75. ALDIZKARIA - 2004ko ekainaren 23a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Eskaintza Publikoa, oposizioak eta lehiaketak

DEIALDIA, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko Administrazio Publikoko teknikari (arlo juridikoa) izateko 10 lanpostu oposizio bidez betetzeko.

Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak, ekainaren 7ko 1325/2004 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko Administrazio Publikoko Arlo Juridikoko teknikari izateko 10 lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdia onetsi du.

1._Arau orokorrak.

1.1. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginean (abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak onetsia), hura garatu eta burutzeko Erregelamenduan, gainerako aplikazio arauetan eta deialdiaren oinarrietan xedatutakoari jarraituz eramanen da aurrera deialdi hau. Bere xedea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko Administrazio Publikoko Arlo Juridikoko teknikari izateko 10 lanpostu oposizio bidez betetzea da. Lanpostuak, funtzionarioen araubidekoak, Iruñean aritzeko dira, 4199.a izan ezik, hori Beriainen aritzeko baita. Txanda hauetan daude banaturik:

_4 lanpostu txanda irekian.

_5 lanpostu igoera txandan.

_1 lanpostu txanda murriztuan, % 33ko edo hortik gorako ezgaitasuna duten pertsonentzat.

1.2. Hauek dira eskaintzen diren lanpostuak:

_Lanpostu bat Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuan, plantilla organikoan 3820 zenbakia duena.

_Lanpostu bat Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuan, Berianen aritzeko, plantilla organikoan 4199 zenbakia duena.

_Lanpostu bat Ekonomia eta Ogasun Departamentuan, plantilla organikoan 6753 zenbakia duena.

_Lanpostu bat Nafarroako Zerga Ogasunean, Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren menpeko erakundea baita, plantilla organikoan 6753 zenbakia duena.

_Lanpostu bat Toki Administrazioko Departamentuan, plantilla organikoan 6141 zenbakia duena.

_Lanpostu bat Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan, plantilla organikoan 6876 zenbakia duena.

_Lanpostu bat Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuan, plantilla organikoan 4221 zenbakia duena.

_Lanpostu bat Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri Departamentuan, plantilla organikoan 2749 zenbakia duena.

_Lanpostu bat Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuan, plantilla organikoan 4963 zenbakia duena.

_Lanpostu bat Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuan, plantilla organikoan 6837 zenbakia duena.

1.3. Hautapen probak gainditzeko eskatzen den gutxieneko puntuaziora ez iristeagatik, bete gabe gelditzen bada igoera txandako lanpostu hutsen bat, orduan txanda irekikoei gehituko zaie.

Ezgaitasuna duten pertsonentzako txandako lanpostuak, izangaiek hautapen probak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa atera ez dutelako bete gabe geldituz gero, beste txandetakoei gehituko zaizkie, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.3 artikuluan ezarritako ordenaren arabera.

Orobat, igoera txandan edo/eta minusbaliatuentzako txandan eskaintzen diren lanpostuak baino izangai gehiagok gainditzen badute, txanda horretan lanpostua eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehia garbian eta eskuratutako azken puntuazioaren arabera.

Era berean, txanda irekiko lanpostuak eskuratzeko aukera izanen dute, aurreko lerroaldean adierazitako moduan, deialdiko 7.2. oinarrian agiriak aurkezteko ezartzen den epea bukatzen denean deialdiko 2.1.2 oinarriko eskakizun berariazkoak betetzen ez dituzten igoera txandako izangaiek.

1.4. Izendapenarekin batera pertsona izendatu horiek nomina eta plantillako funtzionario bihurtuko dira, Nafarroako Foru Komunitateko funtzionarioen arloan indarrean dauden xedapenetan ezarri diren eskubide eta betebehar guztiekin.

1.5. Lanpostuak A mailako lansariak izanen ditu, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan eta aplikatu beharreko gainerako xedapenetan ezarritakoari jarraikiz.

1.6. Izangaiak, hautapen probak gainditu eta deialdi honetako lanpostuetan aritzeko izendatu ondoren, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan sartu eta funtzionario eginez gero, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko dira eta alta emanen zaie, araubide horretan aurreikusitako babesean.

Deialdi honetako lanpostuetarako izendatu eta lehendik eskubide pasiboen eta osasun eta gizarte laguntzaren araubidean, hots, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan eta gainerako xedapen osagarrietan aipatzen den hartan, afiliatuta dauden funtzionarioek bertan segitzea aukeratzen ahal dute edo Gizarte Segurantzan afiliatzea.

1.7. Izendatutako izangaiek lanlekua duten herrian bertan bizi beharko dute, eta hori betetzeko udalerri horretan finkatuko dute beren bizilekua. Administrazio organo eskudunek destinoa aldatu ahalko dute.

1.8. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da eta noiznahi aldatzen ahalko dute administrazio organo eskudunek.

2._Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean eta agiriak aurkezteko epea (deialdiaren 7.2 atalean adierazia) bukatzen den unetik eta lanpostuaren jabetza hartu arte, baldintza hauek bete beharko dituzte:

2.1.1. Izangai guztiek bete beharreko baldintzak.

a) Espainiako nazionalitatea izatea.

b) Adin nagusikoa izatea eta erretiroko adina ez izatea.

c) Zuzenbideko lizentziadunaren titulua izatea, edo deialdian parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean lortzeko baldintza guztiak betetzea.

Atzerrian lorturiko tituluak badira, homologazioa egiaztatzen duen kredentziala eduki beharko da.

d) Lanpostuaren eginkizunetan aritzeko gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaiturik edo gabeturik ez egotea, eta Administrazio Publiko baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

f) % 33ko edo hortik gorako minusbaliotasun ofizialki aitortua izatea, baldin eta minusbaliatuentzako txanda murriztuan parte hartu nahi bada.

