84. ALDIZKARIA - 2005eko uztailaren 15a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

B A K E D A O

Bakedaoko aparkalekuan ibilgailuak aparkatzeko tasak arautzen dituen ordenantza behin betiko onetsita

Bakedaoko Kontzeju Batzordeak (Ameskoabarren), 2005eko maiatzaren 24an egin bilkura arruntean, ondoren hitzez hitz heldu den erabakia hartu zuen, legez eskatutako gehiengoarekin:

1. Behin betiko onestea herriko ordenantza hau, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraituz:

Urederrako natur erreserban eta eskualdeko beste bide turistiko batzuetan sartzeko, Bakedaoko aparkalekuan ibilgailuak aparkatzeko tasak arautzen dituen ordenantza.

2. Onetsitako ordenantzaren testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Bakedaon, 2005eko maiatzaren 26an._Kontzejuko burua, José Luis Lander Asarta.

BAKEDAOKO KONTZEJUKO ORDENANTZA, UREDERRAKO NATUR ERRESERBAN ETA ESKUALDEKO BESTE BIDE TURISTIKO BATZUETAN SARTZEKO, BAKEDAOKO APARKALEKUAN IBILGAILUAK APARKATZEKO TASAK ARAUTZEN DITUENA

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da ibilgailuak urte osoan aparkatzeko aipatutako parkinaren erabilera arautuko duten arauak ezartzea.

2. artikulua. Ibilgailuak aparkatzeko erabiltzen den lurzatiaren zainketa eta mantentze lanak Kontzejuak egiten dituenez, beharrezkoa da horren erabilera arautzea.

3. artikulua. Aparkalekua erabiltzeko tasa bi eurokoa izanen da ibilgailuko eta eguneko. Tasa hori Bakedaoko Kontzejuak eguneratuko du.

4. artikulua. Betebeharrak: Urederrako erreserban eta beste bide turistikoetan sartzeko Bakedaora doan orok baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Ibilgailua aparkatzea hartarako ezarritako eremuan soilik, hain zuzen ere herriko sarreran dagoen aparkalekuan, betiere Bakedaoko Kontzejuko arduradunak adierazi bezala eta Kontzejuak ezartzen duen garaian. Orobat, ibilgailu bakoitzeko 2 euroko tasa ordaindu beharko da.

b) Ingurua errespetatzea, eta herrigunean ezarritako edukiontzietan uztea zakarrak.

c) Kontzejuaren ordenantzak eta arauak errespetatzea, batez ere zakurren gaineko araudia.

d) Bakedaoko Kontzejuak, aparkalekuko arduradunaren bidez, emandako beste edozein agindu betetzea.

5. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Ordenantza honetan ezarritakoa ez betetzea arau-haustea izanen da. Orobat, Bakedaoko Kontzejuak eremu hartako arduradunaren bidez emandako aginduak edo ordenantza honetako xedapenak ez betetzea arau-haustea izanen da.

6. artikulua. Kalte-ordainak.

Aparkalekuan egindako kalteak konponduko dira jarduketa horiek egin dituenaren kontura. Kalteen balorazioa administrazio bidez eginen da.

7. artikulua. Isunak ez badira borondatez ordaintzen, premiamendu bidez ordainaraziko dira.

8. artikulua. Erantzukizunak.

Bakedaoko Kontzejua ez da erantzule izanen aparkatzeko lekuan utzitako ibilgailuetan inork lapurretak, apurketak edo kalteak eginez gero.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena._Ordenantza honetan aurreikusi ez den orotan, Ordenantza Fiskal Orokorrean, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta gainerako xedapenetan ezarritakoa aplikatuko da.

Bigarrena._Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko, haren testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondotik.

Iragarkiaren kodea: L0514686