48. ALDIZKARIA - 2005eko apirilaren 22a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

VALTIERRA

Ordenantza behin betikoz onetsirik

Valtierrako Udalak, 2005eko otsailaren 20an egin osoko bilkuran, behin betiko onetsi zuen Valtierrako Udalaren eremu publikoaren ordenantza.

Argitara ematen da, indarra har dezan eta ondorioak izan ditzan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Valtierran, 2005eko martxoaren 2an._Alkatea, Alfonso Mateo Miranda.

VALTIERRAKO UDALAREN EREMU PUBLIKOAREN ORDENANTZA

ATARIKO TITULUA

Helburua eta aplikazio eremua

1. artikulua. 1. Ordenantza honek ondokoa arautzen du: Valtierrako etorbide, pasealeku, karrika, plaza, herrilur, zubi, parke, lorategi, iturri eta udalaren mugapean dauden gainerako udal-ondasun publikoen erabilera komuna eta pribatiboa.

2. Eremu publikoa txukuntzeko eginkizunaren pean sartuko dira orobat pasabide partikularrak, etxarteak eta lur gaineko zerbitzu publikoa egiten duten ibilgailuak.

2. artikulua. 1. Ordenantza hau aplikatuko da Valtierrako udal mugape osoan, eta ezarritakoa betetzera beharturik egonen dira bizilagun guztiak, norberaren kalifikazio juridiko-administratiboa zeinahi dela.

2. Ordenantza honen edukiaren berri ez izateak ez du balioko aitzakia gisa, ezarritakoa betetzen ez den kasuetan.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

I. KAPITULUA

Errotuluak eta zenbakiak

3. artikulua. Eremu publikoak ezagutu eta bereizteko, haietako bakoitzari izen edo zenbaki jakin bat emanen zaio, hain zuzen ere Udalak onetsiko duena. Ezin izanen dira izen edo zenbaki bereko bi hiri-bide izan, ezta grafikoki edo fonetikoki antzekoak direnak, baldin eta horregatik nahasketa gerta badaiteke.

4. artikulua. Eremu publikoen errotulazioa zerbitzu publiko bat da, eta plaka bidez eginen da, betiere agerian jarrita, gutienez bide publikoaren hasieran eta bukaeran. Plazetan, berriz, eraikin nabarmenean kokatuko da, halako bat baldin bada, eta sarbide nagusietan.

5. artikulua. Eraikinen jabeak beharturik egonen dira dagokien zenbakia jartzera, bakarka nahiz taldeka eskatzen zaienean. Beharkizun hori betetzen ez badute finkatutako epearen barrenean, Alkatetzak izendatzen dituen langileek paratuko dute, eta gastuak eraikinaren jabearen kontura izanen dira, agindua ez betetzeagatik dagokion isunetik aparte.

6. artikulua. 1. Errotuluak eta zenbakiak jarri behar diren eraikinen jabeek onartu beharko dute bertan paratzeko agindua eta kokapena errespetatu ez ezik zaindu ere egin beharko dituzte, egoera onean iraun dezaten eta ongi ikus daitezen.

2. Errotulu eta zenbakiek eta haiek jartzeko euskarriek bat etorri beharko dute, ahal dela, fatxada, zona edo sektorearen ezaugarri artistikoekin.

3. Zortasun administratibo hau doakoa izanen da eta ukituriko jabeari jakinarazi beharko zaio.

II. KAPITULUA

Eremu publikoen kontserbazioa

7. artikulua. Udal Administrazioak arduratu beharko du eremu publikoen egiturako nahiz apainketako elementuak egoera onean kontserbatzeko lanak eta obrak egiteaz. Inork ezin izanen du aipatu elementu horiek konpondu edo berritzeko obrarik egin, aldez aurretik Udalak lizentziarik eman ez badio, nahiz eta obra horiek eremu publikoen egoera hobetzeko xedez egin.

