128. ALDIZKARIA - 2006ko urriaren 25a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ESTERIBAR

Orreaga Kirol Mankomunitatearen estatutuak

Jendaurreko epea (2006ko 94. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, abuztuaren 7koa) iraganda inolako alegaziorik aurkeztu gabe, Esteribarko Udalak, 2006ko irailaren 15ean egin osoko bilkuran, aho batez onetsi du Estatutuen testua, ondotik ematen dena, eta .bon.ean argitaratzeko agindu du.

Esteribarren, 2006ko irailaren 18an._Alkatea, Francisco Javier Borda.

I. KAPITULUA

Eraketa, izena eta helbidea

1. artikulua. Esteribarko, Erroko, Aurizko, Orreagako eta Luzaideko Udalek borondatezko mankomunitatea eratu dute, Estatutu hauetako II. kapituluan agertzen diren beren eskumeneko zerbitzuak elkarrekin antolatu eta emateko.

Mankomunitatean kide berrien edo haien irteeraren onespena Estatutuetako arauei jarraikiz eginen da.

Mankomunitate honen antolaketa eta funtzionamendua Estatutu hauetan xedatutakoari lotuko zaizkio, eta modu osagarrian Nafarroako toki entitateei aplikatzen ahal zaien araudia erabiliko da.

2. artikulua. Nortasun juridikoa. Mankomunitate honek gaitasun juridiko osoa izanen du bere xedeak betetzeko, izaera publikoko entitate administratiboa den aldetik, eta une bakoitzean bera osatzen duten toki entitateen mugapeak hartuko ditu.

3. artikulua. Izena eta helbidea. Delako entitatearen izena "Orreaga" Kirol Mankomunitatea izanen da. Haren egoitza Esteribarko Udalean kokatuko da, Zubirin den Herriko Etxean baitago.

II. KAPITULUA

Xedeak eta egitekoak

4. artikulua. Mankomunitateak xede izanen du:

4.1. Udalen elkargunea izatea, Udalek haren baitan aztertu eta eztabaida ditzaten kudeaketari dagozkion alderdiak oro, bai guztien interesekoak direnak, bai Udalen arteko lankidetzan oinarrituriko konponbideak behar dituztenak.

4.2. Urtero gorputz eta kirol jardueretarako programa bateratuak sustatzea Mankomunitateko kide diren toki entitateetako bizilagunendako, bai zuzenean bai Udalekin batera elkarlanean, betiere herri bakoitzeko jarduerak errespetatuz.

4.3. Aipatu programak gauzatzeko beharrezkoak diren baliabide tekniko, ekonomiko eta ekipamenduzkoak jartzea.

4.4. Kirola gizakiaren garapen osoa erdiesteko bitarteko bat dela aitorturik, kirola, oro har, sustatu, bulkatu eta zabaltzea.

4.5. Jarduera fisikoak eta kirolak garatzea, denentzako kirola deritzon arloan eta aisialdian.

4.6. Teknikariak prestatzeko ikastaroak sustatzea.

4.7. Eskualdeko eta herrietako kirola garatzeko beharrezkoak diren azterlan, proiektu eta txosten guztiak egitea.

4.8. Kirolen inguruko elkartegintza sustatzea bizilagunen artean.

4.9. "Orreaga" Kirol Mankomunitateko kide diren Udaletako kirol eskaintzaren berri ematea Mankomunitateko bizilagunei.

4.10. Kirol Mankomunitateak bere dituen instalazioak bulkatu, eraiki, zaindu, konpondu eta administratzea, kasuan kasuko udalekin behar diren hitzarmenak eginez.

4.11. Bere eginkizunetan aritzean tokietako kirol zerbitzuekin lankidetzan aritzea.

4.12. Mankomunitatearen ordezkariak izendatzea Nafarroako Kirol Jokoetako azken fasera joateko, betiere haien araudiarekin bat.

5. artikulua. Zehaztu berri den eskumenaren barnean, Mankomunitateak badu ahalmena zernahi egintza egiteko, aurreko artikuluan aipatutako xedeak eta, zehazki, honako hauek, betetzearren:

5.1. Estatuari, Nafarroako Gobernuari eta beste korporazio publiko nahiz pribatuei dirulaguntzak, sorospenak eta bestelako laguntzak eskatzea.

5.2. Mota guztietako hitzarmen edo kontratuak gauzatzea.

5.3. Mankomunitatearen zerbitzu guztiak antolatzea.

5.4. Mota guztietako material, tresna, lanabes eta ondasunak eskuratzea.

III. KAPITULUA

Indarraldia

6. artikulua. Mankomunitate honen iraupena edo indarraldia mugagabea izanen da, eta Estatutuak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen direnetik aitzina hasiko da funtzionatzen.

