48. ALDIZKARIA - 2005eko apirilaren 22a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Eskaintza Publikoa, oposizioak eta lehiaketak

DEIALDIA, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak apirilaren 4ko 768/2005 Ebazpenaren bitartez onetsia, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko Autopsiako laguntzaile izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzekoa.

Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak, apirilaren 4ko 768/2005 Ebazpenaren bitartez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko Autopsiako laguntzaile izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzeko deialdia onetsi zuen.

Hautapen prozesua lotuko zaizkio abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginean gaiari buruz xedatutakoari, ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen estatutua garatu eta burutzeko sarrera erregelamenduari, gainerako aplikazio arauei eta ondoko oinarri hauei.

O I N A R R I A K

1._Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honek xedea du Autopsiako laguntzaile izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzea. Lanpostua funtzionarioen araubidekoa da, D mailakoa, 6316 zenbakia dauka plantillan, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari atxikia dago eta destinoa Iruñean du.

2._Betebeharrak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean eta agiriak aurkezteko epearen barrenean (deialdiaren 7.2 atalean adierazia) eta lanpostuaren jabetza hartu arte, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio, langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa.

Orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste Estatuetako edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako Estatuetako herritarren ezkontideek hartzen ahal dute parte, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

b) Adin nagusikoa izatea eta erretiroko adina ez izatea.

c) Eskola-Graduatuko titulua, Lanbide Heziketako Lehen Mailako titulua edo horien baliokidea izatea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea.

Atzerrian lorturiko tituluak badira, homologazioa egiaztatzen duen kredentziala eduki beharko da.

d) Lanpostuaren eginkizunetan aritzeko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaiturik edo gabeturik ez egotea, ez eta Administrazio Publiko baten zerbitzutik bereizirik ere.

Nazionalitate espainiarra ez duten izangaiek frogatu beharko dute beren Estatuko Funtzio Publikoan sartzea eragozten dien diziplina zehapenik edo zigor penalik ez dutela.

2.2. Aurreko betebeharrak izendatua izateko proposaturiko hautagaiak egiaztatu beharko ditu, deialdiaren 7.2 oinarrian ezarritako epean eta moduan.

3._Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkeztu beharko dira Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean (Karlos III.a etorbidea, 2, Iruña) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 20ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan aurreikusitako bideetako edozeinetatik, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hogeita hamar egun naturaleko epean.

Aipatu eskabideak deialdian argitaratutako ereduari lotuko zaizkio. Eredua Nafarroako Gobernuaren Argibide Bulegoan eskuratzen ahalko da (Karlos III.aren etorbidea, 2, ataria, Iruña) edo interneteko www.navarra.es helbidean, dela deialdia argitaratu zen aldizkari ofizialetik abiatuta, dela Zerbitzuen Katalogoan, Lan Publikoaren atalean, deialdiaren aipamenetik abiatuta. Eskaera orrian, izangaiek adierazi beharko dute, eskabideak aurkezteko epearen azken egunerako, deialdian eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela.

3.2. Ezgaitasun aitortua duten lehiatzaileek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako ezgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, legeen arabera minusbaliatuak direla frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emandako agiriaren fotokopia konpultsatuaren bidez.

3.3. Eskabideari, behar bezala beterik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kontuan 6 euro sartu izanaren frogagiria erantsi beharko zaio, espedientea formalizatu eta azterketa eskubideak izateko.

Azterketa eskubideak ordaindu izanaren ordainagiria aurkezten ez bada, izangaia baztertu eginen da.

