153. ALDIZKARIA - 2006ko abenduaren 22a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ABLITAS

Laborantzako herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza

Ablitasko Udalak, 2005eko urriaren 14ko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Laborantzako herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza, bere baitan biltzen dituena ureztalur bihurtuko diren herrilurrak aprobetxatzeko xedapen berariazkoak

Ordenantza jendaurrean jarri zen 2005eko 140. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, azaroaren 23an, argitaratutako iragarkiaren bidez, eta ondoren, Nafarroako Gobernuak ere onetsi zuen, 2006ko irailaren 18ko erabakiaren bitartez.

Jendaurreko epean ez da alegaziorik aurkeztu eta, Udalaren 2006ko azaroaren 3ko erabakiaren bitartez, behin betikoz onetsi da aipatu ordenantza; hortaz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ondorio juridikoak izan ditzan, batera eman behar dira argitara onespen erabakia eta behin betiko testua, 2005eko urriaren 14ko osoko bilkuran hartu erabakia barne, aplikatzeko baldintza zehatz batzuk jaso baitziren bertan.

Aditzera ematen da orok jakin dezan eta aipatu ondorioak sor ditzan.

Ablitasen, 2006ko azaroaren 10ean._Alkatea, Luis María Sada Enériz.

ABLITASKO LABORANTZAKO HERRILURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honek Ablitasko udal mugapeko herrilurretako ondasunen administrazioa, xedapen egintza, defentsa, berreskurapena eta aprobetxamendua erregulatzen dituzten arauak ezartzea du xede.

2. artikulua. Herrilurretako ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herrilurretako ondasunak besterenduezinak, preskribaezinak eta bahitezinak dira, eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Haien izaerak eta tratamendu juridikoak ez dute aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Herrilurretako ondasunen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herrilurren ordenantza hau eta, bertzenaz, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren idatz-zatian xedatutakoa deusetan galarazi gabe.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen egintzak

5. artikulua. Herri ondasunen gaineko ahalmenak, dela haien erabileraz, dela administrazioaz, dela aprobetxamenduaren araubideaz, dela antolamenduaz den bezainbatean, Ablitasko Udalari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den gisan.

Herrilurretako ondasunen inguruan Ablitasko Udalak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aitzinetik Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Ablitasko Udalak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela bertze bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasuneko aukerak.

Herrilurretako ondasunak desafektatu ondotik bertze batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Ablitasko Udalaren ondarera itzuliko lirateke herrilurretako ondasun gisa.

Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

III. TITULUA

Herrilurretako ondasunak zaindu eta berreskuratzea

7. artikulua. Ablitasko Udala herrilurretako ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da, eta kontra eginen dio horientzat kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saio edo ekintzari.

8. artikulua. Ablitasko Udalak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri ondasunen jabetza, aitzinetik legelariaren txostena ikusi eta interesatuari entzutea emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko ditu, herri ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua. Ablitasko Udalak Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari, lursailen inmatrikulazioa edo herrilurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Udalak osoko bilkuran hartu beharko du jakinarazpen horien inguruko erabakia.

10. artikulua. Eskualdatzerik egin nahi izanez gero, Ablitasko Udalak Nafarroako Gobernuaren aldez aurretiko onespen berariazkoa beharko du ondasunak herri ondarearentzat berreskuratzeko.

11. artikulua. Ablitasko Udalak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, kontzesio edo bertze zernahiren kariaz herrilurretako ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Ablitasko Udalak, herri ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu eta horiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratugileek bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.

13. artikulua. Ablitasko Udalak herri ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena posible izanen da zehaztuko den moduan. Ekintza horrek aurrera eginez gero, Ablistasko Udalak itzuli beharko dizkie herritarrei sortutako gastuak.

IV. TITULUA

Herri ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. Hauek dira ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak:

a) Laborantzako herrilurretako aprobetxamendua.

15. artikulua. Ablitasko Udala herrilurren ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzera ahaleginduko da eta duten izaera sozialarekin bateragarri eginen du.

16.1. artikulua. Orokorrean, herrilurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, famili unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusi izatea, edo bere kontu bizi den adingabea izatea nahiz judizialki gaitua.

b) Udaleko Biztanleen Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea 5 urteko antzinatasunez.

c) Urtean bederatzi hilabetez bederen egiazki eta jarraian bertan bizitzea.

d) Udal honekin dituen zerga betebeharrak egunean izatea.

