138. ALDIZKARIA - 2006ko azaroaren 17a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

1275/2005 EBAZPENA, urriaren 23koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana, onesten duena Unibertsitate Publikoko funtzionarioen eta kontratupeko langileentzako 2006/2007 ikasturteko laguntzen deialdi orokorra, titulu ofizialak eta lurralde nazional osoan baliagarri direnak lortzeko ikasketak egin ditzaten.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak, 2005eko abenduaren 20an egindako bileran, erabaki zituen Nafarroako Unibertsitate Publikoko funtzionarioen eta kontratupeko langileentzako laguntzen deialdi orokorraren oinarriak, titulu ofizialak eta lurralde nazional osoan baliagarri direnak lortzeko ikasketak egiteko.

Bestalde, Gizarte Kontseiluak, 2005eko abenduaren 29an egindako bileran, 39/2005 Erabakia, oinarri horiek onesten dituena, hartu zuen.

Ikusirik 1696/2005 Ebazpena, abenduaren 30ekoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Horren bidez agintzen da argitara ematea Gizarte Kontseiluaren Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko funtzionarioen eta kontratupeko langileentzako laguntzen deialdi orokorraren oinarriak onesten dituena, titulu ofizialak eta lurralde nazional osoan baliagarri direnak lortzeko ikasketak egin ditzaten.

Langileen Kudeaketa Ataleko buruaren txostena ikusi eta gero.

Kudeatzailearen proposamena ikusi eta gero.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Estatutuen 40. artikuluan esleituta dauzkadan eskumenak betez,

EBATZI DUT:

Lehenengoa._Onestea 2006/2007 ikasturteko laguntzen deialdi orokorra, Nafarroako Unibertsitate Publikoko funtzionarioen eta kontratupeko langileentzat, titulu ofizialak eta lurralde nazional osoan baliagarri direnak lortzeko ikasketak egin ditzaten, eta, halaber, onestea hori arautuko duten oinarriak, Ebazpen honen eranskin bakar modura jasota daudenak.

Bigarrena._Deialdi honen finantzaketa Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2006ko ekitaldirako duen Aurrekontuan gaituriko kontusail honen kargura ordainduko da: 41/41.00/480.04 "Bekak. Matrikulak" edo 2007ko aurrekontu-ekitaldiko kontusailean, deialdiaren ebazpen-dataren arabera.

Hirugarrena._Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin agintzea.

Laugarrena._Eskaeraren eredu ofiziala Unibertsitatearen Intraneten jartzea, eta interesdunen eskura ere jartzea Nafarroako Unibertsitate Publikoko Giza Baliabideen Zerbitzuan.

Bosgarrena._Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 6.4 artikuluak xedatzen duenaren arabera, eta aukeran, berraztertzeko errekurtsoa aurkez daiteke errektorearen aurrean, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Epaitegietan, hilabeteko epean lehenengo kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere, ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2006ko urriaren 23an._ Errektorea, Pedro Burillo López.

ERANSKINA

Nafarroako Unibertsitate Publikoko funtzionarioentzako eta kontratupeko langileentzako 2006/2007 ikasturteko laguntzen deialdi orokorraren oinarriak, titulu ofizialak eta lurralde nazional osoan baliagarri direnak lortzeko ikasketak egin ditzaten

I._Laguntzaren xedea.

Nafarroako Unibetsitate Publikoaren administrazio eta zerbitzuetako langileek eta irakasle eta ikertzaileek laguntzak eskatu ahalko dituzte, beraientzat, beren ezkontidearentzat edo izatezko bikotearentzat eta 25 urtez azpiko beren seme-alabentzat, Nafarroako Unibertsitate Publikoan egindako titulu ofizialetako matrikula-eskubideak ordaintzeko.

Lanaldi partzialeko langileek gehienez jasoko duten diru-kopurua lanaldiaren ehunekoaren araberakoa izango da.