Honako hauek ez dute tasarik ordaindu beharko:

a) Ehuneko 33ko edo gehiagoko ezgaitasun aitortua dutela frogatzen duten pertsonak, organo eskudunak luzaturiko jatorrizko agiriaren edo behar bezala konpultsaturiko fotokopiaren bidez.

b) Hauta-proben deialdia egin aurretik hilabete batez edo luzaroago lan-eskatzaile gisa inskribaturik egon diren pertsonak. Salbuespen hori aplikatzeko baldintza izanen da inskribaturik egon den bitartean eskainitako inolako lan egokiri uko egin ez izana eta lanbide sustapen, prestakuntza edo eraberritze ekintzetan parte hartzeari uko egin ez izana, justifikaturiko kasuetan izan ezik, eta, horrez gainera, lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako den dirusarrerarik ez izatea hilabetero.

Lan eskatzailea dela frogatzeko, Enplegu Bulegoak emandako agiria aurkeztu beharko da. Bertan, lan-eskatzaile gisa inskribatu zeneko data agertuko da eta, orobat, adieraziko da inskribaturik egon den bitartean ez diola uko egin handik eskainitako inolako lan egokiri, ez eta lanbide sustapen, prestakuntza edo eraberritze ekintzetan parte hartzeari ere, justifikaturiko kasuetan izan ezik.

Hilero lanbide arteko gutxieneko lansaritik gorako errentarik ez duela interesatuaren adierazpenaren bidez frogatuko da. Argibide Bulegoan adierazpenaren eredua emanen da. Interneten, lehen aipatu den webgunean ere aurkitzen ahal da, deialditik beretik.

3.4. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da.

3.5. Eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesatuak eskaturik zuzentzen ahalko dira, noiznahi ere.

4._Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzita, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko du.

4.4. Izangaiei egotziriko arrazoiengatik baztertzen direnei ez zaizkie azterketa egiteko eskubideak itzuliko.

5._Epaimahaia

5.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

_Mahaiburua: Rafael Teijeira Alvarez jauna, Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuko zuzendaria.

Ordezkoa: Ana Hidalgo Ocaña andrea, Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuko auzitegiko medikua.

_Mahaikidea: Iñaki Pradini Olazábal jauna, Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuko Auzitegiko Patologiaren Zerbitzuko zuzendaria.

Ordezkoa: Mar Palma Oña andrea, Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuko auzitegiko medikua.

_Mahaikidea: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Anatomia Patologikoko sendagile espezialista bat.

Ordezkoa: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Anatomia Patologikoko sendagile espezialista bat.

_Mahaikidea: Administrazio Erroko Langileen Batzordearen ordezkari bat, hark berak izendatua.

Ordezkoa: Administrazio Erroko Langileen Batzordearen ordezkari bat, hark berak izendatua.

_Mahaikide idazkaria: Javier Lacarra Albizu jauna, Justiziako Zerbitzu Juridiko-administratiboko zuzendaria.

Ordezkoa: Alexia Mauleón Goñi andrea, Justizia Zuzendaritza Nagusiko Araubide Juridikoaren Ataleko burua.

Epaimahaia hautapen-probak hasi baino lehen eratuko da.

5,2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, gutxienez ere kideen gehiengo osoa bertan ez bada.

Organo kolegiatuaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.3. Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztientzako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean aipatzen diren abstentzio arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta deialdia egin duen organoari eman beharko diote horren berri.

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute mahaikideak errefusatzea, arrazoi horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzerakoan sor daitezkeen afera guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituak hartzen ahalko ditu, proba guztietarako nahiz batzuetarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta horietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6._Oposizioa nola eginen den.

6.1. Oposizioa 2005eko irailean hasiko da. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen Ebazpenean finkatuko dira ariketak egiteko tokia, eguna eta ordua.

Ondoren, epaimahaiak jendaurrean jarriko ditu gainerako proben iragarkiak, betiere erregelamenduaren arabera.

6.2. Ondoko ariketa hauek egin beharko dira oposizioaldian:

Lehenbizikoa: teorikoa, test moduko galdetegi bat idatziz erantzun behar da gai zerrendaren lehenbiziko zatian biltzen diren gaien gainean. Hutsak zehatuko dira.