16.2. artikulua. Familia unitateko kideak etxe berean bizi diren guztiak izanen dira. Nolanahi ere, familia unitate independentetzat hartuko da guraso jubilatuek osatua, familiakoekin bizi arren, betiere haien dirusarrerak lanbidearteko gutxieneko soldata baino apalagoak baldin badira.

16.3. artikulua. Artikulu hau ulertzerakoan sor daitezkeen zalantzak Ablitasko Udalak ebatziko ditu, osoko bilkuran eta banan-banan, behar den batzordeak txostena egin ondotik.

II. KAPITULUA

Laborantzako herrilurretako aprobetxamendua

17. artikulua. Laborantzarako herrilurretako aprobetxamenduak hiru modutan eginen dira, lehentasun ordena honen arabera:

a) Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak.

b) Herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduak.

c) Enkante publikoaren bidezko esleipena edo Udalaren zuzeneko ustiaketa.

Ablitasko Udalak modu horiek aipatu ordena berean aplikatuz eginen du laborantzako herrilurren aprobetxamendua esleitzeko prozesua.

1. ATALA

Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak

18.1. artikulua. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, famili unitateen titular diren herritarrek 16. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta, famili unitateko kide bakoitzarengatik, dirusarrerek lanbidearteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak izan beharko dute, edo famili unitatearen dirusarrerek guztira soldata eta erdiaren azpitik egon.

18.2. artikulua. Famili unitatean gorputzez edo adimenez ezinduak diren kideak baldin badaude, agiri bidez egiaztatuta, lanbidearteko gutxieneko soldataren %60ren pareko dirusarrera kontatuko da kide bakoitzeko.

18.3. artikulua. Errenta mailak zehazteko irizpideak datu objektiboetan oinarrituko dira, hala nola, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldata bidezko dirusarrerak, laborantzako lurrak errentan edo bertze tituluren baten bidez edukitzea, landa-lurraren eta industriaren gaineko kontribuzioen kapital zergagarria, hiri-lurraren gaineko kontribuzioarena, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, bai eta gisako izaera duen bertze edozein datu ere.

19.1. artikulua. Ereduko loteak ondoko azalera izanen du esleipen mota honetan:

_Lehorreko lurra: .... erregu (1).

_Ureztalurra: .... erregu.

(1) Udalak zehaztuko du ereduko loteak zer azalera behar duen lanbidearteko gutxieneko soldata (L.G.S.) erdiaren bertzeko dirusarrera garbiak sortzeko adinakoa izateko.

Artikulu honi idazketa osoa emanen zaio egun abian den lurzatien berrantolamendua burutzen denean.

19.2. artikulua. 18. artikuluan ezarritakoa betetzen duten onuradunei emanen zaizkien loteak zehazteko, koefiziente hauek aplikatuko zaizkio loteari:

a) 3 kide bitarteko famili unitateak, 1 koefizientea, hau da, lehorreko ... erregu edo ureztalurreko .... erregu.

b) 4 kidetik 6ra bitarteko famili unitateak, 2 koefizientea, hau da, lehorreko ... erregu edo ureztalurreko .... erregu.

c) 7 kidetik 9ra bitarteko famili unitateak, 3 koefizientea, hau da, lehorreko ... erregu edo ureztalurreko .... erregu.

d) 9 kidetik gorako famili unitateak, 5 koefizientea, hau da, lehorreko ... erregu edo ureztalurreko .... erregu.

Artikulu honi idazketa osoa emanen zaio egun abian den lurzatien berrantolamendua burutzen denean.

20. artikulua. Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamendurako finkatutako baldintzak betetzen dituzten famili unitate anitz badira, eta horrek arazo sozialik sortzen badu, Ablitasko Udalak, aldez aurretik Nafarroako Gobernuaren baimena jasota, Ordenantza honetako 18 eta 19. artikuluetan adierazitako faktoreak beheititzen ahalko ditu proportzionalki eta arrazoituz, baina inoiz ez igo. Halakoetan, Udalak laborantzako beren herrilurren %50 erabiliko ditu, gutxienez, banaketa modu honetarako.

21. artikulua. Aprobetxamenduaz baliatzeko epea gutxienez ere 8 urtekoa izanen da. Labore edo landaketa urteanitzak badira, eta Udalak baimendu ondoren, epe hori landare motaren bizitzaren arabera luzatuko da.

22. artikulua. Aprobetxamendu modu honetan, herrilurren onuradunek hurrengo kanon hauek ordainduko dituzte:

_Lehorreko lurrak: (2) euro/erregua/urtea.

_Ureztalurrak: euro/erregua/urtea.