II. TITULUA

Eremu publikoaren erabilera

I. KAPITULUA

Arau orokorrak

8. artikulua. Debeku da:

a) Eremu publikoa erabiltzea auto edo motoen konponketarako, edo metal arotzerian, iturgintzan edo antzekoetan jarduteko, edo ibilgailuak nahiz animaliak garbitzeko.

Eremu publikoan helburu berekin egin daitezkeen erabilera berriei ere aplikatuko zaie atal hau. Ordenantza honek indarra hartu baino lehenagoko erabilerak, orain arte onartu direnak, banan-banan aztertuko dira eta jabari publikoaren erabileraren baldintza partikularrak ezarriko dira; betiere, erabilera horiek desagertzera joko da, eta erabiltzaileei ahalik eta traba gutien egitera.

b) Ibilgailuak abandonaturik uztea, jendearen higiene, osasun eta segurtasunerako arriskutsuak izaten ahal badira.

c) Eremu publikoan edariak kontsumitzea, edontziak eta botilak lurrera botaz.

d) Alfonbrak edo bertze edozein gauza eremu publikoan garbitzea.

e) Arropak, alfonbrak edo bertze edozein gauza eremu publikoaren gainean inarrostea.

f) Pixa edo listu egitea edo iraizkinez zikintzea eremu publikoa.

g) Futbolean edo pilotan aritzea edo bertze edozein kiroletan aritzea karrika, plaza eta parke publikoetan, gainerako erabiltzaile edo bizilagunei eremu publikoaren erabilpena eragozten bazaie.

9. artikulua. Eremu publikoan mahaiak eta aulkiak paratzeko, gai horri dagokion zerga arautzen duen ordenantza fiskalean ezarritakoa bete beharko da.

10. artikulua. Obretan hesiak paratzean, eremu publikoa okupatzen bada, Valtierrako Udal Planeko determinazioak bete beharko dira.

11. artikulua. Publizitatea egiten ahalko da eremu publikoan, horretarako baimendutako tokietan, dagokion ordenantza fiskalak ezarritako ezaugarriak dituela, edo propaganda etxebizitzetako postontzietan banatuz. Lizentzia eskatzerakoan iragarkiaren jatorrizko alea edo kopia aurkeztu beharko da.

II. KAPITULUA

Asotsa

12. artikulua. 1. Eremu publikoan asotsik sortuz gero, ez dira gaindituko herritarren bizikidetzak behar dituen mugak. Eraikin eta langintza desberdinetan sortzen den asotsa dela eta, bete beharko dira jarduera sailkatuen arloko foru edo udal araudiak eta asots edo dardarak sortzen dituzten jarduerek bete behar dituzten baldintza teknikoak ezartzen dituen Foru Dekretua.

2. Debeku da:

a) Eremu publikoan oihu egitea.

b) Eraikin partikularren barnean sobera ozenki kantatzea edo mintzatzea, ezarritako soinu mailak gainditzen badira, hau da, 35 dBA, 8:00etatik 22:00etara, eta 30 dBA, 22:00etatik 8:00etara.

c) Etxebizitzetan musika-tresnak jotzea, gela edo lokala behar bezala intsonorizatu gabe.

d) Etxe-atarietan, etxabeetan, edo galerietan, beren asots eta oihuekin auzoaren atsedenari traba egiten dioten animaliak edukitzea.

e) Mota guztietako petardoak saldu edo erabiltzea eta suziriak jaurtikitzea udal-baimenik gabe.

f) Gauaz obrak egitea.

13. artikulua. Irrati, telebista, transistore, musika aparatu edo bertzelako soinu-sortzaileen jabeek, asots edo dardarak sortzen dituzten jarduerek bete behar dituzten baldintza teknikoak ezartzen dituen Foru Dekretuan baimendutako asots-mailak gaindituko ez dituen bolumena erabili beharko dute. Halaberean, establezimenduetako alarmak arrazoi justifikaturik gabe joka hasten badira, haien jabeei zehapena ezarriko zaie.

III. KAPITULUA

Ibilgailuen asotsak

14. artikulua. Eremu publikoan dabiltzan ibilgailuen motor eta ihes-tutuek ezin izanen dute jarduera sailkatuentzat finkatutako mugak hausteko moduko asotsik atera, non eta ez diren muga haien ordez bertze batzuk baimentzen, orduan muga berriak aplikatzen ahalko baitira.