Bigarrena: teorikoa, test moduko galdetegi bat idatziz erantzun behar da gai zerrendaren bigarren zatian biltzen diren gaien gainean.

Hirugarrena: praktikoa, gai zerrendaren lehenbiziko zatian biltzen diren gaiei lotua. Proba hori egiteko, epaimahaiak irudiak, laginak, tresnak eta autopsiako laguntzailearen lanean ohikoak diren gainerako elementu eta materialak erabiltzen ahalko ditu.

Epaimahaiak lehenbiziko bi ariketak batera egitea, saio bakarrean, erabakitzen ahal du.

6.3. Oposizioko ariketen balorazioan 100 puntu eman daitezke gehienez ere, honela banatuak:

Lehenbizikoa: gehienez ere 40 puntu.

Bigarrena: gehienez ere 20 puntu.

Hirugarrena: gehienez ere 40 puntu.

6.4. Lehenbiziko eta hirugarren ariketak baztergarriak izanen dira. Proba horietariko batean puntuazioaren erdia lortzen ez duten izangaiak bazter utziko dira.

6.5. Ariketak zuzendu ondoren, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean eta ariketa egin den tokian, gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin eta, halaber, oposizioaren hurrengo ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez 48 ordu lehenago.

6.6. Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da. Horretara Nortasun Agiri Nazionala, gidabaimena edo epaimahaiak askiesten duen beste nortasun agiri bat ondoan dutela joan beharko dute izangaiek. Azterketara agertzen ez direnak edo arestian aipatutako agirietako baten bidez haien nortasuna egiaztatzen ez dutenak oposiziotik baztertuko dira.

6.7. Hautapen probak egiteko, ezgaitasun aitorturen bat dutenentzat bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

7._Probak gainditu dituztenen zerrenda, izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

7.1. Oposizioko azkeneko probaren kalifikazioa emanik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, lehiaketa-oposizioan lortutako puntuazioaren araberakoa, Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean eta azken ariketa egin den lekuan. Gero, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiari igorriko dio probak puntuaziorik altuenarekin gainditu dituen izangaiaren aldeko izendapen proposamena, gainditu dutenen zerrenda eta espediente osoarekin batera. Proposamen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

Berdinketa izanez gero, lehen ariketan puntuazio altuagoa erdietsi duenaren alde jokatuko da. Hori eginda, berdinketak oraindik jarraitzen badu, kontuan hartuko dira, hurrenez hurren, hirugarren eta bigarren ariketetan eskuratutako puntuazioak.

7.2. Izendapen proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoko 30 egun naturaleko epean, proposatutako izangaiak inprimaki berariazko batzuk jaso eta honako agiri hauek aurkeztu behar ditu Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusian:

7.2.1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finko ez diren izangaiak:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren bi kopia konpultsatu, edo izangaiaren nazionalitatea eta identitatea frogatzen dituen beste agiri baliokideren batenak.

b) Deialdiko 2. oinarrian eskatzen den tituluaren kopia konpultsatua, lortzeko eskubideak pagatu direla frogatzen duen gordekinarena edo, hala bada, eskabideak aurkezteko epean titulua eskuratzeko moduan egoten dela frogatzen duen ziurtagiria.

c) Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Atalak emandako txostena, interesatuak karguan aritzea eragotziko liokeen eritasun edo akats fisiko edo psikikorik ez duela frogatzeko.

Izangaiak ezgaitasunen bat alegatu badu, gainera, ezgaitasun mailaren egiaztagiria aurkeztu beharko du, hala nola ezgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria, balorazio eta orientazio talde eskudunek luzatua.

d) Eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izanaren zinpeko aitorpena.

Izangaiak nazionalitate espainiarra ez badu, agiria aurkeztu beharko du, bere Estatuko Funtzio Publikoan sartzea eragozten dion diziplina zehapenik edo zigor penalik ez duela adierazteko.

e) Zin egitea edo hitz ematea, Nafarroako Foru Eraentza begiratu, Konstituzioari eta legeei men egin eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela dioena.

g) Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak eskatzen dizkion gainerako agiriak.

