77. ALDIZKARIA - 2004ko ekainaren 28a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

Z A N G O Z A

Ibilgailuak espaloietan barna sartzeko eta eremu publikoa aparkaleku esklusiborako edo edozein motatako salgaien zamalanetarako erreserbatzeko tasak arautzen dituen ordenantza fiskala. Behin betiko onespena

Zangozako Udalak, 2003ko abenduaren 30ean egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen "Ibilgailuak espaloietan barna sartzeko eta eremu publikoa aparkaleku esklusiborako edo edozein motatako salgaien zamalanetarako erreserbatzeko tasak arautzen dituen ordenantza fiskala".

Espedientea tramitatu zen Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legeko 325. artikuluan xedatzen denari jarraituz, lege hori aldatzen duen 15/2002 Foru Legean onetsi zen idazketa berriak dioenaren arabera, eta kontuan hartuz jendaurreko epean ez dela inolako erreklamaziorik aurkeztu, hasierako onespenaren erabakia behin betikoa bihurtzen da.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritakoari jarraituz, osorik argitaratzen da ordenantza horren testua, argitaratu eta hamabost egun baliodun geroago indarra hartuko duena.

Zangozan, 2004ko maiatzaren 11n._Alkate udalburua, José Luis Lorenzo Elvás.

IBILGAILUAK ESPALOIETAN BARNA SARTZEKO ETA EREMU PUBLIKOA APARKALEKU ESKLUSIBORAKO EDO EDOZEIN MOTATAKO SALGAIEN ZAMALANETARAKO ERRESERBATZEKO TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA FISKALA

Oinarria

1. artikulua. Honako tasa hau martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legearen 100.4 artikuluari jarraituz ezarri da, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea, tasa eta prezio publikoen gaietan, aldatu baitu lege horrek.

Zergapeko egintza

2. artikulua.

1._Ordenantza honetako zergapeko egintza hau da:

a) Eraikin eta orubeetan trakzio mekanikoa duten ibilgailuak espaloietan barna (pasabideak edo ibilgailuendako sarbideak) sartzea.

b) Lekuak erreserbatzea erabilera ezberdinetarako, noizean behinkako premiak direla eta.

2._Obra lizentziaren tasaren gaineko ordenantzari, eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergari eta bateragarriak diren bestelako ordainarazpenei jarraikiz ordaindu behar direnetatik aparte daude ordenantza honetako tasagatik likidatzen diren eskubideak.

3. artikulua. Definizioak, ordenantza honi doakionean:

1._Pasabidea: gau eta egunekoak nahiz ordutegi mugatukoak izan daitezke.

a) Gau eta eguneko pasabideetan ibilgailuak eguneko 24 orduetan iragaten ahalko dira, eta, hortaz, besterik gabe debeku izanen da haren aitzinean aparkatzea, baita pasabidearen titularrarenak diren ibilgailuendako ere.

b) Ordutegi mugatuko pasabideetan, Udalak zenbat denboratan utzi nahi duen, bitarte horretan iragaten ahalko dira ibilgailuak, eta ordutegi horren barnean debeku izanen da haren aitzinean aparkatzea, baita pasabidearen titularrarenak diren ibilgailuendako ere.

c) Pasabide guztiek, gau eta egunekoak nahiz ordutegi mugatukoak izan, ezaugarriak edo disko-seinaleak izanen dituzte. Haien eredua Udalak emanen du, eta xedea izanen dute ibilgailuak aparkatzea galaraztea berariaz seinalatutako aldean. Beraz, disko-seinaleak udal bulegoetan jasotzen ahalko dira.

Subjektu pasiboa

4. artikulua.

1._2.1 artikuluan agertutako kontzeptuengatik, ordaintzera beharturik daude:

a) Udal lizentzien titular diren pertsona natural edo juridikoak, nahiz nortasun juridikorik gabeko subjektuak.

b) Aitzineko berak, araututako aprobetxamenduak egiten badituzte, behar den lizentzia ez izanik ere.

2._Ordainketa lizentziaren titularraren edo titularren bizkar izanen da beti.

Karga-oinarriak

5. artikulua. Honakoak dira karga-oinarriak:

a) Pasabide eta ibilgailuen sarbideen luzera metro linealetan neurtua.

b) Erreserbatutako lekuak dituen metro linealak.