IV. KAPITULUA

Zuzendaritza eta partaidetza organoak

7. artikulua. Mankomunitateak zuzendaritza organo hauek ditu:

_Zuzendaritza Batzordea.

_Lehendakaria.

_Lehendakariordea.

Zuzendaritza Batzordea da Mankomunitateko organo gorena. Estatutu hauetan zehazten diren eskumen eta eskurantzak izanen ditu, baita ordenamendu juridikoak aitortzen dizkion gainerako guztiak ere.

8. artikulua. Mankomunitateko herriek ordezkari bana, Udalbatzak haren kideetatik izendatua, izanen dute Zuzendaritza Batzordean, eta haiek osatuko dute batzorde hori. Udalerri bakoitzak ordezkari bat hautatuko du, salbu eta Esteribarko Udala, horrek bi izanen ditu eta. Ordezkariek boto bana izanen dute Zuzendaritza Batzordean.

_Gutxienez ere 5 kide izanen dira (gaur egungo 5 Udalek osatzen badute), haien artean lehendakaria eta lehendakariordea, eta toki entitate bakoitzeko, aholkulari gisa, kirol teknikari bat, halakorik balego, agertu ahalko da, hizpidea duela baina botorik gabe.

_Idazkaria ere egonen da, hizpidea duela baina botorik gabe.

Honela eginen da ordezkarien hautapena:

_Udalbatza bakoitzak libreki hautatu eta berrituko ditu bere ordezkariak; Batzordeko kide diren zinegotziak berritu egin beharko ditu udal hauteskundeetan.

Kide batek bere kargua uzten badu, bai udalbatzek hala erabakita, bai bere borondatez, bai beste arrazoi bategatik, hilabeteko epean izendatuko da ordezkoa, aurrekoak kargua uzten duen egunetik aurrera.

9. artikulua. Zuzendaritza Batzordearen eginkizunak:

9.1. Batzordekideek beren artean hautatuko dute lehendakaria, bozketa unibertsal, libre, zuzeneko eta isilpekoaren bidez. Lehendakariordea ere horrela hautatuko da.

9.2. Bera eratu, berritu eta handitzeko eta karguak eta enplegatuak izendatu eta berritzeko erabakiak hartzea, estatutuekin eta aplikatzekoak diren legezko edo erregelamenduzko arauekin bat.

9.3. Mankomunitatearen xedetako aurreikusi diren zerbitzuak ezarri, garatu eta kudeatzeko beharrezkoak diren plan nahiz proiektu oinarrizkoak onestea.

9.4. Mankomunitatearen urteko aurrekontuak eta kontuak onestea.

9.5. Zerbitzuei atxikitako langileak zehaztea, eta orobat erabili beharreko kontratazio sistemak nahiz hautapenerako irizpide eta oinarri orokorrak finkatzea.

9.6. Mankomunitateko udalerrien ekarpenak finkatzea.

9.7. Mankomunitateko kirol zerbitzuak erabiltzen dituzten talde nahiz gizabanakoek ordaindu beharreko kuotak onestea.

Zuzendaritza Batzordeak aipatu gaiei buruz hartzen dituen erabakiak lotesleak dira Mankomunitateko toki entitate guztiendako.

9.8. Mankomunitateko kudeaketa zuzentzea eta xede soziala bete dadila begiratzea.

9.9. Beharrezko ikusten dituen batzordeak nahiz lantaldeak sortzea.

9.10. Partaidetza alorren edo batzordeen zuzendariak izendatzea eta Mankomunitateko kirol jarduerak oro antolatzea.

9.11. Urteko inbentarioa, balantzea eta memoria prestatzea, Batzarrak onets ditzan.

9.12. Batzar Orokorrari informazioa ematea, bai eskatzen zaizkion gaiei buruzkoa bai batzarraren interesekoak izan daitezkeen beste aferen gainekoa.

10. artikulua. Udaletako osoko bilkuren egintzek duten araubide juridiko berbera izanen dute Zuzendaritza Batzordearen egintza administratiboek.

11. artikulua. Batzarkideek beren artean hautatuko dute lehendakariordea bozketa pertsonal, libre, zuzeneko eta isilpekoaren bidez.

