154. ALDIZKARIA - 2005eko abenduaren 26a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

1155/2005 EBAZPENA, azaroaren 24koa, Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiak emana, curriculum egokituko kanpo unitateetan eskolatze banatuaren modalitateko ikasle adingabeak hartzen dituzten ikastetxeei 2005erako ordaindu beharreko dirulaguntzaren modulu ekonomikoa behin-behinekoz ezarri, urte bereko urtarril-abuztuko atzerakinak ordaintzeko baimena eman eta 2005eko irail-abenduari dagozkion dirulaguntzak ordaintzeko baimena ematen duena.

Apirilaren 2ko 90/1998 Foru Aginduaren bidez, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren zikloan hezkuntzari dagokionez sustatu eta konpentsatzeko neurriak behar dituzten ikasleendako berariazko erantzunak ezartzeko jarraibide eta orientazioak eman ziren.

2005eko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 29ko 18/2004 Foru Legeak badu horretarako kontusail bat: "Haur eskolatugabeak hartzen dituzten ikastetxeetarako dirulaguntza: Ilundaingo baserri baserri-eskola, Etxabakoizko lantegi-eskola eta beste".

Irakaskuntza itunduaren sektorean hezkuntzaren kalitatea eta lan baldintzak hobetuz joateko akordioa sinatu zen 2005eko martxoaren 10ean, eta Gobernuak, azaroaren 7an, aurreko akordioa Hezkuntza Departamentuak bere egiteko erabakia hartu zuen. Horiek horrela, Departamentu honetako Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuko zuzendariak txosten bat aurkeztu du, dirulaguntza moduluaren kalkulua azaltzeko; dirulaguntza hori curriculum egokituko kanpo unitate bakoitzari dagokio, 2004/2005 ikasturterako (urtarrila-abuztua) eta 2005/2006 ikasturterako (iraila-abendua), eta emanen zaio adinagatik bigarren hezkuntzako ikastetxe batean eskolaturik egon beharko luketen baina, norberaren ezaugarrien arabera, hartatik kanpo dauden ikasleak hartzeko zerbitzua curriculum egokituko kanpo unitate batean eskolatze banatuko modalitatean ematen ari den ikastetxe bakoitzari, apirilaren 2ko 90/1998 Foru Aginduaren hamaikagarren idatz-zatian ezarritakoaren arabera; 2005eko urtarriletik abuztura bitarteko atzerakinak eta 2005eko irailetik abendura bitarteko dirulaguntzak ordaintzea ere proposatu du.

Orain arte, Dibertsitate, Kultura-aniztasun eta Immigraziorako Zerbitzuak proposaturik, bai 2004/2005 ikasturtean bai 2005/2006koan, curriculum egokituko kanpo unitate hauetarako baimena eman da: hiru unitate Ilundaingo "Haritz Berri" baserri-eskolan, bi unitate Iruñeko "Etxabakoitz" lantegi-eskolan, Cascanteko "La Ribera" ikastetxean eta Garesko "Puente" ikastetxean; eta unitate bat Berriozarko "Lantxotegi" lantegi-eskolan eta Tuterako "El Castillo" lantegi-eskolan.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa arautzen duen abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. artikuluko d) idatz-zatiak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 2005erako dirulaguntzaren modulu ekonomikoaren zenbatekoa onestea, hots, 72.545,38 euro, urte horretako urtarril-abuzturako, curriculum egokituko kanpo unitateetan 16 urtetik beheitiko ikasleak hartzen dituzten irabazi asmorik gabeko erakundeei emateko.

2. Ebazpen honen 1. atalean ezarritako dirulaguntza moduluaren xedea da ikasle horiei dohainik irakastea eta apirilaren 2ko 90/1998 Foru Aginduan aipatzen diren sustatze eta konpentsatze neurriak eta curriculuma jasotzea.

Dirulaguntza kontzeptu hauetan erabili beharko da:

_Hezitzaileen kostua: irakasleak eta/edo adituak.

_Funtzionamendu gastuak eta behar den ekipamendua erosi eta amortizatzekoak.

_Beste zehar-kostu batzuk.

Hezitzaileen kostuan, horretan lansariak eta gizarte segurantzako gastuak direla, hezitzaileen lanaldiko ratio bat sartzen da, alegia, astean 30 irakastordu eta lanaldi laurden bat irakasleak ez diren langile laguntzaileen unitate bakoitzeko.

3. Ikasle horiei ematen zaien laguntza esperimentala denez, dirulaguntzaren modulu ekonomikoen zenbatekoak eta langile hezitzaileen kopuruak diruz lagunduriko unitateko, ebazpen honetako 1. eta 2. ataletan ezarri direnak, 2005. urterako behin-behinekoak dira, eta urte horretako urtarril-abuztuko eta irail-abenduko aldiei aplikatuko zaizkie. Gainera, 2006. urtean eguneratu eginen dira 2005/2006 ikasturtea amaitzeko, baina horrek ez dakar hurrengo ikasturteetarako luzapenik.

4. 2005eko urtarrila-abuztua aldiari dagozkion atzerakinak ematea, urte horretako hilabete horietan curriculum egokituko kanpo unitate baimenduak dituzten ikastetxe hauei:

_Berriozarko "Lantxotegi" lantegi-eskolari (IFZ G31279961), curriculum egokituko unitate batengatik, 1.834,48 euro.

_Cascanteko "La Ribera" ikastetxeari (IFZ G31729114) curriculum egokituko bi unitaterengatik, 3.668,96 euro.

_Ilundaingo "Haritz Berri" baserri-eskolari (IFZ G31725484), curriculum egokituko hiru unitaterengatik, 5.503,44 euro.

