122. ALDIZKARIA - 2006ko urriaren 11

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.5. Estatutuak eta lan hitzarmen kolektiboak

684/2006 EBAZPENA, irailaren 7koa, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuko Lan zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitateko "Ile-apaindegiak" sektorearen lan hitzarmen kolektiboa erregistratu, gorde eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea erabakitzen duena (espediente zenbakia: 84/2006).

Ikusirik Nafarroako Foru Komunitateko "Ile-apaindegiak" sektorearen lan hitzarmen kolektiboaren testua, negoziazio batzordeak sinatua (espediente zenbakia: 84/2006).

Gertakariak

1. 2006ko abuztuaren 11n departamentu honetan sektore horren lan hitzarmen kolektiboa sartu da, 26 artikuluz eta eranskin batez (2006 lansarien taulak) osatua, sektorearen enpresaburuen elkartearen eta sindikatu hauen ordezkariek (UGT, ELA-STV eta CCOO) osaturiko negoziazio batzordeak 2006ko abuztuaren 4an izenpetu eta onetsia.

2. Espediente honen izapideak egitean, aplikatu beharreko lege eta erregelamenduen manuak bete dira.

Zuzenbideko oinarriak

1. Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuak bere esku du lan hitzarmen kolektiboak erregistratu, gorde eta argitaratzea, martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluan ezarrita dagoen bezala eta Lan zerbitzuak Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatzen dituen apirilaren 11ko 937/1986 Errege Dekretuarekin bat, baita irailaren 23ko 334/1996 Foru Dekretuarekin ere, departamentu honi Estatutik transferitutako lan zerbitzuak esleitzen dizkionarekin, alegia.

2. Maiatzaren 22ko 1040/1981 Errege Dekretuaren bigarren artikuluak agintzen du Langileen Estatutuaren III. Tituluan ezarritakoaren arabera egindako hitzarmenak hitzarmen kolektiboen erregistroan inskribatu behar direla.

3. Hitzarmen kolektiboak gordetzea, erregistratu ondoren, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentu honen eskumena da, lehenago aipatutako manuen ondorioz.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluaren bidez eman dizkidaten eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako "Ile-apaindegiak" sektorerako lan hitzarmen kolektiboa (kodea: 3105805) erregistratzea, Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboak Erregistratu eta Gordetzeko Bulegoan horretarako bereziki prestaturik dagoen liburuan, eta bertako administrazio unitatean testua eta dokumentazioa gordetzea.

2. Ebazpen hau Hitzarmenen Erregistrora igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Ebazpen honen berri ematea negoziazio batzordeari eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea agortzen eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal duela Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

4. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2006ko irailaren 7an._Lan zuzendari nagusia, José María Roig Aldasoro.

ILE-APAINDEGIEN SEKTOREKO LAN HITZARMEN KOLEKTIBOA 2006., 2007. ETA 2008. URTEETARAKO

1. artikulua. Hitzarmenaren eremua.

Funtzionamendu eta lurralde eremua: Hitzarmen kolektibo hau Ile-apaindegi, Akademia eta Edergintza Areto guztietan aplikatuko da, bai eta sektore horretako beste enpresa batzuetan ere, hitzarmen propiorik ez badute ere, eta gaur egun Nafarroako Foru Komunitatean dauden edo etorkizunean sortzen ahal diren enpresaburuen elkarteetako kide izan edo ez.

Hitzarmen honen eremuan biltzen dira sektore honetako enpresa batzuen kontura bere zerbitzuak ematen dituzten langile guztiak, edozein dela ere bakoitzaren lanbide kategoria. Hitzarmenean sartzen dira, halaber, hitzarmena onesten den momentuan enpresako plantillakoa ez izan arren, hitzarmenaren indarraldian enpresan lan egiten hasten diren langileak.

2. artikulua. Indarra hartzea eta iraunaldia.

Hitzarmenak 2008ko abenduaren 31 arte iraunen du. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean noiz argitaratzen den kontuan hartu gabe, 2006ko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra. Hitzarmenaren amaiera iragarri da sinatzen den egun beretik.

3. artikulua. Lanaren antolaketa.

Enpresaren zuzendaritzak ahalmena du enpresako atal bakoitzaren lana antolatzeko. Zuzendaritzak aldaketen berri emanen die langileei edo haien ordezkariei, etekin hoberena atera dadin alde guztietan.