2.1.2. Igoera txandako izangaiek bete beharreko baldintza berariazkoak.

Igoera txandako izangaiek, aurreko atalean aipatu diren baldintzez gain, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunetik hasita deialdi honetako 7.2. oinarrian agiriak aurkezteko epeak iraun bitartean eta lanpostuaren jabetza hartu arte, honako hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroako edozein Administrazio Publikotako langile finkoa izatea, eta jatorrizko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

b) Deialdiko lanpostuen maila berean edo baxuagoan egotea.

c) Administrazio Publikoetan bost urteko antzinatasun onartua izatea.

Nafarroako Administrazio Publikoetan lan egiten duten langileen Estatutuaren xedapen gehigarrietatik zortzigarrenean ezarri dena aplikatuz, igoera txandan esku hartzeko baldintzak betetzen dituzten Nafarroako Parlamentuko langileek ere txanda horretan parte hartzen ahalko dute.

2.2. Lanpostua eskuratzen duten izangaiek betebehar horiek frogatu beharko dituzte deialdi honen 7.2 oinarrian aurreikusitako epe eta moduan, hirugarren oinarrian xedatutakoa izan ezik.

3._Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkeztu beharko dira Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean (Karlos III.a etorbidea, 2, Iruña) edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztientzako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 20ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan aurreikusitako bideetako edozeinetatik, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hogeita hamar egun naturaleko epean. Aipatu eskabideak deialdian argitaratutako ereduari lotuko zaizkio. Eredua Nafarroako Gobernuaren Argibide Bulegoan eskuratu ahalko da (Karlos III.aren etorbidea, 2, ataria) edo interneteko www.navarra.es helbidean, dela deialdia argitaratu zen aldizkari ofizialetik abiatuta, dela Zerbitzuen Katalogoan, Lan Publikoaren atalean, deialdiaren aipamenetik abiatuta. Eskaera-orrian, izangaiek adierazi beharko dute, eskabideak aurkezteko epearen azken egunerako, deialdian eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela.

Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.2. Minusbaliotasun aitortua duten lehiatzaileek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako minusbaliotasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, legeen arabera minusbaliatuak direla frogatzeko agiriaren fotokopia konpultsatua ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.

3.3. Eskabideari, behar bezala beterik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kontuan 25 euro sartu izanaren frogagiria erantsi beharko zaio, espedientea formalizatu eta azterketa eskubideak izateko.

Azterketa eskubideak ordaindu izanaren ordainagiria aurkezten ez bada, izangaia baztertu eginen da.

Honako hauek ez dute tasarik ordaindu beharko:

a) %33ko edo gehiagoko minusbaliotasun aitortua dutela frogatzen duten pertsonak, jatorrizko agiriaren edo behar bezala konpultsaturiko fotokopiaren bidez.

b) Hauta-proben deialdia egin aurretik hilabete batez edo luzaroago lan-eskatzaile gisa inskribaturik egon diren pertsonak. Salbuespen hori aplikatzeko baldintza izanen da inskribaturik egin den bitartean eskainitako inolako lan egokiri uko egin ez izana eta lanbide sustapen, prestakuntza edo eraberritze ekintzetan parte hartzeari uko egin ez izana, justifikaturiko kasuetan izan ezik, eta, horrez gainera, lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako den dirusarrerarik ez izatea hilabetero.

Lan eskatzailea dela frogatzeko, Enplegu Bulegoak emandako agiria aurkeztu beharko da. Bertan, lan-eskatzaile gisa inskribatu zeneko data agertuko da eta, orobat, adieraziko da inskribaturik egon den bitartean ez diola uko egin handik eskainitako inolako lan egokiri, ez eta lanbide sustapen, prestakuntza edo eraberritze ekintzetan parte hartzeari ere, justifikaturiko kasuetan izan ezik.

Hilero lanbide arteko gutxieneko lansaritik gorako errentarik ez duela interesatuaren errentaren adierazpenaren bidez frogatuko da. Adierazpen eredua Nafarroako Gobernuko Informazio Bulegoan eskuratzen ahalko da, edo bestela internet bidez, arestian emandako helbidean.

3.4. Deialdian igoera txandan parte hartu nahi duten izangaiek, gainera, 2.2. atalean aipaturiko betebeharren egiaztagiria aurkeztu beharko dute.

3.5. Eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesatuak eskaturik zuzentzen ahalko dira, noiznahi ere.

4._Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzita, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko du.

4.4. Izangaiei egotziriko arrazoiengatik baztertzen direnei ez zaizkie azterketa egiteko eskubideak.

5._Epaimahaia.

5.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

_Mahaiburua: Alberto Andérez González jauna, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Funtzio Publikoaren zuzendari nagusia.

_Ordezkoa: Ildefonso Sebastián Labayen jauna, Lehendakaritzako zuzendari nagusia.

_Mahaikidea: Francisco Javier Enériz Olaechea jauna, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Nafarroako Administrazio Publikoen Modernizazio eta Azterlanetarako Zerbitzuko zuzendaria.

_Ordezkoa: Javier Lacarra Albizu jauna, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Justizia Zuzendaritza Nagusiko Justiziako Zerbitzu Juridiko Administratiboko zuzendaria.

_Mahaikidea: José Francisco Alenza García jauna, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle titularra, Zuzenbide administratiboaren alorrean.

_Ordezkoa: Martín Orradre Artieda jauna, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko idazkari teknikoa.

_Mahaikidea: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Langileen Batzordeak izendatutako ordezkari bat.

