6. ALDIZKARIA - 2005eko urtarrilaren 14a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Eskaintza Publikoa, oposizioak eta lehiaketak

1824/2004 EBAZPENA, abenduaren 1ekoa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua erakunde autonomoan Anestesiologia eta Erreanimazioko sendagile espezialista izateko 6 lanpostu huts merezimenduzko lekualdatze lehiaketaren bidez betetzeko deialdia onesten duena.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan Anestesiologia eta Erreanimazioko sendagile espezialista izateko 6 lanpostu huts merezimenduzko lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdia onetsi da. Hona hemen oinarriak:

1._Arau orokorrak.

Deialdi honetako oinarriak eta ereduak web orri honetan kontsultatu eta eskuratzen ahal dira: www.navarra.es

Deialdi hau arautuko duten xedapenak honakoak dira: azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretua, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako sarrera eta bertako lanpostuen hornidura arautzen dituena; urriaren 3ko 463/2001 Foru Agindua, Osasun kontseilariak emana, osasun arloko langileentzako A mailako (A.1 eta A.2 estamentuak) zenbait lanpostutarako sarrera eta hornidura prozedurak arautzen dituena eta horietan erabili behar diren baremoak ezartzen dituena, eta gainerako arau osagarriak.

1.1. Deialdi honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Anestesiologia eta Erreanimazioko sendagile espezialista izateko 6 lanpostu huts merezimenduzko lekualdatze lehiaketa bidez betetzea. Hona hemen lanpostu horien destinoak:

_Bi lanpostu huts Nafarroako Ospitalean (plantillako zenbakiak: 63552 eta 68669).

_Hiru lanpostu huts Bideko Ama Birjina Ospitalean (plantillako zenbakiak: 68466, 68670 eta 68671).

_Lanpostu huts bat Lizarrako Osasun Barrutian (plantillako zenbakia: 68672).

1.2. Merezimenduzko lekualdatze lehiaketaren deialdi honetan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen lekualdatze lehiaketa eta Espainiako lekualdatze lehiaketa sartzen dira. Espainiakoa lehenbizikoa bukatutakoan eginen da.

Espainiako lekualdatze lehiaketan, Nafarroako Foru Komunitateko eremuan egindako merezimendu lehiaketaren ondorioz sortu eta LEPen sartutako lanpostu hutsetatik % 10, zenbaki osoetan, eskainiko da. Bestalde, Foru Administrazioko eremuan egindako merezimendu lehiaketan sortutako lanpostu kopurua hamar baino txikiagoa bada, horri dagokion zatikia kontuan hartuko da geroko deialdietarako, eta bakarrik eskainiko dira eremu nazionaleko lekualdatze lehiaketan, dagokion protzentajean, lanpostu huts horien metatzea hamar baino handiagoa denean.

1.3. Deialdi honetako lanpostuei gehitzen ahal zaizkie epaimahaiak lehiatzaileen zerrenda, lorturiko puntuen hurrenkeraren arabera egina, deialdia egin duen organoari igortzen dion egunean hutsik dauden lanpostuak.

1.4. Lehiaketa honen barrenean lanpostu hauek sartuko dira: hasieran deialdian deitutako lanpostuak eta lehiaketan lanpostu berria eskuratzen dutenek hutsik uzten dituztenak, betiere Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren beste departamentu batzuetako edo haren erakunde autonomoetako plantillako langileak badira. Kasua bada, aurreko idatz-zatian aipatzen diren lanpostuak ere betetzen ahalko dira, baina kasu horretan ezin izanen dituzte eskuratu Osasunaren Sistema Nazionalaren barreneko gainerako langile finkoek, non eta LEPen sartutako lanpostu hutsak ez diren.

Izangaiek lehiaketan beste lanpostu bat lortu ondoren uzten dituzten lanpostu hutsak ez dira eskainiko, bete beharrekoak ez direnean, dela "iraungitzeko" lanpostuak direlako, dela titularrek nahiz ordezkoek betetzen ez dituztelako.

