetan aipatu eta diru-laguntzen xedetzat har daitezkeen objektuak, gaiak, helburuak, proiektuak, jarduerak edo portaerak ez dira, ordenantza honi dagokionez, beraiek bakarrik dirua jaso dezaketenak; izan ere, horiei beste hainbat gehitu ahal zaizkie, bai eta kasuan kasuko deialdian zehaztu edo Diru-laguntzei buruzko Plan Estrategikoaren bitartez diru-laguntzen ildo berriak ezarri ere.

2. artikulua. Kontzeptua eta aplikazio-eremu materiala.

1. Hona zer jotzen den diru-laguntzatzat, Ordenantza honetaz bezainbatean: Iruñeko Udalak edo haren erakunde autonomoek egindako diru-xedapen oro, pertsona publiko zein pribatuen alde egina, betiere ondoko baldintzak betez gero:

a) Dirua onuradunen zuzeneko kontraprestaziorik gabe ematea.

b) Dirua emateko baldintza izatea xede jakin bat bete dadila, edo proiekturen bat gauzatu, jardueraren bat egin nahiz jokabide berezia har dadila (xede horiek jada burutuak izan daitezke nahiz oraindik burutu gabeak), edo inguruabar jakin batzuk gertatzea; eta onuradunari betebehar batzuk ezartzea.

c) Finantzatzen den proiektu, ekintza, jokabide edo egoeraren helburuak onura publikoko gizarte intereseko edo interes orokorreko jardueraren bat sustatzea edo xede publikoren bat sustatzea izan behar du.

2. Hona Ordenantza honen aplikazio esparrutik kanpo dauden kasuak:

a) Iruñeko Udalaren edo haren erakunde autonomoen eta beste administrazio publikoen arteko diru-ekarpenak.

b) Udalak haren erakunde autonomoei egindako diru-ekarpenak, oro har haien eskumenen esparruko jarduna finantzatzekoak badira.

c) Udalak zein elkartetako edo tokiko zein federaziotako kide den eta horien alde kuota edo derrama ohiko zein ezohiko gisara egindako ekarpenak, betiere elkarren arteko interesak babestu eta sustatze aldera.

d) Iruñeko Udalaren Erregelamendu Organikoan Udalaren talde politikoei edo zinegotziei ematea aurreikusita dauden diru-ekarpenak.

e) Onuradunek aldez aurretik eskatu gabe ematen diren sariak.

f) Onura fiskalak.

3. Gauzatan emandako laguntzen araubide juridiko berezia:

Ondasunak eta eskubideak doan ematea uztailaren 2ko Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen IV. tituluaren I. kapituluan xedatutakoak eta legea garatzen duten xedapenek arautuko dituzte. Aurrekoa gorabehera, ordenantza hau aplikagarri zaio ondasunak, eskubideak edo zerbitzuak emateari, baldin eta Iruñeko Udalak edo haren erakunde autonomoek hirugarren bati emateko xede bakarraz eskuratzen badituzte.

3. artikulua. Diru-laguntzei buruzko Plan Estrategikoa.

1. Diru-laguntzak ezartzeko eskatu duten organoek, aldez aurretik, ondoko alderdiak zehaztu beharko dituzte, diru-laguntzei buruzko plan estrategiko batean:

_Diru-laguntzen xedea, betiere hori zein den zehazterik bada, Plan estrategikoa eratzean.

_Zer helburu eta xede lortu nahi diren diru-laguntzak aplikatzearekin. Lortu nahi diren helburuek merkatuan eragina dutenean, argi eta garbi identifikatutako hutsegiteak zuzentzea izan behar dute jomuga, betiere merkatuan ahal den bihurdurarik gutxien sortu behar dutela.

_Eskuratzeko behar den epea.

_Aurreikusitako kostuak.

_Finantza-bideak.

2. Horiek horrela, Udalaren alorrek eta erakunde autonomoek diru-laguntzak eman nahi badituzte, zeinek bere esparru materialean, plan bat eratuko dute, eta bertan aurreko zenbakian aipatu alderdiak agertuko dituzte.

3. Plan horrek diru-laguntzak emateko proposamena zer organok egin eta horrek plana aplikatzearen ondorioz lortzen diren emaitzak kontrolatu eta ebaluatzea ahalbidetuko du, halakorik behar izatera.

4. artikulua. Diru-laguntzak emateko printzipio arauemaileak eta irizpide objektiboak.

1. Ordenantza honi dagokion diru-laguntzen kudeaketa ondoko printzipioei jarraikiz gauzatuko da:

a) Publizitatea, gardentasuna, lehia, objektibotasuna, berdintasuna eta bereizkeriarik eza.

b) Ezarritako helburuak betetzeko eraginkortasuna.

c) Baliabide publikoak esleitu eta erabiltzeko efizientzia.

d) Kongruentzia, diru-laguntzak ematea justifikatzen duten bitartekoen eta helburuen artean.

2. Kasuan kasuko deialdietan ezar daitezkeen irizpide propioak eta berariazkoak ezertan galarazi gabe, ondoko irizpide objektibo orokorrak izan daitezke oinarri, Iruñeko Udalak diru-laguntzak emateko:

a) Eskatzailearen gaitasun ekonomikoa.

b) Proiektuaren bideragarritasuna.

c) Jardutearen justifikazioa, ezarritako helburuak eta proposatutako jarduerak koherenteak izatea, elkarren artean.

d) Jardueraren edo proiektuaren sormen-, lantze-, berrikuntza-, originaltasun- eta interes-mailak.

e) Proiektuari generoaren ikuspegia erantsi izana.

f) Jarduerak edo proiektuak sortutako ondorioen iraunkortasun-maila.

g) Beste entitateekiko koordinazio- eta lankidetza-mailak.

h) Antzinatasuna eta eskarmentua, antzeko proiektuetan.

i) Entitatea osatzen duten kide kopurua eta jarduerek gizartean izango duten eragina, haietan zenbat lagunek parte hartzen dute kontuan hartuta.

j) Eskatzaileen gaitasun teknikoa eta antolamendurako zein kudeaketarako ahalmena.

k) Proiektua zein eremutan gauzatu behar den eta horko baldintzetara egokitzea, dela gizarte edo kultur mailan dela beste edozeinetan.

l) Kalitate teknikoa.

m) Kalitate artistikoa.

n) Eskatzaileak bere burua finantzatzeko duen gaitasuna eta beste finantziazio-funtsak eskura izatea.

ñ) Proiektuaren edo programatutako jardueren segimendu eta ebaluazio sistemak.

o) Jendarteko iritzia sentsibilizatzen laguntzea.

p) Iruindarrek jardueretan parte-hartzeko eskuragarritasun-maila.

q) Boluntarioek parte-hartzea, proiektua edo jarduera garatzean.

r) Onuradunen bizi-maila hobetzen ahal duten prestakuntzako edo hezkuntzako alderdiak bultzatzea.

s) Onuradunen parte-hartze aktiboa, diru-laguntzaren xedea den jarduketan.

t) Antzinatasuna, Iruñeko Erroldan.

u) Eskabideak Erregistroan aurkezteko ordena kronologikoa.

5. artikulua. Diru-laguntzak emateko betekizunak.

1. Ondoko baldintzak bete behar dira, diru-laguntzak emateko:

a) Diru-laguntza ematen duen administrazio organoa eskuduna izatea.

b) Kreditu egokia eta nahikoa izatea, diru-laguntza emateak berekin dakartzan betebehar ekonomikoei aurre egiteko.

c) Diru-laguntza emateko prozedura izapidatzea.

d) Eduki ekonomikoa duten egintzen aldez aurretiko fiskalizazioa, aplikatzeko diren arauetan aurreikusitakoarekin bat.

e) Horretarako eskumena duen organoak gastua onestea.

2. Aurreko betekizunez gain, nahitaezko baldintza izanen da Iruñeko udalbarrutia izatea, oro har, proiektuaren xederen eta helburuaren kokalekua, hau da, proiektua han gauzatzea, jarduera han berean egina izan, edo hantxe berean egitekoa, edo, kasuan kasuko portaera, han hartua edo hantxe hartzekoa, edo, bestela, kokagunea han edukitzea diruz lagundu behar den egoerak.

Salbuespen gisara, diru-laguntzaren xede den inguruabarra Iruñeko Udalbarrutiaz gaindikoa bada, Udalaren interesen aldekoa izan beharko du, zuzenean edo zeharka izan ere, halako moduz non baldintza horrek aski justifikaturik gelditu beharko baitu espedientean, txosten arrazoitu baten bitartez, diru-laguntza eman baino lehen gelditu ere.

Baldintza honetatik salbuetsiak daude Aurrekontuan, Garapen-bidean dauden herriendako laguntza izeneko programan, aurreikusitako %0,7ri lotutako garapen-proiektuetarako diren diru-laguntzak.

3. Ezin izanen dira diru-laguntzen xede izan hiritarrei orori irekiak ez diren jarduerak, hala horiek prestatzean nola burutzean.

4. Ezin izanen dute, ezta ere, diru-laguntzarik jaso izaera politikoa edo erreibindikatiboa duten jarduerek, izaera hori jarduera gauzatu baino lehen edo behin gautzatzen hasita hartuta ere. Halaber, ez dute diru-laguntzarik jasoko halako erreibindikazioak egiteko erabili diren jarduerek, haiek gauzatzea toleratu besterik egin ez badute ere, ezta hiritarren askatasunaren kontrakoak edo Konstituzioa edo legeak betetzen ez dituztenak ere. Halako jarduerak behin diru-laguntza ematearen aldeko ebazpena eman eta gero gertatzen badira, itzulketa- eta zehapen-espedienteak irekiko dira, Ordenantza honetan ezarritakoarekin bat.

6. artikulua. Araubide juridikoa.

1. Iruñeko Udalak edo haren erakunde autonomoek eman eta, gaia dela medio, berariazko ordenantzarik ez duten diru-laguntzak ondokoek arautuko dituzte: Ordenantza honetan jasotako aginduak, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen V. tituluaren VI. kapitulua, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legea eta aplikagarriak diren administrazio-zuzenbideko gainerako arauak.

2. Europar Batasunaren funtsen kargura finantzatutako diru-laguntzek kasuan-kasuan aplikagarriak diren arau komunitarioei eta horien garapen edo transposizio diren arau nazionalei eginen diete men.

7. artikulua. Diru-laguntzak emateko organo eskudunak.

1. Iruñeko Udalaren esparruan Alkatetzak izanen du diru-laguntzak emateko eskumena, dauden eskuordetzak edo geroan eman daitezkeenak ezertan galarazi gabe. Halako kasuetan, eskuordetzetan ezarritako organoak izanen dira eskudunak, betiere emandako eskumena nolakoa den eta horren arabera.

2. Erakunde autonomoen esparruan, nork bere estatutuetan eskumen hori zein organori esleitu eta horiek izanen dira eskudunak.

8. artikulua. Onuradunak.

1. Diru-laguntzen onuraduntzat joko dira diru-laguntza ematea zertan oinarritu eta jarduera hori gauzatuko duten pertsona edo entitatea edo diru-laguntza ematea bidezkoa bikakatzen duen egoeran daudenak.

2. Onuraduna pertsona juridikoa denean, onuraduntzat joko dira, baita ere, onuradunaren bazkide izanik haren izenean eta kontura diru-laguntzaren xede diren jarduerak osorik edo zati batean egiteko konpromisoa hartzen dutenak.

3. Onuradun izan ahalko dira pertsona fisikoen edo juridikoen elkarteak _publikoak zein pribatuak_, ondasun erkidegoak eta bestelako unitate ekonomikoak edo ondare bereiziak, nortasun juridikorik ez izanik ere, baldin eta diru-laguntzaren xede diren proiektu, jarduera edo jokabideak gauzatu ahal badituzte edo diru-laguntza ematea zilegi egiten duen egoeran aurkitzen badira.

Nortasun juridikorik gabeko pertsona fisiko edo juridikoen elkarteen kasuan _horiek publikoak zein pribatuak izaki_ berariaz adierazi beharko da, hala eskaeran nola diru-laguntza emateko ebazpenean, elkarteko kide bakoitzak zer egiteko konpromisoa hartu duen eta zenbateko diru-laguntza aplikatuko den kide bakoitzeko. Kideok ere onuraduntzat joko dira. Nolanahi ere, elkartearen ordezkari edo ahaldun bakarra izendatu behar da eta aski ahalmen eman behar zaio elkarteak onuradun gisa dituen betebeharrak bete ditzan. Elkartea ezin izanen da desegin harik eta Ordenantza honen 47 eta 58. artikuluetan ezarritako preskripzio epea iragan arte.

9. artikulua. Entitate laguntzaileak.

1. Honakoak joko dira entitate laguntzailetzat: diru-laguntzari dagokion guztian organo emailearen izenean eta haren kontura dihardutelarik, onuradunei funts publikoak eman eta banatzen dizkietenak, edo, aurretiaz funtsak eman eta banatu gabe, diru-laguntzaren kudeaketan laguntzen dutenak. Funts horiek ez dira inoiz hartuko entitate laguntzailearen ondaretzat.

Halaber, Batasuneko araudiari jarraituz onuradun izendatutakoak entitate laguntzailetzat joko dira baldin eta aurreko lerrokadan aipatutako eginkizunak soil-soilik bete behar badituzte.

2. Ondokoak har daitezke entitate laguntzailetzat: Udalaren menpeko erakunde autonomoak, merkataritza-sozietateak _baldin eta horietan partaidetza osoa edo handiena Udalarena bada_, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen II. tituluaren III. kapituluaren bigarren atalak aipatzen dituen elkarteak eta ezartzen diren kaudimen eta eraginkortasun baldintzak betetzen dituzten gainerako pertsona juridikoak, publikoak izan nahiz pribatuak.

3. Iruñeko Udalak entitate laguntzailearen eginkizunak betetzen ahalko ditu, Estatuko Administrazio Orokorrak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, haren erakunde publikoek eta zuzenbide publikoari lotu behar zaizkion gainerako entitateek emandako diru-laguntzen kasuan. Halaber, eta baldintza beretan, Estatuko Administrazio Orokorrak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde publikoek entitate laguntzaileen eginkizunak betetzen ahalko dituzte, Iruñeko Udalak eta haren erakunde autonomoek emandako diru-laguntzei dagokienez.

10. artikukua. Onuradun edo entitate laguntzaile izateko betekizunak. Eskabideak aurkezteko modua eta epea.

1. Onuradun edo entitate laguntzaile izan daitezke diru-laguntza jaso ahal izateko moduko egoera duten pertsona edo entitateak, edo Ordenantza honetan eta deialdietan adierazitako egoera dutenak.

2. Ondotik aipatzen diren pertsona edo entitateak ezin dira onuradun edo entitate laguntzaile izan, betiere diru-laguntzaren izaera kontuan izanik, deialdian salbuespenen bat egiten ez bada:

a) Epai irmoan ezarritako kondenaren ondorioz diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko gaitasunaz gabeturik daudenak.

b) Konkurtsoaren deklarazioa eskatu dutenak, edozein prozeduratan kaudimengabe deklaratu dituztenak, konkurtsoan egotearen deklarazioa jaso dutenak, kontu-hartze judizialaren pean daudenak, eta Konkurtsoari buruzko Legearen arabera ezgaiturik daudenak, konkurtsoa kalifikatzeko epaian ezarritako ezgaitasun aldia amaitu ez bazaie.

c) Administrazioarekin egindako edozein kontratu behin betiko suntsitzeko bide eman dutenak, suntsipenaren kausaren errudun deklaratu badituzte.

d) Pertsona fisikoak, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkariak, kasuan-kasuan aplikagarria den berariazko legeetan ezarritako kontratatzeko bateraezintasunak ukituak badira, edo Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoak arautzen dituen hautapenezko karguak badituzte, lege horrek ezarritakoarekin bat.

e) Indarreko xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak bete gabe dituztenak, diru-laguntza emateko ebazpen-proposamena luzatzen den unean.

f) Egoitza fiskala erregelamendu bidez paradisu fiskaltzat jotako herrialde edo lurralde batean dutenak.

g) Udal honek edo haren erakunde autonomoek emandako diru-laguntzen itzulerak eragindako betebeharren ordainketa bete gabe dutenak.

h) Ebazpen irmoan ezarritako zehapena dela bide, diru-laguntzak lortzeko gaitasunaz gabeturik daudenak, betiere diru-laguntza eta laguntza publikoen inguruko arau-hausteen gaineko batzordeak abiarazitako administrazio-prozeduraren ondorioz eta zergen inguruko arau-hausteak egiteagatik.

i) Ordenantza honetako 8. artikuluaren 3. atalaren bigarren lerroaldean aurreikusitako elkarteak ezin izanen dira onuradunak izan, baldin eta haietako edozein elkartekide aurreko debekuren bati loturik badago.

3. Elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. idatz-zatietan ezarritako debekuak dituzten elkarteak ezin dira inola ere izan Ordenantza honetan araututako dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile.

Halaber, elkarteak ezin izanen dira onuradun edo entitate laguntzaile izan, erregistroan inskribatzeko administrazio prozedura etenik badute, lege-hauste penala egin izanaren arrazoizko zantzuak agertu eta 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatu zaielako.

4. Halaber, ezin izanen zaie diru-laguntzarik eman Iruñeko Udalarekin dauzkaten zorrak direla-eta premiamendu bidez kobratzeko prozeduran sarturik dauden entitate edo partikularrei, ezta toki erakunde horrekin zerga-betebeharrak egunean ez dituztenei ere, harik eta zor horiek ordaindu eta likidatu arte edo zerga-betebeharrak bete arte. Inguruabar horiek Udalak bere kabuz egiaztatuko ditu.

Aurrekoa gorabehera, salbuespen gisara, diru-laguntzaren izaera nolakoa den, Iruñeko Udalak bere kabuz kitatzen ahalko ditu diru-laguntzen onuradunekin kobratzeke dituen zorrak, diru-laguntzen bidez horiek osorik edo parte batean berdinduta; edo, baita ere, baldintza hori bete gabe uzten ahalko du, gizarte larrialdietako egoera berezietan. Salbuespen hori aplikatu ahal izateko, aukera horrek Ordenantza honetako 28. artikuluan aipatutako kasuan kasuko deialdian, hitzarmenean edo ebazpenean jasota egon beharko du, eta espedientean justifikatuta egon, txosten tekniko bidez, neurri horren salbuespen egoera egiaztatzen duten arrazoia edo arrazoiak.

5. Pertsona edo entitateek, onuradun edo entitate laguntzaile izateko artikulu honetako 2 eta 3. idatz-zatietan ezarri diren debekuetako bat bera ere ez dutela frogatzeko ondoko bideren bat erabiltzen ahalko dute:

a) Auzibidezko lekukotasuna, ziurtagiri telematiko edo datu-transmisio bidez, Estatuko Administrazio Orokorrak edo erkidego autonomoek teknika elektroniko, informatiko eta telematikoen gainean egiten duten erabilera arautzen duten erregelamenduzko arauekin bat, edo kasuen arabera, administrazio-ziurtapen bidez.

b) edo, bestela, erantzukizunpeko aitorpena aurkeztu ahalko dute, eskatzaileak egiletsia. Gainera, deialdian bestelako frogabideak ezarri ahalko dira. Betiere administrazioak ahalmena izanen du aurkeztutako aitorpen edo justifikazioak egiazkoak ote diren ikertzeko.

Ez da beharrezkoa izanen Udalaren agiritegietan jasota dauden alderdiak agiri bidez egiaztatzea; halako kasuetan, entitatearen legezko ordezkariak erantzukizunpeko aitorpena aurkeztu beharko du, Udalaren agiritegietan dauden agiriak indarrean daudela eta ez direla aldatu ziurtatzeko.

6. Interesdunen eskaerak interesdunak sinatutako eskabide baten bitartez egin behar dira, betiere kasuan kasuko deialdiak ezarritako eredu arautuarekin bat.

7. Hona eskaerak aurkezteko epea:

a) Norgehiagoka bidezko diru-laguntzen kasuan, oro har, eskaera aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdia argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatuta, ezertan galarazi gabe diru-laguntzaren izaera berezia dela-eta edo inguruabar berezirik suertatzen bada, deialdiak bestelako epea ezartzen ahal duela.

b) Norgehiagokarik gabeko diru-laguntzen kasuan, eskaerak aurkezteko epea deialdia noiz argitaratu eta hurrengo egun baliodunean hasiko da, eta deialdiaren indarraldi osoa hartuko du.

11. artikulua. Onuradunen betebeharrak.

1. Honako hauek dira onuradunaren betebeharrak:

a) Diru-laguntzaren xede den helburua, proiektua edo jarduera gauzatzea edo diru-laguntzaren oinarria den jokabidea hartzea.

b) Diru-laguntza ematen duen organoari edo entitate laguntzaileari frogatzea betekizunak eta baldintzak bete dituela eta diru-laguntza emateko arrazoi izan den jarduera egin duela edo helburua bete duela.

c) Organo emaileak edo entitate laguntzaileak egin beharreko egiaztapenak onartzea, eta kontrol organo eskudunek egin beharreko egiaztapenak eta finantza-kontrolak ere bai, betiere Udalaren agiritegietan jaso ez eta halako jarduketak egiteko eskatzen dizkioten informazio guztiak emanik.

d) Helburu berbera duten beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk lortuz gero, horren berri ematea organo emaileari edo entitate laguntzaileari. Bestelako laguntza horiek lortu direla jakin bezain laster egin behar da jakinarazpen hori, eta betiere, hartutako funtsei emandako aplikazioa frogatu baino lehen.

e) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beterik dituztela egiaztatzea, diru-laguntza emateko ebazpen proposamena eman baino lehen. Iruñeko Udalak bere kabuz egiaztatuko du Udalarekiko betebeharrak beterik dituela.

f) Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak erabili ahal izan daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak edukitzea, behar bezala ikuskaturik, onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritzako legeetan eta lege sektorialetan agindutako moduan, eta halaber, deialdietan eta ebazpenetan berariaz eska daitezkeen kontabilitate orriak eta erregistroak edukitzea.

g) Jasotako funtsen aplikazioaren egiaztagiriak, agiri elektronikoak barne direla, gordetzea, egiaztapen eta kontroletan erabili ahal izan daitezen.

h) Behar bezalako publizitatea egitea, dirua jaso behar duten programak, jarduerak, inbertsioak edo jarduketak Iruñeko Udalak finantzatu dituztela jakitera emate aldera, betiere betekizun hori kasuan kasuko deialdiak, hitzarmenak edo ebazpenak exijitzen badu.

i) Jasotako funtsak itzultzea, Ordenantza honek horretarako zein kasu adierazi eta halakoetan.

12. artikulua. Entitate laguntzaileen betebeharrak.

1. Entitate laguntzaileek betebehar hauek dituzte:

a) Funtsak onuradunei ematea, kasuan kasuko deialdian eta entitate emailearekin sinatutako hitzarmenean ezarritako irizpideei jarraituz.

b) Diru-laguntza emateko aintzat hartu diren baldintzak eta betekizunak betetzen direla egiaztatzea. Halaber, diru-laguntzaren xede den jarduera egin dela eta helburua bete dela egiaztatzea.

c) Hartutako funtsak banatu dituela egiaztatzea diru-laguntza ematen duen organoari, eta onuradunek aurkeztutako justifikazioa entregatzea, bidezko denean.

d) Organo emaileak funtsen kudeaketari buruz egin beharreko egiaztapenak onartzea, eta kontrol organo eskudunek egin beharreko egiaztapenak eta finantza-kontrolak ere bai, eta Udalaren agiritegietan jasota ez egoteagatik halako jarduketak egiteko eskatzen dizkioten informazio guztiak ematea.

13. artikulua. Lankidetza-hitzarmena.

1. Diru-laguntza ematen duen administrazio organoaren eta entitate laguntzailearen arteko lankidetza-hitzarmena eginen da, eta bertan arautuko dira entitate laguntzaileak bete beharreko baldintzak eta betebeharrak.

2. Lankidetza-hitzarmenean ondokoak jaso behar dira, gutxienez:

a) Lankidetzaren xedea eta entitate laguntzailearen identifikazioa.

b) Entitate laguntzaileak kudeatuko dituen diru-laguntzei buruzko araudi bereziaren identifikazioa.

c) Lankidetza-hitzarmenaren indarraldia.

d) Organo emailearentzat jarri behar diren bermeak, eta berme horiek eratzeko bideak eta kitatzeko prozedurak.

e) Diru-laguntzak kudeatzeko faseetan entitate laguntzaileak bete eta betearazi behar dituen betekizunak.

f) Funts publikoak banatzeko lankidetza izanez gero, entitate laguntzaileari funtsak zein epetan emanen zaizkion, eta onuradunei banatu arte funts horiek gordailuan edukitzeko bete behar dituen baldintzak.

g) Funts publikoak banatzeko lankidetza izanez gero, organo emaileak emandako diru-laguntzak onuradunei emateko baldintzak.

h) Onuradunek nola justifikatu behar duten diru-laguntzak jasotzeko betekizunak betetzen dituztela, eta justifikazio hori nola egiaztatu behar den.

i) Zein epetan eta nola aurkeztu behar diren onuradunek emandako justifikazioak eta, funts publikoak banatzeko lankidetza izanez gero, entitate laguntzaileak funtsak onuradunei eman izanaren frogagiriak.

j) Entitate laguntzaileak eraman behar dituen liburuak eta kontabilitate erregistroak zehaztea, diru-laguntza behar bezala justifikatzeko eta ezarritako baldintzen betetzea egiaztatzeko.

k) Funtsak itzuli egin beharko direla, diru-laguntza emateko ezarritako betekizunak eta betebeharrak betetzen ez badira edo Ordenantza honetan arautzen diren balizkoak gertatzen badira.

l) Entitate laguntzaileak onartu egin beharko dituela aurreko artikuluaren 1. atalaren 12. artikuluko d) letran aurreikusitako egiaztapen eta kontrol jarduketak.

m) Entitate laguntzaileari emanen zaion diru-konpentsazioa, halakorik denean.

3. Lankidetza-hitzarmenaren testuak dagokion oniritzi juridikoa jaso beharko du, eta horri Udalaren zerbitzu juridikoen txosten juridikoa gehituko zaio, edo, halakorik balitz, erakunde autonomoena, indarreko legeekin bat datorrela adierazteko.

4. Iruñeko Udala entitate laguntzaile gisara aritzen denean, Estatuko Administrazio Orokorrak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo horiekin lotura izan edo horien pean diren erakunde publikoek dagozkien hitzarmenak sinatu beharko dituzte Iruñeko Udalarekin, non funtsak banatu eta emateko betekizunak eta justifikazio irizpideak zein kontuak ematekoak zehaztuko baitira.

Modu berean eta baldintza berberetan jokatuko da Estatuko Administrazio Orokorra, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta haien erakunde publikoak entitate laguntzaile gisara aritzen direnean, Iruñeko Udalak eta haren erakunde autonomoek emandako diru-laguntzez bezainbatean.

5. Entitate laguntzaileak zuzenbide pribatuaren menpeko pertsonak izanez gero, aurretiaz aukeratuko dira, publizitatearen, lehiaren, berdintasunaren eta bereizkeriarik ezaren printzipioei lotutako prozeduraren bitartez, eta hitzarmen bidez formalizatuko da lankidetza, salbu eta, lankidetzaren xedea dela eta, Nafarroako administrazio publikoen kontratuei buruzko legeria guztiz aplikatzekoa den kasuetan.

6. Hautapen-prozeduran eta Hitzarmenean berariaz adierazi beharko da erakundeak funts publikoak banatuko dizkienez onuradunei.

7. Kontratuan nahitaez jaso behar da artikulu honetako 3. idatz-zatian azaldutako gutxieneko edukia, bai eta administrazio kontratuei buruzko araudian eskatutakoa ere, eta berariaz adierazi behar da kontratistak onartu egiten dituela Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean entitate laguntzaileei ezarritako gainerako betebeharrak.

II. TITULUA

Diru-laguntzak emateko prozedurak

I. KAPITULUA

Prozedura ezberdinen sailkapena

14. artikulua. Emateko prozedurak: Norgehiagoka bidez, banakako ebaluazioaren araubidea eta zuzenean emateko prozedura.

1. Diru-laguntzak emateko prozedura arrunta norgehiagokaren araubideari jarraituz tramitatuko da. Honakoa joko da norgehiagokatzat: diru-laguntzak emateko aurkezten diren eskaerak alderatzea, lehentasunaren arabera ordenatzeko, deialdi bakoitzean ezarri diren balorazio irizpideei jarraituz, eta irizpide horien arabera balorazio onena lortu duten eskaerei diru-laguntza esleitzea, deialdian ezarritako muga eta kreditu erabilgarriarena gainditu gabe.

Eskaerak ebaluatzeko Balorazio Batzorde bat eratuko da, ondoko kideek osatua:

_Batzordeburua.

_3 batzordekide.

_Idazkari bat, hitza eta botoa izanen dituena.

Dagokion deialdian aipatuko da zehatz-mehatz zeinek hartu behar duten parte Balorazio Batzorde bakoitzean.

Batzordearen jarduna Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak II. tituluaren II. kapituluan kide anitzeko organoendako ezarri duen erregimenari lotuko zaio, halako moduz non txosten-proposamen arrazoitu bat emanen baitu, egindako ebaluazioaren emaitza zehazteko.

Salbuespenez, deialdiaren xedea zein den eta horrekin bat, eta deialdian hala aurreikusiz gero, organo eskudunak diru-laguntzetarako jarritako gehieneko zenbateko osoa diru-laguntzaren onuradunen artean hainbanatu ahalko du.

2. Aurreko atalean xedatutakoa gorabehera, diru-laguntzaren izaera kontuan harturik "lehia" izan bai, baina horrek ez badu "norgehiagokaduna" izateko ezaugarririk, hau da, "norgehiagokarik gabeko lehia" bada, "banakako ebaluazioaren araubidea" aplikatuko da.

Banakako ebaluazioaren araubidetzat, berriz, norgehiagokarik gabeko prozedura ulertuko da, non eskaerak jaso ahala espedienteak izapidatu eta ebatziko baitira, eta diru-laguntzak emanen dira horretarako aurrekontu-krediturik dagoen bitartean.

Banakako ebaluazioaren araubideari ordenantza honetan jasotako norgehiagokaren prozeduraren arau orokorrak zaizkio aplikagarri, salbu, diru-laguntza mota hauen izaera berezia dela-eta, "lehiakortasun" ezaugarri berariazkoari dagozkion alderdietan edo exijentzietan arau orokor horiek aplikagarri ez badira.

Erregimen berezi horretan ez da nahitaez kide anitzeko balorazio batzorderik osatu beharrik; izan ere, organo izapidegileari egokituko zaio bere kabuz egitea eskaeren gaineko ebaluazioa, betiere deialdian, hitzarmenean, ebazpenean edo berariazko ordenantzan ezarritako irizpideekin, formekin eta lehentasunekin bat.

3. Diru-laguntza hauek zuzenean eman ahalko dira:

a) Iruñeko Udalaren Aurrekontu Orokorrean berariaz izendatutakoak.

b) Lege mailako arauren batek aginduta edo zenbatekoa zehaztuta Udalak ematen dituenak. Kasuan kasuko prozedura aplikagarria erabiliko da diru-laguntza horiek emateko, bakoitzaren araudiari jarraituz.

c) c) Salbuespen gisara, interes publikoko zioak edo gizarte, ekonomia, hezkuntza, kultura, zientzia zein gizatasun arlokoak, edo behar bezala justifikatutako beste hainbat egiaztatzen dituzten diru-laguntzak, baldin eta, hartzaileak direla-eta, norgehiagoka publikoa baztertu behar bada, diru-laguntzaren xedea egiteko gaitasuna onuradun bakarrak edo onuradun talde bakarrak edukitzeagatik.

4. Hala norgehiagokaren araubidearen nola zuzenean emateko prozeduraren bidez emandako diru-laguntzek ezin izanen dute gainditu dagokion deialdian, hitzarmenean edo ebazpenean ezarritako zenbatekoa.

II. KAPITULUA

Diru-laguntzak norgehiagoka bidez emateko prozedura

15. artikulua. Abiapuntua: deialdia.

1. Diru-laguntzak emateko prozedura Udalaren kabuz hasiko da beti.

2. Administrazioak Ordenantza honetan ezarritako organo eskudunak onetsitako deialdi batekin ekinen dio prozedurari.

3. Udalaren alor edo erakunde autonomo kudeatzaileak, gaia zein den organo eskudunari aurkeztuko dio deialdiaren proposamena, behin Aurrekontuan eskuragarri dauden kredituetatik beharrezko kreditua atxiki, eta Udalaren Kontu-hartzailetzat txostena egin eta gero, hark onar dezan. Deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean emanen da argitara.

