100. ALDIZKARIA - 2005eko abuztuaren 22a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

35/2005 ERABAKIA, abuztuaren 3koa, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak hartua, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluan Zuzenbideko eta Enpresen administrazio eta zuzendaritzako lizentziatuentzako beka baterako deialdia onesten duena.

Apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntzarako bekak emateko araubide orokorra ezarri zen.

Arau hori Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluari aplikatzeak badu funtsik; izan ere, organo hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari aplikatzen zaion araubide ekonomiko-finantzarioaren menpe dago, eta prestakuntza bekak ematea laguntza publiko bat ematea da, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluaren aurrekontuaren kargura, eta, horrenbestez, Nafarroako aurrekontu orokorren kargura.

Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak beka bat emateko deialdi hau onetsi du, graduatu ondoko tituludunei ezagutza espezializatua eta esperientzia praktikoa emateko, horrela arlo publikoan zein enpresa pribatuan dagoen eskariari erantzun ahal izan dezaten.

Horrenbestez,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluan Zuzenbideko eta Enpresen administrazio eta zuzendaritzako lizentziatuentzako beka baterako deialdia onestea.

2. Deialdiko oinarri arau-emaileak onestea. Oinarri horiek ebazpenaren eranskinean azaltzen dira.

3. 2.100,00 euroko gastua egiteko baimena ematea, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluko 2005eko aurrekontuan "Transferentzia arruntak Fakultate eta Unibertsitate Eskolentzat" izeneko kontusailaren kargura.

4. Erabaki hau eta eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Iruñean, 2005eko abuztuaren 3an._Kontseiluburua, Ramón Bultó Llevat.

E R A N S K I N A

Beka baterako deialdia Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluan

A R A U A K

1._Sorrera.

Zuzenbideko eta Enpresen administrazio eta zuzendaritzako lizentziatuentzako beka bat sortu da Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluan.

2._Iraupena.

Prestakuntza bekaren iraunaldia bekak ematen direnean hasiko da eta 2005eko abenduaren 31n amaituko. Zernahi dela, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak luzatzen ahalko ditu, administrazio unitateek eskatuz gero, hamabi hilabete arteko aldietarako luzatu; gehienez ere hiru urte hartuko dituzte hasierako aldiak eta luzapenek, denak batuta. Posibilitate hori urte bakoitzeko gastuen aurrekontuan behar adinako kreditua izatearen menpe egonen da beti.

3._Zenbatekoa.

Prestakuntzako beka honengatik, 700,00 euro emanen dira hilean, hilabetea igarotakoan eman ere; zati proportzionala ere ordainduko da, hala ordaindu beharra gertatzen denean.

4._Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Prestakuntza bekak hartzen ahalko dituzte, soil-soilik, ondoren azaltzen diren baldintza guztiak betetzen dituzten pertsona fisikoek:

a) Adinez nagusi izatea.

b) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Dena den, Espainiako nazionalitatea ez dutenek gaztelaniaz behar adina badakitela frogatu beharko dute.

c) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen laguntza eta dirulaguntza publikoak jasotzeko desgaitua ez egotea.

d) Bizitokia Nafarroan izatea, deialdia egin zen eguna baino urte bat lehenagotik gutxienez.

e) Lehenengo oinarrian azaldu den unibertsitateko titulu ofiziala izatea, Espainiako agintariek emana edo homologatua.

f) Eskatutako titulu hori prestakuntza bekarako deialdiaren aurreko hiru urteetan eskuratua izatea.

g) Bekako prestakuntza jardueran aritzea galaraz dezakeen ezgaitasun fisikorik edo bestelako gaixotasunik ez izatea.

Aurreko baldintzak bete beharko dira prestakuntzarako bekak irauten duen bitartean.

5._Balorazio baremoa.

Ebaluazio Batzordeak aztertu eta baloratuko ditu aurkeztutako eskabideak, eta merezimenduak kalifikatuko ditu baremo honen arabera:

a) Ikasketa espedientea: gehienez 5 puntu.

b) Deialdiarekin zerikusia duten beste ikasketa titulu eta prestakuntza ikastaro batzuk: gehienez 2 puntu.

c) Deialdiarekin zerikusia duten lanetako esperientzia: gehienez puntu bat.

d) Hizkuntzak jakitea: gehienez 0,5 puntu.

e) Informatikako ezagupenak: gehienez 1,5 puntu.

6._Eskabideak eta egiaztagiriak.

Deialdi honetako beka Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman ondoko hamabost egun naturaleko epean eskatzen ahalko da.

