122. ALDIZKARIA - 2006ko urriaren 11

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Eskaintza Publikoa, oposizioak eta lehiaketak

IRUÑA

Deialdia, Iruñeko Udaltzaingoko sarjentu izateko hamar lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko

Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak, 2006ko irailaren 19an, ondoko deialdi hau onestea erabaki zuen. Hona hemen oinarriak:

OINARRIAK

1. oinarria._Arau orokorrak.

1.1. Iruñeko Udaltzaingoko sarjentu izateko hamar lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzea da deialdi honen xedea, eta Nafarroako Polizia Kidegoei buruzko Foru Legearen Testu Bateginean (urriaren 14ko 213/2002 Legegintzako Foru Dekretuak onetsia), Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamenduan, gainerako aplikazio arauetan eta deialdiaren oinarrietan xedatutakoari jarraituz gauzatuko da. Lanpostuak txanda hauetan daude banaturik:

a) 7 lanpostu barne igoera txandan, Iruñeko Udaltzaingoko kideendako.

b) 3 lanpostu igoera txanda irekian, Nafarroako gainerako polizia kidegoetako kideendako.

Barne igoera txandan hutsik dauden lanpostuak baino izangai gehiagok gainditzen badute, txanda horretan lanpostua eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute igoera txanda irekiko lanpostu hutsak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehia garbian eta lortutako azken puntuazioaren arabera.

Barne igoera txandan betetzen ez diren lanpostuak betegabe deklaratuko dira, txanda irekian bete gabe gelditu direnak metatuta, horrelakorik baldin bada.

1.2. Deialdi hau dela medio izendatzen diren izangaiak Iruñeko Udaleko funtzionario publiko eta Udaltzaingoko sarjentu izanen dira; Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean inskribatuko dira eta hartan kidetuko, sistema horren babespean gelditurik. Deialdiko lanpostuak betetzeko izendatzen diren funtzionarioek, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuak eta gainerako xedapen gehigarriek jasotzen duten eskubide pasiboen eta osasun zein gizarte laguntzaren sistemara kidetuta baldin badaude, horretan segitzeko nahiz Gizarte Segurantzakora kidetzeko aukera izanen dute.

1.3. Iruñeko Udaleko langile finkoek, oinarrizko prestakuntza ikastarora sartzen badira, kontuko diote gizarte aurreikuspenerako duten araubideari eta beren jatorrizko lanpostuko lansariak jasoko dituzte, horiek praktiketako funtzionarioari dagozkionak baino handiagoak direnean.

1.4. Izendatuak gertatzen direnek, eginkizun, eskubide eta betebeharrei dagokienez, bete beharko dituzte urriaren 14ko 213/2002 Legegintzako Foru Dekretuan ezarritakoak, haren bidez onesten baita Nafarroako Polizia Kidegoei buruzko Foru Legearen Testu Bategina, eta hura garatzen duten arauak, eta hartan ezartzen den sailkapeneko C mailari atxikiak geldituko dira.

1.5. Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da.

1.6. Izendatuek beren destinoan bertan beharko dute bizi, eta horretarako, Iruñeko udalerrian finkatuko dute helbidea.

2. oinarria._Izangaien betebeharrak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

2.1.1._Barne igoera txanda:

a) 1._Gutxienez ere 2 urteko antzinatasuna izatea Iruñeko Udaltzaingoko kaboaren enpleguan.

b) Unibertsitateko diplomatuaren, ingeniari teknikoaren, arkitekto teknikoaren edo Hirugarren mailako Lanbide Heziketaren titulua edo horren baliokide den bertzeren bat edukitzea, edo lizentziatura bateko lehen hiru mailak osorik gaindituak izatea.

Atal honi dagokionez, kabo enpleguan bortz urteko antzinatasuna izatea titulazio horren baliokidea izanen da.

c) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea, honako sustapen honetara aurkeztu baino lehenagoko lanpostuan.

2.1.2._Igoera txanda irekia:

a) Gutienez ere 2 urteko antzinatasuna izatea Foruzaingoko edo Nafarroako udaltzainen kidego bateko kaboaren enpleguan.

b) Unibertsitateko diplomatuaren, ingeniari teknikoaren, arkitekto teknikoaren edo Hirugarren mailako Lanbide Heziketaren titulua edo horren baliokide den bertzeren bat edukitzea, edo lizentziatura bateko lehen hiru mailak osorik gaindituak izatea.

