153. ALDIZKARIA - 2006ko abenduaren 22a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

350/2006 FORU AGINDUA, azaroaren 14koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, nekazaritzako ustiategiei aholku emateko zerbitzua arautzen duena.

Europar Batasunaren nekazaritza-politikaren esparruan apligakarri diren zuzeneko laguntzen araubideetako xedapen komunak ezartzen dituen Kontseiluaren irailaren 29ko 1782/2003 (EK) Erregelamenduan adierazten da estatukideek nekazariei lurren eta ustiategien kudeaketari buruz aholku emateko sistema bat ezar dezaketela. Sistema hori ustiategiei aholku emateko sistema deituko da eta izendatuko den agintari baten edo agintari multzo baten edo erakunde pribatuen ardurapean egonen da.

Bestalde, Kontseiluaren 2005eko irailaren 20ko 1698/2005 (EK) Erregelamenduak, Nekazaritza aldeen garapenerako Europako Funtsen bidez nekazaritza aldeen garapenari laguntzekoak, aholkularitza zerbitzuak erabiltzeko laguntzak arautzen dituelarik, 24. artikuluan ezartzen du aholkularitza zerbitzuek, gutxienez, 1782/2003 (EK) Erregelamenduaren III. eta IV. eranskinetako 4. eta 5. artikuluetan ezartzen diren nekazaritza eta ingurumen arloko baldintzei buruzko informazioa eman beharko dutela, baita Europar Batasunaren legedian lan segurtasunaren gainean dauden arauei buruz ere.

Foru agindu honen helburua Nafarroako ustiategiei aholku emateko zerbitzuak arautzea da, Europar Batasunaren eta aplikagarri diren oinarrizko gainerako arauei jarraikiz, eta Nafarroako Foru Komunitateak bere foru araubidearen indarrez nekazaritzaren eta abeltzaintzaren arloetan duen erabateko eskumena erabiliz ematen da. Eskumen hori Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluan jasota dago.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Xedea.

1782/2003 (EK) Erregelamenduan eta 1698/2005 (EK) Erregelamenduan xedatutakoaren ondorioetarako, hauek dira foru agindu honen helburuak:

1. Nafarroako Foru Komunitateko ustiategiei aholku emateko zerbitzu publikoa ezartzea.

2. Ustiategiei aholku emateko lanetan Nafarroan jarduten duten entitate pribatuak aitortzeko prozedura eta Nafarroan kokatuta dauden bulegoak Nafarroako Foru Komunitateko entitate eta bulego aholku-emaileen Erregistroan izena emateko prozedura ezartzea.

2. artikulua. Aholku-lanaren esparrua.

Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan, ustiategiei aholku zerbitzua ematen dieten entitateek ondoko arlo hauetan dagoen egoeraren diagnostikoa egin beharko dute eta, horretaz gainera, egoera hobetzeko proposamenak aurkeztu eta burutu beharko dituzte:

a) 1782/2003 (EK) Erregelamenduaren III. eta IV. eranskinetako 4. eta 5. artikuluetan ezartzen diren nekazaritza eta ingurumen arloko baldintzak eta kudeaketa arloko nahitaezko betebeharrak.

b) Laneko segurtasunari buruzko arauak.

c) Jende gaztea nekazaritza lanetan hastearen gainekoak.

3. artikulua. Entitate aholku-emaileek bete beharrekoak.

Ustitategiei aholku emateko lanetan Nafarroan jarduten duten entitate pribatuek eta arlo horretako zerbitzu publikoak betebehar hauek bete beharko dituzte:

1. Jendeari arreta emateko, gutxienez hiru bulego izatea zabalik. Horietako bat bulego nagusia izanen da.

2. Nafarroan talde tekniko berariazkoa izatea, agronomia eta/edo albaitaritza arloko edo biologiako edo ingurumeneko zientzien arloko unibertsitateko titulua duten teknikariek osatua. Talde hori bulego nagusian kokatuko da. Gainera, arlo juridikoko teknikari baten eta laneko arriskuei aurrea hartzeko goi-teknikari baten laguntza izanen dute gutxienez, lan plantillan sartuta ez badaude ere.

3. Astelehenetik ostiralera bitartean, bulegoak egunero 6 orduz irekiko dira, jendea hartzeko, nekazaritza lanekin bateragarria den ordutegian.

4. Bulegoak nekazaritza eskualde ezberdinetan egonen dira, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak Nafarroa nekazaritza eskualdeetan banatzeko emandako 1998ko martxoaren 2ko Foru Aginduan finkatutakoaren arabera.

5. Bulego nagusitik kanpoko bulego bakoitzak, aholku emateko arloa zein den, nekazaritza eta/edo albaitaritza arloko unibertsitateko teknikari edo goi mailako lanbide heziketako teknikari bat izan beharko du. Bulegoetan, teknikari bakoitzak 80 ustiategiri emanen die aholku, gehienez.

6. Teknikariek gutxienez sei hilabeteko esperientzia izanen dute aholku lanetan.

7. Erabiltzaileen erregistro sistema bat ezarri beharko dute, 1782/2003 Erregelamenduko II. tituluko 4. kapituluan ezarrita dagoen kudeaketa eta kontrolerako sistema integratuarekin bateragarria.

