139. ALDIZKARIA - 2006ko azaroaren 20a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

337/2006 FORU AGINDUA, azaroaren 3koa, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak emana, 2006ko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorrak eta Balantze Kontuak itxi eta likidatzeko arauak onesten dituena.

Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko abenduaren 26ko 8/1988 Foru Legearen 108. artikuluaren arabera, kontabilitate publikoaren antolaketa Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren esku dago. Bestalde, foru lege horren 109.b artikuluak adierazten du erregelamenduzko ahalmenaren erabilera bultzatzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuari dagokiola, kontuen egitura, justifikazio, tramitazio eta ematea zehazteko eta kontabilitate publikoaren inguruko beste agiri batzuetarako arauak emateko. Horren ondorioz, beharrezkoa da, aurreko urteetan bezala, 2006ko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorren kontuak ixteko arauak onestea.

Horrenbestez,

AGINDU DUT:

1. artikulua. 2006ko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorrak eta Balantze Kontuak itxi eta likidatzeko kontabilitate aplikazioak erregulatzeko arauak onestea. Foru agindu honen 1. eranskinean ageri dira.

2. artikulua. Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko 8/1988 Foru Legearen 28. artikuluari jarraikiz, aipatu ekitaldiaren itxiera data 2006ko abenduaren 31 da, eta beroni egotziko zaizkio ekitaldian likidatutako eskubideak, beren sortze-aldia edozein izanik, eta ekitaldi bukaera arte onartutako obligazioak, ekitaldi honen barruan egindako gastuenak badira betiere.

3. artikulua. Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuek eta erakunde autonomoek behar diren jarraibideak eman ditzatela, foru agindu honetan xedatutakoa burutu eta betetzeko, eta hornitzaile, esleipen-hartzaile edo onuradunei faktura eta ziurtagiriak edo antzeko dokumentuak azkar aurkez ditzatela eskatzea, ordainketa horiek 2006ko aurrekontuaren kargura aipatu datetan tramitatu ahal izateko edo, bestela, gerakinetan kontabilizatu.

4. artikulua. Foru agindu hau eta bere eranskina igortzea departamentuetako idazkaritza teknikoei, erakunde autonomoei, sozietate publikoetako zuzendari kudeatzaileei, esku-hartze eta kontabilitate ataletako buruei eta kontu-hartzaile delegatuei, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara daitezela agintzea, orok jakin dezan eta aplika dadin.

Iruñean, 2006ko azaroaren 3an._Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, Francisco J. Iribarren Fentanes.

1. ERANSKINA

Xedea

Arau hauen xedea da 2006ko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorrak eta Balantze Kontuak itxi eta likidatzeko jarraitu beharreko arauak zehaztea.

1._Gastuen aurrekontua.

1.1. Aurrekontuko aldaketak tramitatzeko epea.

Ekonomia eta Ogasun kontseilariak onetsi behar dituen edo Gobernuari proposatu behar dizkion aurrekontu aldaketen espedienteak 2006ko abenduaren 12a baino lehen igorri beharko dira Aurrekontu eta Diruzaintza Zerbitzura.

1.2. Obra espedienteak, bestelako inbertsioak eta kapital dirulaguntzak tramitatzeko epea. (D, AD).

Abenduaren 13rako behin betiko izaeraz jasota egon behar dute, kontabilitate sisteman, egun horretara arte hartu diren eta exekutatu gabe dauden baimen eta konpromiso guztiak, salbu eta toki entitateek Nafarroako Zergetan duten Partaidetza Funtsean sartutako kapital transferentziak, horiek abenduaren 31rako jasota egon beharko baitute behin betiko izaeraz.

Abenduaren 13tik aurrera, obrei, bestelako inbertsioei eta kapital dirulaguntzei dagozkien baimenak eta gastu konpromisoak tramitatzen ahal dira soilik, aurreko atalean aipatutako salbuespenarekin, Gobernuak erabakita edo Ekonomia eta Ogasun kontseilariak espresuki emandako baimenaren bidez. Kasu horiek aurretiaz kontabilizatuta egon behar dute data horretan.