Baldin eta izangaia bada deialdi hau egin ez duen Nafarroako beste Administrazio Publikoren bateko langile finkoa, goikoez gain, aurreko administrazioko espediente pertsonalean ageri diren inguruabar eta aurrekari guztiak frogatzen dituen ziurtagiria, sarrera, antzinatasun, maila, egoera administratibo eta abarri buruzkoa.

7.2.2. Izangaia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoa bada:

a) Deialdiko 2. oinarrian eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua, lortzeko eskubideak pagatu direla frogatzen duen gordekinarena edo, hala bada, eskabideak aurkezteko epean titulua eskuratzeko moduan egoten dela frogatzen duen ziurtagiria.

c) Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak eskatzen dizkion gainerako agiriak.

Izangaiak ezgaitasunen bat alegatu badu, gainera, ezgaitasun mailaren egiaztagiria aurkeztu beharko du, hala nola ezgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria, balorazio eta orientazio talde eskudunek luzatua.

7.3. Aipatu epearen barnean, eta aski arrazoituriko ezinbesteko kasuak izan ezik, aipatu agiriak aurkezten ez baditu, ezin izanen da izendatu eta, beraz, egintza guztiak deuseztaturik geldituko dira, betiere bere eskabidearen faltsukeriagatik legokiokeen erantzun beharra galarazi gabe.

7.4. Aurreko atalean azaldutakoa gertatuz gero, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak gainditzen dutenen zerrendan, 7.1 atalekoan, hurrengo datorren izangaiarekin beteko du hutsunea, eta harekin ere aurreko ataletako prozedura bera erabiliko da.

8._Izendapena, lanpostuaren esleipena eta jabetza hartzea.

8.1. Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak, ebazpen baten bitartez, aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duen izangaia Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko funtzionario izendatuko du, Autopsiako laguntzaile lanetan aritzeko. Ebazpen horren bidez lanpostuen esleipena ere eginen da.

8,2. Izendapenarekin eta jabetza hartzearekin batera pertsona izendatu hori nomina eta plantillako funtzionario bihurtuko da, Nafarroako Foru Komunitateko funtzionarioen arloan indarrean dauden xedapenetan ezarri diren eskubide eta betebehar guztiekin.

8.3. Izendatzen den izangaiari Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean afiliatu eta hartan alta emanen zaio, araubide horretan aurreikusitako babesean, salbu eta lehendik afiliatua ez badago eskubide pasiboen erregimenean eta osasun eta gizarte laguntzan, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan eta gainerako xedapen osagarrietan aipatzen den hartan, zeren orduan aukeran izanen baitu bertan segitu edo Gizarte Segurantzaren aipatu erregimenean afiliatu.

8.4. Izendatutako izangaiak destino duen herrian bertan bizi beharra du, eta hori betetzeko udalerri horretan finkatuko du bere bizilekua. Administrazio organo eskudunek destinoa aldatzen ahalko dute, aplikatzekoa den arauterian ezarritakoarekin bat.

8.5. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da eta noiznahi aldatzen ahalko dute administrazio organo eskudunek, aplikatzekoa den arauterian ezarritakoarekin bat.

8.6. Izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da eta izangai izendatuak hilabeteko epean jabetu beharko du bere lanpostuaz, izendapenaren jakinarazpenetik kontatzen hasita.

Aipatu epean eta ezinbesteko kasuetan izan ezik, izangaiak ez baldin badu lanpostua bere egiten, Foru Komunitateko Administrazioaren funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu. Hala bada, 7.4 atalean ezarritakoari jarraikiko zaio.

8.7. Izangairen bat funtzionario bilakatu eta lanpostuan batere aritu gabe zuzenean eta berak eskatuta borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik beretik, data hartan bertze administrazio publiko batean ari delako, dagokion lanpostu hutsa beteko da deialdiko 7.4 atalak agintzen duen bezala.

