77. ALDIZKARIA - 2004ko ekainaren 28a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

137/2004 FORU AGINDUA, ekainaren 3koa, Hezkuntza kontseilariak emana, gizarte ekimeneko ikastetxeetan obrak egiteko dirulaguntzen deialdiko oinarriak onesten dituena.

Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren Zuzendaritza Nagusiak txostena aurkeztu du, eta bertan eskatu du gizarte ekimeneko ikastetxe itunduetan eraikin berriak eraikitzeko eginiko inbertsioengatik dirulaguntzak emateko prozedura eta baldintzak arautzen dituen deialdiaren oinarriak onets daitezela. Inbertsio hauen xedea da lehenik eta behin Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako hezkuntza adar osoetako eta ondoren Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako hezkuntza ziklo osoetako matrikulen hazkundea zurgatzea, ikastetxeko gaurko tokia handituz, aldatuz edo beste modu batean banatuz. Proiektuek aldez aurretik Hezkuntza Departamentuaren baimena behar dute.

Gizarte ekimeneko ikastetxe itunduetako oztopo arkitektonikoak kentzea xede duten instalazioetarako inbertsioak ere izan daitezke dirulaguntzen xede.

Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legeko 36.2.c) eta d) artikuluan esleitutako ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Gizarte ekimeneko ikastetxeetan obrak egiteko deialdiko oinarriak onestea. Aipatu oinarriak foru agindu honen eranskinean agertzen dira. Deialdi honek dakarren gastua, gehienez ere 501.000 euro eginen duena, 2004ko gastu aurrekontuko "Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan obrak egiteko dirulaguntzak" izeneko 410001-41120-7810-424102 kontusailaren kontu ordainduko da.

2. Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza Departamentuari eskatzea foru agindu hau eta deialdi honetako oinarriak argitara ditzala Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean.

3. Deialdi honen eta beronek ezartzen dituen oinarrien aurka, baita oinarri hauek aplikatzeko egintzen aurka ere, bidezko da gora jotzeko errekurtsoa paratzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

4. Foru agindu hau igortzea Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiari, Ogasun Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontu hartzaile jaunari, Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Teknikoari, Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuari, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari, Eraikuntza Bulegoari eta Obra Atalari, behar diren ondorioak sor ditzan.

Iruñean, 2004ko ekainaren 3an._Hezkuntza kontseilaria, Luis Campoy Zueco.

ERANSKINA

Gizarte ekimeneko ikastetxeetan obrak egiteko dirulaguntzen deialdia

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak, 2004ko Nafarroako Aurrekontu Orokorrean ezarritakoa betetzeko xedearekin, deialdi hau egin du, ondoko oinarriei jarraikiz:

O I N A R R I A K

1. Helburua.

Foru agindu honek arautzen dituen dirulaguntzak gizarte ekimeneko ikastetxeetan egiten diren obrak ordaintzeko izango dira.

2. Onuradunak.

Gizarte ekimeneko ikastetxe itunduetako titularrek eskatu ahal izango dituzte deialdi honetan araututako dirulaguntzak.

3. Xedea.

Lehenik eta behin Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako hezkuntza adar osoetako eta ondoren Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako hezkuntza ziklo osoetako matrikulen hazkundea ikastetxeko gaurko tokia handituz, aldatuz edo beste modu batean banatuz zurgatzea xede duten gizarte ekimeneko ikastetxe itunduek bakarrik har ditzakete dirulaguntza hauek. Proiektuek aldez aurretik Hezkuntza Departamentuaren baimena behar dute.

Obrak 2004ko udan egin beharko dira eta 2004-2005 ikasturtearen hasierarako bukatuak beharko dute.

Ez dira diruz lagunduko bestelako ekintzak, hala nola urbanizazio-obrak, lehendik zeuden eraikinen edo instalazioen eraberritze-lanak eta ekipamendu berrien erosketa.

Ikastetxeak, bere hazkuntzaren ondorioz, espazio nahikorik ez badu, eta hori dela eta lekuz aldatu eta beste orube batean eraikin berriak eraikitzen badira, obra hauek ez dira diruz lagunduko.

Jarduketak bestelako administrazio edo entitate batzuen aldetik dirulaguntzen xede izan badira edo izan badaitezke, halaxe jakinarazi beharko da eskabidean, zenbat diru hartu den edo hartzekoa den adieraziz.

4. Dirulaguntzen ehunekoa.

Emango den dirulaguntzaren zenbatekoa ez da deialdi honen xede diren obrak egiteko gastuaren %50 baino gehiago izango. Dirulaguntzetan ezin izango da banatu aurrekontuan horretarako aurreikusita dagoena baino diru gehiago

Dirulaguntza eskatu duten ikastetxe guztiei, deialdi honetako oinarriak betetzen badituzte, zenbateko bat emanen zaie, behin ere egin asmo den inbertsioaren kostuaren 100eko 50 gainditu gabe. Zenbateko hori aurrekontuetako dirua onetsiriko arauen arabera dirulaguntzen xede izan daitezkeen obra kopuruekin proportzionalki zatituz kalkulatuko da.

Oztopo arkitektonikoak kentzeko inbertsioak aurreko lerroaldean ezarri bezala finantzatuko dira eta guztira ez dute 50.000 euro baino gehiago eginen. Inbertsio horietarako eskabiderik aurkeztu ezik, diru hori beste eskabideen artean banatuko da.

5. Agiriak.

Deialdi honek arautzen dituen dirulaguntzak eskatu nahi dituzten ikastetxe pribatuetako titularrek frogatu beharko dute eraikin berriak eraikitzearen beharra, lehendik duten tokia nahikoa ez delako edota ikastetxearen hazkundearen ondorioz toki nahikorik ez dutela eta beste orube batera lekualdatu behar dutelako.