1.3. Hurrengo ekitaldietako espedienteak tramitatzeko epea. (D, AD).

2006tik aurrerako aurrekontuen kargura egiten diren gastu konpromiso guztiek abenduaren 13rako behin betikoz kontabilizatuak egon beharko dute, honako kasu hauetan izan ezik: toki entitateek Nafarroako Zergetan duten Partaidetza Funtsean sartutako kapital transferentziak eta aurretiazko tramitazioaren gastuak. Kaus horietarako abenduaren 31n bukatuko da epea.

Egun horretarako kontabilizatuak ez dauden gastu espediente guztiak kasuan kasuko kontu-hartzailetzak, delegatuak nahi orokorrak, baztertuko ditu eta konpromiso horiek baliogabetu ere egin ditzake.

1.4. 2006ko ekitaldiaren kargura aitorturiko obligazioak. (ADOP, OP eta T).

2006ko abenduaren 31 baino lehenagoko aurrekontu gastuen ondoriozko obligazioak 2006ko ekitaldiko aurrekontuaren kargura egotzi ahalko dira, kasuan kasuko aurrekontu kredituen bizkar, baldin eta aurrekontua ixten denean ordaindu gabe badaude.

Horretarako, gastu horiek burutu direla egiaztatu beharko da, ziurtagiri, faktura, albaran edo obra nahiz zerbitzua 2006ko ekitaldiaren barrenean gauzatu dela frogatzen duen agiriaren bidez.

2006ko abenduaren 11tik aitzina, ordaintzeko utziko diren obligazioen aitorpena T1, T2 eta T3 agirien bidez kontabilizatu ahalko da.

1.4.1. Obligazioak kontabilizatzeko epeak.

Aurrekontuen exekuzioari dagozkion agiri guztiek, edozein aurrekontu-fasetakoek, gerakinen kontabilizazioa barne, sistema informatikoan erregistratuta egon beharko dute abenduaren 31rako aurretiazko moduan, salbu eta nomina bidezko ordainketei, gastuaren sailkapen ekonomikoaren 16. artikuluari eta atal honetako hurrengo lerroaldeetan aipatutakoei dagozkienak.

Fakturetan edo agirien kanpoko ekarpenetan jasan behar diren obligazioak aitortzeari dagokionez, horiek 2007ko urtarrilaren 10a baino lehen sartu beharko dira, epea arauzko xedapen baten bidez ezarrita ez badago behintzat. Nolanahi ere, kontabilitate zentroek urtarrilaren 17ra bitarte jaso dezakete dokumentazioa, eta egoera horiei dagozkien ordainketa obligazioak aurretiaz erregistratzeko epea urtarrilaren 19an bukatuko da. Egun horretarako, indarra duen araudiaren arabera aldez aurreko kontu-hartze beharrik ez duten gastu guztiek kontabilizatuta egon beharko dute, behin betikoz.

Aurreko bi ataletan finkatutako mugaegunean aldeko kontu-hartzea egiteko moduan ez dauden obligazioen aitorpenak baztertuko dira, gerakinenak barne. Salbuespen gisa, agiriak aurkezteko legezko epeetan ezinezkoa baldin bada finkatutako mugaegunerako gastuak behar bezala justifikatzea, ordainketa obligazioak behin-behineko egoeran geldituko dira, kasuan kasuko araudian finkatutako epea amaitu arte, edo gehienez urtarrilaren 26ra arte. Hortik aurrera, dagokion erabakia hartuko da lehenbailehen. Puntu honetan ezarritakoa aplikatzearen ondorioz baztertzen diren gastuak 2007ko ekitaldiaren kargura egotziko dira, hala badagokio.

Bestalde, 2007ko urtarrilaren 31rako kontabilizatuta egon beharko dute, kontu-hartzailetzak aurrez adostasuna emanda, 2006ko ekitaldiari buruzko eragiketa guztiek.

Arau hauen kariaz kontabilizatu diren obligazioen kargura, bidezkoak diren ordainketak egin daitezela agindu ahalko da.

1.4.2. Langileen gastuak.

Abenduko nominan ordaindutako gastuen kontabilizazioa 2007ko urtarrilaren 5a baino lehen egin beharko da. Egun horretarako, aurrekontuko 16. artikulu ekonomikoan biltzen diren gastu guztiek kontabilizatuta egon beharko dute.

Kasuko kontusailean kreditu aski ez badago eta, horrenbestez, aurreko lerroaldean aipatutako gastua egiterik ez badago, arazoa 2007ko urtarrilaren 10erako ebatzi beharko da.