Atal honi dagokionez, kabo enplegan bortz urteko antzinatasuna izatea titulazio horren baliokidea izanen da.

c) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea, honako sustapen honetara aurkeztu baino lehenagoko lanpostuan.

2.2. Arestiko baldintzak eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean bete beharko dira.

3. oinarria._Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartu ahal izateko eskabideak Iruñeko Udalaren erregistro orokorrean beharko dira aurkeztu, edo Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean arautzen diren bideetako bat erabilita, hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztu ere, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aitzina. Aipatu eskabideak deialdi honen IV. eranskinean argitaratutako ereduari lotuko zaizkio, eta haietan izangaiek adierazi beharko dute oposizioan parte hartzeko eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela, eskabideak aurkezteko ezarritako epea amaitu baino lehenago. Eredua Iruñeko Udaleko Zuzeneko Kudeaketarako Bulegoan eskura daiteke (Marceliano etxea, Merkatuko karrika, 7-9), edo interneten, www.pamplona.net webgunean.

3.2. Eskabidearekin batera dokumentazio hau aurkeztuko dute:

a) Nortasun Agiri Nazionalararen aurreko eta atzeko aldeen fotokopia konpultsatua.

b) Iruñeko Udaltzaingoko, Foruzaingoko, edo Nafarroako udaltzainen kidego bateko kabo izendatu izana frogatzen duen egiaztagiria; era berean frogatuko dira lanpostu horretako antzinatasuna eta egoera administratiboa.

c) Deialdiaren II. eranskineko baremoaren arabera alegatzen diren merezimenduen egiaztagiriak.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

4. oinarria._Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Lehendakaritzako Alorreko zuzendariak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko du.

Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, Lehendakaritzako Alorreko zuzendariak oposizio-lehiaketa bete gabe gelditu dela deklaratzeko ebazpena emanen du.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik bada, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta erreklamazioei erantzun ondotik, Lehendakaritzako Alorreko zuzendariak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

4.4. Aurreko idatz-zatietan aipatzen diren behin-behineko eta behin betiko zerrendetan, datu hauek baizik ez dira agertuko: kaboak zer zenbaki duen, izangaia Nafarroako zer Polizia Kidegotakoa den eta zer igoera txandatara aurkeztu den.

5. oinarria._Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

5.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko da oposizioko ariketak non, zein datatan eta ordutan hasiko diren. Gainerako proben hurrenez hurreneko iragarkiak Herriko Etxeko iragarki oholetan, Iruñeko Udaltzaingoaren lokaletakoan emanen dira argitara, 48 ordu lehenago.

5.2. Lehiaketaldia

5.2.1. Lehiaketaldian baloratuko dira izangaiek alegatu eta behar bezala frogaturiko merezimenduak eta gehienez ere 82,75 puntu emanen dira.

a) Administrazio Publikoetan emandako zerbitzuak: gehienez 35 puntu.

b) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta bertze merezimendu batzuk: gehienez 25 puntu.

c) Hizkuntzak: euskara, frantsesa, ingelesa eta alemana: gehienez 20,25 puntu.

d) Sariak: gehienez 2,5 puntu.

Aitzineko idatz-zatietan alegatu eta egiaztaturiko merezimenduak epaimahaiak kalifikatu eta puntuatuko ditu, deialdiko II. eranskineko baremoaren arabera. Izangaiek beren merezimenduak azaldu behar dituzte lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkezten duten unean, eta frogatu ere une horretan frogatu behar dituzte, agirien bidez. Epaimahaiak ez du inolaz ere kontuan hartuko alegatu ez den eta agiri bidez egiaztatu ez den merezimendurik, eta ez du adierazitako puntuazioa baino altuagorik emanen merezimenduen atal bakoitzean.

Izangaiek alegatutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu epaimahaiak.

5.3. Oposizioaldia

5.3.1. Oposizioaldiak honako proba hauek izanen ditu:

a) Ezagupen probak.

b) Proba psikoteknikoak.

c) Gaikuntza ikastaroa.

