84. ALDIZKARIA - 2005eko uztailaren 15a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

AKATS ZUZENKETA, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak apirilaren 14an emandako 339/2005 Foru Aginduarena. Foru aginduak dirulaguntzak arautzen ditu, 2005. urterako, zuzenean toki entitateek kudeatutako edo legez eratutako ehiztari-elkarte lokalei esleitutako ehiza-barrutietan ehizarako eskubidea dutenentzat, ehiza-barrutietako ehiza-espezieek nekazaritzari egindako kalteen erantzule baitira, ehizarako basa faunak egindako kalteak ordaintzeko.

Deialdi hori 2005eko 75. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, ekainaren 24an, 6485. orrialdetik 6488. orrialdera bitarte. Bertan akats bat egin dela oharturik, arauak ez baitatoz bat foru aginduarekin, bidezko da berriro argitaratzea, oso-osorik.

Iruñean, 2005eko ekainaren 27an.

339/2005 FORU AGINDUA, apirilaren 14koa, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emana. Dirulaguntzak arautzen ditu, 2005. urterako, zuzenean toki entitateek kudeatutako edo legez eratutako ehiztari-elkarte lokalei esleitutako ehiza-barrutietan ehizarako eskubidea dutenentzat, ehiza-barrutietako ehiza-espezieek nekazaritzari egindako kalteen erantzule baitira, ehizarako basa faunak egindako kalteak ordaintzeko.

Nafarroan maiz aski gertatzen da ehizarako basa espezieren batek kalte egitea alorretan eta basoetan, bereziki basurdeak eta orkatzak, ehiza larriaren kasuan, eta untxiak, ehiza xehearenean.

Ehizarako basa faunak alorretan dituen ondorio kaltegarriak arintzeko eta, aldi berean, animalia horien babesa eta iraupena bermatzeko, neurri ekonomiko zenbait hartu behar dira, eragindako kalteak hein batean arintzearren; betiere, ekonomikoki kontuan hartzeko modukoak badira eta argi badago ez direla bestelako ezbehar batek eragindakoak.

Foru agindu honen bitartez, barrutietan (barrutiak toki entitateek zuzenean kudeatuak izan nahiz ehiztarien elkarte lokalei zuzenean adjudikatuak izan) ehizarako eskubidea dutenendako laguntza ekonomikoak ezartzen dira, oinarrietan adierazten diren baldintzak kontuan hartuta, ehiza-espezieek nekazaritzari eragiten dizkioten kalteen erantzukizuna beren gain har dezaten. Hala ere, nekazariek kalte tasatuaren % 100 jaso beharko dute ehiza aprobetxamenduaren titularrengandik.

Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen otsailaren 24ko 42/2005 Foru Dekretuaren bidez eskuratu dudan ahalmena erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Barrutietan (toki entitateek zuzenean kudeatuak nahiz ehiztarien elkarte lokalei adjudikatuak izan) ehiza-aprobetxamendurako eskubidea dutenendako dirulaguntzak emateko deialdia eta oinarriak onestea, ehiza-barrutietako ehiza-espezieek nekazaritzari eragindako kalteen arduradunak baitira, ehizarako basa faunak 2005ean eragindako kalteak ordaintzeko.

2. 150.000 euroko gastua onartzea, 2005eko gastuen aurrekontuko "Partikular eta elkarteentzako kalte-ordain, aseguru eta laguntzak" izeneko 330000 31000 4809 451300 kontusailaren bizkar.

3. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu honek ez du administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoak izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Epeak foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira.

5. Foru agindu hau Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzura, Kontrol Administratiboaren Atalera eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzakoan duen kontu-hartzaile delegatuari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2005eko apirilaren 14an._Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, José Andrés Burguete Torres.

O I N A R R I A K

Lehenbizikoa._Xedea.

Deialdi honen xedea da 2005. urterako, ehiza-barrutietan (barrutiak toki entitateek zuzenean kudeatuak izan nahiz ehiztarien elkarte lokalei adjudikatuak izan) ehizarako eskubidea dutenendako dirulaguntzak finkatzea, haiek baitira ehiza-barrutietako ehiza espezieek Nafarroako nekazaritzari eta basogintzari egindako kalteen erantzule, ehizarako basa faunak egindako kaltea ordaintzeko duten erantzukizunari aurre egiteko.

