139. ALDIZKARIA - 2006ko azaroaren 20a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

NAFARROAKO IPARRALDEKO EUSKARA MANKOMUNITATEA

Behin betiko onetsita Mankomunitateko Estatutuen aldaketa

Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitateko Batzar Orokorrak, 2006ko ekainaren 20an egindako bilkuran, Mankomunitate honen Estatutuen aldaketa hasiera batez onestea erabaki zuen.

Hasierako onespen hori 2006ko 91. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, uztailaren 31n, bai eta udal mankomunatuetako iragarki oholetan ere (Anue, Araitz, Arano, Areso, Basaburua, Betelu, Goizueta, Imotz, Larraun, Leitza, Lekunberri, Odieta eta Ultzama). Alegaziorik aurkeztu ez denez hasierako onespen horri, eta 2006ko urriaren 18an eginiko bilkuran Estatutuen aldaketa behin betikoz onetsi zenez, testu osoa argitaratu behar da Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen arabera.

Larraunen, 2006ko urriaren 25ean._Lehendakaria, Maite Astiz Eguzkiza.

EUSKARA KUDEATZEKO NAFARROAKO IPARRALDEKO MANKOMUNITATEKO ESTATUTUAK

I. KAPITULUA

Araubidea, izena eta egoitza

1. artikulua. Eraketa.

Anue, Araitz, Arano, Areso, Basaburua, Betelu, Goizueta, Imotz, Larraun, Leitza, Lekunberri, Odieta eta Ultzamako Udalerriek Mankomunitatea eratzea erabaki dute, Estatutu hauen II. kapituluan adierazten diren bere eskumeneko zerbitzuak elkarrekin antolatu eta emateko.

Kide berriak eta bajak onartzeko, Estatutu hauei jarraituko zaie.

Mankomunitate honen antolakuntza eta funtzionamendua Estatutu hauetan ezarritakoaren menpe egonen da, eta Nafarroako Toki Entitateei aplika dakiekeen legeria erabiliko da ordez.

2. artikulua. Nortasun juridikoa.

Mankomunitate honek, irabazi asmorik gabeko izaera publikoko entitate administratiboa den aldetik, ahalmen juridiko osoa izanen du bere helburuak betetzeko, eta unean unean hura osatzen duten toki entitateen mugapeak izanen dira Mankomunitatearen mugak.

3. artikulua. Izena eta egoitza.

Aipatutako toki entitatearen izena Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitatea izanen da.

Mankomunitateko egoitza ofiziala lehendakariaren Udaletxeko egoitzan egonen da, legegintzaldiaren arabera, aipatutako Udal horren helbidea hartuz.

II. KAPITULUA

Helburuak

4. artikulua. Mankomunitatearen helburua da hura osatzen duten herriotan euskararen normalizazioa lortzea, gaur egun euskarak bizi duen egoera minorizatua gaindituz.

Euskara gure herriaren funtsezko ondasuna eta oinarria denez, eta herritar guztiek euskararen ezagutza egokia lor dezaten, beharrezkoak diren bitartekoak jartzea, eta helburu hori lortzeko hainbat arlotan lanean ari diren guztiei laguntza ematea.

Euskaldunok, gure hizkuntza gizarte bizitzako arlo eta baldintza guztietan erabil dezagun urratsak ematea, eta ildo horretan doazen ekimenak lagundu eta bultzatzea.

Udaletan ete bere menpeko atal eta zerbitzu guztietan euskararen erabilera normalizatzea.

Udalei dagokien marko juridikoa helburu hauei egokitzea, eta beste mailetako administrazio, erakunde zein herri eta gizarte erakundeek ere bide bera har dezaten eskatzea.

Euskararen normalizazio lanean, eskualdeko gizarte sektore guztien arteko koordinazioa estutzea, helburu hauek osoki eta globalki bete daitezen.

