153. ALDIZKARIA - 2006ko abenduaren 22a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Eskaintza Publikoa, oposizioak eta lehiaketak

ETXAURI

Deialdia, zerbitzu anitzetako enplegatu izateko lanpostu bat, D mailakoa, betetzeko Etxauriko Udaleko E mailako funtzionarioen arteko oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez, plantillako lanpostu kopurua handitu gabe

1. oinarria._Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da zerbitzu anitzetako enplegatu izateko funtzionario lanpostu bat D mailakoa, betetzea Etxauriko Udaleko E mailako udal funtzionarioen arteko oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.6 artikuluaren babesean.

1.2. Deialdi honetan izendatuko den izangaia, lanpostuaren jabetza hartzen dutenetik aitzina, zerbitzu anitzetako D mailako enplegatu izanen da, eta anarteraino zuen lanpostua bertzerik gabe amortizatuko da.

1.3. Lanpostuaren lansariak D mailari dagozkionak izanen dira, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Funtzionarioen Estatutuari buruzko 251/1993 Dekretuari jarraikiz, eta horri Udalaren plantilla organikoan ezarritako osagarriak gehituko zaizkio.

1.4. Maila igotzeko proba hauetan parte hartzeak ez du deusetan aldatuko langileak igoeraldi honen aurretik zuen lanpostuaren adskripzioa, ez eta araubide juridikoa ere. Gizarte segurantzaren eta osasun laguntzaren araubide berari ere kontuko dio.

1.5. Lanaldi osoa bete beharko da, eta zerbitzuaren beharretara egokiturik, administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko baitute.

1.6. Lanpostua eskuratzen duenak egin beharreko egitekoak, bere mailari eta kategoriari dagozkienak izanen dira. Udal alor berari atxikita jarraituko du, berak zituen egitekoak eginez, maila berria edo laneko jardun berriaren ondoriozkoez gain, eta eskatzen zaizkion guztiak, betiere bere maila administratiboari badagozkio.

2. oinarria._Izangaien betebeharrak.

2.1. Honako oposizio honetan onartua izan dadin, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, honako baldintza hauek bete beharko ditu izangaiak:

a) Etxauriko Udalaren zerbitzuko E mailako funtzionarioa izatea.

b) Etxauriko Udalean igoeran jartzen den lanposturako izendapena jabetzan izatea.

c) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea, honako sustapen honetara aurkeztu baino lehenagoko lanpostuan.

d) Bortz urteko antzinatasun aitortua izatea Etxauriko Udalean.

e) Eskola Graduatuko titulua, Lanbide Heziketako Lehen Mailako titulua edo horien baliokidea izatea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko maneran egotea.

Titulazioaren baldintza betetzen ez denean, horren ordain izan daiteke Nafarroako Administrazio Publikoetan zortzi urteko zerbitzuak benetan egin dituela egiaztatzea.

f) Eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izatea.

g) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

2.2. Eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunerako bete beharko dira aipatutako baldintzak, eta hautaketa bide osoan beharko dira bete, izendatzeko unera arte.

3. oinarria._Eskabideak.

3.1. Eskabideak Etxaurriko Udaleko erregistro orokorrean aurkeztuko dira 30 naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak deialdi honetako ereduari lotuko zaizkio (I. eranskina).

3.2. Eskabidearekin batera Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko da, bai eta deialdiko 2.1. oinarrian eskatzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten agiriak ere.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

4. oinarria._Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Etxauriko Udaleko alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Etxauriko Herriko Etxeko iragarki oholean eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, zuzenketak egiteko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzi ondotik, alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

Ebazpen horretan berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

Inork ez badu alegaziorik aurkezten, behin-behineko zerrenda behin betiko bihurtuko da.

5. oinarria._Epaimahaia.

5.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

Mahaiburua: José Javier Erro Larrea, Etxauriko Udaleko alkatea.

Ordezkoa: Emilio Satrústegui Aizcorbe, Etxauriko Udaleko zinegotzia.

Lehen mahaikidea: Josu Aingeru Taniñe Alzórriz, Etxauriko Udaleko alkateordea.

