77. ALDIZKARIA - 2004ko ekainaren 28a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

GARINOAIN

Ordenantza behin betiko onetsirik

Garinoaingo Udalak, 2001eko abenduaren 28ko bilikuran, hasiera batez onetsi zuen Bikote egonkorren erregistroaren ordenantza. 2003ko 103. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, abuztuaren 13an, argitaratutako iragarkiaren bidez, testua jendaurrean jarri zen alegazioetarako. Epe horretan alegaziorik aurkeztu ez denez, testua behin betikoz onetsitzat jo eta argitara ematen da, hala xedatzen baitu Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluak. Hona hemen:

EZKONDU GABEKO BIKOTE EGONKORREN GARINOAINGO UDALAREN ERREGISTROAREN ANTOLAKETA ETA FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Ezkondu gabeko bikote egonkorren Garinoaingo Udalaren erregistroak administrazio izaera du eta bertan hurrengo artikuluak aipatzen dituen elkartzeak, baita haien iraungitzea ere, inskribatzen ahal dira ordenantza honetan ezartzen diren era eta baldintzetan.

2. artikulua. Ordenantza hau aplikatzerakoan, bikote egonkorrentzako berdintasun juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Foru Legeak ezartzen duenari jarraikiz, bikote egonkortzat hartuko da bi pertsonaren arteko elkartze libre eta publikoa, ezkontideenaren pareko afektibitate-harreman batean, sexu-joera kontuan izan gabe, baldin eta adinez nagusi badira edo adingabeko emantzipatu, eta zuzeneko lerroan edo alboko lerroan, bigarren mailaraino, odolkidetasunezko edo adopzio bidezko ahaidetasunik ez badute. Elkartze hori osatzen duten kideek ezin izanen dute beste pertsona batekin ezkontza-loturarik izan edo bikote egonkorrik osatu.

3. artikulua. Bikoteek, sexua kontuan izan gabe, erregistroan inskribatzeko eskatzen ahal dute, baldin eta haien adostasun libre eta osoarekin aurreko artikuluan azaldutako elkartzeren bat osatzen badute.

Gutxienez, elkartutako kide batek egon beharko du Garinoaingo Udalean erroldaturik, bertan bizi ohi delako.

Halaber, bi kideek zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, ez daudela ezkonduak ezta inskribatuak ere ezkondu gabeko bikoteen beste erregistro batean.

4. artikulua. Bikote bakoitzaren lehenbiziko inskripzioa egiteko, bi lagunek batera agertu beharko dute erregistroaz arduratzen den funtzionarioaren aitzinera, haien artean ordenantza honetako 2. artikuluan zehazten denaren araberako elkartze bat osatzen dutela deklaratzeko.

5. artikulua. Ez da inskripziorik eginen bikoteko bat emantzipatu gabeko adingabea bada, edo zuzeneko lerroan edo alboko lerroan, bigarren mailaraino, odol-edo adopzio-ahaidetasuna badute.

Bikoteko batek akats edo anomalia psikikorik badu, orduan ere ez da inskripziorik eginen. Horrelakoetan, medikuaren irizpena beharko dute, ordenantza honetako 2. artikuluan zehazten denaren araberako elkartze bat osatzeko gaitasuna aitortzen diena.

Era berean, ukatu eginen da inskripzioa bikoteko bat ezkondua badago, beste batekin bikote egonkorra osatzen badu edo ezkontzeko gaitasunik gabea deklaratua bada.

6. artikulua. Lehenbiziko idazpena egitean, bikoteak nahi dituen argitasun guztiak agertarazten ahalko ditu beren arteko elkartzeari buruz . Orobat, hitzez hitz idazten ahalko dira elkartutako kideen giza eta ondare loturak arautzen dituzten hitzarmenak.

Aurreko lerroaldean aipatutako edukiak geroago ere inskribatzen ahalko dira, bikoteko bi kideak agertuta.

Nolanahi ere, elkartzea bukatu edo iraungitzeko oharpenak egiteko, aski izanen da kide bakar batek hala eskatzea.

7. artikulua. Garinoaingo Udalean ordenantza honek eskatutako baldintzei jarraikiz inskribatzen diren elkartze guztiek ezkontza bidezko elkartzeen tratamendu bera izanen dute, Udalaren eskumenekoak diren gaietan.

8. artikulua. Bikote egonkorren erregistroa Udalaren idazkaritza orokorraren ardura izanen da. Inskripzioak eta luzatzen diren ziurtagiriak doakoak izanen dira erabat.