4. Deialdiak gutxienez ondoko edukiak jasoko ditu:

a) Adierazi beharra dago Iruñeko Udalaren Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorra behin betiko onetsi duen Udalbatzaren erabakia, bai eta hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALaren zein zenbakitan eta zein datatan eman den argitara ere, salbu oinarri erregulatzaileak berariazkoak izateagatik deialdian bertan argitaratzen badira.

b) Diru-laguntzak zein aurrekontu-kredituri egozten zaizkion eta, eskuragarri diren kredituen zenbatekoa kontuan harturik, diru-laguntzek guztira zenbat jotzen duten.

c) Diru-laguntza ematearen xedea, baldintzak eta helburua.

d) Diru-laguntzak norgehiagoka bidez emanen direla aipatu behar da.

e) Diru-laguntzak eskatzeko bete behar diren baldintzak eta horiek egiaztatzeko bideak.

f) Prozedura ebatziko duen organo eskuduna, eta, Erakunde Autonomoen kasuan, organo izapidegilea.

g) Balorazio batzordean parte hartu behar duten pertsonen izendapena.

h) Eskabideak noiz eta non aurkeztu.

i) Ebazteko eta jakinarazteko epeak.

j) Eskabidearekin batera zer agiri eta argibide aurkeztu behar diren.

k) Adierazi beharra dago ebazpenak administrazio-bidea amaitzen duela.

l) Eskabideak baloratzeko irizpide objektiboak.

m) Halakorik denean, eta diru-laguntzaren xedea zein den, adierazi beharra dago gehienezko zenbateko osoa diru-laguntzen onuradunen artean hainbanatuko den.

n) Deialdia jakinarazteko edo argitaratzeko bidea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1.992 Legearen 59. artikuluak aurreikusitakoarekin bat.

ñ) Berariazko edo presuntziozko ezespenaren kontra paratu daitezkeen errekurtsoa edo errekurtsoak.

Gehigarri gisara, deialdiak ondoko alderdiak jasotzen ahalko ditu:

a) Azpikontratazioa egiteko aukera, betiere Ordenantza honetan ezarritako mugekin bat.

b) Onuradunak proiektuaren ehuneko zenbat finantzatu behar duen, dela bere funtsa propioekin dela beste diru-laguntzen bitartez.

c) Ordaintzeko moduak, behar izatera konturako ordainketak eta aldez aurretiko ordainketak egiteko aukera finkatu eta justifikatuta.

d) Diru-laguntzen bateragarritasuna eta bateraezintasuna.

e) Justifikazio-erak, dagozkion agiriak aurkezteko epea eta ebaluazio-memorian adierazi beharreko alderdiak.

f) Aurreikusi ez diren inguruabarrak direla medio proiektuan aldaketak egiteko aukera.

g) Beharrezko balitz, eta diru-laguntzaren izaera nolakoa den, adierazi beharra dago Iruñeko Udalak bere kabuz kitatzen ahalko dituela diru-laguntzen onuradunekin kobratzeke dituen zorrak, diru-laguntzen bidez horiek berdinduta.

h) Halakorik behar izanez gero, onuradunek edo entitate laguntzaileek eratu behar dituzten berme-neurriak zein horiek eratzeko, gordailatzeko eta baliogabetzeko bitartekoak.

i) Honelakorik izatera, dirua jaso duen jardueraren gaineko agirietan eta propaganda idatzi edo grafiko orotan Iruñeko Udalaren diru-laguntza jaso duela adieraztea.

5. Kasuan kasuko deialdian testuak dagokion oniritzi juridikoa jaso beharko du, eta hori Udalaren zerbitzu juridikoen txosten juridikoa gehituko zaio, edo, halakorik balitz, erakunde autonomoena, indarreko legeekin bat datorrela adierazita.

6. Interesdunen eskabidearekin batera, dagokion deialdian zehaztutako agiriak eta argibideak aurkeztuko dira, salbu galdatutako agiriak Administrazioaren edo bere erakunde autonomoen eskuetan badaude; horrelakoetan, haien ordez erantzukizunpeko aitorpena aurkezten ahalko da, eta bertan adieraziko, noiz eta zein organotan edo bulegotan aurkeztu ziren edo, halakorik balitz, zeinek eman zituen edo zeinetan dauden jasota.

Edozein kasutan ezin izanen dira bost urte baino gehiago igaro, dagokien prozedura amaitu denetik.

Aurrekoan xedatutakoa alde batera utzita, Administrazio honek edo haren erakunde autonomoek ezin badute agiriren bat eskuratu, eskatzaileari hori aurkezteko eskatzen ahalko diote, edo, bestela, agiria zein betekizuni dagokien eta horiek beste bide batzuk erabiliz egiaztatzeko, betiere ebazpen-proposamena egin baino lehen.

7. Diru-laguntzei buruzko deialdiak, aukeran, hainbat agiriren ordez eskatzailearen erantzukizunpeko aitorpena aurkeztea onartzen ahalko du. Halako kasuetan, diru-laguntza emateko ebazpen-proposamena egin baino lehen, aitorpenean jasotako datuen egiazkotasuna ziurtatzen duten agiriak aurkezteko galdatu beharko da, 15 egun baino gehiago joko ez duen epean aurkeztu ere.

8._Eskaerak ez baditu betetzen deialdian ezarritako betekizunak, interesdunari eskatuko zaio gehienez ere 10 eguneko epe luzaezinean zuzen dezala, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela, betiere aldez aurretik ebazpena emango delarik, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71. artikuluak aurreikusitakoarekin bat.

16. artikulua. Instrukzioa.

1. Diru-laguntzak emateko prozeduraren instrukzioa ondokoek eginen dute:

a) Iruñeko Udalaren esparruan, diru-laguntza zein alorrek kudeatu eta horko Idazkaritza Teknikoaren titularra.

b) Erakunde autonomoen esparruan, deialdian zehaztutako organoa.

2. Instrukzio organoak bere kabuz egingo ditu ebazpen-proposamena emateko behar diren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko beharrezko jotzen dituen jarduketak oro.

3. Instrukzio jarduketek ondokoak hartuko dituzte barne, derrigorrean hartu ere:

a) Ebazpena emateko beharrezko jotzen diren behar adina txosten eskatzea. Txostena emateko epea 10 egunekoa izanen da, instrukzio organoak txostena epe luzeagoan edo laburragoan emateko eskatzen badu izan ezik, betiere eskatutako txostenaren edo prozeduraren beraren ezaugarriak kontuan harturik, eta epeak bi hilabetetik gora joko ez duelarik.

b) Eskaeren gaineko ebaluazioa, betiere deialdian ezarritako balorazio irizpideak, erak eta lehentasunak aintzat harturik.

4. Instrukzio organoak aurre-ebaluazio bat eginen du, eta hori abiapuntu hartuta, txosten bat, non eskura daukan informazioaren arabera onuradunek halakoak izateko bete behar dituzten betekizun guztiak betetzen dituztela egiaztatuko baita.

5. Behin aurre-ebaluazioaren fasea amaituta, espedientea Balorazio Batzordera igorriko dute, eskaerak bertan ebalua ditzaten. Balorazio Batzordeak txosten arrazoitua eman beharko du, egindako ebaluazioaren emaitza zehaztuta.

6. Instrukzio organoak, espedientea eta Balorazio Batzordearen txostena kontuan harturik, ebazpen proposamena emanen du, behar bezala arrazoitua, eta ebazteko eskumena duen organoari helaraziko dio.

7. Proposamen-ebazpenak ez du inolako eskubiderik sortzen proposatutako onuradunaren alde, Iruñeko Udalaren edo haren erakunde autonomoen aurrean, aipatu onuradunari diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazi bitarte.

17. artikulua. Ebazpena.

1. Behin ebazpen proposamena eta espedientearen gainerako agiriak jasota, organo eskudunak prozedura ebatziko du, betiere Udalaren Kontu-hartzailetzak hori fiskalizatu eta gero.

2. Ebazpena Ordenantza honetan eta hura arautzen duen deialdian ezarritakoarekin bat arrazoituko da, halako eran non, nolanahi ere, emandako ebazpenaren oinarriak egiaztatu behar baitira, prozeduran berean.

3. Ebazpenak ondokoak adierazi beharko ditu, berariaz adierazi ere: Diru-laguntza jaso duten eskatzaileen zerrenda, laguntzaren zenbatekoa eta, eskaera ezetsirik izanez gero, horien eskatzaileak.

4. Ebatzi eta jakinarazteko epea, gehienez ere, ez da sei hilabetetik gorakoa izanen. Epea kasuan kasuko deialdia argitaratu eta hortik aitzina zenbatuko da, salbu deialdiak berak ondorioak ondoko data baterako geroratzen baditu. Behin prozedura ebazteko gehieneko epea berariazko ebazpenik eman gabe igaro eta gero, eskaera ezetsitzat joko da.

5. Ebazpena Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 58. artikuluak ezarritakoarekin bat jakinaraziko zaie eskatzaileei, eta amaiera emanen dio administrazio-bideari. Horrez gain, ondokoak jaso behar dira ebazpenetan: zer errekurtso-mota aurkez daitezkeen, ebazpenaren aurka, zein administrazio-organori edo organo judiziali aurkeztu behar zaizkion, eta zer epetan, interesdunek egoki iritzitako beste edozein errekurtso aurkeztea ezertan galarazi gabe.

18. artikulua. Publizitatea.

1. Diru-laguntzak emateko ebazpena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean emanen da argitara, eta ondoko datuak zehaztuko ditu: deialdia, diru-laguntza egozten zaion aurrekontu-programa eta kreditua, onuraduna, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren xedea edo xedeak. Aurrekoa gorabehera, ondoko kasuetan ebazpena ez da argitara eman beharko:

a) Emandako diru-laguntzak, banaka hartuta, 3.000 euro baino gutxiago direnean. Halako kasuetan, Udaletxeko Iragarki-taulan argitaratuko dira.

b) Kasuko diru-laguntzaren xedea dela-eta onuradunaren datuen argitaratzea ohorearen errespetuaren eta babesaren aurkakoa edo pertsona fisikoen intimitate pertsonal eta familiarraren zein norberaren eskubidearen aurkakoa denean, Ohorea, intimitate pertsonala eta familiarra eta norberaren irudia izateko eskubidearen babes zibilari buruzko maiatzaren 5eko 1/1982 Lege Organikoan ezarritakoaren arabera.

2. Iruñeko Udalak emandako edozein diru-sarrerak berekin ekarriko du dirua jaso duen jardueraren gaineko agirietan eta propaganda idatzi edo grafiko orotan Iruñeko Udalaren diru-laguntza jaso duela adieraztea, bai eta Iruñeko Udalaren logotipoa agertzea ere.

III. KAPITULUA

Iruñeko udalaren aurrekontu orokorrean berariaz izendatuta aurreikusitako diru-laguntzak zuzenean emateko araubidea eta prozedura

19. artikulua. Araubidea.

1. Udalaren Aurrekontu Orokorrean berariaz izendatutako diru-laguntzak horiek emateko ebazpenek zein haiek bideratzeko sinatuko diren hitzarmenek arautuko dituzte. Hitzarmen horietan ezarriko dira aplikatzen ahal zaizkien baldintzak eta berariazko konpromisoak, betiere Ordenantza honetan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako xedapenekin bat, lehia eta publizitate printzipioei dagokienez izan ezik.

2. Kasuan kasuko hitzarmenean, ondokoak zehaztu beharko dira, gutxienez:

a) Hitzarmena sinatzen duten aldeak, bertan adierazita onuradunaren identifikazio datuak.

b) Xedearen deskribapena.

c) Aurreikusitako jarduketak eta hitzarmena sinatu duten aldeen konpromisoak.

d) Diru-laguntza zein aurrekontu-kredituri egozten zaion.

e) Diru-laguntzaren zenbatekoa eta onuradunak proiektuaren ehuneko zenbat finantzatu behar duen, dela bere funtsa propioekin dela beste diru-laguntzen bitartez.

f) Justifikatzeko erak, dagozkion agiriak aurkezteko epea eta ebaluazio-memorian adierazi beharreko alderdiak.

g) Onuradunak aurkeztu beharreko dokumentazioa, halakorik behar balitz.

h) Indarraldia, betekizunak eta baldintzak.

i) Diru-laguntzen bateragarritasuna eta bateraezintasuna.

j) Segimendu-mekanismoak, hitzarmena betetzen denez egiaztatze aldera.

k) Araubide juridikoa.

l) Hitzarmenaren administrazio-izaera eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari men egiteko beharra, hitzarmenaren edukiak eta aplikazioa direla eta sor daitezkeen auzietan.

3. Gehigarri gisara, Hitzarmenak ondoko alderdiak jasotzen ahalko ditu:

a) Azpikontratazioa egiteko aukera, betiere Ordenantza honetan ezarritako mugekin bat.

b) Konturako ordainketak eta aldez aurretiko ordainketak egiteko aukeraren finkapena eta justifikazioa.

c) Halakorik balitz, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak ezarritako arau orokorretan salbuespenak diren espezifikazioak.

d) Beharrezko balitz, eta diru-laguntzaren izaera nolakoa den, adierazi beharra dago Iruñeko Udalak bere kabuz kitatzen ahalko dituela diru-laguntzen onuradunekin kobratzeke dituen zorrak, diru-laguntzen bidez horiek berdinduta.

e) Halakorik behar izanez gero, onuradunek eratu behar dituzten berme-neurriak zein horiek eratzeko, gordailatzeko eta baliogabetzeko bitartekoak.

f) Hala izatera, dirua jaso duen jardueraren gaineko agirietan eta propaganda idatzi edo grafikoan Iruñeko Udalaren diru-laguntza jaso duelako baldintza agertzea.

20. artikulua. Abiapuntua.

Diru-laguntzak emateko prozedurari Udalaren alor edo erakunde autonomo kudeatzaileen proposamenak emanen dio hasiera, betiere nahitaezkoa izaki Udalaren Aurrekontu Orokorrean berariazko esleipena egotea, diru-laguntza jaso behar duen pertsona publikoaren edo pribatuaren alde.

Udalaren Aurrekontu Orokorrean diru-laguntza izendunaren onuraduna, zenbatekoa eta kontzeptua (xedea) zehaztu behar dira, eta organo kudeatzaileak behar bezala justifikatu behar du lehia printzipioa ezin dela aplikatu.

Aurrekontu-saila Udalaren Aurrekontuan agertzeak ez du sortzen inolako eskubiderik onuradunaren alde, harik eta diru-laguntza emateko ebazpena hartzen ez den bitartean, behin organo eskudunak horretarako prozedura ezarri eta gero.

Halaber, aurrekontu-ekitaldi batean diru-laguntzaren bat esleitu izanak ez du hurrengo urtealdietarako inolako eskubide-itxaropenik sortzen.

21. artikulua. Instrukzioa.

1. Diru-laguntzak emateko prozeduraren instrukzioa ondokoek eginen dute:

a) Iruñeko Udalaren esparruan, diru-laguntza zein alorrek kudeatu eta horko Idazkaritza Teknikoaren titularra.

b) Erakunde autonomoen esparruan, ebazteko eskumena daukanak izendatutako organoa.

Instrukzio jarduketek ondokoak hartuko dituzte barne, derrigorrean hartu ere:

a) Diru-laguntzak arautzen dituen hitzarmenaren testua, zeinak oniritzi juridikoa eta Udalaren edo, bestela, erakunde autonomoen zerbitzu juridikoen txosten juridikoa jaso beharko baititu, indarreko legeekin bat datorrela adierazita.

b) Kontu-hartzailetzaren txostena.

c) Instrukzio organoaren txostena, non eskura dituen datuen arabera onuradunak diru-laguntza jasotzeko eskakizun guztiak betetzen dituela agertuko baita.

2. Behin instrukzioa eginda, diru-laguntza emateko proposamena aurkeztuko zaio Ordenantza honetan ezarritako organo eskudunari, horrek onar dezan.

22. artikulua. Ebazpena.

1. Behin ebazpen-proposamena eta espedientearen gainerako agiriak igorrita, organo eskudunak diru-laguntzak emateko prozedura ebatziko du.