Ordezkoa: Juan Manuel Inchaurrandieta Salaberría, Etxauriko Udaleko zinegotzia.

Bigarren mahaikidea: Juan Bautista Juániz Ugalde, Etxauriko Udaleko zinegotzia.

Ordezkoa: M. Esther Rodríguez Avila, Etxauriko Udaleko zinegotzia.

Hirugarren mahaikidea: Julio Ariz Larumbe, Oltza Zendeako Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatua.

Ordezkoa: Francisco Carlos Aldaya Goldaraz, Orkoiengo Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatua.

Laugarren mahaikidea: Mikel Alemán Astiz, arkitekto teknikoa.

Ordezkoa: Laureano Sánchez Casafranca, ingeniari teknikoa.

Idazkaria: Luis M. Díaz de Cerio Yañiz, Etxauriko Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Isabel Irisarri Uriz, Oltza Zendeako Udaleko idazkaria.

5.2. Izangaiek epaimahaiko kideak ezesten ahalko dituzte, Administrazio Prozedurari buruzko Legean aurreikusitako modu eta baldintzetan.

5.3. Hautaprobak egiten hasi aitzin eratuko da epaimahaia. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta dagozkionetan aritu ere, bere kideen gehiengoa bertan ez bada.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sortzen diren afera guztiak.

Halaber, oposizioaren azterketako proba guztiak edo horietako batzuk zuzentasunez egin daitezen, beharrezkotzat jotzen diren barneko jardun-arauak ebazteko ahalmena izango du, betiere deialdian azaltzen diren oinarriei egokituz.

6. oinarria._Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.

6.2. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da probak zein toki, egun eta ordutan izanen diren.

Ondoren, epaimahaiak gainerako probak egiteko iragarkiak jakinaraziko ditu, erregelamenduz egin behar den gisan.

7. oinarria._Lehiaketaldia.

7.1. Epaimahaiak izangaiek alegatutako merezimenduak, behar bezala egiaztatuak, baloratuko ditu, ondoko baremoaren arabera. Epaimahaiak noiznahi eskatu ahalko ditu izangaiek alegatutako merezimenduen gaineko argibide zein datu osagarriak.

7.2. Merezimenduen baremoa:

a) Administrazio publikoetan, zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostuan emandako urte bakoitzetik, 3 puntu, eta gehienez ere 15 puntu. Urte bat baino gutiago iraun duten zerbitzualdietan, lan egindako aldiaren heinekoa izanen da puntuazioa.

b) Lanpostuaren betekizunei loturik dauden gaiei buruzko prestakuntza eta sakontze ikastaroetan parte hartu izanaren titulu-egiaztagiri bakoitzeko:

Zortzi ikastordu edo zatiki bakoitzeko, puntu bat; eta gehienez ere, 12 puntu.

c) Bertze titulazio batzuk: B motako gidabaimena, indarrean: 3 puntu.

7.3. Lehiaketa da baztergarria izanen, eta gehienez ere 30 puntu eskuratzen ahalko dira.

8. oinarria._Oposizioaldia.

8.1. Oposizioaldian ariketa hauek izanen dira:

a) Lehen ariketa: galdeketa teoriko-praktikoa, erantzun-aukera batzuk emanda, idatziz egin beharko dena, deialdi honen II. eranskineko gaiari buruz. Lehen Hezkuntzako 6. kurtsoari dagokion jakite-maila eskatuko da.

b) Bigarren ariketa: galdeketa teoriko-praktikoa, hau ere erantzun-aukera batzuk emanda, idatziz egin beharko dena, deialdi honen III. eranskineko gaiari buruz. Lehen Mailako Lanbide Heziketako jakite-maila eskatuko da.

8.2. Oposizioko ariketak baztertzaileak izanen dira, eta 70 puntu eskuratzen ahalko dira, gehienez, honela banaturik:

Lehen ariketa: Gehienez ere 35 puntu.

Bigarren ariketa: Gehienez ere 35 puntu.

Bi ariketak batuta 35 puntu lortzen ez dituzten izangaiak oposiziotik kanpo geldituko dira.