(2) Udalak finkatuko du kanona, eta inguruko antzeko lurren errentamendu prezioaren %50 bitartekoa izan ahalko da kanon horren zenbatekoa.

Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, gehienez ere KPIren arabera. Nolanahi ere, kanonak Udalak hartzen dituen kostuak estaltzeko adinakoa beharko du izan, gutxienez ere.

Artikulu honi idazketa osoa emanen zaio egun abian den lurzatien berrantolamendua burutzen denean.

23. artikulua. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herrilurretako lurzatiak eta ezin dituzte errentan eman edo ustiatu, lan pertsonala ez den bertze moduren baten bidez.

Onuradunei esleitutako lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, haiek kooperatibetan edo legez eratutako lan taldeetan elkartzen direnean eta kide guztiek 16. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.

24. artikulua. Erregelamendu honi dagokionez, zuzeneko laborantza pertsonala izateko, esleipen hartzaileak edo haren famili unitateko kideek egin behar dituzte laborantza lanak, ordenantza honetako 16. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatapekorik ezin izanen dute hartu, non ez duten urtaroen edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek horretara behartzen. Alabaina, zuzeneko laborantza pertsonala egiteko ahalmenik ez da galduko, Udal honen iritzian, laborantza pertsonala egitea eragozten dion eritasun edo aldi bateko bertze arrazoirengatik soldatapekorik hartzen denean. Horrelakoetan, hamabortz eguneko epean jakinaraziko zaio Fiteroko Udalari, behar den baimena eman dezan.

Ezintasun fisikoa edo bertzelakoren bat, Udalaren iritzian, behin betikoa bada eta herrilurretako lurzatien zuzeneko laborantza pertsonalik egiterik ez bada, 25. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

25. artikulua. Ezintasun fisikoa edo bertzeren bat izateagatik onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landatu, esleitzeko momentuan edo aprobetxamenduaren epean, Udalak esleitu eginen ditu hurrengo aprobetxamendu moduaren bidez, hau da, herritarren arteko esleipen zuzeneko aprobetxamenduaren bidez. Udalak lurzatien onuradunei esleipenetik ateratako dirusarrerak ordainduko dizkie, kanona kendu ondotik.

Udalak ezintasun fisikorik edo bertzeren bat noiz dagoen erabakitzeko eskumena du, eta egoki juzgatzen dituen agiriak eskatuko ditu.

Beren laborantza apartzerian eman edo lagatzen duten onuradunei herrilurretako lurzatiak kenduko zaizkie esleipen aldia bukatu arte.

Herrilurrak kentzen zaizkien onuradunek apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak udal diruzaintzan sartu beharko dituzte.

26. artikulua. Ablitasko Udalak egoki juzgatzen dituen egiaztaketak egiten ahalko ditu edozein unetan, laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela ziurtatzeko.

Honelakoetan ulertuko da lurrak ez dituela zuzenean norberak lantzen:

a) Nekazaritzako makineria izanik, esleitutako herrilurrak lantzeko erabiltzen ez denean.

b) Landazain Zerbitzuaren edo behar den batzordearen ustean, esleitutako lurzatiak, ordenantza honetako 23, 24 eta 25. artikuluetan xedatzen den bezala, zuzenean eta pertsonalki lantzen ez baditu.

c) Ondoko alderdi hauen gaineko egiaztagiriak eskatu eta agindu epean aurkezten ez badira: lurra lantzea, lehengaiak erostea eta produktuak saltzeko lanak, berek edo Udalak baimendutako pertsonek eginak.

d) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Aitorpenean nekazaritzako etekinik aitortzen ez duenean, horretara beharturik ez egonik ere.

e) Esleituriko lurzatiaren %80 bederen lantzen ez denean.

f) Laborantzako lurren jabe izanik, hirugarrenei errentan emanak dituztenean.

2. ATALA

Herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduak

27. artikulua. Lurzatiak 1. atalean ezarritakoaren arabera lurzati eskaerei erantzun ondoan, geratzen diren laborantzako herrilurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean esleituko dira 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten famili unitateko titularrak diren herritarren artean.

28. artikulua. Zuzenean esleitzen diren loteen azalera Udalak erabakiko du, lehentasuna duten herritarrendako esleipena egin ondoan, eta gelditzen den azaleraren eta eskabide kopuruaren ariora eginen da, famili unitate bakoitzaren dirusarrera garbien alderantzizko proportzioan.

29. artikulua. Esleipenaren epea 21. artikuluan adierazitako berbera da.

