138. ALDIZKARIA - 2006ko azaroaren 17a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

336/2006 FORU AGINDUA, urriaren 30ekoa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, irabazi asmorik gabeko entitateek 2006. urtean nekazaritzako elikagaien kalitatea sustatzeko jardueretarako dirulaguntzak emateko deialdia onesten duena.

Nafarroako Nekazaritzaren Plan Estrategikoaren Elikagaien eraldaketa, merkaturatzea, kalitatea eta segurtasuna izeneko 2. ardatzak honako jardunbide hauek ditu: Eragile ekonomikoen artean hitzarmenak prestatu eta sortzea eta lehenbiziko sektorearen, industriaren eta banaketaren alorretan sektore mailako hitzarmenaren kultura ezartzea. Kalitatea eta balio erantsi handiagoa dituzten produktuen eraldaketa eta egokitzapena sustatzea. Kontsumoaren merkatua eta exijentzia sistemak denek ezagutzea lortzea. Merkataritzako estrategiak prestatzen laguntzea. Irudi eta sustapen bateratua ematea.

Horretara iristeko, egokia da agenteen arteko lankidetzarako tresnak izan daitezen sustatzea, jarduerak eta proiektuak gauzatu eta merkataritzako estrategiak sortu eta sendotzeko. Estrategia horiek elikagaien kalitateari, trazabilitateari eta segurtasunari, eta ingurumenarekiko errespetuari dagokienez, kontsumitzaileen eskaera berrietara moldatuko dira. Halaber, kontsumoaren merkatua eta exijentzia sistemak denek ezagutzea lortu behar da.

Foru agindu honi Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskurantzak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. 2006. urtean nekazaritzako elikagaien kalitatea sustatzeko jardueretarako dirulaguntzak emateko deialdia onestea.

2. Deialdiko arauak onestea. Arau horiek foru agindu honen eranskinean daude.

3. Foru agindu honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko 225.000 euroko gastua onestea, 2006ko gastuen aurrekontuetako "Nekazaritza merkaturatzeko ekimenak sustatzea" izeneko 721000-72210-4701-413104 kontusailaren kargura.

4. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

5. Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aurrera izanen ditu ondorioak.

Iruñean, 2006ko urriaren 30ean._Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, José Javier Echarte Echarte.

ERANSKINA

Arauak

Lehenbizikoa._Xedea.

1. Deialdi honek xedea du agenteen arteko integraziorako eta lankidetzarako tresnak sustatzea, nekazaritzako kalitateko elikagaiak direla-eta, kontsumoaren merkatua eta exijentzia sistemak denek ezagutzea lortu ahal izateko

2. Arau hauek Nafarroako Foru Komunitateko nekazaritzako elikagaien kalitatea sustatzeko jarduerak egin daitezela bultzatzeko dirulaguntzak emateko modua ezartzen dute. Jarduerek 2006. urtean eta irabazi asmorik gabeko entitateek eginak behar dute izan.

3. Jatorrizko deiturak edo adierazpen geografiko babestuak dauzkaten nekazaritzako landare-produktuei, haien eratorriei eta produktu ekologikoei buruzko kontsumoaren merkatua eta exijentzia sistemak denek ezagutzea lortzeko bidea ematen duten proiektuak diruz laguntzen ahalko dira.

Bigarrena._Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Laguntzak proiektuen kostuaren %100era iristen ahalko dira.

2. Proiektuak gauzatzeko sortzen diren gastuak diruz lagunduko dira. Halaber, justifikatzen diren kostu zuzenen %20 zeharkako kostu gisa onartuko dira.

Hirugarrena._Onuradunak.

Deialdi honen laguntzak irabazi asmorik gabeko entitate pribatuek eskatzen ahal dituzte, baldintza hauek beterik: indarra duen legeriaren arabera sortuak izan, nortasun juridikoa izan, helbidea Nafarroan eduki, eta estatutuetan, entitatearen helburu gisa, nekazaritzako elikagaien sustapena agertzea.

