84. ALDIZKARIA - 2005eko uztailaren 15a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

95/2005 FORU AGINDUA, ekainaren 30ekoa, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariak emana, gizarte zerbitzuen arloko baimen, arau-hauste eta zehapenen araubideari buruzko maiatzaren 23ko 209/1991 Foru Dekretua garatzen duena zerbitzuak honela sailkatuz: Errehabilitazio Psikosozialerako Zentroa (EPSZ) eguneko zentroko programarekin eta Lanerako Prestakuntza eta Orientazioko programarekin; Egoitza-etxea; Etxebizitza Gainbegiratua; eta Esku-hartze Komunitarioko Programa Gogameneko Gaixotasun Larriak dituzten Pertsonentzat.

Azaroaren 13ko 9/1990 Foru Legea garatu zuen maiatzaren 23ko 209/1991 Foru Dekretuaren bidez, gizarte zerbitzuen arloko zentro eta zerbitzuen sailkapena egin zen, eta foru dekretuaren eranskinean jaso. Aipatu foru legean gizarte zerbitzuen arloko baimen, arau-hauste eta zehapenen araubidea finkatu zen.

Gizartearen bilakaera dela-eta, Administrazioak zerbitzu berriak eskaini behar ditu. Horien artean daude, espezifikoki eta "Gune sozio-sanitarioa" deituriko gune berriaren sorrera dela-eta, gogameneko gaixotasun larriko pertsonentzako jarduketak, honakoak hain zuzen: Errehabilitazio Psikosozialerako Zentroa eguneko zentroko programarekin eta Lanerako Prestakuntza eta Orientazioko programarekin; Egoitza-etxea; Etxebizitza Gainbegiratua; eta Esku-hartze Komunitarioko Programa Gogameneko Gaixotasun Larriak dituzten Pertsonentzat.

209/1991 Foru Dekretuaren 4. artikuluak dioenez aipatu foru dekretuaren eranskinean ezarrita ez dauden zentro edo zerbitzuekin, eranskinekoen baliokide gisa hartu ezin direnekin alegia, banakako sailkapen berri bat eginen duela Gizarte Ongizateko kontseilariak foru agindu bidez.

Horrenbestez, aipatu foru dekretuak, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 24ko 46/2005 Foru Dekretuak emandako eskurantzak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Gizarte zerbitzuetako honako zentro hauek sailkatzea gogameneko gaixotasun larriko pertsonentzako zentro berri gisa: Errehabilitazio Psikosozialerako Zentroa eguneko zentroko programarekin eta Lanerako Prestakuntza eta Orientazioko programarekin; Egoitza-Etxea; Etxebizitza Gainbegiratua; eta Esku-hartze Komunitarioko Programa Gogameneko Gaixotasun Larriak dituzten Pertsonentzat. Foru agindu honen eranskinean ageri dira xehetasunak.

2. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea. Argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

3. Foru agindu honen berri ematea Gizarte Ongizatearen Zuzendaritza Nagusiari eta Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2005eko ekainaren 30ean._Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilaria, José Ignacio Palacios Zuasti.

E R A N S K I N A

1. Errehabilitazio Psikosozialerako Zentroa (gogameneko gaixotasun larriko pertsonei laguntzeko) eguneko zentroko programarekin eta Lanerako Prestakuntza eta Orientazioko programarekin.

_Definizioa:

Eguneko laguntza zentroa honelako ezaugarriak dituzten pertsonentzat: gogameneko gaixotasun larria, gabeziak funtzio psikologikoetan, mugak jardueran eta murrizketak gizartean parte hartzerakoan eta lan ohitura eta gaitasunetan.

_Erabiltzaileak:

Gogameneko gaixotasun larria duten pertsonak, 18 urtetik 65era bitartekoak, zailtasunak dituztenak beren funtzionamendu psikosozial autonomoan eta gizarteratzeko prozesuan, eta horretan aurrera egiteko errehabilitazioa eta laguntza berariazkoa behar dituztenak.

_Ematen diren zerbitzuak:

Laguntza eta segimendua gaixoak bere burua zain dezan.

Laguntza eta sostengua eguneroko jardueretan.

Psikomotrizitatea.

Psikohezkuntza: funtzio kognitiboetarako errehabilitazioa, norberaren eta estresaren kontrola, gizarteratzeko laguntza.

Lan bidezko terapia.

Gizartean egiten duen bizimoduaren segimendua.

Familia kontuetarako aholku eta orientazioa.

Lanerako trebetasunak eta lan egokitzapena.

Jantoki zerbitzua ere badago, gaixoak nahi izanez gero.

_Langileak:

Arduraduna, unibertsitateko goi mailako tituluduna.

Zuzeneko laguntza ematen duten langileak hauek dira: psikologoa, gizarte-langilea, lan terapeuta, lan kontuetarako trebatzailea, hezitzaileak, zaintzaileak, administrari laguntzailea eta zerbitzu orokorretako langilea. Lanbide asko hartzen dituen taldea da, beraz.

Zuzeneko laguntza ematen duten langileen proportzioa hauxe izanen da, erabiltzaile bakoitzeko: 0,13.

_Ordutegia:

Zentroa astelehenetik ostiralera bitartean egonen da irekita, lanegunetan betiere. Ordutegia: goizeko bederatzi eta erdietatik arratsaldeko bost eta erdiak arte.