1.5. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen lekualdatze lehiaketa honetan parte hartzen duten langileei ez zaie inolaz ere aldatuko lehiaketan parte hartu aurretik zuten araubide juridikoa.

Osasun Sistema Nazionaletik lekualdatze lehiaketa bidez Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartzen diren langileek funtzionario izaera hartzen ahalko dute eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileriaren Estatutuaren babespean jarri. Aukera hori egiteko, hilabeteko epea izanen dute lanpostuaren jabetza hartzen duten egunetik aurrera, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileriaren Estatutuan sartzeko prozedura arautzen duen irailaren 16ko 324/1996 Foru Dekretuan ezarri bezala. Prozedura hori Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileriarentzako neurriei buruzko 11/96 lehenengo xedapen gehigarrian araututa dago.

Nolanahi ere, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langileentzat indarra duten xedapenak aplikatuko zaizkie.

1.6. Deialdi honetan lanpostua eskuratzen duten langile funtzionario, estatutupeko edo lan-kontratudun finkoek indarra duten xedapenen araberako lansariak jasoko dituzte.

1.7. Izendatutako izangaiek destinoko herrian izan beharko dute egoitza eta horretarako destinoa duten udal mugapean bizi beharko dute. Administrazioko organo eskudunek destinoa aldatu ahalko dute.

1.8. Lanaldia goizez edo arratsaldez izanen da, lanpostua betetzen denean zerbitzuak dituen beharren arabera, eta administrazioko organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute.

1.9. Barrutiko sendagile espezialistaren lanpostua lortzen duena destinoko ospitaleari lotua geldituko da organikoki. Eginkizunei dagokienez, ospitale hori dagoen Osasun Barrutiari lotua geldituko da edo Laguntza Espezializatuko Osasun Etxeei, eta atxikipen funtzional horren ondoriozko lanak eginen ditu, betiere Zentroko edo Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Zuzendaritzak ematen dituen arau eta jarraibideen arabera.

Izendatutako izangaiek erabateko dedikazioz lan eginen dute, hau da, gertutasun osoz, erabateko dedikazioz eta irabazizko beste inongo jardueratan aritu gabe ez arlo publikoan ez pribatuan, urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen 10.3. artikuluan adierazitako kasuetan izan ezik.

Horrez gain, guardiak eginen dituzte, lanpostuan bertan daudela edo/eta lanpostura deitua izateko hurbil daudela, zentroko zuzendaritzak edo, hark eskuordeturik, kasuan kasuko burutzak hala agintzen duenean.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legeak ezartzen duenez, osasun arloko profesionalek parte hartuko dute osasun arloko profesionalen graduatu aurreko, graduatu ondoko eta etengabeko irakaskuntzan, eta, era berean, biztanleen osasuna hobetzea helburu duten heziketa ekintzetan lagunduko dute.

2._Betebeharrak.

2.1. Merezimendu lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

2.1.1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen plantillako langileentzat, araubide juridikoa edota egoera administratiboa edozein dutela ere

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen langile funtzionario, estatutupeko edo lan-kontratudun finkoa izatea, A maila edo taldekoa.

b) Medikuntza eta Kirurgiako lizentziaturaren titulua eta Anestesiologia eta Erreanimazioko espezialitateko titulua izatea.

c) Izendatua izatea lanpostu baterako, zeinean sartzeko I. eranskinean aipatzen den espezialitateko tituluaren jabe izatea eskatu baitzitzaion.

2.1.2. Osasun Sistema Nazionaleko gainerako langileentzat:

a) Osasun Sistema Nazionaleko plantillako langile finkoa izatea (Insalud-Zuzeneko Kudeaketa eta Lurraldeetako osasun zerbitzuak).

b) Medikuntza eta Kirurgiako lizentziaturaren titulua eta Anestesiologia eta Erreanimazioko espezialitateko titulua izatea.

c) Izendatua izatea lanpostu baterako, zeinean sartzeko I. eranskinean aipatzen den espezialitateko tituluaren jabe izatea eskatu baitzitzaion.

d) Deitutako lanpostuak bezalako batean jardunean egotea, edo Osasun Sistema Nazionalean lanpostua erreserbatzeko eskubidea izatea.