Aipatutako helburu hauek lortu ahal izateko, lagungarri gerta daitezkeen zuzen eta zeharkako behar adina ekintza, ordenantza eta zerbitzu antolatzea.

Gainera, legeriak mankomunitateei ematen dizkien eskubide eta eskumen guztien jabe izanen da.

Unean unean Mankomunitatearen helburua izanen diren jarduerak, administrazioaren, errentamenduaren, kontzesioaren edota legeak onartzen duen kudeaketa zuzeneko edo zeharkako beste modu baten bitartez garatu ahal izanen dira.

5. artikulua. Mankomunitatea eta elkartutako Toki Entitateak elkarlanean arituko dira zerbitzu hobea eman ahal izateko, behar den informazioa, laguntza eta babesa emanez horretarako.

III. KAPITULUA

Iraupena

6. artikulua. Mankomunitate honen iraupena mugagabekoa izanen da, eta indarra duen legerian ezarritakoarekin bat, Estatutuen behin betiko onespena argitaratzen den egunean hasiko da lanean.

IV. KAPITULUA

Zuzendaritza, kudeatze eta funtzionamendu organoak

7. artikulua. Mankomunitatearen zuzendaritza organoak honako hauek dira:

_Lehendakaria eta lehendakariordea.

_Batzar Orokorra.

_Eskualdeetako Batzordeak.

Mankomunitatearen organo gorena Batzar Orokorra izanen da, eta Estatutu hauek espresuki ematen dizkioten eskumen eta eskurantzak izanen ditu bai eta Ordenamendu Juridikoan aitortutako beste guztiak ere.

8. artikulua. Mankomunitateak idazkari-kontu hartzaile bat izanen du, eta nahi bezala izendatu eta kendu ahal izanen da elkartutako korporazioetako idazkarien artean hautatuz. Kargu horrek ez du enplegu eta iraunkortasun eskubiderik sortuko, eta Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 240. atalak zehazten duen eran ordeztu ahal izanen da. Lanpostu hori legegintzaldi horretan lehendakaritza duen Udaleko idazkari-kontu hartzaileak beteko du.

Mankomunitate honen xede diren zerbitzuak emateko, indarrean dauden xedapenekin bat, behar den langileria teknikoa, administratiboa eta gainerakoa kontratatu ahal izanen da.

Gordailuzain lana, indarra duen arautegia aplikatuz, Batzar Orokorrak erabakitzen duen modura beteko da.

V. KAPITULUA

Batzar Orokorra

LEHEN ATALA

Osaketa

9. artikulua. Mankomunatutako Udalen ordezkariek osatuko dute Batzar Orokorra, eta zinegotziak izan beharko dira ordezkari horiek.

10. artikulua. Korporazioen arteko proportzioa ondoko hau izanen da:

Udal bakoitzari mila biztanleko edo frakzio bakoitzeko, ordezkari bat dagokio.

Ordezkari bakoitzak boto bakarra izanen du eta boto hori pertsonala eta eskuordezina izanen da.

Biztanle kopurua jakiteko, urteoro biztanleari buruz Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen diren datuak hartuko dira oinarritzat.

11. artikulua. Ordezkarien hautapena. Korporazio bakoitzak hautatu eta berrituko ditu bere ordezkariak eta haien ordezkoak, eta berritze hori toki hauteskundeen ondoren izanen da.

Bokal batek bere kargua uzten badu, korporazioaren borondatez, berak nahi duelako edo beste edozein arrazoirengatik, ordezkari berri bat izendatu beharko da lehengoak utzi eta hilabeteko epean.

BIGARREN ATALA

Funtzionamendu araubidea

12. artikulua. Batzar Orokorra, gutxienez, hiruhileko naturalean behin bilduko da, eta Udalen osoko bilkurak arautzen dituen erregelamenduarekin bat burutuko dira bilkurak.

Era berean, komenigarritzat jotzen diren adina bilkura egin ahal izanen dira, lehendakariaren ekimenez, Batzar Orokorreko zuzenbideko kideen laurdenak, Eskualdeko Batzordeak edo Udalerri bateko ordezkari guztiek eskatuta.