_Ordezkoa: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Langileen Batzordeak izendatutako ordezkari bat.

_Mahaikide idazkaria: Marta Alvarez Alonso andrea, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri Departamentuko idazkari teknikoa.

_Ordezkoa: María Angeles Domene Sáez andrea, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Kudeaketarako Zerbitzuko zuzendaria.

Epaimahaia hautapen-probak hasi baino lehen eratuko da.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, gutienez ere kideen gehiengo osoa bertan ez bada.

Organo kolegiatuaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.3. Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean aipatzen diren abstentzio arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta deialdia egin duen organoari eman beharko diote horren berri.

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute mahaikideak errefusatzea, arrazoi horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzerakoan sor daitezkeen afera guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituak hartzen ahalko ditu, proba guztietarako nahiz batzuetarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoan aritzera mugatuko dira eta haietan soilik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6._Oposizioa nola eginen den.

6.1. Oposizioa 2005eko urtarrilean hasiko da. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean finkatuko dira probak hasteko tokia, eguna eta ordua.

Ondoren, epaimahaiak jakitera emanen ditu gainerako probak egiteko iragarkiak.

6.2. Ondoko ariketak egin beharko dira oposizioaldian:

Lehen ariketa: praktikoa, epaimahaiak oposizioko gaiekin lotuta zehazten dituen kasuei buruzko bi irizpen edo txosten juridiko idatzi beharko dituzte, bost orduz gehienez.

Bigarren ariketa: teorikoa. Gehienez ere 5 orduz gai zerrendako hiru zatietako gai bana idatziz erantzun beharko da, hiru gai guztira, alegia, zozketaz aukeratuak.

Hirugarren ariketa: teorikoa. Pliken sistema erabiliko da. Gehienez lau orduz, zerrendako gaiei buruzko 50 galdera erantzun beharko dira idatziz.

6.3 Oposizioko ariketen balorazioan 100 puntu eman daitezke gehienez ere, honela banatuak:

Lehen ariketa: 30 puntu bitarte. Kasu bakoitzak 15 puntu izanen ditu gehienez.

Bigarren ariketa: 30 puntu bitarte. Gai bakoitzean gehienez 10 puntuko puntuazioa ematen ahal da.

Hirugarren ariketa: 40 puntu bitarte. Epaimahaiak gehienez 0,80 puntu emanen dio galdera bakoitzari.

6.4. Oposizioko ariketak baztertzaileak izanen dira, eta prozesutik kanpo geldituko dira ariketa bakoitzean puntuen erdiak lortzen ez dituzten izangaiak.Halaber, bazterturik geldituko da lehen eta bigarren ariketetako gai edo kasu praktikoetako edozeinetan 0 puntuko kalifikazioa ematen zaiona.

6.5. Izangaiek lehen eta bigarren ariketak irakurriko dituzte epaimahaiaren aurrean, jendaurreko ekitaldi batean.

6.6. Ariketa bakoitza amaitutakoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean eta ariketa egin den lekuan, probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, bakoitzaren kalifikazioekin. Horrez gain, oposizioko hurrengo proba non, zein egunetan eta zer ordutan eginen den adierazten duen oharra argitaratuko du, gutxienez hura hasi baino 48 ordu lehenago.

6.7. Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala eraman beharko dute edo, bestela, epaimahaiaren iritziz onargarria den beste nortasun agiriren bat. Oposiziotik kanpo geldituko dira agertzen ez direnak edo nortasuna aipatutako agirien bidez frogatzen ez dutenak. Epaimahaiak ariketen emaitzak irakur daitezela agintzen badu, hori egitera agertzen ez diren hautagaiak ere baztertuak izanen dira.

6.8. Hautapen probak egiteko, eskaera egin duten minusbaliatuentzat bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

7._Probak gainditu dituztenen zerrenda, izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

7.1. Oposizioko azkeneko probaren kalifikazioa emanik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, oposizioan lortutako puntuazioaren araberakoa, Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean eta ariketak egin diren lekukoan. Gero, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiari igorriko dio probak puntuaziorik altuenarekin gainditu dituzten izangaien aldeko izendapen proposamena eta gainditu dutenen zerrenda, espediente osoarekin batera. Proposamen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

Hainbanaketarik gertatuz gero, hirugarren ariketan puntu gehien lortu dituztenen alde ebatziko da. Eta hala ere hainbana segitzen badute, gainerako ariketetan lortutako puntuazioak hartuko dira kontuan, hurrenez hurren.

7.2. Izendapen proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoko 30 egun naturaleko epean, proposatutako izangaiek inprimaki berariazko batzuk jaso eta honako agiri hauek aurkeztu behar dituzte Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusian:

7.2.1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finko ez diren izangaiak:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren 2 fotokopia konpultsatu, edo izangaiaren nazionalitatea eta identitatea frogatzen dituen beste agiri baliokideren batenak.

b) Deialdiko 2. oinarrian eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua, lortzeko eskubideak pagatu direla frogatzen duen gordekinarena edo, hala bada, eskabideak aurkezteko epean titulua eskuratzeko moduan egoten dela frogatzen duen ziurtagiria.

c) Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Atalak emandako txostena, interesatuak karguan aritzea eragotziko liokeen eritasun edo akats fisiko edo psikikorik ez duela frogatzeko.