Lehendakariordea ere hautatuko da, lehendakariaren eginkizun eta eskurantza guztiak izanen baititu hura kanpo denean edo kargua hutsik bada, harik eta berria hautatu arte. Udal desberdinetako bi kidek hartu beharko dituzte kargu horiek, eta Batzarra eratzen den bilkuran nahiz hura berritzeko hurrengoetan izendatuko dira.

12. artikulua. Hona lehendakariaren eginkizunak:

12.1. Mankomunitatearen ordezkaria eta legezko eleduna izatea kanpoko harremanetan.

12.2. Zuzendaritza Batzordeko eta Batzarreko bilkuretarako deia egitea eta haietan buru egitea. Deia eginen du egoki juzgatzen duenean edo batzarkideen herenak proposaturik.

12.3. Mankomunitatearen aferetarako beharrezkoak diren presako neurriak hartzea, bere kasa, bere erantzukizunpean eta betiere Batzarraren jarraibideekin bat. Zuzendaritza Batzordeari hurrengo bilkuran emanen dio horren berri, eta bilkura berezirako deia egitea erabakiko du aferaren garrantziak hala eskatzen badu.

12.4. Mankomunitateak egin beharreko ordainketak agintzea, aurrekontuko diru ahalmenen barnean.

12.5. Mankomunitatearen diru eta ondasunak administratzea eta urte naturaleko lehen seihilekoaren barnean aurreko ekitaldiaren gaineko kontuak ematea.

12.6. Entitatearen egintza eta agirien egiaztagiriak sinatzea, ikus-onesteko.

12.7. Mankomunitatearen aurrekontuak prestatzea, idazkariarekin batera, aurrekontu onetsien garapen egokia xedatzea eta urteko kontuak aurkeztea, hori guztia erregelamenduaren arabera aplikatzekoak diren legezko xedapenei jarraikiz.

12.8. Zerbitzuek behar bezala funtzionatzeko eta Mankomunitatearen xedeak ongi betetzeko beharrezkoak diren gainerako eginkizunak, betiere Batzarrak edo Zuzendaritza Batzordeak berendako ez badute.

13. artikulua. Lehendakariordea lehendakaria kanpoan denean edo kargua hutsik dagoenean arituko da, haren eskurantza berberak hartuta.

14. artikulua. Hona idazkariari dagokiona:

Bilkura ororen aktak prestatzea. Zuzendaritza Batzordeak Mankomunitateko udaletako idazkarien artean izendatzen duen kideak beteko du eginkizun hori. Horiez gain, lehendakariak manatzen dizkionak izanen ditu eginkizun.

15. artikulua. Zuzendaritza Batzordea gutxienez ere urtean bitan bilduko da. Halaber, egoki juzgatzen diren bilkurak eginen dira, lehendakariak deituta edo batzordekideen erdiak eskatuta.

16. artikulua. Lehendakariari dagokio Zuzendaritza Batzorderako deiak eta gai zerrendak egitea. Deia garaiz eginen da, ordezkari guztiek denbora aski izan dezaten garatuko diren gaiak aztertzeko.

Deialdiak bilkurak baino 48 ordu lehenagotik jakinaraziko dira gutxienez.

Deialditik aitzina, kideek eskura izanen dituzte espedienteak eta landu beharreko gaiak, Mankomunitatearen egoitzan.

Deietan bilkura zein egun, ordu eta tokitan eginen den adieraziko da.

17. artikulua. Erabakiak hartuko dira Nafarroako toki entitateen erabakien gaineko araubideaz indarra duen araudiaren ariora, salbu eta 18. artikuluan xedatutakoa.

18. artikulua. Erabaki hauek hartzeko legezko erabateko gehiengoa beharko da:

18.1. Lehendakaria, lehendakariordea eta idazkaria hautatu eta ordezteko, lehenengo bozketan; halakorik ez bada bertaratutakoen gehiengo soilaz hautatuko dira.

18.2. Ordenantzak, erregelamenduak eta tarifa orokorrak onesteko, zerbitzuen erabiltzeari edo Kirol Mankomunitatearen funtzionamendu araubideari eragiten badiote eta haren eskumenekoak badira.

18.3. Elkarte kudeatzailearen estatutuak onesteko.

18.4. Mankomunitatean kide berriak onartzeko.

18.5. Estatutu hauek aldatzeko.

V. KAPITULUA

Araubide ekonomikoa

19. artikulua. Xedeak betetzeko eta gastuak finantzatzeko, Mankomunitateak bere baliabide ekonomikoak erabiliko ditu, honako hauek alegia:

19.1. Udalen, Nafarroako Gobernuaren edo beste edozein entitate publiko nahiz pribaturen aldetik bere jardueretarako hartzen dituen dirulaguntzak.

