48. ALDIZKARIA - 2005eko apirilaren 22a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

E G U E S

Eguesibarko Udalaren herrilurretako ondasunen aprobetxamenduak arautzen dituen udal ordenantza behin betikoz onetsirik

Udalak, 2004ko irailaren 21ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen udalerri honetako herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen udal ordenantza . Iragarkia 2004ko 134. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, azaroaren 8an, eta horren ondotik espedientea jendaurrean egon zen, hogeita hamar egunean. Inork erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe iragan zen epea. Nafarroako Toki Araubidea eguneratzeko 11/04 Foru Legearen 325.1 artikulua aplikatuz, ordenantza behin betikoz onetsitzat jotzen da eta, beraz, igorri da osorik argitara dadin.

Eguesen, 2005eko martxoaren 4an._Alkatea, José A. Andía García de Olalla.

EGUESIBARKO UDALAREN KO HERRILURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Eguesibarko udal mugapeko herri larreen administrazioa, erabilera, zainketa, berreskuratzea eta aprobetxamendua erregulatzen dituzten arauak ezartzea da ordenantza honen xedea.

2. artikulua. Herri ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herrilurretako ondasunak besterenduezinak, preskribaezinak eta bahitezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Ez dute aldaketarik jasanen beren izaeran nahiz tratamendu juridikoan, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Herrilurretako aprobetxamenduen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri ondasunen ordenantza hau eta, bertzenaz, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren idatz-zatian xedatutakoa deusetan galarazi gabe.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen egintzak

5. artikulua. Eguesibarko Udalaren esku daude herri ondasunen gaineko ahalmenak, xedapenak emateaz, administrazioaz, aprobetxamenduaren araubideaz eta antolamenduaz den bezainbatean, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herri ondasunen inguruan Eguesibarko Udalak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aitzin Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Eguesibarko Udalak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela bertze bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasunezko aukerak.

Herrilurretako ondasunak desafektatu ondotik bertze batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula sartuko da beti, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Eguesibarko Udalaren ondarera itzuliko lirateke herrilurretako ondasun gisa.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

III. TITULUA

Herrilurretako ondasunak defendatu eta berreskuratzea

7. artikulua. Eguesibarko Udala herrilurretako ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da, eta kontra eginen dio haientzat kaltegarri izan daitekeen ekintza orori eta edozein pribatizazio saiori.

8. artikulua. Eguesibarko Udalak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesatuari entzutea emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua. Eguesibarko Udalak Nafarroako Gobernuari Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio, lursailen inmatrikulazioa edo herrilurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Udalak osoko bilkuran hartu beharko du jakinarazpen horien inguruko erabakia.

10. artikulua. Eguesibarko Udalak Nafarroako Gobernuaren aldez aurretiko onespen berariazkoa beharko du, ondasunak herri ondarerako berreskuratzearren eskualdaketarik egin nahi izanez gero.

11. artikulua. Eguesibarko Udalak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, kontzesio edo bertze zernahiren kariaz herri ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aitzinetik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Eguesibarko Udalak, herri ondasunei buruzko kontratuetan parte denean, interpretatu eginen ditu eta horiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

Interpretatzeko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratugileek bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.

13. artikulua. Eguesibarko Udalak herri ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena posible izanen da zehaztuko den moduan. Ekintza horrek aurrera eginez gero, Eguesibarko Udalak itzuli beharko dizkie herritarrei sortutako gastuak.

IV. TITULUA

Herrilurretako ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. Ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak honako hauek dira:

a) Herrilarreen aprobetxamendua.

15. artikulua. Eguesibarko Udala herrilurren ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen ahaleginduko da eta duen izaera sozialarekin bateragarri eginen du.

16. artikulua. Orokorrean, Eguesibarko herrilurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, famili unitateen titularrek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusi izatea edo adingabe burujabea nahiz judizialki gaitua.

b) Udalaren Biztanle Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea urte bateko antzinatasunez.

c) Udalerrian urtean bederen bederatzi hilabetez egiazki eta jarraian bizi izatea.

d) Udal honekiko zerga betebeharrak eguneratuak izatea.

