84. ALDIZKARIA - 2005eko uztailaren 15a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

CORELLA

Behin betikoz onetsirik Herritarren komunikazio eta partaidetzaren gaineko erregelamendua

Herritarren komunikazio eta partaidetzaren gaineko erregelamenduaren hasierako onespena aurtengo 42. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu da, apirilaren 8an, eta inork ez duenez alegaziorik batere aurkeztu, behin betikoz onetsi da.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikulua betez, hala gertatu dela aditzera ematen da eta testu osoa argitara ematen:

I._Sarrera.

1. artikulua. Xedea.

Erregelamendu honen xedea da herritarrek eta entitateek udalerriko bizian eta gobernagarritasunean parte hartzeko manera, bitarteko eta bideei dagozkien alderdi guztiak arautzea; erregelamendu honen esparrua Corellako udal mugapea da.

Erregelamenduak, orobat, partaidetza arautuko du hiriaren garapen estrategiko eta etorkizunekoan, hartan eragiten duten erakunde publiko eta pribatu guztien aldetik.

2. artikulua. Helburuak.

Udalak, erregelamendu honen bidez, helburu hauek lortu nahi ditu:

a) Ahalik eta informaziorik handiena ematea bere ekimen, jarduera, obra eta zerbitzuen gainean.

b) Herritarrek hiriko interes orokorren kudeaketan parte hartzeko duten eskubidearen garapen osoa bulkatzea, horretarako erreferentzia izanik herritarren partaidetza errazten eta arautzen duen legeria guztia.

Elkarte mugimendua bulkatzea, hiriaren interes orokorra defendatzeko.

d) Herritarren eta entitateen partaidetza sustatzea eta erraztea udal kudeaketari dagokionez.

e) Udal kudeaketa hiriko biztanleei hurbiltzea, bideak ezarriz informaziorako, partaidetzarako eta Corellako hiriaren gobernagarritasunaren erabakien gaineko kontrolerako.

II._Herritarren Komunikazio eta Partaidetzaren Azpibatzordea.

3. artikulua. Herritarren Komunikazio eta Partaidetzaren Azpibatzordea.

1. Corellako Udalak Herritarren Komunikazio eta Partaidetzaren Azpibatzordea sortu du, Herritarren Sustapen Batzordearen barnean, Corellako herritarren partaidetza garatu eta hobetu beharrez Udalaren erabakietan eta haren kontrolean.

4. artikulua. Eginkizunak eta xedeak.

Herritarren Komunikazio eta Partaidetzaren Azpibatzordeak eginkizun eta xede hauek izanen ditu:

_Corellako herritarrek Udaleko gainerako alorrei eta horretarako jarritako bitartekoetan egiten dizkieten ekimen, iradokizun, kexa, etab. bideratuko ditu.

_Kontseilu aholku emaileak bulkatuko ditu, beren lana modu eraginkorrean egin dezaten.

_Komunikazioa herritarrei iristeko ardura izanen du. (Panelak, osoko bilkuren gaineko informazioa, erabakiak, proiektuak).

_Kontseilu aholku emaile bakoitzak egiten duen lanaren segimendua eginen du, eta ideiak eta lanen gaineko proiektuak aurkezten ahalko ditu, kontseilu horiek egin ditzaten.

_Herri kontsultak koordinatzeko ardura izanen du.

_Orobat, komunikazioari, informazioari eta partaidetzari dagozkion orotan.

5. artikulua. Kontseilu aholku emaileen erregistroa.

Batzordeak eguneraturik izanen du, erregistro batean, erregelamendu honen VII. kapituluan arautzen diren kontseilu aholku emaileen zerrenda.

III._Informaziorako eskubidea eta prozedurak.

6. artikulua. Parte hartze bideak.

Udalak elkarrekiko informazio bideak ezarriko ditu, ohiko bitartekoak erabiliz (bandoak, egunkaria, oholak, etab.,) eta informazioaren eta komunikazioaren teknologia berrien erabilera interaktiboa bulkatuko du, herritarren partaidetza eta haiekiko komunikazioa errazteko.