Debeku da:

A._Ibilgailuen motorrak martxan edukitzea maniobrak egiteko behar den baino denbora luzeagoan.

B._Asotsa ateratzen duten ibilgailuak aparkatzea, egunez zein gauez.

IV. KAPITULUA

Iturri publikoak

15. artikulua. Iturri publikotzat hartuko dira eremu publikoan daudenak edo larre-bazterretan izanagatik jende guztiak erabiltzen ahal dituenak. Iturburuek Urari buruzko Legeetan ezarritakoa izanen dute arau.

16. artikulua. Iturri publikoetan debeku da:

a) Arropa, fruta, barazkiak edo bertze edozein gauza garbitzea.

b) Jendea garbitu edo bainatzea eta zakurrak nahiz bertzelako animaliak bainatzea.

c) Kanilatik edo txorrotatik zuzenean edatea.

d) Etxeko animaliei giza kontsumorako diren iturrietatik zuzenean edatera uztea.

e) Klase guztietako ibilgailuak garbitzea.

V. KAPITULUA

Parkeak eta lorategiak

17. artikulua. Udalaren eskumena da eremu publikoetako parke eta lorategietan landaketak egitea eta horiek zaintzea. Arbolak denek errespetatu beharrekoak dira eta kalte egin liezaiekeen egintza oro saihestu behar da. Parke edo lorategietako edozein landareri kalte egiten diona, hura moldatzeko ordaina ematera beharturik dago.

18. artikulua. Debeku da:

a) Ageriko seinaleez mugatutako berdeguneak zapaltzea.

b) Arboletara igotzea.

c) Txoriak ehizatzea eta hiltzea.

d) Banku publikoetan etzatea eta gauaz bertan lo egitea.

e) Berdeguneetan hondakinak botatzea, paperontziak eta zakarrontziak erabili gabe.

f) Lorategietan sua piztea edo piztua edukitzea.

g) Kanpadendak zabaltzea.

h) Nolanahiko ibilgailuen zirkulazioa debekatzen duten zirkulazio-seinaleetako arauak haustea.

i) Kalez kaleko salmentan aritzea, Udalaren baimenik gabe.

j) Zakurrak lotu gabe eramatea.

k) Soropilean edo espaloietan nolanahiko ibilgailuz zirkulatzea (kotxeak, motozikletak, bizikletak, etab.).

l) Bonbillak, farolak eta semaforoak haustea.

m) Zaldi aziendak edo bertzelako animaliak bazkatzera sartzea.

19. artikulua. Debeku da pixa egitea eta iraizkinez edozein eremu publiko edo jende guztiak erabiltzekoak diren lekuak zikintzea.

III. TITULUA

Eremu publikoaren garbitasuna

I. KAPITULUA

Eremu publikoaren garbitasuna, herritarren erabilera orokor eta arruntaren ondorioz

20. artikulua. Garbitasunari begira, honako hauek hartzen dira eremu publikotzat: etorbideak, pasealekuak, karrikak, espaloiak, zeharkaleak, bideak, lorategiak eta berdeguneak, lurguneak, zubiak, bide-tunelak eta zuzenki herritarren erabilera arrunt eta orokorrerako diren erabilera publikoko gainerako ondasunak.

Eremu publikoko plazak eta karrikak Udalak garbituko ditu.

21. artikulua. 1. Debeku da eremu publikoan nolanahiko hondakin solido, likido eta gaseosoak botatzea eta uztea. Tamaina tikiko hondakin solidoak, hala nola paperak, txikleak, zigarro-muturrak eta gisakoak, horretarako dauden paperontzietan bota beharko dira, eta horiek bertzerik ez, zeren debeku baita bertan bertzelako hondakinak eta zabor poltsak botatzea.

2. Hondakinak bolumen handikoak badira, edo tamaina tikikoak izan arren multzo handia osatzen badute, debeku da eremu publikoan uztea, eta modu berezian bilduko dituzte horretarako antolatutako zerbitzuek.

