153. ALDIZKARIA - 2006ko abenduaren 22a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

263/2006 FORU AGINDUA, azaroaren 16koa, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariak emana, "Hiru urtetik beherako haurrak zaintzaileen etxean zaintzeko zerbitzua" izeneko laneko eta familiako eginkizunak bateratu ahal izateko baliabidearen titularrak diren pertsona juridikoei 2007an dirulaguntzak emateko deialdiko arauak onetsi eta, horretarako, 242.000 euroko gastua baimentzen duena, betiere 2007ko gastuen aurrekontuan horretarako diru aski baldin badago.

Gizarte Zerbitzuei buruzko martxoaren 30eko 14/1983 Foru Legeak bere jarduketa esparruan dauzka, besteak beste, haurtzaroarena eta gaztaroarena, eta familiena eta komunitatearena.

Otsailaren 24ko 46/2005 Foru Dekretuak, besteak beste, Familiari Laguntzeko Planean aipatzen diren jarduketak koordinatu, bultzatu eta ebaluatzeko eginkizunak eta familiarendako eta adingabeak babesteko programak sustatu, koordinatu, kudeatu eta begiratzekoak esleitu dizkio Familiaren Zuzendaritza Nagusiari.

Familiari Laguntzeko Planak ezartzen dituen helburuetariko bat hauxe da: "familiaren babesa hobetzea, beren kargura menpeko pertsonak dituzten gizon eta emakumeei sostengu finantzario eta praktikoa emanez, laneko eta etxeko bizitza bateratu ahal izateko."

Helburu hori lortzen laguntzeko, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariak, 27/2006 Foru Aginduaren bidez, laneko eta familiako eginkizunak bateratu ahal izateko baliabide hau sailkatu zuen: "Hiru urtetik beherako haurrak zaintzaileen etxean zaintzeko zerbitzua".

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak Nafarroako Aurrekontu Orokorren bidez onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko ematen diren dirulaguntzei aplikatu beharreko araubide juridiko orokorra ezartzen du. Dirulaguntzak eman aitzin, organo eskudunak haien arauak ezarri beharko ditu, argitaratu beharko direnak. Horrela jarduerak egiten dituztenek eta deialdiaren xede den egoeran daudenek eskuratzen ahalko dituzte.

Deialdi honen xedea da "Hiru urtetik beherako haurrak zaintzaileen etxean zaintzeko zerbitzua" izeneko laneko eta familiako eginkizunak bateratu ahal izateko baliabidearen titularrak diren pertsona juridikoei 2007an dirulaguntzak emateko deialdiko arauak ezartzea, zerbitzu horrek berarekin dakartzan funtzionamendu gastuak hein batean finantzatzeko.

Ikusirik Nafarroako Gobernuak 2006ko apirilaren 24an hartutako Erabakia, zeinaren bidez baimena eman baitzen "Hiru urtetik beherako haurrak zaintzaileen etxean zaintzeko zerbitzua" izeneko laneko eta familiako eginkizunak bateratu ahal izateko baliabidearen titularrak diren pertsona juridikoei dirulaguntzak emateko 2006ko deialdian banakako ebaluazioaren araubidea erabiltzeko.

Espedienteko txosten teknikoek eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, dirulaguntza hauek egokiak eta gizarte interesekoak direla eta deialdia eta haren arauak legezkoak direla.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 24ko 46/2005 Foru Dekretuak emandako eskurantzak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. "Hiru urtetik beherako haurrak zaintzaileen etxean zaintzeko zerbitzua" izeneko laneko eta familiako eginkizunak bateratu ahal izateko baliabidearen titularrak diren pertsona juridikoei 2007an dirulaguntzak emateko deialdiko arauak onestea. Foru agindu honen eranskinean ageri dira.

2. Dirulaguntza horietarako 242.000 euroko gastua baimentzea, betiere 2007ko Gastuen Aurrekontuan horretarako behar adina diru baldin badago; diru hori 2006rako Gastuen Aurrekontuko "Etxe lagunak eta laneko eta familiako eginkizunak bateratu ahal izateko beste proiektu batzuk" izeneko 950002 92130 4819 231506 kontusailean dagoena adinakoa da.

3. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta Gizarte Ongizatearen Zuzendaritza Nagusiko Familiaren eta Adinez Txikikoen Politiken Plangintza, Segimendu eta Ebaluaziorako Zerbitzuari, Familiaren Atalari eta Kontabilitate Zentroari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2006ko azaroaren 16an._Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilaria, María Isabel García Malo.