30. artikulua. Aprobetxamendu modu honen bidez herrilurrak hartzen dituzten onuradunek kanon hauek ordainduko dituzte:

_Lehorreko lurra: (1) euro/erregua/urtea.

_Ureztalurrak: euro/erregua/urtea.

Zenbateko hori proposaturiko kanonari dagokio eta urtero eguneratuko da, gehienez ere nekazaritzako K.P.I. aplikatuz.

(1) Kontzejuak finkatuko du kanona, eta zenbatekoa ez da izanen inguruko antzeko lurren errentamendu prezioaren %90ekoa baino txikiagoa.

Artikulu honi idazketa osoa emanen zaio egun abian den lurzatien berrantolamendua burutzen denean.

31. artikulua. Laborantza zuzenean eta pertsonalki eginen du esleipen-hartzaileak. Horretarako, 23, 24, 25 eta 26. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio.

32. artikulua. Udalak laborantzarako herrilurren azalera osoaren %5 gainditzen ez duen eremu bat gordeko du, onuradun berriei esleitzeko.

33. artikulua. Aurkeztutako eskaerak lurrak baino gehiago badira, lehentasuna duten herritarrendako esleipena egin ondotik, dirusarrera handiagoak dituzten famili unitateetako titularren eskaerak kenduko dira.

Famili unitateen errenta mailak zehazteko, ordenantza honetako 18.3 artikuluan ezarritako irizpide berei jarraituko zaie.

3. ATALA

Udalak egindako ustiapen zuzena edo enkante publikoa

34. artikulua. Ablitasko Udalak, Lehen eta Bigarren Ataletan aplikaturiko prozedurak aplikatu ondoren, laborantzako lurra soberan baldin badago, enkante irekian eginen du esleipena, eta hurrengo banaketa noiz egin behar den, ordura arteko epea emanez.

Erregu bakoitzeko hasierako prezioa Udalak finkatuko du eta eskualde horretan gisako lurrentzat dauden errentamendu prezioen parekoa izanen da. Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira nekazaritzako KPIren arabera.

Enkantea egin ondoren laborantzako lurra soberan gelditzen bada, Udalak zuzenean ustiatzen ahalko du.

4. ATALA

Esleitzeko prozedura

35. artikulua. Udalak erabakia hartu ondotik, hilabeteko epea irekiko da, eskubidea dutela uste dutenek herrilurretako lurzatien esleipena eska dezaten, ediktua Udalaren iragarki oholean argitara eman ondoan.

36. artikulua. Eskabideekin batera ondoko alderdien gaineko zinpeko aitorpena aurkeztuko da:

a) Herriko biztanlea dela, gutxienez 5 urteko antzinatasuna izanik eta udalerrian urtean bederatzi hilabetez bederen bizi dela.

b) Kontzejuarekiko betebehar fiskalak ordainduta izatea.

c) Famili unitatea zenbat kidek osatzen duten. Lehentasuna duten herritarrek haietariko inork ezintasun fisikorik edo psikikorik duen aipatuko dute.

d) Famili unitateko kide bakoitzak zenbat erregu dituen jabetzan Udal mugape honetan; lehorreko lurrekoak edo ureztatzekoak diren zehaztuko da.

e) Famili unitateko kide bakoitzak errentan edo jabetzaz bertzeko tituluren baten bidez lantzen dituen lurrak; lehorreko lurrekoak edo ureztatzekoak diren zehaztuko da.

f) Famili unitateko kide bakoitzaren hirilurreko kapital zergagarriak, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, bai mugapen honetakoak bai bertzelakoak.

g) Famili unitateko kide bakoitzaren dirusarrerak: nekazaritzaren, industriaren edo zerbitzuen sektorekoak, gizarte segurantzako pentsioen bidezkoak edo bertzelako errentatakoak.

Zinpeko aitorpena egiaztatzeko, Ablitasko Udalak ahalmena izanen du errenta mailak egiaztatzearren beharrezkoak iruditzen zaizkion agiriak eskatzeko; haiek agirietan eta datu objektiboetan oinarrituko dira, 18,3 artikuluan zehazten den bezala.

37. artikulua. Nekazaritza Batzordeak proposaturik, Udalak, osoko bilkuran, onartuen zerrenda onetsiko du esleitzeko era bakoitzean, lehentasunekoan edo zuzenekoan. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.

38. artikulua. Aprobetxamendu mota bakoitzeko behin-behineko zerrenda Udal honen iragarki oholean paratuko da 15 egun balioduneko epean, bidezko juzgatzen diren alegazioak egin daitezen. Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrenda behin betikoa bihurtuko da.