6. Aurkezteko epea eta tokia.

Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita hogeigarren egunean bukatuko da.

Laguntzen eskabideak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean edo Hezkuntza Departamentuko Erregistroan aurkeztuko dira, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan xedaturikoa deusetan galarazi gabe. Eskabidearekin batera, hurrengo agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Obra-proiektua: obren memoria eta plano deskribatzailea, non agertuko diren aurrekontu osoa eta xehatua (eraikinetan egingo den gastua, urbanizazioa, diru-sariak eta abar).

b) Ikastetxearen adierazpena, non azalduko den zenbat ikaspostu dituen eta ikastetxearen hobekuntzak zenbat ikasleri onura ekarriko dien.

c) Ikastetxearen adierazpena, dirulaguntzaren xede diren obrak egiteko harturiko edo hartu beharreko dirulaguntzak azaltzen dituena.

d) Obrak finantzatzeko plana.

e) 2003ko ekitaldiko Sozietate Zergako agiriak.

f) 2003ko ekitaldiko balantzea eta galera eta irabazien kontua, kontabilitate-plan orokorrak ezarritako eredu ofizialari egokituak.

g) Eskatzailearen ondarea frogatzeko balio duen ezein ziurtagiri.

h) Higiezinaren edo lursailaren jabetzaren egiaztagiria edo 20 urte edo gehiago erabiltzeko eskubidearen egiaztagiria.

Dirulaguntzaren eskabidea osorik bete gabe aurkezten baldin bada, edo hura baloratzeko alderdi garrantzitsuen egiaztapena nahikoa ez bada, eskatzaileari eskatuko zaio akats horiek zuzen ditzala, jakinarazi eta biharamunetik 10 eguneko epean.

7. Batzorde Ebaluatzailea.

Batzorde batek baloratuko ditu aurkezten diren eskabideak. Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusia izanen da buru eta ondoko hauek kide: Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuko zuzendaria, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuko zuzendaria, Obra atalburua eta Eraikuntza bulegoburua.

Idazkaritza Teknikoko legelaria arituko da idazkari lanetan. Hizpidea izanen du, baina botorik ez.

Batzordeak bere eginkizuna egiteko behar dituen pertsonei aholkuak eskatzen ahalko dizkie.

8. Baloratzeko irizpideak.

Aurkeztutako eskabideak baloratzeko honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Lehenik eta behin Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako hezkuntza adar osoetako eta ondoren Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako hezkuntza ziklo osoetako matrikulen hazkundea.

b) Obrak zenbateraino diren beharrezkoak ikastetxea LOCEk ezarritako baldintzetara egokitzeko.

c) Sortuko diren gune berriak noraino erabili eta aprobetxatuko diren eta obra horiek noraino aseko dituzten eskolatze beharrak.

9. Eskaeren gaineko ebazpena.

Balorazio Batzordeak eskaera guztiak ebaluatu ondoren, Hezkuntza kontseilariari arrazoizko proposamena eginen dio, eskaerak aurkezteko epea amaitu eta hilabeteko epearen barruan ebazpena eman dezan. Epe hori espresuki ebazpenik eman gabe bukatzen bada, ulertuko da aurkezturiko eskabideak ez direla onartu.

10. Ordainketa.

Agirien bidez obrak burutu direla egiaztatu ondoren, dirulaguntza ordainduko da. Dena den ordainketa zatika, zatikako justifikazioen bidez ordaindu ahal izango da.

Salbuespenez, onetsitako dirulaguntza aurreratu ahalko da. Kasu hauetan ikastetxe onuradunak banketxe bermea edo aseguruaren kontratua aurkeztu beharko ditu, aurreratutako diru kopurua bermatuz.

Eginiko inbertsioari, dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko kontuan hartu dena baino gutxiago baldin bada, dagokion proportzioa kenduko zaio.

11. Betebeharrak.

Onuradunek eginbehar hauek izanen dituzte:

a) Deialdiaren xede diren eraikitze lanak egitea.

b) Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren Zuzendaritza Nagusiak lan horiei buruz egin lezakeen edozein ikuskapen onartzea.

c) Beste edozein administraziori xede berarekin eskatutako nahiz lortutako dirulaguntzen berri ematea organo emaileari.

d) Dirulaguntza kobratu baino lehen, erregelamendu bidez ezartzen den moduan, frogatzea Nafarroako Ogasun Publikoarekiko zor guztiak kitatu dituela.

e) Bere kontabilitate edo liburu-erregistroan idaztea dirulaguntza kobratu duela, horretara beharturik egonez gero.

f) Diruz lagundutako obrak 2004/2005 ikasturtea hasi baino lehen amaitzea.

Jasotako zenbatekoa, osorik edo hein batean, itzuli beharko da eta berandutzagatiko korrituak, dirulaguntza ordaintzen denetik eta Ogasun Publikoari buruzko abenduaren 26ko 8/1988 Foru Legearen 19. artikuluan finkatutako zenbatekoan, eskatu ahal izanen dira honako kasu hauetan:

a) Justifikatu beharra ezarririko era eta epeetan betetzen ez denean.

b) Dirulaguntzaren xede diren lanak egiten ez direnean.

c) Eskola eta Lanbide Irakaskuntzarako Zuzendaritza Nagusiaren nahitaezko baimena izan gabe proiektua aldatzen denean.

12. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta bere erakunde autonomoen dirulaguntzak eman eta kontrolatzeko araubide orokorrari buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeko 27. eta 28. artikuluetan ezarritakoari jarraituko zaio.

Zehapen prozedura Administrazio Publikoen Araubideari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoa izanen da.

13. Errekurtsoak.

Oinarri hauek aplikatzeko egintzen aurka, bidezko da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, errekurtsoaren xedeko egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F0409560