_Iruñeko "Etxabakoitz" lantegi-eskolari (IFZ G31780562), curriculum egokituko bi unitaterengatik, 3.668,96 euro.

_Garesko "Puente" ikastetxeari (IFZ Q3100108 D), curriculum egokituko bi unitaterengatik, 3.668,96 euro.

_Tuterako "El Castillo" lantegi-eskolari (IFZ G31031644), curriculum egokituko unitate batengatik, 1.834,48 euro.

5. Irailetik abendura bitarteko dirulaguntzak ematea irabazi asmorik gabeko entitate hauei:

_Berriozarko "Lantxotegi" lantegi-eskolari (IFZ G31279961), curriculum egokituko unitate batengatik, 29.018,15 euro.

_Cascanteko "La Ribera" ikastetxeari (IFZ G31729114) curriculum egokituko bi unitaterengatik, 58.036,30 euro.

_Ilundaingo "Haritz Berri" baserri-eskolari (IFZ G31725484), curriculum egokituko hiru unitaterengatik, 87.054,45 euro.

_Iruñeko "Etxabakoitz" lantegi-eskolari (IFZ G31780562), curriculum egokituko bi unitaterengatik, 58.036,30 euro.

_Garesko "Puente" ikastetxeari (IFZ Q3100108 D), curriculum egokituko bi unitaterengatik, 58.036,30 euro.

_Tuterako "El Castillo" lantegi-eskolari (IFZ G31031644), curriculum egokituko unitate batengatik, 29.018,15 euro.

6. Ebazpen honen 4. eta 5. atalean emandako dirulaguntzen finantzaketa, guztira 339.379,93 euro, indarra duen gastuen aurrekontuko "Haur eskolatugabeak hartzen dituzten ikastetxeetarako dirulaguntza: Ilundaingo baserri-eskola, Etxabakoizko lantegi-eskola eta beste" izeneko 410003-41140-4811-322D02 kontusailaren kargura egiten ahalko da.

7. 339.379,93 euroko gastua baimentzea 2005eko urtarriletik abuztura bitarteko atzerakinetarako eta irailetik abendura bitarteko dirulaguntzetarako. Diru hori denbora horretan martxan diren curriculum egokituko kanpo unitateek sortutako gastuetarako da.

Modulu hori 2006rako eguneratzen denean % 60a ordainduko da bi epetan: % 45a 2006. urteko lehen hiruhilekoan; horretarako, onuradun izaten direnek honako dokumentazio hau bidali beharko dute, otsailaren 20a baino lehen, Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzura:

Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren egiaztagiria, zergei dagokienez egunean daudela ziurtatzen duena.

Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorraren egiaztagiria, ikasturtea hasi aurreko hamabi hilabeteetan Gizarte Segurantzaren kuotak ordaindu izanarena, hau da, 2004ko irailetik 2005eko abuztura arteko kuotak (bi hilabeteak barne).

Gainerako % 15a 2006ko azken hiruhilekoan ordainduko da, ebazpen honen bederatzigarren atalean aipatu egiaztagiriak aurkeztu eta gero.

8. Ekonomia eta Ogasun Departamentuari behar diren ordainketak egin ditzala eskatzea, guztira 339.378,93 euro, 2005eko gastu aurrekontuko "Haur eskolatugabeak hartzen dituzten ikastetxeak: Ilundaingo baserri-eskola, Etxabakoizko lantegi-eskola eta beste" izeneko 410003-41140-4811-322D02 kontusailaren kontura.

9. Dirulaguntzaren onuraduna den entitate titularrak Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuan honako dokumentazio hau aurkeztu beharko du 2006ko urriaren 15a baino lehen:

1. Hezitzaileen gastuen frogagiriak.

Lan kontratua duten langileen kasuan, programan lan egin duten pertsonek izenpetutako kontratuen eta nominen fotokopia konpultsatua, izena, NANa, ikasketen titulazioa eta dagokien Lan Hitzarmen kolektiboaren araberako lanbide kategoria adierazirik.

Hezitzaileen Gizarte Segurantzako kotizazioen frogagiriak (TC1 eta TC2).

PFEZri dagozkion zenbatekoen atxikipenen frogagiriak.

Langile autonomoak baldin badira, zerbitzuak egiteko kontratuen eta dagokien BEZaren likidazioaren fotokopia konpultsatua.

2. Funtzionamendu kostuen, ekipamenduaren amortizazio kostuen eta beste zehar-kostu batzuen ordainagiri eta fakturen aurkibidea eta zerrenda zenbakiduna eta ordenatua (jatorrizkoak eta fotokopiak).

Dokumentuak konpultsatu ordez, zilegi izanen da jatorrizkoen eta kopien zerrenda zenbakiduna eta ordenatua aurkeztea, Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuan dokumentuen egiazkotasunaren fede emateko.

Entitatearen inbentarioan dirulaguntzaren bidez erositako material inbentariagarria sartu izanaren egiaztagiria.

Jasotako dirulaguntza ez justifikatzeak berarekin ekarriko du justifikatu gabeko zenbatekoak itzultzea.

11. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntza kontseilariari zuzendua, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

12. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila agintzea.

13. Ebazpen hau igortzea entitate pribatu interesatuei, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntza Departamentuan duen kontu-hartzaile delegatuari, Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuari, Dibertsitate, Kultura-aniztasun eta Immigraziorako Zerbitzuari, Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzuari, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari, Ikastetxeen eta haien Finantzaketaren Atalari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari eta Hezkuntza Itunen Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2005eko azaroaren 24an._Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusia, Fermín Villanueva Ferreras.

Iragarkiaren kodea: F0523321