94. ALDIZKARIA - 2004ko abuztuaren 6a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

217/2004 FORU AGINDUA, ekainaren 25ekoa, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak emana, zenbait hornidura zentralizatzen dituena.

Hornidura eta laguntza kontratuak sinatzeko eskumenak antolatzen dituen apirilaren 19ko 173/2004 Foru Dekretuaren 4.1. artikuluak ezartzen du, ekonomia eta eraginkortasuna helburu, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak ahalmena izanen duela egoki iruditzen zaizkion hornidurak zentralizatzeko, Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuek batera erabiltzeko.

Ekonomia eta Ogasun Departamentuak ondasunen hornidura egiteko zenbait kontratu marko sinatu ditu eta Estatuko Ondarearen Zuzendaritza Nagusiarekin kontratazio zentralizatuaren sistemari atxikitzeko hitzarmena sinatu du zenbait ondasunen hornidura egiteko, ekainaren 16ko 2/2000 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen Administrazio Publikoen Kontratuei buruzko Legearen Testu Bateginaren 183.1 eta 199. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz. Hortaz, gomendagarria da ondasun horien hornidura zentralizatua dela deklaratzea, departamentu guztiak prezioen deskontuez eta horrek kudeaketan dakartzan hobekuntzez baliatu daitezen.

Era berean, apirilaren 19ko 173/2004 Foru Dekretuaren lehenbiziko xedapen gehigarriak xedatzen du Nafarroako Foru Komunitateko erakunde autonomoak eta haren menpe edo hari loturik dauden zuzenbide publikoko entitateak Ekonomia eta Ogasun Departamentuak sinatzen dituen hornidura kontratuei atxiki ahalko zaizkiela, behar den hitzarmenaren bitartez. Beraz, bidezkoa da entitate horiek atxikipen hitzarmenak egiteko erabili beharreko eredua ezartzea.

Ildo horretan, litekeena da Foru Komunitateko sozietate publikoak ere Ekonomia eta Ogasun Departamentuak horniduretarako sinatzen dituen kontratu markoei atxiki nahi izatea, behar den hitzarmenaren bitartez. Beraz, bidezkoa da sozietate horiek atxikipen hitzarmenak egiteko erabili beharreko eredua ezartzea.

Bestalde, litekeena da Foru Komunitateko Administrazioaren menpeko edo hari atxikiriko erakunde autonomo edo zuzenbide publikoko entitate batzuek bere eskumeneko horniduretarako kontratazio publikoak egiteko langile eta baliabide aski ez izatea eta, horregatik, beharrezkoa izatea Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Ondare Zerbitzuarekiko lankidetza finkatzea, menpeko edo atxikiriko erakunde autonomo edo zuzenbide publikoko entitatearen ohiko funtzionamendurako behar diren horniduren kontratazio publikoaren espedienteen instrukzioa, tramitazioa eta ebazpen proposamena Ondare Zerbitzuak egin dezan, kudeaketarako esleipen baten bidez. Hori helburu, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 15. artikuluan ezarritakoari jarraituz, kudeaketa esleitzeko eredu bat finkatu da.

Hori horrela, hornidura eta laguntza kontratuak egiteko eskumenak arautzen dituen apirilaren 19ko 173/2004 Foru Dekretuaren 4.1. artikuluan xedatutakoarekin bat,

AGINDU DUT:

Lehena._Ondotik adierazten diren ondasunak zentralizatuak deklaratzea, Foru Komunitateko Administrazioaren departamentu guztiek komunean erabil ditzaten eta haien erosketa Ekonomia eta Ogasun Departamentuak sinatzen dituen kontratu markoen babesean egin dadin:

_Informatikako kontsumigarriak.

_Inprimagailuetako kontsumigarriak.

_Etiketa eta gutunazalak (etiketak, dymo zintak, bidalketetarako zorro eta gutunazalak, enbalaje-gaiak).

_Inprimatzeko papera.

_Blok eta kaierak.

_Idazteko tresnak (zuzentzeko materiala, lapitzak eta antzekoak, bolalumak, errotulagailuak, markagailuak, lumetarako tinta, zorrozkailuak).

_Bulegoko tresna orokorrak (itsasgarri eta kolak, guraizeak/kuterrak, grapagailuak, zulagailuak, tanpoiak, atxikitzeko gaiak _klipak, pintzak, txintxetak_, erretiluak eta beste).