2006. urtean emandako zerbitzuetakoak izan arren, 2007an (urtarrileko nominan nahiz beste batean) ordaintzen diren denborazko kontzeptuen ordainsariak (dietak, aparteko orduak, jaiegunak eta antzekoak) 2007ko Aurrekontuari egotziko zaizkio.

1.5. Justifikatu beharreko funts libratuak.

Abenduaren 20ko 385/1993 Foru Dekretuak justifikatu beharreko funts libratuak arautzen ditu, eta Ekonomia eta Ogasun kontseilariaren 172/1994 Foru Aginduak garatu egin zuen aipatu foru dekretua.

Bi xedapen horietan ezarritakoa betetzeko, aurrekontuko itxiera eragiketei dagokienez, honako arau hauek hartu beharko dira kontuan:

1.5.1. Kutxa finkoko aurrerakinak.

a) 2006ko abenduaren 22a baino lehen, funts horien hartzaileek hartutako diru kopuruen aplikazioa justifikatu beharko dute eta/edo, bestela, erabili gabeko funtsak itzuli.

b) 2006ko abenduaren 22rako, funts horien kudeaketaz arduratzen direnek kontabilizatuta eduki beharko dituzte gastu justifikatuak.

c) Beranduenik ere, abenduaren 31n ordainduko da aurrerakinaren zenbatekoa, Nafarroako Kutxako 2054 0000 46 1100014530 zenbakiko kontu korrontera egindako transferentzia bidez.

d) Aurreko atalean ezarritakoa bete ondotik, organo eskudunek Aurrekontu eta Diruzaintza Zerbitzuari eskatu ahal diote 2007rako aurrerakina ezar dezala, itzulitakoaren adinakoa. Eskabidearekin batera Diruzaintzari itzuli zaiola frogatzen duen ordain-gutuna ere aurkeztu beharko da.

e) Kaxa finkoko aurrerakinen kudeaketa eta segimenduaz arduratzen diren organoek, lau hilean behin, 385/1993 Foru Dekretuko 13.3 artikuluak aipatzen duen funtsen egoerari buruzko dokumentua prestatu beharko dute. Dokumentu hori Kontu-hartzailetza Orokorrari igortzen zaio. 2007ko urtarrilaren 31 baino lehen Kontabilitate Atalera igorriko dira hirugarren lauhilekoari dagokion dokumentuaren kopia, banku-berdinkatzearekin batera, eta kontu-laburpenen kopia bat.

J dokumentuen kontabilitatea hurrengo ekitaldira arte blokeatuta geldituko da eta, beraz, abenduaren 22rako justifikatuta ez dauden gastuak 2007ko aurrekontuari egotziko zaizkio.

1.5.2. Justifikatu beharreko ordainketa aginduak.

a) Ordainketa-agindu hauek jasotzen dituztenek justifikatu egin beharko dute hartutako diru kopuruen aplikazioa eta, hala egin behar bada, Diruzaintzara itzuli erabili gabeko funtsak, 2006ko abenduaren 31 baino lehen. Hori horrela izan dadin, justifikatu beharreko funts horien kudeaketa eta segimenduaz arduratzen diren organoek behar diren neurriak hartu beharko dituzte hori betetzeko.

b) Justifikatu beharreko ordainketa-aginduen kudeaketa eta segimenduaz arduratzen diren organoek 2007ko urtarrilaren 31 baino lehen prestatu beharko dute 385/1993 Foru Dekretuko 13.3 artikuluak aipatzen duen funtsen egoerari buruzko dokumentua, 2006ko abenduaren 31ko datari dagokiona, behar duen banku-berdinkatzearekin batera. Dokumentu horri banku-laburpenen kopia erantsiko zaio, eta Kontabilitate Atalera igorriko da 2007ko urtarrilaren 31 baino lehen.

2._Dirusarreren aurrekontua.

2.1. Dirusarreren esleipena.

8/1988 Foru Legearen 28. artikuluak xedatzen du aurrekontu-ekitaldiari urte horretan likidatutako eskubideak egotziko zaizkiola, edozein dela ere haien sortze-aldia.