Laugarrena._Eskatutako betebeharrak frogatzeko modua.

Aurreko arauan aipatzen diren betebeharrak frogatzeko, eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztuko dira:

_Laguntzetarako eskabidea.

_Egin beharreko jarduerak adierazten dituen txostena eta jarduerak ebaluatzeko behar diren elementuen aipamena. Halaber, bakoitzaren balorazio ekonomikoa eginen da.

_Nortasuna frogatzen duten agiriak: estatutuak, behar den erregistroan sartuak, eta identifikazio fiskalerako txartela.

_Entitateak dituen jarduera sektoreen zerrenda.

_Bazkideen zerrenda, nekazaritzako elikagaiak produzitzeko katearen tarteen araberakoa (produktoreak, lantzaile-eraldatzaileak, merkaturatze-banatzaileak eta kontsumitzaileak).

_Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekutan ez dagoela dioen adierazpena.

_Zerga obligazioetan eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharretan eguneratua dagoela frogatzen duten agiriak.

Bosgarrena._Eskabideak aurkezteko epea eta eskatutako baldintzak frogatzeko modua.

1. Eskaerak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentura igorriko dira. Bertako erregistroan aurkeztu beharko dira, haren menpeko nekazaritza bulegoetan, edo bestela Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan aurreikusitako bideetatik aurkeztu ahalko dira.

2. Eskabideak aurkezteko epea hamar egun naturalekoa izanen da, deialdi hau argitaratu eta biharamunetik hasita.

3. Eskabidea horretarako ezarritako ereduan aurkeztuko da. Eredu hori Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Erregistroan, nekazaritza bulegoetan eta Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es webguneko atariko zerbitzuen katalogoan eskuratzen ahal da.

4. Eskatzaileak laguntzak lehenbizikoz hartu behar dituenean edo laguntzak kobratzeko kontua aldatu nahi duenean, laguntzaren eskabidearekin batera transferentzia bidez kobratzeko eskabidea aurkeztu beharko du, behar bezala beterik.

Seigarrena._Dirulaguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpide objektiboak.

1. Deialdi honetako dirulaguntzak lehia bidez emanen dira.

2. Honako irizpideen arabera emanen zaie lehentasuna aurkeztutako proiektuei:

_Nekazaritzako elikagai katearen tarteek entitatearen jardueretan parte hartzea: gehienez 50 puntu.

_Sektore bakoitzaren garrantzia: gehienez 50 puntu.

_Kalitatea sustatzeko programak gauzatzeko estrategien oinarriak eta definizioak egiteko gaitasuna: gehienez 50 puntu.

_Merkataritzan dituen ordezkariak: gehienez 50 puntu.

Eskabide batzuek puntu berak badituzte, zein hurrenkeratan aurkezten diren kontuan hartuta lehenetsiko dira.

Zazpigarrena._Ebaluazio organoa.

Nekazaritzako Elikagai Industrien eta Nekazaritzako Ustiategien Zerbitzuak ebaluatuko ditu eskabideak.

Zortzigarrena._Deialdia antolatu, instruitu eta bukatutzat ematea.

1. Eskaera harturik, hirugarren eta laugarren arauetan ezarritako betebeharrak betetzen dituen egiaztatuko da. Eskabideak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, interesatuari eskatuko zaio hamar eguneko epean zuzen dezala, eta ohartaraziko, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko zaiola.

2. Eskabidea ebaluatu ondoren, Nekazaritzako Elikagai Industrien eta Nekazaritzako Ustiategien Zerbitzuak ebazpena proposatuko du.

3. Landa Garapenerako zuzendari nagusiak edo, bestela, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak ebazpen bat emanen du dirulaguntzei buruz, arrazoi eta guzti, eta espresuki adieraziko du zein diren ezetsitako eskabideak.

4. Prozeduraren gainean ebazteko epea hilabetekoa izanen da. Epea espresuki ebazpenik gabe bukatzen bada, ezetsitzat joko da eskabidea.

