129. ALDIZKARIA - 2005eko urriaren 28a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

1431/2005 EBAZPENA, uztailaren 4koa, Ingurumen zuzendari nagusiak emana, tizu papera egin eta eraldatzeko jarduerarako ingurumen arloko baimen osatua ematen duena. Ibertissue, S.L.U. enpresak sustatzen du, Buñuelgo udalerrian.

Sofidel, S.P.A. enpresak, 2004ko azaroaren 12an, Buñuelgo industrialdean tizu papera egiteko fabrika baterako ingurumen arloko baimen osatua eskatzeko oinarrizko proiektuko agirien lau ale aurkeztu zituen Ingurumen Departamentuan.

Instalazio hori kutsaduraren aurkako aurreneurri eta kontrol osatuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legeko I. eranskineko "Papera eta kartoia egiteko instalazio industrialak, egunean 20 tonatik goiti ekoizteko gaitasuna dutenak" deritzon 6.1b) atalaren barruan dago. Horregatik, lege hartan aurreikusten den prozedurarekin bat, ingurumen arloko baimen osatua lortu behar du.

Alderantziz, instalazio hau ez da ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren menpe jarri behar, ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua aldatzen duen maiatzaren 8ko 6/2001 Legeko I. eranskinean ez baita sarturik. Izan ere, jarduera mota I. eranskineko 5.f.2. atalean aipatzen denarekin bat, egunean 200 tona paper baino gutxiago ekoitzi asmo dira eta. Beraz ez da beharrezkoa ingurumenaren gaineko eragina ebaluatzeko arloko jarduketak ingurumenaren arloko baimen osatua emateko prozeduran sartzea.

Kutsaduraren aurkako aurreneurri eta kontrol osatuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legean adierazitakoaren arabera izapidatu da espedientea eta haren gaineko txostena egin.

2004ko abenduaren 13an, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaraturik, proiektua jendaurrean paratzeko epea hasi zen, kutsaduraren aurkako aurreneurri eta kontrol osatuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legeko 16. artikuluan xedaturikoarekin bat.

Jendaurreko aldian ez zen alegaziorik aurkeztu proiektu honi buruz.

2005eko martxoaren 22an Buñuelgo Udalari espedientearen kopia bidali zitzaion eta derrigorrezko txostena eskatu zitzaion, bere eskumeneko alderdietan instalazioa egokia zen ala ez adieraz zezan, uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 18. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

2005eko apirilaren 5ean, Buñuelgo Udalaren txostena hartu zen, adostasuna adierazten zuena.

Interesatuei entzunaldia emateko izapidea betetzearren, uztailaren 1eko 16/2002 Legeko 20. artikuluan xedatu bezala, 2005eko ekainaren 21ean, ingurumenaren arloko baimen osatuaren gainean ebazteko proposamena igorri zitzaion Sofidel, S.P.A. enpresari, gehienez ere hamabost eguneko epean, bidezkotzat jotzen zuena adieraz zezan.

Sofidel, S.P.A.k, 2005eko ekainaren 23an, alegazio batzuk aurkeztu zizkion proposamenaren testuari. Alegazio horiek, aztertu ondoren, ebazpen honetan bildu dira hein batean.

Besteak beste, instalazio industrialen titulartasuna Ibertissue, S.L.U. enpresari ematea eskatu zuen.

Baimen honek Nafarroako Hondakin Toxiko eta Arriskugarrien Ekoizle Txikien Erregistroan izena ematekoa biltzen du, erregistro hori arautzen duen urriaren 13ko 312/1993 Foru Dekretuan xedaturikoarekin bat.

Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen otsailaren 24ko 42/2005 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Tizu papera egin eta eraldatzeko jarduerarako ingurumen arloko baimen osatua ematea. Ibertissue, S.L.U. enpresak (CIF, B31/845373) sustatzen du, Buñuelgo industrialdea osatuko duten instalazio industrialetarako.

2. Jarduera oinarrizko proiektuan eta 608/04 (IPPC) espediente administratiboko agiri osagarrietan aipatzen diren baldintzei jarraituz garatu beharko da eta betiere ebazpen honen II. eta III. eranskinetan aipatzen diren neurriak bete beharko dira.

3. Ingurumen arloko baimen osatu honek zortzi urteko indarraldia du. Indarraldia amaitu baino 10 hilabete lehenago, gutxienez, titularrak berriztapena eskatu beharko du, erregelamendu bidez ezarriko den administrazio prozedurari jarraikiz.

4. Jarduerari aldaketaren bat egin nahi izanez gero, titularrak aurretik Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko dio. Aldaketa funtsezkoa den ala ez adieraziko du eta arrazoiak azalduko ditu, uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 10.2 artikuluan dauden irizpideen arabera, eta behar diren egiaztagiriak erantsiko ditu. Aipatu lege horren 10.4 eta 10.5 artikuluetan xedatutakoa aplikagarria izanen da.

5. Nafarroako Hondakin Toxiko eta Arriskugarrien Ekoizle Txikien Erregistroan ematen zaio izena, urriaren 13ko 312/1993 Foru Dekretuan xedaturikoarekin bat. PP/818/NA/2005 zenbakia izanen du. Hondakin arriskugarriak sortzen dituen jarduera A802 da, Papera eta kartoia ekoiztea, hondakin toxkiko eta arriskugarriei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamenduko I. eranskineko 6. taularen arabera. Erregelamendu hori uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen.

6. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

7. Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasiko dira.

8. Ebazpen hau jakinaraztea Ibertissue, S.L.U. enpresari, Buñuelgo Udalari eta Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2005eko uztailaren 4an._Ingurumen zuzendari nagusia, Juan José Grau Lasheras.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesatuen eskura daude, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren bulegoetan, Iruñeko Armada etorbideko 2ko behean (8. mailan, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuan).

Iragarkiaren kodea: F0519890