39. artikulua. Alegazioak izanez gero, Udalak haien gaineko ebazpena emanen du, eta mota bakoitzean herrilurretako lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda onetsiko du.

40. artikulua. Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduan eskubidea duten famili unitatearen titularren behin betiko zerrenda ikusirik, loteak esleituko dira, eta horien ezaugarriak eta azalera ordenantza honen 19. artikuluaren araberakoak izanen dira.

Laborantzarako herrilurren gainontzeko azalerari dagokionez, Udalak laborantzarako loteak esleituko dizkie herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduko behin betiko zerrendan dauden famili unitatearen titularrei. Loteen ezaugarriak eta azalera ordenantza honen 28. artikuluaren araberakoak izanen dira.

Lurzatien esleipena egindakoan eta Udalak behin betiko zerrendak onetsitakoan, onuradunen eta bakoitzari dagozkien herrilurretako lurzatien zerrenda emanen da argitara iragarki oholean; esleipena interesatuei jakinaraziko zaie, orobat.

V. KAPITULUA

Hobekuntzak herrilurretako ondasunetan

41. artikulua. Ablitasko Udalak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen esleipenak, lur horiek honako xedea baldin badute:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herrilurretako ondasuna hobetzea.

c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.

42. artikulua. Proiektu hauek Udalak nahiz herritar interesatuek sustatzen ahal dituzte eta lehentasuna izanen dute.

43. artikulua. Hona hemen halako kasuetan jarraitu beharreko bidea:

a) Udalaren erabakia, proiektua eta ukitutako herrilurretako aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua onesten dituena.

b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea eta Udalaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruz.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

44. artikulua. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herrilurretan diren esleipenak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalte eta galerak, bai eta lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordainduko zaizkie, zuzenbidez hala badagokie.

45. artikulua. Aprobetxamenduaren onuradunak herrilurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak onetsiko ditu toki entitateak; aldez aurretik, 15 egunean egonen dira jendaurrean eta, alegaziorik aurkeztuz gero, Udalean ebatzi beharko dira.

V. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

46. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

a) Erabilera zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Aprobetxamenduen sariak Udalak finkatzen dituen epeetan ez ordaintzea.

c) Aprobetxamendua nabarmen gaizki edo osorik ez egitea.

d) Zertarako esleitzen den herrilurra, bertze zerbaitetarako erabiltzea.

e) Lurrak lantzea udal esleipenik gabe, nahiz eta landu gabeko lurrak edo larre utziak izan.

f) Laborantza iraunkorrak (frutarbolak, zainzuriak, etab.) udal baimenik gabe landatzea.

g) Esleipenetan zehaztutako epeak ez errespetatzea.

h) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.

i) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dioten egitate guztiak.

47. artikulua. Arau-hauste horiek ondoko zehapenak izanen dituzte:

_a), b), c), d) eta f) arau-hausteengatik kontzesioa kenduko da, nahiz eta horrek ez duen galaraziko Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek zehapenak ezartzea.

_g) arau-haustearengatik, herrilurren edo herrilarreen esleipen-hartzailea izateko eskubidea galduko da.

_Gainerako arau-hausteengatik, egindako kaltearen balioaren halako bortz eta hamar bitartean ordainaraztea. Balio hori zehazterik ez badago, 60,00 eurotik 1.200,00 eurora bitarteko zehapena ezarriko da.

UREZTALUR BIHURTUKO DIREN HERRILURRAK APROBETXATZEKO XEDAPEN BERARIAZKOAK

Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legean ezarritako xedapenei jarraikiz, Degollada, Fita, Arevalo eta Barranco de La Malpisa alderdietako herrilurrak, 220 bat hektareako azalera baitute, ureztalur bihurtu nahi dira lurzatien berrantolamendua eta Ablitasko ureztalurren modernizazioa egitearekin batera, betiere eta ur hornidurari dagokionez, Ureztatzaileen Elkartearen eta gainerako erakunde eskudunen adostasuna eta baimena beharko direlarik aldaketa gauzatzeko. Honako araudi berariazko honek arautuko du aprobetxamendu hori:

A) Esleitzeko sistema: Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legeko bigarren atalean ezarritako sistemari jarraikiz esleituko dira ureztalur bihurtuko diren herrilurrak, eta ohartarazyen da ezen, aipatu Foru Legearen 40 5 B) artikuluarekin bat, lehentasunezko hurrenkera hau erabiliko dela esleipen berrietarako:

Lehenik eta behin, nekazari gazte batek eraman edo parte hartzen duen familia mailako nekazaritzako ustiategiak; bigarrenik, nagusiki nekazari direnen nekazaritzako ustiategiak, eta hirugarrenik, Udalak zuzenean ustiatzen dituenak. Azkenik, loterik soberan egonez gero, Udalak enkante publikoan esleitzen ahalko ditu.