Bederatzigarrena._Onuradunaren betebeharrak.

Onuradunak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 9. artikuluan ezarritako beharkizunak bete beharko ditu.

Hamargarrena._Dirulaguntzaren helburua lortu dela eta harturiko dirua erabili dela frogatzeko epea eta modua.

1. Dirulaguntzaren xedeko lanak bukatu ondoren, eta betiere abenduaren 20a baino lehen, onuradunak ondoko agiriak aurkeztu beharko ditu:

a) Proiektuak gauzatzeko egindako gastuen eta ordainketen frogagiriak. Justifikazio kontu baten gisara eginen da eta bertan bilduko ditu diruz lagundutako jarduketen aitorpena eta haien kostua, eta izandako gastu guztiak xehaturik. Kostu zuzenak justifikatzeko jatorrizko agiriak eta fotokopiak aurkeztuko dira eta jatorrizkoak itzultzean, fotokopiak Administrazioaren eskuetan geldituko dira. Frogagirien zerrenda bat eginen da, zenbatua, eta zerrendaren ordenaren arabera aurkeztuko dira.

b) Egindako jardueren txostena eta sortu diren agirien kopiak.

2. Ordainketaren baten justifikazioa oinarri honen 1. atalean ezarritako epean egiterik ez baldin badago, 2007ko otsailaren 28a arte egiten ahalko da. Halaber, egun hori baino lehenago entitateak 2006an izan dituen emaitzen kontua ere aurkeztu beharko da, hamabigarren arauak ezartzen diren ondorioetarako.

Hamaikagarrena._Ordaintzeko modua eta epeak.

Dirulaguntza proiektuak gauzatu egin direla eta gastuak modu egokian justifikatu direla egiaztatu ondotik ordainduko da.

Hamabigarrena._Interes publikoak bermatzeko neurriak.

Entitate onuradunak 2006ko ekitaldiko jardueretan superabita baldin badu, laguntzen diru zenbatekoa egokituko da superabita berdintzeraino.

Hamahirugarrena._Laguntzen bateragarritasuna.

Laguntza hauek bateraezinak dira proiektu berberetarako entitate onuradunak jasotako beste edozeinekin.

Hamalaugarrena._Onuradunaren betebeharrak publizitate arloan.

Onuradunak, proiektuen hedapena egitean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren finantziazioa jaso dutela adierazi beharko du.

Hamabosgarrena._Hornitzaileak kontratatzeko efizientzia eta ekonomia frogatzeko modua.

Entitate onuradunak aholkularitza enpresen zerbitzuak kontratatuz gero eta haien kostua 12.000 eurotik goitikoa izanez gero, frogatu beharko du hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela eta gutxienez hiru eskaintza egin dituela. Baldintza hori ez zaio eskatuko baldin eta gastu hori dirulaguntzaren eskabidea aurkeztu baino lehen egin bada.

Hamaseigarrena._Kontzesioaren aldaketa, ezarririko baldintzak ez betetzeagatik.

Proiektuen gauzatze partzialak kontzesio ebazpenaren aldaketa ekarriko du, betiere proiektu hura aukeratzeko irizpideek beren horretan segitzen badute.

Hamazazpigarrena._Ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.

Foru agindu honetan eskatutako betebeharrak eta hartutako konpromisoak bete ezean, dirulaguntza itzuli egin beharko da eta, bidezkoa denean, behar diren zehapenak jarriko dira.

Diru-itzulketa, arau-hauste eta zehapenen arloan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35., 42. eta 43. artikuluetan xedatutakoari jarraikiko zaio.

Hemezortzigarrena._Deialdiaren aurkako errekurtso administratiboak.

Deialdi honen eta arauen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Hemeretzigarrena._Emandako dirulaguntzen argitalpena.

Deialdi honetako laguntzak hartzen dituztenen zerrenda Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko iragarki oholean argitaratuko da, Iruñeko Tutera kaleko 20an.

Iragarkiaren kodea: F0617527