Ondorio hauetarako, ondorengo hauek ez dute lanaldi partzialeko izaera edukiko: lanaldi-murrizketa adingabeko haurren, adinekoen eta ezinduen zaintzagatik, bai eta beste edozein lanaldi-murrizketa ere, aurrekoen antzeko arrazoiengatik denean.

II._Deialdiaren izaera.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren matrikula-eskubideak ordaintzeko laguntzak Hezkuntza eta Zientzia Ministerioaren eta/edo Eusko Jaurlaritzaren eta/edo Nafarroako Gobernuaren eta/edo, bidezkoa bada, beste edozein autonomia erkidegoren deialdietakoen osagarriak izango dira.

III._Laguntzen onuradunak.

Lansariak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Aurrekontuen kontura jaso, eta ondoko baldintza hauetakoren bat betetzen duten langileek eskatu ahalko dituzte laguntzak eta, halaber, berorien onuradunak izan:

a) Nafarroako Unibertsitate Publikoaren jarduneko langileak, laguntzak eskatzean karrerako funtzionario edo behin betiko lan kontratupeko langileak direnak.

b) Irakasle eta ikertzaileak edo administrazio eta zerbitzuetako langileak, Unibertsitateak behin-behinekoz izendatu edo aldi baterako kontratatu dituenak. Izendapenak edo kontratuak, laguntza eskatzean indarrean egon behar duenak, gutxienez hamabi hilabeteko iraupena izan behar du, eta horietatik gutxienez sei dagokion ikasturtetakoak izango dira.

c) Erretiroa harturiko langileak, erretiroa hartu zutenean Nafarroako Unibertsitate Publikoan lanpostua zuten karrerako funtzionarioak edo behin betiko lan kontratupeko langileak zirenak.

d) Erabateko baliaezintasun iraunkorra edo baliaezintasun handia aitortu zaien langileak, egoera horren aitorpena egin zenean Nafarroako Unibertsitate Publikoan lanpostua zuten karrerako funtzionarioak edo behin betiko lan kontratupeko langileak zirenak.

e) Hil zirenean, Unibertsitateko karrerako funtzionarioak edo behin betiko kontratupekoak ziren langileen umezurtzak, 25 urtez beherakoak direnean.

Eskatzaileak laguntza eskatzen ahal du berarentzat, ezkontidearentzat edo izatezko bikotearentzat, eta 25 urtez azpiko seme-alabentzat.

IV._Zein ikasketatarako eskatzen ahal den laguntza.

Nafarroako Unibertsitate Publikoan ematen diren ikasketak, titulu ofizialak eta lurralde nazional osoan baliagarri direnak lortzeko bideratuak egiteko eskatu ahalko da laguntza, bakarrik.

Onuraren eragile bakoitzeko, laguntza soilik eskatu ahalko da ikasketa bakar baterako. Nolanahi ere, hark laguntza lortzen badu 1. edo 2. Zikloko ikasketa baterako, gero, bidezkoa bada, laguntza eskatzen ahal du ikasketa berberetako 2. Zikloa egiteko eta/edo 3. Zikloko ikasketak egiteko, hurrenez hurren.

1. Zikloko ikasketekin zerikusirik ez duen 2. Zikloko beste titulazio bat egitean, eta, gainera, jadanik laguntza jaso denean harengatik, 2. Zikloaren ikasmailak bezainbat laguntza, gehi bat, lortzeko eskubidea izango dute. Deialdi honetako III. atalaren a) eta b) ataletan jasotako langileek ez dute eskakizun hau bete behar beraientzat laguntza eskatzen dutenean.

Ez da unibertsitateko ikasketak egiteko laguntza eskatzen ahal eskatzaileak unibertsitateko maila bereko edo goragoko ikasketak eginak baldin baditu.

V._Laguntzaren edukia.

Laguntzaren kopurua matrikulatutako kredituetarako ezarritako prezio publikoraino iristen ahal da.