4. artikulua. Aholku emateko zerbitzu publikoa.

1. Nafarroako Foru Komunitateak nekazaritzako ustiategiei aholku emateko zerbitzu publikoa Nekazaritzako Institutu Teknikoa eta Kudeaketarena, S.A. eta Abeltzaintzako Institutu Teknikoa eta Kudeaketarena, S.A. sozietate publikoen bidez emanen du. Sozietate horiek zerbitzu hori emateko behar den antolaketa egiturarik egokiena ezarriko dute.

2. Urtero, kudeaketa plana eta aplikatu beharreko tarifak aurkeztu beharko dituzte, Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari nagusiak onets ditzan.

5. artikulua. Entitate aholku-emaile pribatuen aitorpena.

1. Ustiategiei aholku emateko zerbitzua Nafarroako Foru Komunitatean eta ez beste inon eskaini nahi duten entitate pribatuek baldintza hauek bete beharko dituzte: egoitza Nafarroan edukitzea, nortasun juridikoa izatea, kooperatibak izatea edo irabazteko asmorik ez edukitzea ez entitateak, ez eta haren gaineko federazioak, batasunak edo konfederazioak ere, eta azkenik, estatutuetan agertzea entitatearen helburua dela nekazariei eta abeltzainei laguntza eta aholku ematea.

2. Aitortuak izateko, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari zuzendutako eskaera aurkeztu beharko dute agiri hauekin batera:

a) Zerbitzuaren organigrama, goitik hasita maila deszentralizaturaino.

b) Aholku emateko plana, nekazariak eta abeltzainak sentsibilizatzeko ekintzak eta orientabideei jarraipena egiteko sistema aipatuz.

c) Erabiliko diren teknikariak eta administrazio langileak. Langile bakoitzaren erantzukizunpeko arloak aipatu beharko dira eta bakoitzaren titulazioa eta esperientzia frogatu.

d) Orientabideei eta emaitzen autoebaluazioari segimendua egiteko sistema eta eredua.

e) Finantza plana eta zerbitzuen tarifak.

f) Entitatearen ekipamendua bulegoz bulego.

3. Eskaera jaso ondoren, eskatzaileak 3. artikuluan eskatutako betebeharrak betetzen ote dituen egiaztatuko da eta aitorpena eman ala ukatzeko ebazpena emanen da. Hiru hilabeteko epean aitorpena ukatzeko jakinarazpenik jasotzen ez bada, entitateak aitorpena lortu duela ulertuko da.

4. Aitorpena lortutakoan, entitatea eta bere bulegoak Nafarroako Foru Komunitateko entitate eta bulego aholku-emaileen Erregistroan inskribatuko dira.

5. Entitate horiek bulego berriak irekiz gero, Nafarroako Foru Komunitateari jakinarazi beharko diote. Eskatutako baldintzak betetzen dituztela egiaztatu ondoren, Erregistroan inskribatuko dira.

6. artikulua. Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak aitortutako entitateetako bulego aholku-emaileen inskripzioa.

1. Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak aitortutako entitateek, Nafarroan aholku zerbitzuak eman nahi izanez gero, Nafarroako Foru Komunitateko entitate eta bulego aholku-emaileen Erregistroan inskribatu beharko dituzte bulegoak.

2. Inskribatu ahal izateko, bulegoek 3. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta, hori frogatzeko, behar diren egiaztagiriak aurkeztu.

3. Eskatutako baldintzak betetzen dituztela egiaztatu ondoren, bulego horiek Nafarroako Foru Komunitateko entitate eta bulego aholku-emaileen Erregistroan inskribatuko dira eta eskatzaileari horren berri emanen zaio. Eskaera hiru hilabeteko epean ebatzi ezean, Erregistroan inskribatzeko eskaera onartu dela ulertuko da.

7. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko entitate eta bulego aholku-emaileen Erregistroa.

1. Nafarroako Foru Komunitateko entitate eta bulego aholku- emaileen Erregistroan ondoko hauek inskribatuko dira: aholku emateko zerbitzu publikoa, aitortutako entitate pribatuak eta Nafarroan kokaturik dauden bulego aholku-emaileak.

2. Entitate bakoitzaren erregistro-fitxan ondoko datu hauek jasoko dira, gutxienez:

_Ustiategiei aholku ematen dien entitatearen izena, IFK, helbidea, telefonoa, faxa eta helbide elektronikoa.

_Izaera juridikoa.

_Nafarroan aholku emateko dituen bulegoen zerrenda.

_Langile guztien kopurua, sozietatearen beraren langileak eta laguntzaileak hartuta, unibertsitateko tituludunak, lanbide heziketako tituludunak, administrariak edo direnak aipatuz.

_Zuzendaria edo arduraduna.

3. Bulego aholku-emaile bakoitzaren erregistro-fitxan ondoko datu hauek jasoko dira, gutxienez:

_Entitate titularra.

_Bulegoaren helbidea, telefonoa, faxa eta helbide elektronikoa.