3. Debeku da paperontzietan zigarroak, puruak, zigarro-muturrak edo bertze zernahi botatzea, piztuta egonez gero. Botatzekotan, itzalita bota beharko dira.

22. artikulua. 1. Ondoko hauek espaloiak garbitu beharko dituzte, eta hori egin ezean udal administrazioaren aurrean erantzun beharko dute:

a) Espaloia fatxadari badagokio, eraikinaren jabeak, eraikinaren funtzioa edo helburua edozein delarik ere.

b) Beheko solairuan saltokiak edo dendak baldin badaude, beren aitzinaldeak hartzen duen espaloi-zatia negozioaren titularrek garbitu beharko dute.

c) Titular administratiboak, espaloiak eraikin publikoei dagozkienak badira.

d) Jabeak, eraiki gabeko orubeei dagozkien espaloiak direnean.

e) Elikagaien salmenta automatikorako makinen titularrak.

f) Jabari publikoko zoruaren gaineko erabilera bereziaren lizentzia administratiboaren titularrak (terrazak, kioskoak, etab.).

2. Partikularrek eremu publikoa eskobatu eta garbitzean sortzen diren hondakinak ezin izanen dira, inoiz ere, karrikan utzi. Ontzi homologatuetan jaso beharko dira edo, bertzenaz, beren pisu eta neurriarengatik hala behar badu, etxez etxeko zaborbilketako zerbitzuaren esku jarri beharko dira.

II. KAPITULUA

Eremu publikoko zikinkeria, obrek eta bertzelako jarduerek sortua

23. artikulua. Eremu publikoan zikinkeria sor dezaketen jarduerak egiten badira, nonahi eginak izanagatik eta batere ukatu gabe kasu bakoitzean behar diren lizentziak edo baimenak, titularrak behartuak daude aldez aurreko neurriak hartzera eremu publikoan zikinkeriarik izan ez dadin, eta orobat behartuak daude bai eremu publikoa bai bertako egiturako elementuak garbitzera, eta gelditu diren hondakin materialak jasotzera.

24. artikulua. 1. Zikinkeriari aitzintzeko, obrak egiten ari direnek eremu publikoa babestu beharko dute, elementu egokiak paratuz zahorren eta eraisketako nahiz obran sobratutako materialen inguruan, ez daitezen barreiatu eta zabaldu obra-lanek zehazki hartzen duten esparrutik kanpora, hala agintzen baitu gaur egun indarra duen Udal Planeko Eraikuntzaren ordenantzak.

2. Bereziki, eremu publikoan egiten diren zanga, kanalizazio eta lotura lanen inguruak, beti garbi eta inolako hondakinik gabe eduki beharko dira. Ateratako lurra aurreko 1. zenbakian zehaztu bezala babestu beharko da.

3. Obrak eremu publikoan edo alboko lekuren batean egiten direnean, hesiak eta babes-elementuak nahiz seinaleak ezarri beharko dira. Horietaz gain, hodiak ere beharko dira, eraisketako materialen eta produktuen zamalanetarako; produktu horiek behar diren baldintzak bete beharko dituzte, eremu publikoa ez zikintzeko eta jendeari edo gauzei kalterik ez egiteko.

4. Eraikinak egin bitartean, eremu publikoa garbitzeko betebeharra, 23 eta 24. artikuluetan ezarritako esparru material osoan, obraren kontratistarena da.

25. artikulua. 1. Debeku da eremu publikoan nahiz bertako edozein elementutan hondakinak zuzenean utzi, hustu edo botatzea. Betiere, hondakinak eremu publikoan uzteko, Udalak edo kasuan kasuko entitateak homologatutako edukiontziak erabili beharko dira.