Minusbaliotasunen bat alegatu duten izangaiek, gainera, minusbaliotasun mailaren egiaztagiria aurkeztu beharko dute, aurretik aurkeztu ez badute, hala nola minusbaliotasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria, balorazio eta orientazio talde eskudunek luzatua.

d) Eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izanaren zinpeko aitorpena.

e) Zin egitea edo hitz ematea Nafarroako Foru Araubidea begiratu, Konstituzioari eta legeei men egin eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela.

f) % 33ko edo hortik gorako minusbaliotasun aitortua izatea, baldin eta minusbaliatuentzako txanda murriztuan parte hartu nahi bada.

g) Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak eskatzen dizkion gainerako agiriak.

Deialdi hau egin ez duen Nafarroako beste Administrazio Publikoren bateko langile finkoek, gainera, aurreko administrazioko espediente pertsonalean ageri diren inguruabar eta aurrekari guztiak frogatzen dituen ziurtagiria, hots, sarrerari, antzinatasunari, mailari, egoera administratiboari eta abarrei buruzkoa.

7.2.2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoak diren izangaiak:

a) Deialdiko 2. oinarrian eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua, lortzeko eskubideak pagatu direla frogatzen duen gordekinarena edo, hala bada, eskabideak aurkezteko epean titulua eskuratzeko moduan egoten dela frogatzen duen ziurtagiria.

b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko funtzionarioa izateko, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak eskatzen dituen agiriak.

Minusbaliotasunen bat alegatu duten izangaiek, gainera, minusbaliotasun mailaren egiaztagiria aurkeztu beharko dute, aurretik aurkeztu ez badute, hala nola minusbaliotasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.

7.3. Norbaitek agiri horiek goian adierazitako epean aurkezten ez baditu, behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, ezin izanen dute izendatu edo kontratatu eta haren jarduketa guztiak deuseztatu eginen dira. Hori, dena dela, ez da eragozpen izanen eskabidean gezurra esateagatik izan lezakeen erantzukizuna eskatzeko.

7.4. Aurreko atalean azaldutakoa gertatuz gero, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak gainditzen dutenen zerrendan, 7.1 atalekoan, hurrengo datorren izangaiarekin beteko du hutsunea, eta harekin ere aurreko ataletako prozedura bera erabiliko da.

8._Lanpostu hutsak hautatzea.

8.1. Aurreko oinarrian xedatu dena betetzen duten lehiatzaileek Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak hartarako jartzen dien epean aditzera eman beharko dute eskaintzen zaizkien lanpostuetatik zein hautatzen duten. Aukeratu beharreko lanpostuak hasieran deitutakoak izanen dira, edo beste batzuk, zerbitzuaren beharrei jarraikiz horiek aldatzea erabakitzen bada.

8.2. Hautapen probak igoera txandaren bidez gainditzen dituzten izangaiek, edozein kasutan, lehentasuna izanen dute deialdiko lanpostu hutsak betetzerakoan, txanda horretakoak ez diren izangaien aurretik.

8.3. 100eko 33ko edo gehiagoko minusbaliotasun aitortua duten izangaiek lehentasuna izanen dute lanpostu hutsak aukeratzeko, txanda irekiko izangaien aurretik.

Izangai minusbaliaturik bada, eta horrek eragina badu lanpostu bat edo bestea hautatzeko, aukeratzen hasi aurretik, minusbaliotasunarekin hobekien egokitzen direnak esleituko zaizkie, horren gainean balorazio eta orientazio talde eskudunek egindako egiaztagiri bat aurkeztu beharko du txostenaren arabera.

9._Izendapena, lanpostuen esleipena eta jabetza hartzea.

9.1. Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak, ebazpen baten bitartez, aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko funtzionario izendatuko ditu, Administrazio Publikoko Adar Juridikoko teknikariari lanetan aritzeko. Ebazpen horren bidez lanpostuen esleipena ere eginen da.

9.2. Izendapen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

9.3. Izangai izendatuek hilabeteko epea izanen dute lanpostuaren jabetza hartzeko, izendapena jakinarazten denetik hasita. Aipatu epean eta behar bezain ongi arrazoitutako kasuetan izan ezik, izangairen batek ez baldin badu lanpostua bere egiten, Foru Komunitateko Administrazioaren funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu. Hala bada, 7.4 idatz-zatian ezarritakoari jarraituko zaio.

9.4. Izangairen bat funtzionario bihurtu eta lanpostuan batere aritu gabe zuzenean eta berak eskatuta borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik bertatik, data hartan beste Administrazio Publiko batean ari delako, kasuko lanpostu hutsa ere beteko da deialdiko 7.4 atalak agintzen duen moduan.

9.5. Aurreko bi ataletan aipatutako kasuetan, izendapena egin aurretik hautaturiko lanpostua ez da aldatuko. Beraz, funtzionario berriei, zuzenean, lanpostu horiek esleituko zaizkie.

10._Helegiteak.

Deialdi honen aurka, bere oinarri eta egintzen aurka, gora jotzeko helegitea jartzen ahal da Nafarroako Gobernuari zuzendua, errekurritutako egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztientzako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen _urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatuaren_ 114 eta 115. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2004ko ekainaren 7an._Funtzio Publikoaren zuzendari nagusia, Alberto Andérez González.

1. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: ................................., adinez nagusia. Nortasun Agiri Nazionala (edo balio bereko beste agiriren bat): .................., sorteguna: .................., sorterria: ...................., (..............). Nazionalitatea: .............., helbidea: ....................., (kalea, zenbakia), ...................... herria, ............. probintzia, ............... posta kodea, eta ........ telefonoa (........... laneko telefonoa) duena,

Zure aurrean agertu eta adierazten du:

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko ......... izateko .............. lanpostu ........... bidez betetzeko deialdian ondoko txandan parte hartzeko onar dezatela eskatzen duela (deialdia ...... Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, .........(e)an):

f Txanda irekia

f Igoera txanda*

f Minusbaliatuendako txanda murriztua*

Karguan aritzea galarazten dion eritasun edo akats fisiko edo psikikorik ez duela.

Indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik ez duela.

Ez dela diziplina-espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan eta ez dela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

Deialdian eskatzen den titulazioaren jabe dela.

Azterketa eskubideak ordaindu dituela deialdian ezarritako moduan eta horren gordekina erantsi duela, edo erantsitako agirien bidez frogatzen duela tasa ordaintzetik salbuetsita dagoela.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean baldintza guztiak betetzen dituela.

f Minusbaliotasuna duela eta, beraz, azaltzen den egokitzapena eskatzen duela, adierazten diren arrazoiengatik. (Beste orri batean azaltzen dira eskatutako egokitzapenak eta horien zergatia).

f Minusbaliatua dela frogatzen duen agiria aurkezten duela, erakunde eskudun batek emana.

f Euskararen gaitasunaren agiria edo ofizialki baliokidea den beste titulu bat aurkezten duela*

f Euskara maila neurtzeko proba egitea eskatzen duela*

Horrenbestez,

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko .......... izateko .... lanpostu ............ bidez betetzeko deialdian onar dezaten eskatzen du.

Iruñean, ........(e)ko .........aren ............(e)an.

(Sinadura)

NAFARROAKO GOBERNUA. LEHENDAKARITZA, JUSTIZIA ETA BARNE DEPARTAMENTUA.

(*) Bidezkoa denean bakarrik.

2. ERANSKINA

Gai zerrenda

I. ZATIA

Zuzenbide Konstituzionala eta Europar Batasunekoa

1._Espainiako zuzenbide publikoaren iturburuak: osatzen duten legeak, haien antolamendua eta printzipioak. Konstituzioa arau juridiko gisa.

2._Legea. Kontzeptua eta motak. Lege erreserba. Lege dekretuak eta legegintzako dekretuak.

3._Zuzenbidearen beste iturburu batzuk: Nazioarteko Itunak. Zuzenbidearen printzipio orokorrak. Jurisprudentzia. Usadioa Zuzenbide Publikoan.

4._Espainiako 1978ko Konstituzioa. Sortzeko prozesua. Ezaugarriak. Egitura. Konstituzioa berritzea.

5._Konstituzioaren printzipioak. Zuzenbide estatu sozial eta demokratikoa: esanahia. Espainiako Konstituzioaren balore nagusiak eta 9. artikuluko printzipioak.

6._Parlamentuzko monarkia. Koroa: esanahia eta eskurantzak. Berronespena.

7._Demokrazia ordezkatzailea. Hauteskunde sistemak. Espainiako hauteskunde-sistema. Hauteskunde auzia.

8._Demokrazia zuzenaren instituzioak. Erdi-zuzeneko demokraziaren instituzioak: Herri ekimena eta erreferenduma Espainiako Konstituzio Zuzenbidean. Azken bi figura horien azterketa Nafarroako Foru Zuzenbidean.

9._Aniztasun politikoa. Alderdi politikoak. Aniztasun sindikala. Sindikatuak. Aniztasun soziala eta ekonomikoa aitortzeko beste era batzuk Espainiako Konstituzioan.

10._Gorte Nagusiak. Diputatuen Kongresua eta Senatua: osaera eta eginkizunak.

11._Gobernua. Eginkizunak eta ahalmenak sistema konstituzional espainiarrean. Gobernuaren eta lehendakariaren eraketa, izendapena eta kargutik kentzea. Gobernuaren eta Gorte Nagusien arteko harremanak.

12._Estatuaren lurralde antolamendua. Autonomia Erkidegoak Autonomien ekimena. Autonomia Erkidegoen sorrera, aldaketa eta deuseztapena.

13._Autonomia estatutuak. Izaera. Ezaugarriak. Edukia. Berrikuntzarako prozedura.

14._Eskumenen banaketa Estatuaren eta autonomia erkidegoen artean.

15._Autonomia erkidegoen antolamendua. Estatuak Autonomia Erkidegoen gainean duen kontrola.

16._Estatuak eta Autonomia Erkidegoek legegintzarako duten ahalmena. Estatuaren eta Autonomien antolamenduen arteko erlazio sistemak. Oinarri-legeak, lege-markoak, transferentzia edo eskuordetze legeak eta harmonizazio legeak. Lege autonomikoak.

17._Konstituzio Auzitegia. Haren jarrera erakunde konstituzional gisa. Osaera, antolakuntza eta funtzionamendua. Eskumenak.

18._Justizia konstituzionala. Konstituzioa auzitegietan defendatzeko ereduak. Babes jurisdikzionala 1978ko Konstituzioan. Lege mailako arauen konstituzionaltasunaren kontrola: Konstituziokontrakotasuneko helegitea eta konstituziokontrakotasun auzia. Nazioarteko Itunen aurretiazko kontrola.

19._Estatuko organoen arteko gatazkak. Eskumenei buruzko gatazka konstituzionalak Estatuko organo zentralen eta Autonomia Erkidegoen artean eta erkidego horien artean. Autonomia Erkidegoek emandako xedapen eta ebazpenen kontrako inpugnazioak.

20._Botere Judiziala. Funtzio judiziala 1978ko Konstituzioan. Botere eta funtzio judizialaren antolakuntza eta funtzionamendurako konstituzio printzipioak. Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia. Ministerio fiskala.

21._Kontuen auzitegia. Izaera. Osaera eta antolaketa. Fiskalizazio eginkizuna. Eginkizun jurisdikzionala.