HIRUGARREN ATALA

Bilkura araubidea

13. artikulua. Bilkura bakoitzerako deialdia, Udaletako bilkurak arautzen dituen araudiarekin bat eginen da, eta behar den denbora emanen da kide bakoitzak jorratuko diren gaiak aztertu ahal izateko.

14. artikulua. Deialdiarekin batera eguneko gai-zerrenda bidaliko da.

Deialdiko egunetik aurrera, kideen esku egonen dira espedienteak eta eztabaidatu beharreko gaiak.

15. artikulua. Mankomunitatearen erabakiak, Udalen erabakiak arautzeko indarrean dagoen araudiarekin bat hartuko dira, hurrengo artikuluan ezarritakoak kontuan harturik.

16. artikulua. Aurrerago zehazten diren kasuetan erabakia hartzeko, legezko kideen gehiengo osoa behar da:

1._Mankomunitateko lehendakaria eta lehendakariordea hautatu eta kargugabetzea.

2._Ordenantzak, erregelamenduak eta tarifa orokorrak onestea eta aldatzea

3._Mankomunitateko kide berrien harrera.

4._Estatutu hauen aldaketa.

17. artikulua. Estatutu hauen aldaketarako, gai horretan indarrean dagoen legerian ezarritako prozedurari jarraitu beharko zaio.

LAUGARREN ATALA

Eskumenak eta eskurantzak

18. artikulua. Mankomunitateko Batzar Orokorrari dagozkionak:

1._Eraketari, berritzeari eta hedatzeari dagozkienak erabakitzea, baita karguak eta langileak izendatu eta kargugabetzeari buruzkoak ere, Estatutuan eta aplikatu beharreko legezko edo erregelamenduzko arauen arabera.

2._Behar diren egitasmo eta oinarrizko proiektuak onestea Mankomunitatearen xedeekin bat datozen zerbitzuak ezarri, garatu eta kudeatzeko.

3._Mankomunitatearen urteko aurrekontu eta kontuak onestea. Hiru eskualdeetako Toki Programazioaren eta Programazio Orokorraren batuketaren emaitza izanen da aurrekontu orokorra. Aurrekontu orokorra onartuko ez balitz, Toki Programek ez lukete indarrik izanen.

4._Edozein motatako ondasunak erosi eta besterentzea, horren zenbatekoa gastu arrunten %10 baino gehiago denean; eta obra eta kontrataziorako oinarri orokorrak zein diren erabakitzea eta, hala behar denean, lehendakariari ahalmena ematea haiek burutzeko.

5._Mankomunitatearen eskubideen defentsan jardutea, hura auziperatzen baldin badute aurka egitea, eta edozein jurisdikzioren aurrean mota eta gradu guztietako errekurtsoak paratzea, premia kasuetan izan ezik, jarduneko letratuak haien aldeko txostena eman ondoren.

6._Mankomunitateko lehendakaria eta lehendakariordea hautatu eta kentzea.

7._Eskumenak kudeatzeko delegazio hitzarmenak onestea beste administrazio publikoekin, are elkartutako entitateekin sinatzekoak direnean ere.

8._Elkartutako entitateek lankidetzarako egin behar dituzten hitzarmenen onespena eta berrespena.

9._Mankomunitateak eman behar duen zerbitzu bakoitzaren finantzatze modua onestea.

10._Zerbitzuak kudeatzeko moduak onestea.

11._Erregelamenduak, barne-araubidekoa barne dela.

12._Zerbitzuen garapena kontrolatu eta gainbegiratzea.

13._Mankomunitateko langileen plantilla onestea.

14._Lan kontratuen onespena eta ebazpena eta, behar balitz, disziplinazko zehapenak ezartzea.