_Zein nekazaritza eskualdetan jarduten duen.

_Langile kopurua: unibertsitateko tituludunak, lanbide heziketako tituludunak, administrariak eta bestelakoak.

_Arduraduna.

4. Erregistroa publikoa izanen da, deusetan galarazi gabe datu pertsonalak babesteko araudian ezarrita dagoena. Erregistro honetako datuak Estatuko Administrazio Orokorrari eta Europar Batzordeari baino ez zaizkio lagako, administrazio horiei dagozkien helburuetarako bakar-bakarrik. Datuak eskuratu, zuzendu eta ezabatzeko eskubidea Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuan inskribaturik dauden titularrek erabiltzen ahalko dute.

8. artikulua. Entitate aholku-emaileen betebeharrak.

Nafarroako Foru Komunitatean aholku zerbitzua emateko zerbitzu publikoak eta entitate pribatuek betebehar hauek izanen dituzte:

1. 1782/2004 (EK) Erregelamenduaren 15. artikuluan xedatutakoa betetzea, agiriak jendearen esku uzteari eta datu pertsonalak edo norberarenak jakinarazi eta hedatzeari dagokienez. Dena dela, informazio horri dagokionez, datu pertsonalak babesteari buruzko legedian xedatutakoa bete beharko da.

2. Nafarroan egiten dituen lan guztietarako fitxategi zentralizatu bat izatea, foru agindu honek mugatutako esparruan emandako aholkularitza zerbitzu guztien berri jasotzeko. Fitxategi horretan ondoko hauek bildu beharko dira gutxienez:

_Aholku emateko eskaera bakoitza egin zeneko eguna.

_Eskatzailearen datu pertsonalak.

_Aholku lanaren xedeko ustiategiaren datu teknikoak eta ustiategiaren kokapena.

_Eskaera zein bulegok eta zein teknikarik erantzun duen.

_Kontsultaren edukia eta emandako aholku, konponbide eta proposamena.

_Egindako kontsultaren gainean nekazariari emandako konponbide edo aholkuen betetze-mailaren segimendua.

_Fakturatutako zerbitzu-sariak eta banakako faktura zenbakituak.

3. Urtero, lehenengo hiruhilekoan, aurreko urtean egindako aholku-lanaren gaineko txostena aurkeztea Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuan, jarduerak, emaitzak eta izandako zailtasunak zehaztuz. Era berean, urte berrian aplikatu beharreko tarifak jakinaraziko dira.

4. Ustiategietako titularrek eskatuta, aholkatu diren jardueren arloan eskumena duten erakundeek egiten dituzten ikuskapenetan parte hartzea.

5. Aholku lana objektibotasun osoz ematea eta aholku eskatzen duten nekazari eta abeltzain guztiei kasu egitea, inolako bazterketarik egin gabe.

6. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak egiten dituen kontrol eta egiaztapen teknikoak onartzea.

7. Foru agindu honetako 7. artikuluan aipatutako erregistro-fitxetako datuak aldatuz gero, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari jakinaraztea.

9. artikulua. Kontrola eta ikuskatzailetza.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak behar diren kontrol eta ikuskapen lanak eginen ditu erregistroko datuak egiaztatzeko eta entitate aholku-emaileek dituzten betebeharrak eta eginbeharrak bete ote diren eta zerbitzuaren kalitate teknikoa begiratzeko.

10. artikulua. Aitorpena eta Erregistroko inskripzioa bertan behera uztea eta iraungitzea.

Aitorpena lortzeko behar diren baldintzetako bat betetzen ez bada, entitateak hartutako betebeharretan edo konpromisoetan huts eginez gero edo fidagarritasun tekniko falta nabarmena baldin bada, entitateen aitorpena eten edo iraungiko da eta kasuan kasuko bulegoak Erregistroan duen inskripzioa ezabatuko da. Betiere, ukitutako entitateari entzunaldia emanen zaio.

11. artikulua. Aholkua nork eska dezakeen.

1. Nafarroako Nekazaritza Ustitategien Erregistroan inskribaturik dagoen ustiategi baten titularrak diren nekazari eta abeltzain guztiek eskatzen ahalko dute aholku zerbitzua, nahi duten entitatean.

2. Aholkua gai jakin baterako eska daiteke edo, bestela, aldizkako aholku lana hitzartzen ahalko da, nekazari bakoitzak nahi bezala.

3. Aholku zerbitzua jasotzeko orduan, ondoko hauek izanen dute lehentasuna: zuzeneko ordainketa gisa 15.000 eurotik gora jasotzen duten nekazariek, nekazari gazteek, emakumezkoek, lehentasunezkotzat hartutako ustiategietako titularrek, mendialdean edo eskualde behartsuetan dauden ustiategietako titularrek edo ingurumen arloko mugapen berariazkoak dituzten ustiategietakoek, ingurumen arloko konpromisoak hartu dituztenek eta elikagaien kalitate programetan parte hartzen dutenek.

Azken xedapen bakarra._Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2006ko azaroaren 14an._Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, José Javier Echarte Echarte.

Iragarkiaren kodea: F0618393