99. ALDIZKARIA - 2004ko abuztuaren 18a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.3. Nahitaezko Desjabetzapenak

1109/2004 EBAZPENA, uztailaren 28koa, Industria eta Merkataritza zuzendari nagusiak emana, Tafallan eta Erriberrin La Nava industrialdea handitzeko tasazio bateratuaren bidezko desjabetzapen proiektuan ordainketa eta okupazio akta osagarriak egiteko deia egiten duena.

Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak apirilaren 10ean emandako 51/2003 Foru Aginduak Tafallan eta Erriberrin La Nava industrialdea handitzeko desjabetzapen proiektua hasiera batez onetsi zuen eta tasazio bateratuaren bidez egitea erabaki zuen.

2003ko abuztuaren 21ean, 128/2003 Foru Aginduaren bidez, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariak behin betikoz onetsi zuen aipatu proiektua. Behin betiko onespenak berekin zekarren desjabetzapena presakoa deklaratzea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 127.2 artikuluak xedatzen duenarekin bat, lurrak eta okupatzeko bidea ematen du, Administrazioak paratutako justiprezioa ordaindu edo gordailatu ondotik. Hortaz, ondasun eta eskubide horien titularrei dei egin zitzaien 2003ko urriaren 1ean, Industria eta Merkataritza zuzendari nagusiak emandako 1820/2003 Ebazpenaren bitartez, 2003ko urriaren 28an, 29an eta 30ean ordainketa eta okupazio aktak jasotzeko.

2003ko abenduaren 19an Jabetza Erregistroan bertan behera gelditu zen zenbait aktaren inskripzioa espezialitate hipotekarioaren printzipioa aplikatu eta desjabetzeko finka batzuen gainean eskatutako eragiketa hipotekarioak zehaztu gabe zeudelakoz. Hori dela eta, ordainketa eta okupazio akta osagarriak egiteko deia egiten da argi eta garbi zehazteko erregistroko eragiketak zer finkaren gainean eginen diren, eta horretarako eguneratu behar dira finken errealitatea erregistroari, katastroari eta egoera fisikoari dagokienez.

Horrenbestez, Hirigintzako Kudeaketarako Erregelamenduaren 205. artikuluari eta hurrengoei dagokienez, Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legearen 48. artikuluan eta haren Erregelamenduaren 49. artikuluan xedaturikoarekin bat, eta Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariak uztailaren 14an eman eta 2003ko 92. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, uztailaren 18an, argitaraturiko 105/2003 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan ahalmenez baliaturik,

EBATZI DUT:

Aktak egiteko datak finkatzea, baldintza hauei jarraituz:

1. Ebazpen honen eranskinean dauden ukituei dei egiten zaie 2003ko irailaren 2an Tafalla eta Erriberriko herriko etxeetan ager daitezen ordainketa eta okupazio akta osagarriak egiteko. Orobat, aktak egiteko ekitaldira alkateak, edo berak behar den izendapenaren bidez delegatutako zinegotzi batek, beharko du agertu.

2. Aktak egiteko hurrenkera interesatuei jakinaraziko zaie, banakako zitazio zedularen bitartez.

3. Ekitaldi horretara interesatu guztiek, baita ukituriko ondasunen gainean edozein eskubideren titular direnek ere agertu beharko dute, edo, bestela, behar bezala baimendutako ordezkaria bidali, titulartasuna frogatzen duten agiriak (eskritura publikoa, Jabetza Erregistroaren ziurtagiria eta abar) aldean dituztela. Halaber, nahi izanez gero, perituak eta notarioa, beren kontura, ekar ditzakete.

4. Ana Cristina Díaz de Cerio Díez andrea eta Beatriz García El Busto andrea izendatzea Administrazioaren ordezkari, bata zein bestea, aktak eta bidezkoak diren gainerako agiriak izenpe ditzaten.

5. Argibiderik nahi bada Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentura jo behar da edo, bestela, onuradun enpresara: Sepes, Entidad Pública Empresarial de Suelo, helbidea Madrilen, Paseo de la Castellana, 91-7.ean eta posta kodea 28046 daukana.

6. Ebazpen hau Sepes enpresari jakinaraziko zaio eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, Foru Komunitateko egunkari batean eta Tafallako eta Erriberriko herriko etxeetako ediktu oholetan argitaratuko da. Eta hala eginen da Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko abenduaren 26ko 30/1992 Legeak, 4/1999 Legeak aldatutako testuaren arabera, bere 59.4 artikuluan ezartzen dituen ondorioak bete daitezen, titularrak ezezagunak direnean edo haien helbidea zein den jakiten ez denean.

Iruñean, 2004ko uztailaren 28an._Industria eta Merkataritza zuzendari nagusia, Enrique Díaz Moreno.

UKITUTAKO ONDASUN ETA ESKUBIDEEN TITULARRENDAKO DEIALDIA

2004ko irailaren 2an

Ordua: 10:00.

Tokia: Tafallako herriko etxea.

Finka: 1-2-7.

Jabeak: Alvaro Antonio Martinena Pagadizabal jaunaren oinordekoak, M. Cruz Villar Adot andrea, Pedro Miguel Romeo Tiebas jauna.

Ordua: 11:30.

Tokia: Erriberriko herriko etxea.

Finka: 21.

Jabeak: Alvaro Antonio Martinena Pagadizabal jaunaren oinordekoak, M. Cruz Villar Adot andrea, Pedro Miguel Romeo Tiebas jauna.

Iragarkiaren kodea: F0412152