75. ALDIZKARIA - 2004ko ekainaren 23a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

PLAZAOLA PARTZUERGO TURISTIKOA

Plazaolako Natur Bidearen erabilera eta funtzionamendua arautzeko ordenantza. Behin betiko onespena

Plazaola Partzuergo Turistikoko Administrazio Kontseiluak, 2003ko irailaren 9an egindako bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Plazaolako Natur Bidearen erabilera eta funtzionamendua arautzeko ordenantza.

Erabaki hori 2004ko 47. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, apirilaren 19an, eta jendaurreko epea erreklamaziorik jaso gabe iragan denez, Administrazio Kontseiluak behin betikoz onetsi du aipatu ordenantza, eta argitara eman haren testu osoa, behar diren ondorioak izan ditzan.

Lekunberrin, 2004ko maiatzaren 24an._Partzuergoko burua, José María Aierdi Fernández de Barrena.

PLAZAOLAKO NATUR BIDEAREN ERABILERA ETA FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEKO ORDENANTZA

Sarrera

Nafarroako Gobernuak, 1991ko urtarrilaren 17an hartutako erabakian, behin betiko onetsi zuen Plazaolako ibilbidea berreskuratzeko Udalez Gaindiko Plan Sektoriala. Akordio honen barruan, ibilbide hau onura publikokoa eta interes sozialekoa izendatu zuen, garai horretan indarrean zegoen Lurraldearen Antolamenduari buruzko azaroaren 11ko 12/1986 Foru Legearen 26 d) artikuluaren 2. eta 3. paragrafoen arabera.

Ibilbide honen izena Plazaolako Natur Bidea da. Lekunberriko zatiak, Mugiro eta Uitzi artekoak hain zuzen, zazpi kilometroko luzera du; Leitzako zatiak, berriz, Uitziko tunelean hasi eta Gipuzkoako mugan bukatzen denak, hamabi kilometrokoa. Ibilbide honen bitartez, garai batean Iruñea eta Donostia lotzen zituen trenbide zaharra berreskuratu da, Natur Bide bihurtuta.

Berreskuratze lan hori egiteko, eta baita beronen kudeaketa egiteko ere, 1994. urtean Plazaola Partzuergoa eratu zen. Trenbideak zeharkatzen dituen udalerriek osatzen dute partzuergo honen lurralde eremua, eta baita inguruko beste zenbait udalerrik ere, eta garapen turistikoa bultzatzea da erakunde honen xedea.

Trenbidea udalerri hauetan berreskuratu da: Lekunberri, Larraun eta Leitza.

Plazaola Partzuergo Turistikoko partaide diren udalerriak hauek dira: Araitz, Areso, Betelu, Larraun, Leitza, Lekunberri eta Ultzama.

Natur Bide honek aisialdirako natur guneen edo antzekoen ezaugarriak dauzka, eta komunikabide gisa eman zaio erabilera publikoa, honako helburuokin lotuta: aisia, kirola, kultura eta ingurumenaren babesa

Ingurumen Ministerioak, Natur Bideen Programaren barruan, erabiltzen ez diren azpiegitura linealak berreskuratzea du helburu _trenbideak, esaterako_ zikloturismoa eta mendi-ibiliak bezalako jardueretan erabil daitezen; hau da, hain zuzen, Plazaolako Natur Bidean egin dena.

Plazaolako trenbide zaharra Natur Bide bihurtu ondoren, hauek dira Partzuergoaren helburuak:

.Plazaolako Natur Bidea egoki mantendu eta zaintzea

.Natur Bide hau sustatu, mantendu eta garatzeko era guztietako jarduerak eta ekintzak bultzatzea

.Plazaolako Natur Bidea eskualdeko garapen turistikoaren ardatz bihurtzea

Helburu hauek lortzeko eta Natur Bidea hobeki babesteko, ezinbestekoa da beronen erabilera arautzea; horretarako, hain zuzen, onetsi da ordenantza hau.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Helburua

1.1. Ordenantza honen helburua da Plazaolako Natur Bidearen erabilera, babesa eta funtzionamendua arautzea. Arau hauek finkatzeko kontuan hartuko dira bertako usadioa, lurraldearen antolamenduko eta hirigintzako legedia, ingurumena, eta ezar litekeen gainerako araudia.