Laguntzan ez dira sartzen ondoko hauengatik ordaindutako prezio publikoak: idazkaritza-zerbitzuak, ikasketa-espedientea irekitzea, lekualdaketak, nortasun txartela, ikasketa-egiaztagiriak edo konpultsak, eskola-asegurua, tituluak luzatzea, baliokidetzak, doktoretza-tesiak irakurtzea, Lizentziaturako azterketak eta antzekoak, matrikula-inprimakiak, ikasketen gidaliburuak, bai eta irakasgaiengatik edo doktoretza ikastaroengatik zerikusirik ez duten edozein ikasketa zerbitzu ere.

VI._Eskatzaileak bete beharreko betekizun orokorrak.

Eskatzaileak bete beharreko betekizunak honako hauek izango dira:

A._Deialdi honen III. atalean adierazitako kolektiboetakoa izatea.

B._Onuraren eragilea deialdi honen IV. oinarrian adierazitako ikasketetakoren batean matrikulatua egotea.

C._Beka-eskaera aurkeztea Hezkuntza eta Zientzia Ministerioaren aurrean eta/edo Eusko Jaurlaritzaren aurrean eta/edo Nafarroako Gobernuaren aurrean eta/edo, bidezkoa bada, beste edozein Autonomia Erkidegoren aurrean, dagozkion deialdietako eskakizunak betetzen direnean.

VII._Irakaskuntza betekizunak.

III. ataleko a) eta b) ataletako Unibertsitateko langileek, laguntza erdietsi ahal izateko, Iraupen Arauak bete behar dituzte.

Gainerako onuradunek laguntza erdiesteko ondoko irakaskuntza-betekizun hauek bete behar dituzte:

1._Matrikulazioa.

a) Sarrera berriko ikasleak. Ikaslea matrikulatu behar da dagokion ikasketa-planaren lehenengo ikasmailako irakasgai guztietan.

b) Gainerako ikasleak. Ikasleak gutxienez 60 kreditu matrikulatu behar ditu ikasturteko, edo ikasketak amaitzeko beharrezkoak diren kreditu-kopurua, hau 60 kreditu baino txikiagoa bada.

Baliokidetu edo egokitutako kredituak ez dira zenbatuko aurreko puntuan eskatutako gutxieneko kreditu-kopurua betetzeko.

2._Eskatzailea joan den ikasturtean izaera bereko laguntzaren onuraduna izan bazen, gutxienez matrikulatutako kreditu guztien %60 gaindituak izan behar ditu ekaineko eta iraileko deialdien artean, diplomatura edo lizentziaturaren kasuan, eta matrikulatutako kreditu guztien %50 Ingeniaritzaren kasuan.

Ikasleak azterketa-deialdiren bati uko egiten badio, edo matrikula deuseztatu badu, irakasgai horiei dagozkien kredituak gainditu gabeko kredituak direla ulertuko da.

Dagokion ikasturtean ikasleak matrikulatu behar duen gutxieneko kreditu-kopurua ez da eskatuko karrerako azken ikasmailako ikasleen kasuan, beti ere aurreko ikasmaila edo ikasmailetan irakaskuntza-probetxu hobea edukitzearen ondorioa bada. Arrazoia zio hori ez bada, dagokion ikasturtean matrikulatutako irakasgai edo kreditu-kopurua gutxienez eskatutako gutxienekoaren %50 izango da, behintzat.

Dagokion titulua erdiesteko beharrezko kopurua baina gehiagoko kredituak, edo baliokidetutako irakasgaiak, ez dira sartuko aurreko atalek aipaturiko gutxienekoen barnean.

Ikasketarik egin gabe ikasturteren bat igaro bada, ikasturterako ezarritako betekizunak egindako azken ikasturteari ezarriko zaizkio.

VIII._Ekonomia betekizunak.

Laguntza jasotzeko, kontuan hartuko dena da deialdi honetako X. Atalean adierazten den familiaren errenta-muga erabilgarria, eta errenta hori kalkulatuko da Eskola eta Lanbide Irakaskuntzen zuzendari nagusiaren ekainaren 28ko 684/2006 Ebazpenak, 2006/2007 Ikasturteko Beken Deialdi Orokorra, maila ertainekoa eta unibertsitateko mailakoa, onesten duenak, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean 2006ko abuztuaren 4an argitaratu zenak, ezarritako arauekin bat etorriz.