22._Herritarren eskubideak eta betebeharrak Konstituzioaren arabera. Oinarrizko eskubideak eta askatasun publikoak Espainiako Konstituzioan. Eskubideak eta betebehar arruntak. Politika ekonomiko eta sozialaren printzipio gidariak.

23._Konstituzio ekonomikoa. Konstituzioaren eredu ekonomikoaren printzipio iradokitzaileak eta helburuak.

24._Konstituzioaren eskubideen babespena. Bide judiziala. "Habeas corpus"-a. Konstituzioaren babes-helegitea.

25._Arartekoa. Eskumenak eta jarduteko modua.

26._Europar Batasunaren prozesua. Batasuneko antolakuntzaren aurrekariak, helburuak eta izaera juridikoa. Batasuneko hasierako zuzenbidea: Eraketa Itunak. Batasuneko zuzenbide eratorria: erregelamenduak, zuzentarauak eta bestelako iturriak.

27._Europako Konstituzioa osatzeko Ituna: sorrera, izaera juridikoa eta egitura.Europako Batasun berria: izaera juridikoa eta eskumenak. Batasuneko Zuzenbidea: arauetarako iturri berriak.

28._Europar Batasunaren antolamendua. Parlamentua. Europako Kontseilua. Europako Batzordea. (Ministroen) kontseilua. Justizia Auzitegia. Europar Batasuneko beste erakunde batzuk.

29._Europar Batasuneko herritarren eskubideak eta askatasunak. Europako herritarrak.

30._Europar Batasunaren finantza baliabideak. Europar Batasunaren finantzazioa: Batasunaren aurrekontua. Estatuaren laguntzak, bai eta Europar Batasunak egiten duen haien kontrola ere.

31._Batasunaren fondoak: motak eta helburuak.

II. ZATIA

Administrazio Zuzenbide Orokorra, Tributua eta Lan arlokoa

1. ATALA

Administrazio zuzenbidea. Teoria orokorra

1._Administrazio publikoa Espainiako 1978ko Konstituzioan. Haren parte hartzea botere exekutiboan. Konstituzioko printzipioak antolakuntzari eta funtzionamenduari dagokienez.

2._Administrazio Publikoa eta Zuzenbidea. Legezkotasunaren printzipioa. Araututako ahalmenak eta eskumeneko ahalmenak.

3._Administrazio publikoa eta jurisdikzioa: autotutoretzaren printzipioa.

4._Administrazio publikoaren ahalmen arauemailea. Erregelamendua. kontzeptua eta motak. Legearen eta Erregelameduaren arteko erlazioak. Erregelamendu-ahalmenaren mugak. Legez kanpoko erregelamenduen aurkako defentsa juridikoa: zigor eta administrazioarekiko auzien bideak eta salbuespen judiziala.

5._Pertsona juridiko publikoak. Ente publikoen tipologia Espainiako ordenamendu juridikoan. Ente publikoen ahalmena.

6._Erlazio juridiko administratiboa. Kontzeptua eta ezaugarriak. Erlazio juridiko administratiboen sorrera, aldaketa eta iraungipena. Erlazio juridiko administratiboaren elementuak.

7._Egoera juridiko subjektiboak Administrazio Zuzenbidean. Egoera aktiboak, ahala, zuzenbide subjektiboa eta bidezko interesa. Egoera pasiboak eta mistoak.

8._Administratua. kontzeptua eta motak. Administratuaren gaitasuna eta horren aldaketaren zioak. Herritarren eskubideak administrazio publikoekiko harremanetan. Herritarrek administrazioan parte hartzea.

9._Administrazio egintza. Kontzeptua. Administrazio egintza motak. Administrazio egintzaren elementuak.

10._Administrazio prozedura. Kontzeptua eta izaera. Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legea: aplikazio esparrua eta haren printzipioak. Interesatuak. Baldintzak eta epeak.

11._Administrazio prozedura: hasiera, antolaketa, instrukzioa eta amaiera.

12._Administrazio prozedura bereziak: xedapen orokorrak egiteko prozedura. Akzio zibilak eta lan-akzioak erabili aurreko erreklamazioak.

13._Administrazio egintzen eraginkortasuna. Baliozkotasunaren ustea. Eraginkortasunerako baldintzak. Administrazioaren isiltasuna. Bete beharra eta etendura. Egintza administratiboak betetzea.

14._Egintza administratiboaren baliogabetasunaren teoria. Egintza deusezak eta deuseztagarriak. Egintza administratiboa baliozkotzea. Ofiziozko berrikuspena.

15._Kontratazio administratiboa Nafarroan. Kontratu publikoen izaera juridikoa. Kontratuen aldaketa. Subjektuak. Kontratu publikoen xedea eta arrazoiak.

16._Kontratazio administratiboaren modua eta kontratistak hautatzeko Nafarroako sistemak. Kontratuen formalizazioa.

17._Nafarroako kontratu administratiboen edukia eta ondorioak: Administrazio publikoaren prerrogatibak eta finantza oreka. Kontratuen interpretazioa. Kontratu administratiboen iraungipena, betetzea, baliogabetzea eta amaiera. Kontratuaren lagapena eta azpikontratua.

18._Administrazio akzioaren formak. Sustapena eta bere bitartekoak.

19._Mugatzeko jarduera administratiboa. Kontzeptuaren bilakaera. Printzipio orokorrak. Mugatzeko jardueraren azalpenak.

20._Administrazioaren zehapen ahalmena. Printzipio orokorrak. Zehapen prozedura.

21._Espainiarren eskubideen gaineko administrazio baldintzak. Hiritarren Segurtasunari buruzko Lege Organikoa. Eskubideen etendura eta salbuespen egoerak.

22._Datu pertsonalen babespena Europan eta Espainian. Datu pertsonalak babesteari buruzko Lege Organikoa.