Eremu horretako aprobetxamenduen eskatzaileek beren gain hartu beharko dituzte modernizazio jarduketan diruz lagunduko ez diren kostuak, Udalak zehaztuko dituen baldintzen arabera; horretarako, esleipen hauetarako emanen den aprobetxamendu epea ez da izanen oro har ezarritakoa, izan ere kostu horiek eramangarri egiteko moduko epe bat ezarriko baita.

B) Era berean, Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legea garatzeko erregelamendua onetsi zuen martxoaren 24ko 59/2003 Foru Dekretuaren 10 b) eta c) artikuluan ezarritako ondorioei begira, eta 1/2002 Foru Legearen 68. d) artikulua aplikatuz, Udalak erabaki du ureztaketa instalazioak gaizki erabiltzetik etor daitekeen erantzukizunetik arintzea Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentua.

C) Orobat, Udalak konpromisoa hartu eta bermatu egiten du inbertsioa eginen den loteen azalera ureztatzeko oinarrizko azalera bezainbertzekoa izanen dela, gutxienez ere, eta lote horiek zabalera horri eutsiko diotela hamabortz urtez gutxienez, ureztaketa abian jartzearen deklarazioa egiten denetik.

Herri honetako Udalak, 2005eko urriaren 14an egin osoko bilkuran, ondoko erabakia hartu zuen:

"1946ko ordenantzek arautzen dute Ablitasko herrilurretako ondasunak aprobetxatzeko sistema, haietan bilduak baitziren lehenagoko ordenantza eta ohiturak; gaur egun arte arauketa sistema horri begiratu bazaio ere, egun indarra duen legezko antolamendutik kanpo egoteaz gain, zaharkitua dago, eta ez die erantzuten nekazaritzako aprobetxamenduen egungo beharrei.

1946ko aprobetxamendu sistema aldatu eta egungo legeei egokitu beharra dago, hala ezartzen duelako Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko bosgarren xedapen iragankorrak, zeinak zehazten baitu herrilurren aprobetxamenduak legeria berrira moldatuko behar direla; are gehiago, gehienez ere 8 urteko epea ezarri zen horretarako, Herrilurrei buruzko maiatzaren 28ko 6/1986 Foru Legeak indarra hartu zuen egunetik hasita, aspaldi bukatutako epea alegia.

Irailaren 9ko 197/2002 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Ablitasko Lurzatien Berrantolamendua; dekretu horren 2. artikuluak, berriz, jarduketa horren onura publikoa eta presako exekuzioa deklaratu zuen.

Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legea garatzeko erregelamendua onetsi zuen martxoaren 24ko 59/2003 Foru Dekretuko 10. artikuluak ezartzen du Udalak herrilurretako laborantzako loteen araudia onetsi beharko duela nekazaritzako aspiegituretan obrak gauzatu aurretik, betiere Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 174. artikuluari jarraikiz.

Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legeko 40.4 artikuluari jarraikiz, irailaren 9ko 197/2002 Foru Dekretuak indarrik gabe utzi zituen ukitutako herrilurren esleipenak. Dena den, prekarioan lantzeko aukera ematen zuen, azpiegituretako obrak esleitu bitartean.

Ablitasko herrilurrak erabili eta aprobetxatzeko egungo ordenantzek ezarria dute herrilurren erabilera kentzeagatik sustraien balioaren adinako kalte-ordaina emanen dela edo obraren adinakoa, zuhaitz, ardantze edo eraikinen kasuetan, baita dauden laboreen adinakoa ere, lur zuria denean.

Bestalde, Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak proposatu egin du Degollada, Fita, Arevalo eta Barranco de La Malpisa alderdietako herrilurrak, 220 bat hektareako azalera baitute, ureztalur bihurtzea lurzatien berrantolamendua eta Ablitasko ureztalurren modernizazioa egitearekin batera, Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legean ezarritako xedapenei jarraikiz; Ureztatzaileen Elkarteko Gobernu Batzordeak jarduketari buruzko adostasun txostena emana du.