Proba guztiak deialdi bakarrean eginen dira. Bazterturik geldituko dira horietako edozeinetara agertzen ez diren izangaiak.

5.3.2. Ezagupenen gaineko probetan 150 puntu emanen dira gehienez ere eta honako ariketa idatzi hauek egin beharko dira:

a) Proba objektiboan, III. eranskinean agertzen diren gaiei buruzko galderak erantzutea. 75 puntuko balorazioa izanen du gehienez eta bazterturik geldituko dira gutienez ere 37,50 puntu erdiesten ez dituzten izangai guztiak.

b) Proba objektiboan, IV. eranskinean agertzen diren gaiei buruzko galderak erantzutea. 75 puntuko balorazioa izanen du gehienez eta bazterturik geldituko dira gutienez ere 37,50 puntu erdiesten ez dituzten izangai guztiak.

5.3.3. Proba psikoteknikoak egin beharko dira, izangaiak lanpostuaren eskakizunei noraino egokitzen zaizkien neurtu beharrez. Proba hori Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuaren Zerbitzuak eginen du eta gehienez ere 70 puntu lortzen ahal dira.

Proba psikoteknikoak hasi aitzin, Prestakuntza eta Psikologia Zerbitzuak, Alkatetzarekin kontsulta egin ondotik, lanpostuan behar diren ezaugarrien gaineko proposamena igorriko dio Alkatetzari berari. Alkatetzak onetsi eginen du delako soslai hori eta deialdiko epaimahaiari igorriko dio.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuaren Zerbitzuak, egoki diren probak egin ondoren, txosten psikotekniko bat emanen du lehiatzaile bakoitzari buruz. Horretan, norbera deialdiaren xede den lanpostuaren izaera eta ezaugarriei nola egokitzen zaien baloratuko da. Zerbitzu horrek txosten psikoteknikoan izangai bakoitzari ematen dion puntuazioa loteslea izanen da epaimahaiarentzat.

Bazterturik geldituko dira gutienez ere 35 puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak.

5.3.4. Igoerarako gaikuntza ikastaroa:

Proba psikoteknikoak egindakoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Iruñeko Udalaren iragarki oholean eta azken probaren tokian, probak gainditu dituzten izangaien behin-behineko zerrenda, lortutako puntuazioa eta txanda adierazita, eta gaikuntza ikastaroa egiteko onartu diren izangaien zerrenda (10 ikasle gehienez). Gaikuntza ikastarorako onartzen diren izangaien zerrenda osatzeko, deialdiaren 1.1 puntuan ezarritako irizpideei jarraikiko zaie.

Nafarroako Segurtasun Eskolak emanen du gaikuntza ikastaroa, gutxienez 275 eskola ordukoa; hautatzekoa izanen da eta 200 puntuko balorazioa izanen du.

Epaimahaiak gaikuntza ikastaroa egiteko onartutakoaren behin-behineko zerrendarekin batera adieraziko du ikastaroa zein toki, egun eta ordutan hasiko den.

Gaikuntza ikastaroa egin bitartean izangaiak zerbitzu berezien egoeran deklaratuko dituzte haien jatorrizko administrazioek, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 24.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Ikastaroa bukatutakoan, langilea jarduneko egoerara itzuliko da berehala, zerbitzu berezien egoeran deklaratu zenean zuen lanpostura.

Zerbitzu berezien egoeran deklaratzeak ez du aldaketarik sortuko izangaiaren gizarte aurreikuspeneko sisteman, jatorrizko lanpostuan zuenarekin segituko baitu.

Zerbitzu berezien egoeran deklaratutako izangaiek, gaikuntza ikastaroan onartuak badaude, Iruñeko Udaltzaingoko Trafikoko sarjentuaren lanpostuko lansariak hartuko dituzte Iruñeko Udaletik, baita beren jatorrizko lanpostuan onarturik dituzten gradua, antzinatasuna eta famili laguntza.

Izangaiek bere etorkiko administrazioaren ziurtagiria aurkeztu beharko dute, aitzineko lerroaldean adierazten diren alderdien gainekoa, eta hartan zehaztuko da gaikuntza ikastaroa hasteko dataren aitzin-aitzineko hilean kontzeptu horiengatik jasotakoa.