2. Ebazpena Ordenantza honetan eta indarreko araudian ezarritakoarekin bat arrazoituko da, eta onuradunari jakinaraziko zaio, betiere Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 58. artikuluak ezarritakoarekin bat.

23. artikulua. Diru-laguntzaren onarpena.

Diru-laguntzaren onarpena aldeek hitzarmena sinatzean gauzatuko da.

IV. KAPITULUA

Gainerako diru-laguntzak zuzenean eta salbuespen gisara emateko araubidea eta prozedura

24. artikulua. Araubidea.

Salbuespen gisara, diru-laguntzak zuzenean eman ahalko dira, hala interes publikoko zioak nola gizarte, ekonomia, hezkuntza, kultura, zientzia zein gizatasun arloetakoak, edo behar bezala justifikatutako beste hainbat, egiaztatzen diren kasuetan, baldin eta, hartzaileak direla-eta, lehia publikoa baztertu behar bada, diru-laguntzaren xedea egiteko gaitasuna onuradun bakar batek edo onuradun multzo bakarrak duelako.

Kasu honetan, diru-laguntzaren erabilgarritasuna, gizarte-interesa eta helburu publikoa arrazoitu ez ezik, espedientean eta txosten arrozoitu baten bitartez, justifikatu beharko da ezinezko izan dela publizitate eta lehia printzipioak aplikatzea.

25. artikulua. Abiapuntua, instrukzioa eta tresnak.

1. Organo kudeatzaileak emanen dio hasiera espedienteari, non aurreko kapituluan deskribatutako inguruabarrak badirela egiaztatzen duen justifikazio-txosten arrazoitua derrigorrean erantsiko baita.

2. Diru-laguntzak emateko prozeduraren instrukzioa ondokoek eginen dute:

a) Iruñeko Udalaren esparruan, diru-laguntza zein alorrek kudeatu eta horko Idazkaritza Teknikoaren titularra.

b) Erakunde autonomoen esparruan, ebazteko eskumena daukanak izendatutako organoa.

3. Instrukzio jarduketek ondokoak hartuko dituzte barne, derrigorrean hartu ere:

a) Diru-laguntzak arautzen dituen hitzarmenaren testua, zeinak oniritzi juridikoa eta Udalaren edo, bestela, erakunde autonomoen zerbitzu juridikoen txosten juridikoa jaso beharko baititu, indarreko legeekin bat datorrela adierazita.

b) Udalaren Kontu-hartzailetzaren fiskalizazioa.

c) Instrukzio organoaren txostena, non eskura dituen datuen arabera onuradunak diru-laguntza jasotzeko eskakizun guztiak betetzen dituela agertuko baita.

4. Behin instrukzioa eginda, diru-laguntza emateko proposamena aurkeztuko zaio Ordenantza honetan ezarritako organo eskudunari, horrek onar dezan.

5. Aurreko artikuluan ezarritakoaren arabera emango diren diru-laguntzak hitzarmenen bidez gauzatuko dira, oro har, eta bertan berariazko baldintzak zein hizbaketak ezarriko dira.

26. artikulua. Hitzarmenaren edukia.

1. Hitzarmenean ondokoak zehaztu beharko dira:

a) Hitzarmena sinatzen duten aldeak, bertan adierazita onuradunaren edo onuradunen identifikazio datuak.

b) Diru-laguntzen xedea, betiere adierazita hala diru-laguntzen izaera berezia nola haien interes publikoa zein gizarte, ekonomia, hezkuntza, kultura, zientzia eta gizatasun arloetakoa, edo behar bezala justifikatutako beste edozein, justifikatzen dituzten arrazoiak, horiek hartzaileak direla-eta lehia publikoa izateko aukera ezabatzen baitute, diru-laguntzaren xedea egiteko gaitasuna onuradun bakar batek edo onuradun multzo bakarrak dutelako.

c) Aurreikusitako jarduketak eta hitzarmena sinatu duten aldeen konpromisoa.

d) Diru-laguntza zein aurrekontu-kredituri egozten zaion.

e) Diru-laguntzaren zenbatekoa eta onuradunak edo onuradunen multzoak proiektuaren ehuneko zenbat finantzatu behar duen, dela bere funtsa propioekin dela beste diru-laguntzen bitartez.

f) Justifikazio-erak, dagozkion agiriak aurkezteko epea eta ebaluazio-memorian adierazi beharreko alderdiak.

g) Onuradunak aurkeztu beharreko dokumentazioa, halakorik balitz.

h) Indarraldia, betekizunak eta baldintzak.

i) Diru-laguntzen bateragarritasuna eta bateraezintasuna.

j) Segimendu-mekanismoak, hitzarmena betetzen denetz egiaztatze aldera.

k) Araubide juridikoa.

l) Hitzarmenaren administrazio-izaera eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari men egiteko beharra, hitzarmenaren edukiak eta aplikazioa direla eta sor daitezkeen auzietan.

2. Gehigarri gisara, Hitzarmenak ondoko alderdiak jasotzen ahalko ditu:

a) Azpikontratazioa egiteko aukera, betiere Ordenantza honetan ezarritako mugekin bat.

b) Konturako ordainketak eta aldez aurretiko ordainketak egiteko aukeraren finkapena eta justifikazioa.

c) Halakorik balitz, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak ezarritako arau orokorretan salbuespenak diren espezifikazioak.

d) Beharrezko balitz, eta diru-laguntzaren izaera nolakoa den, adierazi beharra dago Iruñeko Udalak bere kabuz kitatzen ahalko dituela diru-laguntzen onuradunekin kobratzeke dituen zorrak, diru-laguntzen bidez horiek berdinduta.

e) Halakorik behar izanez gero, onuradunek eratu behar dituzten berme-neurriak zein horiek eratzeko, gordailatzeko eta baliogabetzeko bitartekoak.

f) Honelakorik izatera, dirua jaso duen jardueraren gaineko agirietan eta propaganda idatzi edo grafiko orotan Iruñeko Udalaren diru-laguntza jaso duela adieraztea.

27. artikulua. Ebazpena.

1. Udalaren arlo edo erakunde autonomo kudeatzaileak, behin beharrezko kreditua atxikirik eta Udalaren Kontu-hartzailetzak txostena egin eta gero, Ordenantza honetan ezarritako organo eskudunari aurkeztuko dio diru-laguntzak emateko proposamena, horrek onar dezan.

2. Ebatzi eta jakinarazteko epea, gehienez ere, ez da sei hilabetetik gorakoa izanen. Epea diru-laguntza emateko prozedurari hasiera ematen dion ebazpena onetsi eta hortik aitzina zenbatuko da, salbu ebazpenak berak ondorioak ondoko data baterako geroratzen baditu.

3. Ordenantza honetako 17 eta 18. artikuluak arautuko dituzte, bestalde, diru-laguntza emateko motibazioa, edukia, jakinarazpena, errekurtsoak eta erabakiaren argitalpena.

4. Diru-laguntza emateko ebazpena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean emanen da argitara, eta bertan ondokoak jasoko dira: hitzarmena, hori zein aurrekontu programari eta kredituri egotzi, diru-laguntzaren onuraduna, zenbat diru jaso duen eta diru-laguntzaren helburua edo helburuak. Aurrekoa gorabehera, ondoko kasuetan, diru-laguntzen ematea ez da argitara eman beharko:

a) Emandako diru-laguntzak hiruna mila euro (3.000 euro) baino gutxiago direnean. Halako kasuetan, Udaletxeko Iragarki-taulan argitaratuko dira.

b) Kasuko diru-laguntzaren xedea dela-eta onuradunaren datuen argitaratzea ohorearen errespetuaren eta babesaren aurkakoa edo pertsona fisikoen intimitate pertsonal eta familiarraren zein norberaren eskubidearen aurkakoa denean, Ohorea, intimitate pertsonala eta familiarra eta norberaren irudia izateko eskubidearen babes zibilari buruzko maiatzaren 5eko 1/1982 Lege Organikoan ezarritakoaren arabera.

28. artikulua. Prozedurako salbuespenak.

Salbuespen gisara, ez da aipatu hitzarmenik eginen, baldin eta Ordenantza honetako 24. artikuluan jasotako inguruabarrez gain ondoko bi baldintza hauek betetzen badira:

a) Diru-laguntzaren zenbatekoa 3.000 eurotik gorakoa ez bada, onuradun, jarduera eta ekitaldi bakoitzeko.

b) Jarduera zein pertsona fisiko edo juridikok edo zein erakundek gauzatu eta horren ezaugarriak direla bide lehia publikoa egitea posible ez bada, diru-laguntzaren xedea egiteko gaitasuna onuradun bakar batek edo onuradun multzo bakarrak duelako.

Kasu honetan, diru-laguntza emateko ebazpenak berak ezarriko du zergatik ez den deialdia norgehiagoka bidez egin, bai eta baldintzak, konpromisoak eta onuradunak edo onuradun multzoak jaso duten funtsen aplikazioa justifikatzeko erak adierazi ere, betiere Ordenantza honetan ezarritakoarekin bat.

Nolanahi ere, diru-laguntzak emateko espedientea bideratuko da, eta horri txosten teknikoa erantsiko zaio, norgehiagoka ezin dela gauzatu eta salbuespenezko prozedura hau nahitaez aplikatu behar dela egiaztatze aldera, bai eta txosten juridikoa erantsi ere, hori zuzenbidearekin bat gauzatu dela ziurtatzeko.

III. TITULUA

Udalaren diru-laguntzak kudeatu eta justifikatzeko prozedura

I. KAPITULUA

Diru-laguntzen xede diren gastuak, azpikontratazioa eta finantzabideak

29. artikulua. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

1. Diru-laguntza jaso dezaketen gastutzat joko dira diru-laguntzaren xede den jarduerarekin bat datozenak, baldin eta deialdian edo hitzarmenean ezarritako epean egiten badira. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuetan, eskuratze-kostua inoiz ez da izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

2. Deialdian, hitzarmenean edo ebazpenean kontrakorik xedatu ezean, egindako gastutzat joko da deialdian edo hitzarmenean _edo, halakorik ezean, Ordenantza honetako 40. artikuluan_ ezarritako justifikazio-epea amaitu aurretik benetan ordaindu dena.

3. Diru-laguntza jaso dezakeen gastuaren zenbatekoa 30.000 eurotik gorakoa denean _obraren exekuzioaren kostua izanez gero_, edo 12.000 eurotik gorakoa denean _ekipamendu ondasunen horniduraren edo aholkularitza edo laguntza enpresen zerbitzuen kostua bada_, onuradunak gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko dizkie hornitzaileei, dena delako zerbitzua edo ondasuna emateko konpromisoa bere gain hartu baino lehen, salbu, diru-laguntza jaso dezaketen gastuen ezaugarri bereziengatik, merkatuan hornidura edo zerbitzua egin dezaketen behar adina entitaterik ez bada, edo gastua diru-laguntza eskatu baino lehen egin bada.

Aurkeztutako eskaintzen artean bat hautatzeko, eragimen eta ekonomia printzipioei egin behar zaie men, eta eskaintzarik merkeena hautatzen ez bada, memoria batean berariaz justifikatu behar da hartutako erabakia. Eskaintzak, bestalde, justifikazioari erantsiko zaizkio, edo, bestela, diru-laguntzaren eskabideari.

4. Ondasun inbentariagarriak eskuratu, eraiki, zaharberritu edo hobetzen direnean, ondoko arauak beteko dira:

a) Deialdiak edo hitzarmenak ezarriko du onuradunak noiz arte erabili beharko dituen ondasunok, diru-laguntzaren xederako. Gutxienez bost urte iragan arte erabili beharko ditu xede horretarako, erregistro publikoan inskribatu ahal diren ondasunak badira, edo bi urte iragan arte, bestelako ondasunak badira. Erregistro publikoan inskribatu ahal diren ondasunak izanez gero, eskrituran adierazi beharko da inguruabar hori, bai eta emandako diru-laguntzaren zenbatekoa ere; halaber, erregistro publikoko inskripzioan zehaztasun horiek jasoko dira.

b) Aurreko idatz-zatian ondasunen xedeari buruz ezarri den baldintza betetzen ez bada, eta, betiere, ondasuna besterentzen bada edo baimenik gabe kargaren bat ezartzen bazaio, diru-laguntza itzuli beharko da, Ordenantza honetan ezarritako moduan. Ondasuna itzulketaren ordainketari atxikita egonen da, zein ere den haren edukitzailea, salbu edukitzaile hori erregistroko fede publikoak babesturiko hirugarren bat denean edo frogatzen denean ondasunak fede onez eta titulu justuz eskuratu direla edo merkataritza- zein industria-establezimendu batean eskuratu direla, ondasun higigarri inskribaezinen kasuan.

5. Ondoko kasuetan ez da bete gabekotzat joko aurreko idatz-zatian, hots, 4.enean, ondasunen xedeari buruz ezarritako baldintza:

a) Erregistro publikoan inskribatu ezin diren ondasunak beste batzuez ordezten badira, dirulaguntza eman duen administrazioak horretarako baimena emanda, eta ordezko ondasun horiek diru-laguntzaren xederako erabili ahal badira lehengoen antzera, eta erabilera horrek behar adina denbora irauten badu, lehengo ondasunei ezarritako epea bete arte alegia.

b) Diru-laguntza eman duen administrazioak baimena ematen badu erregistro publikoan erregistratu ahal diren ondasunak besterentzeko, edo xedea aldatzeko edo kargaren bat ezartzeko. Kasu honetan, eskuratzaileak bere gain hartuko du ondasunen xedeari buruzko baldintza bete beharra, epea amaitu arte, eta, bete ezean, diru-laguntza itzuli beharra ere bai.

6. Amortizazio gastuak diru-laguntzaren xedea izaten ahalko dira, ondoko baldintzak betez gero:

a) Diru-laguntzak ondasunen erosketarako ekarpen gisa erabili ez izana.

b) Amortizazioa kontabilitateko arau orokor onartuen arabera kalkulatzea.

c) Kostua diru-laguntzaren xede den aldikoa soilik izatea.

7. Finantza-gastuak, lege- edo finantza-aholkularitzako gastuak, notario eta erregistro gastuak, diru-laguntza jaso duen proiektua egiteko peritu gastuak eta berariazko administrazio-gastuak, horiek guztiak diru-laguntza jaso dezaketen gastutzat joko dira baldin eta zuzeneko lotura badute diru-laguntzaren xede den jarduerarekin eta ezinbestekoak badira hura behar bezala prestatu nahiz burutzeko.

Salbuespen gisa, banku-bermearen gastuetarako diru-laguntza eman ahalko da, dagokion deialdian edo hitzarmenean hala aurreikusiz gero.

Ondokoak ez dira inola ere izanen diru-laguntza jaso dezaketen gastuak:

a) Banku kontuetako korritu zordunak.

b) Korritu, errekargu eta zehapen administratibo eta penalak.

c) Auzi-prozedurek eragindako gastuak.

d) Tokiko tributuak, legeak aurreikusten ez duen zerga-kentzerik, konpentsaziorik edo tokiko ogasunarekin hartutako zorrak gutxiagotzerik ekartzen badute.

8. Tributu ez-tokikoak diru-laguntza jaso dezaketen gastuak dira diru-laguntzaren onuradunak zuzenean ordaintzen dituenean. Ondokoak ez dira inola ere diru-laguntza jaso dezaketen gastutzat joko:

a) Berreskuratzen edo konpentsatu ahal diren zeharkako zergak. Balio Erantsiaren gaineko Zergari dagokionez, benetako kostuak eraginda onuradunak ordaindu dituen kopuruak izanen dira bakarrik diru-laguntza jaso dezaketen gastuak, betiere, kengarria ez bada; izan ere, kengarria izan badaiteke, onuradunak berreskuratzen ahalko du zergaren zenbatekoa. Onuradunak modu frogagarrian egiaztatu beharko du inguruabar hori.

b) Errentaren gaineko zerga pertsonalak.

9. Zeharkako kostuetatik, onuradunak diru-laguntzaren xede den jarduerari egotziko dio zati egokia, guztiek onartzen duten kontabilitateko printzipio eta arauei jarraituz kalkulatua, eta, betiere, halako kostuak jarduera benetan egin den aldiari dagozkion heinean.

30. artikulua. Azpikontratua.