_Hitzaldi eta aurkezpenetarako gauzak (hitzaldietarako materiala, enkoadernatzeko gauzak, karpetak eta aurkezpenetarako zorroak).

_Artxibatzeko materiala (artxibadoreak, karpetak eta antzekoak).

Ondasun horien kontratazioa Nafarroako Gobernuaren intraneten dagoen aplikazio informatikoaren bidez eginen da, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak egiten dituen kontratu markoen pleguetan ezartzen denaren arabera eta aplikazio informatiko horretan berean agertzen diren jarraibideen arabera.

Bigarrena._Ekonomia eta Ogasun Departamentua Estatuko Ondarearen Zuzendaritza Nagusiaren kontratazio zentralizatuaren sistemari atxikitzeko aktan ageri diren ondasunen hornidura zentralizatuta dagoela deklaratzea, ondoko hauena hain zuzen:

_Altzariak.

_Klimatizaziorako materiala.

_Aplikazio berezietarako makinak.

_Ikus-entzunezko sistemak.

_Autoak.

_Ekipamendua.

_Industriarako ibilgailuak.

_Motozikletak.

_Langileen kontrolerako eta segurtasunerako tresnak.

LEHEN XEDAPEN GEHIGARRIA

Foru Komunitateko Administrazioaren menpeko edo hari atxikiriko erakunde autonomoak eta zuzenbide publikoko entitateak Ekonomia eta Ogasun Departamentuak horniduretarako sinatzen dituen kontratu markoei atxikitzeko hitzarmenaren eredua, foru agindu honen I. eranskinean azaltzen dena, onestea.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Foru Komunitateko sozietate publikoak Ekonomia eta Ogasun Departamentuak horniduretarako sinatzen dituen kontratu markoei atxikitzeko hitzarmenaren eredua, foru agindu honen II. eranskinean azaltzen dena, onestea.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Menpeko edo atxikiriko erakunde autonomoen edo zuzenbide publikoko entitateen ohiko funtzionamendurako behar diren horniduren kontratazio publikoaren espedienteen instrukzioa, tramitazioa eta ebazpen proposamena, kudeaketaren esleipenaren bidez, Ondare Zerbitzuaren esku uzteko eredua, foru agindu honen III. eranskinean azaltzen dena, onestea.

AZKEN XEDAPENETAN LEHENA

Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

AZKEN XEDAPENETAN BIGARRENA

Nafarroako ikastetxe eta liburutegi publikoetarako diren ondasunen zentralizazioaren deklarazioak 2005eko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra.

Iruñean, 2004ko ekainaren 25ean._Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, Francisco J. Iribarren Fentanes.

I. ERANSKINA

Erakunde autonomoak eta zuzenbide publikoko entitateak Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren hornidura kontratuei atxikitzeko eredua

Batetik, Francisco Iribarren Fentanes jauna, Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun kontseilaria.

Eta bestetik, ....................... jaun/andrea, ................ erakunde autonomo/zuzenbide publikoko entitatearen zuzendari udeatzailea.

ADIERAZTEN DUTE:

Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuak hainbat kontratu marko sinatu ditu ondasunak erosteko. Horien bidez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren menpeko edo hari atxikiriko erakunde autonomoetan eta zuzenbide publikoko entitateetan sortzen diren beharrei erantzuten zaie.

............ erakunde autonomoak edo zuzenbide publikoko entitateak, .................................aren indarrez (entitateari nortasun juridikoa eta kontratatzeko autonomia ematen dion araua edo egintza adierazi), badu kontratatzeko autonomia.

Hornidura eta laguntza kontratuak sinatzeko eskumenak arautzen dituen apirilaren 19ko 173/2004 Foru Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarriak bide ematen du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren menpeko edo hari atxikiriko erakunde autonomoak eta zuzenbide publikoko entitateak Ekonomia eta Ogasun Departamentuak sinatzen dituen hornidura kontratuei atxikitzeko.

Bi alderdiek dagokien ordezkaritza eta elkarri beharkizunak ezartzeko lege-ahalmena onartzen dutela,

ERABAKI DUTE:

Lehena._.................................... erakunde autonomoa/zuzenbide publikoko entitatea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak ondasunak hornitzeko sinatu dituen kontratu markoei atxikitzen zaie eta, halaber, Estatuko Ondarearen Zuzendaritza Nagusiaren kontratazio zentralizatuaren sistemari atxikitzeko aktaren pean dauden kontratuei. Hortaz, hitz ematen du mota horretako hornidura guztiak kontratuetan hautatzen diren hornitzaileen bitartez egiteko, haietan ezartzen diren baldintzetan.