Tarifak

6. artikulua.

1. Aplikatu beharreko tarifak eranskinean agertzen dira eta indarra izanen dute harik eta Udalak osoko bilkuran aldatu arte.

2. Ordutegi mugatuko pasabideen tarifak gehienez ere hamabi orduko baimenaldiari dagozkio.

Tributu-kuota

7. artikulua.

1. Kuota aterako da karga-oinarriari dagozkion tarifak aplikatuz.

2. Ordutegi mugatuko pasabideak badira, Udalaren erabakian zenbat ordutarako erabiltzeko baimena eman den, horren ariora kalkulatuko da kuota.

Tasaren sortzapena eta dirubilketa

8. artikulua.

1. Tasa Udalak baimena ematen duenean sortuko da lehen aldiz.

2. Gero, urte bakoitzeko urtarrilaren 1ean izanen da haren sortzapena.

9. artikulua. 1. Sortutako tasaren zenbatekoa ez da murrizten ahal.

1._Salbuespenez, esku artean dugun baliabide hau zergadunen erroldan lehen aldiz sartzean, hiruhileko naturaletan hainbanatuko da, baimena zer hiruhilekotan ematen den, hura barne.

2._Urtarrilaren 1ean zergadunen erroldan agertzen den partikular batek bere eskubideak zabaltzeko eskaria egiten badu, kuota kalkulatzeko arau hauei segituko zaie:

a) Urtarrilaren 1ean indarra duen baimenagatik eta berriz ere esleitzen zaion arte, iragandako edo hasitako hiruhilekoei dagokien kuotaren sortzapena gertatua izanen da.

b) Urteoroko gainerako hiruhilekoengatik, tasaren sortzapena baimen berriari dagozkion tarifen ariora izanen da.

Salbuespenak eta hobariak

10. artikulua.

1. Tasa honetatik salbuetsirik daude Estatuko, probintziako edo udalerriko ibilgailu ofizialendako baizik erabiltzen ez diren pasabideak edo erreserbak, baita giza laguntzan ari diren erakundeendako.

Kudeaketa arauak

11. artikulua.

1. Ordenantza honetan arautzen diren lizentzia guztien kontzesioa hautazkoa izanen da beti, prekarioan eta hirugarrenei kalte egin gabe izan ere. Hortaz, ez du titularrarendako eskubide subjetiborik sortzen eta horrek kendu eta espaloia eta zintarria lehengoratu beharko ditu, bere kontura, Udalak horren errekerimendua egiten badio, edo, betiere, edozein arrazoirengatik baja ematen badiote.

2. Baimenak alkateak emanen ditu, ebazpen bidez.

12. artikulua. Kuotaren zenbatekoa edo haren zati proportzionala interesatuari itzuliko zaio, betiere, leporatzen ahal ez zaizkion arrazoiengatik, aprobetxamendua ematetik gelditzen bada.

13. artikulua. Honelakoetan ez da pasabiderako lizentziarik emanen:

a) Ibilgailuek berdegune bat zeharkatu behar dutenean.

b) Ibilgailuek oinezkoendako alde bat edo hamar metro zabal baino gehiagoko espaloia zeharkatu behar dutenean.

c) Espaloia zeharka zeharkatu behar denean.

14. artikulua. Pasabideetarako eskabideetan azaldu beharko da garajean edo lokalean zenbat ibilgailu altxatuko diren eta lokalean sartu ahal izateko libre gelditu behar den luzera.

15. artikulua.

1. Pasabiderako lizentzia eskuratzeko ez da ez lokalaren gutxieneko azalerarik, ez gutxieneko ibilgailu kopururik ere eskatuko.

2. Lizentzia honen eskabidean sarbidearen gutxieneko zabalera baizik ez da zehaztuko. Zabalera hori ez da 3,00 metrotik gorakoa izanen, behar bezala frogatutako beharra izan ezean.

16. artikulua. Eremu publikoa aparkaleku esklusiborako edo edozein motatako zamalanetarako erreserbatu nahi dutenek aprobetxamenduaren zabalera eta zertarakoa zehaztuko dituzte beren eskabidean, Udaletxean.

17. artikulua.