4. artikulua. Eskubide sindikalak enpresan.

Langileak eta haien ordezkariak indarra duten xedapenen eta hitzarmen honen indarraldian eman daitezkeenen eraginpean egonen dira.

5 langile baino gehiagoko enpresetan, langileek delegatu bat izanen dute, zeinak 15 orduko kreditua izanen baitu hilero, eginkizun sindikaletarako.

Enpresaren barnean lan sindikala hobea izan dadin, prestakuntza sindikal hobea, ikastaroetan parte hartzea erraztearren, etab., kargudun sindikalek hileko orduak urteko kopuruan metatzen ahal dituzte.

5. artikulua. Emakumearen eskubideak eta beste.

Artikulu honi dagokionez, Laneko eta Familiako eginkizunak batera eramateari buruzko Legean (1999ko azaroaren 5eko 39/1999 Legean) xedatutakoak arautuko du.

Hirugarren umearen edo hurrengoen jaiotza edo adopzioagatik eta adopzio edo erditze multipleagatik ematen diren prestazio ekonomikoei dagokienez, azaroaren 11ko 1335/2005 E.D.ak xedatutakoari lotuko zaio. Halaber, Nafarroako Gobernuaren laguntzei dagokienez, ondoko arauak dira jarraitu beharrekoak: ekainaren 24ko 241/2000 Foru Dekretua, erditze berean bi haur edo gehiago izan dituzten familientzako dirulaguntzak arautzen dituena; ekainaren 27ko 242/2000 Foru Dekretua, langileek laneko eta familiako eginbeharrak batera eramateari buruzko Legea aplikatzeko zuzeneko dirulaguntzak arautzen dituena; eta 24/2001 Foru Dekretua 242/2000 Foru Dekretua aldatzen duena; eta martxoaren 17ko 16/2003 Foru Legean eta maiatzaren 20ko 126/2003 Foru Dekretuan hiru urtetik beherako seme-alabak dituzten emakumezko langileentzako bildutako laguntzak.

6. artikulua. Lantokiko sexu jazarpenaren kontrako neurriak.

Hutsegite oso larritzat joko da pertsona baten duintasunaren kontrako helburua edo ondorioa duen sexu kutsuko portaera, gogoz kontrakoa, dela hitzen bidezkoa, dela hitzez bestekoa edo fisikoa, eta batez ere giro larderiatsu, areriotsu, degradatzaile, laidogarri edo iraingarria sortzen denean.

7. artikulua. Laneko ordutegia eta egutegia.

Hitzarmen honen eraginpeko enpresek, lanaldi zatitua edo jarraitua duten kontuan hartu gabe, hitzarmenaren indarraldian 1.741 orduko lanaldia izanen dute 2006an, 1.737 ordukoa 2007an eta 1.745ekoa 2008an.

Enpresa bakoitzean urtero prestatuko da lan egutegia, itundutako orduen, jaiegunen, oporren, eta abarren banaketa zehaztuta.

Enpresek erabakitzen ahal dute langileen ordutegia lan txandak ezarriz gauzatzea, horren bidez jendearentzako zerbitzuko orduak luzatu ahal izateko.

Benetako lanalditzat ulertuko da langileak bere jarduerara ematen duen denbora, oporrak, jaiegunak, atsedenaldiak, zubiak, e.a. deskontatu ondoren.

Langileek beren lanaldia amaitu eta lantokitik alde eginen dute, baina une horretan egiten ari diren zerbitzua bukatu ondoren.

Ohiko lanaldia luzatzen den denbora ordaindu edo konpentsatuko da.

Lan mota hau jendearen zerbitzukoa denez gero, langileak bere lanpostuan egon behar du lanaldia hasteko orduan, puntu-puntuan, behar bezain garbi eta txukun.

8. artikulua. Segurtasuna eta higienea.

Gai honi dagokionez, Laneko Arriskuei Aurrea hartzeari buruzko 31/95 Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

Enpresek prebentzioko delegatuei behar diren baimen ordainduak emanen dizkiete beren lana zuzen egin ahal dezaten, bai eta Laneko Segurtasun eta Osasun arloko prestakuntza ikastaroetan parte hartzeko behar direnak ere.