Bigarrena._............................. erakunde autonomoa/zuzenbide publikoko entitateak, kontratu markoaren zehaztapenak erakunde autonomo/zuzenbide publikoko entitate horren behar espezifikoetara egokitzeko asmoz, eskatzen zaion informazio guztia Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren esku utziko du. Era berean, zerbitzua atenditzeko behar diren langileak izendatuko ditu, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak adierazten dizkion jarraibideekin bat. Orobat, hitz ematen du Ekonomia eta Ogasun Departamentuak hornidurak egoki egiteko adierazten dizkion baldintza administratibo eta teknologikoak onartuko dituela.

Hirugarrena._..................................... erakunde autonomoa/zuzenbide publikoko entitateak hitz ematen du kontratu markoaren inguruan sortzen diren gora-behera guztien berri emanen diola Ekonomia eta Ogasun Departamentuari.

Laugarrena._Ekonomia eta Ogasun Departamentuak, Ondare Zerbitzuaren bitartez, hitz ematen du zerbitzu horiek eraginkortasunez eta arduraz emateko, hornidura eta laguntza kontratuak sinatzeko eskumenak antolatzen dituen apirilaren 19ko 173/2004 Foru Dekretuan ezarritako prozedurari jarraikiz. Gainera, erakunde autonomo/zuzenbide publikoko entitate horri jakinaraziko dio kontratu markoan, erakunde autonomo/zuzenbide publikoko entitate horri dagokionean, dagoen informazio guztia, bere ekimenez edo erakundeak eskatuta.

Bosgarrena._Hitzarmen honek sinatu eta biharamunean hartuko du indarra eta ................... arte izanen du indarra, bi alderdiek bukatu baino ..................... lehenago ......... amaitzea iragarri ezean.

Hitzarmen honen indarraldia luza daiteke, indarra galdu baino lehenago bi alderdiek adostuz gero.

Iruñean, ..............................(e)an.

Ekonomia eta Ogasun kontseilaria Legezko ordezkaria

Francisco Iribarren Fentanes.

II. ERANSKINA

Sozietate publikoak Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren hornidura kontratuei atxikitzeko eredua

Alde batetik: Francisco Iribarren Fentanes jauna, Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun kontseilaria.

Eta bestetik, ....................... jaun/andrea, ................................. sozietate publikoaren legezko ordezkaria.

ADIERAZTEN DUTE:

Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuak hainbat kontratu marko sinatu ditu ondasunak erosteko. Horien bidez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren menpeko edo hari atxikiriko erakunde autonomoetan eta zuzenbide publikoko entitateetan sortzen diren beharrei erantzuten zaie.

.................... sozietate publikoak ......................... hornidura egiteko Ekonomia eta Ogasun Departamentuak .......(e)an sinatutako kontratu markoari atxiki nahi duela. Kontratu horretan ................... enpresak hautatu ziren hornidura egiteko.

Bi alderdiek dagokien ordezkaritza eta elkarri beharkizunak ezartzeko lege-ahalmena onartzen dutela,

ERABAKI DUTE:

Lehena._................... ...................... ......................... sozietate publikoa hornidura egiteko Ekonomia eta Ogasun Departamentuak .......(e)an sinatutako kontratu markoari atxikitzea. Kontratu horretan ................... enpresak hautatu ziren hornidura egiteko. Atxikipen horren bidez hitz ematen du mota horretako hornigaien kontratazio guztiak kontratuan hautatu diren enpresen bidez egiteko, kontratuetan ezarrita dauden baldintzetan.

Bigarrena._............................. sozietate publikoak kontratu markoaren zehaztapenak sozietate publiko horren behar espezifikoetara egokitzeko asmoz eskatzen zaion informazio guztia Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren esku utziko du. Era berean, zerbitzua atenditzeko behar diren langileak izendatuko ditu, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak adierazten dizkion jarraibideekin bat. Orobat, hitz ematen du Ekonomia eta Ogasun Departamentuak hornidurak egoki egiteko adierazten dizkion baldintza administratibo eta teknologikoak onartuko dituela.

Hirugarrena._..................................... sozietate publikoak hitz ematen du kontratu markoaren inguruan sortzen diren gora-behera guztien berri emanen diola Ekonomia eta Ogasun Departamentuari.