1. Onuradunak azpikontratua egiten duela ulertuko da, hirugarrenekin ituna egiten badu, diru-laguntzaren xede den jarduera osorik edo zati batean egin dezaten. Diru-laguntzaren xede den jarduera berez egin ahal izateko, onuradunak egin behar dituen gastuen kontratazioa kontzeptu horretatik kanpo gelditzen da.

2. Azpikontratua onartuko da, salbu diru-laguntzaren deialdiak, hitzarmenak edo ebazpenak berariaz baimentzen ez dutenean. Diru-laguntzaren xede den jardueratik onuradunak hirugarrenei azpikontratatzen dien portzentajea dagokion deialdi, ebazpen edo hitzarmenak ezarriko du. Halako portzentajerik ageri ez bada, azpikontratuaren gehieneko portzentajea ezin izanen da izan diru-laguntzaren zenbatekoaren % 50 baino handiago.

Ezin izanen da azpikontratatu diru-laguntzaren xede den jardueraren kostua handitu bai baina haren edukiari balio erantsirik ekarriko ez dion jarduerarik.

3. Hirugarrenekin itundutako jarduerak diru-laguntzaren zenbatekoaren %20 gainditzen badu eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa bada, kontratua idatziz egiteko galdatuko da, eta, halakorik egiteko, Udalak berariaz eta aldez aurretik baimena eman beharko du.

4. Ezin izanen da kontratua zatikatu bere zenbatekoa gutxitu eta aurreko idatz-zatian ezarritako betekizuna saihesteko.

5. Kontratistek onuradunarekiko betebeharrak izanen dituzte soilik; onuradunak diru-laguntzaren xede den jarduera behar bezala burutzeko erantzukizun osoa izanen du Administrazioaren aurrean.

6. Aurreko idatz-zatian ezarritakoaren ildotik, onuradunek hirugarrenekin ituntzen duten jardueran errespetatu egin behar dira deialdian, hitzarmenean edo ebazpenean ezarritako mugak, diru-laguntzaren xede izan daitezkeen gastuen izaerari eta zenbatekoari dagokienez, eta onuradunen ardura izanen da baldintza hori betetzea. Kontratistek, berriz, lagundu egin beharko dute, behar bezala egiaztatu ahal izan dadin aipatutako muga horiek gainditzen ez direla.

7. Onuradunak inola ere ezin izanen du itunik egin honako hauekin, diru-laguntzaren xede diren jarduerak osorik edo zati batean burutzeko:

a) Ordenantza honetako 10. artikuluan jasotako debekuren bat duten pertsona edo entitateekin.

b) Kontratazioaren xede den jarduera egiteko beste diru-laguntza batzuk jaso dituzten pertsona edo entitateekin.

c) Eragiketaren kostu osoaren portzentaje bat kobratzen duten bitartekari edo aholkulariekin, non eta ordainketa hori egindako lan edo zerbitzuaren merkatuko balioa erreferentzia hartuta justifikatzen ez den.

d) Onuradunarekin lotura duten pertsona edo entitateekin, baldintza hauek bete ezean:

_Kontratazioa merkatuko baldintza normalen pean egitea.

_Aldez aurretik organo emailearen baimena eskuratzea.

e) Deialdi eta programa berean laguntza edo diru-laguntza eskatu eta, betekizunak ez betetzeagatik edo behar adinako baloraziorik ez izateagatik, diru-laguntzarik lortu ez duten pertsona edo entitateekin.

31. artikulua. Diru-laguntzaren xede diren jardueren finantzaketa.

1. Diru-laguntzaren xede den jarduera zati batean edo portzentaje batean funts propioekin finantzatu dadila eskatu ahal izanen da diru-laguntzaren deialdian, hitzarmenean edo ebazpenean. Justifikatu beharra dago finantzaketa horren zenbatekoa, jatorria eta diru-laguntzaren xedea den jardueran egindako aplikazioa.

2. Diru-laguntzaren deialdiak, hitzarmenak edo ebazpenak bateragarritasun edo bateraezintasun erregimena zehaztuko dute, beste edozein administrazio, entitate edo pertsonarengandik xede bererako beste diru-laguntzak, laguntzak edo baliabideak eskuratzeko, hurrengo idatz-zatian xedatutakoa ezertan galarazi gabe.

3. Diru-laguntzen zenbatekoa ez da inola ere izanen, berez edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propioak gehituta, diru-laguntzaren xedea den jardueraren kostua baino handiagoa.

4. Diru-laguntzak emateko kontuan hartu diren baldintzak ezertan aldatzen badira eta, betiere, deialdian, hitzarmenean edo ebazpenean baimendutako kasuetatik at beste hainbat diru-iturri eskuratzen badira, aldatzen ahalko da diru-laguntzak emateko ebazpena.

5. Onuradunek jasotako funtsetatik sortzen diren finantza-etekinak diru-laguntzaren zenbatekoari gehituko zaizkio, eta diru-laguntzaren xede den jarduerarako erabiliko dira horiek ere, salbu, betiere behar bezala arrazoituta, diru-laguntzaren deialdian besterik xedatzen bada.

Onuraduna administrazio publiko bat izanez gero, idatz-zati hau ez da aplikatuko.

6. Deialdiaren, hitzarmenaren edo ebazpenaren oinarriek horretarako bidea ematen badute, aurreikusi ez diren inguruabarrak direla medio, aldaketak egiten ahalko dira proiektuan; kasu honetan, organo eskudunak onetsi beharko ditu horiek, Udalaren kasuan kasuko alorrak edo erakunde autonomo kudeatzaileak balorazioa egin eta gero.

7. Benetako defizita edo benetako gastuak eskaera egitean aurreikusiak baino gutxiago diren kasuetan, kontuan harturik,betiere, azken horiek zedarritzen dutela hasiera batez diru-laguntzaren zenbatekoa, aintzat hartuko da inguruabar hori, eta proportzioan murriztuko da behin betiko ordaindu behar den kopurua.

II. KAPITULUA

Aurrekontua kudeatzeko prozedura

32. artikulua. Gastua onestea.

1. Diru-laguntzen deialdiarekin edo diru-laguntzak zuzenean ematearekin batera, organo eskudunak gasturako baimena onetsi behar du, aurrekontuetan aplikagarria den Nafarroako Toki Ogasunen gaineko arauekin bat.

2. Diru-laguntzak emateko ebazpenak edo kasuan kasuko hitzarmena onesten duenak berekin ekarriko dute dagokion gasturako konpromisoa edo xedapena onestea.

3. Diru-laguntzak zuzenean ematekoak badira, metatu ahalko dira aurreko aurrekontu-faseak.

33. artikulua. Diru-laguntzen ordainketa.

1. Diru-laguntzak ordaindu baino lehen, onuradunek diru-laguntza zertarako eman eta jarduera, proiektu edo helburu horiek gauzatu direla edo jarrerak hartu direla justifikatuko dute, betiere Ordenantza honetan eta kasuan kasuko deialdian, hitzarmen erregulatzailean edo ebazpenean ezarritakoarekin bat.

Onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko dute, osorik edo hein batean, justifikazio egokirik ez badute aurkezten, edo azaroaren 17ko Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan aurreikusitako zioren bat izanez gero.

2. Diru-laguntzaren izaerak justifikatzen badu, konturako ordainketak egin ahalko dira. Pagamendu horiek zatika ordaintzea ekarri ahalko dute, halako eran non diru-laguntzen xede diren ekintzak gauzatu ahala eginen baitira, hau da, justifikatzen denak zenbat jo eta kopuru hori bera ordainduko delarik.

Bestetik, aldez aurretik ere egiten ahalko dira ordainketak, hau da, funtsak justifikazioa baino lehen eman ahalko dira, diru-laguntzaren xede diren jarduketak gauzatzeko ezinbesteko finantzabide gisara eman ere.

Hala konturako ordainketek nola ordainketa aurreratuek aurreikusita egon behar dute diru-laguntzen deialdian, hitzarmen erregulatzailean edo Ordenantza honetako 28. artikuluak aipatzen duen ebazpenean.

Ordainketarik aldez aurretik eginez gero, horien bermeak galdatzen ahalko dira, horretarako indarreko legeek araututako gordailuak, abalak, kauzio-aseguruak edo berme pertsonal eta solidarioak eta berme-eskubide errealak aurkezteko eskatuz. Berme horiek diru-laguntzen deialdiak, hitzarmenak edo Ordenantza honetako 28. artikuluak aipatzen duen ebazpenak ezarri beharko ditu. Berme horiek nahitaez ezarriko dira aurrerakinek 60.000 euro baino gehiago jotzen badute, onuraduna Sektore Publikoaren entitate bat denean izan ezik.

3. Onuradunei ezin izanen zaie inola ere aldez aurretik ordaindu ondoko kasuetan: Konkurtso deklarazioa eskatu denean, edozein prozeduratan kaudimengabea deklaratu dituztenean, konkurtsoan deklaratuak izan direnean, auzipeko esku-hartzeari loturik izan edo desgaitu izan direnean, Konkurtsoei buruzko Legearekin bat eta betiere konkurtsoaren kalifikazioaren gaineko epaian ezarritako desgaitze-epea amaitu ez bada, bai eta porrotaren, hartzekodunen konkurtsoaren edo kaudimen-gabeziaren aitormena jaso dutenean edo auzipeko esku-hartzeari loturik daudenean, kita eta itxaroteko edo ordainketa eteteko espedientea ireki dietenean, edo auzibidean porrotaren eskaera edo hartzekodunen konkurtsoarena aurkeztu dutenean ere, harik eta, hala bada, birgaitzen ez dituzten arte.

4. Diru-laguntzak ezin izanen zaizkie ordaindu onuradunei, horiek eguneraturik ez badituzte tributu-betebeharrak zein Gizarte Segurantzarekikoak, edo zorduntzat jotzen baditu diru-itzulketa bidezkoa dela xedatu duen ebazpen batek.

Aurrekoa gorabehera, salbuespen gisara, diru-laguntzaren izaera nolakoa den, Iruñeko Udalak bere kabuz kitatzen ahalko ditu diru-laguntzen onuradunekin kobratzeke dituen zorrak, diru-laguntzen bidez horiek osorik edo parte batean berdinduta; edo, baita ere, baldintza hori bete gabe uzten ahalko du, gizarte larrialdietako egoera berezietan. Salbuespen hori aplikatu ahal izateko, aukera horrek Ordenantza honetako 28. artikuluan aipatutako kasuan kasuko deialdian, hitzarmenean edo ebazpenean jaso beharko du, eta espedientean justifikatuta egon, txosten tekniko bidez, neurri horren salbuespen egoera egiaztatzen duten arrazoia edo arrazoiak.

III. KAPITULUA

Iruñeko udalak emandako diru-laguntzen justifikazioa

34. artikulua. Justifikazioa.

1. Diru-laguntza ematerakoan ezarri ziren baldintzak eta helburuak bete direla frogatzeko, ordenantza honek aurreikusitakoari jarraitu behar zaio, salbu diru-laguntzen deialdiak, lankidetza-hitzarmenak edo Ordenantza honetako 28. artikuluak aipatzen duen ebazpenak berariazko araubidea ezarri badute, betiere hori Ordenantzaren edukiarekin bateragarria delarik.

2. Justifikazioa organo emaileari aurkeztu behar zaio. Diru-laguntzak justifikatzeko modua diru-laguntzen deialdiak zehaztuko du, edo, bestela, lankidetza-hitzarmenaren testuak edo Ordenantza honetako 28. artikuluak aipatzen duen ebazpenak, eta betiere modu hauetakoren bat izanen da:

a) Egindako gastua frogatzen duen kontua.

b) Gastua moduluka frogatzea.

c) Kontabilitate orriak aurkeztea.

Ez deialdiak, ez hitzarmenak, ez ebazpenak zehazten ez badute frogatzeko modua, orduan, egindako gastua frogatzen duen kontua aurkeztuko da.

3. Diru-laguntzak hartzailearen egoera jakin bat aintzat harturik ematen direnean, diru-laguntza eman baino lehen hartzailea egoera horretan aurkitzen dela frogatu beharko da, besterik gabe, zuzenbidean onargarria den edozein frogabide erabiliz, eta ez da bestelako justifikaziorik eskatuko, baina egoera hori egiaztatzeko kontrolak ezarri ahalko dira. Justifikazioa, horrenbestez, ez da diru-laguntza jasotzeak eragindako karga edo betebeharra, baizik eta diru-laguntza jasotzeko betekizuna.

35. artikulua. Egindako gastua frogatzen duen kontu bidezko justifikazioa.

1. Gastua frogatzeko kontu-ematea derrigorrez aurkeztu behar dio onuradunak edo entitate laguntzaileak diru-laguntza eman duen organoari. Kontu horretan, dirua jaso duen jarduera dela-eta aitortzailearen erantzukizunaren pean egindako gastuak oro justifikatu behar dira (ez bakarrik diru-laguntzaren zenbatekoaren adinakoa), gastuen zuzeneko egiaztagiriak aurkeztuta. Fakturak aurkeztuko dira, eta gainerako egiaztagiri baliokideak, trafiko juridikoan balioa dutenak edo indar administratiboa dutenak, diru-laguntzaren xedea bete dela egiaztatze aldera.

2. Kontu frogagarria ondoko agiriek osatuko dute:

a) Ebaluazio-memoria, diru-laguntzen xedea den jardueraren gainean, non xehetasunez aitortuko baitira diru-laguntzen bidez finantzatu diren jarduerak eta haien kostua.

Memoriaren edukia gutxienez ondokoek osatua joanen da:

_Programaren edo proiektuaren izena.

_Diru-laguntzaren xedea, aurkeztutako aurrekontu eta proiektuarekin bat.

_Egindako jarduketak eta proposatutako helburuen zein lortutako emaitzen deskribapena.

_Proiektua edo jarduera garatzean egindako aldaketak.

_Finantza bideak zerrendatuta: Diru-laguntzarekin finantzatu diren jardueren deskribapena, haien kostua adierazita, bai eta norbere funtsekin edo beste diru-laguntzekin finantzatu diren jarduerak ere aipatuta.

_Ondorioak

b) Udaleko teknikari eskudun batek sinatutako balorazio-txostena, bertan espresuki jasota guztiz bete izan dela diru-laguntzaren xedea, edo, bestela, justifikazioaren onespena eragozten duten akatsak edo inguruabarrak. Inbertsioak egiteko diru-laguntzen kasuan, akta edo txosten bat aurkeztu behar da, egindako egiaztapen materialaren emaitzen gainean.

c) Egindako gastuen eta lortutako diru-sarreren zerrenda izenpetua eta ordenan zenbakitua, kontzeptuen arabera ordenaturik eta zenbatekoak guztira emanik.

d) Maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuak (uztailaren 4ko 96/2005 Foru Dekretuak aldatua) aipatzen dituen egiaztagiriak, fakturak edo horien ordezkoak eta ordainagiriak, gastua egiaztatze aldera, baita nominak, tributuak zein Gizarte Segurantzako kuotak eta, oro har, trafiko juridikoan baliodun izan edo indar administratiboa eduki eta balio frogagarria duten bestelako agiriak ere, betiere modu korrelatiboan ordenaturik eta zerrenda zenbakituan emandako ordena-zenbakiaren arabera. Agiri horien fotokopiak egin eta horiek kudeaketa zerbitzuak konpultsatu eta adostuko ditu, jatorrizkoak interesdunei itzuliko zaizkielarik. Agiri jatorrizkoak edo horien kopia konpultsatuak entitate onuradunak gorde beharko ditu, gutxienez, lau urtean.

Aurrekoaz gain, honako baldintza hauek bete beharko dira:

d.1) Faktura jaulkitzen duen entitatea BEZatik salbuetsirik dagoenean, organo eskudunak emandako egiaztagiria aurkeztu beharko da, kasuan kasuko salbuespena egiaztatu eta horretaz fede emateko.

d.2) Langileria gastuak soldata-kostuen gisara egiaztatzeko, beharrezkoa da ondoko agiriak aurkeztea: lan-kontratuaren kopiak, langileei dagozkien nominak, jasotzaileak sinaturik eta ordainduta daudela egiaztatuta, edo, bestela, bankuaren abonu-agiria, eta Gizarte Segurantzaren kotizazioei dagozkien ziurtagiriak.

d.3) Proiektua gauzatzeko dataz besteko bat duten fakturak onartuko dira, baldin eta organo eskudunak aldez aurretik proiektuaren aldaketaren bat baimendu badu, eta aldaketa horrek proiektua gauzatzeko epeari eragiten badio.

e) Hartzekodunei ordaindu izana egiaztatzen duten ziurtagiriak. Ordaindu izana banku-zordunketa bidez egiaztatuko da, edo behar bezala sinatutako hartu-agiri baten bidez, edo, bestela, aurkeztutako fakturak ordaindu direla ziurtatzen duen beste agiri bat aurkeztuta.

f) Dagokion itzulketaren ordainketa-gutuna, baldin eta aplikatu gabeko gerakinik bada edo diru-laguntzen xede izan den jardueraren kostua baino diru gehiago jaso bada, eta horiei dagozkien berandutze-korrituak.