ERANSKINA

Deialdiaren arauak

1._Helburua eta aplikazio eremua.

Deialdi honen xedea "Hiru urtetik beherako haurrak zaintzaileen etxean zaintzeko zerbitzua" izeneko laneko eta familiako eginkizunak bateratu ahal izateko baliabidearen titularrak diren pertsona juridikoei 2007an dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea da.

Dirulaguntza horiek emanez, laneko eta familiako eginkizunen bateratzea sustatu eta bultzatu nahi da.

2._Dirulaguntza jaso dezaketen ekintzak.

Familiaren Zuzendaritza Nagusiak baliabide horren funtzionamendua finantzatuko du, laneko eta familiako eginkizunak bateratzeko.

3._Dirulaguntzaren zenbatekoa eta laguntza-metaketa.

3.1. Dirulaguntza, gehienez, baliabide hori abian jartzeko eta funtzionamendurako behar den aurrekontuaren %60koa izanen da.

3.2. Dirulaguntza emanen da aurrekontuetan diru aski baldin badago. 2007. urterako, kontusail horretarako 242.000 euro aurreikusi dira.

4._Dirulaguntza jaso dezaketen gastuak.

Baliabidearen funtzionamendu gastuak izanen dira dirulaguntzen xede. Honako hauek zehazki:

a) %20 gehienez, egin beharreko obra txiki edo egokitze lanengatik.

b) %20 gehienez, altzariak, berariazko ekipamendua eta material didaktikoak erosteagatik.

c) Zaintzaileen, ordezkoen eta arduradun edo koordinatzaileen lansariak eta gizarte segurantza eta azken horien joan-etorrien gastuak.

d) Zerbitzuak funtzionatzeko behar diren gastu orokorrak. Zehatz-mehatz:

_Kanpoko zerbitzuen (laneko, zerga arloko eta kontabilitateko aholkularitza) gastuen, aseguruen, publizitatearen, lan arriskuetarako aurreneurrien eta prestakuntza ikastaroen %100.

_Bestelako gastuak, hala nola, telefonoa, ura, argia, berokuntza, amortizazioak eta antzekoak, zerbitzua etxeetan ematen deneko orduen araberakoa izanen da.

5._Betebeharrak.

5.1. Deialdian parte hartu ahal izateko, Nafarroan kokaturik dauden irabazi asmorik gabeko elkarte eta entitateek ondoko baldintzak bete beharko dituzte eskabidea aurkezten den egunean:

a) Legez eratutako pertsona juridikoa izatea eta Nafarroako Gobernuko Gizarte Ongizatearen Zuzendaritza Nagusiko entitate, zerbitzu eta zentroen erregistroan inskribatua egotea.

b) Irabazteko asmorik ez edukitzea.

c) Estatutuetan espresuki agertzea haur edo/eta familiekin zerikusia duten jarduerak prestatzea erakundearen xedea dela.

d) Zergei buruzko betebeharrak, Gizarte Segurantzakoak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen aldeko zorrak ordaintzeari buruzkoak eguneratuak izatea, edo, bestela, entitate horiekin ordainketa geroratu edo zatikatzeko akordio batera lortu dela frogatzea.

e) Helburuak bete ahal izateko egitura egokia eta langile eta baliabide aski izatea eta proposatutako helburuak lortzeko behar den esperientzia eta gaitasun operatiboa frogatzea.

Zaintzaileez gainera, honako hauek eduki beharko dituzte:

_Koordinatzaile eta arduradun bat, eginkizun hauek izanen dituena: kudeaketa komertziala, etxeak gainbegiratu eta ikuskatzea, Administrazioarekin eta beste entitate batzuekin koordinatzea, familiei arreta ematea, langileen kudeaketa eta adingabeen segimendu pedagogikoa egitea.

_Aldi baterako langileak, zaintzaileen bajak eta oporrak daudenean edo ordezkapen puntualak egin behar direnean zerbitzua bermatzeko.

_Zerbitzua ematen den bitartean larrialdi bat gertatuz gero, haurrendako jarduketa plana.

_Laneko arriskuei aurrea hartzeko plana.

