63. ALDIZKARIA - 2005eko maiatzaren 27a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru Legeak eta Legegintzako Foru Dekretuak

6/2005 FORU LEGEA, maiatzaren 18koa, familia ugariei buruzko martxoaren 25eko 20/2003 Foru Legea hein batean aldatzen duena.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak honako hau onetsi duela.

FORU LEGEA, FAMILIA UGARIEI BURUZKO MARTXOAREN 25eko 20/2003 FORU LEGEA HEIN BATEAN ALDATZEN DUENA.

ZIOEN AZALPENA

Familia ugariei buruzko martxoaren 25eko 20/2003 Foru Legearen bidez Nafarroako Foru Komunitateko familia ugariendako sostengua arautu zen. Lege horretan familia mota hori definitu zen, haren kideen betebeharrak ezarri eta familien kategoriak sailkatu ziren. Gainera, familia horiendako onura batzuk sortu ziren.

Gero, Estatuak Familia ugariak babesteko azaroaren 18ko 40/2003 Legea onetsi zuen, ekainaren 19ko 25/1971 Legea, ordu arte indarrean zegoena, ordeztu zuena. Lege horretan arau berriak daude familia ugarien kontzeptuari, baldintzei eta kategoriei buruz, baita zehapen araubideari buruz ere. Arau horiek oinarrizkotzat jo ditu Estatuak Konstituzioko 149. artikuluko 1. idatz-zatiko 1., 7. eta 17. zenbakien arabera.

Horregatik, beharrezkoa da gure legea Estatuko legeko arau berrietara egokitzea, kontu zehatz horiei dagokienez.

Beste alde batetik, 40/2003 lege berriak familia ugarien titulua emateko eta berritzeko kontuak arautzen ditu. Autonomia erkidego guztiei dagokie titulu hori eman eta berritzea eta, beraz, baita Nafarroako Foru Komuniteari ere. Hala ere, lege horren arabera familia ugarien tituluak Estatu osoan balio duenez, hura aitortu, berritu, aldatu edo galtzeko prozedurak bakarra izan behar du. Horregatik kontu horiek ere oinarrizkotzat jotzen ditu arauak, eskumen araubidea bera dela kontuan harturik.

Familia ugariei buruz indarra duen foru legean ez dira kontu horiek aipatzen. Arauaren aldaketan haiek biltzea komeni da, behar diren berezitasunak zehaztearren.

Beraz, beharrezkoa da Familia ugariei buruzko Foru Legea Estatuko legeak indarra hartzean sortu den egoera berrira egokitzea.

Artikulu bakarra._Familia ugariei buruzko martxoaren 20ko 20/2003 Foru Legearen aldaketa.

20/2003 Foru Legeko 3., 4., 5. eta 13. artikuluak aldatzen dira, honelaxe utziko direnak:

"3. artikulua. Familia ugarien kontzeptua, baldintzak eta kategoriak.

Familia ugarien kontzeptua, haien kideek halakotzat joak izateko eskubidea aitortzeko eta hari eusteko bete behar dituzten baldintzak eta haiek sailkatzeko kategoriak Estatuko oinarrizko legeetan ezarri direnak dira."

"4. artikulua. Familia ugarien izaera aitortu, aldatu eta galtzea.

1. Familia ugarien izaera horretarako emanen den titulu ofizial baten bidez frogatuko da. Titulu hori legezko betebeharrak betetzen direnean banatuko da, familia ugariaren aurrekoek, tutoreak, hartzaileak, zaindariak edo familia unitateko legezko gaitasuna duen beste kide batek eskaturik.

2. Familia ugarien titulua aldatu edo indargabetu beharko da familia unitateko kideen zenbatekoa edo titulua emateko baldintzak aldatzen direnean, kategoria hori galduz gero edo familia ugarien izaera galduz gero.

3. Familia ugarien izaera aitortu eta aldatzea, hura ziurtatzeko titulua ematea eta izaera galdu dela adieraztea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoen artetik arau bidez zehazten denari dagokio, kasu hauetan:

a) Eskatzailea Nafarroako Foru Komunitatean bizi denean.

b) Eskatzailea, familia unitatearen aurrekoetariko bat izan beharko duena, Nafarroako Foru Komunitatean bere kasa edo beste inoren kasa lanean ari denean, familia unitateko kideak Europako Batasuneko edo Europako Ekonomia Gunea osatzen duten beste estatuetako herritarrak direnean, Espainian bizi ez badira.

4. Aitortuak izateko eskabidea aurkeztu edo titulu ofiziala aldatzen denetik aurrera izanen dituzte ondorioak kasuan-kasuan familia ugariei dagozkien onurek.

5. Familia ugarien izaera aitortzen duen tituluak ondorioak sortuko ditu hura emateko baldintzak aldatzen ez direino."

"5. artikulua. Familia ugarien titularren betebeharrak.

1. Familia ugarien titulua aitorturik daukaten familia unitateak osatzen dituzten pertsonak beharturik daude, gehienez ere hiru hilabeteko epean, familian gertatzen den edozein aldaketa organo eskudunari jakinaraztera, aldaketa hori kontuan hartzekoa bada titulu horretarako eskubidea aldatu edo iraungitzeko.