Langile guztiei urtero emanen zaizkie uniforme osoak (galtzak, gona, atorra edo blusa, mantala, e.a.), bai eta bi zapata pare ere, egokiak. Uniformeak eta oinetakoak eman behar hori, batean zein bietan, jantzien edo oinetakoen plus baten konpentsazio ekonomikoarekin ordezka daiteke, alderdien artean itundu ondoren. Oinetakoen plusa ez da 52 euro/urtean baino gutxiago izanen.

Gai honen gaineko baldintza bereziak enpresa bakoitzean negoziatuko dira.

Lantoki bakoitzean, zuzendaritza eta langileria ados jarrita, astean behin eta lanordutik kanpora, ordutegi bat ezarriko da langileen apainketarako.

Enpresaren batean ezaugarri toxikoak dituen lanposturik badago, toxikotasuna kentzeko ahaleginak eginen dira eta arrisku hori ordezkapen bidez kentzea ezinezkoa bada, enpresaburuak arrisku hori murrizten saiatuko dela segurtatuko du arriskuaren ebaluazioari dagozkion prebentzio eta babes neurriak aplikatuz, eta horrelakoetan hitzarmenaren soldataren %10eko plusa ordainduko da. Desadostasunik gertatuz gero, hitzarmenaren batzorde mistoaren aurrean azaldu ahalko da.

Aretoko ofiziozko langileek beren ohiko lanean zikindutako tresnak, instalazioak, zerbitzuak, etab. garbituko dituzte, baina ez dute fatxada, zorua eta komunak zertan garbitu.

9. artikulua. Osasun azterketak.

Hitzarmen honen indarraldian, enpresek osasunaren berariazko zainketa egiteko konpromisoa hartu dute, laneko arriskuei aurrea hartzeko Legeak xedatutakoari jarraikiz.

10. artikulua. Ordainsariak.

2006ko urtarrilaren 1etik aitzina ondorioak izanen dituelarik, hitzarmenaren taulak berrikusiko dira, Gobernuak 2006. urterako aurreikusitako KPIa gehi %1 aplikatuz. 2006ko abenduaren 31n, urtean zehar izandako KPI egiazkoa berrikusiko da, egokitze eta erregularizatze aldera.

2007ko urtarrilaren 1etik aitzina ondorioak izanen dituelarik, hitzarmenaren taulak berrikusiko dira, Gobernuak 2007. urterako aurreikusitako KPIa gehi %1,25 aplikatuz. 2007ko abenduaren 31n, urtean zehar izandako KPI egiazkoa berrikusiko da, egokitze eta erregularizatze aldera.

2008ko urtarrilaren 1etik aitzina ondorioak izanen dituelarik, hitzarmenaren taulak berrikusiko dira, Gobernuak 2008. urterako aurreikusitako KPIa gehi %1,25 aplikatuz. 2008ko abenduaren 31n, urtean zehar izandako KPI egiazkoa berrikusiko da, egokitze eta erregularizatze aldera.

Manikura eta depilazio lanetan diharduten urgazleek plus bana, soldaten taulan azaltzen dena, jasoko dute jarduera horietako bakoitzagatik.

Langileak beren lanagatik edo prestakuntza ikastaroak egiteko edo eguneratzeko bidaiatu beharrean badaude, matrikula edo egonaldietan sortutako gastuak enpresak ordainduko ditu, enpresa izan bada ikastaro horietara bidali dituena. Joan-etorriak ordaintzen ez badira, kilometrajea ordainduko da, 0,19 euro kilometroko 2006an eta 2007an eta 0,20 euro kilometroko 2008an.

Hitzarmen hau aplikatuz, soldatak berrikusi ondoren langileei ordaindu beharreko zenbatekoak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hurrengo hiru hilabeteetan ordainduko die enpresak.

11. artikulua. Antzinatasuna.

Antzinatasuna 1997ko urtarrilaren 1aren aurrekoa duten langileek antzinatasun plusa kobratzeko eskubideari eutsiko diote.

Gaur egungo bosturtekoen ondoriozko zenbatekoa urtero igoko da hitzarmenaren gainerako lansarien kontzeptuen portzentaje berean.

12. artikulua. Oporrak.

Hitzarmen honek ukitutako langileek urtero 30 egun naturaleko oporraldia izanen dute 2006., 2007. eta 2008. urteetan.