2. Eremu publikoan abandonatutako materialak, Hiri hondakin solidoei buruzko azaroaren 19ko 42/1975 Legeari jarraikiz, udal jabetzako bihurtuko dira, eta interesatuak ezin izanen dio ez Udalari ez egiteko horren kargu egin denari ezer erreklamatu egin dutena egiteagatik, material horiek bertatik kentzeagatik, eta gainera aplikatzen ahalko zaio egindako zerbitzuari dagokion tasa fiskala edo kasurako dagozkiokeen zehapenak.

26. artikulua. Behar diren zerbitzuak bildu zain eremu publikoan utzitako hondakinetan debeku da bilaka ibiltzea eta handik deus hartzea.

27. artikulua. 1. Eremu publikoa zikin dezakeen edozein ibilgailuren zamalanak, obra nahiz biltegietako sartu-irtenak, etab. bukatutakoan, lan horietaz arduratu diren langileek eta, subsidiarioki, lanak egin diren establezimendu nahiz obretako titularrek eta, azken finean, ibilgailuaren jabeak edo gidariak, garbitu beharko dituzte bai eremu publikoa bai bertan zikindutako elementuak, eta, orobat, jaso beharko ditu han botatako materialak.

2. Aurreko zenbakian aipatutako pertsonak izanen dira (han aipatu hurrenkera berean) ordenantza honetako xedapenak haustearen eta gerta daitezkeen kalteen erantzule.

III. KAPITULUA

Eraikin higiezinetako elementuen eta kanpoaldeen garbitasuna eta mantentze lana

28. artikulua. 1. Eraikin higiezinen jabeak behartuak daude haien segurtasun, garbitasun eta apaindura publikoko baldintzak zaintzera.

2. Debeku da arropa, janzki eta etxeko gauzak hedatzea edo agerian uztea balkoietan, leihoetan, kareletan, kanpoko terrazetan edo, beren kokapen eta orientazioagatik, karrikatik ikusten ahal den bertze edozein lekutan. Debeku da, orobat, mota guztietako antenak paratzea eraikinetako fatxada edo balkoietan, ezinbertzez ez bada.

Jabeek baimena eskatzen ahalko dute eremu publikotik ikusten diren esekitokiak paratzeko, eraikinean bertze toki egokirik ez bada eta alkateak aintzat hartzen badu inguruabar hori.

29. artikulua. 1. Establezimendu, finka eta etxebizitzetako jabeak behartuak daude garbi edukitzera fatxadak, karriketako zenbakien errotuluak, ageriko mehelinak, sarrerak eta eraikinetan sartzeko eskailerak, eremu publikotik ikusten ahal badira.

2. Honen aitzineko 1. zenbakiari dagokion guztian, jabeek egin beharko dituzte mantendu, garbitu eta iztukatze lanak, apaindura publikorako beharrezko denean eta udal agintaritzak, dagokion udal zerbitzuak aldez aurretik txostena egin ondotik, hala agintzen duenean.

3. Orobat, jabeek hauek ere garbi atxiki behar dituzte: tximiniak, biltontziak, patioak eta argi patioak, ur eta gas hodiak, hustubideak, tximistorratzak, telebista antenak edo higiezinen muntadura osagarri guztiak.

4. Aitzineko artikuluak urratzen dituztenak zehatzeko araubidea Etxeko animaliak edukitzea arautzen duen ordenantzakoa izanen da.

IV. KAPITULUA

Orubeen garbitasuna eta mantentze lana

30. artikulua. 1. Jabeek zabor eta hondakinik gabe eduki beharko dituzte orube eta lursailak, eta behar bezalako baldintzetan, higienearen, osasungarritasunaren, segurtasunaren eta apaindura publikoaren aldetik.

2. Aitzineko aginduan sartzen da orubeetako arratoi-galtzea eta desinfekzioa.

3. Udalak ahalmena du aitzineko 1. eta 2. zenbakietan aipatutako garbiketa lanak ikuskatu eta subsidiarioki eginak izan daitezela agintzeko, orubeak publikoak nahiz pribatuak izan.

31. artikulua. Udal Zerbitzua edo herria garbitzeko lana adjudikatua duen enpresa arduratuko da aitzineko artikuluan aipatutako lanen ordezko betearazpenaz, gastuak kargatuz egiteko betebeharra zuenari eta ordenantza fiskalek xedatzen dutenaren arabera, eta, gainera, ezartzen ahalko zaizkio dagozkiokeen zehapenak.

