60. ALDIZKARIA - 2005eko maiatzaren 20a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

SARTAGUDA

Irekitzeko lizentzien tasak arautzen dituen ordenantza fiskala Behin betiko onespena

Irekitzeko lizentzien tasak arautzen dituen ordenantza onetsi zen, hasiera batean, 2004ko azaroaren 25ean egin osoko bilkuran, eta behar den iragarkia Herriko Etxeko iragarki oholean paratu zen, 2005eko 11. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, urtarrilaren 26an. Legezko epearen barnean inork ez du erreklamaziorik aurkeztu onespen horren kontra; beraz, hasiera batean onesteko erabakia behin betikoa bilakatu da. Ordenantzaren testu osoa ondotik argitaratzen da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

IREKITZEKO LIZENTZIEN TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA FISKALA

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen Lehenengo Tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatutakoaren arabera eta lege bereko 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraituz.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Industri edo merkataritza establezimenduek, lasaitasun, osasun eta osasungarritasun baldintzak, hala nola haien funtzionamendu normala erregulatzeko indarra duten bestelako arauetan ezarritako gainerakoak betetzen dituzten ala ez egiaztatzeko, irekitzeko lizentzia eman aurretik Udalak egiten dituen jarduera tekniko eta administratiboen ondorioa da zergapeko egintza.

3. artikulua. Aurreko artikuluan aurreikusitako ondorioak bete daitezen, irekitzea gertatuko da ondoko kasu hauetan:

a) Jarduerak hasteko establezimendua lehen aldiz paratzean.

b) Establezimenduko jarduera aldatu edo handitzean, titularra aldatzen ez bada ere.

c) Establezimendua handitzean eta bertan ordenantza honen 2. artikuluan ezarritako baldintzetan eragina duen beste edozein aldaketa egitean. Horren ondorioz baldintzak berriz egiaztatu beharko dira.

4. artikulua. Industri edo merkataritzako establezimendutzat hartuko dira bakarrik etxebizitza ez izateaz gain ondoko baldintza hauek betetzen dituzten eraikin edo instalazio guztiak, jendearentzako irekiak izan edo ez:

a) Enpresa, fabrikazio, artisautza, eraikuntza, merkataritza edo zerbitzuetako jarduera bati lotua egotea.

b) Aipatu jarduera horiek egin gabe, haien lagungarriak edo osagarriak izatea, edo haietatik etekinak edo aprobetxamenduak ateratzea.

Salbuespenak

5. artikulua. Ordenantza honetan araututako tasaren ordainarazpenean ez da inolako salbuespen edo hobaririk emanen.

Subjektu pasiboa

6. artikulua. Tasa hauetako subjektu pasiboak dira, pertsona fisiko edo juridikoak eta beste entitate batzuk, nortasun juridikorik ez izanik ere, unitate ekonomiko edo ondare bereizi bat eratzen badute eta ordenantza honetako 4. artikuluan aipatzen diren establezimenduetako bat ustiatzen badute zuzenean.

7. artikulua. Zergadunen ordezkoak izanen dira establezimendu edo lokal horien jabeak, eta haiek, horrela behar bada, egiten den edo egiteko asmo den jardueraren titularrei pasatu ahalko dizkiete kuotak.

Zerga oinarria

8. artikulua. Tasaren zerga oinarria da Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan dagokion urteko kuota.

Tributu-kuota

9. artikulua. Tributu-kuota kalkulatzeko, zerga oinarriari dagokion tarifa aplikatuko zaio, hurrengo artikuluan xedatutakoari jarraituz.

10. artikulua. Tributu-kuota zehazteko, ordenantza honen eranskineko tarifak aplikatuko dira.

Sortzapena

11. artikulua. Tasa eta ordaintzeko obligazioa sortuko dira zergapeko egintza osatzen duen udal jarduera egiten denean.

12. artikulua. Establezimendua lizentzia eskuratu gabe irekitzen baldin bada, tasa sortuko da establezimenduak behar diren baldintzak betetzen dituen egiaztatzeko udal jarduera egiten denean. Hori guztia, establezimendua irekitzeko baimena eman edo, irekiera baimendu ezina balitz, hura ixteko dekretatzeko ireki litekeen administrazio espedientea ezertan ukatu gabe.

Kudeaketa arauak

13. artikulua. Lizentzia erdiesteko interesa duenak behar den eskabidea aurkeztuko du Udaletxean, egin beharreko jarduera(k) eta dagokion lizentzia fiskalaren epigrafea zehazten dituela; eskabidearekin batera, lokalaren alokairuaren kontratua edo erosketaren titulua, hala nola Zergen Kudeaketak likidazioa egiteko behar duen informazio guztia aurkeztuko du.

14. artikulua. 1. Udalak lizentzia eman ala ez erabaki arte, interesatuek zilegi izanen dute espresuki atzera egitea eta kasu horretan, tasa izanen da lizentzia eman balitz ordaindu beharko zatekeenaren % 20koa. Lizentzia ematen ez bada, tasa zenbateko berera murriztuko da.

2. Lizentzia iraungitzat hartuko da, hura eman ondoren sei hilabete pasatzen baldin badira lokalak ireki gabe, edo ireki ondoren, berriz ixten badira sei hilabete baino denbora luzeagoan.

Arau-hausteak eta zehapenak

15. artikulua. Iruzurtzat hartuko dira arau-hauste berezi hauek:

a) Lokalak irekitzea behar den lizentzia erdietsi gabe.

b) Zerga oinarria zehazteko behar diren datuak gezurrezkoak izatea.

Gainerako arau-hausteei dagokienean, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta bat datozen gainerako arauetan xedatutakoari jarraituko zaio.

16. artikulua. Arau-hausteen gaineko zehapenei dagokienez, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeari jarraikiko zaio bai eta horrekin bat datozen gainerako arau orori ere.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa._Aurreikusten ez diren aferetan ondoko arauei jarraikiko zaie: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea eta haiekin bat datozen arauak.

Bigarrena._Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko, testua osorik Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denean.

TARIFEN ERANSKINA, IREKITZEKO LIZENTZIEN TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA FISKALEKOAK

_Saltokiak, 80 m²-koak baino txikiagoak: 150 euro.

_Saltokiak, 80 m²-koak edo handiagoak: 200 euro.

_Gestoriak eta bulegoak: 200 euro.

_Ostatuak, kafetegiak, jatetxeak eta josteta aretoak: 300 euro.

_Industri nabeak eta biltegiak, 200 m² bitartekoak: 300 euro.

_Industri nabeak eta biltegiak, 201m²-tik 400 m²-ra bitartekoak: 600 euro.

_Industri nabeak eta biltegiak, 400 m²-koak baino handiagoak: 1.000 euro.

_Merkataritzako eraikin eta saltoki osagarriak: 200 euro.

_Tailerra: 200 euro.

Sartagudan, 2005eko martxoaren 3an._Alkatea, Iñigo Pascual Ramos.

Iragarkiaren kodea: L0510746