Bigarrena._Betebeharrak.

Beharkizun hauek bete beharko dituzten ehiza-barrutiek eskatzen ahal dituzte dirulaguntzak:

a) Zuzenean toki entitate batek edo legez eratutako ehiztarien elkarte lokal batek kudeaturiko ehiza-barruti publikoak izatea.

b) Barruti horiek onetsirik eta indarrean edukitzea, edo berraztertzeko bidean, Ehiza Antolatzeko Plan bat, Basa fauna eta haren habitatak babestu eta kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legearen araberakoa.

c) Barrutiko ehizarako eskubidedunak hartuak izatea Ehiza Antolatzeko Planean aurreikusitako neurriak, edo, horiek izan ezean, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak nekazaritzaren gaineko kalteak galarazteko finkatu dituenak.

d) Barrutiko ehizarako eskubidedunak egunean egon beharko du ez barrutirik ez horretarako eskubiderik ez duten nafar ehiztariak onartzeari buruzko beharkizunetan eta kasu bakoitzean kobratutako kuotei dagokienean ere; gainera, akta, bazkide eta kontuen liburuak eguneratuak eduki beharko ditu.

e) Barrutiak funtzionamendu egokia izan dezala, indarra duen arautegiari dagokionez eta ez dadila egon nahitaezko elkartzeari buruz ebatzi gabe dagoen espedienteren baten mende.

f) Barrutiak zorrik ez izatea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin.

g) Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren bulegoetan transferentzia bidez ordaintzeko eskaria eta entitateen zentsuko txartelaren fotokopia (ehizarako eskubidedunaren IFZ) aurkeztuak izatea. Baldintza hori nahitaez bete beharko dute dokumentazioa aldatu duten barrutiek, edo 2004an halako laguntzarik jaso ez dutenek.

Hirugarrena._Laguntzen zenbatekoa.

3.1. Laguntza horien zenbatekoa hauxe izanen da:

3.1.1. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak, bere peritu-tasatzaileen bidez, ebaluatzen duen kaltearen zenbatekoaren 100eko 75, gehienez ere, foru agindu honetako arauak betetzen dituzten ehiza-barrutiendako.

3.1.2. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren laguntza hauek kobratu ahal izateko, Ingurumen zuzendari nagusiak 2004ko abenduaren 27an eman 2597 Ebazpenak ukituriko ehiza-barrutiek nahitaez kalteei aurrea hartzeko programa bat aurkeztu beharko dute Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Erregistroan, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak onetsi beharko duena. Ebazpen haren bidez 2005ean nekazaritzan izandako kalteak direla medio, zenbait barrutitan untxi populazioa kontrolatzeko baimena eman zen.

Kalteei aurrea hatzeko programak behintzat eduki hauek garatu beharko ditu. Prestatu ahal izateko, barrutiko ehizarako eskubidedunak Ehiza eta Arrantza Ataleko teknikarien aholkuak hartzen ahalko ditu:

_Untxi populazioaren laginak hartzeko ibilbideak hautatzea.

_Ehiza-barrutian langileak eta baliabideak edukitzea untxi populazioa kontrolatzeko, nekazaritzari egiten ahal zaizkion kalteei aurrea hartzearren: zenbat ehiztari, ehiztari-talde, hudo, kaiola eta abar.

_Ehiza-barrutia eskualdekatzea, kalteei aurrea hartzeko lehentasunezko eremuak adieraziz.

_Untxi populazioa kontrolatzeko metodo bakoitzerako egunak eta ehizaldiak zehaztea: ehiza normala, hudoen edo kaiolen bidezkoa.

_Inbertsioetarako plana, alor batzuk babesteko eragozpenak (sareak, hodiak...), ereintza beldurgarriak eta abar barne. Babestu edo erein beharreko lurzatien datu guztiak (udalerria, poligonoa, lurzatia eta jabea) bildu beharko dira. Lurzatietako plano bat ere aurkeztuko da, non babestu edo ehiztarien elkarteek erein beharreko lurzatiak adieraziko baitira.

Halaber, hilero Ehiza eta Arrantza Atalean jarraipen programa batzuen emaitzak aurkeztuko dira. Barrutiko ehizaren esleipen-hartzaileak nahitaez egin beharko ditu programa horiek. Hona hemen:

_Populazioaren bilakaera begiratzeko programa: hilero, abuztutik aurrera, kalteei aurrea hartzeko programan hautaturiko gauazko ibilaldien emaitzak aurkeztuko dira. Arrazoiak emanik, egunezko ibilaldiak ere onartzen ahalko dira.

