63. ALDIZKARIA - 2005eko maiatzaren 27a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ERRONKARIKO IBAXAREN BATZORDEA

Erronkariko Ibaxaren Batzordearen Euskararen Araudia onetsirik

Erronkariko Ibaxaren Batzordeak, 2003ko otsailaren 14an egindako bilkuran, erabaki zuen Erronkariko Ibaxaren Batzordearen Euskararen Araudia onestea, eta hemen jarraian ematen da haren testua.

Erronkarin, 2005eko apirilaren 26an._Batzordeko burua, Agapito Boj Gárate.

EUSKARAREN ARAUDIA

I. KAPITULUA

Aplikazio esparrua

1. artikulua. Araudi hau aplikatuko da Ibaxaren Batzordean, halakotzat hartuz Batzordea bera eta haren menpeko erakunde autonomoak (Oinarrizko Gizarte Zerbitzua, Animazio Sozio-Kulturaleko Zerbitzua, Euskara Zerbitzua), bai eta geroan sor daitezkeenak ere.

2. artikulua. Batzordearen eskumeneko zerbitzuak izanik, edozein kudeaketa molde dela medio hirugarrenek ematen dituzten haietan, ordenantza honetako III. kapitulua aplikatuko da.

II. KAPITULUA

Herritarren eskubideak

3. artikulua. Herritarrek Ibaxaren Batzordeari gaztelaniaz nahiz euskaraz zuzentzeko eskubidea dute.

Idatziz Batzordeari euskaraz zuzentzen zaizkion herritarrei hizkuntza horretan berean emanen zaie erantzuna.

Ahoz Batzordeari euskaraz zuzentzen zaizkion herritarrei hizkuntza horretan berean emanen zaie erantzuna, horretarako modurik izanez gero. Nolanahi dela ere, beren ikasketetan laguntza emanen zaie euskaldundu nahi duten langileei. Euskara Zerbitzua arduratuko da udal langileentzat eta Batzordearentzat euskalduntze planak egiteaz.

III. KAPITULUA

Kanpoko eta barreneko irudia

4. artikulua. Berretsi egiten da 1999ko martxoaren 3ko erabakia, zeinaren bidez euskararen presentzia orokorra ezartzen baitzen, hala kanpoko nola barreneko irudian.

_Elebitasuna identifikazio elementuetan eta bide seinaleetan.

_Errotulu elebidunak, egoitzen barreneko espazioak izendatzeko.

_Elebitasuna bilkuretarako deialdietan eta zigiluetan.

Era berean, ondotik aipatzen diren elementuak ere, aipatutako erabaki hari baitagozkio, elebitan (gaztelania-euskara) agertuko dira:

_Leku turistikoetako seinaleak, hala horizontalak nola bertikalak; zerbitzuen kontrolekoak, trafikoaren adierazleetakoak; eta eraikin nahiz espazio publikoen errotulazioa. Modu berezian zainduko dira toponimoen erredakzioa eta izen ofizialak, betiere beren euskal jatorria errespetatuz, agiria idazteko erabiltzen den hizkuntza edozein delarik ere.

_Langela eta bulegoen errotulazioa, ibilgailuena, jantziena eta uniformeena.

_Kanpoko irudirako gainerako baliabide edo euskarri guztiak.

_Zigiluak, tanpoiak, logotipoak, idazpuruak eta antzekoak.

5. artikulua. Ahal den guztietan, kontuan hartuz baliabide materialak, pertsonalak eta ekonomikoak, euskara eta gaztelania berdintasunean erabiliko dira, herritar guztiei zuzentzerakoan, honako kasu hauetan:

a) Bandoetan, ediktuetan, jendaurrean jartzen diren informazio kartel eta plaketan, beraien elementu guztietan.

b) Administrazio prozeduretan, Batzordeak herritarren eskura uzten dituen agiri eta ereduetan.

c) Elebitasuna Batzordeak antolatu eta sustatzen dituen ekitaldien informazio eta propagandako liburuxketan (katalogoak, esku-orriak).

d) Publizitatea hedabideetan: prentsan nahiz ikusentzunezkoetan elebitan sartuko dira iragarki guztiak.

e) Argitalpenak: aldizkaria eta Batzordearen nahiz bere menpeko erakundeen gainerako argitalpenak elebitan eginen dira.

f) Ordenagailuetako programak, ahal den neurrian, bi hizkuntzetan erabili ahal izateko moduan prestatuko dira.

IV. KAPITULUA

Batzordeko langileak

_Berretsi egiten da 1999ko martxoaren 3ko erabakia, zeinak ezartzen baitzuen euskaraz jakitea baloratu behar dela, gutxienez ere guztira diren puntuen 100eko 5, jendearekin harremana izateko edo eskola eremuko diren lanpostuen deialdietan.

_Euskara Batzordearen aholkuari jarraikiz, aztertuko da euskarak nahitaezko baldintza izan behar ote duen euskaraz eta gaztelaniaz jakitea beharrezkoa den lanpostuetan.

_Aurreko artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, EGA tituluak edo haren baliokide direnek jakite-maila nahikoa izatea frogatuko dute. Nolanahi dela ere, euskara maila egiaztatu behar bada proba baten bidez, Nafarroako Gobernuko Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikorako Zuzendaritza Nagusiari aholkularitza teknikoa eskatuko zaio.

V. KAPITULUA

Euskararen sustapena

6. artikulua. Ibaxaren Batzordeak, Euskara Batzordearen eta Euskara Zerbitzuaren bidez, jarduketa programak prestatuko ditu urtero, haien xedea izanik euskararekin zerikusia duten gaiei buruzko informazio maila handitzea eta ikasketa nahiz erabilera sustatzea, gizarte arlo desberdinetan.

7. artikulua. Batzordeak esku hartuko du Nafarroako Gobernuaren ekimen eta kanpainetan.

8. artikulua. Batzordeak, orain arte bezala, dirulaguntza emanen du euskara bultzatu eta sustatzeko antolatzen diren ekitaldietarako, ibarreko gainerako gizarte eta kultur taldeekin erabiltzen diren irizpide berberei jarraikiz, eta kontusail bereziak onesten ahalko ditu gizarte interes bereziko jarduketetarako.

9. artikulua. Batzordeak bere gain hartuko du euskara ikasi eta hobetzeko ikastaroetara joaten diren pertsonen matrikula kostuaren parte bat, ezarritako irizpideei jarraikiz.

10. artikulua. Erronkariko Batzordeak Erronkariko uskararen erabilera sustatuko du, ahal den orotan. Era berean, Batzordeak laguntza emanen du Erronkariko uskaran edo hari buruz egin diren eta egiten diren lan guztiak bilduko dituen funts bibliografiko bat sortzeko.

Iragarkiaren kodea: L0511507