Izangaiak ikastaroa uzten badu, uzten duen egun horretara arte izanen du eskubidea aitzineko idatz-zatian aipatu lansariak jasotzeko.

Zerbitzu berezien egoera bukatzen denean, aitzineko idatz-zatian aipaturiko lansarien sistema izateari utziko zaio, eta ez du eskubiderik ekarriko, ez eskubide pasiborik sortuko, ez eta deialdiko lanpostuaren ondoriozko inolako eskubiderik ere.

Izangaiak Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Segurtasun Eskolari atxikiko zaizkio.

Izangaiek hamabortz egun naturaleko epea dute, gaikuntza ikastaroan onartu eta baztertu direnen behin-behineko zerrenda argitaratzen denetik hasita, ikastaroak dirauen bitartean zerbitzu berezien egoeran daudela frogatzeko.

Baztertu eginen dira ikastaroa osatzen duten arloetakoren bat gainditzen ez duten izangaiak.

6. oinarria._Epaimahaiaren osaketa, eraketa eta jarduera.

6.1. Epaimahaia honako hauek osatuko dute:

Mahaiburua: andre alkatea edo berak eskuordetzen duen zinegotzia.

Ordezkoa: Juan José Unzué Gaztelu jauna, Funtzio Publikoko zinegotzi berezia.

Mahaikidea: Francisco José Fernández Elizalde jauna, Hiritarren Babeseko Alorreko zuzendari.

Ordezkoa: Jesús Salinas Andueza jauna, Hiritarren Babeseko Alorreko idazkari teknikoa.

Mahaikidea: Simón Santamaría Cebada jauna, Iruñeko Udaltzaingoko burua.

Ordezkoa: Alfonso Fernández Díez jauna, Nafarroako Foruzaingoko burua.

Mahaikidea: Francisco Javier Arrobarren Barrena jauna, Iruñeko Udaltzaingoko ofiziala.

Ordezkoa: Javier Arteta Gorriz jauna, Iruñeko Udaltzaingoko ofiziala.

Mahaikidea: Juan José Salaberri Galbete jauna, Nafarroako Foruzaingoko ofiziala.

Ordezkoa: José María Zunzarren Angón jauna, Nafarroako Foruzaingoko ofiziala.

Mahaikidea: langileak ordezkatzen dituzten organoek proposaturiko ordezkari bat.

Ordezkoa: langileak ordezkatzen dituzten organoek proposaturiko ordezkari bat.

Mahaikide idazkaria: Víctor Sarasa Astráin jauna, Hiritarren Babeseko Alorreko legelaria.

Ordezkoa: Javier García Martínez jauna, Hiritarren Babeseko Alorreko legelaria.

6.2. Epaimahaia probak hasi baino lehenago eratuko da, lehendakariak deituta.

6.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

Epaimahaiak modu baliozkoan eratzeko, bertan mahaiburuak eta idazkariak egon behar dute edo, hala ez bada, haien ordezkoek.

6.4. Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo dei egileari horren berri emanen diote, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoren batean baldin badaude.

Halaber, izangaiek mahaikideak errefusa ditzakete, arrazoi horietako bat gertatzen denean.

6.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu dei honetako oinarrien interpretazio eta aplikazioaren inguruko arazo guztiak.

Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

7. oinarria._Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

7.1. Trebakuntza ikastaroa burututakoan, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak epaimahaiari igorriko dizkio ikastaroko puntuazioak, bai eta arlo bakoitzerako eta haren azken kalifikaziorako proposamena ere. Izangai bakoitzaren azken kalifikazioa ateratzeko lehiaketako eta oposizioko puntuazioak batuko dira. Epaimahaiak izendapen proposamena eginen du gainditu duten izangaien alde.

8. oinarria._Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Tokiko Gobernu Batzarrak Iruñeko Udaltzaingoko funtzionario eta sarjentu izendatuko ditu aitzineko idatz-zatian aipatu proposamenean sartutako izangaiak, eta izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

8.2. Izendatutako izangaiek hilabeteko epean hartu beharko dute lanpostuaren jabetza, izendapena jakinarazten denetik aitzina. Aipatu epearen barrenean izangairen bat karguaz jabetzen ez bada, Iruñeko Udaltzaingoko sarjentu izateko eskubide guztiak galduko ditu, behar adina frogaturiko ezinbertzeko kasuetan salbu.