23._Nahitaezko desjabetzapena. Bilakaera historikoa. Kontzeptua. Izaera eta justifikazioa. Elementuak: subjektuak, xedea, arrazoia eta edukia.

24._Desjabetzapenerako prozedura. Prozedura bereziei buruzko aipamena. Partikularraren bermeak.

25._Zerbitzu publikoa. Kontzeptuaren bilakaera. Zerbitzu publikoa eta administrazio prestazioak.

26._Zerbitzu publikoa kudeatzeko moduak. Zuzeneko kudeaketa. Zerbitzu publikoak kudeatzeko kontratua. Enpresa publikoak eta enpresa mistoak.

27._Jabari publikoa. Kontzeptua eta izaera. Elementuak. Araubide juridikoa.

28._Administrazio publikoaren ondareko erantzukizuna: bilakaera eta gaur egungo araubidea.

29._Helegite administratiboak. Gora jotzeko helegitea eta berraztertzeko helegitea. Berrikusteko helegite berezia.

30._Administrazioarekiko auzien jurisdikzioa. Bilakaera historikoa eta Espainiako araubide indarduna. Izaera. Hedapena eta mugak.

31._Administrazioarekiko auzi-helegitea. Alderdiak. Administrazioarekiko auzi-helegitearen xedea. Administrazioarekiko auzi-helegitea: lehen auzialdian edo auzialdi bakarrean eta laburtua. Epaia eta horren betearaztea.

2. ATALA

Antolaketa administratiboa

32._Antolaketa administratiboa. Konstituzio printzipioak. Administrazio organoak. Kontzeptua eta motak.

33._Antolaketa administratiboaren printzipio juridikoak. Eskumena. Eskumenak eskuz aldatzeko teknikak. Hierarkia. Deskontzentrazioa.

34._Zentralizazio eta deszentralizazio administratiboa. Deszentralizazio motak. Koordinazioa eta kontrola.

35._Administrazio publikoen arteko harremanak. Printzipio orokorrak. Administrazioen arteko lankidetza, kooperazioa eta koordinazioa. Sektorekako konferentziak eta bestelako kooperazio organoak. Lankidetza hitzarmenak eta baterako plan eta programak.

36._Estatuko Administrazio Orokorraren antolamendua. Goi mailako organoak. Gobernuko lehendakaria eta lehendakariordea. Ministroen Kontseilua eta Gobernuaren Batzorde Delegatuak. Ministroak. Beste organo batzuen aipamena.

37._Estatuko Administrazio Orokorraren lurraldeko organoak. Gobernu ordezkariak Autonomia Erkidegoetan. Gobernu ordezkariordeak probintzietan.

38._Administrazio Korporatiboa. Nafarroako Lanbide Elkargoak eta Ganbera Ofizialak: eskumenak eta araubide juridikoa.

39._Administrazio instituzionala. Erakunde autonomoak. Enpresako entitate publikoak. Nafarroan duten araubide bereziaren aipamena.

40._Espainiar Administrazioko organo aholku-emaileak. Organo aholku-emaile motak. Estatu Kontseilua. Bestelako organo aholku-emaileak.

41._Nafarroako Toki Administrazioa. Kontzeptua eta bilakaera. Zer entitate sartzen diren. Toki araubidearen gaineko legeria.

42._Probintzia. Antolaketa eta eskumenak. Udalerria. Antolaketa eta eskumenak.

3. ATALA

Tributu Zuzenbidea

43._Aurrekontua: kontzeptua, izaera eta motak. Espainiako aurrekontua, bere ordenamendu juridikoaren iturriak, edukia eta bere egituraren oinarrizko printzipioak.

44._Gastu publikoa: gaiari buruzko printzipio konstituzionalak. Gastuetarako aurrekontu kredituen mugak. Gastu publikoaren exekuziorako prozedura.

45._Dirusarrera publikoak: sailkapena. Zor publikoa: kontzeptua, motak eta araubide juridikoa.

46._Tributuak: kontzeptua, izaera eta motak. Zergari buruzko azterketa berezia. Espainiako tributu arloko ordenamendua: printzipio orokorrak.

47._Tributuen kudeaketa, likidazioa, dirubilketa eta ikuskapena. Tributu egintzen berrikuspena bide administratiboan. Tributu arloko arau-hauste eta zehapenak. Delitu fiskala.

4. ATALA

Lanaren eta Gizarte Segurantzaren arloko Zuzenbidea

48._Lan arloko Zuzenbidea.Izaera eta ezaugarriak. Lan harremana arautzen duten oinarrizko printzipioak.

49._Lan arloko Zuzenbidearen iturriak. Langileen Estatutua. Hitzarmen kolektiboak.

50._Lan kontratua: kontzeptua, izaera eta motak. Lan kontratazioa administrazio publikoetan.

51._Kontratua etetea eta amaitzea: arrazoiak. Lanetik bidaltzea.

52._Gizarte Segurantza. Arau orokorrak eta aplikazio esparrua. Gizarte Segurantzaren entitate kudeatzaileak, ororendako zerbitzuak, entitate laguntzaileak eta erakunde autonomoak.

53._Gizarte Segurantzaren araubide orokorra. Aplikazio esparrua. Afiliazioa eta kotizazioa. Babes jarduna: babesten diren egoerak eta prestazioen araubidea.

III. ZATIA

Nafarroako Zuzenbide Publikoa

1._Nafarroako Foru Eraentza. Bilakaera (1512-1982): Nafarroa, Erresumatik Foru Komunitatera. Foruen Legeak, bereziki 1841eko Lege Itundua.