Horrekin bat, 2006ko dirusarreren aurrekontuari urte horretan aitortu diren eskubideak aplikatuko zaizkio, nahiz eta kontabilitate zentroek egin behar duten horien kontabilizazioa 2007ko urtarrilaren 19a arte luza daitekeen.

2.2. Formalizaziotik datozen dirusarrerak.

2007ko urtarrilaren 19rako, lan pertsonalaren etekinen eta higigarrien kapitalaren etekinen atxikipenengatik sortzen diren dirusarrera guztiak aplikatu beharko zaizkie dagozkien kontusailei, bai eta, halakorik bada, formalizaziotik datozen gainerako dirusarrerak ere.

2.3. Kontu korrenteen saldoak eskualdatzearen aplikazioa.

Abenduaren 28a arte, kaxa finkoko aurrerakina, justifikatu beharreko ordainketa-aginduak, Europar Batasunaren proiektuak, unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako eskola-jantokiak eta unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoen kudeaketa gastuak kenduta, beste helburu baterako irekitako bankuko kontua kudeatzen duen arduradunak bankuko kontu horretan dagoen saldoa Nafarroako Kutxako 20540000 46 1100014530 zenbakiko kontu korrontean sartuko du transferentzia bidez.

Gainera, bankuko kontua kudeatzen duen arduradunak, kontabilitate zentroaren bitartez, Kontabilitate Atalera txosten bat igorriko du, diru kopurua zenbatekoa den adierazten duena eta aurrekontuko zein kontusailetan sartu behar den zehazten duena.

3._Balantze kontuak.

Kontabilitate itxierako eragiketa obligatuetan ezinbestekoa da ondare-egoera azaltzeko aurkeztuko diren finantzen egoera-orrien zehaztasuna bermatzea. Horregatik egiaztapen batzuk egin eta dokumentatu behar dira, balantzeko kontuak eta departamentuetan dauden erregistro lagungarriak bat datozela ziurtatzeko. Koadratze hori egiaztatzeko, kontabilitate zentroek hurrengo ataletan aipatzen den informazioa eman beharko dute.

3.1. Ibilgetu materiala eta ez-materiala.

Ondare Zerbitzuak, Foru Komunitateko Ondareko Ondasun eta Eskubideen Inbentarioa prestatu eta eguneratzeko ardura duen aldetik, eraikin eta higigarriei dagozkien eta aplikatzeko dauden bajei buruzko informazioa eman beharko du 2007ko urtarrilaren 12a baino lehen, baita ibilgetu materialeko ondasunen zerrenda, inbentarioaren arabera 220tik 229era bitarteko kontuen saldoak jasaten dituena, dagokien balorazioarekin batera.

3.2. Finantza inbertsio iraunkorrak (250, 251, 252, 260, 265 eta 542 kontuak).

2007ko urtarrilaren 31 baino lehen, finantza inbertsio iraunkorrei dagozkien ekintza hauek egin beharko dira:

_Ondare Zerbitzuak Kontabilitate Atalera igorri beharko du 250 (Akzioak) eta 251 (Errenta finkoko baloreak) kontuei dagozkien saldoen informazioa, 2006ko ekitaldian izandako aldaketen berri emanez eta adieraziz aldaketa horiek aurrekontuen exekuzioan eraginik izan duten ala ez.

_Maileguak, epe luzerako aurrerakinak edo Nafarroako Ogasun Publikoaren beste kreditu batzuk (252, 260 eta 265 kontuak ukitzen dituztenak) eman dituzten departamentu edo erakunde autonomoetako kontabilitate zentroek sistema informatikoan mailegu horietako bakoitzari buruzko informazioa sartu beharko dute, 2006ko abenduaren 31n eguneratuta. Departamentuek Kontabilitate Atalera ziurtagiri bat igorri beharko dute, idazkari teknikoak sinatua, kontabilitate datuak, hirugarrenen zerrenda barne (hori ere aurkeztu beharrekoa) Departamentuan dauden administrazio espedienteekin bat datozela egiaztatzen duena.

_Azkenik, Toki Administrazioko Departamentuak 542 kontuan (Udal funtzionarioen Montepioko mailegua) dagoen saldoa berresten duen txostena igorri beharko du Kontabilitate Atalera.