36. artikulua. Ondasun higiezinak eskuratzea xede duten diru-laguntzen justifikazioa.

Aurreko artikuluan gainerako ziurtagiriekin batera aurkezteko ezarritako kontu frogagarriaz gain, behar den bezala akreditaturik egon eta dagokion erregistro ofizialean izena emanda duen tasatzaile independiente baten egiaztagiria ere aurkeztu beharko da, kostuari eta merkatuko prezioari dagokienez.

Halaber, ondare eskualdaketen gaineko zergaren likidazioa aurkeztu beharko da, bertan eskuratutakoaren zenbatekoarekiko adostasuna agertu beharko delarik.

37. artikulua. Gastua moduluka frogatzea.

1. Modulukako erregimena aplikagarri izanen da diru-laguntzen xedeak berekin dakarrenean unitateka neurgarri diren jarduerak bete egin direla ziurtatu beharra.

2. Diru-laguntzak moduluka bidez frogatzea bakarrik aplikatuko da, baldin eta diru-laguntzen deialdiak, lankidetza-hitzarmenak edo Ordenantza honetako 28. artikuluak aipatzen duen ebazpenak horrelakorik ezarri badute.

Halakoetan, deialdiak, hitzarmenak edo ebazpenak ezarriko ditu modulu bat zenbat unitatek osatzen duten, bai eta haien aleko kostua eta behar diren gainerako inguruabarrak ere.

38. artikulua. Justifikazioa, kontabilitate orriak aurkeztuta.

Helburu generikoak (elkartea mantentzea, jardueren kudeaketa generikoa ...) asetzea xede duten funtsen kasuan edo ustiaketan defizita estaltzea xede duten diru-laguntzenean, nahikoa izanen da kontuak edo kontabilitate orriak aurkeztea, non eta aipatu defizita edo parte batez lagundutako programa edo jarduera gauzatu dela begi-bistakoa izanen baitira, onuradunari diru-laguntza ordaindu ahal izateko.

Ordenantza honetaz bezainbatean, ondokoak ulertuko dira kontutzat edo kontabilitate orritzat: ofizialak direnak eta entitate bakoitzeko organoek behar bezala onetsi dituztenak.

Eta hori, betiere, finantza-kontrolaren eginkizuna edo, behar balitz, kontu-ikuskaritza pribatua galdatzea ezertan galarazi gabe.

39. artikulua. Entitate laguntzaileek kudeatutako diru-laguntzen justifikazioa.

Entitate laguntzaileek kudeatutako diru-laguntzen justifikazioak ondoko bi zereginak hartzen ditu barne: funtsak onuradunei eman zaizkiela egiaztatzea eta onuradunek aurkeztutako justifikazioa organo emaileari helaraztea. Onuradunen justifikazioak, bestalde, ondokoak hartuko ditu: funtsen aplikazioaren nondik norakoa eta kobratzeko ezarritako baldintzak bete egin direla egiaztatzea, betiere lankidetza-hitzarmenean xedatutakoaren arabera.

Entitate laguntzaileek, halaber, men egin beharko diete organo emaileak Udalaren funtsa horien kudeaketaren gainean erabakitako egiaztapen eta finantza-kontrol guztiei, bai eta egiaztapen eta finantza-kontrolez bezainbatean egindako edozein jarduketari ere, betiere aurreko jarduketetan eskatzen dieten adina informazio eman beharko dutelarik.

40. artikulua. Justifikazio-epea.

Diru-laguntzen deialdiak, edo, bestela, lankidetza-hitzarmenak edo Ordenantza honetako 28. artikuluak aipatzen duen ebazpenak, zehaztuko ditu diru-laguntzak justifikatzeko epemugak.

Baldin etadeialdiak, lankidetza-hitzarmenak edo ebazpenak ez badute diru-laguntza justifikatzeko epemuga adierazi, epe hori gehienez ere hiru hilabetekoa izanen da, jarduera egiteko epea amaitu eta hortik aitzina.

41. artikulua. Justifikazio-betebeharra ez betetzeak dakartzan ondorioak

Diru-laguntza justifikatzen ez bada, edo behar adinako justifikaziorik aurkezten ez bada, diru-laguntza itzuli beharko da, osorik edo parte batez, betiere ez-betetzearen maila eta gainerako inguruabarrak kontuan harturik.

42. artikulua. Diru-laguntzak egiaztatzea.

1. Behin diru-laguntza justifikatzeko agiriak behar den epean eta deialdiak, hitzarmenak edo ebazpenak aurreikusitako tokian aurkeztuta, ondokoak gauzatuko dira, betiere, azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeak aurreikusitakoarekin bat:

1. Zerbitzu kudeatzailearen egiaztapen materiala, aurkeztutako agiriek Ordenantza honetan, diru-laguntzen deialdian, lankidetza-hitzarmenean edo Ordenantza honetako 28. artikuluak aipatzen duen ebazpenean ezarritako baldintzak betetzen dituzten ziurtatzeko.

2. Udalaren kasuan kasuko alor edo erakunde autonomo kudeatzailearen txostena, diru-laguntzaren xedea ikuspuntu materialaren aldetik bete egin dela egiaztatzeko.

Aipatu txostenak ondokoak jaso beharko ditu: Udalaren diru-ekarpena eta, halakorik izatera, onuradunak jaso dituen gainerako baliabideak. Datu horiek, bestalde, onuradunak eman beharko ditu ebaluazio-memorian.

Halaber, txosten horretan onuradunak aurkeztu behar duen gastuen eta diru-sarreren gaineko justifikazioaren balorazioa jaso behar da.

3. Espediente osoaren igorpena Udalaren Kontu-hartzailetzara, bertan ikuskapen-txostena egin dezaten. Ikuskapen horren helmena aldez aurreko kontu-hartze mugatuak dakarren bera izanen da, eta barne hartuko du, baita ere, aurkeztutako justifikazioari adostasun-txostena eman izanaren gaineko egiaztapena.

2. Justifikazio hori, behin ikuskatua izan eta gero, organo eskudunak onetsi beharko du, hau da, diru-laguntza eman duen organoak. Udalaren kasuan kasuko alor edo erakunde autonomo kudeatzaileak artxibatuko du justifikazioa, eta horren berri emanen zaio Udalaren Kontu-hartzailetzari.

3. Diru-laguntzen konturako ordainketarik ezarriz gero, horiek zatika egindako ordainketatzat joko dira, justifikatzen denak zenbat jo eta hainbestean, eta justifikazioa diru-laguntza osoarentzat aurreikusitako modu berean egin beharko da, betiere arau hauetan justifikatzeko ezarri diren betekizunekin bat.

43. artikulua. Balioak egiaztatzea.

1. Udalaren zerbitzuek diruz lagundutako gastuek merkatuan duten balioa egiaztatzen ahalko dute, horretarako ondoko edozein bide erabiliz:

a) Merkatuko batez besteko prezioak.

b) Kotizazioak, Espainiako eta atzerriko merkatuetan.

c) Zerga-erregistro ofizialetan zer balio diren eta horiek kontuan hartuta egindako kalkuluak.

d) Administrazioko perituen irizpena.

e) Perituen kontraesanezko tasazioa.

2. Udalaren zerbitzuek egiaztatzen duten balioa izanen da diru-laguntza kalkulatzeko oinarria, eta hori behar bezala arrazoiturik eta bertan erabilitako bitartekoak eta irizpideak adierazita jakinaraziko da, diru-laguntzaren likidazioa jasotzen duen egintzaren ebazpenarekin batera.

3. Onuradunak, bestalde, perituen kontraesanezko tasazioa abiarazteko aukera izanen du, artikulu honetako 1. idatz-zatian adierazi diren balioak egiaztatzeko gainerako prozedurak zuzentze aldera, betiere prozeduraren ebazpenaren kontra paratu daitekeen lehen errekurtsoaren epearen barruan.

Perituen kontraesanezko tasazioa egiteko eskaera aurkezteak berekin ekarriko du ebatzitako proposamenaren exekuzioa eta horren kontra errekurtsoa paratzeko epea etetea.

4. Baldin eta Udalaren zerbitzuek egiaztatutako balioaren eta onuradunaren perituak egindako tasazioaren arteko aldea 120.000 eurora ez bada iristen eta Administrazioak egiaztatutako balioaren %10 baino gutxiago bada, onuradunaren perituak egindako tasazioa izanen da diru-laguntza kalkulatzeko oinarria. Bestela, hirugarren peritu bat izendatu beharra dago.

Onuradunak ordaindu beharko ditu bere perituaren ordainsariak. Hirugarren perituak egindako tasazioak onuradunak justifikatutako balioak baino gutxiago jotzen badu, onuradunak ordaindu beharko ditu peritu-gastuak oro, eta, kontrara, adina edo gehiago jotzen badu, Administrazioaren kontura joanen dira gastu horiek.

Hirugarren perituaren balorazioa izanen da oinarria, diru-laguntzaren zenbatekoa zedarritze aldera.

IV. TITULUA

I. KAPITULUA

Diru-laguntzak itzultzea

44. artikulua. Diru-laguntzak emateko ebazpenaren baliogabetasuna.

1. Hauek dira diru-laguntza emateko ebazpenaren baliogabetasuna dakarten arrazoiak: Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 62.1 artikuluan adierazitako deuseztasun eta deuseztagarritasun kasuak gertatzea eta krediturik ez izatea edo gutxiegi izatea, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko legeetan ezarritakoaren arabera.

2. Diru-laguntza emateko egintza aurreko idatz-zatian aipatutako kasuren batean gertatzen bada, organo emaileak egintza hori berrikusiko du bere kabuz, edo, bidezkoa izanez gero, kaltegarri deklaratu eta gero horren kontra eginen du, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 102 eta 103. artikuluetan ezarritakoari jarraituz.

3. Deuseztasunaren edo deuseztapenaren deklarazio judizial edo administratiboa eginez gero, hartutako kopuruak itzuli egin beharko dira.

4. Hurrengo artikuluan azaltzen diren arrazoiengatik diru-laguntza itzuli behar den kasuetan, ez da bidezkoa izanen diru-laguntza emateko egintza administrazioaren kabuz berrikustea.

45. artikulua. Gastuak Itzultzeko eta atxikitzeko arrazoiak.

1. Bidezkoa izanen da ondoko kasuetan eskuratutako kopuruak osorik edo hein batean itzultzea eta berandutze-interesa eskatzea ere, diru-laguntza ordaindu den egunetik kontatzen hasita:

a) Diru-laguntza lortzen denean, horretarako eskatzen diren baldintzak faltsutuz edo hori eragotziko zuketen baldintzak ezkutatuz.

b) Diru-laguntzaren xede den helburua, jarduera edo proiektua burutu gabe uzten denean, osorik nahiz hein batean, edo hartu behar zen jokabidea hartzen ez denean. Diru-laguntzaren xede den helburua ez betetzeari dagokion idatz-zati horretan ondokoak sartuko dira: izaera politikoa edo erreibindikatiboa duten jarduerak, aldez edo moldez halako erreibindikazioak egiteko erabiltzen badira, nahiz eta horiek gauzatzea toleratu baino ez egin, eta hiritarren askatasunaren kontrakoak, Konstituzioa urratzen dutenak edo Ordenantza honetako 5.4. artikuluak aipatzen dituen legeak betetzen ez dituztenak.

c) Justifikazioa aurkezteko betebeharra betetzen ez denean, edo behar adinako justifikaziorik aurkezten ez denean.

d) Egiaztapenak eta finantza-kontrolak saihesten direnean edo haiei uko egin edo trabak eta eragozpenak jartzen zaizkienean, eta kontabilitateari, erregistroari eta agirien kontserbazioari buruzko betebeharrak betetzen ez direnean, baldin eta horren ondorioz ezin bada egiaztatu hartutako funtsak zertarako erabili diren, helburua lortu ote den, diru-laguntza jaso duten jarduerak benetan eta behar adinako maiztasunaz egin diren, edo xede bererako beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera nahiz baliabide batzuk lortu ote diren, Estatuko edo Europar Batasuneko edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribaturengandik edo nazioarteko erakundeengandik.

e) Administrazioak entitate laguntzaileei eta onuradunei ezarritako betebeharrak betetzen ez direnean, edo onuradunek hartutako konpromisoak betetzen ez dituztenean, baldin eta konpromiso horiek zerikusirik badute diru-laguntzaren xede diren helburuak lortzeko, jarduera egiteko, proiektua burutzeko edo jokabidea hartzeko erabili behar den moduarekin.

f) Administrazioak entitate laguntzaileei eta onuradunei ezarritako betebeharrak betetzen ez direnean, edo onuradunek diru-laguntza onartzerakoan hartutako konpromisoak, aurrean esandakoez bestelakoak, betetzen ez dituztenean, baldin eta horren ondorioz ezin bada egiaztatu hartutako funtsak zertarako erabili diren, helburua lortu ote den, diru-laguntza jaso duten jarduerak benetan eta behar adinako maiztasunaz egin diren, edo xede bererako beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera nahiz baliabide batzuk lortu ote diren, Estatuko edo Europar Batasuneko edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribaturengandik edo nazioarteko erakundeengandik.

g) Jarduera Iruñeko Udalak diruz lagundu duela agirietan eta propagandan agertzeko publizitate eta hedadura neurriak hartzeko betebeharra betetzen ez denean, halako baldintza ezarri den kasuetan.

h) Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorrean aurreikusitako gainerako kasuetan.

2. Onuradunak edo, halakorik egonez gero, entitate laguntzaileak lortutako betetze-maila nahiko hurbil badago erabateko betetze-mailatik, eta horiek ezbairik gabe erakusten badute haien konpromisoak betetzen ahalegindu direla, itzuli beharreko kopurua heinekotasun printzipioaren aplikazioa aplikatuta xedatuko da, halako moduz non jarduera zein heinetan bete den eta diru-laguntzaren hainbesteko portzentajean jasoko baitu onuradunak, betiere organo emaileak dagokion espedientea abiarazi eta gero.

3. Era berean, beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propioak gehituta, dirua jaso duen jardueraren kostua gainditzen bada, bidezkoa izanen da diru-laguntza jaso duen jardueraren kostuaren gainetik lortutako soberakina itzularaztea, bai eta dagozkion berandutza-korrituak eskatzea ere.

46. artikulua. Itzuli beharreko kredituaren izaera.

1. Itzuli beharreko kopuruak zuzenbide publikoko diru-sarreratzat joko dira.

2. Eskuratutako kopuruak itzuli beharrak berandutzako interesa ere eskatzea ekarriko du berekin; interes hori azaroaren 17ko 38/2003 Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorrak ezarritakoa izanen da, eta diru-laguntza ordaindu denetik itzulketa bidezkoa dela erabakitzen den egunera arteko aldia hartuko du.

3. Diru-laguntzak itzularazteko galdatzeko prozedurek administratiboak izanen dira beti.

47. artikulua. Preskripzioa.

Itzulera aitortzeko edo kitatzeko eskubidea lau urteren buruan preskribatuko da. Preskripzio epearen neurketa eta preskripzioaren etendura azaroaren 17ko 38/2003 Diru-laguntzei buruzko Legean xedatutakoa betez gauzatuko dira.

48. artikulua. Itzuli beharra dutenak.

1. Onuradunek eta entitate laguntzaileek, Ordenantza honen 45. artikuluan adierazitako kasuetan, hartutako kopuruak osorik edo hein batean itzuli beharko dituzte, dagozkien berandutza-korrituak gehituta. Itzuli behar horretatik aparte, bidezko diren zehapenak ezarri ahalko dira.