Era berean, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak, lurzatien berrantolamenduko lanak errazte aldera, Udalak 25 bat hektareako herrilurra bere esku jar dezan proposatu du; hartara trukea egin ahalko da Lodosako Ubide goratutik ureztatzeko eskubidea izanik horretarako egokiak ez diren jabetza partikularreko azalerekin.

Udalak, orobat, kontuan hartu behar du ezen, Europar Batasuneko Nekazaritza Politikaren sistemaren barrenean, herrilurretako aprobetxamenduetako hainbat titularrek herrilurrak deklaratu izan dituztela aurreko urteetan, Europar Batasuneko Nekazaritza Politikaren laguntzak jasotzeko eskubideak frogatzeko balio dezaketelako, legez zehaztu epe eta baldintzen arabera; hortaz, zuzena dirudi bitarteko egokiak ezartzea aipatu eskubideak frogatu behar dituztenei halakorik ez kentzeko, nahiz eta ez Foru Komunitateak ez Estatuak ez duten oraindikan auzia ebatzi.

Halaber, aintzat hartzekoak dira herrilurretako aprobetxamenduen titularrek hartuak izan ditzaketen konpromisoak laborantza ekologiko deiturikoei dagokienez, kontratu bidez halako epe jakin baterako konpromisoa hartua dutenen kasuetan.

Aurreko guztia kontuan hartuz eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak herrilurren hobekuntzei buruz ezarritakoari jarraikiz eta aplikatzekoa den gainerako legeriarekin bat, Udalak ondoko hau erabaki du:

1._Indarrik gabe uztea herrilurretako egungo aprobetxamenduen esleipen eta eskubideak.

2._Aprobetxamenduetako egungo titularrek prekarioan landu ahalko dituzte azpiegituretako obren esleipena egin arte, edo lurzatien berrantolamenduaren prozesuak horretarako bide ematen duen bitartean.

3._Honako sistema hau ezartzea kalte-ordainetarako:

a) Aprobetxamenduetako egungo titularrek, ez badira suertatzen laborantzako herrilurren esleipen hartzaile eginen den esleipenean, kalte-ordaina jasoko dute hurrengo bortz urteetan, aprobetxamendua bukatzerakoan ordaintzen zuten kanonaren urteko zenbatekoaren adinakoa, urtero eguneratuko baita, organo ofizial eskudunak Nafarroarako ezarritako Kontsumorako Prezioen Indizearen arabera.

b) Aprobetxamendu berrien esleipen-hartzaile suertatzen badira, ordea, herrilurretako aprobetxamenduetako oraingo titularrek ez dute kalte-ordainik jasoko.

c) Herrilurretako aprobetxamenduen egungo titularrei, Europar Batasuneko Nekazaritza Politikaren eskubideak erdiesteko baliatu badituzte herrilur horiek, eskubide horiek ez galtzeko moduko azalera gordeko zaie herrilurretan, erakunde eskudunaren behar bezalako dokumentazioaren bidez egiaztatuko den neurrikoa, eta betiere eskubide horiei eusteko behar den epe ofizialerako. Xede horretarako herrilurretan beharrezkoa den zabalera gordeko da, behar denean zehaztuko baita.

Irizpide bera erabiliko da laborantza ekologikoaren arloan konpromisoak aurretik hartuak dituzten herrilurretako aprobetxamenduetako egungo titularrekin, konpromisoaren epeak errespetatuko baitzaie, agirien bitartez egiazturik betiere.

d) Herrilurretako aprobetxamenduen egungo titularrek, hala behar denean, sustraien balioaren adinako kalte-ordaina jasoko dute edo obraren adinakoa, zuhaitz, ardantze edo eraikinen kasuetan, baita dauden laboreen adinakoa ere, lur zuria denean; betiere ukituak suertatzen diren heinean eta aldez aurretik behar bezalako balorazioak eginda.

e) Egun almendrondoen lurzatiak erabiltzen dituzten herrilurretako aprobetxamenduetako titularrek, berrantolamenduak ahalbidetzen duen neurrian, landaketa horiek bertze 8 urteko epean erabiltzen jarraitzeko eskatu ahalko dute, eta halakoetan ez dute kalte-ordainik jasoko. Epe osagarri hori eskatzen ez dutenek landaketari dagokion kalte-ordaina jasoko dute, behar den balorazioa egin ondotik, baita hurrengo bortz urteetako kanonaren zenbatekoa ere, oro har ezarritakoari jarraikiz.