32. artikulua. 1. Hirigintzako planeamenduak ukitutako finkak badira eta jabeek erabilera publikorako lagapena egina badute, Udalak, interesatuek diotena entzun ondotik, bere gain har dezake, osotara edo parte batean, 30. artikuluan aipatutako baldintzak betetzeko ardura.

2. Aurreko 1. puntuan aipatutako kasuan, Alkatetzak, bere ahalmenaz baliatuz, erabakiko du zer egin behar den, herritarren interesei begira.

V. KAPITULUA

Animaliak eremu publikoan edukitzeak garbitasunaren gainean duen eragina

33. artikulua. 1. Jabeak dira beren jabetzapeko animaliek per- tsonei eta gauzei egindako kalte edo hondamenen erantzule zuzenak, bai eta eremu publikoa zikinduz egiten duten edozein egintzarenak ere.

2. Jaberik agertu ezean, zikinkeria sortutakoan animalia zeraman pertsona izanen da erantzule subsidiarioa.

34. artikulua. 1. Higiene-neurri utziezina denez, eremu publikoan zakurrak edo bertzelako animaliak daramatzaten pertsonak behartuak daude beren animaliei iraizkinak egitera ez uztera edo, bertzenaz, iraizkinak berehala kentzera, eremu publikoko oinezkoen ibiltoki, parterre eta berdeguneetan, eta eremu publikoan herritarren pasabide, egonleku eta jostaleku diren gainerako tokietan.

2. Zakurra beti ibiliko da norbaitekin, pertsona arduradunak lotuta eta kontrolaturik daramala.

VI. KAPITULUA

Herritarrak elurteetan egin beharrekoa, eremu publikoa garbi egon dadin

35. artikulua. Elurtea izan eta sortzen den egoera larrialdikotzat jotzen denean, ukitutako eremua ez da normaltasunera itzuliko Alkatetzak hala kontsideratu eta espresuki aitortzen ez duen arte.

36. artikulua. 1. Elurte kasuetan, 22. artikuluan aipatzen diren pertsonek eta, subsidiarioki, eraikinen arduradunek, ondoko 2 eta 3. zenbakietan aipatzen diren prebentzioak hartu beharko dituzte.

2. Finketako enplegatuek edo, bertzenaz, eraikinetako bizilagunek edo eraikinak garbitzeko ardura duten pertsonek, elurra eta izotza kendu beharko dute fatxada aitzinean dagokien espaloi zatian, oinezkoak pasatu ahal izateko behar den lekua libre uztearren.

3. Elurra eta izotza espaloian pilatuko dira, galtzadan utzi gabe, honela:

a) Aparkaturiko ibilgailuen gainean utzi gabe.

b) Uraren eta ibilgailuen zirkulazioa galarazi gabe.

c) Estolderia sareko kainozulorik hurbilenaren sarbidea estali gabe.

37. artikulua. Eremu publikoko elurra garbitu eta biltzeko lanek dirauten bitartean, ibilgailuen jabeek eta gidariek kasu egin beharko diete udal agintariek aparkatzeari buruz ematen dizkieten jarraibideei.

38. artikulua. Inola ere ez da eremu publikora botako zabaltza, terraza, balkoi eta eraikinen bertzelako irtenguneetan pilatu den elurra, salbu Alkatetzak kontrako xedapenik ematen badu.

IV. TITULUA

Herriaren garbitasuna, erabilpen arrunt, berezi eta pribatiboari eta karrikako agerpen publikoei dagokienez

I. KAPITULUA

Baldintza orokorrak eta aplikazio esparrua

39. artikulua. Titulu honek udalerriko garbitasuna zaintzeko arauak ematen ditu, ondoko kasu hauetan:

a) Udal jabari publikoko ondasunen erabilpen arrunta, berezia eta pribatiboa egiten denean.

b) Karrikan egindako ekitaldi publikoetan eta publizitateko zenbait jardueratan, haien ondorioz sor daitekeen zikinkeria prebenitzeko.