_Kudeaketa tresna bat, hezkuntzako esku-hartzea gobernatuko duten helburuak jasotzen dituena.

f) Lehenago Familiaren Zuzendaritza Nagusiaren dirulaguntzak hartuak izanez gero, frogatu beharko dute dirulaguntza horiek emateko ebazpenetan finkatutako eginbehar guztiak eginak dituztela.

g) Dirulaguntzen onuraduna izateko, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan ezarritako gainerako debeku egoeretan ez egotea.

5.2. Aipatu diren betebehar guztiak eskabidea aurkeztean bete eta dirulaguntzaren xede den jarduera egiten deino bete beharko dira.

6._Proiektua edo ekintza bukatzeko epea.

Laguntzaren xede diren proiektuak egiteko epea gehienez ere aurrekontu-ekitaldikoa izanen da. 2007ko urtarrilaren 1ean hasten ahalko dira.

7._Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.

Dirulaguntza jasotzeko eskaerak 2007ko urtarrilaren 2tik aurrera eta urtea bukatu bitartean aurkezten ahalko dira Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuko Erregistroan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan adierazitako erregistroetan.

8._Agiriak.

Eskaera egiteko, eskabide orokorra aurkeztuko da, entitatea legez ordezkatzeko ahalmen nahikoa duen pertsona batek sinatua, honako agiri hauekin batera:

a) Entitate eskatzaileari buruzko agiri orokorrak:

_Elkartearen edo entitatearen estatutuak.

_Entitatearen legezko helbidearen ziurtagiria.

_Eskabidea sinatzen duen ordezkariari emandako ahalordea egiaztatzen duen agiria eta haren nortasun agiri nazionala.

_Nafarroako Gobernuko Gizarte Ongizatearen Zuzendaritza Nagusiko Entitateen, Zerbitzuen eta Zentroen Erregistroko inskripzioaren egiaztagiria.

_Izaera juridikoa dela medio, dagokion beste edozein inskripzioren egiaztagiria.

_Identifikazio fiskaleko txartela.

_Hala behar izanez gero, eta deialdiaren 12. arauan adierazitakoari dagokionez, dirulaguntzaren helburuak betetzeko, dirua aldez aurretik jaso beharra justifikatzeko txostena.

_Transferentzia bidez kobratzeko eskaera.

_Erantzukizunpeko adierazpena, entitatearen ordezkariak emana, entitatea, administratzaileak eta ordezkariak dirulaguntzen onuradun izateko debekuetan ez daudela dioena. Debeku horiek Dirulaguntzei buruzko Foru Legeko 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ageri dira.

_2006an emandako dirulaguntzaren justifikazioa, halakorik izan bada, fakturak (jatorrizkoak eta fotokopia konpultsatuak) eta ordainketak egiaztatzeko banku-agiriak aurkeztuz.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legeko 13. artikuluko 8. idatz-zatian eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legeko 9. artikuluko 4. idatz-zatian xedatutakoarekin bat, ziurtagiri horiek Foru Komunitateko Administrazioko organoek egin behar baditu edo eskatutako datuak haren esku badaude, eskatutako agiriak aurkeztu beharrik ez dago, salbu eta dirulaguntzaren helburuak betetzeko funtsak lehenagotik jaso behar direla justifikatzeko txostena. Kasu horietan, agirietan aldaketarik izan ez bada, berriz aurkeztu beharrean, entitatearen ordezkariaren adierazpen bat egiten ahalko da, inguruabar hori azaltzeko.

b) Memoria, osagai hauek edukiko dituena:

_Hiru urtetik beherako haurra zaintzen deneko etxean garatu beharreko hezkuntza edo laguntza arloko proiektua, non xedeak, helburuak, metodologia, ordutegiak, giza baliabideak, baliabide teknikoak eta ezarritako ebaluazio ereduak adieraziko baitira.

_Laneko eta familiako eginkizunak bateratu ahal izateko baliabideen sailkapenean "Hiru urtetik beherako haurrak zaintzaileen etxean zaintzeko zerbitzu" gisa sartzeko otsailaren 7ko 27/2006 Foru Aginduan ezarrita dauden betebeharrak betetzen dituen etxea edo etxeen zerrenda, etxearen titularraren izen-deiturak, herria, helbide osoa eta harremanetarako telefonoa barne.

_Etxe horietan arituko diren langileen zerrenda, haien izen-deiturak, haien lanbide gaitasunaren justifikazioa, ikasketa tituluak eta adingabeak zaintzen eta laguntzen duten esperientzia barne.