Jardunean ez beste egoera batean badago, jatorrizko administrazioak ziurtatu beharko du deialdi honetako eskaerak aurkezteko epea bukatzen den azken egunean jardunean hasteko legezko eta erregelamenduzko baldintzak betetzen dituela.

e) Abiapuntuko destinoan urte bat aritu izatea lanpostuaren jabe izanda, deialdi honetako eskaerak aurkezteko ezarritako epea bukatu baino lehen.

2.2. Izangaiek betebehar guztiak agirien bidez egiaztatu beharko dituzte eskabidea aurkezten den unean, eta horien jabe izan beharko dute prozedura osoan lanpostua esleitzen den arte.

2.3. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen plantillako langileak, lanpostu-erreserbarik gabeko eszedentzia egoeran badaude, zerbitzu aktibora itzul daitezke lekualdatze lehiaketa honetan parte hartuz.

Halaber, beren estamentu eta espezialitateko lanpostu huts bati atxikiak behin-behinekoz itzuli direnek nahitaez aurkeztu beharko dute lekualdatze lehiaketa honetara, behin betiko esleipenaren ondorioetarako, eta ezin izanen diote destino horri uko egin.

3._Eskabidea aurkezteko epea eta tokia.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Erregistroan, Iruñeko Irunlarrea kaleko 39an (P.K. 31008) aurkeztu beharko dira, edo ekainaren 24ko 137/2002 Foru Dekretuan aipaturiko Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorreko edozein bulegotan (abuztuaren 7ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, 95. zenbakia) edo APAJari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluko 4. idatz-zatian aipatzen diren erregistro edo bulegoetan.

Eskabidea aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskabideak deialdi honetako ereduari lotuko zaizkio (I. eranskina). Eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Deialdiaren 2.1.1. eta 2.1.2. puntuetan eskatzen diren betebeharren egiaztagiriak, jatorrizko agiriak izan edo notario batek edo Administrazioak konpultsatutako kopiak izan.

b) Izangaiek azaltzen dituzten merezimenduen frogagiriak (jatorrizkoak edo notarioak zein Administrazioak konpultsatutako kopiak), deialdi honetan ezarritako baremoaren arabera.

Merezimenduak baremoen atalen arabera ordenaturik aurkeztu beharko dira.

3.2. Eskabideak aurkezteko epea ezin da luzatu.

4._Izangai onartu eta baztertuen zerrenda.

Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Giza Baliabideen zuzendariak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko, ohartaraziz, hurrengo bost egun naturaleko epean baztertuek erreklamazioak egin ditzaketela eta, akatsik baldin badago, haiek zuzendu. Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, organo eskudunak lehiaketa hutsik gelditu dela adierazteko ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu beharko da.

Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta horien gainean ebazpena emanda dagoela, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Giza Baliabideen zuzendariak onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko.

Izangai bat ere baztertu ez bada, behin betiko zerrenda zuzenean onetsiko da eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko.

5._Epaimahaia.

5.1. Kide hauek osatuko dute lehiaketa honetako epaimahaia:

Mahaiburua: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari bat edo zuzendariorde bat, kasuko medikuntza arloarekin zerikusia duena.

Ordezkoa: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari bat edo zuzendariorde bat, kasuko medikuntza arloarekin zerikusia duena.

Mahaikidea: langileen ordezkariek izendatu beharrekoa.

Ordezkoa: langileen ordezkariek izendatu beharrekoa.

Mahaikide-idazkaria: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari bat, zuzendariorde bat edo langileen zerbitzuburu bat.

Ordezkoa: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari bat, zuzendariorde bat edo langileen zerbitzuburu bat.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, gutxienez ere kideen gehiengo osoa bertan ez bada.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdi honetako oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sor daitezkeen gorabeherak oro.