Corellako Udalak postontziak paratuko ditu eraikin publiko guztietan, herritarrek bertan sar ditzaten beren iradokizunak eta kexak. Herritarren Komunikazio eta Partaidetzaren Azpibatzordeak alor guztiei ailegaraziko dizkie mezu horiek.

Alkatetzak eta zinegotzigoek beren ahalen ariora onartuko dituzte hitzorduak egiteko eskariak.

7. artikulua. Udalaren osoko bilkurak.

1. Toki Araubideari buruzko Legean aurreikusitako kasuetan izan ezik, Udalaren osoko bilkurak jendaurrean eginen dira. Osoko bilkuren gai zerrenda interesatuen eskura egonen da.

Osoko bilkuren gai zerrenda eta hartutako erabakiak Herriko Etxean jarriko dira ikusgai, Udalaren iragarki oholean, baita Corellako Udalak egoki juzgatzen dituen tokietan ere osoko bilkuren gainean zabalkuntza eta ezagutza handiagoa izan dadin. Hedabideei ere igorriko zaizkie.

2. Hedabideetako ordezkariek sarbidea izanen dute osoko bilkuran, eta behar bezalako laguntza emanen zaie beren lana egin dezaten.

3. Osoko bilkura arruntetan galde-eske publikoen txanda ezarriko da, gai zerrendaren azken puntuan. Galde-eskeak Udaleko gaien gainean izanen dira eta idatziz egin beharko dira 48 ordu lehenago. Alkatetzari dagokio tramitera onartzea, eta Alkatetzak edo haren eskuordeak izanen du erantzuteko ardura. Nolakoak diren, osoko bilkuran berean erantzuten ahalko dira, ahoz, edo bertenaz idatziz, gehienez ere 30 egun naturaleko epean osoko bilkura egin denetik.

Osoko bilkuraren aktetan herritarren galderak agertuko dira, betiere gai zerrendako puntu batean sartu badira.

8. artikulua. Gobernu Batzordea.

Gobernu Batzordearen bilkurak ez dira jendaurrean eginen. Gobernu Batzordearen erabakiak Herriko Etxean jarriko dira ikusgai, Udalaren iragarki oholean, baita Corellako Udalak egoki juzgatzen dituen tokietan ere Gobernu Batzordearen bilkuren gainean zabalkuntza eta ezagutza handiagoa izan dadin.

9. artikulua. Informazio batzordeak.

1. Informazio batzordeen bilkurak irekiak izan daitezke haien irizpena behar duten gaietan interes zuzenekoa duten entitate, kontseilu aholku emaile eta norbanakoendako, horrela eskatzen badute. Batzorde bakoitzeko berezko kideen gehiengo soilaz erabakiko da irekia den ala ez.

2. Udaleko informazio batzordeetako edo patronatuetako buruek sartzen ahalko dituzte, bilkuraren gai zerrendan, kontseilu aholku emaileetan aitzinetik eztabaidatu diren gaiak.

Aktetan, kontseiluek edo norbanakoek egindako galde-eskeak agertuko dira.

10. artikulua. Sarbidea erregistro eta agirietan.

1. Herritarrek eskubidea izanen dute espediente bateko osagai izanik Udalaren artxiboetan dauden agirietan sarbidea izateko, indarra duen legeriak ezartzen duen bezala.

2. Eskubide hau erabiltzeko eta udal ebazpen eta erabakien kopiak eta egiaztagiriak eskuratzeko, eskaera idatzi eta arrazoitua egin beharko da, eta legeak ezartzen dituen baldintzei jarraikiz.

3. Agirietan sarbidea izateko eskubideak agirien kopiak edo ziurtagiriak eskuratzekoa dakar, Udaleko organo eskudunak haien azterketa baimentzen badu eta aldez aurretik ordaindu badira legez ezarritako ordainarazpenak.