19.2. Bere jarduerek ekar ditzaketen dirusarrera arrunt nahiz bereziak. Mankomunitatearen funtzionamendurako gastuak Mankomunitateko entitateen ekarpenen bidez ordainduko dira.

19.3. Bere aldeko dohaintzak, legatuak eta usufruktuak.

19.4. Bere ondasun eta zerbitzuen errenta eta korrituak.

19.5. Jaso dezakeen beste edozein baliabide.

20. artikulua. Mankomunitatearen funtzionamendurako gastuak Mankomunitateko entitateen ekarpenen bidez ordainduko dira. Xede horrekin, Mankomunitateko udalek konpromisoa hartzen dute, urte bakoitzeko beren aurrekontuetan sartzeko behar eta erabakitzen diren ekarpenak, herri bakoitzeko biztanle kopuruaren heinean.

21. artikulua. Gastu guztiak ordaindutakoan dirua soberan gelditzen bada, hurrengo ekitaldiko aurrekontuan sartuko da gerakin hori.

22. artikulua. Udal kide guztiak izanen dira "Orreaga" Kirol Mankomunitateak hartzen dituen zor eta obligazio guztien erantzule, urtero ordaintzen duten kuotaren proportzioan.

VI. KAPITULUA

Langileak

23. artikulua. Mankomunitateak behar dituen langileak izanen ditu. Zuzendaritza Batzordeak prestatuko duen plantillan zehaztuko dira langile kopurua, kategoria eta eginkizunak.

Mankomunitateak kontrataturiko langileek osatuko dute plantilla.

24. artikulua. Mankomunitateak bere zerbitzuetarako behar dituen langileak zuzenean kontratatuko ditu, Nafarroako Administrazio Publikoen Langileen gaineko Araudiari jarraikiz. Plantillaren arabera beteko ditu lanpostuak eta Zuzendaritza Batzordeak kasuan kasuan zehaztuko dituen baliabideak aplikatuz.

VII. KAPITULUA

Kide berrien onarpena

25. artikulua. Mankomunitatean udal gehiago onartzeko, kide eskubidedunen legezko gehiengo osoaren aldeko botoa beharko da. Onarpen erabaki hori hamabost egunean edukiko da jendaurrean.

VIII. KAPITULUA

Kideak Mankomunitatetik ateratzea

26. artikulua. Mankomunitateko kide izateari honako arrazoi hauengatik utziko zaio:

26.1. Udal interesatuak bere borondatez eskatuta, Batzarrak aldez aurretik adostasun txostena emanda.

26.2. Udalak hitz emandako ekarpen ekonomikoak ez ordaintzeagatik.

26.3. Zuzendaritza Batzordeak erabakita, arrazoi larrietan oinarriturik eta udal interesatuari aldez aurretik entzutea emanda.

26.4. Mankomunitatea uzten duen kideak anarteraino Mankomunitateko kide gisa zegozkion eskubide eta ondasun guztiak galduko ditu, eta utzi arte zituen betebehar ekonomiko edo bestelakoak bere gain hartu beharko ditu. Berriz ere barnean onartzeko, estatutu hauetan zehaztutako prozedura erabili beharko da.

IX. KAPITULUA

Desegitea

Ondokoak beste arrazoirik ez da izanen Mankomunitatea desegiteko:

_Hura sortzea ekarri zuten xedeak eta beharrak desagertzea.

_Hiru udalerrik Mankomunitatea uztea.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenbizikoa._Estatutu hauek behin betiko onetsi ondoko hilabetean, Mankomunitateko udalbatzek dagozkien ordezkariak izendatuko dituzte eta haien izenak, helbideak eta telefonoak jakinaraziko.

Bigarrena._Zuzendaritza Batzordeak epe bera izanen du ordezkari guztiak eratze bilkurara deitzeko. Bilkura horretan kargu pertsonal guztiak hautatuko dira eta aukera izanen da bestelako gaiak jorratzeko, egungo Zuzendaritza Batzordearen ustez presakoak badira eta betiere aipatu izendapenak egindakoan. Deialdia egin beharko da Estatutu hauetako IV. kapituluan bilkuren araubideari buruz xedatutakoarekin bat.

AZKEN XEDAPENA

Estatutu hauei kontra egiten ez dien orotan, Nafarroako mankomunitateen eta udalen antolaketa eta funtzionamendua arautzen duen toki araubideko araudia aplikatuko zaio Mankomunitateari.

Iragarkiaren kodea: L0615899