75. ALDIZKARIA - 2004ko ekainaren 23a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

S A N T A K A R A

E D I K T U A

Santakarako Udalak, 2004ko maiatzaren 4an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen honako hau:

SANTAKARAKO UDALAREN HERRILURREN ORDENANTZETAKO 3. ERANSKINA

1. artikulua. Aplikazio eremua.

Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak onetsitako proiektuan ezarritako jarduketa eremuaren barruan dauden lurrei aplikatuko zaie araudi hau.

Helburua da uraren kontsumoa kontrolatzeko neurriak ematea eta gehiegikerien zehapenak arautzea; instalazioak gaizki erabiltzetik etor daitekeen erantzukizunetik arintzea Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentua; ureztalurrean aldatu diren eta aldatuko diren laborantzei buruzko informazioa emateko konpromisoa izatea; esleituriko loteetan, ureztalurraren gutieneko azalerari 15 urtean eutsi beharra ezartzea, eta lote horiek esleitzeko lehentasun irizpideak finkatzea; hori guztia Nekazaritzako azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearekin bat.

2. artikulua. Ur kontsumoen finkapena.

Ureztalurrean sistemaren funtzionamendurik egokiena, eskura den uraren aprobetxamendurik hoberena eta haren eskuragarritasun zuzena lortzearren, Alkatetzak, dagokion lan batzordeak proposaturik, ureztatze kanpaina bakoitzean komenigarrien iruditzen zaizkion arauak emanen ditu, alderdi hauen gainean:

_Ureztatzeko arauak ezartzea.

_Matxuren berri ematea.

_Obra, sistema eta instalazioetako mantentze lanak.

Orobat, ureztatze kanpaina bakoitzean, Alkatetzak erreferentziako ur kontsumoak ezarriko ditu ureztalurreko laborantza mota bakoitzarentzat, Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Kontseilaritzak Riegos de Navarra, S.A.ren bitartez ematen dituen jarraibide teknikoekin bat.

Erreferentziako kontsumo horien arabera, Alkatetzak, dagokion lan batzordeak proposaturik, ureztatze kanpaina bakoitzean, nekazari bakoitzari adieraziko dio, aldatu dituen edo aldatuko dituen labore motekin bat, lurzati bakoitzean zenbat metro kubiko dagozkion kanpaina zehatz horretarako.

3. artikulua. Ur kontsumoak. Fakturazioa eta zehapenak.

Alkatetzak, dagokion lan batzordeak proposaturik, beren egiazko kontsumoei dagozkien ordainagiriak fakturatuko dizkie ureztatzaileei, multzoka tarifatuz.

Fakturazioaz den bezainbatean, I. multzoa edo ureztatzaile bakoitzak ordaindu behar duen oinarri finkoa da Alkatetzak, dagokion lan batzordeak proposaturik, kalkulatutako metro kubiko kontsumitu bakoitzaren prezioa. Prezio horretan fakturatuko dira ureztatzaile batek izandako kontsumoak, harendako finkatutako metro kubikoak adina edo gutiago badira, edo gehiago izanez gero, gehienez ere ehuneko 10 gehiago badira.

II. multzokoak izanen dira ureztatzaile batek egiten dituen kontsumoak, berarendako ezarritakoak baino gehiago badira, alegia, % 10etik goiti baina % 20tik beheiti gehiago badira; berarendako ezarritako kontsumotik goitikoari zehapena ezarriko zaio, I. multzoan prezio kubiko bakoitzeko ezarritako prezioari ehuneko 300 erantsita.

Azkenik, III. multzokoak izanen dira ureztatzaile batek egiten dituen kontsumoak, baldin eta berarendako ezarritakoak baino gehiago badira, alegia, % 20tik goiti. Kasu honetan, berarendako ezarritako kontsumotik goitikoari zehapen handiagoa ezarriko zaio, I. multzoan prezio kubiko bakoitzeko ezarritako prezioari ehuneko 500 erantsiko baitzaio.

4. artikulua. Erantzukizunak.

Instalazioak desegokiro erabiltzeak ekarritako kalteak _bereziki, zonarako eta ohiko laboreetarako ezartzen den erreferentziako ur kontsumotik goiti hartzeak ekarritakoak_ egonez gero, erabilera desegoki hori egin duen ureztatzaileak izanen du erantzukizuna.

Kaltearen kausa ezin denean argitu eta, ureztatzaileen artean, ezin direnean eragile bat edo batzuk seinalatu, Udalak bere gain hartuko du erantzukizuna, eta ezin izanen dio inola ere egotzi Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari erantzunbehar hori.

5. artikulua. Ureztatzaileen betebeharrak.

Ureztatze kanpaina bakoitzean, ureztatzaileek, datuak eskatzen bazaizkie, esan eginen diote Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari zonan zer labore aldatu dituzten edo zer aldatzeko asmoa duten. Bertzenaz, Udalak izanen du informazio hori eman beharra.

6. artikulua. Laborantzako loteen neurria eta lehentasun hurrenkera.

Ureztatzeko deklaraziotik aitzina, eta gutienez hamabost urtean, ureztatzeko oinarrizko azalera edo hori baino handiagoa izanen dute loteek. Oinarrizko azalera hori Eraikuntza Proiektuan definituko da, zona horretako jarduketa zehazten duen Nafarroako Gobernuaren dekretuan oinarrituta.

Modernizaziotik edo eraldakuntzatik ateratzen diren loteak esleitzeko, lehentasun hurrenkera hau izanen da.

a) Lehen-lehenik, familienak diren nekazaritzako lehentasuneko ustiategiak, nekazari gazte batek zuzentzen baditu edo bertan aritzen bada.

b) Bigarrenik, nekazaritzako lehentasuneko ustiategiak, nagusiki nekazariak direnek osatzen badituzte.

c) Hirugarrenik, Udalak berak zuzenean ustiatzea. Soberako loteak egonez gero, enkante publikoaren bidez adjudikatu ahalko dira, aipatutako Foru Legeko 40.5.b) artikuluan xedatuarekin bat.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena._Ordenantza hauek edo barne erregelamendu honek ez diete ematen ez Udalari ez ureztatzaileei bestelako eskubiderik; alegia, lehendik legeek emandakoak dituzte soilik. Era berean, lehendik zituzten horiek ez dizkiete kentzen.

Bigarrena._Baldin eta kontraesanak badaude aurreko eranskinen eta 3. eranskinaren artean, honek dioena izanen da nagusi.

Santacaran, 2004ko maiatzaren 25ean._Alkatea, Daniel Ayábar Gárriz._Idazkaria, José del Val Díaz.

Iragarkiaren kodea: L0408653