5.4. Epaimahaiak aholkulari adituak ekartzen ahalko ditu proba guztietarako nahiz batzuetarako. Aipatu aholkulariak beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan oinarriturik bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

5.5. Epaimahaia nork osatzen duen izangai onartu eta baztertuen zerrendarekin batera emanen da aditzera.

5.6. Onartu eta baztertutakoen behin betiko zerrendan izangai bakarra aurkeztu bada, deialdia egin duen organoak deialdi honetako 8. oinarria aplikatuko du. Beraz, epaimahaiak ez du ez eratu, ezta jardun beharrik ere izanen.

6._Merezimenduen kalifikazioa.

6.1. Epaimahaiak izangaiek aurkeztutako merezimenduak II. eranskineko baremoaren arabera baloratuko ditu. Merezimenduen balorazioa egiteko kontuan hartuko dira bakar-bakarrik iragarki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den eguna artekoak, eta ez dira hartuko geroago lortutakoak.

6.2. Izangaiek merezimendu guztiak agirien bitartez alegatu eta egiaztatu beharko dituzte, lekualdatze lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea aurkeztearekin batera.

6.3. Merezimenduen baremoaren 1. atalean azaldutako balorazioan kontuan hartuko da deialdiko lanpostua "Sendagile espezialistak" estamentuan eta "Anestesiologia eta Erreanimazioa" espezialitatean sailkaturik dagoela, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko estamentu eta espezialitateetarako izendapenen indarreko sailkapenean (urriaren 20ko 11/1992 Foru Legeak, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen araubide zehatza arautzen duenak, eranskinean agertzen duen estamentu eta espezialitateetako izendapenen sailkapen indarduna). Balorazioa egitean, betetako lanpostua aipatu eranskinean dauden izenekin bat ez baldin badator, deialdian eskatutako titulazioaren, lanpostua eskuratzeko egindako azterketaren eta eginkizunen aldetik pareko direnei tratamendu bera emanen zaie.

Egindako zerbitzuak frogatzeko, zentroko zuzendariak edo langileen arduradunak emandako ziurtagiriak aurkeztu behar dira, eta bertan nahitaez datu hauek jarri behar dira:

_Lantokia

_Estamentua eta/edo espezialitatea

_Zerbitzuen iraupena, behar bezala adierazita hasiera eta bukaera egunak eta guztira zenbat egun diren.

_Zerbitzuak lanaldi partzialean eman baldin badira, honako hau erantsi:

a) egunean, astean, hilabetean edo urtean egindako orduen kopurua eta emandako zerbitzuei dagokien urteko lanaldia,

b) edo, bestela, ohiko lanaldiaren aldean zein portzentaje osatzen duten.

6.4. Epaimahaiak ez du inolaz ere kontuan hartuko alegatu ez den eta agiri bidez egiaztatu ez den merezimendurik, eta ez du emanen merezimenduen atal bakoitzarendako adierazitako puntuazioa baino altuagorik.

6.5. Izangaiek aurkeztutako agiriak berreskuratzen ahalko dituzte, espres eskatuz gero, izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta bi hilabete igaro ondoko hiru hilabeteko epean, salbu eta izangairen batek erreklamazioa jartzen badu, hala izanez gero agiriak luzaroago gordetzen ahal baitira egiaztapenak eta frogak egiteko. Arestian aipatutako epean izangaiak agiriak berreskuratzen ez baditu, berreskuratzeari uko egin diola ulertuko da eta haien gaineko eskubidea galduko du.

7._Lehiatzaileen zerrenda, erdietsitako puntuazioaren araberakoa.

Epaimahaiak lehiatzaile guztien kalifikazioa eginen du eta izangaien zerrenda argitaratuko du, erdietsitako puntuazio osoarekin, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko iragarki oholean (Irunlarrea, 39). Bi zerrenda argitaratuko dira; merezimenduen lehiaketa honetan ezarri den eremu bakoitzerako bat (lurraldekoa eta nazionala).