4._Herrilurretako aprobetxamendu berrien esleipena ondoko legeetan ezarritako sistemaren arabera gauzatuko da: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea; Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua, urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsia; eta errespetatuko da, halaber, Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legea garatzeko erregelamendua onetsi zuen martxoaren 24ko 59/2003 Foru Dekretuko 10 b) artikulua, aplikagarria den orotan.

5._Era berean, erabaki da Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari eskatzea ureztalur bihur ditzala Degollada, Fita, Arevalo eta Barranco de La Malpisa alderdietako herrilurrak, 220 bat hektareako azalera baitute, lurzatien berrantolamendua eta Ablitasko ureztalurren modernizazioa egitearekin batera, betiere Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legean ezarritako xedapenei jarraikiz.

Lurrak ureztalur bihurtzeko, Ureztatzaileen Elkartearen eta gainerako erakunde eskudunen adostasuna eta baimena beharko dira ur hornidurari dagokionez.

6._Aurreko 4. atalean zehaztutakoaren arabera, berariaz adierazten da Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legeko bigarren atalean ezarritako sistemari jarraikiz esleituko direla ureztalur bihurtuko diren herrilurrak, eta ohartarazten da ezen, aipatu Foru Legearen 40 5 B) artikuluarekin bat, lehentasunezko hurrenkera hau erabiliko dela esleipen berrietarako: lehenik eta behin, nekazari gazte batek eraman edo parte hartzen duen familia mailako nekazaritzako ustiategiak; bigarrenik, nagusiki nekazari direnen nekazaritzako ustiategiak, eta hirugarrenik, Udalak zuzenean ustiatzen dituenak. Azkenik, loterik soberan egonez gero, Udalak enkante publikoan esleitzen ahalko ditu.

Eremu horretako aprobetxamenduen eskatzaileek beren gain hartu beharko dituzte modernizazio jarduketan diruz lagunduko ez diren kostuak, Udalak zehaztuko dituen baldintzen arabera; horretarako, esleipen hauetarako emanen den aprobetxamendu epea ez da izanen oro har ezarritakoa, izan ere kostu horiek eramangarri egiteko moduko epe bat ezarriko baita.

7._Era berean, Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legea garatzeko erregelamendua onetsi zuen martxoaren 24ko 59/2003 Foru Dekretuaren 10 b) eta c) artikuluan ezarritako ondorioei begira, eta 1/2002 Foru Legearen 68. d) artikulua aplikatuz, Udalak erabaki du ureztaketa instalazioak gaizki erabiltzetik etor daitekeen erantzukizunetik arintzea Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentua.

Orobat, Udalak konpromisoa hartu eta bermatu egiten du inbertsioa eginen den loteen azalera ureztatzeko oinarrizko azalera bezainbertzekoa izanen dela, gutxienez ere, eta lote horiek zabalera horri eutsiko diotela hamabortz urtez gutxienez, ureztaketa abian jartzearen deklarazioa egiten denetik.

8._Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari eskatzea, garaia etortzen denean, martxoaren 24ko 59/2003 Foru Dekretuan _Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legea garatzeko erregelamendua onetsi zuen hartan_ ezarritako dirulaguntza, jarduketak ukituko dituen herrilurren barreneko ureztaketaren banaketa finantzatzeko, ezarritako gehieneko kopuruan, %75 alegia, eta ezarritako gainerako baldintzen arabera.

9._Erabaki da, era berean, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren esku uztea, lurzatien berrantolamenduko lanak errazte aldera, 25 bat hektareako herrilurra; hartara trukea egin ahalko delako Lodosako Ubide goratutik ureztatzeko eskubidea izanik horretarako egokiak ez diren jabetza partikularreko azalerekin.

10._Udalak erabaki hau garatuko du, beharrezkoa den orotan, hala egiteko datu aski eskuratzen dituenean, berrantolamenduko eta lurrak ureztalur bihurtzeko lanen bilakaeraren arabera.

11._Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 174. artikuluan ezarritako ondorioetarako, erabakia jendaurrean egonen da hilabetez, iragarki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aitzina, bidezko juzgatzen diren alegazioak aurkez daitezen.

12._Onestea, orobat, erabaki honen edukiaren ondoriozkoa den Laborantzako herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza."

Ordenantza hau hasiera batez onetsi zen 2005eko urriaren 14ko osoko bilkuran, 2005-10-05eko Nekazaritza Batzordeak proposaturik; eta Nafarroako Gobernuaren 2006ko irailaren 18ko erabakiaren bidez onetsi ondoren, behin betikoz onetsi zen Udalaren 2006ko azaroaren 3ko osoko bilkuran hartu erabakiaren bitartez.

Iragarkiaren kodea: L0618519