1.1. Natur Bide honek Lekunberri, Larraun eta Leitza udalerriak zeharkatzen ditu, eta gutxi gora-behera bat dator Plazaolako trenbide zaharraren ibilbidearekin. Jendeak erabiltzeko ireki diren ibilbide zatietan seinaleak jarri dira.

2. artikulua. Partzuergoaren eskumenak.

2.1. Nafarroako Gobernuaren Ondare Zerbitzuak Plazaolako Partzuergoaren esku utzi zuen Plazaolako Natur Bideko ibilbidearen erabilera, helburu jakin horrekin.

2.2. Partzuergoak nortasun juridiko propioa dauka, partzuergoa osatzen duten entitateen nortasunaz berezia, eta gaitasun juridiko osoa dauka bere helburu espezifikoak betetzeko.

3. artikulua. Arauak betetzeko eremua.

3.1. Honakoek nahitaez bete beharko dute ordenantza hau: Plazaolako Natur Bidearen erabiltzaileak, Plazaola Partzuergo Turistikoa osatzen duten entitateak, eta ondasun publiko honen funtzionamenduan eta kontserbazioan nolabaiteko eragina izanen duen pertsona edo kolektibo oro.

3.2. Plazaolako Natur Bidea arautu eta erabiltzeko kontuan hartuko dira ordenantza hau, Plazaola Partzuergoaren gainerako arautegia, lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren gaineko legedia, ingurumenaren gaineko legedia, eta baita une nahiz egoera bakoitzean aplika litekeena ere.

II. KAPITULUA

Natur Bidearen erabilera

Hau izanen da Natur Bidearen erabilera: ibilaldi turistiko eta ekologikoak, kirol-ibilaldiak, mendi-ibiliak, paseoa eta zikloturismoa; beti ere, aisialdirako natur guneek izan ohi dituzten ezaugarriekin.

4. artikulua. Baimendutako erabilerak.

4.1. Oinez eta bizikletaz ibiltzea (gehienez ere 10 kilometro orduko abiaduran)

4.2. Natur Bidearen erabiltzaileentzako atsedenguneak eta bertako azpiegitura erabiltzea

4.3. Ibilgailuei dagokienez, soil-soilik dagokion udalaren baimena duten bizilagunak pasa ahalko dira bertatik.

4.4. Abereei dagokienez, soil-soilik dagokion udalaren baimena aldez aurretik jaso duten bizilagunen abereak pasa ahalko dira bertatik

5. artikulua. Baimendu daitezkeen erabilerak.

5.1. Baimendutako erabilerekin bateragarriak diren kirol-probak

5.2. Baimendutako erabilerekin bateragarria den edozein jolas- edo aisialdi-jarduera

5.3. Mantentzeko edo zerbitzuren bat emateko ibilgailuak Natur Bidean barna ibiltzea.

Jarduera hauetakoren bat egin nahi duenak Partzuergoari idatziz egin beharko dio eskaera, bere asmoa zein den zehatz-mehatz azalduz, ibilbidea erabili nahi duen eguna baino hiru hilabete lehenago. Partzuergoak, eskaera aurkezten den egunetik bi hilabeteko epean, eskaerari erantzuna emanen dio eta, hala beharko balitz, eskaeraren inguruan datu gehiago eskatu ahalko ditu. Epe horren barruan erantzuten ez badu, eskaera onartutzat joko da.

6. artikulua. Debekatutako erabilerak.

Berariaz debekatuta daude honako erabilerak:

6.1. Natur Bidean barna edozein eratako ibilgailu motordunarekin ibiltzea: motorra, autoa, traktorea, eta abar.

6.2. Baimendutako ibilgailuen kasuan, tuneletan barna argirik gabe ibiltzea.

6.3. Lotu gabeko txakurrekin Natur Bidean ibiltzea

6.4. Abereekin Natur Bidetik eta bertako ezpondetatik ibiltzea

6.5. Bizikletei nahiz baimendutako ibilgailuei ezarritako gehieneko abiadura, 10 kilometro ordukoa hain zuzen, gainditzea

6.6. Edozein abere Natur Bideko ibilbidean eta ezpondetan bazkatzea, eta tunelak abereen babes-toki gisa erabiltzea.

6.7. Baimendutakoen artean ez dagoen edozein erabilera

7. artikulua. Bidearen erabilera desegokia.

