75. ALDIZKARIA - 2004ko ekainaren 23a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

MONCAYOKO UR MANKOMUNITATEA

Erregelamendu organikoa behin betikoz onetsita

2004ko 49. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, apirilaren 23koan, argitara eman zen Moncayoko Ur Mankomunitatearen erregelamendu organikoa, eta hogeita hamar egun egin baititu jendaurrean, inork erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe, 6/1990 Foru Legeko 325. artikuluari 15/2002 Foru Legean emandako erredakzio berrian xedatutakoari jarraikiz, hasierako onespenaren erabakia behin betikoa bihurtzen da.

6/1990 Foru Legeko 326. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, oso- osorik argitaratzen da erregelamenduaren testua, hitzez hitz honela dioena:

MONCAYOKO UR MANKOMUNITATEAREN ERREGELAMENDU ORGANIKOA

Zioen azalpena

Ikusirik zein ugariak diren Nafarroako toki entitateen organoei eragiten dieten arauak, komenigarriago eta eraginkorrago dirudi araubide oinarrizko eta sinple bat egiteak, bertan bilduta Moncayoko Ur Mankomunitatearen egitura organikoa, bere berezitasun eta ezaugarri propioekin, bere estatutuetan ageri den bezala, horietan sartzen baita funtsean bere xedea dena, uraren ziklo integralarekin zerikusia duen guztia, alegia, toki entitate izateari utzi gabe.

Horretarako, errespetatu egiten dira toki entitateen egitura, eskumena, antolaketa eta osaketa orokorrak, aipatutako legerian heldu direnak, eta gehitzen dira antolamendu nahiz funtzionamendu arloan Mankomunitateak bereak dituen alderdi bereziei dagozkienak.

ATARIKO TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Moncayoko Ur Mankomunitatearen erregelamendu organiko honen xedea, Toki Araubideko Oinarriei buruzko 7/1985 Legean eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legean ezarritakoaren babesean, honako hauek arautzea da:

a) Mankomunitatearen antolamendu arloko araubidea.

b) Mankomunitatearen organoen funtzionamendua.

c) Mankomunitatearen kideen estatutua.

1._LEHEN TITULUA

Mankomunitatearen antolaketa

2. artikulua. Moncayoko Ur Mankomunitatearen antolaketan, beharrezkoak dira honako organo hauek:

_Mankomunitateko burua.

_Zuzendaritza Kontseilua.

_Kontuen Batzorde Berezia.

3. artikulua. Mankomunitateko burua.

Moncayoko Ur Mankomunitateko buruak, Estatutuetan ezarritakoaren arabera hautaturik, bere gain ditu estatutuetan aipatzen diren eskurantzak, eta zehazki Toki Araubideko Oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legeko 21. artikuluan deskribatzen direnak, erregelamendu organiko honek ematen dituenak, eta legeek nahiz bestelako xedapenek espresuki esleitzen dizkiotenak.

4. artikulua. Mankomunitateburuaren eskurantzak.

a) Mankomunitatearen gobernua eta administrazioa zuzentzen ditu.

b) Mankomunitatea ordezkatzen du.

c) Kontseiluaren bilkuretarako dei egin eta haietan buru egiten du; gauza bera bestelako udal organoetan; eta berdinketak hausten ditu kalitatezko botoaren bidez; hori dena, Estatuko nahiz autonomia erkidegoko legerian eta hauteskundeetako legeria orokorrean ezarritako kasuetan izan ezik.

d) Udal zerbitzu eta obrak zuzendu, ikuskatu eta bultzatzen ditu.

e) Bandoak ematen ditu.

f) Kudeaketa ekonomikoa garatzea, onetsitako aurrekontuaren arabera; gastuak xedatzea bere eskumenen esparruan; kreditu-eragiketak hitzartzea; ordainketak agindu eta kontuak ematea; hori dena honako hauetan xedatutakoari jarraikiz: 6/1990 Foru Legea, 15/2002 Foru Legeak aldatua, Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legea, eta Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko 34/2002 Foru Legearen ondorioz gertatzen diren lege aldaketa guztiak.

g) Lan eskaintza publikoa onestea, aurrekontuari eta Kontseiluak onetsitako plantillari jarraikiz; langileak hautatzeko proben eta lanpostuak betetzeko lehiaketen oinarriak onestea; eta lansari osagarriak banatzea, baldin eta finkoak eta aldizkakoak ez badira.