40. artikulua. 1. Erabilpen arrunt eta pribatiboaren ondorioz eremu publikoan zikinkeria sortzen denean, erabiltzaile titularrak izanen dira haren erantzule.

2. Finkoak diren nahiz ez diren establezimenduetako titularrek, hala nola taberna, kafetegi, kiosko, salmentako postu eta antzekoetakoek, behar bezain garbi eduki beharko dituzte bai instalazioak bai haien eraginpeko espazioa.

3. Udal zerbitzuak edo hiri hondakin solidoen bilketako adjudikazioa duen enpresak, aurreko 2. zenbakian aipatutako titularrak behartu ditzake kontsumoagatik beren establezimenduetan sortutako hondakinak edukitzeko elementu homologatuak paratzera. Horretaz gain, titular horiei dagokie, baita ere, elementu horiek zaintzea eta garbitzea.

41. artikulua. 1. Karrikan ekitaldi publikoren bat antolatzen dutenak, ekitaldi hori egiteagatik karrikan sortzen den zikinkeriaren erantzule izanen dira.

2. Herriaren garbitasuna dela eta, ekitaldi publikoen antolatzaileek, ekitaldiaren leku, ibilbide eta ordutegiaren berri eman behar diote Udalari. Udalak eskatzen ahalko die eskudiruzko fidantza eratu edo bankuko abala aurkezteko, ekitaldi publikoak sortzen duen zikinkeriaren ondorioz antolatzaileei legokiekeen garbiketarako zerbitzu subsidiarioen kostua kitatzeko adinakoa.

42. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, honako hauek honela ulertu behar dira:

1. Kartelak dira iragarkiak _inprimatuak nahiz pintatuak_, paperean edo sendotasun apaleko bertze material batean eginda badaude. Kartelak formato txikikoak eta eskuz banatzekoak badira, orrixkak direla erranen dugu.

2. Errotuluak dira iragarkiak, finko edo mugikorrak, pintura, baldosa eta iraupen luzea emanen dieten bertzelako materialez eginda badaude.

3. Pankartak dira tamaina handiko iragarki publizitarioak, eremu publikoan gehienez ere hamabortz egunean egoten direnak.

4. Pintaketak dira eremu publikoan egindako eskuzko inskripzioak, herriko horma edo paretetan, espaloi edo galtzadetan, edo egiturako elementuren batean eginak.

5. Opuskuloak eta esku-paperak dira paperez nahiz gisako materialez egindako argitalpenak, edozein agerpen publiko nahiz pribatutan herritarrei eremu publikoan ematen zaizkienak edo banatzen direnak.

6. Errotulutzat hartuko dira kartelak, instalazio edo babes aldetik hamabortz egunetik goitiko iraupena izateko baldintzetan ezartzen direnean.

43. artikulua. Kartel eta pankartak paratzeko eta itsasteko, orrixkak banatzeko eta titulu honetan araututako bertze edozein publizitate jarduera egiteko, beharrezkoa izanen da Alkatetzak edo, hala badagokio, Gobernu Batzordeak aurretiaz emandako udal-baimena.

44. artikulua. 1. Errotuluak eta aurreko 42. artikuluan aipatutako gainerako publizitate elementuak paratu edo banatu ahal izateko baimena jasotzearekin batera, erantzuleak bere gain hartu beharko du eremu publikoan erabilitako espazioaren eta dagozkion osagarrien garbiketa.

2. Eremu publikoan 42. artikuluan aipatutako publizitate elementuak paratu edo banatu ahal izateko, Udalak eska dezake eskudiruzko fidantza eratzea edo bankuko abala ekartzea, zikinkeria sor dezaketen elementuak garbitu eta jasotzeko kostuak kitatzeko adinakoa.

II. KAPITULUA

Eremu publikoan kartelak eta pankartak paratzea

45. artikulua. Debeku da kartelak eta eranskailuak bereziki horretarako antolatutako tokietatik aparte paratzea eta itsastea, udal-agintaritzak bereziki baimendutako kasuetan salbu.