1. Jadanik onartutako aprobetxamenduak aldatu edo horietan baja hartuz gero, horren berri ere eman beharko da.

2. Baja hartu izanaren deklarazioek hurrengo ekitalditik aitzina hartuko dute indarra. Hala ere, pasabideen edo ibilgailu sarbideen kasuetan, espaloia aldatzea beharrezkoa izan denean, aurretik hura lehengoratu beharko da, ordenantza honetako 22.4 artikuluari jarraituz.

18. artikulua. Titulartasun aldaketek berriz ere lizentzia eman beharra dakarte, eta, beraz, ordenantza honek aurreikusten dituen izapideak eta baldintzak bete beharko dira horietarako.

19. artikulua. Ezaugarriak eraikuntza aldetik, obrak egin behar direnean trakzio mekanikoko ibilgailuak eraikin eta orubeetara sartzeko:

.Pasabideak egin beharra: "Pasabidea" egin beharko dute:

1. Sarbidean 12 cm-tik gorako zintarria duten lokalak, zerbitzu teknikoen adostasun txostenaren ondotik.

2. Turismo motako 7 ibilgailu edo gehiago benetan hartzeko edukiera duten toki edo eremuak direnean. Kasu horietan espaloia sendotu beharko da.

3. Udalak edo Alkatetzak, salbuespenez eta behar bezala arrazoiturik, kasu berezietarako horrela erabakitzen dutenean.

.Modua: pasabidea edo ibilgailuen sarbidea eraikitzean ez da aldatuko sestra ofiziala, fatxadak eta espaloiak bat egiten duten tokiak markatutako lerroan.

.Obrak: titularrak izendatzen dituen pertsona edo enpresa eskudunek eginen dituzte pasabideak edo ibilgailuen sarbideak eraiki, aldatu edo kentzeko obrak, betiere udal zerbitzuek ikuskaturik.

.Materialak:

a) Zoladura: baldintza hauek bete beharko ditu zoladurak:

_3 tonatik beheitiko ibilgailuak pasatzeko, zoladura espaloikoa bezalakoa izanen da. 15 cm-ko hormigoizko geruza izanen du, gutxienez ere 15 cm izanen duen zagorraren gainean, eta dosifikazioa, berriz, 300 kg/m3.

_3 tonatik goitiko ibilgailuak pasatzeko, zoladura espaloikoa bezalakoa izanen da, baina hormigoizko oinarria 30 cm-koa izanen da eta dosifikazioa, berriz, 350 kg/m3. Beharrezkoa izanez gero, hormigoi armatuzkoa izanen da, gutienez ere 15 cm izanen dituen zagorrazko oinarriaren gainean.

b) Zintarria: material hauetakoa izanen da:

_Calatoraoko harria dagoen tokian material hori erabili beharko da, bai buruetan, bai arrapalako plaketan, udal zerbitzu eskudunek konprobatu eta baimendu beharko dutelarik. Buruek 0,70etik 0,35 m bitarteko zabalera izanen dute eta, arrapalako plakek, gehienez ere 0,50 metrokoa. Ez da onartuko zintarri arrunta beheratzea, Udalak espresuki baimentzen dituen kasuetan salbu.

_Lurgain T-2 motako hormigoi aurrefabrikatuzko zintarria erabiliko da gainerako leku guztietan, kuartzo estragogorrezko geruza eta guzti. Buruetan, 0,70etik 0,35 m bitarteko zabalera izanen dute eta arrapalako plaketan, gehienez ere, 0,50 metrokoa.

.Eredua:

Pasabidea hirian ohi den eredua edo diseinuaren araberakoa izan beharko da, eta hura egiteko berariazko lizentzia eskatuko da, bai pasatzeko lizentziarako eskabidearekin batera tramitatuz, bai bereiz.

20. artikulua. Pasabide eta ibilgailuen sarbideen luzera, gehienez ere, zintarriaren gainean neurtua, lokalerako sarbidea gehi % 25 izanen da.

21. artikulua. Pasabide edo ibilgailuen sarbidearen titularrak, nahitaez, eginbehar hauek izanen ditu:

1. Pasabide edo ibilgailuen sarbidea ongi zaintzea eta disko-seinaleak ere bai.

2. Zintarria pintatzea, udal administrazioak eskatzen duen bakoitzean eta xedatzen duen kolorean, eta betiere, uztailaren lehenbiziko hamar egunetan.