Famili unitateko kideak etxe berean bizi diren guztiak izanen dira. Nolanahi ere, famili unitate independientetzat hartuko da guraso jubilatuek osatua, familiakoekin bizi arren, betiere haien dirusarrerak lanbidearteko gutieneko soldata baino apalagoak baldin badira.

Artikulu hau interpretatzerakoan sor daitezkeen zalantzak kasuan-kasuan argituko ditu Eguesibarko Udalak osoko bilkuran batzarturik, Herrilurren Batzordeak txostena egin ondoan.

II. KAPITULUA

Herrilarreen aprobetxamendua

17. artikulua. Eguesibarko Udalaren herrilarreek ekoizpen unitate bakarra osatzen dute, usadioz, legez edo hitzarmenez, zenbait finka partikularrekin batera.

18. artikulua. Eguesibarko Udalaren herri larreen aprobetxamendua modu hauetako batean eta lehentasunezko ordena honetan eginen da:

a) Herritarren arteko zuzeneko esleipena.

b) Antzinako ohiturari jarraituz.

c) Enkante publikoan esleituz.

19. artikulua. Ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten famili unitateetako titularrak izanen dira herrilarreen aprobetxamenduaren herritarrendako zuzeneko esleipenaren onuradunak. Horretarako, aziendak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan alta emanda eduki beharko dituzte, eta ustiapenaren liburuan agertarazi. Titularrak, gainera, toki entitatearen baimena beharko du, bere aziendari dagokion jardueran aritzeko.

20. artikulua. Bizilagun abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak eta debeku da azpierrentan eman edo lagatzea.

21. artikulua. Esleipena 8 urterako izanen da.

22. artikulua. Eguesibarko Udalak honela ateratzen du herrilurretako bazkaleku bakoitzak jasan dezakeen abelburuen kopurua:

Egulbati: 40 behi edo behor.

Honi dagokionez, Eguesibarko Udalaren irudikoz:

Behor bat 8 ardi adina da.

Behi bat 8 ardi adina da.

Ahuntz bat ardi bat adina da.

23. artikulua. Kontuan hartuz abelburu kopurua, larreen aberastasuna eta ixtegirik dagoen ala ez, Eguesibarko Udalak lur-sari hauek finkatu ditu bere bazkaleku bakoitzerako:

Egulbati: 60 euro/azienda larriaren burua (behia edo behorra).

24. artikulua. Esleipen prezioa urtero berrikusiko da, bizitzaren kostuak dituen goiti-beheitien arabera egokitzeko, Nafarroako erakunde ofizial eskudunak (nekazaritzako KPI) onartzen dituen indizeak kontuan hartuz.

25. artikulua. Urte bakoitzari dagokion saria bi epetan ordainduko da:

_Lehenengo epea. Urteko zenbatekoaren % 50ari dagokiona, esleipena egin eta sei hilabeteren buruan.

_Bigarren epea. Urteko zenbatekoaren gainerako % 50ari dagokiona, esleipena egin eta hamabi hilabeteren buruan.

26. artikulua. Onuradunak esleipenaren egunetik 5 eguneko epean esleipenaren 8 urteei dagokien diru kopuru osoaren ehuneko 4 utzi beharko du fidantzatako.

27. artikulua. Eguesibarko Udalak larre guztien bortzena gordeko du urtero esleitu ahal izateko, onuradun berriak agertzen ote diren.

28. artikulua. Herrilarreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, Herrilarreetan bazkatzen den Aziendaren Osasun Babesari buruzko maiatzaren 4ko 5/1984 Foru Legeko 1. artikuluak eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eta Foru Lege horretako nahiz bere erregelamenduetako baldintza guztiak bete beharko ditu.

29. artikulua. Prozedura. Eguesibarko Udalak aldez aurretik erabakia hartuta, 5 eguneko epea irekiko da eskubidea izan uste dutenek larreen esleipena eska dezaten, Eguesibarko Udaletxeko iragarki oholean ediktua aitzinetik paratuta.

