153. ALDIZKARIA - 2006ko abenduaren 22a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Eskaintza Publikoa, oposizioak eta lehiaketak

EBRO KIROL MANKOMUNITATEA

Deialdia, Ebro Kirol Mankomunitateko administrari-ofiziala izateko lanpostu bat, C mailakoa, oposizio murriztuaren bidez betetzeko

ARAUAK

1._Arau orokorrak.

Deialdi honen helburua da Ebro Kirol Mankomunitateko administrari-ofiziala izateko lanpostu bat, oposizio murriztuaren bidez betetzea.

Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko 15.6 artikuluan ezarritakoari jarraikiz egin da hautapen proba murriztu honetarako deia, egitekoen egokitzapena dela-eta.

Hautapen probak gainditurik, deialdiko lanpostua betetzeko izendatua gertatzen den pertsona C maila edo taldean egokituko da, eta plantilla organikoan nahiz gainerako xedapen aplikagarrietan ezarrita dauden lansari eta osagarriak hartuko ditu.

Maila igotzeko proba hauetan parte hartzeak ez du ezertan aldatuko langileak izendapenaren aurretik zuen funtzionarioen edo lan kontratudunen araubide juridikoa. Eskubide pasiboen eta osasun laguntzaren araubide berari ere eutsiko dio.

Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunek noiznahi aldatu ahalko dute.

2._Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Ebro Kirol Mankomunitateko langile finkoa izatea, administrari-laguntzaile lanpostu baterako izendatua izanik.

b) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea, honako sustapen honetara aurkeztu baino lehenagoko lanpostuan.

c) Bestela, Batxilergo, Bigarren Mailako Lanbide Heziketa edo titulu baliokideren bat izatea, edo Administrazio Publikoetan aitortutako zortzi urteko antzinatasuna frogatzea.

2.2. Eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunerako bete beharko dira aipatutako baldintzak, eta hautaketa bide osoan beharko dira bete, izendatzeko unera arte.

3._Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak, deialdi honetako eranskineko ereduaren arabera beteta, Ebro Kirol Mankomunitatearen erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira, hogeita hamar egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunetik hasita. Eskabidearekin batera Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko da, bai eta deialdiko 2.1.c) oinarrian eskatzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten agiriak ere.

4._Izangaien onarpena.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, mahaiburuak ebazpena emanen du onartuen eta, halakorik bada, baztertuen behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko.

4.2. Izangai bazterturik bada, horiek hamar eguneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta akatsak, halakorik bada, zuzentzeko.

4.3. Aipatutako epe hori bukatu eta erreklamazioak ebatzi ondoren, mahaiburuak ebazpena emanen du eta onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

5._Epaimahaia.

5.1. Honako hauek osatuko dute epaimahaia:

Mahaiburua: Germán Espinosa Jiménez jauna, Mankomunitateko burua.

Ordezkoa: mahaiburuak zendatuko du.

Mahaikidea: Alfonso Mateo Miranda jauna, Mankomunitateko kirol teknikaria.

Ordezkoa: titularrak izendatuko du.

Mahaikidea: Sonia Mateo Ortega andrea, Castejongo Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: titularrak izendatuko du.

Mahaikidea: Alfredo Hernández Oscóz jauna, Milagroko Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: titularrak izendatuko du.

Mahaikide idazkaria: Raquel García Pérez andrea, Mankomunitateko idazkaria.

Ordezkoa: titularrak izendatuko du.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta aritu ere, bere kideen gehiengoa biltzen ez bada.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sortzen diren afera guztiak.

5.4. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izaten ahalko du proba guztietarako nahiz batzuetarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta horietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6._Oposizioa nola eginen den.

6.1. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratzean adieraziko da non, noiz eta zein egunetan hasiko den oposizio-lehiaketa.

Gero epaimahaiak, behar den garaian, hurrenez hurren eta arauzko eran iragarriko ditu gainerako probak.

6.2. Oposizioaldian ariketa hauek izanen dira:

a) Lehen ariketa: idatziz erantzun behar zaio galdetegi teoriko-praktiko bati edo galdera laburrei, Mankomunitatearen estatutuen eta informatikaren gainean (Windows, Excel, Word, Access).

b) Bigarren ariketa: deialdiko lanpostuan erabili beharreko lanabes informatikoen gaineko proba praktikoa izanen da, edota kasu praktiko bat, lanpostuaren eginkizunen gainean.

6.3. Oposizioko ariketak ez dira baztertzaileak izanen, eta 60 puntu eskuratu ahalko dira, gehienez, honela banaturik:

_Lehenbiziko ariketa: Gehienez ere 20 puntu.

_Bigarren ariketa: Gehienez ere 40 puntu.

6.4. Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da. Horretara Nortasun Agiri Nazionala, gidabaimena edo epaimahaiak askiesten duen beste nortasun agiri bat gainean dutela joan beharko dute izangaiek. Azterketara agertzen ez direnak edo arestian aipatutako agirietako baten bidez haien nortasuna egiaztatzen ez dutenak oposiziotik baztertuko dira.

7._Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta izendapen proposamena.

7.1. Azkeneko ariketa kalifikatu ondotik, epaimahaiak probak gainditu dituztenen zerrenda, erdietsitako puntuazio osoaren araberakoa, emanen du aditzera; horretarako batuko ditu izangai bakoitzak oposizioaldiko ariketetan erdietsitako puntuak; zerrenda horrekin batera puntuaziorik altuena erdietsi duen izangaiaren aldeko izendapen proposamena ere emanen du. Proposamen hori Mankomunitatearen iragarki oholean argitaratuko da.

7.2. Proposatutako izangairen batek espresuki uko egiten badio bere izendapenari, ulertuko da izendapen proposamenean sartzen dela gainditu dutenen zerrendako hurrengoa edo hurrengoak.

8._Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Hautapen prozesua amaitutakoan, Mankomunitateko buruak, ebazpenaren bidez, proposatutako izangaia izendatu eta izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko agindua emanen du.

8.2. Izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeak ondorio ekonomiko zein administratiboak sorraraziko ditu, eta egun horren ondokoa kargua hartzeko unetzat joko da, ondorio guztietarako, berariazko egintza egiteko beharrik gabe.

9._Errekurtsoak.

9.1. Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Legeria orokorrean ezarritako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, arlo horretako bereko organo eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita, organo egileari aldez aurretik errekurritzeko asmoa dagoela adierazita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

9.2. Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Mankomunitateko buruari zuzendua, hilabeteko epean errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi ondoan.

Castejonen, 2006ko azaroaren 15ean._Mankomunitateko burua, Germán Espinosa Jiménez.

ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena ......................................, N.A.N. ........................................, telefonoa ........................., helbidea ..........................

Azaltzen dut:

Ebro Kirol Mankomunitateak onetsi baitu administrari-ofiziala izateko lanpostu bat oposizio murriztuaren bidez betetzeko deialdia,

Adierazten dut:

Haren 2. oinarrian eskatzen diren baldintza guzti-guztiak betetzen ditudala, eskabide honi erantsitako ziurtagiriarekin eta dokumentazioarekin egiaztatzen dudanez.

Eskatzen dut:

Aipatu deialdian onartua izatea, hauta-probetan parte hartu ahal izateko.

(Tokia, eguna eta sinadura)

Iragarkiaren kodea: L0618622