_Koordinatzaileen, etxeetako zaintzaileen eta, horiek oporretan, kanpoan edo gaixo egonez gero, kontratatzen diren ordezko langileen agiriak: lan kontratua, izendapena eta Gizarte Segurantzako araubideko alta-agiria.

_Hartzen diren postuen kopurua eta baliabidea erabiltzeko orduak.

c) Zerbitzuaren funtzionamenduaren aurrekontu osoa eta entitateak eskatzen duen zenbatekoa.

Aurrekontua aurkezterakoan, gastuak zehaztu beharko dira kontzeptuen arabera, eta haiek finantzatzeko baliabideak azalduko dira, horrelakorik egonez gero.

9._Antolamendua eta izapidea.

9.1. Deialdi honen ondorioetarako, dirulaguntzak emateko prozedura antolatu eta tramitatzeko eginkizunak Familiaren Atalari esleitu zaizkio. Arau hauetan organo instruktoreari egindako aipamenak atal horri egindakotzat hartuko dira.

Organo instruktoreak departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari atxikitako teknikari juridiko baten laguntza izanen du.

9.2. Eskabideak aipatu diren baldintzak betetzen ez baditu, entitate interesatuari eskatuko zaio hamar egun baliodunean okerra zuzendu dezala, eta hala egin ezean, eskaera bertan behera geldituko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legeak ezarritako moduan ebazpena eman ondotik.

10._Ebaluatzeko betebeharrak.

10.1. Ez da dirulaguntza eskaerarik tramitatuko baldin eta txosten teknikoak eta ekonomikoak aurkeztu ez badira eta, halakorik balego, aurreko urteko dirulaguntzaren gastuaren fakturak ekarri ez badira.

10.2. Entitate eskatzaileek aurkeztutako proiektuak ebaluatzeko, honako irizpide hauek erabiliko dira:

a) Entitate eskatzaileen balorazioa: 15 puntu gehienez, honela banaturik:

_Entitateen helburuak, 10 puntu gehienez.

_Aldez aurreko esperientzia, 5 puntu gehienez.

b) Proiektuen balorazioa: 45 puntu gehienez, 8 arauko b) letran eskatzen den edukia eta lortutako esker onak (kalitatearen arloan, bateratzearen arloan) kontuan hartuz. Zehatz-mehatz,

_Proiektuaren kalitatea, gehienez 35 puntu.

_Aurreko urteetan egindako programen eraginkortasuna, gehienez 10 puntu.

c) Baloratu beharreko beste alderdi batzuk: gehienez 35 puntu.

_Aurreko ekitaldietan abiarazitako programa edo jardueren jarraipena bultzatzea, interes sozialeko arrazoiek hala komeni dela erakutsi dutenean, gehienez 15 puntu.

_Laneko eta familiako eginkizunak bateratzeko arloan egindako beste programa batzuekiko osagarritasuna eta koordinazioa, gehienez 5 puntu.

_Etxeek otsailaren 7ko 27/2006 Foru Aginduan eskatzen diren gutxieneko betebeharrak hobetu eta gainditzea, 5 puntu gehienez.

_Etxe horien kokagunearen arabera, herritarrren beharrak erantzun daitezela, eskualdean adingabeak laguntzeko baliabiderik ez egoteagatik edo, baldin badago, posturik ez edukitzeagatik edo ordutegiak postua eskatzen duten familien beharretara ez egoteagatik, 5 puntu gehienez.

_Zaintzaileen lanpostuen egonkortasuna edo haiek beren lanpostu sortu izana, 5 puntu gehienez.

10.3. Gutxienez 50 puntu lortzen ez dituzten entitateak deialditik baztertuko dira eta, orobat, proiektuen balorazioan (10. arauko bigarren puntuko b letran) 25 puntu lortzen ez dituztenak.

10.4. Kontuan hartuz eskaerak aurkezteko epea urte osoan irekita egonen dela, espedienteak aurkeztu ahala ebatzi eta tramitatuko dira. Dirulaguntza lortutako puntuen arabera emanen da, aurrekontuetan dirua dagoen bitartean.

10.5. Dirulaguntzaren zenbatekoak ezin izanen du kasuan kasuko baliabidearen aurrekontuaren %60 gainditu, eta aurreko idatz-zatian xedatutakoa galarazi gabe, lortutako puntuen araberakoa izanen da, honela banatuko baita:

a) 81 puntu edo gehiago: eskatutako zenbatekoaren %100.

b) 66 puntutik 80 puntura: eskatutako zenbatekoaren %75.

c) 50 puntutik 65 puntura: eskatutako zenbatekoaren %50.