_Berariazko baldintzak:

Gelak egokituak egonen dira gaixoek tratamendu guztiak egin ahal izateko: errehabilitazioa, lan terapia, erlaxazioa eta norberaren eta estresaren kontrola.

2. Egoitza-etxea, gogameneko gaixotasun larria duten pertsonei laguntzeko.

_Definizioa:

Egoitza, gogameneko gaixotasun larria izanik familian laguntzarik ez duten pertsonentzat.

_Erabiltzaileak:

Gogameneko gaixotasun larria duten pertsonak, 18 urtetik 65era bitartekoak, funtzionamendu psikosozialaren arloko problemak direla-eta bereziki premia hau dutenak: bizileku berariazkoa eta gainbegiratua.

_Ematen diren zerbitzuak:

Ostatua eta mantenua.

Eguneroko jardueren segimendua.

Laguntza psikosoziala gizarteratzeko prozesua bultzatzeko.

Aisialdiko jarduerak.

_Langileak:

Arduraduna unibertsitateko titulua duena.

Zuzeneko laguntza ematen duten langileak hauek dira: zuzendari psikologoa, zaintzaileak, administrari laguntzailea eta zerbitzu orokorretako langileak.

Zuzeneko laguntza ematen duten langileen proportzioa hauxe izanen da, erabiltzaile bakoitzeko: 0,40.

Zentroa zein erakunderen mendean dagoen, horrexek hartu ditu bere gain zuzendaritza-lana, kontrola eta segimendua. Bestetik, espezialitate hauetako zerbitzuak izanen ditu, entitateak jarriak, itunduak edo publikoak: Gizarte Lana.

_Berariazko baldintzak:

Gelak pertsona batentzakoak edo birentzakoak izanen dira, gutxienez 8,5 metro koadrokoak edo 12,5 metro koadrokoak, gela batentzakoa izan edo birentzakoa izan.

Higiene zerbitzuak erabiltzaileen ezaugarrietara egokituko dira.

Erabiltzaile bakoitzak gelan, gutxienez, gauza eta zerbitzu hauek izanen ditu: ohea, armairu sarrailaduna, besaulkia eta mahaia, argiaren etengailua, entxufe elektrikoa eta irakurtzeko bidea ematen duen argi sistema.

3. Etxebizitza Gainbegiratua, gogameneko gaixotasun larria duten pertsonei laguntzeko.

_Definizioa:

Gizartearen egoitza baliabidea, zeinean elkarrekin bizi baitira gogameneko gaixotasun larria duten pertsona batzuk familiakoaren moduko harremanekin.

_Erabiltzaileak:

Gogameneko gaixotasun larria duten pertsonak, 18 urtetik 65era bitartekoak, eguneroko jarduerak egiteko behar adinako autonomia izanik ere familiaren laguntzarik ez dutenak sostengu sozialari eta ostatu kontuei dagokienez.

_Ematen diren zerbitzuak:

Ostatua eta mantenua.

Laguntza eta sostengua eguneroko jardueretan.

Gizartean irauteko laguntza.

Errehabilitazio psikosoziala eta gizarteratzeko prozesua.

Aisialdiko jarduerak.

_Langileak:

Arduraduna, unibertsitateko erdi mailako tituluduna.

Zuzeneko laguntza ematen duten langileak hauek dira: erdi mailako zuzendari teknikoa, hezitzaileak eta zaintzaileak.

Zuzeneko laguntza ematen duten langileen proportzioa hauxe izanen da, erabiltzaile bakoitzeko: 0,15.

Zerbitzu teknikoak: espezialitate hauetako zerbitzuak izanen ditu, entitateak jarriak, itunduak edo publikoak: psikologia, gizarte lana eta lan bidezko jarduera.

_Berariazko baldintzak:

Kalkulu kontuetarako, gaixo guztientzako eremuan 3,5 metro koadro egonen dira erabiltzaile bakoitzeko.

Erabiltzaile bakoitzak gelan, gutxienez, gauza eta zerbitzu hauek izanen ditu: ohea, armairu sarrailaduna, besaulkia eta mahaia, argiaren etengailua, entxufe elektrikoa eta irakurtzeko bidea ematen duen argi sistema.

4. Esku-hartze Komunitarioko Programa.

_Definizioa:

Esku-hartze Komunitarioko Programak laguntza eta sostengu soziala eskaintzen dizkie gogameneko gaixotasun larriak dituzten pertsonei gaixoa bere helbidean edo familiarekin egon dadin; laguntza eskaintzen die, bestetik, funtzionamendurako zailtasun bereziak dituzten pertsonei, arriskuak ebitatzeko eta bazterturik edo zentro batera sartzera beharturik egon ez daitezen.

_Erabiltzaileak:

Gogameneko gaixotasun larria duten pertsonak, 18 urtetik 65era bitartekoak, beren inguru sozialean bizitzeko zailtasunak dituztenak.

_Ematen diren zerbitzuak:

a) Eguneroko jarduerak egiteko laguntza.

b) Gizartean egiten duen bizimoduaren segimendua.

c) Gizarteratzeko laguntza.

d) Aholkua eta laguntza familientzat.

_Langileak:

Espezialitate hauetako langileek eginen dute zerbitzua: psikologoa, gizarte-langilea, hezitzaileak eta laguntzaileak.

Iragarkiaren kodea: F0515375