h) Langile guztientzat buru nagusia izatea, eta haien izendapena eta zehapenak erabakitzea, baita Mankomunitateko langileak zerbitzutik bereiztea eta lan-kontratudunak iraiztea ere, eta horren berri osoko bilkuran ematea, azken bi kasu horietan, egiten den hurrengo lehenbiziko bilkuran.

i) Akzio judizial eta administratiboak erabiltzea eta Mankomunitatea defenditzea bere eskumeneko gaietan; eta urgentea denean, Kontseiluaren eskumenekoak diren gaietan; azken kasu horretan Kontseiluari berari eman beharko dio egindakoaren berri, haiek berresteko egiten den lehenbiziko bilkuran.

j) Kontseiluari kaltegarritasun deklarazioa proposatzeko ekimena, Burutzaren eskumenekoak diren gaietan.

k) Hondamendiak edo ezbehar publikoak edo horrelakoak gertatzeko arrisku larria dagoenean, berak hartzea behar diren neurri egokiak, eta Kontseiluari horren berri ematea.

l) Zehapena jartzea bere agintaritzari ez obeditzeagatik edo Mankomunitatearen ordenantzak hausteagatik.

m) Kontratazioak egitea, ondasun eta eskubideak erostea eta kontzesioak ematea, mota guztietakoak, haien zenbatekoa aurrekontuko baliabide arrunten ehuneko bost baino gehiago ez bada, eta zenbateko hori baino gehiagokoak, urtebete baino gehiago irauten ez badute eta urteko aurrekontuan kontsignatua baino kreditu gehiago behar ez badute. Orobat, urte anitzetarako kontratazioak ere egin beharko ditu, betiere lau urte baino gehiagotarako ez badira eta urte guztietako zenbateko metatua ez bada lehen ekitaldiko baliabide arruntei dagokien portzentajea baino gehiago.

n) Zerbitzu eta obra proiektuak onestea, kontratazioa egin edo kontzesioa emateko eskumena duenean eta aurrekontuan sartuta daudenean.

o) Lizentziak ematea, oro har, eta erabiltzaileekin ordaintzeko polizak kontratatzea.

p) Kontseiluak erabakitakoa argitaratu, exekutatu eta betearaztea.

q) Legeek espresuki esleitzen dizkioten gainerakoak eta Estatuko nahiz autonomia erkidegoko legeriak alkateei esleitzen dizkienak.

5. artikulua. Mankomunitateburuordea. Mankomunitateburuordearen kargua Mankomunitatearen estatutuetan ezarritakoaren arabera hautatuko da, eta mankomunitateburuaren eskurantza berberak izanen ditu, mankomunitateburua ordezkatzen duenean, hura falta edo gaisotu delako edo kargua hutsik dagoelako.

6. artikulua. Zuzendaritza Kontseiluko kide dira Moncayoko Ur Mankomunitatea osatzen duten udalerrietako zortzi alkateak, eta estatutuetan ezarritakoaren arabera hautatutako mankomunitateburua ariko da buru.

Kontseiluaren eraketa eta mankomunitateburuaren nahiz mankomunitateburuordearen hautaketa bakar-bakarrik alkateen esku geldituko da, ezinbestean gertatzen diren absentzietan izan ezik.

7. artikulua. Zuzendaritza Kontseiluaren eskurantzak.

a) Gobernu organoen kontrola eta fiskalizazioa.

b) Estatutuen aldaketari buruzko erabakiak.

c) Erregelamendu organikoa eta ordenantzak onestea, bai eta aldaketak egitea ere.

d) Tributu arloko baliabide propioak erabakitzea; aurrekontuak onetsi eta aldatzea; bere eskumenen barreneko arloei dagozkien gastuak xedatzea eta kontuak onestea.

e) Dagozkion zerbitzuak kudeatzeko modua onestea.

f) Beste administrazio publiko batzuek egiten duten eskumen delegazioa onartzea.

g) Beste toki entitate batzuen eta gainerako administrazio publikoen aurkako eskumen gatazkak bideratzea.

h) Langileen plantilla organikoa onestea, lansari osagarri finko eta aldizkakoen zenbatekoa finkatzea eta behin-behineko langileen kopurua eta araubidea zehaztea.

i) Akzio administratibo eta judizialak erabiltzea eta Mankomunitatea defendatzea Kontseiluari dagozkion gaietan.