2. Halaber, beharturik daude urtean urteko lehen hiru hilabeteetan familia unitateak aurreko urtean izaniko dirusarrerak adieraziko dituen aitorpena aurkeztera, Administrazioaren esku daudenean izan ezik, baldin eta dirusarrerak kontuan hartu badira familia ugaritzat jotzeko, kategoria berezian sailkatzeko sartzeko edo menpekotasun ekonomikoaren betebeharra frogatzeko".

"13. artikulua. Zehapen araubidea.

1. Foru lege honetan xedaturikoaren arau-hauste arinak hurrengo idatz-zatian aipatzen diren portaera eta gertaerak dira, iruzurra, errua edo zabarkeria hutsa dagoenean.

Horretarako, familia unitateko edozein kide izanen da erruduna, arau-haustetzat jotzen den portaeraren bat egiten badu.

2. Arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.

a) Honakoak dira arau-hauste arinak:

a.1) Organo eskudunari gehienez ere hiru hilabeteko epean familian gertatzen den edozein aldaketa ez jakinaraztea, titulurako eskubidea aldatu edo iraungitzeko kontuan hartzekoa bada.

a.2) Foru lege honetako 5. artikuluko 2. idatz-zatian xedatu bezala, familia unitateak aurreko urtean izaniko dirusarreren aitorpena urtean urteko lehen hiru hilabeteetan organo eskudunari ez aurkeztea.

b) Arau-hauste larriak:

b.1) Hiru arau-hauste arin egitea zehapen irmoa gertatu denean.

b.2) Familia ugarien izaera lortu edo mantentzeko legeak eskatzen diren betebehar edo baldintzetan datuak ezkutatu edo gezurrak egitea.

b.3) Familia ugarien titulu ofiziala faltsifikatzea.

b.4) Tituluak honek babesturik ez dauden beste pertsona batzuei uztea.

b.5) Familia ugarien titulu ofiziala eduki edo behar bezala ez erabiltzea edo gehiegikeriaz erabiltzea edo bestela kasuan-kasuan bidezko dena baino kategoria goragokoa duen titulua.

c) Bi arau-hauste larri edo gehiago egitea, zehapen irmoa gertatuz gero, oso arau-hauste larria izanen da.

3. Izan litezkeen bestelako erantzukizunak deusetan galarazi gabe, hona hemen aurreko idatz-zatian aipatzen diren arau-hausteak egiten dituzten pertsonei ezartzen ahalko zaizkien zehapenak:

a) Arau-hauste arinengatik:

a.1) Banakako gaztigua, idatziz.

a.2) Familia ugarien tituluaren onuradunei dagokien edozein eskubide gehienez ere hilabetez bertan behera uztea.

b) Arau-hauste larriengatik.

b.1) Familia ugarien tituluaren onuradunei dagokien edozein eskubide hilabete batetik sei hilabetera bitarte bertan behera uztea.

b.2) Familia ugarien tituluaren onuradunei dagokien edozein eskubide sei hilabetetik bi urtera bitarte bertan behera uztea.

c) Arau-hauste oso larriengatik.

c.1) Familia ugarien tituluaren onuradunei dagokien edozein eskubide sei hilabetetik bi urte bitarte bertan behera uztea.

c.2) Onuradun izaera galtzea".

4. Ezarri beharreko zehapenak mailakatzeko, familia ugarien titulua erabiltzean lorturiko onuraren izaera eta zenbatekoa hartuko da kontuan."

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Datu pertsonalen lagapena

Ulertuko da familia ugarien izaera eskatzeak berekin dakarrela organo kudeatzaileak familia unitatearen dirusarrerak egiaztatzeko behar dituen datu pertsonalak lagatzeko onarpena ematea.

LEHENBIZIKO XEDAPEN IRAGANKORRA

Familia ugarien sailkapena

Foru Lege honek indarra hartzen duenez geroztik, titulua martxoaren 25eko 20/2003 Foru Legearen arabera aitorturik daukaten familia ugariak kategoria hauetan sailkatuko dira:

a) Bost seme-alaba baino gutxiago dituzten familiak kategoria orokorrean sartuko dira.

b) Bost seme-alaba edo gehiago dituzten familiak eta Familia ugariak babesteko azaroaren 18ko 40/2003 Legeko 4. artikuluko 1. idatz-zatiko a) letran eta 2. idatz-zatian aipatzen diren kasuetan lau seme-alaba dituztenak kategoria berezian sartuko dira.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA

Martxoaren 25eko 20/2003 Foru Legean aipatzen diren onurei eustea

Martxoaren 25eko 20/2003 Foru Legean xedaturikoarekin bat hirugarren kategoria lortu duten familiek kategoria bereziarendako aurreikusiriko onuretarako eskubideari eutsiko diote, lege honek familia ugaritzat joa izateko eskatzen dituenak baino seme-alaba gutxiago izanagatik ere.

HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA

Tituluak egokitzea

Arau honek indarra hartu eta sei hilabeteko epean, Nafarroako Gobernuak oraingo tituluak arau berrietara egokituko ditu.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Indarra hartzea

Foru lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Iruñean, 2005eko maiatzaren 18an._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

Iragarkiaren kodea: F0512893