9. araua._Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkezten ahalko da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoa paratzen zaion egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik aitzina.

Iruñean, 2006ko irailaren 19an._Zinegotzia-Tokiko Gobernu Batzarreko idazkaria, José Iribas Sánchez de Boado.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: ................................, adinez nagusia, NAN/nortasun agiria: .................................. jaioteguna [urtea/hilabetea/eguna]: .................., non sortua [udalerria/probintzia]: ................., nazionalitatea: ............., egungo helbidea (karrika, zenbakia, eskailera, solairua): ............., posta kodea/herria: ......................, telefonoa: ..............., sakelako telefonoa: ................

Honako hau azaltzen dut:

Deialdian eskatzen den titulazioaren jabe naizela.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, behar diren baldintza guztiak betetzen ditudala.

Eskatzen du:

Onartua izatea eskatzen dudala Iruñeko Udaltzaingoko sarjentu izateko hamar lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdian, ..... Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, ...... , ........ egunean argitaratu zen hartan erta txanda honetan:

f Barne igoera txanda, Iruñeko Udaltzaingoko kideendako.

f Igoera txanda irekia, Nafarroako gainerako Polizia Kidegoetako kideendako.

Datuen babesa. Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 1999ko abenduaren 13ko Lege Organikoan ezarritakoa betetzeko, aditzera ematen zaizu inprimaki honetan azaltzen diren datu pertsonalak Udalak hautapen prozeduran dituen eskumenak erabiltzeko baizik ez direla erabiliko eta Iruñeko Udalaren datu basea osatzen duten fitxategiei batuko zaizkiela. Fitxategietan sartu, datuak zuzendu eta ezabatzeko eta horien aurka jotzeko eskubideak Iruñeko Udalari zuzendurik erabiltzen ahalko dituzu, Erregistro Orokorrera joz (Merkatuko kalea, 7-9; 31001 Iruña).

Iruñean, 2006ko .............aren ............(e)an.

(Sinadura)

II. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: gehienez ere 35 puntu.

Nafarroako Polizia Kidego batean egiazki eta lanpostu finkoan egindako zerbitzu urte bakoitzeko: 1,50 puntu kabo enpleguan, 1,25 puntu polizia/agente lanpostuan.

Nafarroako polizia kidego batean, bitarteko gisa eta deialdiko enpleguan egindako urte bakoitzeko: 1,65 puntu.

Administrazio publiko baten bertzelako segurtasun indar eta kidegoetan, lanpostu finkoan, egindako zerbitzuak: 1,50 puntu kabo lanpostuan, 1,25 puntu polizia/agente lanpostuan.

Edozein administrazio publikotan, lanpostu finkoan, polizia kidegoetakoak ez diren bertzelako zerbitzuak: 0,25 puntu, urte bakoitzeko.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

2. Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

3. Deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

4. Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon bada edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan aritu, egoera horietan sartu aitzin zuen lanpostuan egindako zerbitzuak bezala kontatuko dira.

b) Prestakuntza, irakasle eta ikerketa lana eta bertze merezimendu batzuk: gehienez ere 25 puntu.

1. Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolaturiko prestakuntza-ekintzetan parte hartzea: 0,10 puntu, kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 ikastordu), eta gehienez ere 10 puntu.

Oharrak:

1. Baloratu beharreko ikastaroetan, irakastorduen zatikiak hainbanatuko dira.

2. Irakastorduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.

3. Ikasturte bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.

4. Ikastaro bakoitzeko gehienez ere eman daitekeen balorazioa puntu 1 da.

5. Erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez badituzte ere, Administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza ekintzetan parte hartzea puntuazio berarekin baloratuko da. Horien artean, espresuki, sindikatuek Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Itunen barruan antolatuak sartuko dira.

6. Kabo enpleguaren jabetza hartu ondoko prestakuntza ekintzak baizik ez dira kontuan hartuko.

2. Biltzar edo jardunaldietan txostenak edo komunikazioak aurkeztea, beka edo saria jaso duten zientzia edo ikerketa lanak egitea eta aldizkari espezializatuetan lanak argitaratzea: 3 puntu, gehienez ere, epaimahaiak baloratu beharrekoa, kontuan hartuz lana edo jarduera bakar batek edo taldean egina den eta biltzarra edo argitalpena zein mailatakoa den, tokikoa, eskualdekoa, naziokoa edo nazioartekoa.