9. artikulua. Aurreko artikuluetan aipatzen diren inskripzioak erregistratzeko Liburu Orokorra erabiliko da. Liburua orri mugigarri, zenbatu eta zigilatuez osatua dago, eta irekitzeko eta ixteko eginbideak paratuko dira hasieran eta bukaeran.

10. artikulua. Bikote bakoitzaren lehenbiziko inskripzioa izanen da bere oinarrizko inskripzioa, eta haren bazterrean jarriko dira geroago Liburu Orokorrean elkartze horri buruz egiten diren gainerako idazpen guztiak.

11. artikulua. Erregistroan Liburu Lagungarri bat ere izanen da, inskribatuen deituren arabera ordenaturik, eta bertan adieraziko da Liburu Orokorreko zein orrialdetan dauden inskribaturiko bikoteekin zerikusia duten oharpenak.

12. artikulua. Erregistroan inskribatutakoen intimitatea, norbanakoarena nahiz familiarena, babesteko ez zaio publizitaterik emanen idazpenen edukiari, salbu eta Erregistroaren arduradunak luzatzen dituen egiaztagiriak, bikoteko edozein kidek, epaileek edo auzitegiek hala eskatu ondotik.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Bakarra._Ordenantza hau berrikusiko da, legeetan aldaketarik bada gai honen inguruan.

1. ERANSKINA

Garinoaingo Udaletxean, Udal Erroldaren bulegoan, halako egunean ......, honako hauek batera agertu gara: Izena: ........., jaioterria: ......., helbidea (erroldakoa): .............., adinez nagusia (edo adingabe burujabea, horren agiria aurkezten baitugu), N.A.N. zenbakia: ........., eta izena: ........., jaioterria: ......., helbidea (erroldakoa): .............., adinez nagusia (edo adingabe burujabea, horren agiria aurkezten baitugu); N.A.N. zenbakia: .........

Eta adierazten dugu:

Ezkondu gabeko bikote egonkorren Udal honen erregistroan inskriba gaitzatela nahi dugula, horri buruzko ordenantzaren arabera, eta horretarako,

Aitortzen dugu:

Lehenbizikoa: Aipatu ordenantzan aurreikusitako bizikidetasuna dela eta, gure helbidea honako hau izanen dela: ................. (oroitararazi behar zaio .......... jaun/andreari T.A.O.L.aren 15. artikuluari jarraikiz, erroldatu beharra duela ohiko bizilekuko udalerrian).

Bigarrena: ez gaudela gu biok ezkontzaren bidez lotuak, ez eta gutako inor bertze inorekin ere.

Hirugarrena: gure artean ez dagoela lerro zuzenean odolkidetasunezko edo adopzio bidezko ahaidetasunik, ez eta alboko lerrotik bigarren maila bitarteko odolkidetasunezko ahaidetasunik ere.

Laugarrena: gutako inork ez duela akats edo anomalia psikikorik eta ez dela ezkontzeko gaitasun gabea deklaratua izan.

Borzgarrena: ez dugula nahi/nahi dugula erregistroan jasotzea gure arteko giza nahiz ondare mailako harremanen gaineko hitzarmenak.

Seigarrena: baimena ematen dugula Garinoaingo Udal Erroldan datu hauek egiaztatzeko.

Eta zin egiten dugu gutako inor ez dagoela inskribatua ez Garinoaingo erregistroan, ez maila eta xede bereko inongo herritako erregistroan ere.

Horiek horrela,

Garinoaingo Udaletxe honetan, Ezkondu gabeko bikote egonkorren erregistroan inskriba gaitzatela eskatzen dugu.

Sinatua .................. Sinatua ....................

2. ERANSKINA

Garinoaingo Udaletxean, ................ egunean, honako hauek agertu gara: Izen-abizenak: .............., N.A.N.: ............... eta izen-abizenak: .............., N.A.N.: .................

Eta Ezkondu gabeko bikote egonkorren udal erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantzan zehaztutakoarekin bat, adierazten dugu asmoa dugula gure arteko bikote egonkorra bukatutzat edo iraungitzat jotzeko; izan ere, horrelaxe inskribatua dago aipatu Udalaren erregistroan.

Horiek horrela,

Eskatzen dugu bukatutzat edo iraungitzat jo dadila aipatutako elkartzearen inskripzioa.

Sinatua ................ Sinatua ....................

Iragarkiaren kodea: L0409099