Langilea ezkontzen denean, oporrak ezkontzako baimenarekin lotzen ahal ditu.

13. artikulua. Aparteko eskersariak.

Hitzarmen honek ukitutako langileek eskubidea dute urtean bi eskersari kobratzeko, bakoitza hitzarmeneko 30 eguneko ordainsarikoa. Eskersariok uztailaren 6an eta abenduaren 22an ordainduko dira.

14. artikulua. Lizentzia ordainduak.

Langileek ordaindutako lizentzia hauek izateko eskubidea dute:

_Langilearen ezkontza: 18 egun.

_Ezkontidearen heriotza: 5 egun.

_2. gradura arteko odol bereko edo ezkontza bidezko ahaideen heriotza edo eritasun larri egiaztatua (larritasuna agiri medikoaren bidez egiaztatuko da): 3 egun.

_Langilearen etxe aldaira: 2 egun.

_Langileak osasun laguntzako Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko kontsultara joateko behar duten denbora. Lanetik alde egin beharra agiri bidez arrazoituko dute.

_Seme edo alaba baten jaiotza eta adopzioa: 2 egun.

_Anai-arreben, gurasoen eta seme-alaben ezkontza: egun bat.

_2. gradura arteko odol bereko edo ezkontza bidezko ahaideen ospitalizazioa: 2 egun.

_Odol bereko edo ezkontza bidezko 1. graduko ahaideen kirurgia handi anbulatorioa, laguntza behar badute: egun bat.

Lizentzia hauek egun naturaletan ulertzen dira eta gertaera eragilea sortzen denetik hasita hartuko dira. Eritasun larria gertatzen denean, egoera horrek dirauen bitartean hartzen ahal da lizentzia, enpresaren eta langilearen artean ados jarrita. Gerora hartzeko sistema berri honen eraginez, langileak ez du, inola ere, gertaera sortzailearen ondoren baimena berehala hartu izan balu egokitu litzaizkiokeen lanegunak baino gehiago hartzeko eskubiderik izanen.

Lizentzia hartzeko eskubidea izanez gero, eta lizentzia arrazoitu duen egintza Foru Komunitatetik kanpora suertatzen denean, egun bat edo bi gehiago ematen ahal dira, bidaiak hala eskatzen badu.

Era berean, eta lizentzia hartzeko eskubideari dagokionez, izatezko bikoteei aitortuko zaizkie ezkonduei aitortzen zaizkien eskubide berberak, enpresa ziur badago harreman horiek izan badirela.

Hitzarmen honek ukitutako langileek urtean 8 orduko kreditua izanen dute 2006., 2007. eta 2008. urteetan, norberaren aferetarako. Lizentzia hartzea enpresarekin adostuko da, baina ohiko lana inondik ere oztopatu gabe.

15. artikulua. Baldintzarik hoberenak.

Enpresetan izan daitezkeen baldintzarik hoberenak errespetatuko dira, norbanakoenak nahiz taldekoak.

16. artikulua. Aldi baterako ezintasun egoerako osagarria.

Soldataren %100 ordainduko da laneko istripuak eragindako aldi baterako ezintasun kasuan bai eta haurdunaldiko arriskuagatiko aldi baterako ezintasun egoeran.

Era berean, eritasun arrunta edo lanez besteko istripua izanez gero, soldataren %100 ordainduko da, betiere urtean izandako bajen portzentajea, batez beste, 13 egun natural baino gehiagokoa ez bada, langile eta urte bakoitzeko.

Osagarria ordaintzeari dagokionez, enpresak behartuta daude hilabeteko nominan %100era arteko osagarria ordaintzera, aurreko urte naturalean enpresan izandako kopurua 13 egun baino gehiagokoa ez bada langile eta urte bakoitzeko. Enpresa sortu berrien kasuan, dagokion hilabetean ordainduko da eritasun plusa.

Urtean zehar, urte eta langile bakoitzeko 13 eguneko batez bestekoa gainditzen bada, osagarriaren ordainketa etenik geldituko da, baina langileak ez du ordura arte kobratutako zenbatekoa itzuli beharrik izanen.