4. Zerbitzu publikoen funtzionamenduaren eraginkortasunean trabarik ez egiteko maneran erabiliko dute partikularrek sarbidea izateko eskubidea. Horretarako, aztertu nahi dituzten agiriein banan banako eskaria eginen dute. Beraz, ez da gai baten edo gai multzo baten gaineko eskari generikorik egiten ahalko, salbu eta nahi bada kontuan hartua izateko.

IV._Udalerriaren interes orokor nahiz sektorialak defendatzeko elkarteak.

11. artikulua. Zertzat hartuak eta erregistroa.

Udalak intereseko tresnatzat hartzen ditu elkarte horiek, gardentasunerako eta hiriaren gobernu egokirako. Herritarren entitate udal mugapean daudenen berri izateko, Udalak Elkarteen Erregistroa sortuko du, eta hartan inskribatzea baldintza izanen da erregelamendu honetan edo elkarteen gaineko bertze xedapen batean aurreikusten diren onurak eskuratzeko.

Alde horretatik, Udalak, aurrekontuan dituen baliabideak zenbaterainokoak diren eta gastuan zuhur izan behar duela kontuan hartuta, jardueretarako dirulaguntzak ematen ahalko dizkie beren xedeak betetzean Corellako hiri kalitatea eta gizarte ongizatea hobetzean zuzenean parte hartzen duten gizarte, kultur edo kirol elkarte eta entitateei.

Corellako Udalaren Dirulaguntzen gaineko Erregelamenduan finkatuko dira entitate edo elkarteek dirulaguntzak eskuratzeko baldintzak. Gobernu Batzordea, dagozkien batzordeek proposaturik, dirulaguntza horien gainean deliberatuko da.

12. artikulua. Dirulaguntzak emateko irizpideak.

Corellako Udalak irizpide hauek hartuko ditu kontuan, dirulaguntzak emateko:

a) Herritarren entitateen xede soziala eta jarduerak onura publiko eta sozialekoak izatea.

b) Delako entitatearen ordezkaritza maila.

c) Gaitasun ekonomiko beregaina eta bertze erakunde publiko nahiz pribatuengandik hartzen dituen dirulaguntzak. Bereziki Udalaren alor eta/edo patronatu ezberdinengandik har litzakeen dirulaguntzak hartuko dira kontuan, baita entitateak berak egin dezakeen ekarpen ekonomikoa edo lanekoa ere.

d) Garatzen ari diren edo garatu nahi dituzten jarduerek udalerrirako duten garrantzia.

e) Udalerako onura publikoko entitatearen aitorpena izatea, 27. artikuluari jarraikiz, erran nahi baita, Udalean inskribaturik egotea.

13. artikulua. Dirulaguntzen justifikazioa.

Betiere, herritarren entitateek, dirulaguntzak jaso badituzte, eskabidea egitean aurkeztutako jardueren memoriaren aldean zenbatekoak zertarako erabili dituzten frogatu beharko dute Udalaren aurrekontu ekitaldiaren amaieran.

Baldintza hori ez betetzeak hurrengo aurrekontu ekitaldietan Udalari edozein motatako laguntzak eskatu ezina ekarriko dio arau-haustea egin duen entitateari.

Udalak akten, batzarren, bilkuren eta abarren ziurtagiriak eskatzen ahalko dizkie elkarteei, dirulaguntza zergatik ematen zaien, gai horrexekin ikusteko duten arlo edo alderdien gainean.

14. artikulua. Lokalen erabilpena.

Elkarteen Udal Erregistroan inskribaturiko herritarren entiteek Udalaren lokal eta instalazioak (Kultur Etxea, kiroldegia, etab.) erabiltzen ahalko dituzte, instalazioen ardura duen erakunde bakoitzaren araudiari jarraikiz.

15. artikulua. Informazioaren eskuragarritasuna.

Herritarren Partaidetzaren Azpibatzordeak Elkarten Udal Erregistroan inskribaturiko herritarren entitateen eskuetan jarriko du Gobernu Batzordeak eta osoko bilkurak onetsitako gaien zerrenda, hala eskatu badute; orobat, agirien eskuragarritasuna erraztuko du, indarra duen legeriak ezartzen duen ildoan, Erregelamendu honen 10. artikuluan jasotzen baita.