15._Mankomunitateko Udalen Osoko Bilkurek beren helburuak betetzeko legez dituzten eskurantza eta eskumen guztiak, Mankomunitatearen maila txikiagoko beste organoei esleiturik ez badaude.

19. artikulua. Batzar Orokorrak lehendakariaren gain utz ditzake Osoko Bilkurak alkatearengan eskuordetu ditzakeen eskurantzak.

VI. KAPITULUA

Lehendakaria eta lehendakariordea

LEHEN ATALA

Izendapena

20. artikulua. Legegintzaldi bakoitzean, eskualde bateko ordezkaria izanen da Mankomunitateko lehendakaria, eskualde hori osatzen duten Udalen artean izendatua izanik, eta honako ordenari jarraituz:

A._Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko eskualdea.

B._Larraun, Lekunberri, Araitz eta Beteluko eskualdea.

C._Anue, Basaburua, Imotz, Odieta eta Ultzamako eskualdea.

Lehendakaria Mankomunitatearen ordezkaria izanen da pertsona juridiko edo fisikoekin dituen harremanetan, eta gainera, Batzar Orokorrak eta Estatutu hauek ematen dizkioten eginkizunak beteko ditu.

Horretarako espresuki sekretupean egindako bozketan Batzar Orokorra osatzen duten zuzenbideko kideen botoen gehiengo osoa lortzen duen bokala hautatuko da.

Aurreko lerroaldean ezarritako gehiengoa ez balu bokaletako inork lortuko, bigarren bozketa bat eginen da, hau ere sekretua, eta emandako botoen gehiengo soila lortzen duena izendatuko da lehendakari.

Berdinketa emanen balitz, biztanle kopuru gehien dituen entitatea ordezkatzen duen bokalaren alde eginen litzateke.

Lehendakariak lehendakariordea askatasun osoz izendatu edo kenduko du batzarra osatzen duten bokalen artean.

Aipatu diren izendapenak eratze bilkuran eginen ditu Batzar Orokorrak edo lehendakariak, hala behar bada, eta Toki Korporazioak berritzen direnean berrituko dira hauek ere; aurre-destituzio kasuetan ere, prozedura berari jarraituko zaio.

BIGARREN ATALA

Eskumenak eta Eskurantzak

21. artikulua. Lehendakaria izanen da Batzar Orokorrak hartutako erabakiak betearazten dituena, eta Nafarroako Toki Entitateei aplikatzen zaien araudiak alkateei ematen dizkien eskurantzak izanen ditu Mankomunitatearen eskumenen eremuan erabil daitezkeen heinean eta, betiere, Estatutu hauetan ezarritakoaren aurka ez doazen bitartean.

22. artikulua. Mankomunitateko lehendakaria Mankomunitatearen kanpoko harremanetan haren legezko ordezkari eta bozeramaile izanen da, eta ondoko egitekoak izanen ditu:

1._Batzarraren Batzorde Iraunkorraren bilkuretarako deia egin, haietan buru izatea eta zuzentzea.

2._Bere kabuz, erantzukizuna berea izanik, eta Batzarrak emandako jarraibideen barrenean, Mankomunitatearen aferek eskatzen dituzten premiazko neurriak hartzea, eta Batzarrari lehenbiziko bilkuran horren berri ematea eta, aferaren garrantziak hala eskatzen badu, bilkura berezirako deia egitea.

3._Mankomunitateak egin behar dituen ordainketetarako aginduak ematea, aurrekontuetako kontsignazioen barrenean.

4._Mankomunitatearen fondo eta ondasunak administratzea, eta urte naturalaren lehenbiziko sei hilabeteen barrenean, aurreko ekitaldiaren kontuak ematea.

5._Mankomunitatearen ordezkaria izatea hura ukitzen duten egintza eta negozio juridiko guztietan, bai eta behar denean prokuradoreei epaiketara edo epaiketatik kanpora agertzeko ahalordeak ematea, Batzarrak kasuan kasuan onesten dituen eskurantzekin.