j) Mankomunitatearen egintzen gaineko kaltegarritasunari buruzko deklarazioa.

k) Kreditu-eragiketak hitzartzea, haien zenbateko metatuak gainditzen duenean, ekitaldi ekonomiko bakoitzean, aurrekontuko baliabide arrunten 100eko 5; salbu diruzaintzakoak, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legean xedatutakoaren arabera egokitzen ahal zaizkionak.

l) Mota guztietako kontratazio eta kontzesioak, haien zenbatekoak gainditzen duenean aurrekontuko baliabide arrunten 100eko 5, bai eta urte anitzetarako kontratu eta kontzesioak ere, lau urtetik goitiko iraupena badute, eta iraupen laburragoko urte anitzetarakoak, urte guztietako zenbateko metatuak gainditzen duenean aipatutako portzentajea, lehen ekitaldiko aurrekontuko baliabide arruntei dagokiena.

m) Zerbitzu eta obra proiektuak onestea, kontratazioa edo kontzesioa bere eskumena bada, eta aurrekontuetan oraindik aurreikusirik ez badaude.

n) Ondasun eta eskubideak eskuratzea, haien balioak gainditzen duenean aurrekontuko baliabide arrunten 100eko 5, bai eta ondare desjabetzapenak ere, ondasunak eskuratzeko aipatutako portzentaje eta zenbateko berberak gainditzen dituztenak.

o) Onetsiak izateko gehiengo berezi bat behar dutelako, udalen osoko bilkurari (Kontseilua) dagozkiokeenak.

p) Legeek espresuki udalen osoko bilkuren esku uzten dituzten gainerako guztiak.

Kontseiluaren zeregina da, baita ere, mankomunitateburuari zuzendutako zentsura mozioari eta hark proposatutako konfiantza-arazoari buruzko bozketak, jendaurrean eginen direnak, dei izendunaren bidez, hauteskundeetako legeria orokorrean xedatutakoaren arabera.

Zuzendaritza Kontseiluak mankomunitateburuari eskuordetzen ahal dizkio bere eskurantzak, salbu a, b, c, d, e, g, h eta o letretan zehazten direnak.

8. artikulua. Kontuen Batzorde Berezia.

Kontuen Batzorde Berezia izatea nahitaezkoa da, Toki Araubideko Oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legearen 116. artikuluan xedatzen denaren arabera. Eraketa aldetik, Zuzendaritza Kontseiluko kide guztien artean osatzen dute. Bere esku gelditzen da Zuzendaritza Kontseiluak onetsi beharreko aurrekontuko nahiz aurrekontuz kanpoko kontu guztiak aztertu, landu eta txostena egitea. Funtzionamenduari dagokionez, berriz, edozein organo kolegiatuk duenaren gisakoa da, eta erabakiak gehiengo soilaren bidez hartzen dira.

2._BIGARREN TITULUA

Zuzendaritza Kontseiluaren funtzionamendua

9. artikulua. Mankomunitatearen Zuzendaritza Kontseiluak bi hilabetetik behin bilkura arrunt bat eginen du, dagokion hilabetearen lehenbiziko ostegunean, ezinbesteko arrazoirik tartean ez bada; hori dena, deusetan ukatu gabe 6/1990 Foru Legeko 77. artikuluari maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak emandako testu berrian ezarritakoa, bilkura bereziak egiteari buruzkoak zehazten baitira.

10. artikulua. Kontseiluaren bilkuretarako deia eta han jorratu gogo diren gaien zerrenda Mankomunitateko udalen alkatetza eta/edo erregistroetan banatuko dira, bilkura egin baino bost egun natural lehenago bederen, bilkura eguna barne dela, eta bertan sartuko dira eztabaidatu edo aztertuko diren espediente guztiak; dena dela, espedientea osorik kontseilarien esku egonen da Mankomunitatearen bulegoetan, deialdiaren egunetik aitzinera.

Kontseilariek eskaturik bilkura berezirako dei egiten denean, erabaki proposamenak eta dokumentazio osagarria kontseilarien eskura egonen dira egun batzuk lehenago, presa berezikoak ez diren gainerako bilkuretarako ezarrita dagoen denbora bera izanik.

Kontseiluaren bilkura arruntetako gaien zerrendan, azkeneko puntuak eskari eta galderena izan beharko du.