V._Herri ekimena.

16. artikulua. Kontzeptua.

Udal hauteskundeetan botoa emateko eskubidea duten herritarrak herri ekimenaz baliatzen ahal dira, erabaki edo jarduketa proposamenak edo xedapen orokorretarako proiektuak aurkeztuz, betiere udal eskumeneko gaietan. Ekimen horiek izan beharko dute udalerriko herritarren % 10en sinadura, gutienez.

17. artikulua. Erantzuna ekimenei.

Deusetan ukatu gabe ekimen horiei buruzko ebazpena gaiari dagokion organo eskudunak ematea, osoko bilkuran eztabaidatu eta bozkatu beharko dira.

Zer komeni, halakoxea izanen da erabakia, interes publikoari begiraturik eta halaber herritarren ekarpenak kontuan harturik.

Herri ekimenetik kanpo geldituko dira tributu arloko gaiak, baita aurrekontuak eta kontuak ere.

VI._Herri kontsultak.

18. artikulua. Udalak, 6/1990 Foru Legearen 96. artikuluan eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 71. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, herri kontsultsa egiten ahalko du Udalaren eskumeneko gaietan herritarrendako interes berezia dutenen gainean, toki ogasunari buruzkoak kenduta.

VII._Arloetako kontseilu aholku emaileak.

19. artikulua. Kontseilu aholku emaileen sorrera eta erregelamendua.

1. Corellako Udalak kontseilu aholku emaileak izanen ditu udal alor ezberdinetan. Kontseilu horiek beharrezko iruditzen zaizkien lan batzordeak eratzen ahalko dituzte.

2. Haien funtzionamendurako, alor bateko kontseilu aholku emailea sortzea erabakitzen duen udal organo eskudunak Udalari igorriko dio kontseilua sortzeko proposamen funtsatua, kontseiluak funtzionatzeko erregelamendu proposamenarekin batean.

20. artikulua. Aholku emaile izaera.

Konteilu aholku emaileek beren jarduera esparruetan hartzen dituzten erabakien izaera irizpen, txosten edo eskaerarena izanen da eta ez dira inoiz lotesleak izanen Udalaren gobernu organoendako.

21. artikulua. Kontseiluak zenbaterako.

Kontseilu aholku emaileak aldi baterakoak nahiz mugaegunik gabeak izan daitezke.

1. Aldi baterakoak dira gai puntualetarako eratzen direnak, Udalak kontseilu aholku emaile baten sustengua behar duela uste duenean.

2. Mugaegunik gabeak dira gai orokorretarako eta alor zehatz batean eratzen direnak, Udalak kontseilu aholku emaile baten sustengu iraunkorra behar duela uste duenean.

22. artikulua. Eginkizunak.

Kontseilu aholku emaileek eginkizun hauek izanen dituzte:

1. Arlo bakoitzari zuzendutako udal politikak nora jo behar duen norabideratzea, erakunde aholku emaile gisa.

2. Alor baloitzaren esparruan udal politikaren plangintzaren berri jakitea eta hura baloratzea.

3. Alor horrexetarako Udalaren jarduketa proiektu berariazkoak proposatzea eta horien gaineko aholkuak ematea.

23. artikulua. Osaera.

1. Orokorrean, kontseilu aholku emaileak honela osatuko dira:

_Alkatea edo haren eskuordeko zinegotzia, kontseiluburu.

_Udal talde bakoitzaren ordezkari bat.

_Alorreko udal teknikari bat.

_Kontseiluak gaitzat duen sektore edo alorra ordezkatzen duten elkarte, entitate edo pertsonen ordezkariak.

2. Kontseiluak funtzionatzeko erregelamenduan zehaztuko da sektore edo alorra ordezkatzen duten elkarte, entitate edo pertsonen ordezkarien gehieneko kopurua.