Laugarrena._Ekonomia eta Ogasun Departamentuak, Ondare Zerbitzuaren bitartez, hitz ematen du dagozkion zerbitzuak eraginkortasunez eta arretaz emanen dituela, hitzarmen hau egoki bete dadin. Gainera, .................... sozietate publikoari jakinaraziko dio kontratu markoan, sozietate publiko horri dagokionean, dagoen informazio guztia, bere ekimenez edo sozietateak eskatuta.

Bosgarrena._Hitzarmen honek sinatu eta biharamunean hartuko du indarra eta ................... arte izanen du indarra, bi alderdiek bukatu baino ..................... lehenago ......... amaitzea iragarri ezean.

Hitzarmen honen indarraldia luza daiteke, indarra galdu baino lehenago bi alderdiek hala adostuz gero.

Iruñean, ........ko ............aren ....n.

Ekonomia eta Ogasun kontseilaria Legezko ordezkaria

Francisco Iribarren Fentanes.

III. ERANSKINA

Horniduren kontratazio publikorako prozeduren instrukzioa, tramitazioa eta ebazpen proposamena Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Ondare Zerbitzuari esleitzeko eredua

...../200 EBAZPENA, ......aren .........koa, erakunde autonomoaren/zuzenbide publikoko entitatearen zuzendari kudeatzaileak emana, .................... erakunde autonomo/zuzenbide publikoko entitatearentzako horniduren kontratazio publikorako prozeduren instrukzioa, tramitazioa eta ebazpen proposamena Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Ondare Zerbitzuaren esku uzten duena kudeaketaren esleipenaren bidez.

............................ aren bidez (sortzeko arau edo egintza jarri), erakunde autonomoa/zuzenbide publikoko entitatea sortu zen, ....................... Departamentuari atxikia. Haren estatutuak ...............................ren bidez onetsi ziren.

Estatutu horien ... artikuluak dioen bezala, erakunde autonomoa/zuzenbide publikoko entitatea izaera administratiboko erakunde autonomoa/zuzenbide publikoko entitatea da, bere nortasun juridikoa eta bere xedeak betetzeko jarduteko ahalmen osoa dituena, hala nola, administrazioaren kontratuei buruz indarra duten arauek agindutakoari jarraikiz, kontratatzeko ahalmena.

Kontuan harturik bere eskumeneko kontratazio publikoaren prozedurak burutzeko baliabideak urriak dituela, hala langileriaren nola baliabide materialen aldetik, beharrezkoa da gai horietarako Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Ondare Zerbitzuari laguntza eskatzea eta horretarako kudeaketa esleitzea.

Kudeaketaren esleipena Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 15. artikuluan arautu zen, Administrazioaren unitate desberdinen arteko lankidetzarako tresna gisa. Esleipen horrek ez dakar eskumenaren titulartasuna lagatzea, ez eta horiek betetzeko oinarrizko elementuena ere.

Espedientean Ondare Zerbitzuaren adostasuna jaso da. Beraz, aipatu aginduan ezarritako baldintzak bete direnez, beharrezkoa da esleipena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, eragina izan dezan.

...............................aren bidez esleiturik ditudan eskurantzak erabiliz eta Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 15. artikuluan Administrazioko organoen artean kudeaketa esleipena egiteari buruz ezarritakoari jarraituz.

EBATZI DUT:

1. Hurrengo urteetan ............................ erakunde autonomoaren/zuzenbide publikoko entitatearen ohiko funtzionamendurako behar diren horniduren kontratazio publikorako espedienteen instrukzioa, tramitazioa eta ebazpen proposamena Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Ondare Zerbitzuari esleitzea.

2. Espediente bakoitzaren aurretik haren deskripzioa emanen da, haren kudeaketarako behar den xehetasunez egina, horretarako ezarrita dagoen edozein bideren bitartez.

3. Espedienteak irekitzeaz eta haien segimenduaz ..................... (erakunde autonomoaren/zuzenbide publikoko entitatearen unitate eskuduna) arduratuko da, esleiturik dituen eginkizunen arabera.

4. Ebazpen hau Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Ondare Zerbitzura eta ....................ra (erakunde autonomoaren/zuzenbide publikoko entitatearen unitate eskuduna jarri) igortzea eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Iruñean, ..........an. Erakunde autonomoaren/Zuzenbide publikoko entitatearen zuzendari kudeatzailea, izen-abizenak.

Iragarkiaren kodea: F0410633