11._Ebazpena.

Prozedura tramitatu eta ebazpen proposamena egin ondoren, ebazpena Familiaren zuzendari nagusiak eman beharko du.

Ebatzi eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, ebazpen espresurik eman eta jakinarazten ez bada, eskaerak ezetsi direla ulertuko da.

Dirulaguntza ematen bada, ebazpenean adieraziko dira eskatzailea, lagunduko diren kontzeptuak, gastua nola justifikatu behar den, ekintzak abiarazteko epeak, hasiera eman ez bazaie betiere, eta zer epe dagoen burutzeko.

12._Dirulaguntza ordaintzeko modua.

a) Dirulaguntza bi epetan pagatuko da:

_%75 aurrerakin gisa, dirulaguntzaren ebazpenarekin batera, eta horretarako, dirulaguntzaren xedeak betetzeko funtsak aldez aurretik eskuratu beharra dagoela frogatu beharko da.

Aurrerakin hori jasotzeko beharrezkoa izanen da Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren baimen berariazkoa, Foru Ogasunak aitortzen dituen betebeharrei aurre egiteko funts likidoen egoeraren arabera emana.

Aurrerakina 60.000 eurotik gorakoa bada, beharrezkoa da egoki diren bermeak Nafarroako Gobernuan ezartzea.

_Beste %25a, aurreko gastua justifikatu eta gero.

b) Dirulaguntza aurretik jasotzeko premia behar bezala justifikatu ezean, ordainketa bi hilabetetik eginen da, epe horretan programak izandako gastuak justifikatutakoan. Justifikazioa egiteko, deialdi honetako hamalaugarren arauko g) letran ezarritako agiriak aurkeztu beharko dira, hartan adierazi den moduan.

13._Jarraipena eta kontrola.

Organo instruktoreak burutzen diren jarduketen jarraipena, ebaluazioa eta kontrola eginen du, eta haien kalitateaz eta eraginkortasunaz arduratuko da. Horretarako, jarraipen eta kontrolerako bestelako jarduketak galarazi gabe, entitate onuradunak urtero txosten tekniko bat aurkeztu beharko du egindako jarduerei buruzkoa.

14._Entitate onuradunen betebeharrak.

14.1. Entitate onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza zer zerbitzutarako ematen den, hori burutzea deialdiaren arauen arabera, ez baita zilegi diru hori erabiltzea eman zenaz bestelako helburuetarako.

b) Zerbitzua egin dela justifikatzea eta dirulaguntza emateko edo erabiltzeko baldintza guztiak betetzea.

c) Laguntza ematen duen organoak eta indarra duen legeriaren arabera eskudun diren bestelakoek egin beharreko egiaztapenak onartzea.

d) Lagundutako jarduera finantzatzeko eskatu edo lortutako beste dirulaguntza, dirusarrera edo baliabideen berri ematea dirulaguntza eman duen organoari. Egoera hori jakin bezain laster emanen da horren berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.

e) Jasotako diruaren erabilpenari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

f) Entitatearen ezaugarriak direla-eta, eskatzen ahal zaizkion kontabilitate arloko betebeharrak betetzea.

g) Froga gisa, entitateak programaren dirusarrera eta gastuen balantzea aurkeztuko du, eta harekin batera diruz lagundutako programari aplikatutako gastuen zerrenda bat, non zehaztuko baitira dokumentu zenbakia, kontzeptua, jaulkitzailea, hartzailea, jaulkipen-data eta ordainketaren data.

Zerrenda horrek ziurtagirien bermea beharko du (fakturak edo antzeko froga-balioa duten dokumentuak); jatorrizkoak izan beharko dute, eta kopia bat erantsita aurkeztuko dira. Egiaztagiri guztietan (faktura, banku-laburpenak, jasotze-agiriak, etab.) honako hauek agertu behar dute: jaulkitzailea, hartzailea, data, kontzeptua, prezioa, ordainketa-modua; eta ordainketa frogatzen duen dokumentua erantsita behar dute.

Proiektua bukatu eta hilabeteko epean entitateak Familiaren Zuzendaritza Nagusiari aurkeztu behar dio diruz lagundutako programaren justifikazio ekonomikoa, aurreko lerroaldean adierazitako moduan.

h) Memoria tekniko bat aurkeztea, deialdi honetako 8. arauko alderdiak bilduko dituena.

i) Zerbitzuaren publizitatean Familiaren Zuzendaritza Nagusiaren dirulaguntza aipatzea, eta hori azaltzea urteko memoriako deskribapenean, erabiltzen den materialetan, kartel edo paneletan, hala nola Familiaren Zuzendaritza Nagusiak bidezkotzat jotzen duen beste edozein baliabidetan.