Enpresa batean aurreko urtean gainditu baldin bada ezarritako muga eta, beraz, urtean zehar osagarririk ordaintzen ez bada, urte horren bukaeran portzentajeak batez bestekoa gainditzen ez duenean, ordaindu beharko da osagarri hori.

Aurrekoan araututakoa gorabehera, eritasun arruntaren edo lanez besteko istripuaren kasuan, enpresak aldi baterako ezintasuneko urteko lehen 5 egunak ordainduko ditu (lehen bajako lehenbiziko bost egunak edo bost egunera artekoa, baja 5 egunetik beherakoa baldin bada), soldataren %100era iritsi arte.

Kopuru horretatik salbuesten dira amatasun bajako 112 egunak.

Urte bukaeran aldi baterako ezintasunaren osagarria kobratzeko kopuruaz desadostasunik izanez gero, hitzarmenaren batzorde mistoari jakinaraziko zaio. Hori dela-eta, alderdiak beharturik daude kalkulua egiteko eta ebazpena emateko behar den dokumentazioa ematera.

17. artikulua. Bizi aseguruaren poliza.

Hitzarmen honen hiru urteko indarraldian, enpresek istripuetarako poliza bat kontratatuko dute, 21.000 eurokoa, heriotza edo baliaezintasun kasuetarako. Poliza horrek plantillako langile guztiak aseguratuko ditu egun osoko hogeita lau orduetan.

18. artikulua. Lanbide prestakuntza.

Sektorearen ezaugarriak ikusita eta langileak etengabe prestatu beharra kontuan hartuta, alderdiek konpromisoa hartu dute lanbide heziketa eta lanbide birziklapen arloko lan batzorde bat sortzeko, sektoreko langileek prestakuntza egiazkoa eta jarraitua izan dezaten.

19. artikulua. Enpresak kanpo gelditzea.

2005eko ekitaldian edo hurrengoetan egoera ekonomiko larrian izen diren enpresek zilegi dute hitzarmen honetako lansari erregimena ez aplikatzea, hitzarmenaren batzorde mistoak adostasun irizpena eman ondoren.

Enpresa interesatuek batzorde mistoari honakoak aurkeztu beharko dizkiote: balantzeak, emaitzen kontuak, auditoreen edo kontu zentsoreen txostena, edo bestelako dokumentuak, bai eta etorkizunean enpresa bideragarri egiteko neurriak eta aurreikuspenak ere, eta, orobat, hitzarmena argitaratu eta ondoko bi hilabeteetan eta hurrengo urteetako lehenbiziko bi hilabeteetan aipatu eskaera arrazoitzeko behar den dokumentazio guztia.

20. artikulua. Kontratazioa.

Aldi baterako kontratazioa: merkatuaren inguruabarrak direla-eta, eskaerak metatzeagatik eginiko aldi baterako kontratuak ezin izanen dira 12 hilabete baino luzeagoak izan 18 hilabeteko aldi batean.

Hainbat arrazoi direla medio, aldi baterako kontratatutako langileek 24 hilabete baino gehiago, dena jarraian, jardun badute lanean, plantillan finko geldituko dira. Jarraitasuna dagoela ulertzen da kontratu batetik bestera 30 egun baino gehiagoko tarterik ez dagoenean 24 hilabeteko aldian; gai honetan, ordezte kontratuak ez dira kontuan hartuko.

Prestakuntza kontratuak: prestakuntza kontratua ez da 6 hilabetetik beherakoa izanen, ezta 2 urtetik gorakoa ere.

Prestakuntza kontratuotan aurreikusitako prestakuntza teorikoa egokia izan dadin eta ikastunak laneko ezagutza praktikoak eta eskolako ezagupen teorikoak erdiets ditzan, alderdiek erabaki dute ezen, prestakuntza hori INEMen (Enpleguko Institutu Nazionalean) edo haren zentro kreditatu baten bidez emanen dela. Prestakuntza horrek ikaslea gelan izatea eskatzen du nahitaez, eta urruneko irakaskuntza espresuki baztertzen da, salbu eta irakaskuntza horiek ematen diren zentrotik 10 km-ra dauden herrietan.

Prestakuntza kontratuetarako probaldia ez da behin ere 15 egun baino luzeagoa izanen.