2._Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa. Prestakuntza prozesua. Izaera eta esanahia. Atariko titulua. Erreforma.

3._Nafarroako Parlamentua edo Gorteak. Eraketa, antolakuntza eta eginkizunak. Parlamentuak Gobernua kontrolatzeko duen eginkizuna.

4._Legegintzako ekimena. Foru legeak. Izaera eta motak. Legegintza prozedura.

5._Foru Diputazioa edo Nafarroako Gobernua. Eginkizunak. Lehendakaria. Bere hautaketa. Kontseilariak. Foru Komunitatearen Administrazioa. Foru dekretu eta aginduak. Egintzak eta helegiteak.

6._Nafarroako Justizia Administrazioa. Antolaketa. Nafarroako Auzitegi Nagusia. Nafarroako Foru Komunitateak Estatuarekin eta autonomia erkidegoekin dituen harremanak.

7._Nafarroako Comptos Ganbera. Antolakuntza eta eskumenak. Erresumako Kontuen Auzitegiarekin dituen harremanak.

8._Foru Zuzenbide Zibilari buruzko Konpilazioa edo Nafarroako Foru Berria. Elaborazioa eta erreformatzeko prozedura. Nafarroako Zuzenbide zibilaren iturriak. Foru izaera zibila.

9._Euskara Nafarroako Foru Komunitatean. Euskararen Foru Legea eta haren erregelamenduak. Euskarak Nafarroako Administrazio Publikoetan duen erabilpena.

10._Hitzarmen Ekonomikoen araubidea. Hitzarmen Ekonomikoak: historia eta izaera juridikoa. Nafarroako zerga autonomiaren printzipioak. Egun Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen artean dagoen Hitzarmen Ekonomikoa.

11._Nafarroako Kontseilua. Sorrera eta justifikazioa. Izaera eta ezaugarriak. Osaera. Antolakuntza. Eskumenak. Funtzionamendua.

12._Nafarroako Foru Komunitateko arartekoa. Sorrera eta justifikazioa. Erakundearen izaera: Hautatu, kargutik kendu eta ordeztea. Abantailak eta bateraezintasunak. Eskumenak. Erakundearen funtzionamendua. Harremana Parlamentuarekin eta Gorte Nagusiek izendatutako arartekoarekin.

13._Nafarroako Ogasun Publikoaren Araubidea. Araubide juridikoa. Ekonomia arloko eskubideak eta betebeharrak. Nafarroako Aurrekontu Orokorrak. Kontrola: finantzak babesteko kontrola eta esku-hartzea. Agintarien eta enplegatuen betekizunak.

14._Nafarroako Ondarea. Kontzeptuak eta motak. Administratzea. Eskuratzea. Besterentze eta lagatzea. Defentsa eta babesa. Jabari publikoa: kontzeptua, ukipena eta erabilera. Jabari pribatua.

15._Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra.

16._Nafarroaren eskumenak. Haien ordenamendua Foruaren Hobekuntzan: sailkapena eta printzipioak. Transferentzien Batzarra.

17._Lurraldearen antolamendua eta hirigintza. Nafarroako Foru Komunitatearen eskumenak. Lurraldearen eta Hirigintzaren Antolamenduari buruzko Foru Lege indardunaren aipamena bereziki.

18._Ingurumenaren babesa. Nafarroako Foru Komunitatearen eskumenak. Nafarroako legeriaren aipamen orokorrak ondokoen gainean: Naturguneak, ingurumena babestu eta basa fauna babestu eta kudeatzeko jarduera sailkatuak. Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa.

19._Etxebizitzaren babes publikoa Nafarroan: babesaren kontzeptua, esparrua eta deskribapena, babes jarduera motak. Babes ofizialeko etxebizitzen araubide juridikoa.

20._Osasunari buruzko Foru Legea eta hura garatzen duten erregelamenduzko xedapenak.

21._Nafarroako errepideen araubide juridikoa. Errepideak babesteko Foru Legea: haren edukiaren azterketa.

22._Nafarroako eskumenak nekazaritza eta abeltzaintza arloetan. Nekazaritza Ustiategien Erregistroa. Nekazaritzako azpiegiturei buruzko Foru Legea: haren edukiaren azterketa.

23._Nafarroako mendiak. Foru Komunitatearen eskumenak. Nafarroako oihan ondarea babesteari eta garatzeari buruzko Foru Legea: haren edukiaren azterketa.

24._Nafarroaren eskumenak segurtasun publikoaren arloan. Foruzaingoa: historia, araudia, eginkizunak, antolaketa eta langileak. Segurtasun Batzarra. Nafarroako toki poliziak: arautegia, eginkizunak, antolaketa eta koordinazioa.

25._Funtzio publikoa: funtzionarioekiko harreman juridikoen izaera eta edukia. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileriaren estatutua.

26._Nafarroako Foru Komunitateko irakasleak eta osasuneko langileak. Araubide juridikoa. Araudi aplikagarria Foru Komunitateko Administrazioan laneko arriskuei aurrea hartzeari dagokionez.

27._Nafarroako toki entitateak. Udalerriak. Kontzejuak. Mankomunitateak eta bestelako toki entitateak. Antolaketa eta funtzionamendua.

28._Nafarroako Toki Entitateen ondasunak. Herri ondasunak eta ondarekoak.

29._Nafarroako toki entitateen jarduketen prozedura eta araubide juridikoa. Toki entitateen jarduketen inpugnazioa eta kontrola. Nafarroako Administrazio Auzitegia.

30._Nafarroako Toki Ogasunen baliabideak. Udal zergak. Toki entitateen partaidetza Nafarroako zergetan.

Iragarkiaren kodea: F0409110