3. Udalak agintzen dizkion ohiko eta ohiz kanpoko lan guztiak pasabide edo ibilgailuen sarbidean egitea.

4. Espaloia lehengoratzea Udalak eskatzen dionean eta aprobetxamendua uzten duenean.

5. Pasabideen titularrek horiek identifikatzeko disko-seinale ofizialak paratu behar dituzte. Seinale hori ez paratzeak edo erregelamenduzkoak ez bezalakoak erabiltzeak galaraziko die lizentzien titularrei aprobetxamendurako duten eskubidea erabiltzea. Seinalea lurzorutik 1,50 m -2,00 m bitarteko altueran jarriko da.

6. Aprobetxamendua uzten denean Udalari eman beharko zaizkio disko-seinale ofizialak.

7. Bai pasabidea kendu eta zintarria lehengoratzeko kasuan, bai nahitaezkoa izateagatik pasabidea bera egitean, Udalak obra egin dezake ordezko betearazpenean, 15 egun lehenago hartarako errekerimendua egin ondotik. Halakotan, zuzenean fidantzaren kargura eginen du eta fidantzarik ez badago edo dirurik aski ez, arduradunari ordainaraziko zaio haren borondatez edo, bestela, premiamendu bidez.

22. artikulua. Borondatezko dirubilketarako ezarritako epea pasabidearen tasa ordaindu gabe iragandakoan, subjektu pasiboei hamabost egun balioduneko epea emanen zaie dirusarrera egiteko, eta, orobat, ohartaraziko zaie hala egiten ez badute lizentzia baliorik gabe geldituko dela. Halakoetan, seinalea kendu beharko dute eta haiek egin ezean Udalak eginen du, haien kargura.

Arau-hausteak eta zehapenak

23. artikulua. Arau-hauste arinak dira:

1. Ordenantza honetan arautzen diren aprobetxamenduetariko bat egitea behar den udal esleipenik gabe.

2. Aprobetxamenduari jarraipena ematea lizentziaren epea iraungi ondoan.

3. Eremu publikoko lurzorua edo jabari publikoko lurrak okupatzea baimenak finkaturiko mugak gaindituz.

4. Udalak ofizialdu ez bezalako disko-seinaleak edo ezaugarriak paratzea eta espaloia horiz pintatzea, behar den baimenik gabe.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Bakarra._Tasa honen ezarpena dela eta, arrunt debekaturik dago eremu publikotik eraikinetara edo orubetara ibilgailuak sartzea behin-behineko edo aldi baterako muntadurak erabiliz, hala nola elementu mugikorrak, arrapalak, oholak, etab., Udalak aldez aurretik baimendutako arrazoiak izan ezik.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena._Ordenantza honek indarra hartuko du argitaratu eta hamabost egun baliodun iragandakoan.

TARIFAK

A._Espaloietan barna ibilgailuak sartu eta ateratzea:

1. Gau eta eguneko pasabideak:

_Garaje mota:

a) Garajeak 5 plaza bitarte, metro lineal edo zatiki eta urte bakoitzeko: tarifa, 40,00 euro.

b) Garajeak 6-10 plaza, metro lineal edo zatiki eta urte bakoitzeko: tarifa, 50,00 euro.

c) Garajeak 11-50 plaza, metro lineal edo zatiki eta urte bakoitzeko: tarifa, 70,00 euro.

d) Garajeak 50 plazatik gora, metro lineal edo zatiki eta urte bakoitzeko: tarifa, 100,00 euro.

2. Ordutegi mugatuko pasabideak:

.1. epigrafeko taula aplikatuko da, % 25eko hobariarekin.

3. Pasabideetako disko-seinaleak:

Gau eta eguneko ordutegikoa: 15,00 euro/unitatea.

Ordutegi mugatukoa: 15,00 euro/unitatea.

B._Eremu publikoa aparkaleku esklusiborako erreserbatzea:

Noizbehinkako beharrak direla-eta gertatzen diren erabilera desberdinak, metro lineal edo egun bakoitzeko: 6,00 euro/eguna.

Iragarkiaren kodea: L0409050