Prestakuntza kontratuen betebeharrak betetzen ez dituzten enpresek, bertan egon beharreko prestakuntza teorikoari dagokionez, langileari ordaindu beharko diote kobratutako soldataren eta 2. mailako urgazle kategoriaren arteko diferentzia, hitzarmen honen eranskinean azaldu bezala, bai eta urgazle kategoriagatik Gizarte Segurantzari dagozkion kotizazioak ere. Beste zehapen batzuez aparte, langilea plantillan finko dagoela aitortuko zaio.

Aldi baterako laneko enpresak: aldi baterako laneko enpresa baten bidez kontratatutako langileek enpresak zuzenean kontratatu izan balitu bezala kobratuko dute, ordainsari berbera, alegia; beraz, hitzarmen honetako lansarien taulak aplikatuko zaizkie.

21. artikulua. Probaldia.

Probaldi hauek izanen dira, kontuan hartuta langile bakoitzaren lanbide kategoria:

_Ofizial nagusia, 1. mailako ofiziala eta 2. mailako ofiziala: 3 hilabete.

_1. mailako urgazlea eta 2. mailako urgazlea: 2 hilabete.

_Laguntzailea, ikastuna eta manikura: 15 egun.

Probaldi horietan, bai langileak bai enpresak, euren kabuz, lan harremana deuseztatu ahalko dute aurrez abisatu beharrik gabe eta kalte-ordainik izan gabe.

Probaldian zeha langilea aldi baterako ezintasun edo amatasun egoeran baldin badago probaldia eten eginen da eta lanera itzultzean jarraituko du.

Iraupen jakin bateko kontratuetan, 6 hilabetetik beherakoa izanez gero, probaldia ez da kontratuaren denboraren bi herenak baino luzeago izanen.

22. artikulua. Enpresa nahita uztea.

Beren borondatez enpresatik alde egin nahi duten langileak behartuak daude enpresari jakinaraztera, aurreabisurako epe hauek betez:

_Ofizial nagusia, 1. mailako ofiziala eta 2. mailako ofiziala: hilabete bat.

_1. mailako urgazlea, 2. mailako urgazlea, ikastuna, prestakuntzakoa, laguntzailea eta manikura: 15 egun.

Aipatu epeetan aurreabisua egiten ez bada, enpresak eskubidea izanen du langilearen likidaziotik eguneko soldata deskontatzeko aurreabisua atzeratzen den egun bakoitzeko.

23. artikulua. Diziplina araubidea.

A) Hutsegite arinak:

1._Edozein lanetan arretarik gabe aritzea, akatsak egitea edo atzeratzea, baina bezeroaren aldetik erreklamaziorik izan gabe.

2._Hilabete baten barnean behin, bitan edo hirutan berandu iristea lanera, guztira 30 minutura iritsi gabe.

3._Bidezko arrazoirik gabe behin lanera ez agertzea.

4._Enpresan bajako, baja berresteko edo altako agiri medikoa legez ezarritako epean ez aurkeztea.

5._Ohiko bizilekuz aldatzearen berri ez ematea enpresari.

6._Lanera ez agertzeko arrazoia aurretik ez jakinaraztea edo, bestela, hutsegitea gertatu eta ondoko hogeita lau orduan, ezinbestekoetan salbu, hartarako ezintasuna frogatu ezean.

7._Enpresan baimenen agiria ez aurkeztea, aldez aurretik edo horiek hartu eta ondorengo bi egunetan.

8._Lankideekin ika-mikak izatea, baina ez jendearen aurrean ezta zerbitzua ematerakoan ere.

9._Arreta gabezia txikiak materiala zaintzeko orduan.

B) Hutsegite larriak:

1._Bidezko arrazoirik gabe eta sei hilabeteko epean lanera hiru aldiz baino gehiagotan berandu iristea edo hiru aldiz berandu iritsita, guztira 30 minutu baino gehiago egiten badute.

2._Bidezko arrazoirik gabe bi egunetan lanera huts egitea edo egun batean ostirala, larunbata edo jaiegun baten bezpera baldin bada.

3._Lanetik alde egitea enpresaburuaren baimenik gabe, denbora gutxirako bada ere.

4._Eritasunaren edo istripuaren itxurak egitea. Hutsegitea dela ulertuko da langilea, arrazoi horiengatik bajan egonik, bere gain edo besteren kontura edozein lanetan dabilenean. Atal honetan sartzen da istripuaren edo eritasunaren ondoriozko baja luzatzeko egiten den trikimailu oro.