Eskatzaileek jarraian aipatzen diren agiriak aurkeztuko dituzte Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseilua (Iruñeko Arrieta kalea, 11, 4. oina) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan adierazitako lekuetako batean:

a) Bekaren deialdian onartua izateko eskaera-idazkia.

b) Curriculum vitae, egindako ikasketak, burututako jarduerak, argitalpenak, lortutako sariak, dakizkien hizkuntzak, informatikako ezagupenak eta aipatu nahi dituen merezimendu guztiak adierazten dituena. Ziurtagirien bidez erakutsi beharko da, baloratzeko.

c) Espediente akademikoaren ziurtagiria, maila bakoitzeko gai guztien kalifikazioekin, zein deialditan gainditu zituen espresuki aipatzen duena.

d) Lortu dituen titulu eta diplomen fotokopia konpultsatua.

e) Jaiotagiria edo NANaren fotokopia konpultsatua.

f) Bizitokia Nafarroan dela frogatzen duen ziurtagiria, deialdia baino urte bat lehenagotik gutxienez.

g) Deialdi honetako bosgarren oinarriko c) eta g) puntuetan zehaztu betebeharrak betetzen direla egiaztatzen duen agiria.

Agiriak posta bulego batean aurkeztuko badira, gutun-azal ireki batean aurkeztuko dira, lehenengo orriko goiko aldean bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua (minutu eta guzti) adierazi ahal izateko. Datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira (posta zerbitzuak arautzen dituen abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuaren 31. artikulua).

7._Ebaluazio Batzordea.

Ebaluazio Batzordearen eginkizuna honakoa izanen da: prestakuntzarako beken eskatzaileek baldintzak betetzen dituztela egiaztatu, alegatutako merezimenduak aztertu eta ebazpen proposamena egitea. Honela osatuko da:

a) Batzordeburua: Ramón Bultó Llevat jauna, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluko burua.

b) Kideak: María Isabel Martínez Eder andrea, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluko kidea eta Borja Mora-Figueroa Monfort jauna, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluko kudeatzailea.

c) Idazkaria: Margarita de Pablo Contreras andrea, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluko legelaria.

8._Bekak ematea.

Organo eskudunak gehienez bi hilabete izanen ditu, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik, prestakuntza beken esleipena ebazteko. Eskabideak aurkezteko epea bukatu eta handik bi hilabetera ebazpen espresurik eman ez bada, eskaerak ezetsi egin direla ulertuko da, administrazioaren isiltasunaz.

Ebazpenean aipatuko da beka eman zaien eskatzaileen zerrenda, eta espres agerraraziko da, halakorik baldin bada, zein eskaerari esan zaion ezetz.

Prozeduran emandako ebazpena puntuaziorik altuena izan duelako onuradun denari jakinaraziko zaio eta Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluaren egoitzan (Arrieta, 11 bis, 4. oina, Iruña) jendaurrean jarriko da.

9._Jarduera.

Bekadunak Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluaren zerbitzu juridikoen begiraletza eta zuzendaritzapean jardungo du. Astean hogeita hamar orduz ariko dira gehienez.

Bekadunek prestakuntzarako behar diren joan-etorriak eginen dituzte.

Bekaldiaren hilabete bakoitzeko, 2,5 egun naturaleko oporraldia emanen zaio bekadunari.

10._Noiz hasi.

Hautatutako bekaduna Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak adierazten dionean hasi beharko du bertan bere lanarekin.

11._Bateragarritasunak.

Beka hau bateragarria da Administrazioaren beraren edo Espainiako nahiz atzerriko beste administrazio publikoen, erakunde publiko zein pribatuen edo partikularren bestelako beka edo dirulaguntzekin.

Onuradunak prestakuntzarako jarduera bat egiteko hartzen dituen beka edo dirulaguntzak bateragarriak direnean, jasotako zenbatekoa ezin izanen da 13.000 eurotik gorakoa izan, dela bakarka dela administrazio beraren, beste administrazio publiko baten edo Espainiako nahiz atzerriko erakunde publiko edo pribatu baten nahiz partikular baten beste dirulaguntzekin baturik.

12._Araubide juridikoa.

Oinarri arau-emaile hauetan aurreikusten ez den orotan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta bere erakunde autonomoetan prestakuntzarako bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraituko zaio.

Orobat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta bere erakunde autonomoetako dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezarri zuen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean xedatutakoari men eginen zaio, betiere hor ezarritakoa aplikagarria baldin bada, prestakuntza beken ezaugarrien arabera.

13._Gora jotzeko errekurtsoa.

Deialdiaren eta oinarri hauen eta Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak deialdirako diktaturiko egintzen aurka honako errekurtso hauetakoren bat sar daiteke:

a) Aukerako berraztertze-errekurtsoa, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluaren aurrean, egintza edo erabakia jakinarazi edo argitara eman eta biharamunetik kontatzen hasita hilabeteko epean.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren aurrean, egintza edo erabakia argitara eman eta biharamunetik bi hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F0517216