_Harrapakinak begiratzeko programa: hilero, katastroko poligono bakoitzean harrapaturiko untxien emaitzak aurkeztuko dira, harrapatzeko metodoak bereiziz.

Aurrea hartzeko programa aplikatzean kalteak, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuaren idurikoz, gutxitu beharko dira nabarmenki, eta laguntzen ehunekoa, tasatutako kalteen diru zenbatekoaren araberakoa, honako hau izanen da:

Tasaturiko kalteak: 6.000 euro baino gutxiago. Gehieneko dirulaguntza (tasaturiko kalteen %): % 75.

Tasaturiko kalteak: 6.001 eurotik 12.000 bitarte. Gehieneko dirulaguntza (tasaturiko kalteen %): % 70.

Tasaturiko kalteak: 12.001 eurotik 18.000 bitarte. Gehieneko dirulaguntza (tasaturiko kalteen %): % 65.

Tasaturiko kalteak: 18.001 eurotik 24.000 bitarte. Gehieneko dirulaguntza (tasaturiko kalteen %): % 60.

Tasaturiko kalteak: 24.000 eurotik gora. Gehieneko dirulaguntza (tasaturiko kalteen %): % 55.

3.1.3. Ehizarako eskubidedunek laguntzak eskatzeko epea 2005eko abenduaren 1ean bukatuko da. Nafarroako ehiza-barruti publikoetan ehizarako eskubidedunei dirulaguntzak emateko baldintza izanen da, betiere, behar adina diru egotea eta Administrazioak eskabidearen ebazpen administratiboa ematean gaitasun ekonomikoa izatea. Hori horrela, kalteen zenbatekoari aplikatzen ahal zaion ehunekoa, gehienez ere dirulaguntzaren xede izan daitekeena, hein batean gutxituko da 3.1.1 eta 3.1.2 puntuetan ezarririko tarte guztietan, aurkeztu diren eta dirulaguntzen xede izan daitezkeen eskabide guztiak aintzakotzat hartzeko aurrekontuetan behar adina diru egon ezik.

3.2. Laguntza hauen onuradunek kalte-ordain bat eman beharko diete nekazariei, kalteen tasazioaren 100eko 100 eginen duena. Ehizarako eskubidedunek agirien bidez, zinpeko adierazpenaren bidez edo zuzenbidean onartzen den edozein baliabideren bidez nekazari ukituei kalte tasatuaren 100eko 100 ordaindu dietela frogatu beharko dute. Halaber, frogagiri horiek Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Erregistroan aurkeztu beharko dituzte, Iruñeko Armada etorbideko 2an, Nafarroako Ekonomi eta Ogasun Departamentuak dirulaguntzari dagokion dirusarrera egin eta gehienez hilabeteko epean.

3.3. Prezioa eta ekoizpena.

3.3.1. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak kontratatutako peritu-tasatzaileak tasatutako kaltearen zenbatekoa finkatzeko erabiliko den arautegia, nekazaritzako produktuen preziorako honako hau izanen da:

_Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren "Boletín de Coyuntura Agraria" delakoan tasazioa egin den hilabetean produktu bakoitzarentzat finkaturik ageri den prezioa.

_Tasatutako produktua ez bada argitalpen horretan ageri, argitalpenean produktu horretarako ageri den azken prezioa aplikatuko da. Ardotarako mahatsari dagokionez, prezioa erabakitzeko Nafarroako Gobernuak eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak diruz lagundutako aseguru etxeek finkatutakoa erabiliko da.

_Landareen kasuan -zainzuriak, mahastiak, olibondoak, bestelako frutarbolak eta oihan espezieak-, merkatuko prezioa erabakitzeko Nafarroako merkatuan diharduten enpresen fakturetakoak erabiliko dira.

3.3.2. Ekoizpenaren datuak biltzeko, Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren "Boletín de Coyuntura Agraria" delakoan argitaratuak hartuko dira kontuan. Mahatsaren kasuan "Nafarroa" eta "Errioxa" jatorrizko deiturentzat ezarritakoak jasoko dira.

Laugarrena._Zerrendatik baztertzea.