3.3. Izakinak (3. multzoko kontuak).

Izakinen inbentarioa duten departamentu edo erakunde autonomoek 2007ko urtarrilaren 31 baino lehen igorri beharko dute Kontabilitate Atalera kontu horiek ekitaldia ixtean dituzten saldoei buruzko informazioa.

3.4. 2007a baino lehen aitortutako obligazioen ondoriozko hartzekodunak.

2006ko ekitaldia ixtean, aurreko urteetako obligazio aitortuen ondoriozko hartzekodunak dituzten departamentuek edo erakunde autonomoek, baldin eta horien ordainketa agindua tramitatu gabe badago oraindik (T) edo blokeatuta badago (O), hartzekodunen zerrenda Kontabilitate Atalera igorri beharko dute, 2006ko abenduaren 31 baino lehen. Horrekin batera, bertan behera utzi beharreko obligazioak eta indarra izaten segitzen dutenak zehaztuko dira. Azkeneko kasu horretan, denbora luzea pasatu arren, ekitaldia ixtean obligazio horiek oraindik ere indarrean daudela frogatzen duten agiriak igorri beharko dituzte.

3.5. Diru-sarreren itzulketaren ondoriozko hartzekodunak. (420).

HKLren (Hirugarrenendako Kontabilitate Lagungarria) esparruan kudeaturiko diru-sarreren itzulketaren ondoriozko hartzekodunen kontuei dagokienez, horietako saldoei buruzko informazioa emanen da ekitaldia ixten denerako, 2007ko urtarrilaren 31rako, alegia.

3.6. Zordunak. (43. kontua).

Kontabilitate zentroek 2007ko urtarrilaren 31 baino lehen sartu beharko dute sistema informatikoan kobratzeke dauden zor guztien inguruko informazio eguneratua. (4311).

Departementuek egun horretarako zordunen zerrenda igorriko dute Kontabilitate Atalera, zorraren hasierako urteren arabera ordenaturik eta mantendu behar diren zordunak adieraziz, eta derrigorrezko dirubilketako agentziara eskualdatu ez izanaren arrazoiak emanez.

Dena dela, HKLren (Hirugarrenendako Kontabilitate Lagungarria) esparruan kudeaturiko zordunen kontuei dagokienez (431, 432, 435 eta 436), horietako saldo zordun eta hartzekodunei buruzko informazioa emanen da.

3.7. Formalizatze kontuak (554, 556, 586 eta 589 kontuak).

Zor/kreditu konpentsazio edo barruko formalizazioen eragiketetan kontu multzo hau erabiltzen duten kontabilitate zentroek aseguratu beharko dute, ekitaldi itxieran, zero saldoa dutela.

Saldo hori lortzen ez badute, 2006eko abenduaren 31n duten saldoaren berri xehekatua bidali beharko dute Kontabilitate Atalera, urtarrilaren 31 baino lehen.

Era berean, 5540200000, 5561000000, 5561000004, 5852000002, 5852000003 kontuei dagozkien zordunen eta hartzekodunen saldoei buruzko informazioa, HKLren (Hirugarrenendako Kontabilitate Lagungarria) esparruan kudeaturikoa, emanen da.

3.8. Epe laburreko fidantzak (560 kontua).

2007ko urtarrilaren 31 baino lehen, kontabilitate zentroek epe laburrera jasotako fidantzen zerrenda igorriko dute Kontabilitate Atalera, fidantzak eratu zireneko urtearen arabera ordenatuta, eta horietakoren batean hura justifikatzen duen bermea beharrezkoa ez izatera pasatu dela adieraziz, bost urtean bederen itzultzeko eskaera egiterik izan gabe.

4._Jasotako eta emandako abalen inguruko informazioa.

2007ko urtarrilaren 31 baino lehen, Ondare Zerbitzuak eta Diruzaintza Atalak Kontabilitate Atalera igorri beharko dute abenduaren 31 arte eratutako abalen inguruko saldoen eta 2006an horietan izandako aldaketen txostena, bai eta jasotako abalen gaineko txostena ere.

5._Enpresa publikoen urteko kontuak.

Enpresa publikoek 2007ko martxoaren 15a baino lehen Balantzearen eta Irabazi eta Galeren Kontuen berri emanen diote Kontuhartze Orokorraren Zerbitzuari, urteko kontuak, behin auditatu ondoren, igorri beharra galarazi gabe.

Iragarkiaren kodea: F0617538