24. artikulua. Eraketa, komunikazioa eta aldizkakotasuna.

Kontseili aholku emaileak lehen bilkura edo deialdian eratuko dira eta hartan idazkaria izendatuko da. Bilkura guztien akta eginen da.

Bilkuren deialdietan gai zerrenda emanen da betiere; kontseilukideei gutienez ere bortz egun lehenago igorri beharko zaizkie.

Kontseilu aholku emaileek gutienez ere hiruhilekotik eginen dute bilera. Haien deialdia Alkatetzari edo alorreko zinegotziko eskuordeari dagokio; hark hartuko du bere gain ongi funtzionatzen duen eta aurreikusitako eginkizunak betetzen diren zaintzeko konpromisoa. Kontseilukideen bi herenek ere egiten ahalko dute bileraren deialdia.

VIII._Herritarren partaidetzarako bertze bide batzuk.

25. artikulua. Partaidetzarako bertze bide batzuk.

Deskribaturiko erakundeez landa, Corellako Udalak herritarren partaidetza bulkatuko du bide hauen bitartez:

1._Bilerak bizilagunekin, noizbehinkakoak, zer orokorra baino tikiagoko kolektiboak ukitzen dituzten gaietan.

2._Informazio bilerak senidetutako hiriekiko truke eta ekintzetan interesaturiko entitateekin.

3._Udal instalazioen erabiltzaileen partaidetzarako kontseiluak.

IX._Udalerako interes publikoaren deklarazioa.

26. artikulua. Interes publikoaren aitortza.

Elkarteen Udal Erregistroan inskribaturiko entitateek Udalerako interes publikoaren aitortza jaso dezakete, haien xede soziala eta egiten dituzten jarduketak altruistak badira eta osagarriak legeak aurreikusten dituen udal eskumenekin. Aitortza sistema hau erregelamendu bereki baten bitartez garatuko da.

27. artikulua. Baldintzak ez betetzea.

Ez dute halako aitortzarik jasotzen ahalko Erregelamendu honetan aipatzen diren baldintzetako edozein bete ez duten elkarteek, Udaleko Erregistroan inskripzioari egiteari dagokionez, hala erabaki den kasuetan, baita dirulaguntzei edo bertze edozein betebeharri dagokienez ere.

28. artikulua. Aitortzarako irizpideak.

Herritarren entitateen onura publikoaren aitortzaren komenigarritasuna baloratzeko funtsezko irizpideak ondoko hauek izanen dira:

1. Udalerako interes publikoa eta Corellan bizi direnendako interes soziala.

2. Entitatearen xede soziala eta egiten dituen jarduketak, borondatezkoak edo Udalekiko osagarriak.

3. Ordezkaritza maila eta demokratikoki funtzionatzeko bermea.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenbizikoa._Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

Bigarrena._Erregelamendu hau interpretatu eta aplikatzeak sorrarazten dituen dudak udal organo eskudunak ebatziko ditu, betiere Toki Araubideari buruzko indarra duen legeriak eta legeak ezarritakoarekin bat etorriz.

Halaberean, Corellako Udalaren Erregelamendu Organikoak zer zedatzen duen, horrexeri jarraituko zaio, halakorik dagoenean.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Corellako Udalean herritarren partaidetzarako dauden elkarte eta kontseiluek edo arauturik dauden ordezkaritza sistema guztiek sei hilabeteko epea izanen dute, beren eginkizunak egokitzeko.

AZKEN XEDAPENA

Corellako Udalak osoko bilkuran onetsitako Erregelamendu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean osorik argitaratu eta hamabortz egun iraganda hartuko du indarra, Estatuko Administrazioak edo Foru Komunitatekoak toki entitateei beren egintza edo erabakiak baliogabetzeko errekerimendua egiteko duten hamabortz eguneko epea iragan ondoan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluan 342.ari dagokionez agintzen duen gisan.

Corellan, 2005eko ekainaren 7an._Alkatea, Ramón Miguel Jiménez González.

Iragarkiaren kodea: L0514338