Foru agindu honi dagokionez, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak kasu hauek dirulaguntzetatik kanpo utziko ditu:

a) Foru agindu honen 5. arauak ezarritako prozedura hertsiki betetzen ez dutenak edo 2. arauan eskatutako betebeharretara egokitzen ez direnak.

b) Foru agindu honen edo eta 242/2004 Foru Aginduaren 3. arauko 3.2. idatz-zatia betetzen ez dutenak.

c) Ingurumen zuzendari nagusiak 2004ko abenduaren 27an eman 2597 Ebazpenak ukituriko ehiza-barrutiak, kalteei aurrea hartzeko programa bat Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Erregistroan aurkezten ez badute, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak onetsi beharko duena. Ebazpen haren bidez 2005ean nekazaritzan izandako kalteak direla medio, zenbait barrutitan untxi populazioa kontrolatzeko baimena eman zen. Aurreneurrietarako programaren edukiak deialdiko 3.1.2 puntuan adierazten direnak izanen dira.

d) Ingurumen zuzendari nagusiak 2004ko abenduaren 27an eman 2597 Ebazpenak ukituriko ehiza-barrutiak, deialdi honetako 3.1.2 arauan xedatu bezala, hilero Ehiza eta Arrantza Atalean populazioaren eta harrapakinen bilakaera begiratzeko programak aurkezten ez badituzte, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak onetsi beharko duena. Ebazpen haren bidez 2005ean nekazaritzan izandako kalteak direla medio, zenbait barrutitan untxi populazioa kontrolatzeko baimena eman zen.

e) Ehizarako espezieek egindakoak, barrutiko ehizarako eskubidedunak Ehiza Antolatzeko Planean aurreikusitako neurri beharrezkoak edo Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak finkatutakoak hartu ez dituenean, neurri horiek kalteak saihesteko edo nabarmenki arintzeko askitzat jotzen badira.

f) Nekazaritzako laboreetan egindakoak, haiek konpontzea ehizarako eskubideduna edo esleipen-hartzailea ez den beste edozein pertsona edo entitateren erantzukizuna denean.

g) Kalteak izan dituenaren utzikeriatik edo borondatetik heldu direnak. Utzikeria izan dela ulertuko da baldin eta kalteak eragiten dituzten animaliak ugaltzeko eta bertan gelditzeko laguntzen ahal duten lanak egiten badira, hala nola barrutirako hartutako aurreneurriak egokiro mantentzen ez direnean.

h) Industrialdeetan edo era artifizialean zein basa ez den era batean hazitako ehizako espezieek egindakoak.

i) 1999ko otsailaren 17ko 253 Foru Aginduaren bidez izurri deklaratu diren espezieek egindako kalteak.

j) Ukitutako nekazaritzako lurzatiei dagokienez, honako baldintza hauek bete beharko dira:

j.1) Laborantza lanak bere garaian egin behar dira eta ohiko teknikak erabiliz. Era berean, laborantzako lehen gaiak, hala nola, haziak, ongarriak eta fitosanitarioak egokiak izanen dira eta beharrezkoak laborea normal gara dadin. Nekazariak eskatzen dizkioten faktura eta agiri guztiak aurkeztu beharko ditu kaltea hartu duen laborean eginiko lanak eta aplikatutako produktuak justifikatu ahal izateko.

j.2) Untxiak eginiko kalteetan, eta kalte horiek handiak badira eta esparru zabal bat ukitzen badute, lekukoak edo itxitura txikiak jarri beharko dira, laborearen egoera erakusteko kaltea hartu duen esparruarekin alderatuta.

j.3) Mahatsondo, olibondo, esparrago, almendrondo eta gainerako frutarbolen sail berrietan eta zuhaizti berrietan landareak derrigorrez babestu beharrak dira hodiekin, sareekin edo hesi elektrikoekin. Mahatsondo, olibondo, almendrondo eta gainerako frutarbola helduen sailak sare edo hesi elektriko batekin babestuko dira, egiten ahal den kaltea handia bada betiere. Erabiltzen den babes metodoaren garaierak kalteetatik babesteko egokia izan beharko du.

j.4) Balio ekonomiko handikoak izanik iraunkorrak ez diren laboreak, hala nola hazitarako patata, brokoli, azalore eta beste barazkiak, kalterik izateko arrisku handia dagoenean, hesi elektriko batekin edo antzeko beste modu batekin babestuko dira.

k) Barruti baten barruan dauden lurren jaberen batek bere lurrak barrutitik bereizi nahi baditu eta barrutian sartu ez, erantzukizuna ez da ehizarako eskubidedunarena izanen, eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak kaltea bere gain hartuko du baldin eta ukatzen bada, eskaria egin ondoren, Ingurumen zuzendari nagusiaren ebazpen bidez, kaltea egin duten espezieen ehiza edo kontrola.