Lehiaketa bukaturik, epaimahaiak lehiakideen zerrenda horiek igorriko dizkio Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari eta hark deialdiaren hasieran zen lanpostu kopurua handitzeko ebazpena eman lezake, hori egitea egokia baldin balitz.

Puntuazioetan berdinketarik badago, Administrazio Publikoetan antzinatasun handiena duen izangaiak izanen du lehentasuna. Hala ere berdinketak irauten badu, izangai zaharrena lehenetsiko da.

8._Lanpostu hutsak hautatzea.

Lehiatzaileek lehiaketan izandako puntuazioaren arabera aukeratzen ahalko dituzte zentroa eta unitate organikoa. Horretarako, adieraziko zaien toki, egun eta orduan agertu beharko dute, nortasun agiri nazionala aldean dutela.

Ekitaldi horretan, lehenbizi Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren barreneko lekualdatze lehiaketan parte hartzen dutenek aukeratuko dute, eta lehiaketa hori bukatutakoan, lehiaketa nazionalean parte hartzen dutenek.

Lehiaketa nazionalean parte hartzen dutenek honako agiri hauek eraman beharko dituzte lanpostuak aukeratzeko ekitaldira:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren nazionalitatea eta identitatea frogatzen dituen bertze agiri baliokideren batena.

b) Jatorrizko administrazioak egindako ziurtagiria, dagokion administrazio egoera adierazteko.

c) Eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik berezia ez izanaren zinpeko aitorpena.

d) Zin egite edo promesa, Nafarroako Foru Eraentza begiratu, Konstituzioari eta legeei men egin eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela dioena.

Aski justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, aipatu epean hautua egiten ez duten lehiatzaileek lehiaketan erdietsitako lanpostuan aritzeko eskubide guztiak galduko dituzte.

9._Lanpostuen esleipena eta jabetza hartzea.

Organo eskudunak, behar den Ebazpenaren bitartez, lehiaketan eskuratu dituzten lanpostuak esleituko dizkie lehiatzaileei bai eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman dadin aginduko ere.

Lehiatzaileek, lanpostuak esleitzen dituen Ebazpenaren jakinarazpena jaso nahiz argitaratu eta hurrengo hamar egun naturaletan, euren lanpostuaz jabetu beharko dute, deialdi honen xedeko kategorian. Hala ere, izendatutako lehiatzaileak asko badira, edo administrazioaren eragingarritasun arrazoirik badago tartean, deialdia egin duen organoak lanpostuaz jabetzeko egun bat jar dezake.

Esleipenaren gainean eragina izan dezakeen errekurtsoren bat aurkezten bada, eta horren ondorioz deialdia edo merezimendu lehiaketaren garapena edo ebazpena inpugnatzen bada, jabetza hartzea ez da irmo bilakatuko, eta errekurtso horiek administrazio bidean edo administrazioarekiko auzien jurisdikzioan izaten duten ebazpenaren baldintzapean geldituko dira.

10._Errekurtsoak.

Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuan ezarritakoarekin bat, ebazpen honen kontra, berau garatzeko ematen diren behin betiko ebazpenen kontra eta gaiaren muinean zuzenean edo zeharka eragiten duten prozedurak aurrera egitea galarazten duten edo defentsarik eza edo legezko eskubide eta interesentzako kalte konponezina eragiten duten izapidaketen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitara eman edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2004ko abenduaren 1ean._Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, José Carlos Garde Celigueta.

I. ERANSKINA

ESKABIDEA

Eskabidea, "Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua" erakunde autonomoko ................. izateko ....... lanpostu lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdian parte hartzeko. Deialdia .........(e)ko ...... Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen.

1) Norberaren datuak:

Deiturak eta izena NAN

Jaioteguna Jaioterria

Etxeko telefonoa Harremanetarako telefonoa

Helbidea Posta kodea

Herria Probintzia

2) Datu administratiboak:

a) Egoera administratiboa:

Zein lanpostutarako izendatu zuten:

(estamentua eta espezialitatea)

f Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta bere erakunde autonomoetako plantillako langile finkoak.

f Osasun Sistema Nazionaleko plantillako langile finkoak.