9._Errekurtsoak.

Epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiari zuzendua, errekurritutako egintza argitaratu edo jakinarazi eta, biharamunetik, hilabeteko epean.

Deialdi honen oinarrien kontra eta bera aplikatzeko egintzen kontra, epaimahaiak hartutakoak izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik kontatuta.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluarekin bat eta urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2005eko apirilaren 4an._Funtzio Publikoaren zuzendari nagusia, Alberto Andérez González.

I. ERANSKINA

Eskabidea

Izena: ..................................................., adinez nagusia. Nortasun Agiri Nazionalaren (edo balio bereko beste agiriren bat): ........................ Sorteguna: .............................. Sorterria: ............................................. (......................................) Nazionalitatea: ................................... Helbidea: ......................... (kalea, zenbakia), .............. herria, ............. probintzia, ....... posta kodea, eta ........ telefonoa (........... laneko telefonoa) duena,

Honako hau azaltzen du:

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko .............. izateko ...............lanpostu ................... bidez betetzeko deialdian parte hartzeko onar dezatela eskatzen duela, aipatu txandan (deialdia ...... zenbakiko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, .........(e)an).

f Txanda irekia

f Igoera txanda (*).

f Minusbaliatuentzako txanda (*)

Karguan aritzea galarazten didan eritasun edo akats fisiko edo psikikorik ez dudala.

Indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik ez dudala.

Ez naizela diziplinako espediente bidez ezein Administrazio Publikoren zerbitzutik kanpo utzia izan, eta, era berean, ez nautela eginkizun publikoak betetzeko gaitasunik gabe utzi.

Deialdian eskatzen den titulazioaren jabe naizela.

Azterketa eskubideak ordaindu ditudala deialdian ezarritako moduan eta horren gordekina erantsi dudala, edo erantsitako agirien bidez frogatzen dudala tasa ordaintzetik salbuetsita nagoela.

Eskabideak aurkezteko epearen azken egunean beharkizun guztiak betetzen ditudala.

f Ezgaitasuna dudala eta, beraz, behar ditudan egokitzapenak eskatzen ditudala, haietarako arrazoiak adierazita. (Bertze orri batean azaldu behar dira eskatutako egokitzapenak eta haietarako arrazoiak).

f Ezgaitasuna frogatzen duen agiria aurkezten dudala, erakunde eskudun batek emana.

f Euskararen gaitasunaren agiria edo ofizialki baliokidea den beste titulu bat aurkezten dudala (*).

f Euskarazko proba egin nahi dudala (*).

Horrenbestez,

Eskabide hau ontzat hartu eta aipatu deialdian onartua izatea eskatzen dut.

Iruñean,........(e)ko .........................aren ............(e)an.

(Sinadura)

(*) Bidezkoa denean bakarrik.

NAFARROAKO GOBERNUA. LEHENDAKARITZA, JUSTIZIA ETA BARNE DEPARTAMENTUA. FUNTZIO PUBLIKOAREN ZUZENDARITZA NAGUSIA.

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

Lehen zatia

1. gaia._Anatomiaren arloko terminologia orokorra. Organoen eta aparatuen identifikazioa; non dauden.

2. gaia._Hilotza irekitzeko teknikak. Irekitzeko teknika bereziak: jaioberriak, lepoko ornoak.

3. gaia._Autopsia egiteko teknika bereziak: enbolia gaseosoa, biriketako tronboenbolismoa, larruazalpeko disekzioa eta hilotzen erradiologia.

4. gaia._Hilotzetako fenomeno abiotiko eta biotikoak: neurtu eta baloratzeko metodoak. Haien kritika.

5. gaia._Babesteko arauak lantokian: nork bere burua babesteko neurriak eta neurri orokorrak. Prebentzio arauak.

6. gaia._Tresnak erabiltzea: prestatzea, garbitzea, mantenimendua eta erabilera.