Halaber, barrutitik kanpoko lurretan, hortaz, ehiza aprobetxamendurik izan ez dezaketenetan, nekazaritzari egindako kalteak soilik ordainduko dira baldin eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak, berari eskatu ondotik, kaltea eragin duten espezieen ehiza edo kontrola, Ingurumen zuzendari nagusiaren ebazpen bidez, debekatu badu.

Bosgarrena._Prozedura.

Foru agindu honek aipatzen dituen kalte-ordainak izapidatu eta horren gainean ebazteko prozedura honelakoa izanen da:

5.1. Barrutiko ehizarako eskubidedunak kalteak gertatu eta gehienez ere hirurogeita hamabi orduko epean kaltearen berri eman beharko dio Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak kontrataturiko peritu-tasatzaileen taldeari (telefonoa/faxa: 948-452426), Departamentu horrek kalteak izan direla egiazta dezan eta ondoren ebaluatu eta, egokia bada, kalte horiek horrela iraun ez dezaten beharrezkoak diren neurriak har ditzan.

Peritu-tasatzaileen taldeari deitu aitzin, ehiza-aprobetxamenduaren titularrak kaltea baietsi beharko du eta foru agindu honen 6. oinarrian aipatutakoa aurreikusi.

Peritu-tasatzaileari, tasazioaren aurretik, datu hauek eman behar zaizkio:

_Dirulaguntza eskatzeko orria, osorik betea eta ehizarako eskubidedunak izenpetua, eranskinean ageri den bezalakoa.

_Kaltea jaso duen nekazariaren izena eta bi deiturak, helbide osoa eta telefono zenbakia.

_Lurzatiaren datuak: poligono zenbakia; lurzati zenbakia; lurzatia zein udalerritan dagoen; kaltea hartu duen laborea; kaltea egin duen animalia; kaltea hartu duen lurzatiaren azalera osoa.

5.2. Onuradunak eta nekazariak derrigorrez erakutsi behar dizkiote izandako kalteak peritu-tasatzaileari kalteak jaso dituen lurzatira hura lagunduz. Gainera, NPBko deklarazioaren kopia eta lurzatiaren planoaren edo lurzatiaren zedularen kopia ekarri behar dira. Mahastiak badira, jatorrizko deituran inskribatutako mahastien zerrendaren kopia ere ekarri beharko da. Lurzatian bertan tasazioa egin ondoren, onuradunak eta nekazariak adostasuna adierazi beharko dute ezbeharraren aktan beren sinadura jarrita. Peritu-tasatzaileen taldeak txostenaren kopia bana emanen die kaltea hartu duenari eta onuradunari. Tasazioko txosten hori kalteen balorazio orrizat joko da.

5.3. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak, bidezko denean, dirulaguntza emanen dio ehizarako eskubidedunari, azaldutako arauen arabera betiere. Dirulaguntza onartu eta pagatzeko ebazpena 2005eko abenduaren 15a baino lehen emanen da.

Seigarrena._Betebeharrak.

Hona hemen laguntza hauen onuradunen eginbeharrak:

a) Noiznahi Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari datu eta jarduerak egiaztatzen uztea.

b) Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari espedientearen garapenean edo gastuan, gertatu den unean bertan, izan den edozein inguruabarren berri ematea. Aldaketa horrek ez dio Foru Komunitateko Administrazioari beste konpromisorik ekarriko, bere gain espresuki hartzen ez badu.

c) Ehizarako eskubidedunak, peritu-tasatzaileari eskatzen badio ehizaldi berean alorrera behin baino gehiagotan joan dadila, bigarren eta hurrengo bisitetan 120 euroko tarifa pagatuko beharko du. Sortzapen-gutunaren bidez kargatuko zaio eskatzaileari.