6._Langile guztien buru izatea.

7._Entitatearen egintza eta agiriei buruz luzatzen diren ziurtagiriak ikus-onestea bere sinadurarekin.

8._Zerbitzuen funtzionamendu egokirako eta Mankomunitatearen helburuak zuzen bete daitezen beharrezko diren gainerako eginkizunak, non eta ez diren Batzarraren edo Batzorde Iraunkorraren egiteko berezia.

23. artikulua. Lehendakariordeak lehendakaria falta denean edo kargua bete gabe dagoenean jardungo du, haren eskurantza berberak izanik.

VII. KAPITULUA

Eskualdeko Batzordea

LEHENENGO ATALA

Osaketa

24. artikulua. Hiru Eskualdeko Batzorde osatuko dira:

A._Leitza, Goizueta, Areso eta Arano.

B._Larraun, Lekunberri, Araitz eta Betelu.

C._Anue, Basaburua, Imotz, Odieta eta Ultzama.

25. artikulua. Eskualdeko Batzorde bakoitzean Udalek ordezkari bana izanen dute. Batzorde honek egindako lehenengo bilkuran, batzordeburua aukeratu beharko dute. Batzordeek egindako bilkuren aktak prestatzeko, batzordekideen arteko ordezkari bat edo eskualdeko euskara teknikaria izendatuko da idazkari.

BIGARREN ATALA

Funtzionamendu araubidea

26. artikulua. Batzordea gutxienez hiruhileko naturalean behin bilduko da, eta Udalen Osoko Bilkurak arautzen dituen arautediarekin bat burutuko dira bilkurak.

Era berean, komenigarritzat jotzen diren adina bilkura egin ahal izanen dira, batzordeburuaren ekimenez, Batzar Orokorreko zuzenbideko kideen laurden batek eskatuta edo behar den eskualdeko Udalerri baten ordezkariak eskatuta.

27. artikulua. Bilkura bakoitzaren akta idazkariak eginen du, eta bertan hartutako erabakiak jasoko dira. Bi eguneko epean, akta Mankomunitatearen egoitzara igorriko da, lehendakariak hartzen diren erabaki guztien berri izan dezan. Lehendakariak, bere partez, Batzarraren bilkura bakoitzean Eskualdeetan hartutako erabakien berri emanen du.

28. artikulua. Batzordeek ez dute baliabide ekonomikorik izanen. Gastu zein diru sarrera guztiak Mankomunitatearen lehendakariaren eta Batzarraren bidez eginen dira.

HIRUGARREN ATALA

Eskumenak eta Eskurantzak

29. artikulua. Batzordeek ondoko egitekoak izanen dituzte:

1._Eskualdeko toki programazioa prestatzea.

2._Batzarrak programazioa onetsi ondoren, toki progamazioa betearaztea.

3._Ebazpen proposamenak Batzarrari luzatzea.

4._Batzarra deitzeko eskakizun-ahalmena.

VIII. KAPITULUA

Idazkari-kontu hartzailea eta diruzaina

30. artikulua. Mankomunitatearen idazkariaren egitekoak izanen dira:

1._Mankomunitatearen organoak informatu eta aholkatzea, Estatutuen, Ordenantzen eta indarra duen legeriaren arabera hartu beharreko erabakien inguruan.

2._Mankomunitatearen korrespondentzia eta dokumentazio guztiaz arduratu eta artxibatzea, lehendakariari aldez aurretik horren berri emanez eta hark ontzat emanda.

3._Mankomunitatearen Batzarrak eginen dituen bilkuretako aktak, lehendakariaren erabakiak eta Mankomunitateak aterako dituen agiriak idatzi eta baimentzea.

4._Aginduen ziurtagiriak egitea, lehendakariak ontzat emanda.

5._Udal idazkariari dagozkion egikizunen artean bidezkoak diren gainerako egitekoak.

31. artikulua. Kontu-hartzaile eta diruzainaren egitekoak indarra duten legezko xedapen arau-emaileei egokituko zaizkie.