Oharra:

Aitzineko lerroaldekoetarik, kabo enpleguaren jabetza hartu ondoko prestakuntza ekintzak baizik ez dira kontuan hartuko.

3. Sektore publikoan prestakuntza saioak antolatu edo halakoetan irakasle jardutea: gehienez ere 2 puntu, epaimahaiak haien iraupenaren arabera baloratu beharrekoak.

Oharra:

Aitzineko lerroaldekoetarik, kabo enpleguaren jabetza hartu ondoko prestakuntza ekintzak baizik ez dira kontuan hartuko.

4. Titulazio eta espezialitate akademikoak, deialdian eskatu ez direnak: gehienez ere 4 puntu.

5. Doktore edo lizentziatu gradua, deialdian eskatutako titulazioari buruz: gehienez ere 2 puntu.

6. Bertze merezimendu batzuk, epaimahaiak kontuan hartu beharrekoak: bertzeak bertze, hizkuntzak, sektore pribatuan egindako lanak, bekak edo prestakuntza egonaldiak, kontsulta egiteko, aholku emateko, parte hartzeko edo ordezkaritzako organoetan parte hartzea: gehienez ere 4 puntu.

Oharrak b) atal osorako:

1. Atal honetan aipatutako merezimenduak deialdiko lanpostuarekin ikusteko izanez gero soilik baloratuko dira. Sarjentu lanpostua eskuratzeko prestakuntza ikastaroak ez dira inondik ere baloratuko.

c) Hizkuntzak jakitea.

1. Frantsesez, ingelesez edo alemanez jakiteagatik, Europar Batasuneko hizkuntza ofizialak baitira, 5na puntu gehienez ere.

2. Euskaraz jakitea. Euskaraz jakitea, plantilla organikoan horrela ezarri bada: 5,25 puntu.

3. Hizkuntza Eskola Ofizial batek luzaturiko Gaitasun Agiria edo ofizialki baliokidetzat jotzen den titulua edukitzeagatik aurreko atalean hizkuntza bakoitzerako adierazten den gehieneko puntuazioa emanen da.

Titulurik eduki ezik, Hizkuntza Eskola Ofizialean gaindituriko maila bakoitzagatik gehieneko puntuazioaren bortzen bat emanen da. Euskararen kasuan, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako urrats bakoitzeko 1/12 emanen da.

Hizkuntza horietatik bakoitzak zer dakien baloratzeko, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak espresuki antolatutako azterketak egiten ahal ditu; bortz zailtasun maila izanen dira, eta hizkuntza bakoitzari gehienez ere ematen ahal zaion balorazioaren bortzena emanen zaio maila bakoitzari.

d) Sariak: gehienez ere 2,5 puntu.

1. Zerbitzu Goraipagarrien Plakagatik: 1,25 puntu.

2. Zerbitzu Goraipagarrien Dominagatik: 0,75 puntu.

3. Jendaurreko Esker Onagatik: 0,50 puntu.

4. Esker On pribatuagatik: 0,25 puntu.

III. ERANSKINA

Lehenbiziko proba

1._213/2002 Legegintzako Foru Dekretua, urriaren 14koa, Nafarroako Polizia Kidegoei buruzko Foru Legearen Testu Bategina onesten duena.

2._718/2003 Foru Dekretua, abenduaren 29koa, Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamendua.

3._30/92 Legea, azaroaren 26koa, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzkoa. 3., 4., 5., 6., 7., 9. eta 10. tituluak.

4._8/2006 Foru Legea, ekainaren 20koa, Nafarroako Segurtasun Publikoari buruzkoa.

5._Zigor Kodea: I. liburua: Xedapen orokorrak hauen gainean: delituak eta hutsegiteak, pertsona erantzuleak, zigorrak, segurtasun neurriak eta zigor zuzenbideko arau-haustearen gainerako ondorioak; I. titulua: Zigor zuzenbideko arau-haustea; eta II. titulua: delitu eta hutsegiteen erantzule kriminalak. II. liburua: Delituak eta haien zigorrak; IX. titulua: Sorotsi beharra ez betetzea; eta XIX. titulua: Administrazio publikoaren kontrako delituak.