IX._Laguntza jasotzea.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak laguntza bat ematen duenean eta Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak edo Eusko Jaurlaritzak edo Nafarroako Gobernuak edo, bidezkoa bada, beste Autonomia Erkidego batek Unibertsitatearen laguntzaren onuradunari edo haren eragile den ikasleari ere laguntza, irakaskuntza tasen laguntza edo salbuespena ematen dionean, soilik bi kopuruen total absolutuen arteko aldea jasotzen ahal da Nafarroako Unibertsitate Publikotik, irakaskuntza berarengatik, eta beti ere Nafarroako Unibertsitate Publikoak ematen duena beste erakunde batek ematen duena baino handiagoa bada. Aldea zero denean, edo Nafarroako Unibertsitate Publikoaren laguntza txikiagoa denean, nahitaez beste erakundeak emandako laguntza aukeratu behar da.

Laguntzaren onuradunak laguntza jasoko du bere lansariak jasotzeko Unibertsitatean agertzen den banku-kontuan sartuko zaion diru-kopuruaren bidez.

Unibertsitatean lan egiten ez duen laguntzaren eskatzaileak laguntza jasoko du horretarako ezarritako kontu-zenbakian egindako diru-sarreraren bidez.

X._Laguntzaren kopurua.

Deialdi honetako III. ataleko a), b), c), d) eta e) ataletako Unibetsitateko langileek, beraientzat laguntza eskatzen badute, irakaskuntzako laguntzari dagozkion prezio publikoen %100 jasoko dute.

Gainerako onuradunen laguntzaren kopurua izaera orokorrarekin zehazteko, eskaerak sailkatuko dira deialdi honetan ezarritakoarekin bat etorriz kalkulatutako familia-errenta erabilgarriaren arabera, ondoko tarte hauetan:

F.K.*TARTEAK

1 2 3

1 15.451,15 20.143,89 33.600,12

2 23.176,72 30.215,83 50.400,18

3 30.902,3 40.287,78 67.200,24

4 38.627,87 50.359,72 84.000,3

5 46.353,45 60.431,67 100.800,36

6 54.079,02 70.503,61 117.600,42

(*) F.K.: Familia-unitatearen kide kopurua.

Familia-errenta erabilgarriaren kuantifikazioa urtero eguneratuko da Kontsumoko Prezioen Indizea gehi 2 puntu aplikatuz.

A._Kopurua.

1. tartea matrikulatutako kredituei dagozkien prezio publikoen %100.

2. tartea matrikulatutako kredituei dagozkien prezio publikoen %80.

3. tartea matrikulatutako kredituei dagozkien prezio publikoen %70.

Kasu guztietan, laguntzaren kopurua mugatuko da lehenengo aldiz matrikulaturiko kredituetara. Ez dira lehen aldiz matrikulatutako kreditutzat hartuko aurretik matrikulatu eta gainditu ez ziren irakasgaien ordez matrikulatutako aukerako irakasgaiei edo hautaketa libreko irakasgaiei dagozkienak.

B._Laguntza-kopurua.

Ikasle bakoitzak aukeratu duen ikasketa-planak zenbat ikasmaila dituen, beste hainbeste laguntza jasotzeko eskubidea edukiko du, gehi beste laguntza bat, beti ere VII. atalean eskatutako irakaskuntza-betekizunak betetzen baditu.

Aipatu gehienezko kopuru hori zenbatzeko, ez da kontuan hartuko Karrera Amaierako Proiektuaren matrikula, eta soilik behin eman ahalko zaio hari laguntza.

Espedientearen lekualdaketaren bidez sartzen diren ikasleek eskubidea izango dute gehienezko laguntza-kopuru bat jasotzeko, ikasketak amaitzeko geratzen zaien kreditu-kopuruaren proportzionala dena.

Deialdi honetako III. ataleko a) eta b) ataletako Unibetsitateko langileei, beraientzat laguntza eskatzen badute, ez zaie aplikatuko B atala.