IX. KAPITULUA

Araubide ekonomikoa

32. artikulua. Araubide mankomunatuan eskainiko diren zerbitzuen kudeaketa ekonomikorako urtero aurrekontu orokor bakarra eratuko da, unean-unean indarra duen antolamendu juridikoak agindutakoaren arabera.

33. artikulua. Araubide juridikoak Toki Entitateentzat aurreikusten duenaren arabera administratuko dira Mankomunitatearen fondo eta ondasunak, eta horri egokitu beharko zaizkio aurrekontuen garapena, fiskalizazioa eta errendimendua.

34. artikulua. Hauek dira Mankomunitatearen baliabide ekonomikoak:

a) Ondarea: Mankomunitatearen helburuak betetzeko gaur egun eta etorkizunean beharrezkoak izanen diren eskubide eta ondasun materialek osatuko dute.

Mankomunitateko entitateek eta beste Administrazio Publikoek zerbitzuak emateko lagatu edo eskuordetu dizkioten eskubide eta ondasun materialek osatzen dute ondare hori, bai eta Mankomunitatearen gainerako ondasunek edo berak erosten dituenek ere.

b) Estatutik, Nafarroako Gobernutik edo edozein pertsona fisiko nahiz juridiko, publiko nahiz pribaturengandik lortuko diren dirulaguntzak, laguntzak edo donazioak.

c) Bere ondasun eta zerbitzuen errentak, emaitzak eta prezioak.

d) Mankomunitateari legez dagozkion edo indarra duen araudiaren arabera ezar daitezkeen tasa eta ordainarazpenen emaitza.

e) Mankomunitateko partaide diren erakunde guztien gain ezar litezkeen ekarpenak.

f) Berez beste Entitate batzuei, mankomunatuak direnak barne, badagozkie ere, lankidetza hitzarmen baten bidez honi ematen zaizkion ordainarazpenen emaitza.

g) Bere helburuak erdiesteko ituntzen diren mailegu eta kredituak.

h) Indarra duen araudiaren arabera Mankomunitateak ordainarazi edo ordainaraz dezakeen beste edozein.

35. artikulua. Mankomunitateko Udalek bere gain hartzen dituzte, biztanle erroldaren azken zuzenketaren ondoren dituzten zuzenbideko biztanle kopuruaren arabera, Mankomunitateak hartutako obligazio eta zorrak. Hala ere, Toki Programazioak, eskualde bakoitzeko Udalen artean ordainduko dituzte; Programa Orokorra, berriz, Mankomunitatea osatzen duten Udal guztien artean.

36. artikulua. Edozein kontzepturengatik Udalek Mankomunitateari zor dizkioten kantitateen kasuan, eta zenbateko horiek ordain daitezen, Udal mankomunatuek baimena ematen diote Nafarroako Gobernuari kantitate hori beraiei dagozkien transferentzietatik, hain zuzen ere "Banaketa kontua" delako transferentziatik, ken dezan.

37. artikulua. Udal mankomunatuen ekarpenak, horretarako zabalduko den eta soilik Mankomunitate honen helburuetarako erabiliko den kontu batean eginen dira.

38. artikulua. Gastuak.

Gastuaren burutzea lau fasetan banatuko da: gastua baimentzea, gastuaren xedapena, betebeharra ezagutzea eta ordainketa agintzea.

_Gastua baimentzea: gastu bat egitea erabakitzean datzan administrazio-egintza.

_Gastuaren xedapena: aurrez baimendutako gastu bat egitea erabakitzen duen administrazio-egintza.

_Betebeharra ezagutzea: gastuak baimendu eta konprometitu zituen erabakiarekin bat, baimenduta eta konprometitua dagoen gastu baten ondorioz Udalari eska dakiokeen kreditu bat dagoela deklaratzen duen administrazio-egintza. Hori guztia, dagokion organoaren aurrean kreditatu beharko da agirien bitartez.

