100. ALDIZKARIA - 2005eko abuztuaren 22a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

92/2005 FORU DEKRETUA, ekainaren 27koa, Josefina eta Conchita Guerendiain Larráyoz andreei Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematen diena.

Josefina eta Conchita Guerendiáin Larrayoz ahizpak joan zen mendeko hogeita hamarreko hamarkadan hasi ziren lanean sukaldaritzaren arloan, Iruñeko Comedias kaleko "Casa Cuevas" jatetxea irekiz.

1938. urtean "Restaurante-Hostal del Rey Noble" sortu zuten Sarasate Pasealekuko 5. zenbakian, Nafarroako hiriburua goi mailako jatetxe batez hornitzeko xedez. Aipatu jatetxeari "Las Pocholas" deitu zitzaion handik gutxira. Izan ere, izen horrekin irabazi zuen ospea bere kartaren kalitateari esker. Horren erakusgarri da 1966an lau sardexkako jatetxe gisa katalogatu zela, 280 lagunentzako tokia izanda.

Sei hamarkadatan zehar, "Las Pocholas" erreferentziako jatetxea izan D Iruñera ailegatzen ziren bisitarientzat. Bi izan ditu ezaugarri nagusiak: sukaldaritza paregabea eta bezeroenganako tratu bikaina. Jatetxe honetako mahaietan izen handiko jende asko eseri da: politikariak, enpresaburuak, profesionalak, idazleak _Ernest Hemingway esate baterako_, toreroak eta artistak, eta Nafarroako hiriburura negozioengatik edo plazerez bisitatzen zuten pertsonaia ospetsu asko.

Sanferminetan batik bat, erreferentziako festa-gune bihurtzen zen "Las Pocholas", baita ospetsuen pasadizo eta berri jakingarrien bilgune ere. Jatetxe hau Nafarroako gastronomia gorenaren aurrekaria da, gaur ere beste jatetxe batzuetan garatua.

Horregatik guztiagatik, "Las Pocholas" Nafarroako Gobernuak bultzatu nahi duen kalitateko turismoaren aitzindari paregabea da. Bertan biltzen dira Nafarroako gastronomia modernoaren joeren aurreko irekitasuna eta jatetxeak erdietsi duen izaera berezia, Nafarroaren izanaren eta izen onaren adierazgarria.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Gobernuak bidezko jo du Josefina eta Conchita Guerendiain Larráyoz andreei Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematea; izan ere, honetarako sortu baitzen apirilaren 14ko 104/1997 Foru Dekretuaz sari hau: Foru Komunitatea ezagutarazi eta hari ospea ematen beren esparruetan nabarmendu diren entitate eta pertsonek egindako lana aintzat hartzeko.

Horrenbestez, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2005eko ekainaren 27an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra._Josefina eta Conchita Guerendiain Larráyoz andreei Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematea.

Iruñean, 2005eko ekainaren 27an._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilaria, Juan Ramón Corpas Mauleón.

Iragarkiaren kodea: F0515457