5._Laneko edozein gaitan goragokoen esanak ez betetzea.

6._Zabarkeriaz edo behar den arreta jarri gabe aritzea lanean, bezeroak erreklamazioa egiten badu.

7._Jendearenganako begirune edo adeitasun falta nabarmena.

8._Lankideekin ika-mikak izatea, jendearen aurrean.

9._Lanaldian lan partikularrak egitea, horretarako baimenik izan gabe, baita enpresako erremintak norberarentzat erabiltzea ere.

10._Arreta gabezia nabarmenak materiala zaintzeko orduan.

11._Hutsegite arinak egitea behin eta berriz, mota desberdinetakoak izanik ere, hiru hilabetean, aurretik ohartarazi bazaio.

C) Hutsegite oso larriak:

1._Bidezko arrazoirik gabe sei hilabeteko aldian hamar aldiz baino gehiagotan, edo urtean hogei aldiz baino gehiagotan, berandu iristea.

2._Lanorduetan mozkortuta eta drogak hartu ondoko egoeran egotea.

3._Norbere garbitasun eta txukuntasunik eza, lankideen baitan arrenkura sorrarazten duenean.

4._Lapurreta, ebasketa edo ondasunak bidegabe erabiltzea.

5._Hitzezko eta egitezko tratu txarrak ematea, agintekeria edo errespetu falta larria kargudunei edo haien ahaideei, baita lankide eta menpekoei ere.

6._Lanean ohiko errendimendua nahita gutxitzea denbora luzean.

7._Norbere lanetan edo beste enpresa baterako aritzea, bere enpresaren baimen idatzirik izan gabe.

8._Biraoka aritzeko ohitura.

9._Zigor Kode indardunean delitutzat jotzen diren sexu jazarpeneko edo/eta jazarpen moraleko jokabideak.

10._Lankideekin liskarrak eta iskanbilak maiz sortzea.

11._Hutsegite larriak behin baino gehiagotan egitea, nahiz eta mota desberdinetakoak izan, 6 hilabeteko epean.

Zehapenak.

Orain arte aipatutako hutsegiteengatik zehapen hauek jartzen ahal dira:

_Hutsegite arinengatik:

.Hitzezko kargu-hartzea.

.Kargu-hartze idatzia.

_Hutsegite larriengatik:

.Kargu-hartze idatzia.

.Bi egunetik hamabostera bitarteko enplegu-soldaten etenaldia.

_Hutsegite oso larriengatik:

.Kargu-hartze idatzia.

.Bi egunetik hogeita hamarrera bitarteko enplegu-soldaten etenaldia.

.Diziplinako kaleratzea.

Zehapena betetzeko denbora luza daiteke, baina ez sei hilabete baino gehiago zehapena ezarritako egunetik hasita. Nolanahi ere den, enpresak idatziz eta aste bete aurretik jakinaraziko dio langileari zein egunetan bete beharko duen ezarri zaion zehapena.

Preskripzioa.

Hutsegite arinak hamar egunean preskribatuko dira, hutsegite larriak hogei egunean eta hutsegite oso larriak hirurogei egunean. Horiek guztiak zuzendaritzak gertaeren berri izaten duenetik eta, betiere, gertatu eta handik sei hilabetera.

24. artikulua. Batzorde mistoa.

Batzorde mistoa eratu da, langileen aldetik hiru kidek eta enpresaburuen aldetik beste hiruk osatua.

Batzordea honela osatuko da:

_ELAko ordezkari bat.

_CC OOko ordezkari bat.

_UGTko ordezkari bat.

_Ile-apaintzaileen Elkarteko 3 ordezkari.

Helbidea Iruñean izanen du, Zaragozako etorb. 27, solairuartea, telefonoa: 948 249419.

Alderdi batek eskatzen duenean bilduko da batzordea.

Eginkizun hauek izanen ditu:

_Hitzarmena interpretatzea.

_Itundutakoaren indarraldia eta betearazpena.

_Bitartekotza eta adiskidetzea, alderdietako batek eskatuta.

_Arbitrajeak eskaintzea.

_Ondorio ekonomikoengatik soldata arloan hitzarmenetik kanpo gelditzen direnen kasuetan esku hartzea.