2. Ordenantza honen 8. artikuluaren 2. atalean eta 3. atalaren bigarren idatz-zatian aipatzen diren pertsona juridiko eta entitateetako kideek erantzun solidarioa emanen diote onuradunaren itzuli beharrari, hartutako konpromisoaren ondorioz egin behar zituzten diru-laguntzapeko jarduerak direla eta.

Onuradunak jarduteko gaitasunik ez badu, haren legezko ordezkariek erantzun solidarioa emanen diote itzuli beharrari.

Ordenantza honen 8. artikuluko 3. atalean aipatutako entitateetako kide, partaide edo titularkideek erantzukizun solidarioa izanen dute, bakoitzak bere partaidetzaren neurrian, haien entitatea ondasun komunitate bat izanez gero, edo beste edozein motatako unitate ekonomiko edo ondare bereizia izanez gero

3. Itzultzeko betebeharrari erantzun subsidiarioa emanen diote merkataritza-sozietateen administratzaileek eta beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenek, ez badituzte egiten haien esku dauden egintzak, burutu gabeko betebeharrak bete daitezen, edo ez-betetzea ahalbidetzen duten erabakiak hartzen badituzte, edo haien menpekoen ez-betetzeak eragozten ez badituzte.

Halaber, beren jarduerei utzi dieten pertsona juridikoak aplikatzekoak diren lege eta estatutuetako xedapenen arabera legez ordezkatzen dituztenek haien itzuli beharren erantzukizuna hartuko dute, subsidiarioki hartu ere.

4. Sozietateak edo entitateak desegin eta likidatzen direlarik, haien itzuli behar burutu gabeak bazkideei edo kapitaleko partaideei pasatuko zaizkie, eta horiek solidarioki hartuko dute erantzukizun hori, esleitu zaien likidazio kuotaren balioa muga dutela.

5. Itzuli beharra duena hiltzen bada, itzuli gabe dauden kopuruak ordaindu beharra haren kausadunei pasatuko zaie, ezertan ukatu gabe zuzenbide zibilaren arabera zenbait kasutan oinordetzari aplikatu behar zaizkien xedapenak; bereziki, jaraunspena inbentario-emaitzaren arabera onartzen denean aplikatu behar direnak.

II. KAPITULUA

Itzultzeko prozedura

49. artikulua. Itzultzeko prozedurak.

1. Diru-laguntzak itzultzeko prozedura Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen VI. Tituluan administrazio-prozedurei buruz jasotako xedapen orokorrek arautuko dute, ezertan ukatu gabe Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritako berezitasunak.

2. Diru-laguntzak itzularazteko prozedurari administrazioaren kabuz eta organo eskudunak erabakia hartuta emanen zaio hasiera.

3. Behin itzultzeko prozeduraren hasiera erabakita, kautelazko neurri gisara, onuradunari edo entitate laguntzaileari ordaintzeko dauden kopuruen ordain-igorpenak etetea erabakitzen ahal du organo emaileak, betiere horiek itzultzeko espedientea hasteko proposamenak edo ebazpenak ezarritako zenbatekoa gaindituko ez dutelarik, une horretara arte sorturiko berandutzako interesak ere kontuan hartuta.

Kautelazko neurri hori ebazpen arrazoitu baten bidez hartu behar da, eta interesdunari jakinarazi, bertan adierazita zer errekurtso paratu ditzakeen.

Nolanahi ere, etendura bidezkoa izanen da, ordainketa jasotzea ezinezko dela aurreikusten duten arrazoizko zantzurik bada, edo hori zapuztu badaiteke edo eragozpen larriak badaude, eta, bereziki, jasotzaileak ondasunak ezkutatu, kargatu edo erabiltzeko egintzei heltzen badie.

Ordainketen atxikipena ondoko araubide juridikoari lotuko zaio, aurreko kasuetan orotan:

a) Lortu nahi den helburuaren araberakoa izan behar du, eta, nolanahi ere, atxikipena ez da gauzatuko, eragin konpongaitzak edo konponezinak sortzen ahal baditu.

b) Gastuen atxikipenak itzulketa-espedienteari buru ematen dion ebazpena eman arte iraun behar du, eta ezin du gainditu bideratzeko ezarritako gehieneko aldia, luzapenak ere barne hartuta.

c) Aurreko idatz-zatian xedatutakoa gorabehera, atxikipena kendu beharra dago, hori sortu zuten inguruabarrak desagertuz gero, edo interesdunak kautelazko neurri horren ordez nahikotzat jotako bermea eratzea proposatzen badu.

4. Prozedura bideratzean, dena dela, interesdunari entzuna izateko eskubidea bermatuko zaio.

5. Organo emailea izanen da itzulketa-prozedura ebazteko eskuduna. Ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epea 12 hilabetekoa izanen da, itzultzeko prozedura hasteko erabakia zein egunetan hartu eta hortik aitzina. Epe hori eten ahalko da, edo luzatu, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluaren 5 eta 6. ataletan aurreikusitakoarekin bat.

6. Itzulera egin behar dutenek jasotako kopuruak itzuli behar dituzte, osorik edo hein batean, betiere ebazpenean zer xedatu eta horrekin bat, bai eta haiei dagozkien berandutze-interesak ere. Itzuli behar horretatik aparte, bidezko diren zehapenak ezarri ahalko dira.

Onuradunek azkenik itzuli behar duten kopurua zehazteko, espedientearen ondorioz ez-betetzeak mailakatzeko ezarri diren irizpideei heldu behar zaie, betiere heinekotasunaren printzipioa gorde beharko delarik.

7. Itzultzeko prozeduraren ebazpenak emanen dio buru administrazio-bideari.

V. TITULUA

Diru-laguntzen finantza-kontrola

50. artikulua. Finantza-kontrolaren helburua

1. Diru-laguntzen finantza-kontrola onuradunei ezarriko zaie, eta, halakorik balitz, entitate laguntzaileei, ondokoak egiaztatzea xede harturik: funtsak behar bezala eskuratu direla, jasotako funtsak aplikatzean betebeharrak bete direla, diru-laguntza behar bezala justifikatu dela, aurkeztu den justifikazioarekin bat diru-laguntzaren bitartez finantzatu diren eragiketa guztien benetakotasuna eta erregulartasuna, dirua jaso duten jarduera behar bezala finantzatu dela, diru-laguntzen zenbatekoa ez dela izan berez edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propioak gehituta, diru-laguntzaren xedea den jardueraren kostua baino handiagoa kontrolatze aldera, eta deklaratu ez diren gertaerak, inguruabarrak edo egoerak egiaztatzea, horiek eraginik izan badute, dirua jaso duen jardueraren finantzaketan, diru-laguntza behar bezala eskuratu, erabili edo justifikatzeko unean edo diru-laguntzarekin finantzatu diren eragiketen benetakotasunean edo erregulartasunean.

2. Aurreko atalaren ildotik, hona finantza-kontrola zertan izan daitekeen:

a) Kontabilitate-erregistroak, kontuak edo finantza-orriak eta horien oinarria diren agiriak aztertzea.

b) Banakako eragiketak eta eragiketa jakin batzuk aztertzea.

c) Emandako diru-laguntzekin zerikusia eduki edo haietan eragina izaten ahal duten alderdi jakin eta partzial batzuk egiaztatzea.

d) Diruz finantzatutako inbertsioen egiaztatze materiala.

e) Diru-laguntza arautzen duen kasuan kasuko araudi, lankidetza-hitzarmen edo, halakorik balitz, emakida-ebazpenaren arabera egin behar diren kontrol-jarduketa zehatzak.

f) Dirua jaso duten jardueren ezaugarri bereziak direla-eta, beharrezko diren beste zenbait egiaztapen.

3. Kontrol-araubide horri onuradunek eginen diete men, eta, halakorik balitz, entitate laguntzaileek ere, halako moduan non derrigortuta egonen baitira laguntza zein Administrazio honek jasota izan ez eta aipatu eginkizunak gauzatuta organo eskudunak eskatzen ahal dien agiriak oro ematera. Horiek horrela, organo eskuduneko langileek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean aurreikusitako ahalmenak eta eginbeharrak izanen dituzte.

Betebehar hori betetzen ez bada, ulertuko da horri kontra, desenkusa, traba edo uko egiten zaiola, hori diru-laguntza itzularazteko zioa izan daitekeelarik, Ordenantza honetan aurreikusitako ondorioetarako, ezertan galarazi gabe kasuan-kasuan jar daitezkeen zehapenak.

51. artikulua. Finantza-kontrolaren prozedura.

Udal honek eta haren erakunde autonomoek emandako diru-laguntzen gaineko finantza-kontrola gauzatzeko eskumena Udalaren Kontu-hartzailetzari dagokio.

Onuradunen gainean eta, halakorik balitz, entitate laguntzaileen gainean finantza-kontrola gauzatzeko jarduketei hasiera emateko, jakinarazpena helaraziko zaie, eta bertan adieraziko, garatu beharreko jarduketen izaera eta helmena, Udalaren Kontu-hartzailetzaren eskuetan hasiera batean utzi behar den dokumentazioa eta beharrezkotzat jotzen den beste edozein alderdi. Onuradunek eta, halakorik balitz, entitate laguntzaileek argibideak jaso behar dituzte jarduketak hastearekin batera, horietan dituzten eskubideei eta betebeharrei buruz.

Jarduketa horiek 12 hilabeteko epean burutu behar dira, behin jarduketen hasiera jakinarazi eta hortik aitzina.

Onuradunen eta, halakorik balitz, entitate laguntzaileen gaineko finantza-kontroleko jarduketei buru emateko, kasuan kasuko txostena emanen da, non ageriko egintzak eta horietatik atera daitezkeen ondorioak jasoko baitira.

Txostenok kontrolaren xede izan diren onuradunei edo entitate laguntzaileei jakinaraziko zaizkie. Txostenaren kopia bat diru-laguntza Udalaren zein alor edo erakunde autonomo kudeatzailek eman eta horri igorriko zaio, bertan adierazita, behar izatera, itzultzeko eta zehatzeko espedienteak abiatzeko beharra.

Udalaren Kontu-hartzailetzak emandako txostenean diru-laguntza osorik edo hein batean itzultzea bidezko jotzen bada, Udalaren alor edo erakunde autonomo kudeatzaileak, aipatu txostena oinarri hartuta eta hilabeteko epean, itzultzeko espedienteari hasiera ematea erabaki beharko du, betiere honen berri onuradunari edo entitate laguntzaileari jakinaraziko diolarik. Horrek, bestalde, 15 eguneko epea izanen du, haren defentsarako egoki jotako alegazioak oro aurkezteko.

VI. TITULUA

Administrazioko arau-hausteak eta zehapenak, diru-laguntzen arloan. Zehapen-prozedura

52. artikulua. Arau-haustea zer den.

Diru-laguntzen arloko arau-hauste administratiboak Azaroaren 17ko Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean aipatutako egiteak eta ez egiteak dira, axolagabekeria hutsezkoak izanik ere zehatzen ahal direnak.

53. artikulua. Erantzuleak.

Ordenantza honen 8. artikuluaren 3. atalak aipatzen dituen pertsona fisiko nahiz juridikoak _publikoak zein pribatuak_ eta nortasunik gabeko entitateak izanen dira diru-laguntzen arloan arau-hauste administratiboen erantzuleak, dela egiteen dela ez-egiteen ondorioz arau-haustetzat hartutako kasuetan erortzen badira, eta bereziki ondokoetan:

a) Diru-laguntzen onuradunak eta ordenantza honen 8. artikuluaren 2. atalean eta 3. atalaren bigarren idatz-zatian aipatutako pertsonak zein entitateetako kideak, betiere diru-laguntzaren xede zein jarduera diren eta horiek gauzatzeko hartutako konpromisoaz denaz bezainbatean.

b) Entitate laguntzaileak.

c) Egintzarako gaitasunik ez duten onuradunen legezko ordezkaria.

d) Diru-laguntzaren xedearekin edo haren justifikazioarekin zerikusia duten pertsonak edo entitateak, baldin eta laguntzeko betebeharra badute, eta Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 46. artikuluan xedatutakoa betez eskatutako adina argiri eman behar badute, derrigorrean.

54. artikulua. Erantzukizunari aurre egiteaz salbuetsirik daudenak.

Ondoko kasuetan, diru-laguntzen arloan arau-haustetzat tipifikatu diren egintzek edo ez egiteek ez dute erantzukizun administratiborik sortuko:

a) Egintzarako gaitasunik ez dutenek eginak direnean.

b) Ezinbesteko kasua denean.

c) Erabakia anitzen artean hartua denean, beren botoa gorde dutenendako edo erabakia hartu zeneko bileran egon gabeendako.

55. artikulua. Jarduketen pilaketa, zigor-jurisdikzioarekin batera arituta.

1. Hartutako jokabidea delitu izan daitekeen kasuetan, jarduketak jurisdikzio eskudunaren esku utziko dira, eta zehapen-prozedura eten eginen da, epaileek epai irmoa eman, jarduketak largetsi edo artxibatu edo Ministerio Fiskalak espedientea itzuli arte.

2. Epaileek ezarritako zigorrak bazter utziko du administrazioko zehapena.

3. Deliturik atzematen ez bada, hasiera emanen zaio zehapen-espedienteari edo harekin jarraituko da, bidezko bada, epaitegiek frogatutzat juzkatu dituzten egitateak oinarri harturik.

56. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.

Ordenantza honen ondorioetarako, arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.

A) Arau-hauste arinak:

Arau-hauste arintzat hartzen da Ordenantza honetan eta azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako betebeharrak ez betetzea, arau-hauste horiek larriak edo oso larriak ez direnean, eta zehapena graduatzeko eragile ez direnean. Zehazki, ondoko portaerak dira arau-hauste arinak:

a) Hartutako funtsei emandako aplikazioa justifikatzeko kontuak epez kanpo aurkeztea.

b) Aurkeztutako justifikazio-kontuak zehaztugabeak edo osatugabeak izatea.

c) Artikulu honetako gainerako idatz-zatietan berariaz aurreikusi ez baina diru-laguntza jasotzearen ondorioz onuradunek bere gain hartu dituzten betebehar formalak ez betetzea.

d) Kontabilitateko edo Erregistroko betebeharrak ez betetzea, eta zehazki, ondokoak:

1. Eragiketa bat edo gehiago doitu edo egin gabe uztea, legeek galdatutako kontabilitate eta erregistroetan.

2. Ondokoak eraman edo gordetzeko betebeharra ez betetzea: kontabilitatea, legeek ezarritako erregistroak, horien euskarri gisa erabili beharreko informatika programak eta fitxategiak eta erabilitako kodifikazio-sistemak.

3. Jarduera eta ekonomia-ekitaldi berberari buruzko kontabilitate ezberdinak eramatea, horrek entitatearen benetako egoera ezagutzea galarazten duenean.

4. Kontuak, kasuan-kasuan nolakoak diren, haien esanahiez besteko batez erabiltzea, horrek diru-laguntzarik jaso duten jardueren errealitatea egiaztatzea oztopatzen badu.

e) Egiaztagiriak edo horien agiri baliokideak gordetzeko betebeharra ez betetzea.

f) Entitate laguntzaileek Ordenantza honen 12. artikuluan ezarritako betebeharrak ez betetzea, horiek artikulu honen gainerako ataletan berariaz aurreikusi ez direnean.

g) Finantzen kontrol-jarduketak saihestu edo ukatzea, edo haiei trabak eta eragozpenak jartzea.

B) Arau-hauste larriak

Ondoko portaerak dira arau-hauste larriak:

a) Ordenantza honek adierazitakorekin bat, organo emaileari edo entitate laguntzaileari xede bererako beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera nahiz baliabide batzuk lortu direla gaztigatzeko betebeharra ez betetzea.

b) Ezarritako baldintzak ez betetzea, diru-laguntza zertarako eman eta helburu horren funtsa arras aldatuta. Halakotzat joko dira diru-laguntza jaso duen jardueraren esparruan izaera politikoa edo erreibindikatiboa duten jarduerak egite hutsa zein, baita ere, esparru horretan halakoak toleratzea. Halaber, diru-laguntzaren helburuak ez direla bete iritziko zaio, egindako edo toleratutako ekitaldiak hiritarren askatasunaren kontrakoak badira eta Konstituzioa edo ordenamendu juridikoa urratzen badute.

c) Funts publikoak zertan erabili diren ez justifikatzea, behin hori egiteko ezarritako epea iragan eta gero.

d) Entitate laguntzailearen izaera eskuratzea, halakorik izateko oinarri erregulatzaileetan eskatutako betekizunak faltsuturik edo halakoa izatea eragotziko zuten baldintzak ezkutatuta.

e) Entitate laguntzaileak diru-laguntzak jasotzea zedarritzen duten baldintzak edo betekizunak benetan bete direla egiaztatzeko duen betebeharra ez betetzea, horrek diru-laguntza itzultzeko betebeharra sortzen duenean.

f) Europar Batasunak diru-laguntzei buruz emanak dituen arauetan arau-hauste larritzat jotako gainerako portaerak.

