153. ALDIZKARIA - 2006ko abenduaren 22a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

338/2006 EBAZPENA, azaroaren 15ekoa, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Iturzarra izeneko iturriko urak Tabarren, Urraulbeitiko 4. poligonoko 174. lurzatian, husteko obren proiektua burutzeko. Proiektua Urraulbeitiko Udalak sustatu du.

Aipatutako espedientea 2006ko irailaren 19an sartu zen Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuan. Proiektua Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legearen 2.C eranskineko N) atalean sarturik dago. Beraz, ingurumeneko ukipenetarako baimena behar du.

Foru lege horren 28. artikuluak ezartzen du eskaria aurkeztu eta lau hilabeteko epean Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak ingurumeneko ukipenetarako baimena eman edo ukatzeko ebazpen arrazoitua emanen duela.

Aipatutako 4/2005 Foru Legearen 25.2 artikuluak ezartzen du ingurumeneko ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimendu ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak irailaren 27ko 537/2005 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Iturzarra izeneko iturriko urak Tabarren, Urraulbeitiko 4. poligonoko 174. lurzatian, husteko obren proiektua burutzeko. Proiektua Urraulbeitiko Udalak sustatu du.

Baimena ematearekin ingurumenari buruzko baldintza hauek bete beharko dira:

_Lurrak mugitzen hasi aitzin, Vianako Printzea Erakundeko Ondare Historikoaren Zerbitzuaren txostena aurkeztu beharko da, ukituriko eremuan aztarnategirik ez dagoela adierazten duena.

_Zangak irekitzean ateratzen den landare-lurra zangak ixteko lanetan berrerabiliko da. Bukatzen diren azalerak findu eta ereingo dira.

_Urak Barranco del Soto izeneko alderdira husteko lanak egiten direnean, hango kalea baliztatuko da, behar den eremua baino gehiago ez ukitzeko. Zuhaixkak botatzen badira, bukatutakoan, sahats edo makalen aldaxka sustraidunak landatuko dira.

_Debekatuta dago Barranco del Soto delakoaren bazterretan lurrak eta materialak metatzea.

_Obrak bukatu ondoren, proiektuaren eragin eremuan ez da obra arrastorik geldituko eta obretarako instalazio guzti-guztiak kenduko dira.

2. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu (lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura).

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen eta interesa dutenek, administrazioek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.

4. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea ingurumeneko ukipenetarako baimenaren ondorioetarako.

5. Ebazpen hau igortzea Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari, Ingurumen Zaintzari eta Urraulbeitiko Udalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2006ko azaroaren 15ean._Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0618488