8.3. Oposizioko bi ariketak egun berean eginen dira, bata bertzearen ondotik. Epaimahaiak, probak hasi baino lehen, bi proba horietako bakoitzaren gehieneko iraupena finkatuko du.

8.4. Probak dei bakarrean eginen dira, eta izangaiek Nortasun Agiri Nazionala eraman beharko dute edo, bestela, epaimahaiaren iritziz onargarria den bertze nortasun agiriren bat. Oposiziotik kanpo geldituko dira agertzen ez direnak.

8.5. Mahaikide bakoitzak bere kalifikazioa emanen du eta guztien banaz-bertzekoa izanen da ariketaren puntuazioa.

8.6. Azken balorazio edo kalifikazioa zein den jakiteko, oposizioaldiko ariketa guztietako puntuazioak eta lehiaketaldikoak batu eginen dira.

9. oinarria._Probak gainditu dituztenen zerrenda, epaimahaiaren proposamena eta agirien aurkezpena.

9.1. Azken ariketaren kalifikazioa emanda, epaimahaiak jendaurrean paratuko du Udaletxeko iragarki oholean oposizioa gainditu dutenen zerrenda, lortu duten puntuazio osoaren araberakoa.

9.2. Epaimahaiak organo eskudunari bidaliko dio puntuaziorik altuenak lortu dituzten lehiakideak izendatzeko proposamena. Aipatu proposamena Udalaren iragarki oholean eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean emanen da argitara.

10. oinarria._Izendapena eta jabetza hartzea.

10.1. Deialdi honek aipatzen duen hautapen prozesua buruturik, alkateak, ebazpen baten bidez, D mailako funtzionario izendatuko du, Etxauriko Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostuan ari dadin, epaimahaiak proposaturiko izangaia.

10.2. Izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean emanen da argitara eta ondorio ekonomiko eta administratiboak sortuko ditu ebazpen honen egunetik aitzinera.

10.3. Izendatuak egun horretan lanpostuaren jabetza hartzen ez badu, ezinbertzekoetan salbu, Etxauriko Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatua izateko eskubide guztiak galduko ditu.

10.4. Deialdi honetan aurreikusi ez den orotan, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko uztailaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Erregelamenduan eta horrekin bat heldu diren xedapenetan xedatutakoari jarraituko zaio.

11. oinarria._Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkezten ahalko da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena ........................., adinez nagusia, N.A.N. zenbakia ........, jaioteguna ................., jaioterria ....................... (............), bizilekua ......................... (.........), karrika .............., zenbakia ..........., posta kodea ........, telefonoa ..........,

Zure aitzinean agertu eta azaltzen dut:

Sinatzen baitut, neure ardurapean aditzera ematen dut baldintza guztiak betetzen ditudala zerbitzu anitzetako enplegatu izateko lanpostu bat, D mailakoa, Etxauriko Udaleko E mailako funtzionarioen arteko oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko deialdian parte hartzeko.

Karguan aritzea galarazten didan eritasun edo akats fisiko edo psikikorik ez dudala.

Indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik ez dudala.

Deialdi honetan parte hartzeko 2.1 oinarriak eskatzen dituen agiriak, titulua barne, aurkezten ditudala.

Horrenbertzez,

Eskabidea modu eta tenorezaurketutzat jotzeko eskatzen dut eta, beraz, Etxauriko Udalean E mailatik D mailara , oposizio bidez eta barne igoera murriztua eginez, igotzeko deialdian onartua izan dadila eskatzen dut.

Etxaurin, 2006ko .............aren ............(e)an.

(Sinadura)

ETXAURIKO UDALEKO ALKATE JAUNA.

II. ERANSKINA

Kultura orokorreko gaiak

II.1._Komunikazio arloa:

1._Erabilera ohizkoa duten idazkiak (informatiboak, literarioak,...) ulertzea, ideia nagusien eta hauen arteko harremanen laburpena. Testu mota ezberdinei dagozkien oinarrizko alderdi batzuk aztertzea (egitura, hiztegia, puntuazio ikurrak...).