C) Arau-hauste oso larriak.

Ondoko portaerak dira arau-hauste oso larriak:

a) Diru-laguntza bat eskuratzea, hori hartzeko baldintzak faltsutuz, edo hura eragotzi edo murriztuko zutenak ezkutatuz.

b) Diru-laguntzaren xedeaz bestelako helburuetarako erabiltzea jasotako kopuruak, osorik edo hein batean. Halakotzat joko dira funtsak politika edo erreibindikazio xedeetarako aplikatzea, edo hiritarren askatasuna murriztu eta, oro har, ordenamendu juridikoaren kontrakoak diren jardueretarako.

c) Hurrenez hurren Ordenantza honen 11. artikuluaren 1. atalaren c idatz-zatian eta 12. artikuluaren 1. atalaren d idatz-zatian aurreikusitako kontrol jarduerak saihestu edo haiei uko egin edo trabak eta eragozpenak jartzea, baldin eta horren ondorioz ezin bada egiaztatu hartutako funtsak zertarako erabili diren, helburua lortu ote den, diru-laguntza jaso duten jarduerak benetan eta behar adinako maiztasunaz egin diren, edo xede bererako beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera nahiz baliabide batzuk lortu ote diren, Estatuko edo Europar Batasuneko edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribaturengandik edo nazioarteko erakundeengandik.

d) Dagokion deialdian aurreikusitako irizpideekin bat entitate laguntzaileek harturiko funtsak onuradunei ez ematea, halakorik egin behar dela ezarrita dagoenean.

e) Europar Batasunak diru-laguntzei buruz egindako arauetan arau-hauste oso larritzat jotako gainerako portaerak.

57. artikulua. Zehapenak, mailaketa eta zenbatekoa.

A) Zehapen motak:

1. Diru-laguntzen arloko arau-hausteak zehatzeko, diruzko zehapenak ezarriko dira, eta, bidezko denean, diruzko ez direnak.

2. Diruzko zehapenak isun finkoak edo proportzionalak izan daitezke. Diruzko isun proportzionala behar ez bezala lortu edo aplikatu eta justifikatu ez den kopuruaren gainean aplikatuko da.

Isun finkoa 75 eta 6.000 euro bitartekoa izanen da, eta isun proportzionalak behar ez bezala eskuratu edo aplikatu den edo justifikatu ez den kopuruak edo, entitate laguntzaileen kasuan, behar ez bezala aplikatu edo justifikatu diren funtsek zenbat jo eta halako hiru bitarte jotzen ahalko du.

Diru-isunak ez du Ordenantza honetan jasotako dirua itzultzeko beharra kentzen, eta hura kobratzeko, zuzenbide publikoko diru-sarreren kasuan aurreikusitako araubide juridikoa izanen da aplikagarri.

3. Diruzko ez diren zehapenak arau-hauste larrien edo oso larrien kasuan ezar daitezke, eta ondokoak izaten ahal dira:

a) Diru-laguntzak, laguntza publikoak eta abalak hartzeko aukerarik galtzea, gehienez ere bost urteko epean, Iruñeko Udalarengandik, horren erakunde autonomoengandik zein haren pean dauden gainerako erakunde publikoengandik.

b) Ordenantza honetan araututako diru-laguntzei dagokienez, entitate laguntzaile gisa jarduteko aukerarik ez izatea, gehienez ere bost urteko epean.

c) Iruñeko Udalarekin, horren erakunde autonomoekin zein haren pean dauden gainerako erakunde publikoekin kontratuak izenpetzeko debekua izatea, gehienez ere bost urteko epean.

B) Zehapenen mailaketa.

1. Arau-hausteek eragindako zehapenak kasuan-kasuan mailakatuko dira, betiere ondoko irizpideekin bat:

a) Diru-laguntzen arloan arau-hausterik egitea behin eta berriz. Hori gertatu dela ulertuko da arau-hauslea izaera bereko arau-hauste larria edo oso larria egiteagatik zehatu badute, administrazio-ebazpen irmoaren bitartez, arau-hauste berria egin eta lau urte lehenagoko epean. Hori arau-hauste larri edo oso larri batekin gertatzen bada, gutxieneko zehapenaren portzentajea 10 eta 75 puntu bitartean handituko da.

b) Ordenantza honen 11. artikuluaren 1. atalaren "c" idatz-zatian eta 12. artikuluaren 1. atalaren "d" idatz-zatian jasotako kontrol jarduerak saihestu edo haiei uko egin edo trabak jartzea. Hori arau-hauste larri edo oso larri batekin gertatzen bada, gutxieneko zehapenaren portzentajea 10 eta 75 puntu bitartean handituko da.

c) Diru-laguntzen arloko arau-haustea egitean iruzurrezko baliabideak erabiltzea.

Horiek horrela, ondokoak hartuko dira nagusiki iruzurrezko baliabidetzat:

1. Kontabilitatean eta legeek ezarritako erregistroetan anomalia nabarmenak egitea.

2. Faktura, egiaztagiri edo bestelako agiri faltsuak edo faltsutuak erabiltzea.

3. Beste pertsonak edo entitateak erabiltzea, horiek dirua jaso duten jardueren errealitatea egiaztatzea oztopatzen badute.

Hori arau-hauste larri edo oso larri batekin gertatzen bada, gutxieneko zehapenaren portzentajea 20 eta 100 puntu bitartean handituko da.

d) Administrazioari jasotako diru-laguntza zertan aplikatu den egiaztatzeko beharrezko datuak ezkutatzea, dela frogatzeko behar den dokumentazioa ez aurkezteagatik dela dokumentazio osatu edo zehaztu gabea aurkezteagatik. Hori arau-hauste larri edo oso larri batekin gertatzen bada, gutxieneko zehapenaren portzentajea 10 eta 50 puntu bitartean handituko da.

e) Berandu ibiltzea betebehar formalak betetzean.

2. Mailakatze-irizpideak aldi berean aplika daitezke. Bestalde, e) idatz-zatian ezarritako irizpidea arau-hauste arinek eragindako zehapenak mailakatzeko bakarrik erabiliko da.

3. Aurreko ataletan jasotako mailakatze-irizpideak ezin izanen dira erabili arau-haustea larritzeko, baldin eta portaera arau-hauslearen deskribapenean badira edo arau-haustearen beraren parte badira.

4. Arau-hausle bat eta berari diru-laguntza bakoitzeko ezarritako zehapen arinen zenbatekoak ez du gaindituko, osotara, hasiera batez emandako diru-laguntzaren zenbatekoa.

5. Arau-hausle bat eta berari diru-laguntza bakoitzeko ezarritako zehapen larrien eta oso larrien zenbatekoak ez du gaindituko, osotara, behar ez bezala eskuratu edo aplikatu den edo justifikatu ez den kopuruaren, edo, entitate laguntzaileen kasuan, behar ez bezala aplikatu edo justifikatu diren funtsen halako hiru.

C) Zehapenak, arau-hauste arinak egiteagatik.

1. Arau-hauste arin bakoitzak 75etik 900 euro bitarteko zehapena izanen du, hurrengo atalean xedatutakoaren kasuan izan ezik.

2. Ondoko arau-hausteak, kasuan-kasuan, 150 eta 6.000 euro bitarteko isunaz zehatuko dira:

a) Eragiketa bat edo gehiago doitu edo egin gabe uztea, legeek galdatutako kontabilitate eta erregistroetan.

b) Kontabilitatea eta legeek ezarritako erregistroak eramateko betebeharra ez betetzea.

c) Jarduera bat eta berari buruzko kontabilitate ezberdinak eramatea, eta horrek entitatearen benetako egoera ezagutzea eragoztea.

d) Kontuak, kasuan-kasuan nolakoak diren, haien esanahiez besteko batez erabiltzea, horrek diru-laguntzarik jaso duten jardueren errealitatea egiaztatzea oztopatzen badu.

e) Kontrol-organoek eskatutako frogak eta agiriak ez aurkeztea edo horiek behar ez bezala ez erakustea.

f) Entitate laguntzaileek Ordenantza honen 12. artikuluan ezarritako betebeharrak ez betetzea.

g) Ordenantza honek aipatzen dituen laguntzeko betebeharrari eta dokumentazioa ematekoari loturik dauden pertsonek edo entitateek betebehar horiek ez betetzea, horrek berekin badakar onuradunak edo entitate laguntzaileak emandako informazioa egiaztatzeko ezintasuna.

D) Zehapenak, arau-hauste larriak egiteagatik

1. Arau-hauste larriak behar ez bezala eskuratu edo aplikatu den edo justifikatu ez den kopuruak, edo entitate laguntzaileen kasuan, behar ez bezala aplikatu edo justifikatu diren funtsek zenbat jo eta halako bi bitarte jotzen ahal duen diruzko isunarekin zehatuko dira.

2. Arau-hauste larriari dagokion kalte ekonomikoaren zenbatekoak emandako diru-laguntzaren edo entitate laguntzaileek jaso dituzten kopuruen %50 baino gehiago jotzen badu, eta kopuru hori 30.000 euro baino gehiago bada, betiere Ordenantza honen 57. artikuluaren B letraren 1. atalaren b eta c letretan aurreikusitako inguruabarren bat gertatzen delarik, arau-hausleek hori ez ezik ondoko zehapenak ere jasotzen ahalko dituzte:

a) Iruñeko Udalarengandik, horren erakunde autonomoengandik eta haren pean dauden gainerako erakunde publikoengandik diru-laguntzak, laguntza publikoak eta abalak hartzeko aukerarik ez izatea, gehienez ere hiru urteko epean.

b) Iruñeko Udalarekin, horren erakunde autonomoekin eta haren pean dauden gainerako erakunde publikoekin kontratuak izenpetzeko debekua izatea, gehienez ere hiru urteko epean.

c) Ordenantza honetan araututako diru-laguntzei dagokienez, entitate laguntzaile gisa jarduteko aukerarik ez izatea, gehienez ere hiru urteko epean.

D) Zehapenak, arau-hauste oso larriak egiteagatik

1. Arau-hauste oso larriak behar ez bezala eskuratu edo aplikatu den edo justifikatu ez den kopuruak, edo entitate laguntzaileen kasuan, behar ez bezala aplikatu edo justifikatu diren funtsek zenbat jo eta halako bitik hirura bitarte jotzen ahal duen diruzko isunarekin zehatuko dira.

Dena dela, ez dira zehatuko Ordenantza honen 56. artikuluaren C) atalaren "b" eta "d" letretan jasotako arau-hausteak, baldin eta arau-hausleek kopuruak zein ordura arte sortutako berandutzako interesak itzuli badituzte, aurretik errekerimendurik egin gabe.

2. Arau-hauste larriari dagokion kalte ekonomikoaren zenbatekoa 30.000 euro baino gehiago bada, betiere Ordenantza honen 57. artikuluaren B letraren 1. atalaren "b" eta "c" letretan aurreikusitako inguruabarren bat gertatzen delarik, arau-hausleek, hori ez ezik, ondoko zehapenak ere jasotzen ahalko dituzte

a) Iruñeko Udalarengandik, horren erakunde autonomoengandik eta haren pean dauden gainerako erakundeengandik diru-laguntzarik, laguntza publikorik zein bermerik eskuratzeko aukera galtzea, gehienez ere bost urteko epean.

b) Iruñeko Udalarekin, horren erakunde autonomoekin eta haren pean dauden gainerako erakunde publikoekin kontratuak izenpetzeko debekua izatea, gehienez ere bost urteko epean.

c) Legean araututako diru-laguntzei dagokienez, entitate laguntzaile gisa jarduteko aukerarik ez izatea, gehienez ere bost urteko epean.

58. artikulua. Arau-hausteen eta zehapenen preskripzioa.

1. Zehapenak lau urteren buruan preskribatuko dira, arau-haustea gauzatu den egunetik hasita.

2. Zehapenak lau urteren buruan preskribatuko dira, zehatzeko ebazpena noiz irmo bihurtu eta biharamunetik hasita kontatuta.

3. Preskripzio epea Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1.992 Legearen 132. artikuluak ezarritakoarekin bat etengo da.

4. Preskripzioa administrazioaren kabuz aplikatuko da, zertan galarazi gabe interesdunak preskripzioaren deklarazioa eskatu ahal izatea.

59. artikulua. Zehapen-prozedura eta zehapenak ezartzeko organo eskuduna.

1. Diru-laguntzen arloko zehapenak ezartzeko, administrazio-espedientea zabalduko da, eta bertan, edozein modutan, interesdunei entzunen zaie, dagokion erabakia hartu aurretik; espedientea Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen IX. tituluaren II. kapituluan ezarritakoarekin bat tramitatuko da.

2. Prozedura administrazioaren kabuz hasiko da, organo emaileak edo entitate laguntzaileak egindako egiaztapen-jardueraren ondorioz, bai eta Ordenantza honetan aurreikusitako finantza-kontroleko jarduketen ondorioz ere.

3. Zehapenak ezartzeko eskumena Tokiko Gobernu Batzarrari dagokio.

4. Zehapenak ezartzeko erabakiek buru emanen diote Administrazio-bideari.

60. artikulua. Arau-hausteak egiteak sortutako erantzukizunaren iraungitzea.

Arau-hausteek sortzen duten erantzukizuna zehapena ordaindu edo betetzean iraungitzen da, edo, bestela, preskripzioz edo heriotzaz.

61. artikulua. Erantzukizunak.

1. Ordenantza honen 8. artikuluko 3. atalean aipatutako entitateetako kide, partaide edo titularkideek erantzun solidarioa emanen diote diru-zehapenari, bakoitzak bere partaidetzaren neurrian, haien entitatea ondasun komunitate bat edo beste edozein motatako unitate ekonomiko edo ondare bereizia izanez gero.

2. Merkataritza-sozietateen administratzaileek eta lege edo estatutuetako xedapen aplikagarrien arabera beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenek diru-zehapenaren erantzukizun subsidiarioa izanen dute, ez badituzte egiten haien esku dauden egintzak, bete gabeko betebeharrak bete daitezen, edo horiek ez betetzea ahalbidetzen duten erabakiak hartzen badituzte, edo haien menpekoen ez-betetzeak eragozten ez badituzte.

3. Desegin eta likidatutako sozietate edo entitateen kasuan, legeak bazkide, partaide edo titularkideen ondare-erantzukizuna mugatzen badu, zehapen burutu gabeak horiei pasatuko zaizkie, eta, horrenbestez, zehapena betetzeko betebehar solidarioa izanen dute, esleitu zaien edo esleitu behar zitzaien likidazio kuotaren balioa muga izanen dutela.

4. Desegin eta likidatutako sozietate edo entitateen kasuan, legeak ez badu mugatzen bazkide, partaide edo titularkideen ondare-erantzukizuna, zehapen burutu gabeak horiei pasatuko zaizkie, eta, horrenbestez, zehapena betetzeko betebehar solidarioa izanen dute.

Xedapen gehigarria._Datozen ekitaldietako aurrekontuak ukitzen dituzten diru-laguntzen arloko gastuak onesteko aukeraz bezainbatean, aurrekontuari buruzko araudian ezarritakoari lotuko zaio.

Xedapen indargabetzailea._2005. urterako Udalaren Aurrekontua Betetzeko Oinarrien 5. tituluaren (Gastuak) 8. atala (Diru-laguntzak ematea) indargabetzen da, Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egin edo hori ezeztatzen duen orotan.

Lehen azken xedapena._Ordenantza orokor honetan aurreikusi ez den orotan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatutakoa izanen da aplikagarri.

Bigarren azken xedapena._Uztailaren 2ko Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoarekin bat, Erregelamendu Organiko honek ez du ondorio juridikorik izanen bere testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta harik eta Estatuko nahiz Foru Komunitateko Administrazioak toki entitateei, beren ekintza nahiz erabakiak ezeztatzeko errekerimendua egiteko epea iragaten den arte.

Iragarkiaren kodea: L0602240