46. artikulua. 1. Udalak hartarako erabakitako tokietan paratzen diren kartel eta eranskailuek herritarrentzat interesgarriak diren ekitaldien edo jardueren berri eman beharko dute.

2. Ez dago kartelak paratzen hasterik aitzinetik udal agintariei behar den jakinarazpena egin gabe. Arau-hausleei zehapena ezarriko zaie.

47. artikulua. 1. Debeku da eremu publikoan pankartak paratzea, non eta Alkatetzak ez duen espresuki baimentzen.

2. Udalaren organo eskudunak kasu bakoitzean arautuko du nolako baldintzetan erabiltzen ahalko diren udal tokiak publizitatea egiteko, eta nolako tramiteak egin behar diren horretarako baimena lortzeko.

3. Pankartetan agertzen ahalko den propaganda bakarra gai politiko nahiz herrikoiari buruzkoa izanen da, bertze inolako publizitaterik sartu gabe.

4. Pankartak paratzeko jakinarazpen idazkian, honako hauek adieraziko dira:

a) Pankartaren edukia eta neurriak.

b) Zein tokitan paratu nahi den.

c) Zenbat denbora egonen den jarrita.

d) Erantzulearen konpromisoa, eremu publikoan edo bertako egiturako elementuetan egindako kalteak konpontzeko, eta pankarta paratzearen ondorioz sor daitezkeen kalte eta galerak ordaintzeko.

48. artikulua. Eremu publikoko egiturako elementuei estekatutako pankartek, nolanahi ere, honako baldintzak bete beharko dituzte:

a) Ezin izanen da pankartarik paratu farola artistikoetan, ezta arboletan ere.

b) Pankartaren azalerak behar adina zulo izanen ditu haizearen eragina apaltzeko.

c) Nolanahi ere, paratzeko gutieneko altuera, punturik baxuenean neurtuta, 5 metrokoa izanen da pankartak galtzada alderik alde zeharkatzen duenean, eta 3 metrokoa espaloi, pasealeku eta oinezkoen bertze gune batzuetan.

49. artikulua. 1. Pankartak interesatuek kendu beharko dituzte, haiek paratzeko eskatutako epea bukatu bezain laster. Hala egiten ez badute, udal zerbitzuek kenduko dituzte eta egindako zerbitzu horren kostua erantzuleei ordainaraziko zaie, legokiekeen zehapenaz gainera.

2. Pankartak eremu publikoan baimenik gabe paratuz gero, udal agintaritzak zehapena ezarriko die erantzuleei.

III. KAPITULUA

Pintaketak

50. artikulua. 1. Debeku da eremu publikoan nolanahiko pintaketak egitea, hala bertako egiturako elementuetan, galtzada, espaloi eta hirialtzarietan, nola herriko kanpoaldeko horma eta paretetan. Salbuetsita daude, aurreko zenbakian xedatutakoari dagokionez, honako hauek:

a) Orubeetako hesietan egindako horma-pintura artistikoak, baina horretarako udalaren eta orubearen jabearen baimena beharko da aldez aurretik.

b) Publizitatearen udal ordenantzak baimentzen dituen egoerak.

V. TITULUA

KAPITULU BAKARRA

Zehapenak

51. artikulua. 1. Ordenantza honetako arauak hausten dituztenei 300,51 euro (50.000 pezeta) bitarteko isunak ezarriko dizkie Alkatetzak, eta, gainera, erantzuleei erreklamatzen ahalko zaie, egoki den gisara, garbiketako eta konponketako gastuak ordaintzea eta, hala beharko balitz, auzitara eramanak ere izan litezke.

2. Enpresek edo entitateek egindako arau-hausteak zehatzen ahalko dira, eta haien gain uzten ahal dira, baita ere, sortutako gastuak eta dagozkien ordezko betearazpenak, betiere Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legeari eta aplikatzekoa den gainerako legediari jarraikiz.

Iragarkiaren kodea: L0504098