XI._Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskaerarekin batera honako hauek aurkeztuko dira:

a) Beste erakunde batean aurkeztutako laguntza-eskaeraren ordezkagiriaren fotokopia, bidezkoa bada.

b) Zinpeko aitorpena, arrazoi berarengatik beste laguntza bat jasotzen ez duela adierazten duena, baita ez dela laguntza hau eskatzen beste hainbat deialditan eskatutako betekizunak betetzen ez direlako ere.

c) Familia Liburuaren eta ezkontidearen edo izatezko bikotearen eta familia-unitateko kideen NANaren fotokopia.

d) 2005eko PFEZaren aitorpenaren fotokopia, eskatzaileak ez duenean berarentzat eskatzen laguntza.

e) Nafarroako Gobernuaren 2006/2007 ikasturteko Beka Deialdi Orokorrak, maila ertainekoak eta unibertsitate mailakoa denak, eta Nafarroako Gobernuak eman zuenak (2006ko abuztuaren 4ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIAL), 9. oinarrian ezarritakoarekin bat etorriz familia-errenta erabilgarriari aplikatzen ahal zaizkion kenkarien egiaztagiriak.

f) Familia-unitateak ez badu egin PFEZaren aitorpena legeak ez duelako horretara behartzen, ondoko dokumentu hauek aurkeztuko ditu eskaerarekin batera:

Besteren konturako langileen edo pentsiodunen kasuan, 2005ean lortutako diru-sarreren egiaztagiria.

Enpresa-buru eta eta profesional liberalen kasuan, 2004an lortutako diru-sarrera gordinen aitorpena.

XII._Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaera, eskatutako dokumentazio guztiarekin, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Erregistro Orokorrean aurkeztuko da, Langileen Kudeaketarako Atalari zuzendua, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hurrengo 20 egun naturaleko epean.

XIII._Laguntzak ematea, ukatzea eta erreklamazioak.

Eskaerak ebatziko dira errektorearen ebazpenez, Laguntza Batzordeak proposatuta.

Laguntza Batzordearen kideak honako hauek izango dira:

_Gizarte Kontseiluaren burua, Batzordeko burua ere izango dena.

_Irakasleen Gaietarako errektoreordea.

_Kudeatzailea edo berak eskuordetutakoa.

_Irakasle eta ikertzaileen Batzordeak izendatutako mahaikidea.

_AZLren Batzordeak izendatutako mahaikidea.

_Enpresa batzordeak izendatutako mahaikidea.

_Langileen Kudeaketarako Ataleko burua, idazkaria izango dena.

Laguntza Batzordeak gehiengoz hartuko ditu erabakiak, eta batzordeburuaren kalitatezko botoak erabakiko du, berdinketa badago. Gizarte Kontseiluaren burua ez bada bertaratu, Irakasleen Gaietarako errektoreordea izango da Laguntza Batzordeko burua.

Laguntza Batzordeak erabakiko du emandako laguntzen behin-behineko zerrenda.

Behin-behineko zerrenda horrekin ados ez dauden eskatzaileek espedienteak berrikusteko eskaera egin ahalko dute 10 eguneko epean, behin-behineko zerrenda argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita, Soforak eraikineko Giza Baliabideen Zerbitzuko iragarki-oholean. Batzorde horrek ofizioz berrikusi ahalko ditu, halaber, akatsen bat edo deialdian aurreikusitakoaren urraketaren bat duten espedienteak.

Erreklamazioak aurkezteko epea amaitu eta hilabetea igaro ondoren, errektorearen ebazpenaren bidez, Laguntza Batzordeak proposatuta, emandako eta ukatutako laguntzen behin betiko zerrenda onetsiko da, Soforak eraikineko Giza Baliabideen Zerbitzuko iragarki-oholean argitaratuko dena.

XIV._Laguntzen ordainketa.