11. artikulua. Kontseiluak hartu nahi badu gaien zerrendan sartua ez dagoen afera bati buruzko erabakiren bat, aldez aurretik deklaratu beharko da presakoa dela, gehiengo absolutuaren bidez.

12. artikulua. Gaien zerrendan sartu gabeko aferetarako nahitaezkoa bada Idazkaritzak edo Kontu-hartzailetzak txostena egitea, egintza horretan berean egitea ezinezkoa bada, titularrek mankomunitateburuari haien azterketa geroratzeko eskatu beharko diote, eta mahai gainean geldituko dira hurrengo bilkura bitarte.

Eztabaidan zalantzarik sortzen bada nahitaez txostenik behar ez duen proposamenen baten legezkotasunari buruz, mankomunitateburuak idazkariari hitza ematen ahalko dio, hark aurreko puntuaren arabera egin dezan.

13. artikulua. Bozketa izenduna egiterakoan, mankomunitateburuak udalerrien ordena alfabetikoaren arabera deituko die kontseilariei, eta bera izanen da boto ematen azkena.

14. artikulua. Zuzendaritza Kontseiluan jorratu beharreko gairen bat "berri ematea" besterik ez bada, eskari eta galderen txandan, mankomunitateburua ez dago beharturik iritzi edo eztabaida saioari hasiera ematera.

3._HIRUGARREN TITULUA

Kontseilariak: eskubideak eta betebeharrak

15. artikulua. Kontseilarien eskubide eta betebeharrak dira Estatuko eta Nafarroako oinarrizko legerian, Mankomunitatearen estatutuetan, erregelamendu organiko honetan eta, honako honi aurka egiten ez dion orotan, Toki Korporazioen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren Erregelamenduan aitortutakoak.

Lehenbiziko "zirriborroko" 16, 17 eta 18. artikuluak kendu dira.

16. artikulua. Eskubide ekonomikoak.

Kontseilariek dagozkien lansari, kalteordain eta bilkura-sariak jasotzeko eskubidea izanen dute, aurrekontuaren kargura eta Kontseiluak berak zehazten duen moduan.

Lansariak jasotzen dituztenak Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean sartu beharko dira.

17. artikulua. Kontseilari guztiek beren karguan aritzeagatik halabeharrez eta zuzenki sortzen zaizkien gastuen trukeko kalteordainak jasotzeko eskubidea izanen dute, gastu horiek egiazkoak eta ekonomikoki baloragarriak badira eta agiri bidez frogatzen ahal badira.

Kontseilari guztiek Mankomunitatearen kalteordaina jasotzeko eskubidea dute, beren karguan aritzearen ondorio zuzenagatik beraiengan edo beren ondasunetan jasandako kalte eta galeren truke.

Horretarako, Mankomunitateak erantzukizun zibileko poliza bat egina izanen du.

Mankomunitateburuaren esku gelditzen da artikulu honetan seinalaturiko kontzeptuei dagokien gasturako baimena ematea.

18. artikulua. Kontseiluko, kontratazio mahaietako eta beste edozein organo kolegiatuko bilkuretara joateagatik diru kopuru bat jasoko dute, Zuzendaritza Kontseiluak urtero ezarriko duena; aparte ordaintzen da, norbera alkate diharduen lekutik kontatzen hasita, "kilometroak" deritzan kontzeptuagatik Nafarroako Gobernuak une bakoitzean zehazten duen zenbatekoa.

19. artikulua. Kontseiluak zehaztuko du, tributu arloko legerian oinarriturik, bilkuretara joateagatik jaso beharreko zenbatekoen portzentajea, tributu ondorioetarako gastutzat hartuko dena, bera baita horretarako organo eskuduna.

Iturrien lehentasuna._Erregelamendu organiko honetan aurreikusten ez den orotan, aplikatuko da Mankomunitatearen estatutuetan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legean eta Toki Araubideko Oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legean ezarritakoa.

Xedapen indargabetzailea._Indarrik gabe gelditzen dira erregelamendu honetako xedapenen aurka jotzen duten edo berarekin kontraesana sortzen duten edo bateraezinak diren Zuzendaritza Kontseiluaren erabakiak edo Mankomunitateburutzaren ebazpenak.

Azken xedapena._Erregelamendu organiko honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Corellan, 2004ko ekainaren 2an._Mankomunitateko burua, José María Vázquez.

Iragarkiaren kodea: L0409024