2._Mota ezberdinetako testu errazak egitea (narrazioak, deskripzioak, elkarrizketak, txostenak...) dagokion testu egitura erabiliz, ortografi arauak betez eta testuari batasuna ematen dioten oinarrizko prozedurak (loturak, aditz denbora, puntuazio ikurrak...) erabiliz.

3._Sinboloak, irudiak, planoak eta grafiko sinpleak ulertzea.

4._Ordena alfabetikoa ongi ezagutzea, hiztegia, gida, telefonoa, zerrendak..., erraztasunez erabiltzeko.

5._Inprimakiak, galdera sortak eta formulario sinpleak ulertu eta betetzea: NAN, telegramak, igorpenak, bankuko agiriak, eskabideak...

II.2._Matematika arloa:

1._Zenbaki natural eta hamartarrak irakurri, idatzi eta ordenatzea.

2._Eguneroko bizitzan aurkitzen ditugun arazo txikiak konpontzea oinarrizko lau eragiketak (batuketa, kenketa, biderkaketa eta zatiketa) erabiliz, zenbaki naturalekin zein hamartarrekin.

3._Luzera, azalera, masa, kapazitate eta denbora neurriak. Multiplo eta azpimultiplo erabilienak. Unitateen konbertsioa.

4._Irudi lau eta gorputz geometriko ezagunenak bereiztea. Oinarrizko osagaiak (aldea, angelua, erpina, aurpegia, oinarria eta altuera) zein diren jakitea.

II.3._Ingurune sozialaren eta naturalaren arloa:

Etxauriko Udalaren egitura eta haren gobernu organoak.

III. ERANSKINA

Lanbide arlo batzuen eduki teoriko-praktikoei buruzko gaiak, eraikinen mantentzeari eta konponketa lan errazei lotuak

Oinarrizko elektrizitatea.

Argiketarien oinarrizko lanabesak ezagutu, erabili eta mantentzea. (bihurkinak, aizturrak, aliketak, ...).

Banaketa koadroak eraikinetan. (potentzia-kontroleko etengailua, etengailu magnetotermikoak, diferentzialak).

Soinu-zirkuituak. (pultsadoreak, txirrinak).

Oinarrizko argi-zirkuituak. (etengailuak, konmutadoreak, entxufe-oinak, lurreko hartzearekin eta gabeak, lanparak).

Fluoreszente-argien zirkuituak. (pitzarazgailuak, erreaktantziak, lanpara fluoreszenteak).

Zirkuitu bereziak. (alarmak, larrialdietako argiak).

Segurtasun neurriak. Konpontze lanetan hartu beharreko arreta.

Oinarrizko mekanika-Metal arotzeria.

Mekanikarien oinarrizko lanabesak ezagutu, erabili eta mantentzea (mailuak, bihurkinak, giltza mota batzuk, zerrak, eskuko zulagailua...)

Sarrailagintzako oinarrizko eragiketak (ate eta leihoak doitzea, sarrailak eta bonbinak, metalezko ekipamenduaren mantentzea).

Segurtasun neurriak. Konpontze lanetan hartu beharreko arreta.

Iturgintza-Berokuntza

Iturginaren oinarrizko lanabesak ezagutu, erabili eta mantentzea.

Iturgintzako instalazioak mantentzea (komunak, txorrotak, tangak, sifoiak)

Berokuntzako instalazioak mantentzea. (zirkuituak, airez bete eta purgatzea. Erradiadoreak. Galdara gelak, elementu garrantzitsuak).

Segurtasun neurriak. Konpontze lanetan hartu beharreko arreta

Zurgindegia.

Zurginaren oinarrizko lanabesak ezagutu, erabili eta mantentzea (mailuak, zerrak, trintxak, zulagailu elektrikoa, ... eta bertzelakoak, hala nola lizpaperak, itsasgarriak...).

Zurgintzako oinarrizko eragiketak. (ate eta leihoak doitzea. Sarrailak eta ponpatxoak. Pertsianak: motak, mantentzea eta konponketa).

Segurtasun neurriak. Konpontze lanetan hartu beharreko arreta.

Etxaurin, 2006ko azaroaren 17an._Alkatea, José Javier Erro Larrea.

Iragarkiaren kodea: L0618713