_Ordainketa agintzea: ordainketa bat egitea erabakitzean datzan administrazio-egintza.

Hala ere, egintza batek, aipatu diren faseetako bat baino gehiago har ditzake, eta banaka erabakiko balira bezala balioko du. Kasu hauetan, erabakia hartzen duen organoak, fase guztietan jarduteko eskurantzak izan beharko ditu.

Aurrekontuan dagoen gastua baimentzea eta xedatzea Eskualdeko Batzordeei dagozkie.

Betebeharra ezagutzea lehendakariari edo Batzarrari dagokio, organo bakoitzaren eskumenen arabera.

Ordainketa agindua lehendakariari dagokio, banan-banan burututako administrazio-egintzen bidez edo ordainketa aginduen zerrenden bidez. Ordainketa aginduetan obligazio bakoitzaren datu hauek eman behar dira gutxienez: zenbateko gordina eta garbia, hartzekodunen identifikazioa eta obligazioei egotzi behar zaizkien aurrekontu aplikazioak. Agindu horiek lehendakariaren sinaduraz gain, diruzainarena eta kontu hartzailearena beharko dute.

X. KAPITULUA

Langileak

39. artikulua. Mankomunitateak behar dituen langileak izanen ditu. Langile kopurua, kategoria eta eginkizunak Batzarrak formulatuko dituen plantilletan zehaztuko dira. Gutxienez ere, Eskualde bakoitzak Euskara Teknikari bat izanen du.

40. artikulua. Mankomunitateak berak kontratatuko dituen langileek osatuko dute plantilla organikoa.

Langile hauek indarra duten xedapen laboral eta sozialen menpe egonen dira. Ondorioz, izendapenek ez dute udal funtzionarioaren kategoria emanen eta ez dute hori lortzea ahalbideratuko.

XI. KAPITULUA

Kide berrien onartzea

41. artikulua. Mankomunitatean Udal eta Kontzeju berrien onarpena 16. artikuluan zehaztutako gehiengoaren aldeko botoarekin onetsi ahal izanen da, eta onartzeko erabakia 15 egunez egonen da jendaurrean. Aipatutako epea inork erreklamaziorik aurkeztu gabe bukatzen bada, onartzea behin betikoa izanen da.

XII. KAPITULUA

Desegitea

42. artikulua. Mankomunitatearen desegite partzial edo erabatekoa gertatzeko arrazoiak, une horretan aplikagarri izanen den Toki Araubidearen Erregelamenduan ezarritakoak izanen dira.

Partaide batek Mankomunitatea uzteari buruz Mankomunitateak hartuko duen erabakiak zehaztuko du banaketa honek ondasun, eskubide eta obligazioetan izanen dituen ondorioak.

Hala ere, Mankomunitatea utzi nahi duen Udalak, gutxienez urte bateko aurrerapenarekin jakinarazi beharko du.

43. artikulua. Edozein kasutan, Mankomunitatearen erabateko desegitea gertatuko balitz, desagerpenaren erabakiarekin batera, ondasunen eta desegiteak sortaraziko zorren (langileen diru-ordainketak barne direla) kitapena egin beharko litzateke Udal bakoitzari dagokiona zehaztuz.

XIII. KAPITULUA

Zerbitzuen Elkarte batean sartzea

44. artikulua. Euskara Mankomunitatea osatzen duten Udal guztiek edo batzuek zerbitzu ezberdinen Elkartea osatzen badute, eta Batzarrak horrela erabakitzen badu, Elkarte horretan sartzeko aukera zabalik egonen da. Hau gertatzen bada, Mankomunitateko Udal bakoitzak erabaki beharko du, indarrean dauden legeek xedatutakoarekin bat eginez, Elkarte berrian parte hartuko duen edo ez; eta erabaki horren ondorio juridikoak ere onartu beharko ditu.

Iragarkiaren kodea: L0617087