6._Prozedura Kriminalari buruzko Legea: I. liburua: IV. titulua: Delitu eta hutsegiteetatik sortzen diren ekintzen erabilera nori dagokion. II. liburua: I. titulua: Salaketa; III. titulua: Polizia judiziala; V. titulua: Delituaren egiaztapena eta delitugilea bilatzea. VI. titulua: II. kapitulua: Atxiloketa; eta IV. kapitulua: Defentsa eskubidearen erabilera abokatuaren laguntzari dagokionez eta atxilotu eta presoen tratamendua; eta VIII. titulua: Leku itxian sartu eta miatzea, liburu eta paperak miatzea eta idatzizko nahiz telegrafo bidezko posta atxiki eta irekitzea.

7._1/1992 Lege Organikoa, otsailaren 21ekoa, Hiritar Segurtasunaren Babesari buruzkoa.

8._Martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretua, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu artikuluduna. 1428/2003 Errege Dekretua, azaroaren 21ekoa, Zirkulazioaren Erregelamendu Orokorra. Uztailaren 19ko 17/2005 Legea, Puntukako gidabaimena eta lizentzia arautu eta Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu artikuluduna aldatzen duena.

9._Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legea. Toki Administrazioari buruzko Foru Legea. Iruñeko Udalaren antolamendu politiko eta administratiboa.

10._11/1989 Foru Legea, ekainaren 27koa, Jokuari buruzkoa. 2/89 Foru Legea, martxoaren 13koa, Ikuskizun Publikoak eta Josteta Jarduerak arautzen dituena. 201/2002, 202/2002, 95/2003 eta 656/2003 Foru Dekretuak, legea garatzen dutenak.

11._769/1987 Errege Dekretua, ekainaren 19koa, Polizia Judizialari buruzkoa.

Oharra._III. eranskineko gaiak deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzean indarra duten legeekin bat eskatuko dira.

IV. ERANSKINA

Bigarren proba

1._251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina. 318/2000 Foru Dekretua, urriaren 30ekoa; arautzen du zer araubide aplikatu behar zaien Nafarroako Foru Komunitateko eta haren erakunde autonomoetako funtzionarioei beren opor, lizentzia eta baimenetarako.

2._Iruñeko Udaleko eta bere erakunde autonomoetako funtzionarioen lan baldintzen gaineko 2004tik 2007rako akordioa. Tokiko Gobernu Batzarraren 05/11/11ko eta 05/05/03ko akordioak.

3._Gizalegezko jokaeren sustapenari eta espazio publikoen babesari buruzko udal ordenantza.

4._Merkataritza ez egonkorraren Iruñeko udal ordenantza; Eremu publikoan edukiontziak paratzeko Iruñeko udal ordenantza; Eremu publikoetako espaloietan eta toki erreserbatuetan barna ibilgailuak pasatzeko lizentzien Iruñeko udal ordenantza.

5._Trafikoaren gaineko Iruñeko ordenantza; Aparkatze mugatu eta murriztuko eremuak arautzen dituen Iruñeko ordenantza.

6._Segurtasun Pribatuari buruzko uztailaren 20ko 23/1992 Legea eta hura aldatzen duen urtarrilaren 29ko 2/1999 Errege Dekretua.

7._Poliziaren patruilak: zer diren eta nola sailkatzen diren. Poliziaren patruila oinez. Poliziaren patruila ibilgailuan.

8._Pertsonen babesa: Kontzeptuak. Babes neurrien plangintza zer teorietan oinarritzen den. Segurtasun postuak. Agintaritza. Babes estatikoa. Babes dinamikoa.

9._Eraikinen segurtasuna: ororen segurtasun plana.

10._Delinkuentziari aitzintzea: Aitzintzeko ereduak. Zenbait herritan egindako esperientziak. Delinkuentziari aitzintzea Espainian, kriminalitate mota ezberdinetan.

11._Uztailaren 2ko 22/2002 Foru Legea, indarkeria sexistaren aurkako neurri integralak hartzeari buruzkoa.

Oharra._IV. eranskineko gaiak deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzean indarra duten legeekin bat eskatuko dira.

Iragarkiaren kodea: L0615498