9. ALDIZKARIA - 2004ko urtarrilaren 21a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

ERABAKIA. Nafarroako Parlamentuaren Erabakia, Nafarroako Parlamentuaren Erregelamenduko 58.1 artikuluaren aldaketa onestekoa.

Nafarroako Parlamentuak, 2003ko azaroaren 27an egindako Osoko Bilkuran, Nafarroako Parlamentuaren Erregelamenduko 58.1 artikuluaren aldaketa onetsi zuen. Hauxe da edukia:

NAFARROAKO PARLAMENTUAREN ERREGELAMENDUKO 58.1 ARTIKULUAREN ALDAKETA

Zioen azalpena

Nafarroako Parlamentuaren ustetan, Parlamentuko batzorde arrunten kopuruak eta izendapenek bat etorri behar dute hein handi batean Nafarroako Gobernua osatzen duten departamentuen izenekin, batzordeek aztertzekoak dituzten gaiak, horrela, ahal den neurrian, departamentu baten eskumenekoak izan daitezen. Horrek erraztu eginen lituzke, dudarik gabe, Nafarroako Parlamentuak bete behar dituen bultzatze eta kontrol eginkizunak.

Nafarroako Parlamentuak uste du egun indarrean dagoen Erregelamendua onetsi zenetik _1995eko otsaila_ aldaketa handiak izan direla Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren oinarrizko egitura organikoaren antolamenduan, bai departamentuen izenetan bai horien eskumenetan. Irailaren 23ko 334/1996 Foru Dekretuak ekarritako aldaketak izan dira gehienbat; izan ere, aldaketa handiak egin zituen aipatutako dekretuak Foru Komunitateko Gobernu eta Administrazioari buruzko Foru Legearen 46. Artikuluan aurreikusitakoan.

Halaber, VI. legegintzaldiaren hasieran, Gobernuak egitura-aldaketa handiak egin ditu. Dudarik gabe, aldaketarik garrantzitsuena departamentu berri bat sortzearena izan da, Kultura eta Turismo Departamentua-Vianako Printzea Erakundea hain zuzen, ekainaren 17ko 31/2003 Foru Legearen bidez onetsi baitzen; hori soilik nahikoa izanen litzateke Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduko 58.1 artikulua aldatzeko. Era berean, departamentuen egitura organikoa onetsi eta aldatu duten foru dekretuek aldaketa handiak ekarri dituzte.

Horregatik, Nafarroako Parlamentuari iruditzen zaio Biltzarreko Erregelamendua aldatu beharra dagoela, eta, beraz, Nafarroako Parlamentuaren Erregelamenduko 58.1 artikulua _batzorde arruntak eta horien izenak finkatzen ditu_ beste modu batera idaztea proposatzen du.

Artikulu bakarra._Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduaren 58. Artikuluaren 1. idatz-zatia aldatu da; hona testu berria:

"58.1 artikulua. Hauek dira batzorde arruntak:

_Foru Araubidekoa.

_Ekonomia, Ogasun eta Aurrekontukoa.

_Lehendakaritza, Justizia eta Barnekoa.

_Toki Administraziokoa.

_Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurumenekoa.

_Hezkuntzakoa.

_Kultura eta Turismoa.

_Osasunekoa.

_Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteriakoa.

_Herrilan, Garraio eta Komunikazioetakoa.

_Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lanekoa.

_Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurakoa."

XEDAPEN GEHIGARRIA

Lehendakaritza, Justizia eta Barne Batzordea da Lehendakaritza, Funtzio Publiko eta Barne Batzordearen ondorengoa; Hezkuntza Batzordea da Hezkuntza eta Kultura Batzordearen ondorengoa; Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Batzordea da Gizarte Gaietako Batzordearen ondorengoa; Herrilan, Garraio eta Komunikazio Batzordea da Herrilan eta Azpiegitura Batzordearen ondorengoa; Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Batzordea da Industria, Lan, Merkataritza eta Turismo Batzordearen ondorengoa; eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako Batzordea da Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Batzordearen ondorengoa.

AZKEN XEDAPENETAN LEHENBIZIKOA

Erregelamendua aldatzeko proposamen honek indarra hartu eta hogei eguneko epean eratuko da Kultura eta Turismo Batzordea.

AZKEN XEDAPENETAN BIGARRENA

Erreforma honek Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean ere argitaratuko da.

Iruñean, bi mila eta hiruko abenduaren bostean._Lehendakaria, Rafael Gurrea Induráin.

Iragarkiaren kodea: F0301128