Halaber, Familiaren Zuzendaritza Nagusiak, urte bukaeran, emandako dirulaguntzen zerrenda jarriko du bere iragarki oholean, dirulaguntzaren entitate emailea, zenbatekoa eta helburua adierazita.

j) Dirulaguntzaren xede den gastuaren zenbatekoa 30.000 eurotik gorakoa bada, obra egitean, edo 12.000 eurotik gorakoa, ekipo ondasunak erostean, dirulaguntzaren onuradunak frogatu beharko du, aski den moduan, hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela.

Horretarako, entitateak aski izanen du ekintza edo proiektua egiteko hiru aurrekontu aurkeztea, horretarako bidea baldin badago.

k) Diruz lagundutako jardueraren parte bat egiteko hirugarrenekin azpikontratazioa egin behar izanez gero, azpikontratazio horrek ez du emandako diruaren %25 baino gehiago hartuko.

14.2. Urtea bukatu arte ematen diren zerbitzuen kasuan, arau honetako f) letran ezarritako agiriak zein g) letrako memoria teknikoa 2008ko urtarrilaren 31 baino lehen aurkeztu beharko dira Familiaren Zuzendaritza Nagusian.

15._Ez-betetzea.

15.1. Entitate onuradunak deialdi honen arauetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak ez betetzeak dirulaguntza galtzea eta jasotako diru kopuruak itzuli beharra ekarriko du berarekin, bai eta ordainketaren dataz geroztikako berandutza-korrituak ordaintzea ere, hala badagokio, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko abenduaren 26ko 8/1988 Foru Legeko 19. artikuluak ezarritakoaren arabera kalkulatuak, eta horrek ez ditu ezertan galaraziko aipatu 11/2005 Foru Legearen II. tituluaren arabera eska daitezkeen erantzukizunak.

15.2. Aurrekoa gorabehera, bidezko izanen da eskubidea kentzea eta jasotako dirua, osorik edo partez, itzularaztea, honako kasu hauetan:

a) Dirulaguntza jasotzeko proiektuaren oinarrian zeuden ekintzak ez burutzea.

b) Dirulaguntzak zuen xedeari edo hura emateko ezarritako baldintzei zegokiena ez betetzea.

c) Laguntza eskuratzea eskatzen ziren baldintzak bete gabe.

15.3. Orobat, bidezkoa izanen da eskubidearen iraungipena ezarri eta jasotako diru kopuruaren %50 itzularaztea dirulaguntzaren erabilera aldatzen baldin bada Familiaren Zuzendaritza Nagusiak baimena eman gabe edo zuzendaritza horrek aldaketak bidegabetzat jotzen baldin baditu.

Ildo horretan, entitate onuradunek dirulaguntza eman eta haren zenbatekoa finkatzeko kontuan izandako baldintzen aldaketa guztien berri eman beharko diote Familiaren Zuzendaritza Nagusiari.

Bestalde, salbuespen gisa, entitateek zilegi izanen dute diruz lagundutako programaren edukia aldatzeko eskatzea, bai eta hura egiteko modua eta epeak ere, haren garapena eragozten duten gorabeherak azalduz gero.

15.4. Gainera, bidezko izanen da eskubidea kentzea eta jasotako diruaren %25 itzularaztea, honako kasu hauetan:

a) Laguntzak zertan erabili diren ezarritako modu eta epeetan ez justifikatzea.

b) Organo eskudunari egiaztapen lanak egiten ez uztea edo trabak jartzea.

16._Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Foru agindu honetako dirulaguntzak bateragarriak izanen dira helburu bererako ematen diren bestelako dirulaguntzekin, betiere haien zenbatekoa, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, dirusarrera edo berezko baliabide batzuekin baturik, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa ez bada.

17._Errekurtsoak.

17.1. Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean adierazitakoari jarraikiz.

17.2. Foru agindu honen aplikazio egintzen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean xedatutakoarekin bat.

18._Legeria aplikagarria.

Foru agindu honetan aurreikusirik ez dagoen guztian Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritakoari jarraituko zaio.

Iragarkiaren kodea: F0618471