7. gaia._Kontserbatzeko disoluzioak prestatzea: formola, formol tanponatua eta beste batzuk.

8. gaia._Lagin biologikoak erabiltzea: bilketa, ontzi motak, etiketak, biltegiratzea eta igortzea. Lagin bakoitzaren baldintza bereziak eskatu den azterketaren arabera.

9. gaia._Hilotza zaintzea, aztarnak babestea, laginak babestea eta hilotzaren gauza pertsonalak kontrolatzea. Laginak zaintzeko katea.

10. gaia._Hilotza kontserbatzeko teknikak.

11. gaia._Auzitegiko agiri medikoak: analisi kimiko-toxikologikoa, histopatologikoa, biologikoa eta kriminalistikoa eskatzea.

12. gaia._Legearen araberako autopsia medikoei buruz Europar Batasunak eman duen Gomendioari hurbiltzea.

13. gaia._Nafarroako Justizia Administrazioaren antolaketa.

14. gaia._Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutua: Estatuko arauak eta Nafarroakoak.

Bigarren zatia

1. gaia._Espainiako 1978ko Konstituzioa: Atariko titulua. Funtsezko eskubideak eta eginbeharrak. Botere legegilea eta botere exekutiboa: Gorte Nagusiak, Gobernua eta Administrazioa; elkarren arteko harremanak. Estatuaren lurralde-antolaketaren abiaburu orokorrak.

2. gaia._Nafarroako Foru Komunitatea. Nafarroa Konstituzioan. Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeko Lege Organikoa. Bere izaera eta erreforma. Atariko titulua. Foru erakundeak: Nafarroako Parlamentua, Nafarroako Gobernua eta Nafarroako Gobernuko lehendakaria.

3. gaia._Nafarroako Foru Komunitatea: ahalmenak eta eskumenak. Eskumen historikoak, esklusiboak, legeak egitekoak eta gauzatzekoak. Justizia administrazioa Nafarroan. Harremanak Estatuko Administrazioarekin eta autonomia erkidegoekin.

4. gaia._Zuzenbidearen iturburuak: Konstituzioa, Zuzenbidearen iturburu nagusia. Nazioarteko itunak, Europar Komunitateko Zuzenbidea bereziki. Estatuko ordenamendu eta ordenamendu autonomikoaren arteko harremanak. Legea: kontzeptua eta motak. Erregelamendua: kontzeptua eta motak. Legearen eta Erregelameduaren arteko erlazioak. Erregelamenduak emateko ahalmena eta horren mugak. Erregelamenduen kontrola.

5. gaia._Administrazio egintza: kontzeptua, motak eta osagaiak. Administrazio egintzen betekizunak, eraginkortasuna, deuseztasuna eta deuseztagarritasuna.

6. gaia._Administrazio egintzen berrikuspena. Administrazio errekurtsoak eta errekurtso judizialak: printzipio orokorrak eta motak. Ofiziozko berrikuspena.

7. gaia._Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa (I): printzipio orokorrak. Hiritarren eskubide nagusiak. Egitura organikoa. Kide anitzeko organoak. Administrazio organoen eskumenak. Erakunde publikoak eta haien menpeko baeste entitate batzuk.

8. gaia._Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa (II): administrazio jarduketaren gaineko xedapen nagusiak: prozedurak, egintzak, egintzen berrikuspena, administrazio errekurtsoak eta lan auzibidera eta bide zibilera jo aurreko erreklamazioak.

9. gaia._Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa (III): zehatzeko ahalmena. Ondare-erantzukizuna. Harremanak beste administrazio publikoekin.

10. gaia._Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileak (I): langile motak. Funtzionario publikoen lege araubidea: funtzionario bihurtzea, haren egoeran etetea eta izatetik gelditzea. Administrazio karrera. Administrazio egoerak. Lanpostuak betetzea. Lansariak.

Iragarkiaren kodea: F0510267