30. artikulua. Eguesibarko Udalak behin-behinekoz esleituko ditu lurrak, honako inguruabar hauek kontuan hartuz:

a) Lehentasuna emanen zaie egoera ekonomikorik okerrena duten famili unitateei.

b) Hartzen ahal duten azienda kargaren arabera esleituko dira bazkalekuak, azienda kopurua antzekoa duten eskatzaileen artean.

c) Bazkaleku bat bera abeltzain bat baino gehiagori esleitzen ahal zaio, guztien azienda kopurua bazkalekuak hartzen ahal duen kopurua baino handiagoa ez bada. Horrelakoetan, kanona azienda buruko ezarriko da.

d) Abeltzain bakar bati bi bazkaleku esleitzen ahal zaizkio, betiere azienda aski baditu eta herriko gainerako abeltzainen eskaerak bete badira.

31. artikulua. Behin-behineko esleipena eginik, 15 eguneko epea emanen da erreklamazioak aurkezteko. Halakorik ez bada, behin betikoz onetsitzat joko da epe hori bukatutakoan.

32. artikulua. Herritarren arteko banaketan ematen ez diren larreak enkante publikoa eginez esleituko dira 8 urterako, egungo araudia eta ordenantza honetatik aplikagarria dena betez.

III. KAPITULUA

Hobekuntzak herrilurretan

33. artikulua. 1._Eguesibarko Udalak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen esleipenak, lur horiek honako xedea baldin badute:

a) Herrilurren gaineko kargak kentzea.

b) Herrilurra hobetzea.

c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela justifikatzen duten herritarrak laguntzeko.

2._Proiektu hauek Udalak nahiz interesaturik dauden herritarrek sustatzen ahal dituzte eta lehentasuna izanen dute.

3._Hauxe da kasu horietan jarraitu beharreko prozedura:

a) Eguesibarko Udalaren erabakia, proiektua eta ukitutako herrilurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua onesten dituena.

b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea eta Eguesibarko Udalaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruz.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

4._Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herrilurretan diren esleipenak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalte eta galerak, bai eta lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordainduko zaizkie, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

34. artikulua. Aprobetxamenduaren onuradunak herrilurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak toki entitateak berak onetsi beharko ditu, aldez aurretik 15 egunean jendaurrean eduki eta gero aurkezten diren alegazioak Kontzejuak ebatzi ondotik.

V. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

35. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

a) Aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Aprobetxamenduen sariak Eguesibarko Udalak finkatzen dituen epeetan ez ordaintzea.

c) Herritarrendako aprobetxamendua nabarmen gaizki edo osorik ez egitea.

d) Herrilurrari esleipeneko erabilera ez dena ematea.

e) Lurrak lantzea udal esleipenik gabe, nahiz eta landu gabeko lurrak, hots, larre utziak, izan.

f) Laborantza iraunkorrak (frutarbolak, zainzuriak, etab.) udal baimenik gabe landatzea.

g) Esleipenetan aipatutako epeak ez errespetatzea.

h) Herrilarretan bazkatzen den aziendaren osasun babesari buruzko Foru Legean eta Erregelamenduan xedatutakoa ez betetzea.

i) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.

j) Artzaintzarako eremuak ez errespetatzea.

k) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion edozein egintza edo ekintza.

36. artikulua. Arau-hauste horiek ondoko zehapenak izanen dituzte:

_a), b), c), d), f) eta h) arau-hausteengatik, kontzesioa kenduko da, Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek ezartzen ahal dituzten zehapenak ukatu gabe.

_g) arau-haustearengatik, herrilurren edo herrilarreen esleipen-hartzailea izateko eskubidea galduko da.

_Gainerako arau-hausteengatik, egindako kaltearen balioaren halako bost eta hamar bitartean ordainaraztea. Balio hori zehazten ahal ez bada, hirurogeitik mila eta berrehun eurora bitarteko zehapena ezarriko da.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek indarra hartuko du bere testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoan eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeko 65.2 artikuluan aurreikusten den epea iraganda.

Iragarkiaren kodea: L0504075