154. ALDIZKARIA - 2005eko abenduaren 26a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.4. Ebazpenak

241/2005 EBAZPENA, abenduaren 1ekoa, Garraio zuzendari nagusiak emana, errepideko bidaiari-garraio erregular finkoko zerbitzu publikoetan kobratu beharreko gutxienekoa eguneratu eta tarifa orokorra igotzen duena.

Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak, otsailaren 10eko 146/2005 Foru Aginduaren bidez, errepideko erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio erregular finkoko zerbitzu publikoetan kobratu beharreko gutxienekoaren azkeneko garestitzea onetsi zuen.

Lurreko garraioen antolamenduari buruzko uztailaren 30eko 16/1987 Legearen 19. artikuluak, abenduaren 27ko 24/2001 Legeak egindako aldaketaren arabera, finkatu du tarifen berrikuspen automatikoa Kontsumorako Prezioen Indizeari eta linea erregularren produktibitateari jarraikiz eginen dela.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari dagokio bere eskumeneko kontzesioetako gutxieneko prezioak ezartzea.

Ikusirik Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuak egindako txostena, non proposatzen baita kobratu beharreko gutxienekoa berrikustea eta non azaltzen baita erregaien prezioan izandako igoerak eragina izan duela zerbitzu horien kostuen egituran, beharrezkoa da tarifak berrikustea, aipatu legearen 17., 18. eta 19 artikuluan eta haren erregelamenduaren 28., 29., 86., 87. eta 88. artikuluetan xedatutakoa betetzeko, horietan finkatzen baita lurreko garraioaren zerbitzu eta jardueren araubide ekonomiko-finantzarioa. Hori kontuan harturik, bidezkoa da % 3,30eko igoera baimentzea, 2006. urtean egin behar denaren kontura. Hortaz, urte horretan egiten den igoerari orain egiten dena kenduko zaio.

Kontsumitzaile eta erabiltzaileen defentsarako uztailaren 19ko 26/1984 Lege Orokorreko 22.2.d) artikuluan xedaturikoarekin bat, Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Elkarteei entzun ondoren.

Horrenbestez, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariaren martxoaren 1eko 230/2005 Foru Aginduak emandako eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Errepideko erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio erregular finkoko zerbitzu publikoetan kobratzeko gutxienekoa 0,95 euro izanen da, BEZa barne.

2. 2005eko abenduaren 1etik aurrera % 3,30eko igoera baimentzea, 2006. urtean eginen denaren kontura. Orain egiten den igoera 2006. urtean egiten denari kenduko zaio.

3. Tarifa berriak aplikatzeko, kontzesioa hartzen duten enpresek Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuari eskatuko diote taula berriei ikus-onetsia eman diezaiela.

4. Tarifa taula horiek, behar bezala ikus-onetsi ondoren, txarteldegietan ikusgai agertu beharko dute.

5. Ebazpen honen berri ematea Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuari eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2005eko abenduaren 1ean._Garraio zuzendari nagusia, Jesús María Odériz Echevarría.

Iragarkiaren kodea: F0524238