Aurreko artikuluan aipatutakoez gain, debekatuta dago Natur Bidearen mantentze eta funtzionamendu egokiari kalte eginen dion jarduera oro, honako hauek bereziki:

7.1. Natur Bidean edo bideko bazterretan hondakin toxikoak edo arriskutsuak, hiri-hondakin solidoak, obra-hondakinak, hondakin-urak, zaborrak, paperak, plastikoak, eta abar botatzea.

7.2. Natur Bideko seinaleetan ekintza bandalikoak edo pintadak egitea, seinaleak hautsi edo suntsitzea, eta abar.

7.3. Bideko edo atsedenguneetako tresneria eta elementuetan ekintza bandalikoak edo pintadak egitea, eta elementuak hautsi edo suntsitzea.

7.4. Natur Bideko ibilbide osoan zehar dagoen landaredian, zuhaitz, zuhaixka nahiz bestelako espezieetan, ekintza bandalikoak egitea.

III. KAPITULUA

Araubide juridikoa eta zehapenekoa

8. artikulua. Xedapen Orokorrak

8.1. Partzuergoak, Natur Bidea ondasun publikoa dela kontuan izanda, ahalegin berezia eginen du beronen izaera ekologikoa eta itxura zaindua gordetzeko. Ondorioz, irmo jokatuko du Natur Bidearen erabilerari eta mantentzeari nolabaiteko kaltea eraginen dioten ekintza edo jardueren aurka, nahiz erabiltzaileek nahiz bestelako pertsona edo entitateek eragindakoak izan.

8.2. Ordenantza honetako arauak haustea edo ez-betetzea zehatu eginen da Kapitulu honetan ezarritakoaren arabera, eta zehapen horrek ez du eraginik izanen haustearen edo ez-betetzearen arduradunek beregana dezaketen erantzukizun zibilean, penalean edo bestelakoan. Horrelakorik beharko balitz, Partzuergoak eginen du erantzukizun eskaera, dagokion instantzian. Partzuergoak berak, nolanahi ere, Natur Bidean egindako hausteak edo ez-betetzeak direla-eta, erantzukizun zibila eskatu ahalko du.

8.3. Erantzukizuna solidarioa izanen da araua hautsi dutenak bat baino gehiago baldin badira eta bakoitzaren parte hartzea norainokoa izan den zehazterik ez badago.

8.4. Zehapena ezartzeko ahalmena, bestalde, arau-haustea gertatu den herriko udalarena da. Dagokion prozedura, Zehatzeko Ahalmena erabiltzeko Prozedurari buruzko Erregelamendua onestsi zuen abuztuaren 4ko 1398/93 Errege Dekretuaren arabera gauzatuko da. Hala beharko balitz, eta ordenantza honetan aurreikusitakoa bete dadin, Partzuergoak herri-akzioa eginen du gerta litezkeen arau-hausteen aurka ekiteko eskumena duen administrazioaren aurrean

8.5. Natur Bidea zaintzeko ardura dutenek, dagozkien eginkizunak betetzen ari direnean, ikusten duten arau-hauste oro salatuko dute.

9. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Aurreko artikuluetan aipatutako ekintzei edo Natur Bidean burutu litezkeen bestelakoei dagokionez, ordenantza hau honako legedi honetan oinarrituko da: martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legea, Basa Fauna eta haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzkoa, alde batetik, eta abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzkoa, bestetik. Lege hauetan honakoak finkatzen dira: arau-hausteen zerrenda eta dagokion mailaketa, erantzukizuna duten pertsonak, zehapenak eta berauek ezartzeko irizpideak, eskumenak, prozedura, preskripzioa, eta zehapen araubideek izan ohi dituzten gainerako atalak.

Iragarkiaren kodea: L0409230