Halaber, lurzatiaren eremuari dagokionez kalteen gutxieneko ehunekoa gainditzen ez duten lurzati tasatuetarako ere ez da dirulaguntzarik emanen. Ehizarako eskubidedunari, peritu-tasatzaileari eskatzen badio gutxieneko ehunetik beheitiko eremu ukitua duen alor batera joan dadila, bisitak kobratuko zaizkio, sortzapen-gutunaren bidez, honelaxe:

Lurzatiaren eremua: 5,5 erregu baino gutxiago. Kalteen gutxieneko %: 100eko 10. Tasazioaren zenbatekoa: 24 euro.

Lurzatiaren eremua: 5,6 erregutik 11 erregura bitarte. Kalteen gutxieneko %: 100eko 10. Tasazioaren zenbatekoa: 30 euro.

Lurzatiaren eremua: 11,1 erregutik 22 erregura bitarte. Kalteen gutxieneko %: 100eko 10. Tasazioaren zenbatekoa: 36 euro.

Lurzatiaren eremua: 22,1 erregutik 40 erregura bitarte. Kalteen gutxieneko %: 100eko 6,5. Tasazioaren zenbatekoa: 40 euro.

Lurzatiaren eremua: 40,1 erregutik 60 erregura bitarte. Kalteen gutxieneko %: 100eko 5. Tasazioaren zenbatekoa: 60 euro.

Lurzatiaren eremua: 60,1 erregutik 100 erregura bitarte. Kalteen gutxieneko %: 100eko 4. Tasazioaren zenbatekoa: 150 euro.

Lurzatiaren eremua: 100 erregun baino gehiago. Kalteen gutxieneko %: 100eko 3,5. Tasazioaren zenbatekoa: 180 euro.

Zazpigarrena._Baldintzak ez betetzea.

Dirulaguntzaren xede den jardueraren baldintzak osorik edo partez betetzen ez badira, dirulaguntza oso-osorik itzuli beharko da, baita atzerapen-korrituak ere, dirulaguntza ordaintzen denetik hasita, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorrari buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeko 21. artikuluan xedaturikoarekin bat.

Zortzigarrena._Dirulaguntzen kontrola.

Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak ardura hartuko du dirulaguntzak emateko eskatzen diren baldintzak bete daitezen eta aurreikusiriko inbertsioak behar bezala egin daitezen. Horretarako ikuskapen eta egiaztapenak egiten ahal ditu eta onuradunei eskatzen ahal dizkie jarduerari buruz beharrezkotzat jotzen dituen argibideak eta agiriak, baita haiek bertara ager daitezela ere.

Bederatzigarrena._Bestelako arauak.

Deialdi hau Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorrari buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean xedaturikoarekin bat onetsi da. Haren edukiak zuzentzen eta osatzen du deialdi honetakoa.

Hamargarrena._Errekurtsoak.

Foru agindu honek ez du administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoak izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Epeak foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira.

E R A N S K I N A

Dirulaguntza eskatzeko orria

................... jaunak/andreak, ehizarako eskubideduna baita (lehendakaria, zuzenean ehiztari-elkarte bati esleitzen zaionean; alkatea, zuzeneko kudeaketa denean) ............................ izeneko ehiza-barrutian, NA-10...................matrikula, IFZ: ..........

Aditzera ematen du baduela ...../2005 Foru Aginduaren berri eta onartzen duela. Aipatu foru aginduak dirulaguntzak arautzen ditu, 2005. urterako, zuzenean toki entitate batek kudeatutako edo legez eratutako ehiztari-elkarte lokal batek esleitutako ehiza-barrutietan ehizarako eskubidea dutenentzat, ehiza-barrutietako ehiza espezieek nekazaritzari egindako kalteen erantzule baitira, ehizarako basa faunak egindako kalteak ordaintzeko.

Adierazten du, halaber, aipatu foru aginduaren 5. oinarriko a) atalean eskatutako dokumentazio guztia aurkeztu diola Nafarroako Gobernuko peritu-tasatzaileen taldeari. Dokumentazio horren barrenean dira titularraren IFZ eta transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, eredu ofizialaren araberakoa.

Hori dela-eta, dagokion dirulaguntza eskatzen dio Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari.

.....................(e)n, 2005(e)ko ................aren ..............(e)an

Izena

EHIZA-APROBETXAMENDUAREN ESKUBIDEAREN TITULARRA.

Iragarkiaren kodea: F0515132