Egoera: f Jardunean.

f Zerbitzu bereziak.

f Beste bat (adierazi):

b) Egungo destinoa:

Noiz sartua: Departamentua: Zerbitzua:

Lantokia: Erakunde autonomoa:

A B C D E

(Jarri X bat bakoitzari dagokionean)

3) Euskara:

f Jatorrizko agiriarekin edo notario zein administrazio bidez konpultsatutako kopiarekin egiaztatzen du euskaraz badakiela.

f Onartzen du euskara probetara aurkeztea.

4) Sinatzen duenak adierazten du eskatutako baldintza guztiak betetzen dituela eskabideak aurkezteko epea akitzean, eta eskatzen diren baldintzen egiaztagiriak aurkezten dituela, eskabide honekin batera.

5) Eskabide honi erantsi zaizkion orrien kopurua; orriak, deialdian eskatzen diren agiriei dagozkienak, (ipini zenbakiak erantsi diren agiriei) ........... [ ].

Iruñean, ......(e)ko .............aren .......(e)an.

(Sinadura)

II. ERANSKINA

1. atala. Emandako zerbitzuak. Ondokoak baloratuko dira:

1. Lehian dagoen lanpostuaren estamentu eta espezialitate berean, edozein Administrazio Publikotan emandako zerbitzuak. 1,8 puntu urte bakoitzeko.

2. Administrazio Publikoetan fakultatibo lanetan emandako zerbitzuak. 0,75 puntu urte bakoitzeko.

3. Beste estamentu batean, edozein Administrazio Publikotan emandako zerbitzuak. 0,25 puntu urte bakoitzeko.

Goiko azpi-ataletan adierazitako zerbitzuak denbora berean eman baldin badira, puntuazioak ezin izanen dira batu; altuena besterik ez da hartuko.

Zerbitzu berezietan emandako zerbitzuak, egoera hori deklaratu zenean izangaiak zuen lanpostuan emandakoak bailiran kontatuko dira.

Atal honetako puntuazioa 55 puntu izanen da gehienez.

Baremo honetan aipatutako zerbitzuak urriaren 3ko 463/2001 Foru Aginduaren 9. artikuluan ezarritako arauei segituz zenbatuko dira.

2. atala. Prestakuntza, irakaskuntza, ikerkuntza eta hizkuntzak:

Horiek guztiak baloratu eginen dira, lortu nahi den lanpostuarekin zerikusirik badute eta interesatuak abiaburuko destinoan zerbitzuan aritu den bitartean eginak badira, salbu eta 2.1 atala ((curriculuma), azken hori denbora-mugarik gabe baloratuko baita. Horregatik, lehiatzailearen destinoa lekualdaketaren bidez lortua bada, data lehenagokoa izango da, lekualdaketarako deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen egunekoa, hain zuzen ere.

1. Curriculuma.

_Lizentziatura graduan bikain edo sari berezia edo ikerketarako nahikotasuna: 2 puntu.

_Doktore gradua (cum laude, 2 puntu gehiago): 6 puntu.

2. Erakunde edo zentro publikoek edo unibertsitateetako zentroek antolatu edo kreditatutako prestakuntza jardueretan parte hartzea: kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 ordu), 0,1 puntu. Ziurtagirian orduen kopurua ageri ez bada, kreditu bat konputatuko da; lehiatzailea ikasturte osoan aritu dela agertarazten bada, 12 kreditu konputatuko dira. 10 puntu gehienez.

Erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez badituzte ere, Administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza ekintzetan parte hartzea puntuazio berarekin baloratuko da. Horien artean, espresuki, sindikatuek Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Itunen barruan antolatuak sartuko dira.