_Lanbide sailkapenaren gaietan, aldi baterako ezintasun arloan, eta abarretan esku hartzea.

25. artikulua. Xedapen osagarriak.

Hitzarmen honetan aurreikusi ez den kasuetan honakoak aplikatuko dira: Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen 1/95 D.; Ile-apaindegien, edergintza institutuen lan hitzarmen kolektibo orokorra, 2005eko urriaren 29ko Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratutakoa; Nafarroako ile-apaindegien aurreko urteetako hitzarmen kolektiboen testuak edo lan arloan nahiz sindikalean indarra duten laneko xedapen guztiak.

26. artikulua. Lanbide kategoriak.

Lanbide kategoriak eta haien definizioak:

1._Ofizial nagusia: aretoko jardueran ezagupen osoak eta eguneratuak ditu, eta jabearen ordezkari zuzena den aldetik bere gain hartzen du establezimenduan egiten diren lan guztien zuzendaritza teknikoa eta artistikoa. Lana banatzen die langileei eta lanean sor daitezkeen zailtasun teknikoen gainean ofizialek aurkezten dizkioten arazo guztiei erantzuten die. Enpresaburu profesional batek establezimendu bat baino gehiago baditu, ofizial nagusi gisa haietako batean baino ez da agertuko, eta beste establezimenduetako ofizial nagusi lanpostuak kanpoko langileekin bete beharko dira.

2._1. mailako ofiziala: kategoria honetakoa da, behar diren ezagupenak izanik, establezimenduan diren espezialitate guztiak menderatzen dituena.

3._2. mailako ofiziala: lehen mailako ofizialak bezala, behar diren ezagupenak izanik aretoko jarduera osatzen duten lan gehienak ezin hobeki burutzen dituena; ez, ordea, establezimenduan egiten diren guztiak.

4._Urgazlea: ofizial baten agindura eta haren zuzendaritza eta ardurapean, aretoko eginkizun xumeenetan aritzen dena. Urgazleak ohiko lana ilea moztea baldin badu, bigarren mailako ofizialaren kategoria izanen du.

Urgazleak, urte beteko antzinatasuna ordainsarien 2. mailan burutzen dutenean, ordainsarien 1. mailara igoko dira.

5._Ikastuna edo prestakuntza aldian dagoena: Ikastunak kontratupeko langileak dira, 5/2001 E.L.D.ak araututako kontratuaren bidez. Enpresaburuak ikastunei lana emateaz gainera, behartuak daude, beren kabuz edo ordezkoen bitartez, lanbidearen ezagupen praktikoen hastapenak erakustera, bertan sartu beharreko orduetan, betiere.

Ikastunak, 5/2001 ELDk arautu bezala, irakaskuntza praktikoa enpresan jasoko du eta teorikoa, berriz, prestakuntza zentroan.

6._Laguntzailea: aretoan lanbidearekin zerikusi zuzenik ez duten eginkizunetan aritzen den langilea.

7._Manikura: manikura hitzarekin izendatzen da aretoan eduki horri dagozkion eginkizunetan aritzen den profesionala.

ERANSKINA

2006. urtea

OINARRIZKO SOLDATA LOK. PLUSA GUZTIRA ORDUKO PREZIOA

1. URTEKO IKASTUNA - 16 URT. 540,90 459,77 35,18 29,90 576,08 489,66 4,63 3,93

1. URTEKO IKASTUNA - 17 URT. 598,98 509,13 35,18 29,90 634,15 539,03 5,09 4,33

1. URTEKO IKASTUNA 611,02 519,37 35,18 29,90 646,20 549,27 5,19 4,41

2. URTEKO IKASTUNA 624,89 531,15 35,18 29,90 660,06 561,05 5,30 4,51

LAGUNTZAILEA 694,92 35,18 730,10 5,87

2. M. URGAZLEA 730,58 35,18 765,76 6,15

1. M. URGAZLEA 802,30 35,18 837,48 6,73

2. M. OFIZIALA 883,00 35,18 918,17 7,38

1. M. OFIZIALA 935,95 35,18 971,12 7,80

OFIZIAL NAGUSIA 978,60 35,18 1013,78 8,15

TEKNIKARIA 978,60 35,18 1013,78 8,15

MANIKURA 20,81

Iragarkiaren kodea: F0614807