Laguntzaren onuradunek Hezkuntza eta Zientzia Ministerioari, Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari edo dagokion Autonomia Erkidegoari eskatutako laguntza ematen edo ukatzen dela adierazten duen behin betiko jakinarazpenaren kopia aurkeztu behar dute.

Beste erakunde bati arrazoi bararengatik laguntza eskatu ez dizkioten eskatzaileen kasuan, laguntzaren ordainketa burutuko da errektorearen Ebazpena, laguntzak ematen dituena, argitaratu eta hurrengo 30 eguneko epean.

Beste laguntza batzuen eskatzaileen kasuan, ordainketa burutuko da errektorearen Ebazpena, laguntzak ematen dituena, argitaratu eta hurrengo 30 eguneko epean, Hezkuntza eta Zientzia Ministerioari, Eusko Jaurlaritzari edo Nafarroako Gobernuari eskatutako laguntza ematen edo ukatzen duen erabakiaren behin betiko jakinarazpena aurkezteko baldintzarekin, berau aipatu hogeita hamar eguneko epe horren barruan oraindik eman ez bada.

Aurreko paragrafoan aipaturiko eskatzaileek Hezkuntza eta Zientzia Ministerioari, Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari edo dagokion Autonomia Erkidegoari eskatutako laguntza ematen edo ukatzen duen erabakiaren behin betiko jakinarazpenaren kopia aurkeztu behar dute dagokion erakundeak erabakia hartzen duenetik 15 eguneko gehienezko epean. Erakundearen erabakiak ezartzen badu Unibertsitateak emandako laguntzaren kopuru bera edo handiagoa emango dela, Unibertsitateak emandako laguntzari edo laguntzei automatikoki uko egiten zaiela ulertuko da, eta hasieran emandako laguntza berehala bueltatuko da. Oinarri hauetan ezarritako epean Erakundeari eskatutako laguntza ematen edo ukatzen duen erabakiaren behin betiko jakinarazpenaren kopia ez aurkezteak ondorio bera izango du.

Beste erakunde batek emandako laguntza Unibertsitateak emandakoa baino txikiagoa bada, emandako kopurua automatikoki berrikusiko da eta berau murriztu egingo da bi laguntzen arteko kopuruen artean dagoen aldera, dagokion kopurua bueltatu egingo delarik.

Laguntza bueltatuko da, dagokion espedientea ireki eta gero, eskatzailearen nominatik dagokion kopurua kenduz.

XV._Laguntzak ezeztatzea.

Laguntza hauen onuradunek edozein momentutan galtzen ahal dituzte, errektorearen erabakiaren bidez, eman zaizkien laguntzak, hortik etortzen ahal diren egintzak galarazi gabe, aurretik dagokion espedientea irekiko delarik laguntzak emateko arauek ezartzen dituzten gaorabeherak bete ote diren baieztatzeko.

Espedientearen ondorioz laguntza ezeztatzen bada, jasotako diru-kopurua bueltatu beharko da, eskatzaileak eta/edo ikasleak, zeinaren izenean eskatu baitzen, izaten ahal dituen erantzukizun administratibo, zibil eta penalak galarazi gabe.

XVI._Datuak biltzea eta lagatzea.

Laguntza eskatzaileek laguntza-eskaeraren kariaz eskatzen zaizkien datu guztiak eman behar dituzte. Datu horiek emateari uko egitea eskatutako laguntza ukatzeko arrazoia izaten ahal da.

Laguntza emateko eskainitako datu pertsonalak Unibertsitatean dagoen Fitxategi Automatizatua Giza Baliabideetako Informazio Sistema delakoan sartuko dira. Unibertsitateak banku-erakundeko datuak lagatzen ahal dizkie eskatzaileak jasoko duen laguntza edo laguntzak kudeatuko dituen finantza-erakundeei.

XVII._Informazioa.

Laguntza-lehiaketa orokorraren emaitzak izaera orokorrarekin jendaurrean jarriko dira, gutxienez Soforak eraikineko Giza Baliabideen Zerbitzuko iragarki-oholean, bai eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web-orrian ere.

Iragarkiaren kodea: F0617319