Atal honetan BAME espezialitatearen programaren barruko irakaskuntza orduak ez dira baloratuko, ez eta, OOLTko fakultatiboei dagokienez, 264/1989 Errege Dekretuak ezarritako hobekuntza ikastarokoak ere, eta uztailaren 31ko 1753/1998 Errege Dekretuak eskaturiko prestakuntza osagarriko orduak ere ez (3).

3. Biltzar edo jardunaldietan aurkezturiko ponentzia edo komunikazioak:

Nazioartekoa: lehen hiru sinatzaileak: 0, 40 puntu. Gainerakoak: 0,1 puntu.

Naziokoa: lehen hiru sinatzaileak: 0,20 puntu. Gainerakoak: 0,05 puntu.

Autonomia erkidegokoa: lehen hiru sinatzaileak: 0,10 puntu. Gainerakoak: 0,025 puntu.

Gehienez ere 10 puntu.

4. Administrazio edo erakunde publikoen beka edo saria jaso duten lan zientifiko edo ikerlanak: nazioartekoa: 2 puntu; naziokoa edo autonomia erkidegokoa: 1 puntu; gehienez 10 puntu.

5. Aldizkari espezializatuetan argitaraturiko lanak: 0,4na puntu lehen hiru sinatzaileei, gainerakoei 0,10na puntu; 10 puntu gehienez.

6. Sektore publikoan prestakuntza ekintzetan irakasle gisa parte hartzea: 0,2 puntu 10 orduko irakastaldiagatik edo kreditu akademiko bakoitzarengatik. Gehienez ere, 4 puntu.

7. Prestakuntza egonaldiak: hilabete bakoitzeko, 0,1 puntu. Gehienez ere, 2 puntu.

8. Sektore publikoan edo unibertsitateetan, ikastaro eta biltzarrak antolatzea: 0,1 puntu nazioartekoak badira, 0,05 puntu naziokoak badira, eta 0,025 puntu autonomikoak badira; puntu 1 gehienez.

9. Liburuak argitaratzea edo kolaboratzaile gisa aritzea: egile nagusia bada, 0,4 puntu; laguntzaile bada, 0,2 puntu; 2 puntu gehienez.

10. Europar Batasunean erabilera ofizialeko hizkuntzak diren aldetik, frantsesez, ingelesez edo alemanez jakitea, ofizialki frogatuz gero: 5 puntu hizkuntza bakoitzeko. Hizkuntza Eskola Ofizial batek emandako Gaitasun Agiririk edo ofizialki baliokidetzat jotako titulaziorik ez izatera, Hizkuntza Eskola Ofizial batean gainditutako maila bakoitzari dagokion gehieneko puntuazioaren bostetik bat emanen zaio.

Ikerketa lan beraren komunikazio, ponentzia eta argitalpena bateragarriak izanen dira.

Deialdiaren xede den lanpostuan aritzeko gaikuntzarik ematen ez duten titulazio ofizialak ez dira merezimendutzat hartuko.

Honako atal honengatik gehienez ere 60 puntu emanen dira.

3. atala. Euskaraz jakitearen balorazioa:

Eremu euskalduneko lanpostuak eskuratzeko, euskaraz jakitea beste batzuen artean baloratu beharreko merezimendu kualifikatua denean, balorazio hori ez da inoiz izanen frantsesez, ingelesez edo alemanez jakiteari ematen zaion puntuazioa baino % 10 gehiago.

Eremu mistoan euskaraz jakitea merezimendu gisa baloratzen denean, balorazio hori ez da inoiz izanen frantsesez, ingelesez edo alemanez jakiteari ematen zaion puntuazioa baino % 5 gehiago.

Bi kasu horietan, hizkuntz eskola ofizial batek emandako gaitasun agiria edo ofizialki balio berekoa den besteren bat ez badu, gehienez lor daitekeen puntuazioaren bostena emanen da hizkuntz eskola ofizial batean gaindituriko maila bakoitzeko eta, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan, gehieneko puntuazioaren hamabirena, gainditutako urrats bakoitzeko.

Iragarkiaren kodea: F0418936